Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2011ko uztailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Herrizaingo Saila
3544

AGINDUA, 2011ko uztailaren 7koa, Herrizaingoko sailburuarena, apustu-esleipendun enpresak apustuak euskarri telematiko bidez ustia ditzaten joko-sistema eta -elementuak homologatzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamendua onesten duen apirilaren 19ko 95/2005 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoan, apustu-esleipendun enpresek izango dituzten eskumenei buruzkoan, apustuak sistema informatiko, interaktibo edo telefonikoen bidez edo bestelako komunikazio- edo urruneko konexio- sistemaren baten bidez ustiatzea aurreikusten du, erregelamendu horretan eta berariazko arauetan ezarritako baldintzetan.

Esleipendun enpresek apustuak ustiatzen duten eskarmentua ikusita, bidezkoa da kanal telematikoa bideratzea, erabiliko diren sistemen homologazioa erraztuz eta, behar izanez gero, baita domeinua eta beste identifikazio- eta sarbide-elementu batzuk ere.

Apustuen Erregelamenduko 3. artikuluaren arabera, Herrizaingo Sailari dagokio edozein bidezko apustuak egiteko eta garatzeko erabilitako sistema, elementu tekniko eta joko-materialen homologazioa, eta xedapen horren 16. artikuluaren arabera, ondokoak ere aldez aurretik homologatu behar dira: Apustuen Unitate Nagusia, erabiliko diren domeinuaren eta sistemen formatua eta edukia, baldin eta apustuak urruneko komunikazio- edo konexio baliabideen bidez egingo badira, eta apustuak ustiatzeko berariazkoak eta beharrezkoak diren elementu tekniko, programa, sistema eta instalazioak.

Era berean, Apustuen Erregelamenduko 20.2 artikuluak xedatzen duenez, apustuak apustu-makina osagarrien bidez ez eta urruneko konexio- edo komunikazio-sistema baten bidez eginez gero, erabiltzaileari apustuak balidatzea bermatuko dion sistema aurkeztu beharko du enpresa ustiatzaileak, homologatzeko, betiere aipatu Erregelamenduak ezarritako baldintzetan.

Esandakoaren ondorioz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan apustu-enpresa baimenduek apustuak euskarri telematiko bidez ustiatzeko erabiltzen dituzten sistemak homologatzeko prozedura ezartzen da.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, apustuak sistema telematiko bidez ustiatzeko behar diren elementu teknikoak, programak, sistemak edo instalazioak, bai eta erabiliko diren domeinuaren eta sistema espezifikoen formatua eta edukia ere joko-alorrean eskumena duen zuzendaritzak homologatu beharko ditu, eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Modeloen Ataleko «Joko-sistemak eta -instalazioak» azpi-atalean inskribatu.

3.- Homologazioa lortzeko, beharrezkoa izango da elementu eta sistema teknikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamenduko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea, betiere agindu honen eranskinean jasotzen diren betekizun teknikoen arabera.

2. artikulua.- Homologazio-prozedura.

1.- Homologazio- eta inskripzio-eskabidea joko-gaietan eskumena duen zuzendaritzan aurkeztu beharko da, idatziz. Idazki horrek, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 70. artikuluan eskatzen diren betekizunak bete beharko ditu. Ondoko agiriak erantsiko zaizkio eskabideari:

a) Tresna, sistema eta, oro har, jokoa eta horren kontrola burutzeko euskarri teknikoak deskribatzeko memoria, segurtasun-, bortxaezintasun- eta gardentasun-bermeei dagokienez zer ezaugarri dituzten zehazten dituena, betiere agindu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Baimendutako entsegu-laborategiek egindako egiaztagiria, joko-sistema eta bestelako elementu teknikoak Apustuen Erregelamenduan, agindu honetan eta aurkeztutako agirietan jasotako zehaztapenetan eskatzen diren homologazio-betekizunei egokitzen zaizkiela egiaztatzen duena.

c) Esanbidezko aitorpena, joko-sistemak eta gainerako baliabide teknikoek gai horren inguruan indarrean dauden arauak betetzen dituztela egiaztatzen duena.

2.- Jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez ezarriko dira sistema telematiko bidez apustuak ustiatzeko joko-sistemek eta -elementuek jasan behar dituzten aurretiazko egiaztapen eta entseguen formatua eta edukia.

3.- Joko-makina eta sistemen Erregelamenduaren 25. eta 26. artikuluetan ezarritako prozeduraren arabera izapidetuko da homologazio-eskabidea.

4.- Homologazioaren eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Modeloen Atalean inskribatzearen ondorioak, homologatutako eredua aldatzearenak, bai eta inskripzioa baliogabetzearenak ere Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren 27., 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoak arautuko ditu.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 7a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

ERANSKINA

I.- Homologatzeko baldintza orokorrak.

1.- Sistema telematiko bidez apustuak ustiatzeko erabiliko diren joko-sistemek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Jokoaren eta bere prozeduren fidagarritasuna, segurtasuna eta gardentasuna bermatzea, bai eta jokotik ondorioztatzen diren finantza-transakzioena ere.

b) Parte hartzen duten pertsonen nortasuna eta jasotako datu pertsonalen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea, eta pertsona jokatzailearekin izandako harremanetan zuzentasuna bermatuko duten mekanismoak izatea.

c) Egindako apustuaren emaitza apustulariak erabilitako gailuetatik independente izango dela ziurtatzea.

d) Konexioaren kalitateak egindako apustuaren emaitzari ez diola eragingo ziurtatzea, konexioa sistema telematiko bidezkoa izan zein pertsona jokatzailearengandik urrunekoa izan edo joko-sistemaren eta apustulariak erabilitako gailuaren komunikazio-kanalaren beste edozein ezaugarri duela-eta.

e) Apustua egin ondoren baieztapen elektronikoa lortu ahal izatea, apustu-txartelentzako ezarritako gutxieneko edukia duena.

f) Sarien ordainketa bermatzea, bai eta jokatutako dirua bueltatzea ere apustua baliogabetzen bada.

2.- Horretarako, homologatzeko diren joko-sistemek ondoren zehazten diren sistemak izango beharko dituzte:

a) Jokalarien kontu bereizien sistema.

b) Erabiltzailearen sarbidea eta erregistroa kontrolatzeko sistemak.

c) Artxibo-sistemak, partidak egiaztatzekoak eta joko-eragiketenak.

d) Segurtasun-, prebentzio- eta datuak errekuperatzeko sistemak.

3.- Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko, joko-sistemek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Sistema nagusia ez badabil ondo, apustuekin aurrera egin ahal izateko ispilu bat izatea.

b) Egindako joko-operazioen erregistroaren gaineko trazabilitate-mekanismoak izatea, sekuentzia-kateko eragiketa guztien historikoa, kokapena eta ibilbidea ezagutzeko aukera eta sisteman metatutako edozein eragiketa osorik berregiteko ahalmena bermatzeko.

c) Bere zaurgarritasunak zehaztu eta berehala konpontzeko aukera ematea.

d) Elektrizitate-horniduran edozein matxura izanda ere ekipoak eta plataformak funtzionatzen jarraituko dutela bermatzeko laguntzako elikatze-sistemak izatea.

e) Apustuak ustiatzen dituen enpresaren zainpean eta kontrolpean izatea bulegoa eta, batez ere, ekipo eta plataformen osagarrietarako sarbidearen kontrola bermatzeko gailu fisikoak izatea.

f) Egiten diren apustuen datu guztiak Apustuen Unitate Nagusian sartzea, edozein dela ere erabilitako kanala edo modalitatea.

4.- Sistema telematiko bidez egindako apustuak ustiatzeko zerbitzariak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egongo dira eta Apustuen Unitate Nagusiari konektatuta.

5.- Homologatzeko diren joko-sistemek sarbidea bermatuko diote joko-arloan eskumena duen zuzendaritzari, apustuen eta horien emaitzen ikuskapena, kontrola eta jarraipena egiteko.

6.- Erabiltzaileen jokorako sarbide-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, joko-sistemak herri-administrazioekin on line konexioak ahalbidetuko ditu.

7.- Sistema teknikoak zehazten diren administrazioetako sistemekin konexio informatiko segurua eta bateragarria izango du, egindako joko-eragiketen erregistroen kontrola eta jarraipena egiteko. Hori guztia, joko-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak ezarritako edukiaren eta formatuaren arabera.

8.- Apustuen ordainketa, sarien kobrantza eta jokatutako diruen itzulketa jokalariaren kontuaren bitartez egitea ezarriko du erabiltzen den transakzio ekonomikoen sistemak.

II.- Web gunea.

1.- Apustu-enpresek web gune bat izango dute, non erraz sartu ahal izango den apustu-enpresaren merkataritza-marka identifikatuko duen domeinu-izen baten bidez. Domeinua «.es» izango da. Web gunea ezin izango da berhelbideratu beste gune ezberdin batzuetara, identifikatzen duen domeinu nagusiaren edo merkataritza-markaren azpidomeinuetara izan ezik.

2.- Web orria Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da, gutxienez.

3.- Lehen orrialdean, ikusteko moduan, adingabeentzako erabilera-debekuari buruzko informazio-etiketa agertuko da, bai eta jokoak mendekotasuna sor dezakeela dioen oharra ere. Horretarako Herrizaingoko sailburuaren 2009ko abenduaren 4ko Aginduaren eranskinean datorren eredua erabiliko da. Agindu horrek azaroaren 17ko 600/2009 Dekretuak xedatzen duen joko-makinen arauketa garatzen du.

4.- Lehen orrialdean edota lotura-bide nagusitik erraz sar daitekeen orrialde batean ondoko informazioa txertatu beharko da:

a) Baimena duen enpresa titularraren izen erregistratua, egoitza soziala, IFK, posta elektronikoa eta baimendutako apustu-bulegoen zerrenda.

b) Apustuak antolatu, ustiatu eta kudeatzeko administrazio-baimena eman den eguna, eta Jokoaren Erregistro Nagusiaren Enpresen Atalean duen inskripzio-zenbakia.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamenduaren eta agindu honen testu ofiziala. Erregelamendu hori apirilaren 19ko 95/2005 Dekretuak onartu zuen.

d) Baimena ustiatzen duen enpresaren barne-arautegia eta joko-arauak.

e) Joko-arloan eskumena duen zuzendaritzak, jokalariaren datu pertsonaletara eta haren apustuei buruzko datuetara sartzeko duen eskubidea, kontrol- eta ikuskapen-ondorioetarako.

f) Jokatzeko jarraibideak, erabiltzaileak erregistratzeko prozedura eta apustuak ordaintzeko eta sariak kobratzeko mekanismoak barne.

g) Apustuen izaera eta motak, unitate-apustu bakoitzeko gehienezko zenbateko baimendua, hori gauzatzeko baldintzak, baliozko emaitzen zehaztapena, sariak ordaintzeko modua eta kredituan jokatzeko debekua.

h) Apustuak egiteko debekuak, Apustuen Erregelamenduaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Jokalaria Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko jokorako murrizketak dituzten pertsonen zerrendan sartzeko jarraibideak, wek gunetik eskabidea telematikoki izapidetzeko esteka bat jarriz.

j) Erreklamazio-orriak web gunetik aurkezteko prozedura.

k) Joko arduratsuaren oinarriak.

l) Jokoarekin zerikusia duten arazoei aurre egiteko laguntzan espezializatutako elkarteak eta jokoaren mendekotasunaren aurka borrokatzeko web orri espezializatuen estekak.

5.- Web guneak edo web orriak ezin izango du eduki jokalariei finantza-zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen merkataritza-publizitaterik.

III.- Jokalari-kontua irekitzeko sistema.

1.- Apustu bat gauzatzeko beharrezkoa izango da aurretik apustu-enpresak erregistratuta egotea eta jokalari-kontu bat izatea.

2.- Ezin izango da erregistratu ez eta jokalari-konturik ireki, erabiltzaileak berariazko eskabidea ez badu egin aurretik.

3.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, erregistratu aurretik eta esanbidez informazio zehatza eta zalantzarik gabea eman beharko zaie interesdunei, ondoko hauen inguruan:

a) Datu pertsonalak fitxategi baten jasoko direla eta erabili egingo direla; horrek kontsumitzaile eta erabiltzaile den aldetik babesteko eta sariak kobratu ahal izango dituela bermatzeko balioko duela; eta interesatuak, joko-arloan eskumena duen zuzendaritzak, zerga-alorrean eskumena duen administrazioak eta apustuak ustiatzen dituen enpresak izango dutela datu horietarako sarbidea.

b) Jasotako datuak, jakinarazpenak eta apustuen garapena bi urtez gordeko direla, jasotzen diren egunetik aurrera.

c) Datuetan sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta horien aurka azaltzeko eskubidea erabili ahal izango duela.

4.- Jokalari gisa erregistratzeko, honako datuok eman beharko dizkio erabiltzaileak enpresa ustiatzaileari:

a) Izena, abizenak, IFZ, helbidea eta jaiotze-data.

b) Erabiltzailearen kontuko diru-hornidura egiteko modua.

c) Posta elektronikoa.

5.- Jokalari-kontua irekitzeko, ondoren zehazten dena egin beharko du erabiltzaileak:

a) Jokoaren baldintza orokorrak irakurri eta onartu.

b) Adinez nagusia dela, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Apustuen Erregelamenduko 4.1 artikuluan ezarritako jokatzeko debekurik ez duela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena egin.

c) Bere datu pertsonalak herri-administrazio eskudunei uzteko esanbidezko baimena eman, betiere jokorako sarbide-baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko soilik.

d) Bere datu pertsonalak, jokalari-kontua eta egindako apustuen datuak artxibatu eta gordetzeko esanbidezko baimena eman.

6.- Aurreko idatzi-zatian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egiaztatuko dute apustu-enpresek, betiere erregistratu eta jokalari-kontua ireki aurretik, eta herri-administrazio eskudunekin dituzten konexio-sistema on line-n bidez.

Aurreko idatzi-zatian aipatutako on line konexioa ez badago inplementatuta, eskatzaileek NANaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia bat bidali beharko diote apustu-enpresari.

7.- Aurreko puntuetan ezarritako egiaztapenak egin ondoren, erregistratu eta jokalari-kontua irekiko du apustu-enpresak, eta erabiltzaile-izena eta pasa-hitza emango. Joko-enpresak erabiltzailearen izena eta pasa-hitza jakinaraziko dizkio, berak emandako helbide elektronikoan.

8.- Jokolari-kontua irekitzerakoan, joko-ahalmena mugatzeko aukera emango dio joko-enpresak pertsona erabiltzaileari, jokatzeko duen ahalmenari eguneko eta asteko mugak ezarriz.

9.- Ezin izango da apustuak ustiatzen dituen enpresaren merkataritza- edo sustapen-informaziorik bidali erabiltzaileak emandako posta elektronikora.

IV.- Jokalari-kontuaren funtzionamendua.

1.- Jokatzeko funtsak lortu, sariak kobratu, bere funtsen egoera egiaztatu eta funtsetara sartu ahal izango du titularrak jokalari-kontuaren bidez. Jokalari-kontuan jasota geratzen dira jokoa dela-eta egiten diren ordainketa- eta sarrera-eragiketak. Erabiltzaile bakoitzak ezin izango du kontu aktibo bat baino gehiago izan joko-enpresa batekin.

2.- Honako datu hauek jasoko dira jokalari-kontuan:

a) Izena, abizenak, IFZ, helbidea, jaiotze-data eta posta elektronikoa.

b) Identifikadorea, jokalariari bere kontura sartzen utziko diona.

c) Kontua irekitzea onartu den eguna.

d) Erabiltzailearen kontuko diru-hornidura egiteko modua.

e) Jokalariak apustuak egiteko duen ahalmenari jarritako mugak, eta hori onartutako eguna.

f) Gutxienez urtebeteko galdu-irabaziei, jokalari-kontura sartutako aldiei eta egindako finantza-transakzioei dagokienez pertsona jokatzaileak duen historia.

3.- Jokalari-kontuak banan-banako kontuak izango dira, eta joko-enpresa ezingo da sartu kontu horretako funtsetan jokatutako zenbatekoak kentzeko ez bada. Joko-enpresak gordetako funtsen babes-bermea eman beharko du, baita sariak direla-eta egindako sarrerena ere.

4.- Erabiltzaileak bakarrik izango du bere kontuaren gaineko erabilgarritasun osoa, eta kontu horretara eta bertan gordetako funtsetara edozein unetan sartu ahal izango du.

5.- Edozein unetan, joko-ahalmenaren mugak aldatzeko eskatu ahal izango du jokalariak. Operadoreak berehala onartu beharko ditu eskaera horiek.

6.- Erabiltzaileak bere kontuan funtsak sartu edo atera ahal izango ditu, banku-mugimendu edo bestelako legezko ordainketa-bideak erabiliz. Horretarako baimena, joko-arloan eskumena duen zuzendaritzak eman beharko dio esanbidez.

7.- Apustu bat egin ahal izateko, jokaldia edo apustua egiteko adina diru izan beharko du jokalariak jokalari-kontuan.

8.- Enpresa ustiatzaileak jokalari-kontuan sartuko ditu apustu irabazleei dagozkien sariak, apustuaren emaitza baliozkotu eta 24 orduko epean.

9.- Baliogabetutako edo deuseztatutako apustuen zenbatekoa jokalariaren kontura itzuliko da.

10.- Jokalari-kontutik funtsak nahi duenean ateratzeko aukera izango du erabiltzaileak. Era berean, bere jokalari-kontua itxi ahal izango du, apustuak ebazteko baditu izan ezik.

11.- Jokalari bat bere jokalari-kontuan sartzen den bakoitzean, apustu-enpresek egiaztatuko dute jokalari hori ez dagoela Herrizaingo Sailak duen jokorako murrizketak dituzten jokalarien zerrendan. Hori egiaztatzeko, aurreko artikuluan aipatzen den herri-administrazio eskudunekin duten on line konexio-sistema erabiliko dute.

12.- Ondoko kasuetan, apustu-ustiatzaile enpresak jokalari-kontua itxi beharko du:

a) Eskatzaileak esanbidez eskatu badu eta apusturik ez badauka ebazteko.

b) Sartzeko baldintzak ez direla bete atzematen edo egiaztatzen badu, edo Apustuen Erregelamenduaren 4.1 artikuluaren arabera jokatzeko debekua izateko arrazoiren bat badago.

c) Jokatzeko bete behar diren baldintza zehatzak, jokalari-kontua irekitzeko galdagarri direnak, ez direla bete egiaztatzen bada.

d) Joko-arloaren eskumenak dituen zuzendaritzaren ebazpen bidez erabakitzen bada, zioak arrazoituta apustuak ustiatzen dituen enpresak eskatzen badu, administrazio-espedientea instruitu eta interesdunari entzun ondoren.

13.- Era berean, ondoko kasuetan, apustuak ustiatzen dituen enpresak jokalari-kontua itxi ahal izango du:

a) Erabiltzailearen izena eta pasa-hitza eman eta bi hilabeteko epean erabiltzailea ez bada jokalari-kontuan sartu.

b) Jokalariak ez badu apusturik egin urtebeteko epean.

14.- Jokalari-kontua ixteko unean jokalariaren aldeko saldo positiboa badago, joko-enpresak saldo hori berehala sartu beharko du jokalariak izendatutako banku-kontuan.

15.- Erabiltzailea jokalari-kontuan sartzen den bakoitzean, joko-debekuei eta joko arduratsuaren oinarriei buruzko informazio emango zaio, joko-arloan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako formatuan.

V.- Joko-sistemako informazioa gordetzea eta kontrolatzea.

1.- Artxibo- eta biltegiratze-sistemek ondoko gaien inguruko datuak denbora errealean erregistratzea ahalbidetu behar dute:

a) jokalari-kontua eta historikoa.

b) terminalaren IP helbidea, erabiltzailea konektatu eta jokalari-kontura sartzekoa.

c) egindako apustuak eta horiei lotutako eragiketak erregistratzea.

d) joko-sistema eta -elementu horiek homologatzeko egin beharreko proba eta entseguei dagokienez, hardwarearen eta software-plataformen garapena eta mantentzea, betiere joko-arloan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenean ezarritakoaren arabera.

2.- Artxibo- eta biltegiratze-sistemaren euskarria fisikoki Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egongo da eta ondokoa bermatuko du:

a) datu horien babesa eta kontserbazioa, baita datuok kontsultatu, atera, gobernatu eta kudeatzea ere.

b) datuen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta zuzentasuna bermatzeko neurri fisikoak eta logikoak.

c) joko-arloan eskumena duen zuzendaritzaren ahalmena bildutako datuetara sartzeko euskarria edo biltegiratze-lekua dagoen bulegoetatik, edota datuak urrunetik deskargatuz. Horretarako, apustu-enpresak datuak ateratzeko eta baliozkotzeko tresnen bertsio bat jarri beharko du.

3.- Aipatu datuak bi urtez gorde beharko dira. Jokalariek emandako datu pertsonalei dagokienez, bi urteko epea jokalari-kontua ixten den egunetik aurrera kontatuko da.


Azterketa dokumentala