Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2015eko uztailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3104

ERABAKIA, 2015eko apirilaren 30ekoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegia onartzeko dena.

Unibertsitateen betebehar moral eta legala da bermatzea hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak goi-mailako irakaskuntzara sartu ahal izango direla, eta unibertsitateko ikasketak gainerako pertsonen baldintza berberetan egin ahal izango dituztela. Horrela dago jasota hainbat arautegitan, besteak beste, Pertsona ezgaituen aukera berdintasunari, diskriminazio ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko 51/2003 Legean, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoan, 1791/2010 Errege Dekretuak onartu zuen Unibertsitateko Ikasleen Estatutuan, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legean, eta UPV/EHUren Estatutuetan.

UPV/EHU 2003. urtean hasi zen halako neurriak bultzatzen, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zuenean. Neurri horiek erraztu egiten diete ikasle horiei ikasketetarako sarbidea eta erabateko parte hartzea unibertsitatean. Orain beharrezko ikusi da arautegi bat izatea, garatzeko hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleen eskubideak eta aipatutako arautegietan agertzen diren ekintza positiboko neurriak; eta, era berean, neurri horiek aipatutako ikasleen eskura jartzeko UPV/EHUn erabiliko diren prozedurak zehaztu eta arautzeko.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren proposamenari jarraituz eta testua Gobernu Kontseiluaren 2015eko martxoaren 12ko bileran aurkeztu eta alegazioak egiteko epea eman ondoren, Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 12an, ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Onartzea Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegia, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2015eko apirilaren 30a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK DITUZTEN UPV/EHUKO IKASLEEI AUKERA BERDINTASUNA BERMATZEKO ARAUTEGIA

Arrazoien azalpena.

Hezkuntza ezinbesteko elementua da hiritarren garapen eta errealizazio pertsonal eta sozialerako. Bermatzea hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak goi mailako irakaskuntzara sartu eta unibertsitateko ikasketak gainerako pertsonen baldintza berberetan egin ahal izango dituztela agindu etikoa da hezkuntza eta gizarte inklusiborako bidean baina, aldi berean, unibertsitateok bete behar dugun lege agindua da.

Abenduaren 2ko 51/2003 Legeak, pertsona ezgaituen aukera berdintasunari, diskriminazio ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak, «ekintza positiboko neurriak» xedatzen ditu, esateko baterako, denentzako irisgarritasuna, parte hartzea, diskriminazio eza eta diseinua.

Ildo horretatik, eta bat etorrita unibertsitatearen antolaketa arautzen duten legeekin –4/2007 Lege Organikoa, apirilaren 12koa, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duena; 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolaketari buruzkoa; 412/2014 Errege Dekretua, ekainaren 6koa, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartua izateko prozedurei buruzko oinarrizko arautegia zehazten duena; 1791/2010 Errege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Unibertsitateko Ikasleen Estatutua onartzen duena; eta 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa– unibertsitateek politikak ezarri eta neurriak hartu behar dituzte desgaitasunak dituzten ikasleek baliabideak, laguntzak eta bitartekoak izan ditzaten unibertsitatera sartzeko eta ikasle horien aukera berdintasuna eta diskriminazio eza bermatzeko, bai eta parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin ere. Horretarako, informazio sistema irisgarriak ezarriko dituzte, ikasle berriei harrera egiteko eta ikasle horien orientaziorako prozedurak, laguntza eta aholkularitza zerbitzuak, eta esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak. Aipatutako legeek diote, halaber, unibertsitateen eginbeharra dela zaintzea instalazioen, espazio fisiko zein birtualen, tresnen eta formatuen irisgarritasuna.

Aipamena egin behar zaio, bestalde, aipatutako neurrien hartzailea den taldearen izenari desgaitasunak dituzten ikasleak eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak erabiltzen baita ekainaren 6ko 414/2014 Errege Dekretuan, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartua izateko prozedurei buruzko oinarrizko arautegia zehazten duenean.

UPV/EHUren Estatutuek ere 4.2.b) artikuluan diotenez, UPV/EHUk sustatu egingo du premia bereziak dituzten pertsonak unibertsitateko kideen artean izatea. 67. artikuluan, berriz, honako hau xedatzen dute: UPV/EHUk ekintzak bultzatuko ditu premia bereziak dauzkaten unibertsitateko kideek eta gainerako kideek aukera berdintasun berberak dauzkatela ziurtatzeko. Beraz, beharrezko baliabideak, informazioa, laguntza eta bitartekoak jarriko ditu premia bereziak dauzkaten pertsonen eskura.

UPV/EHUko Ikasleen Arautegiak dio, ildo horretatik, premia bereziak dituzten ikasleak ez direla baztertuak izango eta irisgarritasunerako eskubidea izango dutela, eta esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak egingo zaizkiela.

UPV/EHUk hamar urte baino gehiago daramatza hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen aukera berdintasuna bermatu, ikasketetarako sarbidea erraztu, unibertsitateko zerbitzuak jaso eta unibertsitateko bizitzan erabateko parte hartzea unibertsitatean. Horretarako sortu zen 2003. urtean Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua.

Arautegi honetan garatu egiten dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskubideak eta aurreko paragrafoetan aipatutako arautegietan agertzen diren ekintza positiboko neurriak. Horrez gain, zehaztu eta arautu egiten dira neurri horiek hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskura jartzeko UPV/EHUn erabiliko diren prozedurak.

1. artikulua.– Helburua.

Arautegi honen helburua da desgaitasunak eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleen arretarako ekintzak arautzea, unibertsitateko sarbidea, ikasketak egin eta erabateko parte hartzea errazteko, unibertsitatean egongo diren bitartean gainerako kideek ikasketetarako dituzten eskubide aukera berberak bermatuz.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Arautegi honen ondorioetarako, honako hauek izango dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak: UPV/EHUko ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleak, mugikortasun programen edo nazioarteko programen bidez UPV/EHUra datozen ikasleak, eta unibertsitatera sartzeko proban matrikulatzen direnak, betiere indarrean dauden arautegietan eta arautegi honen xedatutakoaren arabera egiaztatzen badituzte beren desgaitasun egoera edo hezkuntza premia bereziak.

UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak zainduko du bete egiten dela arautegi honetan jasotakoa eta bere eginkizuna izango da desgaitasuna eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, aukera berdintasun printzipioa bermatzea, ikasketetarako sarbidea, unibertsitateko zerbitzuen erabilera eta erabateko parte hartzea unibertsitatean erraztuz.

3. artikulua.– Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskubideak.

3.1.– Aukera berdintasunerako eskubidea. Diskriminazio mota guztiak debekatuko dira eta ekintza positiboak bultzatuko, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin.

3.2.– Desgaitasunak dituzten pertsonen arretarako unibertsitatean dauden neurri, bitarteko, zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza teknikoa jasotzeko eskubidea, modu profesional eta pertsonalean.

3.3.– Titulu ofizialak eskuratzera zuzendutako ikasketei dagozkien tasa eta prezio publikoetatik salbuetsita egoteko eskubidea, indarrean dagoen arloko arautegiaz bat. Desgaitasun maila % 33koa edo handiagoa dela egiaztatu beharko da horretarako.

3.4.– Graduko ikasketa ofizial guztietako plazen % 5 gordetzea % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten pertsonentzat, indarrean dagoen arloko arautegiaz bat.

3.5.– Izan ditzaketen premien balorazioa egiteko eskubidea, esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak egiteko irakaskuntzan eta ebaluazio probetan.

3.6.– Aurkeztutako eskarien balorazioari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

3.7.– Unibertsitateko gainerako kideek dituzten aukera berberak bermatuko dizkieten baliabideak, laguntzak eta bitartekoak izateko eskubidea, indarrean dagoen arloko arautegiaz bat eta UPV/EHUren aurrekontuen arabera.

3.8.– Ikastegiek eta sailek beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea ebaluazio probetan, metodologiari, denborari eta espazioari dagozkienak, bai eta UPV/EHUra sartzeko probetan ere.

3.9.– Irisgarritasun unibertsala UPV/EHUren eraikin, lokal, instalazio eta guneetarako, espazio birtualak barne, bai eta zerbitzu, prozedura eta informaziorako ere, indarrean dagoen arloko arautegiaz bat eta UPV/EHUren aurrekontuen arabera.

3.10.– Zerbitzuaren gogobetetze inkestetako emaitzen berri izateko eskubidea.

3.11.– Erreklamazioak eta iradokizunak egiteko eskubidea, horretarako egongo den prozedurari jarraituta.

3.12.– Jasotako informazioaren eta dokumentazioaren konfidentzialtasuna bermatuta izateko eskubidea.

3.13.– Indarrean dagoen arloko arautegiak onartutako gainerako eskubideak.

4. artikulua.– Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen betebeharrak.

4.1.– Premiak definitzeko beharrezkoa den informazio guztia ematea eta, beharrezko agiriak eta dokumentuak aurkeztea.

4.2.– Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak ezarritako prozedurak erabiltzea, egokitzapenen eskariak epe barruan egiteko.

4.3.– Esleitutako laguntzailearekin arduraz aritzea (1. eranskina).

4.4.– Esleitutako laguntza tresnak aprobetxatu eta arduraz erabiltzea (2. eta 3. eranskinak).

4.5.– Ezarritako prozedurak erabiltzea erreklamazioak eta iradokizunak egiteko.

5. artikulua.– Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren jardunbideak.

5.1.– Unibertsitatera sartzeko probetan egokitzapenak egiteko eskaria.

5.1.1.– Prozedura:

a) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikaslearen eskaria ikasketak egiten ari den ikastetxearen bidez egingo da.

b) Eskaria ikasleak berak egingo du UPV/EHUk horretarako duen aplikazio informatikoaren bitartez, bai 25 urtetik gorakoak eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko probak egingo dituztenen kasuan bai unibertsitatera sartzeko proba egingo duten ikasturtean batxilergoko edo lanbide heziketako ikasketarik egin ez dutenen kasuan.

c) Zerbitzuak ikaslearen premiak eta egokitzapenak baloratuko ditu eta beharrezko ikusten dituen laguntzak ezartzeaz arduratuko da.

5.1.2.– Eskatzen den dokumentazioa:

a) Desgaitasun agiria eta diagnostikoa jasotzen duen txosten medikoa edo psikopedagogikoa.

b) Egokitzapenen txostena, ikaslea derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondorengo ikasketak egiten ari den ikastetxeak edo berritzeguneak egina.

c) Beste txosten batzuk: premiak zehazten eta egokitzapenak edo baliabideak baloratzen lagun dezaketen txostenak aurkeztu ahal izango dira.

5.2.– Unibertsitateko ikasketetan egokitzapenak egiteko eskaria.

5.2.1.– Prozedura:

a) Zerbitzuko langileak harremanetan jarriko dira hezkuntza premia bereziak izan ditzaketen ikasleekin, lehenengo matrikula egin ondoren, zerbitzuari buruzko informazioa emateko, bai eta orientazioa eta baliabide erabilgarrien gaineko azalpenak ere.

b) Hezkuntza premia bereziak dituzten UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek egokitzapenak egiteko eskaria egin ahal izango dute UPV/EHUren aplikazio informatikoaren bitartez.

c) Ikasleek ikasturtero aurkeztu beharko dute eskaria, matrikula egiterakoan, eta premietan aldaketarik egon bada, adierazi egingo dituzte.

d) Zerbitzuak ikaslearen premiak eta egokitzapenak baloratuko ditu eta beharrezko ikusten dituen laguntzak ezartzeaz arduratuko da.

5.2.2.– Eskatzen den dokumentazioa:

a) Desgaitasun agiria eta diagnostikoa jasotzen duen txosten medikoa edo psikopedagogikoa.

b) Beste txosten batzuk: premiak zehazten eta egokitzapenak edo baliabideak baloratzen lagun dezaketen txostenak aurkeztu ahal izango dira.

Mugikortasun programetan parte hartzen duten UPV/EHUko ikasleen arretarako prozedura.

5.3.– UPV/EHUk parte hartzen duen mugikortasun programen barruan beste unibertsitatera batera joango den ikasleak, hezkuntza premia bereziak badauzka, txosten psikopedagogikoa eskatu ahal izango dio Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari. Txosten horretan jasoko dira ikasleak dauzkan premiak eta behar dituen egokitzapenak. Txostena xede unibertsitatera bidaliko du ikastegiko mugikortasunaren alorreko arduradunak.

5.4.– Mugikortasun programen bidez UPV/EHUra datozen ikasle bisitarien arretarako prozedura.

5.4.1.– Prozedura:

a) Mugikortasun programa baten bidez hezkuntza premia bereziak dituen ikasle bisitariak Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren arreta jaso dezake UPV/EHUn dagoen bitartean.

b) Ikaslea xede ikastegira etorri baino lehen, ikastegi horretako mugikortasunaren alorreko arduradunak txosten psikopedagogikoa eskatuko dio jatorrizko unibertsitateari, UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari helarazteko. Txosten horretan ikasleak dauzkan premiak eta behar dituen egokitzapenak jasoko dira.

c) Zerbitzuak ikaslearen premiak eta egokitzapenak baloratuko ditu eta ikasleari harrera egiteaz arduratuko da, bai eta beharrezko ikus ditzakeen laguntzak ezartzeaz ere.

5.4.2.– Eskatzen den dokumentazioa:

Ikasle bisitariaren jatorrizko unibertsitateak egindako txostena.

6. artikulua.– Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko bitartekoak.

6.1.– Prozedura:

Laguntzailea edo laguntza tresnak eskatzeko, unibertsitate ikasketetan egokitzapenak egiteko eskarian zehaztutako prozedura beteko da (5.2.1 artikulua).

6.2.– Eskatzen den dokumentazioa:

Ikasleek, laguntzailea edo laguntza tresnak eskatzeko, unibertsitate ikasketetan egokitzapenak egiteko eskarian aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute (5.2.2 artikulua).

6.3.– Konpromiso agiriak:

Bitartekoren bat jarriko zaion ikasleak zinpeko aitorpena sinatu beharko du aldez aurretik, adierazteko bere gain hartzen duela bitarteko hori arduraz erabiltzeko konpromisoa.

6.3.1.– Laguntzailea izango duen ikasleak 1. eranskin gisa agertzen den adierazpena sinatu beharko du.

6.3.2.– Laguntza tresnaren bat jarriko zaion ikasleak 2. eta 3. eranskin gisa agertzen diren adierazpenak sinatu beharko ditu.

6.4.– Ikasleak bitartekoa izateko eskubidea galduko du, betiko, aipatutako konpromisoak betetzen ez baditu.

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren web orrian (www.ehu.eus/discapacidad) argitara ematen dira, ikasturtero, egokitzapenak egiteko eskariak aurkezteko prozedurak.

7. artikulua.– Erreklamazioak egiteko prozedura.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek egokitzapenetarako eta laguntzailea edo laguntza tresnak izateko egindako eskarien ebazpena jakinaraziko da eskaria egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bitartez. Eskariren bati ezetz esanez gero, guztiz edo neurri batean, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzak erabaki arrazoitua emango du eta interesatuari jakinaraziko zaio.

Administrazio bideari amaiera emango dion erabaki horren kontra egiteko ondoko bideak erabili ahal izango ditu interesatuak, baina inola ere ez aldi berean:

a) Lehenengo eta behin, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke erabaki hau eman duen organoari berari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke kasuan kasuko administrazio auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dago, erabakiaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duena, 8.3 eta 46. artikuluak).

8. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorrita, eta unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko apirilaren 10ean onartutako Datu Pertsonalak Babesteari buruzko UPV/EHUren Arautegian ezarritakoaren arabera, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak, UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzara atxikiak, beharrezko neurriak hartuko ditu bermatzeko zerbitzu horretako datu pertsonalak erabiliko direla bakarrik zerbitzuak esleituta dituen zuzenbide publikoko helburu eta eginkizunetarako.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala