243. zk., 2008ko abenduaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingo Saila
7047
183/2008 DEKRETUA, azaroaren 11koa, Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onetsi duena.
Euskal Autonomia Erkidego Autonomia-estatutuko 10.38. artikuluan ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka ikuskizunen arloan.
Eskumen hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas-jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea onetsi zuen, zezen-ikuskizunak barne hartuta.
Aurretik aipatutako araua garatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Zezen-ikuskizun Orokorren Arautegia ezartzen duen abenduaren 3ko 281/1996 Dekretua onetsi zuen. Era berean, egun, beste arau batzuek arautzen dituzte tradiziozko zezen-ikuskizunak. Hala ere, lerrun apaleko araudia da eta estatuko araudiaren ordezko gisa aplikatzen da, Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzietako salak uztailaren 20ko 215/1993 Dekretua baliogabetu zuenez geroztik.
Nolanahi ere, araua indarrean dagoenetik zentzuzko epea joan da eta egoki litzateke ikuskizun hauei egungo errealitatearekin bat datorren araudia ematea, segurtasun juridiko osoarekin. Halaber, arau zehatzak ezarri dira eta horien bidez lokal eta barrunbeen segurtasuna garatuko da, horrela ikuskizuna egoki gauzatzeko.
Bestalde, Zezen-ikuskizun orokorren arautegia onesten zuen abenduaren 3ko 281/1996 Dekretua aplikatzea oso esperientzia baikorra izan da. Izan ere, mota horretako ikuskizunak gauzatzeko arau zehatzak ezarri zituen, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko zehaztasunekin.
Halaber, tradiziozko zezen-ikuskizunen arlorako arauen banaketa konpondu beharra zegoen, eta, aldi berean, jardun horien garapena zehaztasun handienarekin eta berme juridiko guztiekin egin ahal izateko arauak ezarri. Ikuskizun hauek arriskutsuak dira ikusleentzat zein parte-hartzaileentzat, eta komenigarri da arriskua mugatzea eta murriztea.
Ikuskizunen tipologia osatua sortu da eta sailkapen berria gehitu zaio, berezko ezaugarriak edukitzeagatik ikuskizun orokor eta tradiziozkoetan jaso ezin daitezkeen ikuskizunak biltzeko. Ondorioz, hiru motatako ikuskizunak finkatu dira: orokorrak, tradiziozkoak eta bestelakoak. Horien oinarrizko ezaugarriak definitu dira eta aseguruen zenbatekoak eguneratu dira. Era berean, ikusleak zein parte-hartzaileak artatzeko osasun zerbitzuetarako nahitaezko zenbatekoak zehaztu dira.
Ezin ditugu ahaztu zaleek, profesionalek eta elkarteek egindako ekarpenak, horiei eskerrak gauzatu baita araudi berria.
Azken batean, horrekin guztiarekin zezen-ikuskizunen garapen serioagoa eta zorrotzagoa sustatzen da eta hobeto egokitzen zaie zezenketen euskal zaletuen nahi eta tradizioei.
Ondorioz, Herrizaingo sailburuak proposatuta, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak txostena burutu ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Jarraian datorren Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onetsi da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
1.- Dekretu hau indarrean sartzen denean, honako xedapen hauek indargabetu egingo dira:
a) 281/1996 Dekretua, abenduaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Toreo Ikuskizun Orokorren Arautegia finkatzen duena.
b) Agindua, 1991ko ekainaren 11koa, Herrizaingo sailburuarena, Zezen Ikuskizun Tradizionalak arautzen dituena.
2.- Halaber, dekretu honetan ezarritakoaren aurkako diren xedapen guztiak indargabetuko dira, dekretu honen lerrun bera edo txikiagoa badute.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Herrizaingo sailburuari eskumena ematen zaio zezen-ikuskizunei buruzko araudi hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren bezain beste xedapen emateko, baita 98. artikuluan ezarritako aseguruen gutxieneko kapitalak eguneratzeko ere.
Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 11n.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.
ERANSKINA
ZEZEN-IKUSKIZUNEI BURUZKO ARAUDIA
I. TITULUA
XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA
1. artikulua.- Xedea eta aplikazio-eremua.
1.- Araudi honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren zezen-ikuskizun orokorrak arautzea da: ikuskizunak bidezko eran burutzen direla ziurtatu, parte hartzen duten zezenketako profesionalen, zaleen eta, orokorrean, ikusleen eskubideak babestu eta administrazio-antolamenduaren berezitasunak bete. Araudi honetan ezarritakotik at, ezingo da jolas-jarduera edo zezen-ikuskizunik garatu.
2.- Araudi honetatik kanpo daude hemen arautzen direnen antzeko ikuskizun edo jolas-jarduerak, bertan parte hartzen duten behi-abelburuek 60 kg baino gutxiago badute bizirik daudenean.
II. TITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUN MOTAK
I. KAPITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUN OROKORRAK
2. artikulua.- Definizioa.
Behi-abelburu suharrek parte hartzen duten ikuskizunak zezen-ikuskizun orokorrak dira. Horietan abelburuak zezen-plazetan toreatzen dira eta ikuskizunean bertan abelburua hil egiten dute, araudi honetan ezarritakoarekin bat.
3. artikulua.- Zezen-ikuskizun orokorren motak.
Zezen-ikuskizun orokorrak honakoak dira:
a) Zezenketak: lau eta sei urte arteko zezenak toreatzeko ikuskizunak.
b) Nobiladak zezen-pikatzaileekin: hiru eta lau urte arteko zezenkoak toreatzeko ikuskizunak.
c) Nobiladak pikatzailerik gabe: bi eta hiru urte arteko zezenkoak toreatzeko ikuskizunak, pikaldirik gabekoak.
d) Burtziketa: zezenak edo zezenkoak burtziekin eta zaldiz toreatzen dituzten ikuskizunak.
e) Zekorketak: profesionalek, zaleek edo zezenketa-eskoletako ikasleek bi urte baino gutxiagoko eta urtebete baino gehiagoko arrak toreatzen diren ikuskizunak.
f) Jaialdi mistoak: aurreko motak zatika barneratzen dituen nahasketa, mota bakoitzaren arau bereziak betetzen direla.
g) Jaialdiak: abere puntamotzak toreatzen diren ikuskizunak. Gainontzekoan, adin horretako abereen toreoa beste zezenketa-ikuskizunetan erregulatzen duten araudiek erregulatuko dituzte jaialdiak. Era berean, jaialdiak nahasketak izan daitezke, aurreko atalean idatzitakoarekin bat etorrita.
II. KAPITULUA
TRADIZIOZKO ZEZEN-IKUSKIZUNAK
4. artikulua.- Definizioa.
Tradiziozko zezen-ikuskizunetan behi abelburu suharrek hartzen dute parte. Entzierroak, abereak askatzea, bigantxak toreatzea, sokamuturra eta abelburuaren heriotza eragiten ez duten antzeko ekintzak dira.
5. artikulua.- Tradiziozko zezen-ikuskizun motak.
Zezen-ikuskizun tradizionalak honakoak dira:
a) Toreatu aurreko entzierroak: toreatuko diren behi abelburu suharrak herri bideetan zehar gidatzean datzan ikuskizuna, askatze gunetik zezen-plazaraino eta joaldunek lagunduta.
b) Abelburuak askatzea edo tradizioko entzierroa: behi abelburu suhar ar edo emeak libreki korriaraztea, baimendutako hiriko, landakoa edo bide nahasian, edo baimendutako plaza publiko edo barrunbeetan.
c) Bigantxak toreatzea: plaza edo barrunbe batean dauden parte-hartzaileek abelburu suhar edo bigantxak korriarazi edo toreatzea.
d) Sokamuturra: kaleetan edo herri-bideetan abelburu suhar bat korriaraztea. Abelburua soka batekin lotzen da eta abeltzaintza-etxeko titularrak edo laguntzaileek kontrolatzen dute.
III. KAPITULUA
BESTELAKO ZEZEN-IKUSKIZUNAK
6. artikulua.- Bestelako zezen-ikuskizunak.
1.- Araudi honetan ezarritakoarekin bat, honakoak baimendu daitezke: zezenketa barregarria, urkadunak, euskal landatar zezenketak, errekortagileen lehiaketak, txuliaketak, emeen probaketa publikoak eta antzekoak.
2.- Aipatutako ikuskizunak zezen-plazetan gauzatuko dira eta abelburua ez da ikuskizunean bertan hilko.
3.- Ikuskizun horietan erabilitako abelburuak toreorako arrak badira, hil egingo dira. Hiltzea ezingo da inoiz ikuskizunean bertan edo jendaurrean egin.
7. artikulua.- Definizioak.
1.- Zezenketa barregarrian behi abelburu suharrek hartzen dute parte eta helburua ikusleak dibertitzea da. Ikuskizunean ez dira abelburuak hilko.
2.- Urkadunek Portugaleko zezenketan ohikoa den lantzea dute oinarri. Astintzaileek edo urkadura morroiek gauzatzen dute eta helburua, parte-hartzailea oinez dabilela, abelburua adarretatik heldu eta burua okertuz geldiaraztea da.
3.- Zezenketa euskal landatarretan parte-hartzaileek abelburuaren gainetik jauzi egin behar dute, burutik buztaneraino. Eta horretarako zezenketa mota honetako lantzeak gauzatzeko erabiltzen diren tradiziozko tresnak bakarrik erabil ditzakete.
4.- Errekortegileen ikuskizunetan abelburu suhar baten erasoaldiari ihes egin behar zaio. Gorputza bakarrik erabiltzen da eta txiriak, izkinak edo jauziak egiten dira erasoalditik ihes egiteko. Aldi berean animaliari eraztunak jartzen zaizkio adarretan.
5.- Txuliaketan zaletuek zekorrak toreatzen dituzte, oinez.
6.- Emeen probaketa publikoan, hala badagokio, txahaletarako diren behiak aukeratzeko abeltzaintza-jarduna burutzen da, tokian dagoen jendearen aurrean.
III. TITULUA
ZEZEN-PLAZAK ETA ZEZEN-IKUSKIZUNAK EGITEKO BESTELAKO ESPARRU EGOKIAK
I. KAPITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUNAK EGIN DAITEZKEEN ESPARRUAK ETA INSTALAZIOAK
8. artikulua.- Zezen-plazak. Definizioa.
1.- Zezen-plazak establezimendu publikoak dira, independenteak edo bide publikotik sarrera zuzena dutenak. Xedea zezen-ikuskizunak bertan egitea dute eta horiek beti, aldizka edo lantzean behin izan daitezke. Instalazioak egonkorrak edo aldi baterakoak, itxiak zein estalkirik gabeak izan daitezke.
2.- Era berean, zezen-plazak zezen-ikuskizunak ez bestelako jardunen egoitza izan daitezke. Halako ikuskizunak antolatu, egin eta baimentzeko zezen-plaza bakoitzaren baimenaren arabera jokatuko da.
9. artikulua.- Zezen-plaza finkoak. Definizioa eta ezaugarriak.
1.- Zezen-ikuskizunak egiteko bereziki bideratutako establezimenduak dira.
2.- Zezen-plaza finkoek honako ezaugarriak izan beharko dituzte:
a) Hondarra: bertan zezenketa burutzen da eta gainontzeko esparrutik hesiaren bidez banatuta dago. 40 m eta 60 m bitarteko diametroa izango du.
b) Hesia: abereak hondarretik irtetea saihesten du eta toreatzaileak, beste pertsonak edo zerbitzuak babesten ditu. 1,60 metroko garaiera izango du. Tradiziozko erabileraren arabera aukeratuko dira materialak, egitura eta antolamendua. Orri bikoitzeko hiru ate izango ditu gutxienez eta lau ezkutaleku. Ezkutalekuen artean distantzia bera egongo da eta eginkizuna ondo betetzeko beharrezko neurria eta sendotasuna izango dute. Halaber, luzeran egindako ointokia eduki beharko du, profesionalek errazago jauzi egin dezaten.
c) Kailejoia: hesiaren eta tendiduei eusteko hormaren arteko korridorea da. 1,50 eta 2,50 metro arteko zabalera izango du, bertatik toreatzaile, parte-hartzaile eta ikuskizuneko zerbitzuak iragan daitezen. Kailejoiaren barruan ezkutalekuak jarriko dira plazako ordezkarientzat, koadriletako kideentzat, osasun zerbitzuetako langileentzat, albaitarientzat eta enpresa antolatzailearen eta abeltzaintza-etxearen ordezkarientzat. Pertsona horiek ezkutalekuan egon beharko dute ikuskizuna gauzatu bitartean eta araudi honek esleitzen dien lana burutzeko bakarrik mugitu ahal izango dira bertatik. Hedabideek argazkiak egin ditzaten ezkutalekuak jarri ahal izango dira, beti ere Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ezarritako baldintzak eta kopuruak betetzen badira.
Jendartearen segurtasunerako lanak burutu ahal izateko, segurtasun-indarretako kideek kailejoian egotea izango dute.
Ezkutalekuen kopuru, kokapen, esleipen eta aldizkako aldaketarako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurretiazko baimena eduki beharko da.
d) Tendiduei eusteko horma: kailejoia eta ikusleentzako tendiduak banatzen dituen babesa da. 2,20 metro baino gehiagoko altuera izan beharko du.
e) Kortak: zezen-plazaren barruan, abereak, toreatu baino lehen, gordeko diren tokia da. Lehen eta bigarren mailako zezen-plaza finkoek gutxienez hiru korta izango dituzte. Kortak elkarrekin komunikatuta egongo dira, eta abereak aztertu, aukeratu eta bakartzeko behar diren ezkutalekuak, korridoreak eta segurtasun-neurriak edukiko dituzte. Kortetariko batek, behintzat, baketara joateko pasabidea izango du, eta beste batek abereak kargatu eta deskargatzeko plataformara eramateko pasabidea. Kortetan, abereen ongizatea bermatzeko, jana eta ura edukitzeko nahikoa aska egon beharko da. Halaber, egoki diren osasun- eta higiene-baldintzak bete beharko dira.
f) Baskula eta sendaketa-kaiola: lehenengo eta bigarren mailako plazetan, zezenak eta zaldiak pisatzeko baskula eta sendaketa-kaiola egongo dira. Azken hori behar bezala egokitu beharko da, itzulitako abereak bertan sastakatu eta behar dituzten ebakuntzak edo sendaketak egiteko.
g) Bakak: zezen-plazaren barruan, aukeratutako abelburu bakoitza toki honetan isolatzen da, toreatzeko ordua arte. Baken forma eta tamaina egokia izan behar da, abereak segurtasun-baldintza egokietan egon ahal izateko. Toreatu beharreko abelburu adina baka egongo da, baita araudiak zehaztutako soberakoentzat ere.
h) Larrutze-gela: Hildako abereak haragitarako prestatzeko tokia da. Indarrean dagoen araudiarekin bat, kasuan-kasuan azterketak eta lagin-hartzeak egiteko beharrezkoak diren baliabide eta tresna egokiak izan beharko ditu.
i) Zezen-plaza finkoek, halaber, zaldi-patioa, zalditegia eta narras-patioa edukiko dute. Azkena larrutze-gelarekin lotuta egongo da. Zaldi-patioan zaldiak probatu eta aztertzen dira, ikuskizunerako beharrezkoa bada, eta zuzenean lotuta egoten da bide publikoarekin eta hondarrarekin. Izango duen erabilerarako egokiak diren baldintzak eta zorua izan beharko ditu. Narras-patioa, zezen-plazaren barruan, hildako abelburuak hondarretik larrutze-gelara eramateko bidea da.
j) 1. eta 2. mailako zezen-plazetan instalazio egokiak egon beharko dira lan administratiboak egiteko eta heriotza aurreko eta ondorengo azterketak egiteko, lagin biologikoak barne.
3.- 2) puntuan zezen-plaza finkoetarako zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten 3. mailako zezen-plazetan zaldirik gabeko zezen-ikuskizunak bakarrik egin ahal izango dira. Kasu guztietan aplikagarri den araudian segurtasunerako, higienerako eta erosotasunerako ezarritako baldintzak bete beharko dira.
10. artikulua.- Zezen-plaza ez-finkoak. Definizioa.
Zezen-plaza ez-finkoak zezen-ikuskizunak egitea helburu nagusi ez duten eraikin edo esparruak dira, eta udalek gaitasun eta baimen berezia ematen diete aldi baterako zezen-ikuskizunak ospatzeko.
11. artikulua.- Zezen-plaza mugikorrak eta aldi baterakoak. Definizioa.
Egurra, metala edo elementu sintetikoez egindako egitura desmuntagarri eta mugikorrekin aldi baterako eraikitako esparru itxiko instalazioak zezen-plaza mugikorrak edo aldi baterakoak dira. Sendotasun egokia eta ikuskizuna ospatzen den udaleko baimena izan behar dute zezen-ikuskizunak bertan egin ahal izateko.
12. artikulua.- Zezen-plaza ez-finko, mugikor eta aldi baterakoen ezaugarriak.
Aplikagarri den araudiak ezarritako segurtasun-, higiene- eta erosotasun-eskakizunak bete beharko dituzte. Zezen-ikuskizunak zaldiekin egiten badira, zezen-plaza finkoetako baldintzak egokitu behako dira hesia, ezkutalekuak, kortak, bakak eta euste-hormari dagokionez.
13. artikulua.- Zezen-ikuskizunetarako beste toki edo instalazio motak.
1.- Araudi honen eskakizunekin bat etorrita, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak zezen-ikuskizunak bestelako establezimendu publiko egonkor edo aldi baterakoetan, zein bide publikoan egitea baimenduko ahal izango du. Halako kasuetan titularrak ados egon beharko du eta, hala badagokio, administrazioen baimena beharko da.
2.- Honako baldintzak bete beharko ditu:
a) Dagokion udal-lizentzia edo baimena edukitzea.
b) Ikusleak joaten diren lokaletarako indarrean dagoen araudiak ezarritako segurtasun arloko neurriak edukitzea.
c) Hala badagokio, aplikagarri den auto-babeserako araudian ezarritako baldintzak, eta edukian aditu diren teknikariek sinatutako Larrialdietarako Plana.
3.- Udalek establezimendu publikoak kontrolatu eta ikuskatzeko dituzten eskumenen kaltetan izan gabe, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak edozein unetan ikuskatu ditzake hizpide diren instalazioak. Eta aurreko atalean ezarritako baldintzak bete ez badira, establezimendua itxi edo jarduna aldi baterako eten dezake.
II. KAPITULUA
ZEZEN-PLAZA FINKOEN MAILAK
14. artikulua.- Mailak.
Zezen-plaza finkoak lehenengo, bigarren edo hirugarren mailako gisa sailkatzerakoan, hainbat ezaugarri hartuko da kontuan: tokiko tradizioa, antolatu nahi den ikuskizun-kopurua eta mota, baita ikusle-kopurua ere.
15. artikulua.- Lehenengo mailako plazak.
Lehenengo mailako plazak izan daitezke 10.000 ikusletik gora dituztenak, zezen-tradizioa egiaztatzen dutenak eta denboraldi bakoitzerako gutxienez 7 zezen-ikuskizun aurreikusten dituztenak. Horietatik gutxienez 6 zezenketak izan beharko dira.
16. artikulua.- Bigarren mailako plazak.
Bigarren mailako plazak izan daitezke 5.000 ikusletik gora dituztenak, zezen-tradizioa egiaztatzen dutenak eta denboraldi bakoitzerako gutxienez 5 zezen-ikuskizun aurreikusten dituztenak. Horietatik gutxienez 4 zezenketak izan beharko dira.
17. artikulua.- Hirugarren mailako plazak.
Hirugarren mailako plazak aurreko kategorietan jaso ez direnak izango dira.
18. artikulua.- Maila esleitzea eta aldatzea.
1.- Eraiki berri diren zezen-plaza finkoei Joko eta Ikuskizun zuzendariaren ebazpen bidez esleituko zaie maila. Aurretiaz Zezen-Gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileak txostena egin beharko du, dagokion udalari entzun beharko zaio eta titularraren eskaera kontuan hartu beharko da.
2.- Zezen-plazen titularrek plaza bakoitzaren maila-aldaketa eska dezakete, aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean. Aldaketa hori aurreko atalean adierazitakoarekin bat egingo da.
III. KAPITULUA
ZEZEN-PLAZAK IREKITZEKO ETA BERRIREKITZEKO PROZEDURAK
19. artikulua.- Zezen-plaza finkoak berrirekitzea.
1.- Urtero, edozein zezen-ikuskizun egin baino lehen, plazako titularrak berriro irekitzeko baimena eskatu behar dio, idatziz, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, eta honako agiri hauek aurkeztuko ditu eskariarekin batera:
a) Arkitekto, arkitekto tekniko edo baliokidearen egiaztagiria. Bertan zehatz-mehatz adieraziko da plazak segurtasun- eta sendotasun-baldintzak betetzen dituena, kasuan kasuko ikuskizuna egiteko.
b) Suteen Aurkako Zerbitzuaren egiaztagiria. Plazak suteetatik babesteko indarrean dagoen araudian ezarritako neurriak biltzen dituela edo, bestelako neurriak hartu badira, nahikoak direla erakusteko.
c) Baimendutako kontrol-organismoak egindako lokaleko instalazio elektrikoak ikuskatu direla erakusten duen egiaztagiria, instalazio horiek indarrean dagoen araudiko eskakizunekin bat datozela egiaztatzeko.
d) 1. eta 2. mailako zezen-plazen kasuan, osasun-zerbitzuaren instalazioa eta funtzionamendua bermatzen dituzten osasun arloko agintari eskudunek emandako baimena.
e) Albaitari ofizialek edo eskumena duten agintariek gaitutakoek emandako egiaztagiria, kortak, bakak, ukuiluak eta larrutze-gelak garbitasun eta osasunaren aldetik egokiak direla ziurtatzeko. Baita azterketak egiteko eta lagin biologikoak hartzeko materiala badagoela ere egiaztatuko dute.
f) Erantzukizun zibileko aseguru-poliza kontratatu izanaren egiaztagiria, araudi honetako 98.1 artikuluan adierazitakoari jarraiki.
g) Aplikagarri den auto-babeserako araudian ezarritako baldintza eta edukian aditu diren teknikariek sinatutako eta indarrean dagoen Larrialdietarako Plana.
h) 1. eta 2. mailako zezen-plazen kasuan, baskula kalibratuta dagoela egiaztatzen duen agiria, horretarako baimena duen erakundeak emandakoa.
2.- Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizunen unitateak edo esleipendun enpresak berrirekiko den plazaren arauzko baldintzen eta baldintza teknikoen txostena egingo du.
20. artikulua.- Zezen-plaza ez-finko, aldi baterakoak eta mugikorrak berrirekitzea.
1.- Zezen-plaza ez finkoak, aldi baterakoak eta mugikorrak irekitzeko baimenarekin batera esparrua gaitzeko proiektua aurkeztuko da. Proiektua udal arkitektoak, arkitekto teknikoak edo teknikari baliokideak sinatu beharko du, baita aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa ere.
2.- Instalazioa bukatutakoan eta ikuskizuna hasi aurretik, udaleko zerbitzu teknikoek plaza ikuskatuko dute. Ondoren ikuskaritza egiteko baimena duen erakundeak edo Joko eta Ikuskizunen unitateak ere ikuskatu ahal izango du.
IV. TITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUNAK EGITEKO OSASUN ZERBITZUETARAKO BEHARREZKO OSAGAIAK
21. artikulua.- Sendategi eta kirurgia-zerbitzuak.
1.- 1. eta 2. mailako zezen-plazek sendategia eduki behar dute, hondarretik sarbide zuzena eta plazatik kanpora irteera azkarra dauzkana.
2.- Sendategiak, gutxienez, elkarrekin lotuta dauden bi gela izango ditu. Gela bat harrera-gune gisa erabiliko da, eta bestea artatzeko. Tokiak nahikoa handia izan behar du, bertan burutuko diren jardunak erosotasunez egin ahal izateko. Halaber, hurrengo ataletan aipatuko diren beharrezko altzari eta materiala egoki kokatzeko tokia egon behar du.
3.- Aplikagarri den osasun arloko araudiaren kaltetan izan gabe, sendategiko gela guztiek aireztapen eta argiztapen nahikoa izango dituzte, eta edateko ur beroa zein hotza. Argindarra mozten denerako, larrialdirako argiztapen-sistema egongo da. Zoruen eta hormen estaldura iragazgaitza izango da, garbitu eta desinfektatzeko erraza. Sendategien gutxienezko hornidura honakoa izango da:
" Baliabide materialak:
- Kirurgia-mahaia.
- Bisturia.
- Monitorea.
- Pultsiosimetroa eta oximetroa dituen arnasgailua.
- Zenit-lanpara.
- Xurgagailua.
- Gas-aterabidea duten 2 hartune, 02 eta hutsa.
- Desfibriladorea.
- Laparotomia kutxa oso 1.
- Torakotomia kutxa oso 1.
- Kirurgia baskularreko kutxa 1.
- Larrialdirako kirurgiako kutxa bi.
- Material suntsigarri egokia eta mahai laguntzaileak
" Giza baliabideak:
- Kirurgilari nagusi 1.
- Kirurgilari laguntzaile 1.
- Anestesista 1.
- Erizaintzako 2 diplomatu.
- Zaindari 1.
4.- Zezen-ikuskizun orokor guztietan bi anbulantzia egon beharko dira eskuragarri, saioa gauzatu bitartean. Batek oinarrizko bizi-euskarria izango du eta besteak bizi-euskarri aurreratua.
Tradiziozko zezen-ikuskizunetan eta bestelakoetan, 1.000 ikusletik gorako lokal edo esparruetan egiten bada, bi anbulantzia izan beharko ditu eskuragarri saioa burutu bitartean, bietako bat, gutxienez, oinarrizko bizi-euskarriduna. Ikusle-kopurua txikiagoa bada edo ikuskizuna bide publikoan edo esparru irekian egiten bada, gutxienez, oinarrizko bizi-euskarridun anbulantzia bat egon beharko da eskuragarri.
Aurreko paragrafoak hizpide izan dituen anbulantziak ikuskizunetako parte-hartzaileak zein ikusleak artatzeko prest egongo dira.
22. artikulua.- Albaitariak.
1.- Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak albaitari taldea izendatuko du, dagokion lurralde historikoan abeltzaintza-arloan eskumena duen foru-organoaren proposamenari jarraiki. Proposamenean ordezko albaitaria jarriko da.
2.- Zezen-plaza bakoitzari urtero esleituko zaio albaitari-taldea. Zezen-plaza ez-finko edo mugikorren kasuan, izendapena ikuskizun edo ikuskizun-talde bakoitzerako egingo da.
3.- Zezenketa, jaialdi misto, pikatzailedun nobilada, burtziketa eta jaialdietarako hiru albaitari izendatuko dira, abeltzaintza-arloan eskudun foru-organoaren proposamenari jarraiki.
4.- Pikatzailerik gabeko nobilada eta zekorketetarako, abeltzaintza-arloan eskudun den foru-organoaren proposamenari jarraiki albaitari bat izendatuko da.
5.- Tradiziozko zezen-ikuskizunetarako eta bestelako zezen-ikuskizunetarako, albaitaritzako titulua duen pertsona bat, gutxienez, izendatuko da, abeltzaintza arloan eskudun den foru-organoaren arabera eta araudi honetan ezarritako lanak burutzeko.
23. artikulua.- Albaitarien funtzioak.
1.- Albaitariek honako lanetan hartuko dute parte:
a) Azienda biziarentzako kortak, bakak, zalditegiak eta gainerako instalazioen baldintzak, garbiketa zein osasun baldintzak ikuskatu eta egiaztatzea.
b) Plaza-buruak eskatutako alderdi guztietan albaitaritza-laguntza eta teknikoa ematea.
c) Zezen eta zaldien osasun dokumentazioa, identifikazioa eta garraio-dokumentazioa egiaztatzea. Halaber, abere-osasunaren arloan indarrean diren arauak betetzen direla egiaztatzea.
d) Zezen eta zaldiei osasun azterketa egitea eta zezenek toreatu aurretik eta toreatu bitartean duten jarrera aztertzea.
e) Zezenen eta zaldien mota zooteknikoa aztertzea, araudi honetako eskakizunak kontuan hartuz.
f) Zezenek eta zaldiek zezenketan aritzeko duten gaitasuna aztertzea.
g) Abereak «post mortem» aztertzea, araudi honetan ezarritako baldintzak betez.
h) Beren agindupean, zezen edo zaldiei substantziak edo botikak ematea.
i) Zezen-ikuskizuna orokorra ez bada, honakoak egiaztatuko dituzte: nahitaezko osasun egiaztagiriak eta osasun egoera orokorra, identifikazioa, osasun dokumentazioa, itxurazko pisua, bolaztatua, hala badagokio, eta babesak. Orokorrean, ikuskizunaren ezaugarriarekin lotura duen beste edozein alderdi ere egiaztatuko dute, eta haien aburuz arriskutsuak direnak kanporatu ditzakete.
j) Zezenketako abereen haragia kontsumorako ez denean, abereen hilotzak eta bereziki arriskutsuak diren materialak (MER) indarreko araudiarekin bat kudeatzen direla egiaztatuko dute.
2.- Abereak gizakien kontsumorako bideratuko direnean, ikuskizunaren antolatzaileak eskudun diren osasun agintariei jakinaraziko die, indarrean dagoen araudian agertutako beharrezko pausoak jarrai ditzaten.
V. TITULUA
ZEZEN-ERREGISTROAK
I. KAPITULUA
ENPRESEN ERREGISTROA
24. artikulua.- Enpresa antolatzaileen erregistroa.
1.- Enpresa antolatzailetzat joko dira zezen-ikuskizunak antolatzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoak, baldin eta hortik datozen erantzukizunak, jendearekiko edo administrazioarekiko berenganatzen badituzte.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoan zezen-ikuskizunak antolatzeko nahitaezkoa izango da aipatu dugun eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpeko den erregistroan izena ematea.
3.- Inskripzio-eskaerak honakoak jaso behar ditu:
a) Inskribatu nahi den pertsona fisiko edo juridikoaren izena eta IFK/NAN edo baliokidearen kopia.
b) Eskaera egin duen enpresaren helbidea.
c) Eskaera egin duen enpresaren legezko ordezkaria.
4.- Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak hamar eguneko epean ebazpena emango du.
5.- Enpresek erregistroan emandako edozein aldaketa jakinarazi behar dute, aldaketa eman eta hilabeteko epean.
25. artikulua.- Abeltzaintza-etxeen erregistroa.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan dauden abeltzaintza-etxeek zezenketa-abereen abeltzaintza-etxeen eta zezen-ikuskizunen erregistroan eman beharko dute izena, Zezenketa-Abereen Ustiategien eta Zezen-Ikuskizunen Erregistroan eman beharko dute izena, hala ezartzen baita uztailaren 27ko 181/1989 Dekretuan, zezenketa-abereen abeltzaintza-etxeen eta zezen-ikuskizunen erregistroa eta zezenketa-abereen jaiotzako erregistroa arautzen duenean (uztailaren 21eko 210/1992 Dekretuak aldatu zuen).
2.- Gainerako abeltzaintza-etxeek, Euskal Autonomia Erkidegoan zezenketan aritzeko, frogatu beharko dute inskribaturik daudela Estatuko Administrazioaren menpeko abeltzaintzako enpresen erregistroetan edo tokian tokiko autonomia-erkidegokoetan.
II. KAPITULUA
ZEZENKETAKO PROFESIONALEN ERREGISTROA
26. artikulua.- Zezenketako profesionalen erregistroa.
1.- Zezenketako profesionalek Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu ahal izateko, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpeko den Zezenketako profesionalen Erregistroan eman beharko dute izena lehenengo.
2.- Beste autonomia-erkidego edo Estatuko administrazioaren menpeko zezenketako profesionalen erregistroetan egindako inskribapenen egiazkotasuna automatikoki baliozkotuko da, egiaztatu eta gero.
27. artikulua.- Erregistroan izena ematea.
1.- Zezenketako profesionalen erregistroan izena emateko eskaera dagokionak egin beharko du. Eskaerarekin batera agiriak bidaliko dira, kasuan kasuko erregistroko sailean izena emateko behar diren baldintzak bete direla ziurtatzen dutenak.
2.- Erregistroan honakoak jasoko dira: interesdunaren datu pertsonalak, izen artistikoa, kategoria profesionala eta antzinatasuna, aurretiaz izandako kategoria profesionalak eta haietan egindako jardunak eta legezko ordezkaria. Era berean, zezenketaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako zigorrak jasoko dira. Horien izen ematea deuseztatu egingo da epemuga amaituta.
3.- Zezenketako profesionalek Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan eskatzen dizkieten inskripzio-datu guztiak eman beharko dituzte.
28. artikulua.- Zezenketako profesionalen erregistroko atalak.
Zezenketako profesionalen Erregistroak honako sailak ditu:
I. atala: Zezen-hiltzaileak.
II. atala: Pikatzailedun zezenko-hiltzaileak.
III. atala: Pikatzailerik gabeko zezenko-hiltzaileak.
IV. atala: Burtzikariak, bi kategoria: zezen-burtzikaria eta zezenko-burtzikaria.
V. atala: Banderilariak eta pikatzaileak, bi kategoria: zezenketarako eta gainerako zezen-ikuskizun orokorretarako.
VI. atala: Ezpata-mutilak.
29. artikulua.- Izena emateko baldintzak.
1.- I. atalean izena eman nahi duenak pikatzailedun 25 nobiladatan parte hartu duela egiaztatu beharko du. Kategoria hartu izana zezenketa batean egiaztatu ahal izango da, tradizioari jarraiki.
2.- II. sailean izena eman ahal izateko, izangaiak pikatzailerik gabe egin diren hamar nobiladatan parte hartu duela frogatu behar du.
II. atalean izena emandakoek ezingo dituzte 4 urtetik gorako abelburuak toreatu.
3.- III. atalean izena emateko, inskribatutako zezenketarako abeltzaintza-etxeko titularrak edo profesionalak sinatutako dokumentua aurkeztuko du. Halaber, legez osatutako zezenketako profesionalen elkarte batek sinatu beharko du, prestakuntza eta ezagutza dituela egiaztatzeko. Eskatzailea tauromakia-eskola bateko ikasle izan bada, urte betez gutxienez, nahikoa izango da inguruabar hori jakinaraztea eta eskolako zuzendaritzak emandako agiria aurkeztea, eskoletara maiz joan dela eta aprobetxatu dituela egiaztatzeko.
III. atalean izena emandakoek ezingo dituzte 3 urtetik gorako abelburuak toreatu.
4.- IV. atalak bi kategoria izango ditu: zezen-burtzikariak eta zezenko-burtzikariak. Lehenengora sartzeko, hogei ikuskizunetan zezenko-burtzikari gisa aritu izana egiaztatu behar da. Lehenengo kategoria hartu izana zezenketa batean egiaztatu ahal izango da, tradizioari jarraiki. Bigarren kategorian inskribatu eta zezenkoak toreatzeko, artikulu honetako hirugarren atalean jasotako baldintzetakoren bat bete beharko da.
5.- V. atalean bi kategoria egongo dira: lehenengoak zezenketetan eta gainontzeko beste edozein zezen-ikuskizunetan parte-hartzeko aukera ematen du, betiere izena eman den kategoria-profesionalean egiteko. Bigarrenean izena emanez gero, dagokion kategorian, zezenketak ez diren edozein zezen-ikuskizunetan parte hartzeko aukera ematen du. Lehenengo kategoria lortzeko, pikatzaileek hogeita hamar nobiladatan parte hartu dutela egiaztatu beharko dute eta horien artean, gutxienez hamar, lehenengo eta bigarren kategoriako plazetan izan beharko dira. Kategoria horretara bertara sartzeko, banderileroek pikatzailea duen hogeita bost nobiladatan parte hartu izana egiaztatu beharko dute. Lehenagotik I. edo II. atalean inskribatuta egon diren banderileroek ez dute baldintza hau bete behar.
Bigarren kategorian inskribatzeko, zezenkoen pikatzaile izateko hautagai direnek funtzio-proba gainditu beharko dute, lehenengo kategorian izena emandako zezenetan profesionalak, abeltzainak eta pikatzaileak direnak edo erretiratutakoek osatutako epaimahai baten aurrean. Probako lehenengo fasean zaldiketari gisako eta zaldi-heziketa ezagutzak erakutsi beharko ditu hautagaiak. Bigarren fasean, pikaldia egiteko unean haga erabiltzeko duen gaitasuna erakutsi beharko du. Proba honetako garapen, betekizun eta baldintzak Herrizaingo sailburuaren agindu bidez osatzen dira.
Bigarren kategorian inskribatzeko, zezenkoen banderilari-hautagaiek hirugarren atalean jasotako baldintzaren bat bete beharko dute.
6.- VI. atalean izena eman ahal izateko, interesdunak honako hiruetako batek sinatutako aurkezpen idazkia aurkeztu beharko du: Erregistroko I. edo II. ataletan atxikita dagoen profesionalak, legez osatutako zezenketa-profesionalen elkarteak edo sindikatu nagusien ikuskizunetarako atalak.
III. KAPITULUA
TAUROMAKIA-ESKOLEN ERREGISTROA
30. artikulua.- Tauromakia-eskolen Erregistroa.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan tauromakia-eskola gisa aritu nahi duten eskolek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpeko den erregistroan izena eman beharko dute.
2.- Inskripzioak honakoak jaso behar ditu:
a) Eskolaren izena eta kokapena.
b) Titularren, kudeatzaileen eta administrazioko langileen identifikazio-datuak.
c) Klase praktikoetarako zezenketa-zuzendariaren datuak.
d) Honakoak jasotzen dituen ikasleen zerrenda: izen osoa, adina eta helbidea. Zerrenda Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari bidaliko zaio urtero.
3.- Enpresek erregistroan emandako datuen edozein aldaketa jakinarazi behar dute, aldaketa eman eta hilabeteko epean.
IV. KAPITULUA
ZEZEN-PLAZEN ERREGISTROA
31. artikulua.- Zezen-plazen erregistroa.
1.- Erregistro hori Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan egongo da, eta bertan zezen-ikuskizun orokorrak antolatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko zezen-plazak inskribatuko dira, ofizioz.
2.- Erregistroan, gutxienez, datu hauek jasoko dira:
a) plazaren izena, kategoria eta kokapena.
b) titularren datuak.
c) plazen baldintza teknikoak.
3.- Urtero-urtero, plazen titularrek nahitaez jakinarazi behar dituzte jasotako datuetan emandako aldaketak.
VI. TITULUA
TAUROMAKIA-ESKOLAK
32. artikulua.- Tauromakia-eskolak.
1.- Tradizioari jarraiki eta zezen-jaiak indarrean jarraitzen duelarik, tauromakia-eskolak sor daitezke zezenketako profesional berriak trebatu eta jarduna sustatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako baimena beharko da aldez aurretik.
14 urte edo gehiago izan behar dira tauromakia-eskoletan izena emateko. Hala ere, 16 urte bete arte ezin izango da bizirik dagoen abereekin praktikarik egin edo zezen-ikuskizunetan parte hartu.
2.- Baimen eskaerarekin batera justifikazio-memoria aurkeztuko da. Horretan tauromakia-eskolaren arduradunak nor diren, eskolaren jardunerako elementu materialak eta aurrekontuan sartu beharrekoak eta irakaskuntza-plana zein diren adieraziko dira.
3.- Ebazpena eman aurretik, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak behar beste txosten eskatuko du, baita Zezenketa-Gaien Euskal Batzorde Aholku-emailearen iritzia ere, eta instalazioen egokitasunari buruzko azterketak aginduko dizkie eskumendun teknikari eta fakultatiboei. Baimenak bost urterako balioko du; gero berritu daiteke. Horrek araudi honetako 30. artikuluan ezarritako erregistroan izena ematea ekarriko du.
4.- Abereekin egindako eskola praktikoetan izena emandako zezen-hiltzaile batek edota erretiratutakoak bideratuko du jarduna. Eskola horiek eman bitartean, gutxienez, oinarrizko bizi-euskarridun anbulantzia bat izan beharko du eskuragarri.
5.- Eskola praktikoetan toreatuko diren abelburuak bi urtetik beherako arrak edo adin-mugarik gabeko emeak izan daitezke.
6.- Albaitaritzako tituluduna den eta elkargoan izena emanda duen albaitariak egiaztatuko du abereentzako baldintzak eta osasun eskakizunak bete direna.
7.- Eskolak ikasle-liburua bete beharko du, titularrak zuzenduta. Bertan altak, bajak eta inskribatutako gainontzeko pertsonen inguruabarrak jasoko dira. Ikasleak emantzipatu gabeko adingabekoak badira, gurasoen baimena beharko dute.
8.- Tauromakia-eskoletako ikasleek kanalean 150 kg arteko ergiak erabiliko diren baimendutako zekorketetan parte hartu ahal izango dute.
VII. TITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUN OROKORRAK
I. KAPITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUN OROKORREN ADMINISTRAZIOKO BAIMENA
33. artikulua.- Baimenaren derrigortasuna.
1.- Tradiziozko zezen-ikuskizunak egin ahal izateko, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren baimena aldez aurretik izan beharko da, araudi honetako baldintzak beteta.
2.- Baimena ikuskizun baterako edo ikuskizun-multzo baterako izan daiteke, ikuskizunak data jakin batean egiteko asmoarekin, aldi berean kaleratzen badira. Eguraldia dela eta, baimendutako ikuskizun bat bertan behera geratuko balitz, eta antolatzailearen eta parte hartzen duten profesionalen artean adostasunik balego, hurrengo hiru egunetako baterako atzeratu liteke. Betiere, aldez aurretik, plazako ordezkariari data berrirako eguneratu den aseguru-poliza aurkeztu beharko zaio.
Berrirekitzea izapidetu ez duten plazak badira, eskari biak aldi berean egingo dira.
3.- Ebazpenak dagokion udalari jakinaraziko zaizkio.
4.- Ikuskizuna egiteko eguna eta ordua baino 72 ordu lehenago berariazko erabakirik hartu ez bada, baimendu dela uste izango da.
34. artikulua.- Ikuskizunak baimentzeko beharrezko dokumentazioa.
Baimen-eskaerak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio, ikuskizuna egin baino hamar egun lehenago, gutxienez. Eta gutxieneko alderdi hauek jasoko dira bertan: eskatzailearen datu pertsonalak, erakunde-antolatzailea, ikuskizun-motak eta kopurua, tokia, ordua eta data, eta baita honako dokumentazioa ere:
a) Ikuskizuna iragarriko duen kartela, honakoekin: ikuskizun-mota, data eta ordua, abere-kopurua, mota eta abeltzaintza-etxea, eta baita zezen-hiltzaileen izenak ere.
b) Legez eratutako Zezenketako Hitzarmen Kolektiboaren Jarraipen, Zaintza eta Kontrolerako Batzordeak sinatutako parte-hartzaileen edo haien ordezkarien kontratuen kopia, sinatuta. Edo haren lanak egiten dituen organoarena. Aurrekoak egongo ez balira, enpresa antolatzailea jasota dagoen Gizarte Segurantzako lan eta egiaztagiri arloko organo eskudunaren sinadura. Horrekin batera, parte-hartzaileen alta eta aipatutako enpresak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordaindu dituela erakusten duten agiriak.
c) Zezenketa-abereen genealogia-liburutik harturiko egiaztagiria, toreatuko diren abereei eta soberakoei dagokiena.
d) Abereen salerosketako kontratuaren kopia.
e) Zaldien kontrata egonez gero, horren kopia.
f) Ikuskizunerako, 21.4. artikuluan ezarritakoaren arabera, bertan egoteko eska daitezkeen anbulantzien baimena eman duen xedapenaren egiaztagiria.
g) Enpresa antolatzaileak, araudi honetako 98. artikuluarekin bat, eska dakizkiokeen aseguruen kontratazioa egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du.
II. KAPITULUA
IKUSKIZUNEN KONTROLA ETA OSOTASUN BERMEAK
1. ATALA
ZEZEN-IKUSKIZUN OROKORRETAKO PLAZA-BURUA ETA KONTROLERAKO BESTE PERTSONAK
35. artikulua.- Plaza-burua.
1.- Plazako buruak ikuskizuna zuzentzeko agintea dauka, eta horren garapena normala eta ordenatua izan dadin saiatzen da. Araudiko xedapenak zehatz bete daitezen agintzen du, eta halakorik ez bada, tokiko erabilera eta ohiturak jarraituko ditu. Horretarako, 39. artikuluan ezarritako laguntza izango du, baita plazako ordezkaritzarena ere.
2.- Lehenengo eta bigarren mailako plaza finkoetan egiten diren zezen-ikuskizunen buru izatea Joko eta Ikuskizun zuzendariak izendaturiko pertsonari dagokio. Izendapena lau urterako izango da, eta Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emailearen iritzia jaso ondoren egingo da. Izendapena egiteko, zezenei buruzko gaien inguruan duen ezagutza eta esperientzia kontuan hartuko dira, eta baita epaitzeko neutraltasuna, inpartzialtasuna eta objetibotasuna.
3.- Hirugarren mailako plazetan, ez finkoetan eta mugikorretan plaza-buruaren tokia bertako alkateak izendatzen duen pertsonari dagokio. Udalak enpresa antolatzaile gisa eratzen badu bere burua, Joko eta Ikuskizun zuzendariaren esku egongo da plaza-burua izendatzea, eta bertako zaleen artetik hautatuko du, aurreko atalean jasotako irizpideei jarraiki. Lehenengo edo bigarren mailako plazetako buru titularrak edo ordezkoak izenda daitezke.
4.- Ikuskizuna gauzatu bitartean plazako buruarentzat eta bere aholkularientzat toki zehatza egongo da zezen-plazan. Parte-hartzaileek zein ikusleek erraz ezberdintzeko modukoa izango da eta bertatik ikuspegi ona, babesa eta bertan daudenen funtzioak burutzeko behar besteko pribatutasuna izango ditu.
36. artikulua.- Plaza-buruaren eginkizunak.
Plaza-buruak honako funtzioak izango ditu:
a) Abelburuak deskargatzea eta pisatzea. Holakoetan bere ordezkoak edo plazako ordezkaritzaren buruak hartu dezake bere tokia.
b) Plazan toreatzeko heltzen diren abere guztien azterketak zuzentzea.
c) Atalak bere kabuz bideratu edo bere ardura hartzen duen pertsonaren bidez. Pertsona hori ordezkoa edo plazako ordezkaritzako titularra izan daiteke.
d) Toreatzeko abereei eman beharreko tratua eta arauzko esku-hartzeak baimentzea eta gainbegiratzea.
e) Zezenketa hasi aurretik, araudian ezarritakoarekin bat ez datozen zaldiak edo elementu materialak kanporatzea, ikuskizunean parte har ez dezaten.
f) Zezenketa hasi eta amaitzeko nahiz ekitaldiak aldatzeko aginduak ematea.
g) Zezen-hiltzaileei abisuak ematea.
h) Zezenketan zehar musikari baimena ematea.
i) Salbuespen kasuetan zezenketa etetea, ikuskizuna hasi aurretik edo behin hasita.
j) Ikuskizuna behar bezala eta modu baketsuan garatzeko neurriak hartzea, honako hauek barne: toreroei korridan parte hartzen jarraitzeko debekua eta ikusleak plazatik kanpora bidaltzeko agindua.
k) Bere kabuz edo plazako ordezkaritzaren bidez, zezenketan parte hartzen ari direnei egoki diren oharrak ematea.
l) Zezenketan, abereak eta zaldiak kortara itzultzea agintzea edo elementuak kentzea agintzea, araudia betetzen ez dutela uste badu edo zezenketa larriki oztopatzen badute.
m) Sariak ematea.
n) Zezenei bizia barkatzea.
ñ) Zigor-prozedurak hasteko proposamen arrazoitua egitea.
o) Araudi honetan ezarritakoari jarraiki, zezenketarako abelburu eta zaldien «ante» eta «post mortem» analisiak egitea agintzea.
p) Ikuskizunaren amaierako akta sinatzea.
q) Enpresak ikusleei orokorrean edo ikusle berezi bati zuzenduta eman nahi duen edozein jakinarazpen edo premiazko ohar baimentzea.
37. artikulua.- Plaza-burua ordezkatzea eta berritzea.
1.- Plaza-buruak ikuskizun batera edo horren aurreko edo ondorengo jardunetara ezingo dela joan ikusiz gero, ahal bezain lasterren jakinaraziko dio, idazki bidez, kargu hori eman zion agintariari eta hogeita lau orduko epean justifikatu beharko du huts egitea.
2.- Plaza-buru titularrak ordezko pertsonarengan utz dezake kargua, aldi baterako eta zezenketak ez diren beste zezen-ikuskizunetarako. Ekimen hori Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio.
3.- Bere eginkizunak betetzen ez dituela nabarmena bada, plaza-buru izendapena ezeztatu egingo da. Maila dela eta, zezen-plazaren burutza tokiko agintariren bati dagokionean, eta agintari horrek nabarmen betetzen ez baditu bere eginkizunak, prozedura sumarioa irekiko zaio, entzunaldia barne, eta horren ondorioz, hurrengo denboraldian plaza-buru izateko eskubidea kendu ahal izango zaio.
38. artikulua.- Plaza-buruaren ordezkoak.
Plazako buru-titularra izendatzean haren ordezkoa ere izendatuko da, titularra izendatzeko jarraitu diren irizpide berberak aplikatuta. Ordezkoa buru titularra ez dagoenean arituko da karguan.
39. artikulua.- Plaza-buruaren aholkularitza. Izendapena eta funtzioak.
1.- Ikuskizuna burutu bitartean, plaza-buruak albaitaritza-arloko aholkulari baten eta aholkulari artistiko-taurino baten laguntza jasoko du.
2.- Albaitzaritza-aholkularia Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak izendatuko du, plaza-buruak egindako proposamenetik abiatuta. Abereak aztertzen parte hartu duten albaitarietatik aukeratuko du plaza-buruak aholkularia.
3.- Plaza-buruak albaitari-aholkularia aldatzeko eskari arrazoitua egin ahal izango du.
4.- Plaza-buruak proposatuko du zezenketa-artearen arloko aholkulari-teknikoa eta Joko eta Ikuskizun zuzendariak izendatuko du. Hautaketa erretiratutako zezenketako profesionalen artetik edo, bestela, gaitasun nabaria eta aitortua duten zaleen artetik egingo da. Horretarako, plaza-burua izendatzeko erabili ziren irizpide berak erabiliko dira. Hirugarren mailako, ez-finko eta plaza mugikorretan, proposamena alkateari edo haren ardura hartu duenari egokituko zaio.
40. artikulua.- Plazako ordezkaritza.
1.- Zezen-ikuskizun orokorretan Joko eta Ikuskizun zuzendariak izendatutako plaza-ordezkari bat egongo da. Ordezkaria Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Ataleko kideen artetik aukeratuko da.
2.- Plazako ordezkaritzarako ordezko pertsona bat edo gehiago izendatu ahal izango dira, titularrak kale egingo balu.
41. artikulua.- Plazako ordezkaritzaren eginkizunak.
1.- Hona hemen plazako ordezkaritzaren eginkizunak:
a) Plaza-buruaren aginduak pasatzea eta betearaztea. Araudi honetan ezarritakoa betetzea bere kontrol eta ikuskaritzaren pean geratuko da.
b) Abereak garraiatzeko erabiltzen diren kaiolen zigiluak kentzea, abereak deskargatu, pisatu eta aurretik zein «post mortem» azterketetan bertan egotea, baitan zaldienetan ere, hala badagokio.
c) Baka, banderila eta eztenen zigiluak jartzea eta kentzea, baita eskudun agintaritzak agindutako plazako ataletan ere.
d) Bere zaintza pean izango ditu plazako zenbait atal, hots, ikuskizunarekin zuzeneko zerikusia duten eragiketen plaza-atalak.
e) Aktak egitea edo ikuskizunean, aurretik edo ondorengo jardunetan emandako gertakarien inguruan eska diezazkioketen txostenak egitea.
2.- Plazako kailejoia bere ardura izango da, berak kontrolatuko ditu ezkutalekuen sarbidea eta okupazioa. Hortaz, ikuskizunak dirauen artean, ezkutalekuan dauden pertsonei joateko esango die, arautegi honetako 9.2.c) artikuluan jasotakoak ez badira.
3.- Ikuskizuna garatu bitartean, zezenketaren zuzendariak gorabeheraren bati erreparatzen badio, plazako ordezkariari jakinaraziko dio, eta berau konpondu dezan eskatuko dio.
42. artikulua.- Aguaziltxoak.
1.- Zezen-ikuskizun orokor guztietan antolatzaileak aguaziltxo baten laguntza izango du.
2.- Araudi honetan adierazitakoarekin bat eta plazako tradizioari jarraiki, aguaziltxoek plazako ordezkariaren aginduak honako funtzioetarako beteko dituzte:
a) Plaza-buruak eskuzapi zuria erakusten duenean, hondarretatik jendea ateratzea eta paseotxoa egitea.
b) Baketako giltza jaso eta torilariari ematea.
c) Plaza-buruak onarturiko sariak ematea.
d) Plaza-buruaren eta ordezkariaren aginduak transmititzea.
e) Zezen bakoitza toreatu ostean hondarraren egoera kontrolatzea. Hondarra egokitzeko premiarik badago, zezenketa-zuzendariak, plazako ordezkariak edo buruak emandako aginduak hondarzaleei jakinaraztea.
3.- Aguaziltxoek lana egoki egin dezaten, paseotxoa amaitu ondoren, haietako bat ordezkariaren ondoan jarriko da eta bestea pikaldia egiten den lekuan.
2. ATALA
ZEZENKETARAKO ABELBURUEN BETEKIZUNAK
43. artikulua.- Abelburuen erregistroa.
Titulu honetan arautzen diren ikuskizunetan ezingo dira toreatu zezenketa-abereen genealogia-liburuan jasota ez dauden abelburuak. Zezenak hazi dituzten abeltzaintza-etxeek Abeltzaintzako Enpresen Erregistroan izena eman beharko dute, araudi honetako 25. artikuluari jarraiki, edo beste administrazio publiko bateko erregistro baliokidean izena emanda eduki.
44. artikulua.- Zezenketa-abereen adina.
1.- Zezenketetan toreatuko diren arrak lau eta sei urte artekoak izan beharko dira.
Pikatzaileekin egiten diren nobiladetan hiru eta lau artekoak izango dira, eta gainontzeko nobiladetan bi eta hiru urte artekoak. Gehienezko adin-muga urteak betetzen dituzten hilabetea izango da.
2.- Zezenketak edo nobiladak egiteko gai direnak burtziketan ere erabil daitezke.
3.- Zekorketetan abereen adina ez da bi urtetik gorakoa eta urtebetetik beherakoa izango.
4.- Araudi honen ondorioetarako, zezenen adina zezenketa-abereen genealogia-liburuan jasotakoa izango da.
45. artikulua.- Abereen pisua eta beste zenbait ezaugarri.
1.- Zezenketetarako nahiz pikatzailedun nobiladetarako abereek satai onekoak beharko dute izan. Horren balorazioa plazaren mailaren gorabeheran egongo da, eta aberearen pisua eta abeltzaintza-etxearen ezaugarri zooteknikoak hartuko dira kontuan.
2.- Zezenketetarako zezenen gutxienezko pisua 460 kg-koa izango da lehenengo mailari dagokionez, 435 kg bigarren mailan eta, hirugarren mailan, 410 kg arrastean, edo balio berekoa kanalean, hau da, 258 kg.
3.- Pikatzaileak dituzten nobiladetan abereen pisua ez da 500 kg baino handiagoa izango bizirik, lehen eta bigarren mailako plazetan, eta 258 kg kanalean besteetan.
4.- Pikatzailerik gabeko nobiladetan, abereen gehienezko pisua ezin izango da 410 kg baino gehiagokoa izan arrastean, edo balio berekoa kanalean, hau da, 258 kg.
5.- Lehenengo eta bigarren mailako plazetan aberea bizirik dagoenean hartuko zaio pisua, hirugarren mailakoetan, ordea, arrastean, odola hustu gabe edo kanalean, abeltzainak egindako aukeraren arabera, eta pisu horri 5 kg gehituko zaizkio, zezenketan galtzen bide dituenak.
6.- Lehenengo eta bigarren mailako plazetan egiten diren korridetan edo pikatzailedun nobiladetan, abereen pisua, abeltzaintza-etxea eta jaiotza-urtea eta hilabetea jendaurrean iragarriko dira toreatzeko hurrenkeran. Halaber, abere bakoitza hondarretara atera baino lehen iragarriko da.
46. artikulua.- Adarren osotasuna eta salbuespenak.
1.- Zezenketetan eta pikatzailedun nobiladetan toreatzen diren abereen adarrak oso-osorik egongo dira.
2.- Abeltzaintza—etxearen zein enpresa antolatzailearen erantzukizuna da jendeari zezenketa-abereen osotasuna bermatzea. Adarrak kamustuz egiten den iruzurra eta substantzia bidez zezenaren jarrera artifizialki aldatzea galarazi behar da.
3.- Begibakarrak diren abereak, edo adarpuntak eskuila eginda edo ezpalduak eta adar kamutsak eta adarmotzak dituzten abereak ezin izango dira toreatu korridetan. Pikatzaileak dituzten nobiladetan torea daitezke, begibakarrak izan ezik, baldin eta alde bakarretik bada eta jaialdiko kartelean ondo agerian honako hau jartzen bada: «abere akastuna, probaketa-hondakina».
4.- Begi bakarrak diren abereak, edo adar bietan adarpuntak eskuilatuta edo ezpalduak eta adar kamutsak eta adarmotzak dituzten abereak aurretiazko azterketetan kanporatuko dira.
5.- Burtziketan eta pikatzailerik gabeko nobiladetan adarrak kamustu daitezke albaitari baten aurrean, hala iragarrita balego. Kasu honetan, adarrak kamustea abereak toreatuko diren zezen-plazara eraman aurretik egin behar da. Adar-kamusketa egiten denean ezin izango da barneko hezur-egitura ukitu. Jaialdi eta zekorketetako abereak modu berean tratatuko dira.
6.- Abelburuek garrantzi handirik gabeko adar-ezkaildurarik izango balute, aurretiazko azken azterketa baino lehen, plaza-ordezkariaren aurrean eta zerbitzuko gutxienez albaitari baten kontrolpean, adarrak garbitzeko baimena eman dezake plaza-buruak. Lan hauek burutu bitartean parte-hartzaileen ordezkariak bertan egon daitezke.
3. ATALA
ZEZENKETARAKO ABELBURUEN GARRAIOA
47. artikulua.- Abereak kargatu, zaindu eta garraiatzea.
1.- Abereak zigilatutako banakako kaioletan sartuko dituzte. Kaiolak sendo eta seguruak izango dira, eta adarrei ezpalik ez ateratzeko, berariazko materialez babesturik egongo dira. Kaiolek behar adina zulo izango dute, barrukoa ondo aireztatuta egon dadin.
2.- Zigiluak kaioletako alboetan eta goiko aldean ipiniko dira. Zigilurik gabeko kaioletan edo zigiluak urraturik dauzkaten kaioletan garraiaturiko abereak ez dira onartuko, ez badago, behintzat, ezinbesteko arrazoiren bat behar bezala zuriturik.
3.- Abereak garraiatu bitartean, abeltzaintza-etxeko titularra joango da beraiekin edo, bestela, hark izendatutako pertsonarekin.
48. artikulua.- Zezenak deskargatzea eta pisatzea.
1.- Zigiluak hautsi eta abereak deskargatzen direnean, plaza-ordezkariak, enpresaren ordezkariak eta arduradun den zerbitzuko albaitarietako batek bertan egon behar dute.
2.- Abeltzaintza-etxeko titularra edo ordezkaria deskargatze unean egon behar da. Orduan emango zaizkie plazako arduradunari eta eskumendun albaitari-taldeko kideari identifikazio-, osasun eta garraio-dokumentazioa eta baita, hala balegokio, haragia kontsumorako erabiltzeko dokumentazioa ere.
3.- Lehenengo eta bigarren kategoriako plazetan egiten diren ikuskizunetako abereak deskargatu ostean pisatuko dira.
4.- Plazako ordezkariak akta prestatuko du. Hor zigiluak haustearen, deskargaren eta abereak pisatzearen berri jasoko du, eta bertan dauden guztiek izenpetu eta bidezkotzat jotzen dituzten oharrak adieraziko dituzte.
49. artikulua.- Abereak plazan egotea.
1.- Abereek plazako kortetan egon behar dute jaialdia hasi baino 48 ordu lehenagotik. Hirugarren mailakoetan, gutxienez 24 orduz izan beharko dira.
2.- Zezen-plaza mugikor, ez-finko eta aldi baterakoetan gutxienez 8 ordu lehenago heldu beharko dira abereak.
3.- Abereak deskargatzen dituztenetik ikuskizuna hasten den arte, ikuskizuna antolatzen duen enpresa araudi hau betearaztearen erantzule da, zezenketa-abereen zaintzeari eta egonaldiari dagokionez. Horri lotuta, plazako buruak edo ordezkariak egoki irizten dieten neurri osagarriak har ditzakete, atal honetan adierazitakoa beteko dela hobeto bermatzeko.
4. ATALA
ABEREAK AZTERTZEA
50. artikulua.- Aurretiazko azterketak.
Zezen-ikuskizun orokor batean toreatuko diren abere guztiei, ikuskizunaren egun berean aurretiazko azterketa egingo zaie araudi honek zezenketarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko. Azterketak honako artikuluetan ezarritakoari jarraiki egingo da.
51. artikulua.- Lehenengo azterketa.
1.- Abereak plazara heltzen direnean, edo geroago, baina ikuskizuna hasteko iragarrita zegoen ordua baino 24 ordu lehenago, lehenengo azterketa egingo zaie, plaza mugikor, aldi baterako edo ez-finkoetan salbu. Azterketa hori hurrengo ataletan esaten den moduan burutuko da.
2.- Zezenketarako abereen lehen azterketa plaza-buruaren eta plaza-ordezkariaren aurrean egingo da. Azkenak azterketaren akta egingo du. Azterketa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak esleitutako albaitari-taldeak egingo du.
3.- Azterketan enpresa-antolatzailearen ordezkari bat eta abeltzaintza-etxearen beste bat egon beharko dira. Bakoitzak haiek aukeratutako albaitari titulatu baten laguntza jaso ahal izango du. Era berean, hiltzaileak edo beren ordezkariak egon daitezke bertan.
4.- Mota bereko zezenketa-abereak sei edo gutxiago badira, enpresa-antolatzaileak soberako bi eduki beharko ditu lehenengo eta bigarren mailako plazetan, eta bat gainerako plazetan. Jaialdi mistoetan toreatu beharreko abelburu bakoitzeko soberako bat aurkeztuko da, ikuskizuna non ospatuko den kontuan izan gabe.
52. artikulua.-Lehenbiziko azterketaren xedea eta prozedura.
1.- Lehenengo azterketak adarrak, sataia, osasun baldintzak eta zezenketarako gaitasuna izango ditu hizpide, baita pisua ere, horretarako abeltzaintza-etxearen ezaugarri zooteknikoak eta plazaren kategoria ere kontuan hartuta.
2.- Pikatzailerik gabeko nobiladetan, abereen azterketarako hau baino ez da egingo: agirietan agertzen den zezenkoen adina, jatorria eta zezenkoen identifikazioa eta osasun egoera egiaztatzea.
3.- Azterketa baldintza egokietan eta plaza-buruak ezarritako jarraibideen ildoak errespetatuz egingo da.
4.- Parte hartzen duten albaitariek txosten arrazoitua emango dute, idatziz, eta bertan araudiaren arabera eskatu beharreko ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak betetzen diren ala ez jasoko da. Kontuan edukiko dira ikuskizuna zein motatakoa den eta plaza zein mailakoa. 3.- Akatsen bat ikusiz gero, plaza-buruari jakinarazi eta txostenean jasoko dute. Bertan, akatsa edo akatsak zein izan diren zehatz-mehatz adieraziko da.
5.- Ondoren, plaza-buruak akatsei buruzko iritzia eskatuko dio abeltzaintza-etxeari, horren ondoren, bertan dauden zezenkariei edo beren ordezkariei, eta hautemandako akatsen inguruan duten iritzia eskatuko die. Bigarrenik, eta beste alde batetik, enpresa-antolatzaileari galdetuko dio xehetasun horietaz eta aztertutako abereak zezenketarako gai direnentz.
Enpresa antolatzaileek eta abeltzaintza-etxeek haiek aukeratutako albaitari titulatuak egindako txosten arrazoitua aurkeztu ahal izango dute.
6.- Txosten horiek ikusita eta ekitaldian parte hartu dutenen iritziak jaso ondoren, plaza-buruak aztertutako abelburuak zezenketarako egokiak diren erabakiko du, eta erabaki horren berri ekitaldian bertan emango die jakin nahi dutenei.
7.- Aberea lehenengo azterketan atzera botatzen badute, adarrak iruzurrez maneiatu dituztelakoan, abeltzaintza-etxeak toreatzeko eska dezake, baldin eta araudi honetako 55. artikuluan adierazi bezala adarrak aztertzearen ondorioz sor litekeen erantzukizuna beren gain hartzen badu, berariaz eta idatziz. Betekizun hauetariko bat beteko ez balu, aberea ezingo da Euskal Autonomia Erkidegoko inongo zezen-plazatan toreatu, araudi honetako 46.5 artikuluan zehazten diren kasuetan salbu.
53. artikulua.- Bigarren azterketa.
1.- Ikuskizun-egunean bertan, aurreko atalean ezarritako modu berean beste azterketa bat egingo da. Orduan, lehenengo azterketatik zezenketarako abereen egokitasuna murriztu ez dela ikusiko da, eta arrazoia edozein dela, zezenketarako egokiak ez direnak kanporatuko dira.
2.- Halaber, aurreko artikuluan adierazitako puntuen azterketa egingo zaie abereei, justifikatutako arrazoiren batengatik lehenengo azterketa pasatu ez bazuten.
3.- Azterketak egin izanaren aktak egingo dituzte. Horiekin batera, azterturiko abereen agiriak eta albaitarien txostenak batuko dira, eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzara bidaliko dira artxibatzeko.
4.- Onartu eta bazterturiko abereei buruzko azken aktaren kopia bat jendaurrean jarriko da ikusgai. Hor emango da aditzera zein abere toreatuko den abeltzaintza-etxearen erantzukizun pean, aurreko atalaren 6. puntuan esandakoaren ildotik.
54. artikulua.- Bazterturiko Abereak ordezkatzea.
1.- Enpresa antolatzaileak bilatu beharko ditu lehenengo azterketan bazterturiko abereen ordezkoak, eta horiek ere aztertuko dira. Azken horien azterketa ikuskizun aurreko bigarren azterketan egingo da.
2.- Enpresa antolatzaileak toreatzeko abere guztiak eta araudi honetan ezartzen diren soberakoak aurkezten ez baditu, bertan behera utziko da ikuskizuna.
55. artikulua.- Post mortem azterketa.
1.- Zezenketa amaitu ondoren, hala badagokio eta aurreko atalean adierazitakoari jarraiki, zerbitzuko albaitariek «post mortem» azterketak egingo dituzte. Azterketa plazako buruaren aurrean edo bere ardura hartzen duen pertsonaren aurrean eta plazako ordezkariaren aurrean egingo da, abereek lesiorik duten edo ez ikusteko eta adarrak oso-osorik daudela egiaztatzeko.
2.- Post mortem azterketan enpresa-antolatzaileko eta abeltzaintza-etxeko ordezkari bana egon ahal izango dira. Horiek libreki aukeratutako albaitari baten aholkularitza jaso ahal izango dute bertan. Azterketa interesa duten pertsonei jakinaraziko zaie, plazako ordezkarien bitartez edo beren laguntzaileen bitartez.
3.- Azterketaren emaitzak akta berriemaile batean jasoko dira, eta azterketan egon direnek izenpetu eta nahi dituzten oharrak gehitu ahal izango dituzte. Aktaren kopiak abeltzaintza-etxeari eta enpresa antolatzaileari emango zaizkio eta jatorrizkoa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari. Azken horrek, edukia ikusita, kasuan kasuko neurriak hartuko ditu.
4.- Hondarrean gertaturikoa ikusita eta aberearen jarreran oinarrituta, post mortem azterketa plaza-buruak, ofizioz edo albaitariek eskatzen dituzten puntuei buruz izango da.
5.- Zezenketaren eta pikatzaileekin egindako nobiladen ondoren, plazaren maila kontuan hartu gabe, plaza-buruak toreatzerakoan ikusitakoetan oinarriturik eskatuta bada, zezenen adarrak aztertu ahal izango dira, baita parte-hartzaileek hala eskatuta eta, edozein kasutan ere, 52.7 artikuluan jasotako kasuan.
6.- Adarrak aztertzerakoan, lehenengo eta behin, kanpoko itxurari begiratu behar zaio, baita kanpoko kutikularen aldaketa nabariei ere. Ondoren, honela aztertuko da:
a) Metro batekin neurtuko da luzera, eta cm-tan adierazi. Ilea hasten den lekutik adar-puntaraino, bai barnealdetik edo alde ahurretik, bai kanpoaldetik edo alde ganbiletik. Luzera osoa bi neurketa horien baturaren erdia izango da (I. eranskina).
b) Ondoren, luzeran ebakiko da adarra zerra mekanikoaz, barnealdeko zein kanpoaldeko erdiko lerroari jarraiki, norabide dortso-bentralean (neurketa-lerroak). Adarra, ondorioz, erdibiturik geratuko da: barnealde ahurra eta kanpoalde ganbila (II. eranskina).
c) Gero, kalibragailu batez, alde zurrunaren luzera neurtuko da hezurrezko oinarritik adar-puntaraino. Halaber, alde zurruneko muinaren lerro zuria eta bertan dauden bulboak ikuskatuko dira.
7.- Egindako neurketen ondorioz, adarraren alde zurrunaren luzera zezen eta zezenkoen adarraren luzeraren seiena baino laburragoa bada, edo muinaren lerro zuria erdian ez badago edo adarpuntan bukatu baino lehen ezabatu eta desagertzen ez bada, edo beste edozein behaketaren ostean, adarren osotasunaz zalantzarik bada edo uste bada maneiurik egon dela, plazaren maila dena delakoa edo buruak hala erabakita bada, adarpunta erdi bakoitzetik 12 bat cm luze ebakiko da. Ondoren, erdi biak paper gomaztatuaz lotuko dira. Paper horretan argi eta garbi adierazi behar da zein den eskuineko adarpunta (D letra) eta zein ezkerrekoa (I). Horiekin batera, adarraren jabe den aberearen identifikazioa eta baita azterketa biometrikoari buruzko txostena ere sartuko dira kutxa batean, eta behar bezala zigilatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko laborategi homologatu batera bidaliko da, han berariazko analisiak egin ditzaten hurrengo puntu hauei buruz: kanpoko kutikulaz, alde zurruneko muineko lerro zuriaz eta adarren posizioaren gaineko azterlan histologikoaz.
8.- Azterketa eta analisiak egiteko atal honetan aipatzen diren tresnek eta laborategiek erakunde eskudunen onarpena izan behar dute.
9.- Odol eta gernu laginak laborategian kontserbatuko dira jaso eta gutxienez hiru hilabete igaro arte. Adar laginak sei hilabetez kontserbatu beharko dira gutxienez. Lagin horien azterketak zigor-prozedura hastea ekarriko balu, behar bezain beste kontserbatuko dira.
10.- Ikuskaritza eta kontrolari dagokionez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak post mortem egindako ausazko azterketak agin litzake.
5. ATALA
AURRETIAZKO EKINTZAK ETA NEURRI OSAGARRIAK
56. artikulua.- Abereen zozketa eta banaketa.
1.- Ezpatariek, ahaldunek eta banderilariek -koadrila bakoitzeko bik- zezenketan parte hartuko duten ezpatari bezainbeste lote eratuko dituzte zezenketa-abereekin, ahalik eta berdinduen. Ondoren, zozketa bidez, ezpatari bakoitzari toreatzeko lotea esleituko zaio. Zozketa jende aurrean egin daiteke eta bertan plazako burua egon behar da. Ordezkaria egon beharko da plaza-buruak huts egiten badu.
2.- Zozketa egindakoan, abereak banatu eta bakartu egingo dira, dagokion zezen-hiltzaileak erabakitako hondarreratzeko hurrenkeraren arabera. Zezenketan zezen bat itzuli eta soberako bat ateratzen bada, zezen-hiltzaileak ezarritako ordena alda dezake, betiere plaza-buruari aurretiaz jakinarazten badio.
3.- Plaza-ordezkariarekin hitz egin eta gero, enpresa-antolatzaileak eta plaza-buruak baimena badute, abereen banaketa irekia egingo dute jendearentzat, dohainik edo ordainduz, esparruak horretarako segurtasun-baldintzak betetzen baditu. Bertaratu direnek ezin izango dute atalaren garapena oztopatu eta halakorik jazoko balitz, berehala botako lituzkete tokitik.
4.- Lehenengo eta bigarren mailako plazetan toreatzen diren abere guztiek abeltzaintza-etxearen erakusgarria eraman behar dute. Erakusgarria honelakoa izango da: 80 mm luze, horietatik 30 mm arpoi bikoitzekoa, eta gehienez 16 mm lodi.
5.- Abereen zozketa eta banaketa egin baino lehen, enpresa-antolatzaileak partaideekin dituen kontratu- eta lan-betebeharrak bete beharko ditu.
57. artikulua.- Pikatzeko zaldiak.
1.- Enpresa antolatzailea erantzule izango da, pikatzeko zaldiak ikuskizunaren tokian iragarritako eguneko goizeko 10:00ak baino lehen prest ez badaude, plaza mugikor, aldi baterako eta ez-finkoetan izan ezik; azken horietan nahikoa izango da ikuskizuna baino hiru ordu lehenago zaldiak aurkeztea.
2.- Zaldiak behar bezala hezita egongo dira, eta behar beste mugitzeko aukera ere izango dute. Ezin izango dira maneiatu beren portaera aldatzeko asmoz. Edonola ere, ez da garraiorako zaldirik onartuko.
3.- Pikatzeko zaldiek, garbi eta gertatu barik, 500 eta 650 kg bitarteko pisua izan behar dute.
4.- Lehenengo eta bigarren mailako plazetan sei zaldi egongo dira, eta lau gainerakoetan.
5.- Zaldiak pisatu ondoren, zela eta ekipoa jarriko zaizkie, eta korridako pikatzaileek probatu egingo dituzte, hurrengo pertsona hauek bertan direla: plaza-burua, plaza-ordezkaria, izendaturiko albaitariak eta enpresa-antolatzailearen ordezkaria. Probaketaren bidez ikusiko da nahikoa indarra duten, ahokoa ondo jarrita daukaten, albora eta atzeraka ibiltzen dakiten eta esanekoak diren.
6.- Zaldiak baztertzeko arrazoiak hauexek izan daitezke: arauzko pisua ez edukitzea, albaitarien iritziz, gainerako baldintzak ez betetzea, infekzio-gaixotasunen edo lesioen zantzurik izatea edo pikaldia jasateko mugikortasunik ez izatea. Era berean, portaera aldatzeko maneiuak jasan bide dituzten zaldiak baztertu egingo dira. Halakoetan, plaza-buruak berak edo albaitariek eskatuta, beharrezko analisiak egingo dira, ustez egin dena egiaztatzeko. Modu berean jardungo da hondarretan erakusten duen portaerak hala eskatzen badu.
7.- Zaldien azterketa eta proba akta batean jasoko dira, eta plaza-buruak, plaza-ordezkariak, albaitariek eta enpresa antolatzailearen ordezkariek izenpetuko dute.
8.- Proba gainditu duten zaldiak koadrila bakoitzeko pikatzaileek zozketatuko dituzte, plazako ordezkariaren aurrean. Ezin izango diote muzin egin albaitariek zozketatutako zaldiei, ezta zozketa bidez egokitu zaionari ere.
9.- Zezenketa burutu bitartean, zaldiren bat zauritu, ostikari agertuz gero edo funtzioak egoki ezin baditu bete, aldatu egin beharko da, bai pikatzaileak eskatuta, baita plaza-buruak aginduta ere.
10.- Ikuskaritzari eta kontrolari dagokionez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak pikatzeko zaldiei ausazko azterketak agin diezazkieke.
58. artikulua.- Joaldunak.
1.- Korridaren egunean, gutxienez hiru joaldunen taldea egongo da kortetan. Beharrezkoa izango balitz, eta plaza-buruak hala aginduta, hondarrera atera eta zezena edo zezenkoa kortetara eramango dute, araudi honetan ohartemandako kasuetan.
Plaza mugikorretan, aldi baterakoetan eta ez finkoetan, joaldunik ez dagoen kasuetan eta zezena ezin izan bada kortetara itzuli, plaza-buruak baimena eman ahal izango du sastakariek, edo bestela txandako ezpatariek, aberea plazan akabatzeko.
2.- Abereak hondarrera ateratzeko ekitaldia jendaurrean egiten denean, gutxienez lau joaldunek egon behar dute bertan.
59. artikulua.- Hondarra eta zezenketarako tresnak.
1.- Korrida egin behar den eguneko goizean, plaza-ordezkariak, enpresako ordezkariak eta zezen-hiltzaileek edo beren ordezkariek hondarraren egoera ikuskatu ahal izango dute, eta haiek esandakoaren ildotik konponduko dira ikusitako irregulartasunak. Era berean, hesiaren, ezkutalekuaren eta atetzarraren egoera egiaztatuko dute.
2.- Aurreko ikuskapena egin eta gero, ikuskizun-motaren arabera, bi biribil zentrokide margotuko dituzte hondarrean, material labaingaitzekin, hesitik zazpi metrora lehenengoa, eta hamar metrora bigarrena.
3.- Korrida egin behar den eguneko goizean, enpresa antolatzaileak banderilak aurkeztuko dizkio plaza-ordezkariari: zezenketa-abere bakoitzeko lau pare banderila eta bi pare banderila beltz edo zigor-banderila. Halaber, hamalau ezten eta dagozkion babesak.
Banderilak, eztenak eta babesak egiaztatu ondoren, plaza-ordezkariak itxi eta zigilatu egingo ditu.
Korrida hasi aurreko bi orduetan, plaza-ordezkariaren aginduari jarraiki, zigiluak kenduko dira.
4.- Enpresak bere gain hartuko du baliabide materialik ez egotearen erantzukizuna, hots, ikuskizunaren araudizko jarduerak egiteko behar diren baliabide materialik ez egotearen erantzukizuna.
60. artikulua.- Banderilak.
1.- Banderilak, behin sartu eta gero, jasota edo zintzilika geratzen diren motatakoak izango dira. Banderilek, heldulekua barne, 700 mm luze eta 18 mm-ko diametroko lodiera izango dituzte. Heldulekuan, 22 mm-ko lodiera izan ahal izango dute. Makilaren mutur batean, altzairu ebakor eta zorrotzez egindako arpoia egongo da sarturik eta agerian geratzen den zatia 60 mm-koa izango da. Ageriko zati horren 40 mm arpoitxorako izango dira, eta horrek, gehienez jota, 16 mm-ko zabalera izango du.
2.- Banderila beltz edo zigorrekoen arpoiak agerian duen zatiak 88 mm luze eta 6 mm zabal izango du. Arpoitxoa duen arpoiaren zatiak 61 mm luze eta 20 mm zabal izango ditu, eta arpoitxoa bukatzen den tokiaren eta arpoitxo-gorputzaren arteko distantzia, berriz, 12 mm-koa. Banderila beltzek azal beltza izango dute, 70 mm-ko zerrenda zuria erdialdean dutela.
3.- Burtziketan zaldiz jartzen diren banderilek atal honen 1. puntuan zehazturiko ezaugarriak izango dituzte, eta beren makila gehienez 800 mm luze izango da.
61. artikulua.- Eztenak.
1.- Eztenek piramide triangeluarreko forma izango dute, aurpegi lauak eta ertzak edo ahoak zuzenak. Altzairu moztaile eta zorrotzez eginak dira, eta txantiloiaz neurturiko dimentsioak hauexek dira: 26 mm luze ertz bakoitzean eta 19 mm zabal triangelu bakoitzaren oinarrian. Oinarrietan tope gogor bana izango dute piramideari eusteko. Topea kono formakoa eta 25 mm-ko diametroa izango du beheko oinarrian, goikoan, aldiz, 50 mm-koa izango da. Amaieran altzairuzko gurutze finkoa dago eta bere besoek forma zilindrikoa dute, muturretatik topearen oinarrira 50 mm-ko luzerakoak eta 8 mm-ko lodiera (III. eranskina).
2.- Eztena daraman makila material gogorrezkoa izango da, makurxea, eta eztena osatzen duten hiru aldeetako bat gorantz begira geratu beharko da, makilaren alde ganbilarekin bat eginez. Gurutzea horizontalean egongo da eta paraleloan adierazitako aldearen oinarriarekiko.
3.- Ezten-hagaren luzera, guztira, hau da, eztena makilarekin batera, bi metro eta berrogeita hamabost cm-tik bi metro eta hirurogeita hamar cm-ra bitartekoa izango da.
4.- Pikatzaileak dituzten nobiladetan ezaugarri bereko eztenak erabiliko dira, baina piramidearen altuera hiru metrotan gutxituko da.
62. artikulua.- Babesak.
1.- Pikaldian erabiltzen diren zaldien babesak material arin, sendo eta malguez egingo dira, eta zezenen erasoaldiei eutsi behar dieten zamariaren zatiak estaltzeko modukoak izango dira.
Babesaren pisua ez da 25 kg baino handiagoa izango, hura osatzen duten zati guztiak barne, erabileraren % 15eko aldearekin.
2.- Babesak bi gona handi izango ditu zaldiaren aurreko eta atzeko aldeetan, eta gona txiki bat eskuinaldean. Edonola ere, babesak ez du zaldiaren mugikortasuna oztopatuko. Babesak bi ebaki bertikal eduki ahal izango ditu eskuineko alboan, zurruntasuna leuntzeko. Zaldien segurtasuna bermatzeko hanka-babesleak erabiliko dira, eta inola ere ezingo dute, bere osotasunean, 15 kilogramo baino gehiago pisatu.
3.- Estriboak «ontzi erakoak» izango dira, ertzik gabekoak, abereari minik ez egiteko. Ezkerrekoa «bakero erakoa» izan daiteke.
63. artikulua.- Puntzetak.
1.- Puntzetak altzairuzkoak izango dira, eta 88 cm-ko gehienezko luzera izango dute, kirtenetik hasi eta muturreraino.
2.- Deskabellatzeko puntzetak gurutze formako tope finkoa izango du, 78 mm luze, eta hiru atalez osatua: bat erdian, eusteko, 22 mm luze, 15 mm altu eta 10 mm lodi, ertzak alakatuak dituena; beste biak alboetan, obalatuak, 28 mm luze, 8 altu eta 5 lodi. Topea puntzetaren muturretik 10 cm-ra egongo da.
64. artikulua.- Burtziak eta farpak.
1.- Zigor-burtziek, guztira, 1,60 metroko luzera izango dute, eta ezten-haga honela osatuko da: 60 mm-ko kubo txikia eta 120 mm-ko aho biko marraza zekorrentzat, eta 15 mm-koa zezenentzat; kasu bietan marraza 35 mm lodi izango da. Kubo txikiaren goialdean gurutzeta bat egongo da, 6 cm luze eta 7 cm diametro, burtziaren marrazaren aurkako norabidean.
2.- Farpak burtziak bezain luzeak izango dira. Arpoia edukiko dute, 70 mm luze eta 16 mm zabal.
3.- Heriotz-burtziek, gehienez ere, ondorengo neurriak izango dituzte: 1,60 m luze, kubo txikia 10 cm-koa eta aho biko marrazak 600 mm-koak zekorrentzat, eta 650 mm-koak zezenentzat, eta 25 mm lodi.
4.- Burtzi-zezenketako banderila motzek 18 mm diametroko eta 200 mm luzerako makila izango dute, eta banderilla luzeek bezalako arpoia, gehienez ere, 400 m-koa. Banderilla arrosek 200 mm baino gutxiagoko luzera duen burdinazko kirtena izango dute eta 8 mm-ko lodiera duen arpoia.
III. KAPITULUA
ZEZEN-IKUSKIZUN MOTA GUZTIEN GARAPENA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK
65. artikulua.- Ezpatarien presentzia.
1.- Zezenkari guztiek ikuskizuna hasi baino 15 minutu lehenago, gutxienez, egon beharko dute zezen-plazan eta ezin izango dute bertatik alde egin harik eta ikuskizuna guztiz amaitzen den arte. Ezpatari batek, ondo frogatutako arrazoi batengatik, plaza-buruari bere taldearekin alde egiteko baimena eskatuz gero, honek baimena eman diezaioke, betiere, bere eginkizuna amaitutakoan eta baldin eta hirukoteko kideak ados egonez gero.
2.- Zezenkariek zezenketarako egoera egokian egon beharko dute. Lesioren bat edo jarduteko ahalmenean eragin dezakeen ageriko beste sintomarik badu, plaza-buruak zezen-plazako mediku-taldeak azter dezan agindu dezake. Azterketaren emaitzaren arabera, plaza-buruak toreatzaileari ikuskizunean parte hartzea galaraz diezaioke.
3.- Zezen-hiltzaile batek parte hartu ezin eta arauzko ordezkorik ez bada, gainontzeko zezen-hiltzaileek ordezkatu beharko dute derrigorrez, baldin eta bakoitzari dagozkionak baino zezen bat gehiago toreatu eta hil behar badu. Bi zezen-hiltzaile ez badaude, hirugarren hiltzaileak zezen guztiak torea ditzake, arauzko koadrilak baldin baditu, betiere.
4.- Zezenketan iragarritako ezpatari guztiak kaltetuta gertatuz gero, ordezkoak, balego, ordezkatu beharko ditu eta horrek hil beharko ditu irteteko geratzen diren gainontzeko zezen guztiak. Ordezkoa ere ezindurik badago, ikuskizuna amaitutzat joko da.
5.- Zezen-hiltzaile bat edo bi iragartzen diren zezenketa eta nobiladetan, ordezko bat edo bi egongo dira, hurrenez hurren, ikuskizun kategoriari dagokion Zezenketen Profesionalen Erregistroan izena eman dutenak. Bi ordezkok parte hartu beharko balute eta oraindik hainbat zezen toreatzeke geldituko balira, antzinakotasun ordenaren arabera tartekatuz egingo lukete.
66. artikulua.- Ikuskizuna prestatzea eta hasiera.
1.- Ikuskizunaren garapena araudi honek ezartzen duenera egokituko da, eta bertan ezarrita ez dagoena, erabilera tradizionalen arabera.
2.- Zezen-plazako ateak ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, gutxienez, zabaldu beharko dira ikusleentzat.
3.- Ikuskizuna hasteko agindua eman baino lehen, plaza-buruak eta ordezkariak arauzko xedapen guztiak bete direla, laguntzaile guztiak beren tokietan daudela eta kailejoian baimendutako pertsonak baino ez daudela ziurtatuko dute.
4.- Plaza-buruari dagokio ikuskizunaren ekitaldi bakoitzari hasiera emateko agindua ematea, enpresak emandako kolore ezberdineko zapien bidez:
a) Zuria, ikuskizunari hasiera emateko, zezenak ateratzeko, lantzeak aldatzeko, musikari ekiteko, abisuak emateko, eta abisuak eta sariak emateko.
b) Berdea, baztertu nahi den zezena kortara itzultzeko.
c) Gorria, zezenari «banderila beltzak» jartzeko.
d) Urdina, zezenak plazari buelta emanda eramateko.
e) Laranja, zezenari bizia barkatuko zaiola adierazteko.
5.- Plaza-buruak egokiak iruditzen zaizkion oharpenak egin diezazkieke zezenketan parte hartzen dutenei, edozein unetan, plaza-ordezkariaren bitartez.
6.- Plaza-buruak ikuskizuna hasteko iragarritako orduan emango du hasteko agindua, zapi zuria erakutsiz, turutek eta tinbalek hasierako deia egin dezaten. Ondoren, alguaziltxoek, plaza-buruari baimena eskatutakoan, hondarra hustu eta hiltzaileen aurrean paseotxoa egingo dute, atzetik ezpatariak, koadrilak, hondarzaleak, mandazainak eta zaldimutilak daramatzatela. Azkenik, aguaziltxoek baketako giltzak torileroari eman eta behin plaza erabat hustu denean, alde egingo dute.
7.- Ikuskizuneko profesionalek eta arestian aipatutako zerbitzuko langileek, zezenketan zehar jardunean ari ez diren bitartean, dagokien ezkutalekuko kailejoian egon beharko dute.
67. artikulua.- Koadrilak.
1.- Pikatzaileak dituzten zezenketa eta nobiladetan ezpatarien koadrilan bi pikatzaile, hiru banderilari, ezpata-mutil bat eta, kasu batzuetan, ezpata-mutilaren laguntzaile bat egongo dira. Ezpatari batek zezenketa osoan jardun behar duenean, bere koadrilaz gain, beste bi koadrila aterako ditu, ezpatarien kopurua hirukoizteko beharrik gabe. Korridan bi ezpatarik parte hartzen badute, bakoitzak pikatzaile bat eta banderilari bat gehiago atera beharko du koadrilan.
Ezpatari batek zezen bakarra hil behar badu, bi banderilarik, pikatzaile batek eta ezpatari batek osatuko dute bere koadrila.
2.- Irizpide berak jarraituko dira pikatzaile gabeko burtzi eta nobilada ikuskizunetan koadrilak osatzeko, eta kasu horietan pikatzaileak alde batera utziko dira.
3.- Toreo-profesionalek edo toreo-eskoletako ikasleek jarduten duten zekorketetan, koadrilek toreatu beharreko abelburu kopurua baino banderilari bat gehiago izango dute.
68. artikulua.- Zezenketa zuzentzea eta ordenatzea.
1.- Ezpatari zaharrenari dagokio zezenketaren artea zuzentzea eta gainontzeko zezenkariei beharrezko diren jarraibideak ematea, araudi honetan ezarritakoa betearazteko. Jaialdiak mistoak direnean, hau da, zezenketaren aldi batean burtziketa burutzen denean, bi zuzentzaile egongo dira, bakoitza dagokion ikuskizunaren zatia zuzentzeko, adierazitako irizpideari jarraiki. Horri kalterik egin gabe, ezpatari bakoitzak suertatu zaizkion zezenen zezenketa zuzentzeko eskubidea ere badu.
2.- Era berean, zezenketaren zuzendariak gorabeheraren bati erreparatzen badio, plazako ordezkariari jakinarazi dio, eta berau konpondu dezan eskatuko dio.
3.- Zezenketaren zuzentzaile den ezpatariak bere eginkizuna behar bezala beteko ez balu, eta zezenketan anabasa sortuko balu, plaza-buruaren oharpena jasoko luke.
4.- Ezpatariek antzinakotasun profesionalaren arabera hilko dituzte bai zezenketarako iragarritako zezenak nahiz soberakoak.
5.- Zezenketan zehar ezpatariren bat zezena hil baino lehen zauritu, kaltetu edo gaixotuko balitz, gainontzeko ezpatariek ordezkatuko lukete, betiere antzinakotasun irizpide zurrunari jarraiki. Zezena hil ondoren gertatzen bada, ezpataririk zaharrenak ordezkatuko du, dagokion txanda ezertan aldatu gabe.
6.- Ezpatariek, beren txanda ez dagokien bitartean, ezin izango dute kailejoitik alde egin, ezta aldi baterako ere, plaza-buruaren baimenik izan ezean.
2. ATALA
ZEZENKETAREN LEHENENGO EKITALDIA
69. artikulua.- Zezena ateratzea eta harrera egitea.
1.- Zezenak korrika egin dezan eta baretu dadin, plazan ezin izango dira hiru banderilari baino gehiago egon, eta zezena plazara atera bezain laster hori egiten saiatuko dira, alferrikako korrikaldirik egin gabe.
2.- Dagokion hiltzaileak zezena kapoteaz toreatuko du, eta plaza-buruak nahikoa denbora eman beharko dio lantze egokiak burutzeko.
3.- Debekatuta dago zezenak errekortatzea, kapoteaz itsutuz hesiaren aurka tupust eginaraztea edota ezkutalekuan amilaraztea. Zezenketa guztira zabaltzen da debekua.
70. artikulua.- Pikaldia.
1.- Plaza-buruak pikatzaileak plazara ateratzeko agindua emango du, behin zezena kapoteaz toreatu ondoren, aurreko kapituluan ezarritakoarekin bat, eta zegokion ezpatariak edo bere koadrilak gelditu edo finkatu duenean.
2.- Pikatzaileek txandaka jardungo dute. 1.- Jardungo duen pikatzailea zezen-hiltzaileak agindutako tokian jarriko da, ahal izanez gero zezentokitik albait urrutien, eta beste pikatzailea zezen-plazaren beste aldean jarriko da.
3.- Pikaldian zezenak ezin izango du barreratik urrutien dagoen oboaren barruan egon eta zezenkariak eta zaldimutilak ezin izango dira inola ere zaldiaren eskuinaldean ibili.
4.- Pikatzailea pikaldirako prest dagoenean, lege onez erakarri behar du zezena, hesitik hurbilen dagoen biribila gainditu gabe. Pikatzaileak, ezkerreko estribotik harago, aurrerantzean zezenkaririk ez dela zainduko du.
5.- Zezena zaldiaren aurrean eta dagokion biribilean hiru aldiz jarri eta gero, biribil hori kontuan izan gabe, dagokion tokian jarriko da.
6.- Zezena zaldiarengana hurbiltzen denean, pikatzaileak eskuinaldetik pikatu beharko du eta eztena zezenaren lepogainean sartuko dio. Zigorra berehala bertan behera utzi beharko du eztena gorputzaren bestelako leku batean sartuko balitz, ageriko defentsa egoeran izan ezean.
7.- Zezenak alde egiten badu, guztiz debekatuta dago jarraian beste ezten bat sartzea. Halakoetan, bai eta pikaldia gehiegi luzatzen denean ere, zezenkariek zezena behar den tokira atera beharko dute albait lasterren, berriro ere pikaldirako prestatu ahal izateko. Pikatzaileak, bere aldetik, berriz ekiteko kokatu aurretik, atzerantz bota beharko du zaldia.
8.- Zezenek, txandako ezpatariaren irizpideari jarraiki, ezten egokiak jasoko dituzte, animaliaren suhartasun eta indarraren araberakoa. Gutxienez lehenengo mailako plazetan bi eztenkada jaso beharko ditu eta bakarra bigarren mailakoetan. Hala ere, plaza-buruak ekitaldiz aldatzeko agindua eman dezake, zezenak gehiegizko zigorra jaso duela uste badu.
9.- Pikatzaileek beren buruak babesteko egin beharreko guztia egin dezakete une oro.
10.- Nolanahi ere, debekatuta dago zezena zulatzea, ankerkeriaz eztenkatzea, zezena ihesbiderik gabe uztea, zezenaren inguruan biraka ibiltzea edota gaizki ezarritako zigorra mantentzea edo luzatzea.
11.- Era berean, debekatuta dago, zauria zabaltzeko helburuarekin, pikatzaileak bere luzerako ardatzaren gainean eztena etengabe zabunkatzea.
12.- Plaza-buruak behin ekitaldiz aldatzeko agindua eman duenean, pikatzaileek zigortzeari utziko diote, betiere, zezenak alde egin arte beren buruak babesteko egin beharreko guztia egin dezaketelarik. Azkenik, zezenkariek zezena zaldiarengandik bereiziko dute.
13.- Pikaldiko arauak hausten dituzten zezenkari oinezkoek plaza-buruaren oharpena jasoko dute, eta horretan jarraitzen badute, zigorra jartzeko proposa dezake plaza-buruak. Zaldimutilak pikatzailearen laguntzailetzat joko dira eta, horrenbestez, haga bat izan dezakete beren jardunerako.
14.- Hondarrean, pikaldian ez diharduen pikatzailearen ondoan, koadrila bereko menpeko bat egongo da, zezena ihesean dabilela pikatzaile horren zaldiarekin topo egin ez dezan beharrezko diren kiteak egiteko.
71. artikulua.- Zezen-hiltzaileak pikaldian.
1.- Pikaldian zehar, parte hartzen duten ezpatari guztiak pikatzailearen ezkerraldean jarriko dira. Zezenketan jardun behar duen ezpatariak pikaldia zuzenduko du eta, beharrezkotzat jotzen badu, egoki deritzon guztietan esku hartuko du.
2.- Edonola ere, bigarren eztenkadaren ostean, beste ezpatariek, zezenketa ordenaren arabera, egingo dituzte kiteak. Ezpatariren batek parte hartzeari uko eginez gero, hurrengo txanda daukanak jarraituko du.
72. artikulua.- Pikatzaileak ordezkatzea.
Edozein egoera dela eta, koadrila bateko pikatzaile batek, nahiz biek, jarduterik ez dutenean, gainontzeko koadrilakoek ordezkatuko dituzte, eta horretarako, antzinakotasunik gutxien duenetik gehien duenerako hurrenkerari jarraituko zaio.
73. artikulua.- Zigor-banderilak.
Zezena mantsoegia dela eta, pikaldian aurreko ataletan ezarritakoa bete ezin bada, plaza-buruak ekitaldiz aldatzea eta zezenari banderila beltzak edo zigortzekoak jartzea erabaki dezake.
3. ATALA
ZEZENKETAREN BIGARREN EKITALDIA
74. artikulua.- Banderila-pikaldia.
1.- Plaza-buruak ekitaldiz aldatzeko agindua ematen duenean, zezenari banderilak jartzeari ekingo zaio, eta gutxienez banderila pare bi eta gehienez hiru jarri beharko zaizkio. Hala ere, salbuespen berezietan, plaza-buruak jarriko diren banderila-pare kopurua gutxitu dezake.
2.- Pikatzaileek binaka jardungo dute. Banderilari batek hiru aldiz atera eta hiruretan huts eginez gero, txanda galdu eta hurrengoak ordezkatuko du.
3.- Ekitaldi honetan zehar, erdialdeetan, jardunean dabilen banderilariaren atzealdean hurrengo txanda dagokion ezpataria jarriko da, eta beste banderilaria zezenaren atzean. Bestalde, bi peoi egon daitezke banderilariei laguntzeko.
4.- Zezen-hiltzaileek, nahi izanez gero, dagokien zezenari banderilak jar diezazkiokete, eta horretan beste ezpatariekin batera jardun dezakete. Halakoetan, ez da hurrengo atalean ezarritakoa betearaziko.
5.- Ekitaldia aldatuko dela iragarritakoan, zezenkariek ezingo dituzte banderilak baimenik gabe jarri.
75. artikulua.- Banderilariak ordezkatzea.
Istripuren bat dela eta, koadrila bateko banderilariek ezin badezakete jardun, gainontzeko koadriletako banderilari berrienek ordezkatuko dituzte.
4. ATALA
ZEZENKETAREN AZKENEKO EKITALDIA
76. artikulua.- Plaza-buruaren baimena eta agurra.
Ezpatari batek, bere lehen zezenarekin ari dela, muletaren faenari ekin baino lehen, montera eskuetan hartu eta plaza-buruari baimena eskatu beharko dio. Era berean, plaza-buruak agurtu beharko du ohiko txandako azken zezena hiltzen duenean.
77. artikulua.- Lantze gorena burutzea.
1.- Ezpatariak, zezena hiltzearren, ezpata sartu baina hiltzea lortzen ez duenean eta beste ahalegin bat egin baino lehen, aurreko ahaleginean sartutako ezpata atera beharko du.
2.- Zezenkariek debekatuta daukate, zezena azkarrago hil dadin, ezpata sartuta duela eztenkada barrurago sartzea, zezena erori baino lehen sastakatzea edota beste edozein modutan zauritzea. Bereziki debekatuta dago «peoien gurpila» izenekoa, hiltzeko lantzea burutu ondoren egiten dena; zezenari bere buruaren inguruan hirurehun eta hirurogei graduko biraketa bat edo gehiago egitea behartzean datza.
3.- Ezpatariak ezpata sartutakoan soilik deskabella dezake zezena. Osterantzean, berdinarekin errepikatu beharko du lantzea.
78. artikulua.- Abisuak eta lantze arrunta burutzeko ezintasuna.
Lehenengo muleta pasea egin eta hamar minutura zezena oraindik bizirik badago, turuta joko da plaza-buruaren aginduz, lehen abisua emateko. Hiru minuturen buruan, bigarren abisua emango zaio eta bi minutu beranduago, hirugarrena, hau da, azkena. Une horretara heldutakoan, ezpatariak eta gainontzeko zezenkariek barrerara jo beharko dute eta zezena kortara itzuli edo sastakatu egingo dute. Ezin bada ez itzuli ezta sastakatu ere, plaza-buruak hurrengo txanda dagokion zezen-hiltzaileari eman diezaioke zezena hiltzeko agindua, ezpataz, nahiz zuzenean deskabellatuz, animaliaren egoeraren arabera.
79. artikulua.- Sariak eta trofeoak.
1.- Zezen-hiltzaileek jaso ditzaketen sari edo trofeoak honako hauek dira: eraztun aldetik agurtzea, zezen-plazari bira osoa ematea, toreatu duen zezenaren belarri bat edo biak lortzea eta zezen-plazako ate nagusitik bizkar gainean ateratzea. Soilik ohiz kanpoko kasuetan, plaza-buruak hala erabakitzen badu, zezenaren buztana jaso dezake sari gisa.
2.- Sarien eta trofeoen banaketa ondorengoa izango da:
a) Agurrak eta zezen-plazari bira ematea, ezpatariak berak erabakiko du, ikusleen txaloak kontuan izanik.
b) Zezenaren bigarren belarria emateko erabakia ere plaza-buruari dagokio, publikoak hala eskatu balio, 101.5. artikuluan ezarritako moduan.
c) Zezen beraren bigarren belarria plaza-buruaren eskumenekoa baino ez da izango, publikoaren eskaera kontuan izan arren. Zezenaren baldintzak, zezenketaren ekitaldi guztien zuzentasuna, eta bereziki pikaldiarena, zigorra neurriz eman dela eta pikatzaileak toki egokian jarri direla zainduko du, baita kapotearekin eta muletarekin egindako faena eta, batez ere, ezpatakada.
3.- Belarriak eta buztana mozteko orduan algoaziltxo batek egon beharko du bertan, eta berari dagokio zezen-hiltzaileari sariok ematea.
4.- Lehen mailako eta bigarren mailako plazetan zezen-hiltzailea ate handitik edo nagusitik bizkar gainean irten ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da zezen baten belarri biak edo hiru belarri ikuskizun berean lortu izana. Besteetan, nahikoa izango da gutxienez bi belarri lortu izana.
5.- Banderilariek ere eraztun-aldetik agur dezakete, baita pikatzaileak ere, plazatik ateratzeko ibilbidean zehar, ikusleen gehiengoak hala eskatu duenean.
6.- Plaza-buruak, ikusle gehienek hala eskatuz gero, edo berak hala erabakita, suhartasun handia erakutsi duten zezenen kasuan, hildako zezenari plaza osoan buelta eman diezaiotela agindu dezake, zapi urdina erakutsiz.
7.- Ikusle gehienek hala eskatuz gero, abeltzainak edo maizterrak plazari buelta eman ahal izango dio.
80. artikulua.- Zezenei bizia barkatzea.
1.- Zezen-plaza finkoetan, eta soilik pikatzaileak eta nobiladak izandako zezenketetan, zezen batek satai ederra eta jokabide paregabea erakutsi duenean zezenketako ekitaldi guzti-guztietan, plaza-buruak bizia barkatzea erabaki dezake, zezena hazitarako uzteko eta kasta hobetzearren: plaza-buruak hori egin dezake honako baldintza hauek guztiak betetzen direnean: ikusleen gehiengoak hala eskatu duenean, toreatu duen ezpatariak bere beregi eskatzean eta, azkenik, zezenaren abeltzaintza-etxeko jabea edo maizterra ados daudenean.
2.- Plaza-buruak zapi urdina aterata zezenari bizia barkatzeko agindutakoan, dagokion zezen-hiltzaileak gezurrezko hilketa burutu beharko du. Hori egiteko, arpoitxo gabeko banderila erabiliko du, eztena erabili beharrean.
3.- Hilketaren itxurak egin ondoren, zezena kortara itzuliko da eta zauriak sendatuko dizkiote.
4.- Halakoetan, zezen-hiltzaileak belarri bat edo bi, edota, ohiz kanpo, buztana, lortuko balu, gezurrezko sari banaketa burutuko litzateke.
5. ATALA
BESTELAKO XEDAPENAK
81. artikulua.- Zezenak itzultzea.
1.- Hondarrera ateratzen diren zezenak zezenketarako batere egokiak ez direla argi eta garbi ikusiko balitz, akats nabariak dituztelako edota jokabide okerrak agertzen dituztelako, plaza-buruak atzera itzultzeko agintzeko aukera izango luke. Halakoetan, plaza-buruak espedientea irekitzeko proposamena egingo dio Joko eta Ikuskizun zuzendaritzari, gertatu diren gorabeheren erantzukizunak argitzearren. Era berean, egoki irudituko balitzaio, kaltetutako zezenen lagin biologikoak har daitezen eskatzeko aukera izango luke.
2.- Zezen bat zezenketaren lehenengo ekitaldian gauzaez bihurtuko balitz, plaza-buruak berau itzultzea eta ordezko batek ordezkatzea aginduko luke, 56.2. artikuluan ezarritakoaren kaltetan gabe. Zezena, behin lehenengo ekitaldia aldatuta, gauzaez bihurtuko balitz, plaza-buruak itzultzeko berdin-berdin aginduko luke, baina ez dute beste batek ordezkatuko.
3.- Txandako ezpatariak dagokion zezena jadanik toreatu dela salatuz gero, plaza-buruak zezen hori itzultzeko eta beste bat ateratzeko agindua eman dezake.
4.- Aurreko ataletan adierazitako kasuetan, nahikoa denbora igaro eta zezena kortara itzularazterik ez balego, zezena hondarrean bertan hilko luke sastakariak, plaza-buruaren aginduz, edo, sastakariak ezingo luke, txandako ezpatariak. Kasu horietan, zezena berriro ere pikatu daiteke zezen-hiltzaileak hala eskatuz gero.
5.- Aurreko ataletan ezarritakoari jarraiki, kortara itzulitako zezenak bertan sastakatuko dituzte, plaza-ordezkariaren aurrean.
6.- Plaza mugikorretan eta ez-finkoetan, aurreko atalean aipatzen diren kasuetan, plaza-buruak baimena eman ahal izango du sastakariek, edo bestela txandako ezpatariek, aberea plazan akabatzeko.
82. artikulua.- Ikuskizuna bertan behera uztea.
1.- Eguraldi txarra egiten duenean, eta zezenketaren ohiko jarduna ezinezko bihurtu, plaza-buruak zezenketa hasi baino lehen iritzia eskatuko die ezpatariei, honako hau gaineratuz: ikuskizunari ekiteko erabakia hartuz gero, soilik oso eguraldi txarra egingo balu eta denbora luzez iraungo balu etengo litzatekeela ikuskizuna.
2.- Era berean, ikuskizuna hasitakoan, eguraldiagatik edota bestelako arrazoiengatik ekitaldia arriskuan jartzen bada, plaza-buruak ikuskizuna aldi baterako eteteko agindu dezake, egoera hobetzen den arte, edo behin betiko.
83. artikulua.- Ikuskizunaren azken akta.
1.- Ikuskizuna eta horren ondorengo ekintzak (baldin baleude) amaitutakoan, plazaren ordezkaritzak, plaza-burua ados dela, ekitaldiaren jarduketa eta gorabeheren akta egingo du, honako hauei jarraiki:
a) Ikuskizuna burututako tokia, eguna eta ordua, eta iraupena.
b) Parte hartu duten zezen-hiltzaileak eta beren koadrilen osaera.
c) Toreatutako zezenak, abeltzaintza-etxea eta dagokien identifikazio zenbakia. Soberakorik atera denean, kopurua eta identifikazioa adieraziko da.
d) Lortutako sariak.
e) Gertatutako gorabeherak.
f) Zezenak hiltzeko gorabeherak.
g) «Post mortem» azterketa, hala balegokio.
h) Plaza-buruaren ustetan agertu beharreko beste edozein gertaera edo inguruabar.
IV. KAPITULUA
ZENBAIT TOREO-IKUSKIZUN OROKORREI BURUZKO XEDAPEN BEREZIAK
84. artikulua.- Burtziketa ikuskizunak.
1.- Burtzikariek parte hartzen duten ikuskizunak iragartzeko karteletan, burtzikatuko diren zezenek adarrak beren onean dituzten edo ez adieraziko da. Zezenek adarrak beren onean dituztela iragartzen bada, hil aurreko nahiz hil ondoko azterketetan araudi honetan ezarritakoa bete beharko da.
2.- Burtzikari bakoitzak, dagozkion zezenen adina zaldi eta beste bat gehiago aurkeztu behar ditu. Burtzikatu beharreko zezenen adarrak beren onean izanez gero, bi gehiago aurkeztu beharko dituzte.
3.- Oinezko zezen-hiltzaileekin batera, txandaka, parte hartu behar duten burtzikarien hurrenkera, karteletan iragarritakoa izango da. Edozein modutan ere, plaza-buruak hondarraren baldintzak eta jarduten dutenen iritzia kontuan izanik bestelakorik erabaki dezake.
4.- Burtzikariarekin batera bi peoi aterako dira hondarrera, burtzikariari laguntzearren, betiere, berak emandako jarraibideei jaramon eginez. Peoiek ezin izango dute zezena errekortatu, desbideratu edo zorabiatu.
5.- Burtzikariek ezin izango diote zezen berari hiru zigor-burtzi eta hiru farpa edo hiru banderila-pare baino gehiago sartu. Plaza-buruak ekitaldiz aldatzeko agindua ematerakoan, zaldunak heriotz-burtziak erabiliko ditu, lurrean oinik jarri gabe. Menpekoak edo erretiratutako zezen- edo zekor-hiltzaileak ezin izango du zezenaren hilketan parte hartu, baldin eta gutxienez bi heriotz-burtzi jarri ez bazaizkio. Hala ere, zezena geldirik egongo balitz, burtzikariak plaza-buruari deskabelloa erabiltzeko baimena eska liezaioke.
6.- Ekitaldiz aldatu eta bost minutu igaro ondoren, zezena bizirik badago, lehen abisua emango da, eta bi minuturen buruan, bigarrena. Une horretara iritsiz gero, burtzikariak zalditik jaitsi beharko du derrigorrez, baldin eta berak hil behar badu. Osterantzean, menpekoak hilko du. Edonola ere, bost minutuko epea igarotakoan hirugarren abisua eman eta zezena kortara bidaliko dute edo, bere egoeran zein den ikusita, hondarrean bertan sastakatuko dute.
85. artikulua.- Toreo-jaialdiak.
Toreo-jaialdietan mota guztietako zezen-ikuskizunei buruz ezarritakoa bete beharko da, hurrengo salbuespenak salbu:
1.- Iragarki-kartelean zezenen adina argi adierazita egon behar da, horren arabera burutuko baita ikuskizuna.
2.- Zezenei egin beharreko azterketa ikuskizunaren egunean bertan egin ahal izango da, eta 50. eta hurrengo ataletan jasotako alderdiei begiratuko zaie.
3.- Ikuskizun horietan edozein zezen torea daiteke, betiere, arrak izan eta beharrezkoak diren adina eta osasun-baldintzak betetzen badituzte.
4.- Ikuskizunetan Toreo-Profesionalen Erregistro Orokorrean ezarritako edozein kategoriatako zezen-hiltzaileek parte har dezakete, bakoitzari dagokion adineko zezenekin, eta denek ere ikuskizun bakar batean parte har dezakete. Toreatu beharreko zezenak bezainbeste banderilari eta beste bat gehiago egongo dira koadriletan, eta hala balegokio, pikatzaile bat zezen bakoitzeko, ezpatariaz gain. Ikuskizunean pikaldia dagoenean, pikatzaile bat egongo da zezen bakoitzeko. Eztenak zezen motaren araberakoak izango dira eta hiru zaldi erabiliko dira.
5.- Ikuskizun hauek iragartzen diren karteletan «ongintzazko» izendapena agertzen bada, erakunde edo pertsona onuradunaren izena adierazi beharko da. Era berean, baimen eskaerarekin batera, onuraduna ekimenarekin ados dagoela egiaztatuko duten agiriak aurkeztu beharko dira.
86. artikulua.- Zekorketak.
1.- Toreo-Profesionalen Erregistroaren I., II. eta V. ataletan izena emana duen toreo-profesional baten edo zuzendaritza baten pean ospatuko dira zekorketak, eta azkeneko atalekoa bada, lehen kategoriakoa izan beharko du.
2.- Jarduleak ez-profesionalak direnean, banderila-pikaldia toreo-eskoletako ikasleek edo toreo-profesionalek egin beharko dute, eta hil, toreo-eskoletako ikasleek edo zezenketaren zuzendariak hilko dute.
3.- Zezenkariak zaleak edo toreo-eskoletako ikasleak direnean, lesioa dela edo justifikatuta dagoen beste edozein arrazoirengatik zezenketaren zuzendariak bere karguari dagozkion funtzioak ezingo balitu bete, ikuskizuna amaitutzat emango litzateke.
4.- Debekaturik dago 16 urte baino gutxiagoko adingabeek zekorketetan parte hartzea.
VIII. TITULUA
TRADIZIOZKO TOREO-IKUSKIZUNAK
87. artikulua.- Baimena emateko prozedura.
1.- Tradiziozko toreo-ikuskizunak ospatu ahal izateko, Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren baimena aldez aurretik izan beharko da.
2.- Tradiziozko toreo-ikuskizunak antolatzen dituztenek, ikuskizuna ospatu baino 10 egun baliodun lehenago, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren organo eskudunetan:
a) Baimenaren eskaera. Bertan antolatzailearen identitatea, eta hala balegokio, bere ordezkariena, data, ikuskizunaren ordua eta modalitatea agertarazi beharko dute.
b) Udalaren egiaztagiria, ikuskizunak herrian duen sustraitzeari buruzkoa, bai eta udal akordioa ere, ikuskizuna ospatzea onartzen duena.
c) Ikuskizunerako, 21.4. artikuluan ezarritakoaren arabera, prest egoteko anbulantzien baimena eman duen xedapenaren egiaztagiria.
d) Toreo-profesional batek edo abeltzaintza-etxearen titularrak izenpetutako konpromisoa, ikuskizuna zuzentzeko, bai eta istripuak saihesteko ere, eta parte-hartzaileen segurtasuna babesteko gaitasuna duten langile laguntzaileen zerrenda. Zerrenda horretan hiru pertsona egongo dira gutxienez, ikuskizunean egon beharko dute, eta kolore biziko besokoaren edo antzeko baten bidez identifikatu ahal izango dira.
e) Arkitekto baten, arkitekto tekniko baten edo tekniko baliokide baten egiaztagiria. Bertan ikuskizuna ospatzeko instalazioek, barrutiak edo ibilbideak segurtasun eta sendotasun baldintza nahikoak biltzen dituztela ziurtatuko dute. Instalazioek harmailak badituzte, horien segurtasuna eta sendotasuna ziurtatuko da, bai eta beren edukiera ere.
f) Ikuskizunaren izaera deskribatuko duen memoria, eta ospatuko den tokiarena edo ibilbidearena, egongo balitz.
g) 98. artikuluan ezarritako kontratazio-aseguruen egiaztagiria, ikuskizunaren izaeraren eta ospatzeko lekuaren arabera beharrezkoak direnak.
h) Zezenen lekualdaketaren agiria eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen osasun-araudia betetzen dela ziurtatzen duen agiria, organo eskudunak bidalitakoa. Zezenen lekualdatzeari buruzko agiriak ematea zezenak deskargatzen diren unera arte atzeratu daiteke.
i) Kontratatutako abeltzaintza-etxeak Toreo-abereen Ustiategien eta Toreo-Ikuskizunen Erregistroa banatzen den bi ataletako batean izena emanda duela erakusten duen egiaztagiria, edo zezenak beste autonomia-erkidego batetik etorriko balira, dagokien Erregistroarena.
j) Abeltzaintza-enpresaren egiaztagiria, zezenen pisua egiaztatzen duena, eta inola ere ezingo ditu, bizirik dagoenean, 350 kilogramo gainditu.
3.- Ikuskizuna egiteko eguna eta ordua baino 72 ordu lehenago berariazko erabakirik hartu ez bada, baimena eman dela uste izango da. Era berean, abeltzaintza-enpresari erabakia jakinaraziko zaio abereak deskargatzen dituenean, izan daitezkeen erantzukizunak direla eta.
88. artikulua.- Zezenen adarrak.
Zezenek beren adarren punta moztuta, toruekin eta bolaztatuta izan beharko dituzte.
89. artikulua.- Toreatzeko zezenak dituzten entzierroetarako arau zehatzak.
1.- Joko eta Ikuskizun zuzendaritzak udalei toreatzeko zezenekin entzierroak egiteko baimena emango die, baina soilik praktika horren tradizioa antzinakoa bada eta berau dokumentatuta dagoen udalerrietan.
Modalitate hori ez da pisuaren eta adarren mugen pean egongo, Araudiaren 87.2.j) eta 88. artikuluetan ezartzen denez, hurrenez hurren.
2.- Inola ere ez da mota horietako entzierroak ospatzea baimenduko zezena bizirik dagoenean 410 kilogramoak gainditzen baditu edo beste toreo-ikuskizunetan parte hartu badu.
3.- Entzierrotan parte hartzen duten zezenei gutxienez bi joaldunek lagunduko diete, plazako kortara eraman ditzaten korrikalarientzako arriskurik gabe.
4.- 87. artikuluan eskatutako agiriekin batera, nahitaez agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Bolondres-laguntzaileen zerrenda, gutxienez hamar kidek osatu beharko dutena.
b) 87.2. artikuluaren e) atalean aurreikusitako egiaztagiriak argi eta garbi adieraziko ditu zezen-plaza eta aurreikusitako ibilbidea zein ikuskizun eta ganadu-motarekin erabiltzekoak diren.
c) Ikuskizun mota horretarako, 98. artikuluaren 4. atalean ezarritako aseguruaren zenbatekoa % 50 handituko da aseguratutako gutxieneko kapitalari dagokionez.
d) Abeltzaintza-enpresaren egiaztagiria, zezenek bizirik daudenean 410 kilogramo gainditzen ez dutela egiaztatuko duena, eta beste toreo-ikuskizun batean ere ez duela parte hartu egiaztatzen duena.
5.- Tradiziozko toreo-ikuskizun honetan, ezingo dute adingabeek parte hartu; soilik ikusle gisa joan ahal izango dira.
90. artikulua.- Abelburua berrerabiltzeko debekua.
Ikuskizun horietan erabilitako zezenak ezingo dira, ondoren, ohiko toreo-ikuskizunean erabili, 89. artikuluan ezarritakoan izan ezik. Hau da, zezenketetan, burtziketetan, nobiladetan, zekorketetan, jaialdietan eta toreo barregarrian. Era berean, zezenek ezingo dute, bolaztatuta ez badaude, toreo-ikuskizunetan parte hartu.
91. artikulua.- Ospakizunaren ordutegia.
Debekatuta dago tradiziozko toreo-ikuskizunak ospatzea gaueko 10:00etatik goizeko 07:00ak arte.
92. artikulua.- Abelburuei tratu txarrak emateko debekua.
Ezingo dira, inola ere, abelburuak modu krudelean zauritu, zulatu, jo edo eutsi.
93. artikulua.- Partaidetza mugatzea.
1.- 16 urte baino gutxiagoko adingabekoek ezingo dute tradiziozko toreo-ikuskizunetan parte hartu; soilik ikusle gisa joan ahal izango dira. Ezingo dute, ezta ere, parte hartu, alkoholdun edariren baten eraginpean edo substantzia sorgorgarrien edo psikotropikoen mende badaude, edo borondatezko gaitasuna murriztua baldin badute.
2.- Tradiziozko toreo-ikuskizunetan debekatuta daude parte-hartzaileen edo ikusleen segurtasuna arriskuan jar dezaketen jokaerak eta jarrerak.
94. artikulua.- Antolatzailearen erantzukizuna.
Antolatzaileak bere gain hartzen du ikuskizuna ospatzearen ondorioz sortutako erantzukizuna. Nolanahi ere, ikuskizunaren garapen ona eta baldintzak betetzen direla zaintzeko, bai eta araudi honetan ezarritako debekuak betetzen direla zaintzeko ere, gaitutako giza taldea izango du.
95. artikulua.- Ikuskizuna bertan behera uztea.
Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Ataleko kideek tradiziozko toreo-ikuskizunen ospakizuna kontrolatuko dute, eta bertan behera utzi ahal izango dute ondorengo ustezkoetan:
a) Barrutiaren edo ikuskizuna ospatzen ari den lekuaren segurtasun- baldintzen egoera larria dela eta, pertsona eta ondasunentzako kaltegarriak izan daitezkeenean.
b) Erabilitako abelburuek gehiegizko maila arriskugarria agertzen dutenean, izendatutako albaitariaren eta ikuskizunaren zuzendariaren aholkularitza izan ondoren.
c) Anbulantzia edo anbulantziak han ez daudenean edo eskatutako motakoak ez badira.
d) Ikuskizunaren zuzendaria edo bere laguntzaileak bertan ez daudenean.
e) Abelburuei tratu txarrak ematen zaizkienean, araudi honen 92. artikuluan ezarritakoaren kontra.
IX. TITULUA
BESTELAKO TOREO-IKUSKIZUNAK
96. artikulua.- Baimena emateko prozedura.
1.- 6. artikuluan jasotako tradiziozko toreo-ikuskizunak ospatu ahal izateko, Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren baimena aldez aurretik izan beharko da.
2.- Tradiziozko toreo-ikuskizun horiek antolatzen dituztenek ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte, Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren eskudun organoetan, ikuskizuna ospatu baino 10 egun baliodun lehenago:
a) Baimenaren eskaera. Bertan antolatzailearen identitatea, eta hala balegokio, bere ordezkariena, data, ikuskizunaren ordua eta modalitatea azaldu beharko dira.
b) Toreo-profesional batek ikuskizuna zuzentzeko izenpetutako konpromisoa.
c) 98. artikuluan ezarritako kontratazio-aseguruak, ikuskizunaren izaeraren eta ospatzeko lekuaren arabera derrigorrezkoak, kontratatu direla erakusten duen egiaztagiria. Ikuskizun mota horretarako, 98. artikuluaren 4. atalean ezarritako aseguruaren zenbatekoa % 50 handituko da, aseguratutako gutxieneko kapitalari dagokionez.
d) Abelburuen lekualdaketaren agiria eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen osasun-araudia betetzen dela ziurtatzen duen agiria, organo eskudunak bidalitakoa. Zezenen lekualdatzeari buruzko agiriak ematea zezenak deskargatzen diren unera arte atzeratu daiteke.
e) Kontratatutako abelburuak Toreo-abereen Ustiategien eta Toreo-Ikuskizunen Erregistroa banatzen den bi ataletako batean izena emanda daudela erakusten duen egiaztagiria, edo zezenak beste autonomia-erkidego batetik etorriko balira, dagokien Erregistroarena.
f) Parte hartuko duten pertsonen zerrenda, NANren kopia edo baliokidea den beste dokumentu legalen bat, benetan bere bizilekua dela egiaztatuko duena.
g) Abeltzaintza-enpresaren egiaztagiria, zezenen pisua egiaztatzen duena, eta inola ere ezingo ditu, bizirik dagoenean, 475 kilogramo gainditu.
h) Ikuskizunerako, 21.4. artikuluan ezarritakoaren arabera, bertan egoteko eska daitezkeen anbulantzien baimena eman duen xedapenaren egiaztagiria.
3.- Ikuskizuna egiteko eguna eta ordua baino 72 ordu lehenago berariazko erabakirik hartu ez bada, baimena eman dela uste izango da. Era berean, abeltzaintza-enpresari erabakia jakinaraziko zaio abereak deskargatzen dituenean, izan daitezkeen erantzukizunak direla eta.
97. artikulua.- Arau zehatzak beste toreo-ikuskizunetarako.
1.- Toreo barregarriak ondorengo ezaugarri zehatzak izango ditu:
a) Toreatuko diren abelburuen adina ez da bi urte baino gehiagokoa izango.
b) Ez dira, inola ere, ikusleen aurrean hilko, ez eta kalterik egingo ere. Ikuskizun horietan parte hartuko duten abelburuak, ikuskizuna amaitzerakoan, hil egingo dituzte, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun unitateko kide baten eta lanean dagoen albaitari taldeko baten aurrean.
c) Toreo barregarriak ezingo dira ikusleen aurrean abelburua hiltzen duten beste toreo-ikuskizunekin batera ospatu.
2.- Urkadunei, eusko landatar zezenketei eta errekortagileen lehiaketei dagokienez, ikuskizun mota horien garapenerako ezarritako erabilera eta ohiturak jarraituko dira.
3.- Umatzeko aukeratuko diren emeen zezenketa abeltzaintzako jarduna da, eta, baimena aldez aurretik lortuz gero, zezen-plaza finkoetan, ez finkoetan, aldizkakoetan eta mugikorretan egin ahal izango da. Kasu honetan, honako hauei begiratuko zaie:
a) Ikuskizunaren zuzendaritzak abeltzainari esango dio berak nahi dituen abelburuak toreatu ditzakeela. Horiek, gutxienez, hogeita lau hilabete izan beharko dituzte.
b) Pikatzaile profesional batek edo abeltzaintza-etxearen unaimaizterrak edo behizainek toreatu ahal izango dituzte.
c) Abelburua lantzerako eta muletarekin zezenketarako prestatzeko lanak, jardunean ari den zezenkari edo nobillero batek egin beharko ditu. Abelburuak plazan nola aritzen diren dakiten zaleen, «maletillen» edo toreo-eskoletako beste kideren batzuen laguntza jaso dezake.
d) Baztertutako abelburuak plazako larrutze-gelan sakrifikatu daitezke, edo bestela, abeltzaintza-etxeko titularrari eman.
e) Nolanahi ere, ikuskizun hori tradiziozko abeltzaintza-erabileren arabera zuzenduko da.
4.- 16 urte baino gutxiagoko adingabekoek ezingo dute tradiziozko bestelako toreo-ikuskizunetan parte hartu; soilik ikusle gisa joan ahal izango dira.
X. TITULUA
ASEGURUEN ERREGIMENA
98. artikulua.- Nahitaezko aseguruak.
1.- Araudi honetako 19. eta 20. artikuluetan aurreikusitako ustezkoetan, lokalen, lokaletako instalazioen eta zerbitzuen baldintza objektiboak direla-eta, edo aurrekoetan zerbitzuan diren langileen jarduera dela-eta, jolas-jardueretarako eta ikuskizun publikoetarako lokal eta instalazioetara bertaratzen direnei sortzen zaizkien kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute, hurrengo gutxiengo kapitalekin, eta gehienez baimendutako edukierarekin lotuta.
a) Zezen-plaza finkoak.
- 1.500 lagun arte baimendutako edukiera, 350.000 euro.
- 1.501 eta 5.000 lagun arte baimendutako edukiera, 600.000 euro.
- 5.000 eta 10.000 lagun arte baimendutako edukiera, 900.000 euro.
- 10.001 lagun baino gehiagorako baimendutako edukiera, 1.200.000 euro.
b) Zezen-plaza ez finkoak edo behin-behinekoak eta zezen-plaza mugikorrak.
- 1.500 lagun arte baimendutako edukiera, 350.000 euro.
- 1.500 lagun baino gehiagorako baimendutako edukiera, 600.000 euro.
2.- Ikuskizuna beste instalazio eta establezimendu publiko finko batzuetan edo behin-behinekoetan ospatzen denean, aurreko atalean jaso gabekoak, bide publikoa barne: 350.000 euro.
3.- Edozein toreo-ikuskizun orokorrerako baimena lortzeko, aurretiazko betebeharra izango da ikuskizunaren enpresa-antolatzailearentzat erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, ospakizunetik eratorritako gastuak ordain ditzan, aurreko ataletan ezarritako gutxieneko kapital berdinetan.
4.- Era berean, edozein toreo-ikuskizun tradizional edo bestelako zezen-ikuskizunetarako baimena lortzeko aurretiazko betebeharra izango da, ikuskizunaren enpresa-antolatzailearentzat, erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, ospakizunetik eratorritako gastuak ordain ditzan, gutxieneko 200.000 euroko kapitalarengatik.
5.- Profesionalak ez direnen parte hartzea aurreikusita dagoen ikuskizunetarako, horrez gain, parte-hartzaile, zuzendari eta bolondres-laguntzaileentzako estaldura duen istripuen aseguru-poliza kontratatu beharko da, gutxieneko 100.000 euroko kopuruan, ikuskizunaren garapenean zehar sortutako istripuen ondorioz eragindako kalte pertsonalak estaltzeko.
99. artikulua.- Aseguruen egiaztagirien gutxieneko edukia.
Nahitaezko aseguruak kontratatu direla egiaztatzen duten egiaztagirien gutxieneko edukia eta formatua Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren titularraren ebazpenaren bidez ezarriko dira, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
XI. TITULUA
TOREO-GAIEN EUSKAL BATZORDE AHOLKU-EMAILEA
100. artikulua.- Toreo-Gaien Euskal Batzorde Aholku-emailea.
1.- Toreo-Gaien Euskal Batzorde Aholku-Emailea tauromakiari buruzko kontsulta-organo gisa eratzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailera atxikia dago.
2.- Batzordea osatzen duten kideak hauexek dira:
a) Batzordeburua: Herrizaingo sailburuordea.
b) Batzordeburuordea: Joko eta Ikuskizun zuzendaria. Batzordeburua ez badago, bere funtzioak beteko ditu.
c) Barne Saila ordezkatuz hiru pertsona, sail horretako titularrak izendatutakoak.
d) Eusko Jaurlaritzako sailera atxikita dauden laborategi homologatuen ordezkari bat, eta beste bat osasun arloaz arduratzen den sailekoa, sailburuak izendatua.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo eta bigarren mailako zezen-plazetako buru-titularrak.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak ordezkatuko dituen pertsona bat, udalerri gehien hartzen dituen elkarteak izendatua.
g) Lurralde Historiko bakoitzeko foru-aldundiak izendatutako albaitari bat, lehen eta bigarren mailako plazetan plaza-buruaren aholkulari gisa aritzeko.
h) Plaza-ordezkari bat.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikitako funtzionario bat arituko da idazkari, hitza bai, baina boto ematerik izan gabe.
3.- Batzordeburuak, Batzordearen izenean, egoki iritzitako adituei dei diezaieke: profesionalei, abeltzaintza-enpresei, enpresa antolatzaileei eta beste batzuei. Era berean, aztertzen den gaia kontuan harturik, interesaturik egon daitezkeen sektoreei ere dei diezaieke, batez ere zaleen eta abonatuen elkarteei.
4.- Batzordeak bere lanak betetzeko barneko antolamendurik egokiena zehatz dezake, eta bere barneko jardunbidearen arauak ezarri. Era berean, Batzordearentzako interesgarriak diren gaiak tratatzeko, azpibatzorde teknikoak sor ditzake.
5.- Batzordearen osoko bilkura, gutxienez sei hilero bilduko da.
6.- Batzordeari administrazio-bidean dauden zehapen-espedienteen emaitzen berri emango zaio.
7.- Batzordeak, gaian, kontsulta eta aholkularitza funtzioak izango ditu. Horretarako, Batzordeak aztertutako kontuekin lotutakoen berri emango du, bereziki araudi honek ematen dizkionen berri. Bestetik, toreo-ikuskizunen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko berak egoki iritzitako neurriak ere proposatuko ditu.
XII. TITULUA
IKUSLEAK. ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
101. artikulua.- Ikusleen eskubideak.
1.- Ikusleek zezenketa oso-osorik ikusteko eskubidea dute, kartelean iragarritako moduan.
2.- Dagokien lekuan esertzeko eskubidea dute. Hartara, plazako langileek, hala balegokie, lagunduko diete eserleku egokia bilatzen.
3.- Ikusleek sarreraren zenbatekoa berreskuratzeko eskubidea dute, baldin eta ikuskizuna bertan behera utzi, atzeratu edo iragarritako kartela aldatzen bada.
Toreo-ikuskizun orokorretan, ulertuko da kartela aldatu dela ondorengoa gertatzen bada: iragarritako pertsona bat edo gehiago ordezkatzen denean, beste abeltzaintza-etxe bat hartzen denean edo iragarritako abereen erdia beste abeltzaintza-etxe batekoek ordezkatzen dituztenean, iragarritako ezpatariren bat, edozein arrazoirengatik, bertaratzen ez denean eta dagokion zezen-sorta besteen artean banatzen denean. Kasu horretan, sarreraren zenbatekoa berreskuratzeko epea, aldaketa iragartzen denetik hasiko da eta kartela aldatuta duen ikuskizuna hasi baino hirurogei minutu lehenago amaituko da.
Atzerapena izango balitz, sarreraren zenbatekoa berreskuratzeko epea, atzerapena iragartzen denetik hasiko da eta lau egun beranduago amaituko da, epe txikiagoan ikuskizuna programatu ezean. Hala bada, zenbatekoa berreskuratzeko epea ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenago amaituko da.
Ikuskizuna bertan behera geldituko balitz, epe hori iragarri eta hurrengo egunean hasiko litzateke, eta lau egun beranduago amaitu. Hala ere, behin bigarren zezenaren zezenketa amaitu ondoren ikuskizuna bertan behera uzten bada, antolatzailearen esku ez dauden arrazoiengatik, ikusleak ez du dirua berreskuratzeko eskubiderik izango.
Dirua berreskuratzeko lekuetan oraindik ere jendea zain egongo balitz, ezingo litzateke epea amaitutzat jo.
4.- Ikusleek ikuskizuna iragarritako orduan hasteko eskubidea dute. Hasteko ordua atzeratuko balitz, horren arrazoia emango litzaieke bertaratutakoei. Ordubete baino gehiago atzeratuko balitz, bertan behera utziko litzateke ikuskizuna eta ikusleek dirua berreskuratzeko eskubidea izango lukete.
5.- Ikuskizun orokorretan, ikusleek, eskuzapi zuriak edo antzekoak erakutsiz, ezpatariei sariak emateko eska dezakete, ekitaldia amaitu ondoren.
102. artikulua.- Betebeharrak eta debekuak.
1.- 16 urte baino gutxiagoko pertsonak toreo-ikuskizun orokorretara ikusle gisa joan daitezke, baina nagusi batek lagunduta.
2.- Ikusleak, zezenketan zehar, dagokien lekuan eserita egon beharko dira. Korridore eta eskaileretan segurtasun indarrak edo enpresako langileak egon ahal izango dira. Harmailetan produktuak saltzeko baimena duten kalez kaleko saltzaileek ezingo dute zezenketan zehar eserlekuetatik ibili.
3.- Ikusleek ezin izango dute ez sartu, ezta irten ere, abere bakoitzaren zezenketa amaitu arte.
4.- Debekatuta dago kuxinak edo bestelako objektuak jaurtitzea. Zezenketan zehar debeku hori betetzen ez dutenak plazatik kanporatzeko aukera egongo da.
5.- Ikuskizuna egiten den bitartean eragozpenak sortu edo beste ikusleei enbarazu egiten dieten pertsonei kanpora bidaltzeko abisua emango zaie, eta horrela jarraituko balute, kanpora bidaliko lituzkete.
6.- Aberea hondarrean dagoela bertara jauzi egiten duen pertsona, koadrilek hartu, atera eta plazako ordezkaritzaren eskuetan utziko dute.
XIII. TITULUA
SARRERAK ETA ESERLEKUAK
103. artikulua.- Sarrerak eta eserlekuak.
1.- Toreo-ikuskizun orokorretako enpresa-antolatzaileek egiten dituzten sarrerek, irakurtzeko erraza den karaktere tipografikoetan, ondorengo informazioa izan beharko dute:
a) Zenbakien ordena, establezimenduak baimendua duen edukiarekin bat, eserlekuek zenbakirik ez dutenean.
b) Enpresaren IFKa eta enpresa-antolatzailearen helbidea.
c) Ikuskizun-mota.
d) Non, noiz eta zein ordutan ospatuko den.
e) Eserleku mota eta zenbakia, eserlekuek zenbakia dutenean.
f) Prezioa eta zerga aplikagarriak.
g) Ordaindutakoa berreskuratzeko lekua eta epea, araudi honetako 101.3. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
2.- Bestelako toreo-ikuskizunetan, hala balegokie, ondorengoarekin nahikoa izango da: zenbakia, establezimenduak baimendutako edukiarekin bat eserlekuek zenbakirik ez dutenean, ikuskizun mota, noiz, non eta zein ordutan ospatuko den, eta prezioa.
104. artikulua.- Sarrerak eta abonamenduak.
1.- Toreo-ikuskizunak antolatzen dituzten enpresek zuzenean ikusleei, edozein bideren bidez eta gainordainik edo gainpreziorik gabe, gutxienez sarreren % 70 luzatu beharko dizkiete.
2.- Abonuen eta sarreren salmenta ikuskizun publikoei buruzko arauei lotuta egongo da, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko arauei, araudi honetan ezarritakoari eta zezen-plazen titularrek eta enpresa-antolatzaileek ezarri eta baldintza-orrietan onarturikoari.
3.- Plazako zein kanpoko txarteldegietan saltzen diren txarteletan honako xehetasun hauek agertuko dira: prezioa, zenbakia eta enpresaren izena eta helbidea. Zenbakidun eserlekurik ez daukaten plazetan, hori hala dela adieraziko da txartelean.
105. artikulua.- Komisioa duten sarreren salmenta.
1.- Joko eta Ikuskizun zuzendaritzak sarrerak saltzeko puntu finkoak ezartzea baimendu dezake, eta, gehienez, prezio ofizialaren % 20ko gainkargua kobratuko dute. Halakoetan, ikuskizuna antolatzen duten enpresek ezingo dute horretarako kategoria bakoitzeko sarreren % 10 baino gehiago gorde.
2.- Komisioa izatea baimendu bada, sarreretan «komisioa duen salmenta» zigilua jaso beharko da, beste sarreretatik desberdinduko ahal izateko.
3.- Baimendu gabeko komisioa duten sarrerak saltzen dituzten pertsonen aurka salaketa jarriko da Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan, eta sarrerak atzemango dizkiete. Sarrera horiek zein diren zerrenda batean jasoko da, salaketa aktan, eta berriro jar daitezke salgai txarteldegi ofizialetan. Salmenta horretatik ateratzen den dirua erakunde ongileei emango zaie.
XIV. TITULUA
ZEHAPEN ERREGIMENA
106. artikulua.- Printzipio orokorrak.
1.- Toreo-ikuskizunetako administrazioko arau-hausteak dira Ikuskizun Publiko eta Aisialdi Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legean zehaztutako jarduerak edo ez-egiteak.
2.- Araudi hau dela eta administrazioak izango duen zehatzeko ahala Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen V. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatuta dagoenaren araberakoa izango da.
3.- Toreo-ikuskizunen esparruko administrazioko arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
107. artikulua.- Arau-hauste oso larriak.
4/1995 Legeko 32. artikuluan xedatutakoari jarraiki, honakoak dira arau-hauste oso larriak:
a) Administrazioaren baimenik gabe edo bertan azaldutako terminoak bete gabe toreo-ikuskizunak antolatzea, praktikatzea edo ospatzea, pertsona edo ondasunentzako arrisku larriko egoerak sortzen direnean.
b) Indarrean den araudian edo kasuan kasuko lizentzietan eta administrazio-baimenetan ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzea, eta baita toreo-ikuskizuna ospatuko den lokalen, instalazioen edo ibilbideen egoera txarra izatea ere, egoera horren ondorioz, eskatzen den segurtasun-maila larriki murrizten bada.
c) Baimendutako gehienezko edukiera gainditzea, eta ondorioz, pertsona edo ondasunentzako arrisku larriko egoerak sortzea.
d) Zezen-plazak edo toreo-ikuskizunetara bideratutako lokalak edo instalazioak irekitzea, modu esanguratsuan aldatzea, beren jarduera aldatzea, bai eta instalazio mugikorren edo behin-behinekoen muntaia baimenik gabe egitea, betiere jarduera horiek pertsona edo ondasunentzako arrisku larriko egoerak sortzen dituztenean.
Zezen-plazak edo toreo-ikuskizunak ospatzeko bideratutako bestelako instalazioak berriro irekitzea, jarduera burutzen ari diren bitartean administrazio bideko ixteko edo jarduera eteteko zehapen tinkoa jaso dutenean.
e) Ikuskizun Publikoei eta Aisialdiko Jarduerei buruzko Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera debekatuta dauden toreo-ikuskizunak ospatzea.
f) Toreo-ikuskizunen debeku eta etete ebazpenak ez betetzea, bai eta itxitako edo zigilatutako instalazioetan horiek ospatzea ere.
g) Toreo-ikuskizuna horretarako gaitasunik gabeko pertsonek egitea, zehapena indarrean dagoen epean zehar.
h) Toreo-ikuskizunak ospatzen diren lekuetara edo zezen-plazetara segurtasun indarrak sartzea eragoztea, edo beren ikuskaritza funtzioak bete ditzaten galaraztea edo larriki oztopatzea.
i) Urtebeteko epean bi arau-hauste larri baino gehiago egitea.
108. artikulua.- Arau-hauste larriak.
4/1995 Legeko 33. artikuluan xedatutakoari jarraiki, honakoak dira arau-hauste larriak:
a) Eska daitezkeen higiene eta osasungarritasun neurriak ez ezartzea edo zezen-plazen, instalazioen edo ibilbideen egoera txarra, pertsonen edo ondasunen segurtasunean eragina izan dezakeenean.
b) Baimendutakoa baino adin gutxiagoko ikusle edo parte-hartzaileak ikuskizunean onartzea.
c) Toreo-ikuskizun bat bertan behera uztea edo ikusleei iragarritako kartelean aldaketa esanguratsua egotea, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada.
d) Sarreren birsalmenta edo komisioa duten baimenik gabeko sarreren salmenta.
e) Zezenen adarrak iruzurrez manipulatzea, edo zezenei edo pikatzeko zaldiei drogak ematea, bai eta beren indarra edo osotasun fisikoa, edo beren jokaera edo gaitasunak artifizialki aldatzen laguntzen duten substantziak ematea.
f) Araudiak ezartzen dituen betekizun guztiak bete gabe, plazan, zezenen adarrak garbitzea.
g) Zezenen adinari edo pisuari buruzko datuak iruzurrez aldatzea.
h) Babesak, eztenak, banderilak, puntzetak edo burtziak zein toreatzeko bestelako tresna edo materialak arauak ezartzen duenaren kontra erabiltzea.
i) Arauzko prezintuak manipulatzea, iruzurrez ordezkatzea edo baimenik gabe kentzea.
j) Plazako ordezkaritzari, azter ditzan, eman ez dizkion zezenketarako elementu materialak erabiltzea.
k) Toreo-ikuskizun orokorretan toreatzeko jada toreatutako abelburuak ematea.
l) Toreo-profesionalek jarduteari ezetz esatea, justifikatu gabe ez agertzea, bertan behera uztea edo iragarritako zezenketa hasi ondoren eta bukatu aurretik baimenik gabe alde egitea.
m) Lantzea aldatzea edo plaza-buruaren baimena behar duten baina lortu ez duten jarduerak burutzea, bai eta bere aginduei jaramonik ez egitea edo aurka egitea.
n) Beste pertsonentzako arriskutsuak diren abelburuak deitzea edo nahastea, harrapaketa saihesteko egiten ez bada.
ñ) Behin ekitaldiaren aldaketa iragarri denean, banderilak baimenik gabe jartzea.
o) Zezenen banderilei jotzea edo horiek ziztatzea edo ateratzea, zezen-hiltzailearentzako toreatzeko edo hiltzeko oztopo ez bada.
p) Ezarritako arauak hautsiz zezena deskabellatzea.
q) Tradiziozko toreo-ikuskizuna araudiak eskatzen duen anbulantziarik gabe ospatzea.
r) Tradiziozko toreo-ikuskizunetan parte hartzea, beste parte-hartzaileen segurtasuna eta osotasuna arriskuan jarriz.
s) Aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hausteetako bat egitea, baldin eta horren izaera, zergatia edo inguruabarra kontuan hartuta oso larritzat kalifikatzen ez bada.
t) Urtebeteko epean bi arau-hauste arin baino gehiago egitea.
109. artikulua.- Arau-hauste arinak.
Azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 34. artikuluak xedatutakoari jarraiki, honakoak dira arau-hauste arinak:
a) Zezen-plazaren edo enpresa antolatzailearen titulartasuna aldatzea Joko eta Ikuskizun zuzendaritzari jakinarazi gabe.
b) Eska daitezkeen higiene eta osasun arloko neurriak ez ezartzea edo ageriko deserosotasuna sortzen duten zezen-plazen edo toreo-ikuskizunetarako erabilitako lekuen egoera txarra.
c) Kailejoiko ezkutalekuak aldatzea, beharrezkoa den Joko eta Ikuskizun zuzendaritzaren baimenik gabe.
d) Jarduleek, enpresa-antolatzaileek edo abeltzaintza-etxeek eta beren langileek ondorengoekiko errespetu falta edo mespretxua agertzea: ikusleak, plaza-burua, bere aholkularitza taldeko kideak, plazako ordezkaritza edo bere laguntzaileak edo ikuskizunaren ikuskapenerako eskudun pertsonak.
e) Iragarritako ordua kontuan izanik, toreo-ikuskizunen hasiera atzeratzea.
f) Zezenketan zehar eserleku bat betetzea edo uztea.
g) Zezenketan zehar plazara kuxinak edo bestelako objektuak jaurtitzea.
h) Horretarako baimenik edo gaitasunik ez duten pertsonek plaza hartzea.
i) Lantze edo pikaldi edo banderila-pikaldietarako ezarritako arauen kontra jardutea, arauak hautsiz, hutsa larritzat jotzen ez denean.
j) Zezen-hiltzailea ikuskizuna hasteko hamabost minutu lehenagotik plazara ez joatea.
k) «Peoien gurpila» egitea, hau da, zezena, hiltzera sartu ostean, bere buruaren inguruan hirurehun eta hirurogei graduko biraketa bat edo gehiago egitera behartzea.
l) Araudi honetan ezarritako beste edozein betekizun edo debeku ez betetzea, oso larri edo larri gisa zehaztu gabe dagoena, edo horrela zehaztuta egon arren, bere izaera, egoera edo arrazoia dela eta arintzat jo beharrekoa dena.
110. artikulua.- Zehapenak.
Ikuskizun Publikoen eta Aisialdirako Jardueren Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz:
1.- Arau-hauste oso larriak, txandaka edo pilatuta, honela zigortu ahal izango dira:
a) 30.050,62 eurotik 150.253,03 euro arteko isuna.
b) Sei hilabete eta egun batetik urtebete eta sei hilabete arteko gaitasungabetzea, zezenkatzeko abelburuen abeltzaintza-etxeetako enpresa-jardueretarako eta toreo-ikuskizunak antolatzeko.
c) Toreo-profesional gisa jarduteko sei hilabete eta egun batetik urtebete eta sei hilabetera arteko gaitasungabetzea.
d) Lokalak edo instalazioak ixtea, urtebete eta egun batetik hiru urtera arte.
e) Ekintzak bertan behera uztea edo debekatzea, urtebete eta egun batetik hiru urtera arte.
2.- Arau-hauste larriek zigor hauek izan ditzakete:
a) 1.202,03 eurotik 30.050,61 eurora arteko isuna.
b) Gehienez sei hilabeteko gaitasungabetzea, toreatzeko abelburuen abeltzaintza-etxeetako enpresa-jardueretarako eta toreo-ikuskizunak antolatzeko.
c) Toreo-profesional gisa gehienez sei hilabetez jarduteko gaitasungabetzea.
d) Lokalak edo instalazioak urtebeteraino ixtea.
e) Ekintzak urtebeteraino bertan behera uztea edo debekatzea.
3.- Arau-hauste arinak 1.202,02 eurorainoko isunarekin zehatuko dira.
4.- Zigorrak jartzean, horiek jartzeko organo eskudunak arau-hauslearen erruduntasun maila eta arau-haustea gertatzean sortutako inguruabarrak gogoan izango ditu, eta, bereziki, ondorengo hauek: partikularrei sortutako kalteen ezaugarriak eta zenbatekoa, gizartean izandako ondorioa, sortutako arriskua, asmorik edo errepikatzerik egon den, legez kontra lortutako onura, bai eta zehapen-prozedura amaitu aurretik eska daitezkeen neurri zuzentzaileak hartzea ere.
111. artikulua.- Organo eskudunak.
Joko eta Ikuskizun zuzendaritzako titularrari dagokio arau-hauste arin edo larriengatik zigorrak jartzea. Barne Saileko sailburuordeari arau-hauste oso larriengatik 60.000 eurorainoko eta urtebete eta sei hilabeterainoko isunak jartzea, eta Barne Saileko sailburuari arau-hauste oso larriengatik bestelako zigorrak jartzea.
112. artikulua.- Zergaren erantzuleak.
Ikuskizun Publikoei eta Aisialdi Jarduerei buruzko Legean eta araudi honetan ezarritakoarekin bat, zehaztutako ekintzetan edo ez-egiteetan maltzurkeriaz, erruz edo arduragabekeria hutsez jardun duten pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira erantzuleak.
113. artikulua.- Preskripzioak.
1.- Arau-hauste oso larriek hiru urtera preskribatuko dute, larriek urtera eta arinek sei hilabetera.
2.- Arau-hauste oso larriengatik jarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute, larriengatik jarritakoek urtebetera eta arinengatik jarritakoek sei hilabetera.
114. artikulua.- Prozedura.
Araudi honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta irekitako eta ebatzitako zehapen-prozedurak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean esaten denaren arabera izapidetuko dira, eta hori ezean, lege horren ordez ezartzekoak diren arauetan esaten denaren arabera.
115. artikulua.- Behin-behineko neurriak.
Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak behar diren behin-behineko neurri egokiak har ditzake, emandako erabakien eraginkortasuna ziurtatzeko, arau-haustearen ondorioak ekiditeko eta pertsona zein ondasunen segurtasuna bermatzeko, hala jasota baitago Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 41. atalean.
116. artikulua.- Zehapenak jakinaraztea.
Ezarritako zehapenak, irmo direnean administrazio-bidean, nolanahi ere, Toreo-Gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileari jakinaraziko zaizkio, eta kasuen arabera, beste hauei ere: Enpresa-antolatzaileen Erregistroari, Toreo-profesionalen Erregistroari, Toreo-Abelburuen Abeltzaintzako Enpresen Erregistroari eta Toreo-Eskoletako Erregistroari. Horiek inskribatuko egingo dira eta zehapena preskripzio epeak igaro ondoren ezeztatuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Toreatu osteko abelburuen haragia giza kontsumorako zuzenduko balitz, toreo-abelburuen haragiaren ekoizpen eta merkaturatzean aplikagarria den osasun araudian eta aplikatu daitekeen bestelako osasun araudietan ezarritakoa bete beharko litzateke.
Bigarrena.- Araudi honetan aurreikusitako ahalmenak modu egokian erabiltzeko, lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste administrazio publikoen artean.
Hirugarrena.- Joko eta Ikuskizun zuzendaritzak, behi abelburu suharrek parte hartu baina araudi honetan araututa ez dauden beste ikuskizun berezi batzuk ospatzea baimendu dezake. Ikuskizun hauek beren tradiziozko garapenaren arabera burutuko dira.
I. ERANSKINA
ANEXO I AL DECRETO 183/2008, DE 11 DE NOVIEMBRE
LONGITUD TOTAL: LUZERA OSOA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ANEXO II AL DECRETO 183/2008, DE 11 DE NOVIEMBRE
Muinaren lerro zuria
Linea blanca medular
Adar erdiaren barneko alde ahurra
Mitad interna concava
Adar erdiaren kanpoko alde ganbila
Mitad externa concava
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ANEXO III AL DECRETO 183/2008, DE 11 DE NOVIEMBRE
(Ikus .PDF)