Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2016ko otsailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
459

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez Karrantza Haraneko (Bizkaia) Villapaterna jauregi-eliza monumentu-kategoriako kultura-ondasun deklaratzen baita, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Karrantza Haraneko (Bizkaia) Villapaterna jauregi-elizak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak erabaki zuen Villapaterna jauregi-eliza Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2015eko urriaren 14ko Ebazpenaren bidez (azaroaren 6ko EHAAn argitaratu zen, 212. zenbakian).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen.

Jendaurreko erakustaldiaren izapidean eta interesdunei entzunaldia emateko epean, Román Ibinarriaga Salazar jaunak eta José Ángel Elechiguerra Sainz de la Maza jaunak alegazioak aurkeztu zituzten.

Román Ibinarriaga Salazar jaunak eskatu zuen jauregi-elizaren babes-eremutik kanpo uztea bere jabetzako baserriaren itxitura, eskailera eta aurreko lorategia; izan ere, baserria ondasun babestuaren aurrean dago. Baietsi egiten da alegazioa, mugaketaren testuaren arabera jauregi-elizaren babes-eremutik kanpo geratzen diren jabetza pribatuak direlako, eta, ondorioz, aldatu egiten da espedientea hasteko ebazpenarekin batera jatorrian argitaratu zen planoa.

Bestalde, José Ángel Elechiguerra Sainz de la Maza jaunak eskatu zuen errespetatzeko ondasunaren mugaketaren esparruan geratzen diren bideen erabilera publikoa, ibilgailuak, nekazaritzako makineria eta abereak igarotzeko, orain arte egin izan den bezala. Horri dagokionez, esan behar da bide horiek jauregi-elizaren mugaketaren esparruan sartzeak ez duela eragozten erabilera publiko hori ematea; izan ere, erabilera publiko hori guztiz bateragarria da kultura-ondasuna babestearekin.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Karrantza Haraneko (Bizkaia) Villapaterna jauregi-eliza Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Higiezina babesteko eskaria egitea Karrantza Haraneko Udalari, udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Karrantza Haraneko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.

Seigarrena.– Ondasuna Inbentario Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurunea hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

Ipar-ekialdean: fatxadaren paraleloan egindako marra, fatxadatik 30 metrora marratuta, alde bietako bideen bazter urrunenekin bat egiten duen tokiraino.

Hego-ekialdean: alde horretako bidearen bazter urrunena.

Hego-mendebaldean: plaza mugatzen duten jabetza pribatuen mugak.

Ipar-mendebaldean, azkenik: alde horretako bidearen bazter urrunena.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago Villapaterna jauregi-elizaren inguruneko ingurumen-balioak eta bisualak babestu behar direlako. Ondasun katalogatua behar bezala babesteko eta balioa emateko, ingurua ere mugatu behar izan da, eta horrek berekin dakar jauregi-elizaren ondoko guneak babestea, hau da, inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea, jauregi-elizaren izaera berezia iraunarazteko xedez. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Villapaterna jauregi-eliza Karrantza Haraneko udalerriko La Lama auzoan dago. Trasmierako hargin-maisu batentzako enkargua izan zen eraikin hori; kanon barrokoen arabera eraiki eta, garaiko eragin neoklasikoren bat edo beste izan zuen; izan ere, jauregi-eliza eraikitze-tipologia misto batean oinarrituta dago, hau da, eraikuntza funtzionalitatearen arabera hartuta eta banatuta, eta fatxadaren aurpegi bakar batek aurrealde bereizi bi ditu, bata elizarako eta bestea jauregirako. Esan daiteke bitxia dela Euskal Autonomia Erkidegoan, horrelako bakarra baita.

Jauregiak lau angeluko oinplanoa du, gora bi altuera eta ganbara, eta lau isurialdeko teilatua. Harlangaitzezko horma lodiak dauzka, mendebaldean, fatxada nagusian, izan ezik; fatxada nagusia harlanduzkoa da, harrikoskoak eta erremarkatuak eta erlaitzak izanik, eta bertan bao dinteldunak. Behealdean, sarbidea leiho artean dago, eta lehen solairuan metalezko pletinez egindako hiru balkoi dauzka. Ganbarako solairuan, taulamenduaren azpian, baoak ez dira aireztatze-bao txikiak baino. Jauregi barrokoak, dimentsioei eta dekorazio-programari begira, XVIII. mendearen amaierako klasizismoa adierazten du. Barrualdean, patio karratu bat dauka. Funtzionalitateari begira, beheko solairua soto, zalditegi, eta beste zerbitzu batzuetarako zen. Solairu nagusia gizarte-ohituretarako eta familiaren egoitzarako zen (solairu horretatik elizako korura igaro daiteke). Teilatupeko solairua biltegirako eta mirabeen gelarako zen.

Eliza xumea baina kalitate handikoa da. Nabe bakarrean egituratuta dago, gurutzeria-gangazko hiru zatitan. Hirugarren zatia korukoa da, eta kanpoaldean eliz ataria dago. Hegoaldean, sakristia dago atxikita. Fatxadan, jauregiarekin dago partekatuta erlaitza; lau pilastrak eratzen dute, erdian alboetan baino kofadura handiagoa utzita, erdi-puntuko arkupeko sarbide bat ere badago bertan. Haren gainean, idi-begi bat, korua argiztatzeko balio duena. Erlaitza pilastren gainean dago tolestuta, kapitelen antzera. Erlaitzaren gainean friso bat dago, haren buruan erlaitz txiki molduratu bat, kanpai-hormaren oinarria dena, hain zuzen; kanpai-horma hiru zatitan egituratuta dago, erdikoan bi bao dauzka, erdi-puntuko arkukoak, barruan kanpai bana sartzeko. Frontoia dago erdiko elementu horren buruan. Kanpai-hormaren hegalak profil lerronahasikoak dira.


Azterketa dokumentala