117. zk., 2015eko ekainaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (369 KB - 11 orri.)
- EPUB (327 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
2799
EBAZPENA, 2015eko ekainaren 17koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Sarien III. Edizioaren deialdia egiten duena.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak aurten ere ohorezko aipamena egin nahi die datu babesaren kultura, zabalkundea, ikerketa eta ezagutza sustatzeko eta datu babesa gizartean hedatzeko egindako lana aitortzeko zenbait pertsona fisiko edo juridikori, publiko edo pribaturi eta erakunderi ere bai.
Horrez gain, euskal administrazio publikoek burututako datu pertsonalen tratamenduak hobetzeko proiektuei ere ohorezko aipamena egin nahi die.
Ondorioz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzeko, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Datu Pertsonalak Babesteko Sarien III. Edizioa deitzea.
Bigarrena.– Deialdia arautuko duten oinarriak onartzea.
1. Oinarria.– Xedea eta helburua.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Datuak Babesteko Sarien III. edizioa deitu du, pribatutasuna babesteko eta bere ezagutzan sakontzeko arloan eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea hedatzeko arloan egindako lanik garrantzitsuenak goraipatzeko.
Deialdi honen helburua da saritzea oinarrizko eskubide honekiko agertu duten sentikortasunagatik nabarmendu diren pertsona fisikoak edo juridikoak, erakunde publikoak edo pribatuak, eta euskal administrazio eta erakunde publikoak ere bai.
2. oinarria.– Sariak.
Sariek honako kategoriak dituzte:
– Saria Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari.
– Saria Datu Babesaren Ikerkuntza Arloan.
– Saria Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloan.
– Saria Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenei.
Kategoria bakoitzeko sari bakarra emango da. Hala ere, aurkeztutako lanen, baliabideen edo proiektuen kalitatea kontuan hartuta, sariaz gain akzesita ere eman ahal izango da.
Sariak eta, egotekotan, akzesitak, honakoak izango dira: jendaurreko gorazarrea, egiaztagiria eta ohorezko saria.
Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, epaimahaiaren ustez, aurkeztutako lanek, baliabideek edo proiektuek gutxieneko kalitate mailarik ez badute.
Epaimahaikideek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileek ezin izango dute sarien deialdian parte hartu.
3. oinarria.– Saria Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari.
Sari honen xedea da goraipatzea euren lanbidean datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen eta babesten nabarmendu diren pertsonek egindako lana.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoko gobernu organoetako kideek proposatu ahal izango dituzte hautagaiak.
Ezin izango dute sari hau jaso, aurreko deialdiren batean sari hau bera jaso dutenek.
4. oinarria.– Saria Datu Babesaren Ikerkuntza arloan.
Helburua da saritzea pertsonen pribatutasunerako eskubidea aztertzeko eta eskubide horrek gizartean, ekonomian, esparru juridikoan eta teknologikoan duen eragina ikertzeko jarduera zientifikoa eta ikerkuntza indibiduala nahiz kolektiboa.
Sari honetara aurkeztu ahal izango dira datu pertsonalen babesari buruzko lan zientifikoak edo ikerkuntza lanak, doktoretza tesiak, monografiak eta artikuluak, indibidualak nahiz kolektiboak, argitaratuak ala argitaragabeak.
Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, I. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
5. oinarria.– Saria Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen arloan.
Helburua da saritzea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen laguntzen duten profesionalen eta gizarte komunikabideen lanak.
«Web sozialeko» bitarteko elektronikoak ere saritu ahal izango dira, baldin eta gai nagusia eta argitaratutako edukiak, edozein ikuspuntutik begiratuta eta aztertuta, datu pertsonalak babesteari buruzkoak badira, eta oinarrizko eskubide hau zabaltzea eta hedatzea badute xede.
Saria eskuratzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gizarte komunikabidek argitaratutako edo hedatutako programek edo atal espezializatuek eta artikuluen edo berrien segidek, bai eta erreportajeek, monografikoek edo eduki bereziek ere.
Era berean, sari honetan lehiatu ahalko dute datu pertsonalen babesaren esparruan espezializatutako blog egileek, wikiek, eztabaida talde profesionalek edo bestelako baliabide elektroniko sozialek, baldin eta edukia euskaraz edo gaztelaniaz adierazita badago.
Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, II. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
6. oinarria.– Saria Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenei.
Sari honen helburua da euskal administrazio publikoei, euren eginbehar publikoak gauzatzean, pribatutasunaren kudeaketa hobetzeko laguntzen dieten antolaketa edo teknologia arloko edo beste arlo batzuetako proiektuak saritzea.
Sari honetan parte har dezakete datu babesa hobetzeko proiektuak sustatzen dituzten euskal administrazio publikoek, eta, banaka edo taldean, halako proiektuak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ere bai, administrazio sustatzailearen baimenarekin.
Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
– Proiektua azaltzen duen memoria eta egokitzat jotzen den dokumentazioa eta materiala ere bai.
– Proiektua ezarri bada, ezarpenaren gaineko txostena eta egungo egoera.
– Ikus-entzunezko aurkezpen bat ere aurkeztu ahal izango da, gehienez ere 10 minutuko iraupenarekin.
Deialdi honetan aurkezteko, proiektuek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Proiektuen gaineko dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango da. Dokumentazioaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, III. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
7. oinarria.– Eskabideak.
Aurkeztutako lanekin batera, jaso nahi den sariari dagokion eskabide orria ere aurkeztu beharko da, eta I., II. eta III. eranskinetan daude hurrenez hurren.
Eskabideak DBEBren Idazkaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, eta hemen aurkeztu ahal izango dira: DBEBren Erregistro Nagusia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusia, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 71, 3. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz; edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduren bat erabilita.
Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu eskatutako baldintzak betetzen, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jasotzen duenetik hasita, hutsa zuzentzeko eta nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio aurkeztu ezean, eskaera bertan behera geratuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteko epea urriaren 15eko urriaren 31n bukatuko da.
8. oinarria.– Epaimahaia.
Honako hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:
Lehendakaria: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria.
Epaimahaikideak: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak, Lege Aholkularitza eta Ikuskaritzaren arduraduna eta Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Zerbitzuaren burua.
Idazkaria izango da, hitzarekin baina botorik gabe, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren idazkari nagusia.
9. oinarria.– Balorazioa.
Datu Babesaren Ikerkuntza eta Komunikazio eta Zabalkundearen arloko sarietara aurkezten diren lanen balorazioa egiteko, epaimahaiak honako irizpideak erabiliko ditu:
– Fidagarritasuna eta zuzena izatea zientifikoki, teknikoki eta juridikoki.
– Landutako gaien originaltasuna.
– Lanaren, hurbilketaren edo emaitzen berritasuna.
– Ekarpenaren garrantzia datu pertsonalak babesteko esparruaren errealitatearen ezagutzari eta sakontzeari begira.
Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Saria honako irizpideen arabera ebaluatuko du epaimahaiak:
– Fidagarritasuna eta proiektuaren kalitate teknikoa.
– Zerbitzu publikoak ematean pribatutasunaren kudeaketa hobetzeko egindako ekarpena.
– Izaera berritzailea.
– Eragin sozialak.
– Garapen maila.
Epaimahaiak deitu ahal izango die sarietara aurkeztu diren hautagaiei lana, baliabidea edo proiektua zuzenean azaldu dezaten, eta, hartara, epaimahaiak hautagaitza ebaluatzeko behar diren azalpenak eta argibideak eskatu ahal izateko.
10. oinarria.– Ebazpena.
Balorazio prozesua bukatu ondoren, epaimahaiak abenduaren 31 baino lehen ebatziko ditu sariak.
Epaimahaiaren erabakia Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian argitaratuko da, eta hautagaiei jakinaraziko zaie.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu bere aurka.
11. oinarria.– Sari-ematea.
Sari-ematea, eta, halakorik badago, akzesitak ematea, Datuak Babesteko Europako Egunaren inguruan berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da, eta behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian (www.avpd.eus), eta sarituei ere esango zaie.
12. oinarria.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluak xedatutakoa betetzeko, jakinarazi nahi dugu deialdia izapidetzeko behar diren datu pertsonalak «Prestakuntza, jarduera eta gertaeretara bertaratuak eta gonbidatuak» fitxategian jasoko ditugula eta sarien deialdi hau kudeatzeko eta izapidetzeko baino ez ditugula erabiliko, sarien oinarri arautzaileen arabera. Fitxategiaren organo arduraduna Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da. Interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusira jo dezakete datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideez baliatzeko. Hona helbidea: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 71-3, 01008 Vitoria-Gasteiz.
Hirugarrena.–Ebazpen hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web orrian.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 17a.
Zuzendaria,
IÑAKI PARIENTE DE PRADA.