199. zk., 1998ko urriaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingoa
4675
240/1998 DEKRETUA, irailaren 22koa. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak arautzen dira.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legeak (Euskadiko Autonomi Estatutuko 10.38 atalean ezarritako eskumena egikaritu zenean onetsi zen), bere 5. atalean, ikuskizunen araudia eta baldintzak ezartzeko ahalduntzen du Jaurlaritza, baita horiek baimentzeko baldintzak eta prozedura ezartzeko ere. Halaber, lege horretako 16.2.c) idazatiaren arabera, administrazio baimena beharko dute artifizio piroteknikoak jaurtitzean edo erretzean dautzan ikuskizun guztiak.
Bestalde, artifizio pirotekniko berriak sortu ahala, horien teknologiak eta euren erabilerak dakarren arrisku nabarmena kontutan hartuz, suzko erakustaldiak diren ikuskizunak zorrotzago arautu beharko dira. Dekretu honen xedea, beraz, halako artifizioak segurtasunez garatzeko baldintzak ezartzea da, pertsonen nahiz ondasunen segurtasuna maximizatzeko, horiexek baitira babestu beharreko balio nagusiak. Horri dagokionez, segurtasun neurriak —aktiboak nahiz pasiboak— indartu egin dira, ikuskizunari berari ikusgarritasuna kendu barik; horretarako, hiru segurtasun eremu ezarri dira, bakoitzari loturiko arriskuen arabera: suen eremua, jaurtitzeko eremua eta segurtasun-eremua.
Era berean, ahalik eta modu didaktikoenean zehaztu dira Dekretuaren alderdi xedatzailean erabiltzen diren kontzeptu eta berba teknikoak; horrela, ikuskizunon antolatzaileek eta bertan parte hartzen duten enpresa piroteknikoek hobeto ulertu eta bereganatuko dituztelakoan.
Beste alde batetik, ahalbait zehatzen ezarri da ikuskizunean parte hartzen dutenen erantzukizuna, baita horien gutxieneko aseguruak ere, gerta daitezkeen kalteak ordaindu ahal izateko; horri dagokionez, bereiztu egin dira enpresa piroteknikoaren erantzukizuneko jarduera —irabazinahia duen enpresa bezala burutzen duena— eta erakunde antolatzailearen erantzukizunekoa —ikuskizunaren sustatzaile bezala duena—. Halaber, ikuskizun piroteknikoak antolatu, erakutsi, kontrolatu eta fiskalizatzean parte hartzen duen pertsona bakoitzaren funtzioak, ahalmenak eta eskuduntzak ere ondo zehaztu dira.
Ikuskizuna eten edota debekatzea ekar dezaketen kasuak eta egoerak ere kontutan izan dira; erabaki hori hartzeko eskumena nortzuek duten ere zehaztu dugu, arriskuren bat egonez gero ikusleak babesteko erabaki egokiak hartu ahal izateko.
Azkenik, arau-hausteen katalogo bat arautu dugu, azaroaren 10eko 4/1995 Legean (jendaurreko ikuskizunei eta jolas jarduerei buruzkoa) ezarritakoaren arabera; katalogo horretan, arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak bereiztu eta bakoitzari dagozkion zigorrak ezarri dira.
Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jardueretarako Euskal Kontseiluaren txostena ikusita eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko irailaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. atala.– Xedea.
Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan artifizio piroteknikoak jaurti edo erretzean oinarrituriko jendaurreko ikuskizunak arautzea da.
2. atala.– Salbuespenak.
Dekretu honen ondoreetarako, ez dira artifizio piroteknikodun ikuskizunak izango I. eranskinean ezarritako artifizio piroteknikoak bakarrik erabiltzen dituzten kaleko ikuskizunak, baldin eta erabili beharreko lehergailuen pisu garbia, guztira, 50 kilotik gorakoa ez bada.
Hala eta guztiz ere, udal araudiak baldintza edo betekizun bereziak eskatu ahal izango ditu halako ikuskizunetarako.
3. atala.– Definizioak.
Dekretu honen ondoreetarako, hona hemen definizio batzuk:
a) Artifizio piroteknikoa: jendaurreko ikuskizunetan, errekuntza, deflagrazio edo eztandaren ondorioz, ikusi edota entzuteko moduko efektua sortzen duen edozein gauza, asmakizun edo tramankulu. Nolanahi ere, artifizio piroteknikoek eurei buruz ezarritako katalogaziora egokitu beharko dute legez, indarreko araudiaren arabera.
b) Segurtasun-eremua: artifizio piroteknikoak jaurtitzeko tokitik ikusleentzako lekura bitarteko eremua; berorren helburua jendeari ikuskizuna lasai-lasai ikusteko moduko segurtasuna ematea da (II. eranskina, 1. grafikoa).
c) Segurtasun-erradioa: artifizio piroteknikoak jaurtitzeko lekuaren eta ikusleen aldea mugatzeko segurtasun eremuak inguruan duen lerroaren arteko distantzia (II. eranskina, 1. grafikoa).
d) Jaurtitzeko aldea: segurtasun eremuaren barruko aldea, muga eta babes berezikoa, barruan su aldea duena (II. eranskina, 1. grafikoa).
e) Su-aldea: jaurtitzeko aldearen barruko eremua; ikuskizuna muntatzeko eta artifizio piroteknikoak jaurtitzeko baino ez da erabiltzen (II. eranskina, 1. grafikoa).
f) Erakunde antolatzailea: pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua; bere gain hartzen du ikuskizunaren erantzukizuna, Administrazioari edota jendeari dagokionez.
g) Enpresa piroteknikoa: pertsona fisikoa edo juridikoa; ikuskizuna baimentzen duen Administrazioari edota erakunde antolatzaileari dagokionez, bere gain hartzen ditu ikuskizuna muntatzeko lanak, artifizio piroteknikoen jaurtiketa eta horien legezko egokitzapena.
Euskal Autonomia Erkidegoan, artifizio piroteknikoak tarteko dituzten ikuskizunetan parte hartzeko, enpresa piroteknikoek administrazio eskudunaren baimena beharko dute. Baimen hori lortzeko, berriz, enpresak lizentzia edo baimena izan beharko du lehergailu fabrika modura edo pirotekniako lantegi modura.
h) Operadore piroteknikoa: enpresa piroteknikoak egiaztaturiko pertsona; ikuskizuna antolatzeaz arduratzen da (enbalajea kentzea, argiak, muntaia, manipulazioa eta jaurtiketa). Nolanahi ere, eta egiaztatze hori gorabehera, behargin piroteknikoek araudi ezargarriko baldintzak bete beharko dituzte, euren lanbide gaikuntzari dagokionez.
Operadore piroteknikotzat egiaztaturik ez dauden beharginek ezin izango dute artifizio piroteknikorik jaurti.
i) Laguntzaile piroteknikoa: jaurtitzeko gailuak eta laguntzeko nahiz eusteko elementuak hustu eta garraiatzeko gaikuntza duen pertsona, baita laguntzako beste edozein jarduera egiteko ere. Lan hori guztia operadore piroteknikoek ikuskatuko dute, eta enpresa piroteknikoak izango du horren erantzukizun osoa.
j) Aldaketa-, denbora- edo errepikapen-karkasa: mortairua edo kanoia erabiliz jaurti behar den eta karga propultsatzailea, metxa igorlea eta karga haslea dituen tramankulu piroteknikoa; barruan unitate piroteknikoak ditu, jaurtiketa bakarrekoak eta denboran nahiz espazioan bereizturiko efektuak dituztenak.
k) Mortairua edo kanoia: artifizio pirotekniko batzuk jaurtitzeko erabiltzen den hodia.
l) Jaurtiketa angelua: bertikalak eta mortairuaren edo jaurtiketa gailuaren luzera-ardatzak osatzen dutena. (II. eranskina, 2. grafikoa).
4. atala.– Baimenaren tramitazioa.
1.– Artifizio piroteknikodun jendaurreko ikuskizunak egiteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena beharko da; baimen hori lortzeko, ikuskizuna antolatzen duen erakundeak ondoko atalean zerrendaturiko agiriak aurkeztu beharko ditu, ikuskizuna egin baino 10 egun baliodun lehenago (agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetako edozeinetan idatzita egon ahal izango dira). Ikuskizuna egin baino hirurogeita hamabi ordu lehenago horri buruzko erabakirik eman ez bada, eskaturiko baimena eman egin dela ulertuko da.
2.– Ikuskizun piroteknikoetarako baimena tramitatzeko eskatu daitezkeen agiriak honakook dira:
a) Baimen-eskabidea, dekretu honetako III. eranskinean agertzen den arauzko ereduren bitartez egingo da.
b) Ikuskizunak herri-bide edo eremuak ukituz gero, kasuan kasuko udalbatzarren adostasuna egiaztatzen duen agiria beharko da, artifizio piroteknikoak jaurti edota erre ahal izateko. Hori ez da beharrezkoa izango, ikuskizuna Udalak berak antolatzen duenean.
c) Administrazio eskudunak hauxe adierazten duen ziurtagiria eman beharko du: enpresa piroteknikoak baimen egokia duela edo lizentzia duela lehergailu fabrikatzat nahiz pirotekni lantegitzat. Halaber, Europar Batasunaren barrukoak ez diren estatuetako enpresa piroteknikoak direnean, indarreko araudian ezarritako ziurtagiria eskatuko da.
d) Ikuskizunaren segurtasun eta larrialdi plana. Horren barruan, dekretu honetako 10. atalean ezarritakoa ez ezik, aseguru bazkunaren ziurtagiria edo aseguru artekaritza (istripu aseguruaren poliza eta erantzukizun zibileko aseguruarena kontratatzeari buruzkoa) sartu behar dira; hori, berriz, ikuskizuna antolatzen duen erakundeak izenpetu beharko du, dekretu honetako IV. eranskinean ezarritako arauzko ereduaren arabera. Poliza horrek, gutxienez, 25.000.000 pezetako kapitala estali beharko du, dekretu honetako Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren kalterik gabe.
e) Enpresa piroteknikoaren ziurtagiria; bertan, ondoko datuak agertu beharko dute:
– ikuskizuneko artifizio piroteknikoen lehergailuek guztira duten pisu garbia.
– jaurti beharreko artifizio pirotekniko mota. Aldaketa-, denbora- edo errepikapen-karkasak deituriko artifizioak jaurti nahi direnean, merkatuan edozein izenez agertzen direla ere, aditzera eman beharko da asmo hori, baita artifizioen kalibrea ere.
– 150 mm-ko edo hortik gorako kalibrea duten gainerako artifizioen kanpoko diametroa.
– ikuskizunean parte hartuko duten operadore piroteknikoen identifikazioa, baita ikuskizunak iraun bitartean erantzukizuna duen pertsonarena ere.
f) Aseguru bazkunaren edo aseguru artekaritzaren ziurtagiria, erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatzeari buruzkoa (enpresa piroteknikoak izenpetu beharko du). Dekretu honetako V. eranskinean ezarritako arauzko ereduaren arabera, eta, gutxienez, 50.000.000 pezetako kapitala estali beharko du.
3.– Enpresa piroteknikoak bere gain hartuko du goiko ataleko e) letran eskaturiko datuen egiazkotasuna eta aplikatzen den araudiak ezarritako baldintzak (operadore piroteknikoen gaitasuna profesionalari buruzkoak) betetzearen erantzukizuna.
5. atala.– Material piroteknikoaren lege egokitzapena, garraioa, zirkulazioa eta zaintza.
1.– Ikuskizunean erabili beharreko artifizio piroteknikoen lege egokitzapena, baita horiek ontziratu eta enbalatzeko baldintzak ere, lehergailuei buruzko araudi aplikagarriak horri buruz ezarritako baldintzen arabera, horiek jaurtiko dituen enpresa teknikoaren erantzukizunpekoak izango dira.
2.– Material piroteknikoaren garraioa, baita material piroteknikoa Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetatik eta herri bideetatik garraiatzen duten ibilgailuen zirkulazioa ere, arlo horri buruzko arautegiak ezarritakoaren arabera egingo da, baita Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzak (euren eskumenen eremuan) horri buruz ezarritako xedapenen arabera ere.
3.– Artifizio piroteknikoak ikuskizuna antolatu deneko herrira heldu bezain pronto, enpresa piroteknikoko langileek ondo zaindu beharko dituzte, meteorologi agenteek edota antzeko inguruabarrek ondoriorik eragin ez dezaten.
Halaber, erakunde antolatzaileak ere babestu egin beharko ditu, ikuskizunaren segurtasunean eragin dezaketen ekintzak galarazteko. Babes hori zaintza eta segurtasun arloan indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharko da.
6. atala.– Ikuskizunaren muntaia.
1.– Ikuskizuna muntatu orduko, operadore piroteknikoek artifizio piroteknikoak ikuskatu beharko dituzte; ikuskizunaren segurtasunean eragiteko moduko akatsen bat dutenak, berriz, baztertu egingo dira.
2.– Jaurtiketa gailu guztien hustuketa, enbalaje-kentzea, argiztapena eta muntaia, baita tramankulu piroteknikoei egin beharreko manipulazio guztiak ere (jaurtiketa prestatu eta egiteko behar direnak alegia), araudi aplikagarriak xedatzen duenaren arabera egingo dira.
Nolanahi ere, hori guztia enpresa piroteknikoaren operadore eta laguntzaile piroteknikoek egingo dute, eta enpresak berak izango du guztiaren erantzukizuna. Horretarako, operadore eta laguntzaile gaitu nahiko izan beharko ditu, halako operazioak arrisku barik egiteko.
3.– Artifizio piroteknikoak jaurtitzean erabiliko diren mortairu eta kanoietan, argi eta garbi adierazi beharko da barruko diametroa zenbatekoa duten milimetrotan.
4.– Mortairu eta kanoiak beti prestaturiko su aldean ipiniko dira, artifizio piroteknikoak bai bertikalean edo bai ikusleen aurkako norabidean jaurtitzeko moduan. Mortairu edo kanoiak ezin izango dira, inondik inora ere, ikusleen ikus-eremurantzako angeluan ipini. (II. eranskina, 2. grafikoa).
7. atala.– Segurtasun-eremua.
1.– Ikuskizun bakoitzerako, segurtasun-eremu bat jarriko da; hori itxita edo mugatuta egongo da hesiak, sokak, zintak edota antzeko zer edo zeren bitartez; bestela, erakunde antolatzailea bera arduratuko da eremu hori ondo jagoteaz.
2.– Segurtasun-eremuaren perimetroa segurtasun-erradio batek zehaztuko du. Erradio hori ezin izango da 85 metrotik beherakoa izan.
3.– Aldaketa-, denbora-, edo errepikapen-karkasak jaurtitzen direnean, segurtasun-erradioa ezin izango da ondoko eskalan adierazitakoa baino txikiagoa izan:
kanpoko diametroa 125 mm-rainokoa duten karkasen kalibreak:
kanpoko diametroa 126-150 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 100 m.
kanpoko diametroa 151-175 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 115 m.
kanpoko diametroa 176-200 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 130 m.
kanpoko diametroa 201-250 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 165 m.
kanpoko diametroa 251-300 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 200 m.
Gainontzeko artifizioei arau hauxe aplikatuko zaie:
kanpoko diametroa 150 mm-rainokoa duten karkasen kalibreak:
kanpoko diametroa 151-175 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ........ 92 m.
kanpoko diametroa 176-200 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 104 m.
kanpoko diametroa 201-250 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 132 m.
kanpoko diametroa 251-300 mm bitartekoa duten karkasen kalibreak: ... 160 m.
Segurtasun-erradioari dagokionez, kalibreen diametroan 5 mm-ko gehikuntza onartuko da gehienez ere.
4.– Jaurtiketa bertikalean egiten denean, segurtasun-eremuaren erdigunea segurtasun-erradio handiagoa behar duten artifizioak instalatzen diren su-aldeak zehaztuko du.
5.– Jaurtiketa bertikalean egiten ez bada, segurtasun eremuaren erdigunea artifizioak airean lehertzeko gunearen proiekzio bertikalak zehaztuko du; gune hori, orokorrean, jaurtiketa gunetik 150 m-ra egongo da, aurretik zehazturiko ibilbidearen tangentearekiko.
Segurtasun eremuaren erdigunea kalkulatzeko, dekretu honetan VI. eranskinean agertzen den eskalan ezarritako distantziak aplikatuko dira; distantziok, berriz, jaurtiketa bertikal baten ondoriozko erdiguneak —segurtasun eremuaren erdigunea— jaurtiketaren norabidean egindako lekualdatzetzat hartuko dira (II. eranskina, 2. grafikoa).
6.– Jaurtiketa angelua ez da inoiz ere 30 gradutik gorakoa izango, bertikalarekiko.
7.– Segurtasun eremua su-aldea baino kota txikiagoan dagoenean, erakunde antolatzaileak, ezarritako gutxienekoen barruan, egokitu egingo du eremu hori, ikusleak hobeto babesteko.
8.– Segurtasun eremuan ezin izango da ospital, klinika, zaharretxe, koartel edota larrialdietarako zentrorik egon, ezta osterantzeko eraikin, egitura edo komunikabiderik ere, baldin eta horiek —arriskutsuak direla eta— biztanleen segurtasunari eragiteko moduko istripuak izan ahal badituzte. Halaber, ikuskizuna eskola orduetan eginez gero, segurtasun eremuan ezin izango da ikastetxerik egon.
Segurtasun-eremuaren barruan biztanledun eraikinak daudenean (goiko lerroaldean adierazitakoak ez bezalako eraikinak), erakunde antolatzaileak horren berri eman eta, hedabide egokiak erabiliz eta nahiko aldez aurretik, jakinaren gainean jarriko ditu kalteren bat izan dezaketen biztanle guztiak. Erakunde antolatzailea pribatua bada, jakinarazte hori udal agintari eskudunak egin beharko du.
9.– Enpresa piroteknikoak, erantzukizun osoa bere gain hartuta, garaiz eta idatziz jakinarazi beharko dizkio erakunde antolatzaileari, ikuskizunean jaurti beharreko artifizio piroteknikoei buruzko gorabeherak, baimena tramitatzeko eta segurtasun-eremua egokitzeko. Aipatu gorabeherak hauexek dira:
a) Jaurtiketa bertikala ez denean, jaurtiketa-lekutik kalkulaturiko distantzia, ibilbidearen tangentearekiko neurtua, agian 150 m-tik beherakoa izatea.
b) Beste artifizio pirotekniko batzuk erabili eta horiek ikusleengan izan ditzaketen eraginak, eta atal honetako 3. idazatian adierazitako artifizio-mota eta diametrotakoen parekoak izatea. Halakoetan, gutxienez, azken horietarako ezartzen den segurtasun-erradioa ezarri beharko da.
c) Artifizioen ezaugarri bereziak direla eta, segurtasun-erradiorako ezarri den gutxienekoa nahikoa ez izatea ikusleak babesteko.
d) 300 mm-tik gorako diametrodun kalibreak dituzten artifizioak jaurtitzeko asmoa izatea.
c) eta d) kasuetan, enpresa piroteknikoak segurtasun-erradioaren gehikuntza egokia zehaztuko du, artifizioaren ezaugarrien, lekuko orografiaren eta eraikuntza nahiz biztanleri dentsitatearen arabera.
10.– Erakunde antolatzaileak segurtasun-eremuaren kokalekua eta mugak zehaztu beharko ditu, atal honetan ezarritakoa kontutan hartuz.
8. atala.– Jaurtiketa-eremua.
1.– Segurtasun-eremuaren barruan, jaurtiketa-eremu bat gaitu beharko da artifizio piroteknikoen inguruan; alde horrek bost metro izango ditu gutxienez, edozein jaurtigailu edo artifizio piroteknikotatik zenbatuta. Alde hori sokaz edo bestelako hesiz inguratuta egongo da, ikusleak edota baimenik bako beste edozein pertsona bertara ez sartzeko.
2.– Jaurtiketa-eremua babestuta egon beharko da, erre, deflagratu edo lehertzeko moduko artifizioren bat duen bitartean.
3.– Jaurtiketa-eremura operadore eta laguntzaile piroteknikoak bakarrik sartu ahal izango dira, baita erakunde antolatzailera edo ikuskizunerako baimena eman duen Administraziora atxikitako pertsonak ere, berori ikuskatu behar dutenean.
4.– Ikuskizuna hasi ondoren, jaurtiketa-eremuan operadore piroteknikoak bakarrik egon ahal izango dira.
5.– Jaurtiketa-aldearen barruan ezin izango da alkohola edan edota drogarik hartu duen inor egon; izan ere, halakoek pertsonen adimena, mugimenduak edo egonkortasuna moteltzen baitute, eta horrek eragin kaltegarria izan dezake alde horretako segurtasunean.
6.– Goiko idazatietan xedaturikoa betearazteko erantzukizuna erakunde antolatzailearena izango da.
9. atala.– Su-eremua.
1.– Su-eremuak ondoko ezaugarriak izango ditu:
a) Ez da inoiz ere 85 m baino gutxiagora egongo, segurtasun-eremuaren muga adierazten duen lerrotik.
b) Lurzorua nahiko gogorra izango da eta ez erraz suak hartzeko modukoa. Halaber, laua eta horizontala izango da, edo ezaugarriok dituen euskarria izango du, jaurtigailuetarako.
c) Kokalekuaren ondorioz, artifizioen ibilbideak ez du jaurtiketaren segurtasunari kalterik egiteko moduko traba edo oztoporik izango.
2.– Jaurtigailuak ondo jarri beharko dira, jaurtiketak bertikalari edo lehendik ezarritako angeluari zehatz helduko diola bermatzeko. 3.– Enpresa piroteknikoak behar beste operadore pirotekniko izan beharko ditu artifizioak jaurtitzeko. Operadoreok ondo ezagutuko dituzte jaurtiketaren arriskuak eta segurtasunari loturiko gorabeherak, baita ezustekoetan hartu beharreko neurriak ere.
4.– Erakundea antolatzearen erantzukizuna izango da atal honetako 1. idazatian xedaturikoa betetzea.
5.– Atal honetako 2. eta 3. idazatietan xedaturikoa betetzea, berriz, enpresa piroteknikoaren erantzukizuna izango da.
10. atala.– Segurtasun- eta larrialdi-plana. 1.– Ikuskizuna antolatzen duen erakundeak ikuskizunari buruzko segurtasun plana aurkeztuko du; horren barruan, istripuak saihesteko neurriak sartuko dira, gutxienez ondokoak:
a) Jaurtiketa-eremurako babesa, ikuskizuna hasteko ordura artekoa, dekretu honetako 5. ataleko 3. idazatian ezarritakoaren arabera. Halaber, segurtasun alderako babesa, ikuskizuna egiten den bitartean.
b) Dekretu honetako 7. ataleko 8. idazatian aipaturiko eraikuntzak ez egoteari buruzko adierazpena.
c) Babeserako eta ezarritako segurtasun-neurriak betetzeko pertsonak eta materiala.
2.– Era berean, erakunde antolatzaileak teknikari eskudunek egindako larrialdi-plana aurkeztuko du, eta, bertan, gutxieneko edukiok agertuko dira:
a) Arrisku-faktoreen ikerketa eta ebaluazioa, eta egon daitezkeen larrialdien sailkapena.
b) Larrialdietan erabil daitezkeen baliabideak, pertsonak eta materialak; horien artean, ondokoak sartuko dira gutxienez:
– hurbilen dagoen osasun-zentrora dagoen distantziaren arabera, langile eta ekipamendu egokiak dituen anbulantzia.
– suteen aurkako babes-maila, ikuskizunaren araberakoa. Horretarako, suteak itzaltzeko zerbitzuak beharrezko zuzkidurak eta ekipamendua zehaztuko ditu, baita ikuskizunean nortzuk egon behar duten ere.
c) Langileen eginkizunak eta egintzak, kasuan kasuko larrialdirako.
d) Larrialdietarako eta babes zibilerako zerbitzuen direktorioa; horiek erne egon beharko dute, larrialdiren bat dagoenerako.
e) Larrialdi bat gertatuz gero jendeari jakinarazi beharreko aholkuak eta horien kokapena; bai eta alarma-hotsa jotzeko moduak ere.
f) Ikuskizuna egiteko erabiliko diren lurren planoa; bertan, hauxe adierazi beharko da:
– su-eremuaren eta berorren inguruko eremuaren kokaleku zehatza, 500 metroko erradioan.
– segurtasun-eremuaren eta jendea egon daitekeen lekuen mugaketa; segurtasun-erradioa eta berorren neurria ere (metrotan) adierazi beharko dira.
– sorospen lekuen kokaera eta horietara iristeko modua, istripuren bat dagoenerako; horiek ikuskizunaren eta berori egiteko lekuaren ezaugarrien arabera zehaztuko dira.
– eraikinen, errepideen eta beste komunikazio-bide batzuen kokaera, baita segurtasunari eta bertatik irteteari dagokionez garrantzitsuak diren beste elementu batzuena ere.
– jaurtiketaren norabidea ikusleak egongo diren aldeari dagokionez, jaurtiketa bertikala ez denean; halaber, jaurtiketaren angelua adierazi beharko da.
3.– Erakunde antolatzaileak ikuskizunaren erantzule izendaturiko pertsonak, bestalde, segurtasun eta larrialdi-planaren edukiak betearazi, zaindu eta kontrolatzeko ardura izango du; era berean, dekretu honetan eta ikuskizunaren baimenean ezarritako segurtasun-neurriak (erakunde horri dagozkionak) ere betearazi beharko ditu.
11. atala.– Antolaketa.
1.– Ikuskizuna egitearen ondoriozko erantzukizuna erakunde antolatzailearena izango da, dekretu honetan enpresa piroteknikoaren erantzukizun gisa agertzen ez diren beste gauza guztietan.
2.– Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 26. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, ondoren aipatzen diren pertsonek ahalmena izango dute ikuskizunaren segurtasuna bermatzeko:
a) enpresa piroteknikoak izendaturiko arduraduna.
b) erakunde antolatzaileak izendaturiko arduraduna.
c) Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikitako agenteak, ikuskizunean daudenak.
d) udal agintaritza eskudunari atxikitako agenteak, ikuskizunean daudenak.
3.– Erakunde antzolatzaileko langileek, ikuskizuna hasi baino lehen, segurtasun eta larrialdi-planaren egokitzapena egiaztatuko dute; halaber, ikusleak leku egokian daudela ere egiaztatu beharko dute. Langileok identifikazio seinaleren bat izango dute aldean.
12. atala.– Ikuskizunak debekatu, eten eta geldiaraztea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, ondoko kasuotan, debekatu egingo ditu artifizio piroteknikodun ikuskizunak:
a) Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 18. atalak debekatzen dituenean.
b) Udalak baimendu bako lekuetan egin edota segurtasun arauak betetzen ez dituztenean.
c) Segurtasun arrazoiak direla-eta baimendu ezin direnean. d) Pertsona eta ondasunak arriskuan jartzen dituztenean. Horri dagokionez, ondoko egoerak arriskutsutzat joko dira:
– segurtasun edo larrialdi planek dekretu honetan ezarritako gutxienekoak ez betetzea.
– enpresa piroteknikoaren baimena, beraren nortasuna edo bertako operadore piroteknikoena egiaztatu barik egotea.
– segurtasun erradioa eskatzen den gutxienekoa baino txikiagoa izatea.
– enpresa piroteknikoak, dekretu honetako 7. ataleko c) eta d) kasuetarako, segurtasun erradioa zehaztu barik edukitzea.
e) pertsonak eta ondasunak arriskuan jartzeko moduko nahaste handiak egon daitezkeenean.
2.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikitako agenteek, ikuskizunean badaude euren eginkizunak betetzen, agintaritzaren ordezkaritzat jardungo dute; era berean, eta erakunde antolatzailea ohartarazi ondoren, ikuskizunak behin-behinean edo behin betiko etengo dituzte horretarako zentzuzko arrazoiak daudela uste izanez gero, goiko ataleko a), d) eta e) letretan jasotako kasuetan, edota emandako baimenaren baldintzak aldatzen direnean. Eginkizun horiek, agenteok bertan egon ezean, udal agintaritza eskudunari atxikitako agenteek beteko dituzte, ikuskizunean badaude.
Ondoko kasuak, bestalde, goiko lerroaldean adierazitakoen barrukotzat hartuko dira:
a) Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari manuzko baimena emateko ez eskatzea, edo espedientea behar besteko bermez tramitatu ezin izatea,
eskatzaileari egozteko moduko arrazoiak direla eta.
b) Segurtasun eremuaren babesa ondo babesturik ez egotea.
c) Ikuskizunerako baimenean ezarritako segurtasun eta larrialdi neurriak ez betetzea eta, horrenbestez, neurriok pertsonen segurtasunean eragin larria izatea.
d) 10. ataleko 2. idazatian aipatzen den anbulantzia ez egotea.
e) Handik irteteko bideak (larrialdiak daudenean) oztoporik gabe ez egotea.
f) Ikusleak segurtasun eremura edo jaurtiketa aldera sartzea.
g) Enpresa piroteknikoak jaurtiketa egiteko aukeratu dituen operadore piroteknikoak bertan ez egotea.
h) Pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzeko moduko nahasteak egotea edo egon ahal izatea.
i) Jaurtiketa egiteko orduan edo ikuskizuna garatzen ari denean, pertsona eta ondasunak arriskuan jartzeko moduko egoera meteorologikoak edota horien antzeko gorabeheraren bat egotea; lehenengo eta behin, enpresa piroteknikoak esan beharrekoa entzun beharko da.
j) Pertsona edo ondasunei arriskuren bat dakarkien beste gorabeheraren bat egotea.
Halako egoerak iraunkorrak badira, ikuskizuna bertan behera utziko da.
3.– Operadore piroteknikoak behin-behinean eten ahal izango du ikuskizuna, pertsonak edo ondasunak arriskuan jartzeko moduko arrazoi meteorologikoak edo teknikoak daudenean.
Halaber, agintaritzako agenterik egon ezean, enpresa piroteknikoak izendaturiko arduradunak edo enpresa antolatzaileak izendaturikoak behin-behinean eten ahal izango dute ikuskizuna, pertsonak edo ondasunak arriskuan badira.
Etetearen arrazoiak, bestalde, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari atxikitako agenteei jakinaraziko zaizkie, edo, bestela, udal agintaritza eskudunari atxikitako agenteei.
Halako egoerak jarraituz gero, agintari eskudunak ikuskizuna behin betiko bertan behera uztearen inguruan erabakiren bat hartu arte luzatuko da etenaldia.
13. atala.– Ikuskizunaren osteko jarduketak.
1.– Enpresa piroteknikoak erre, deflagratu edo lehertzeko moduko material guztiak aterako ditu su-aldetik eta jaurtiketa-aldetik.
2.– Era berean, eta erakunde antolatzaileak erantzukizun osoa duela, enpresa piroteknikoak, operadore piroteknikoek edo dena delako adituek erre, deflagratu edo lehertzeko moduko material pirotekniko guztiak atera beharko dituzte segurtasun eremutik.
3.– Materiala honelaxe batuko da:
a) Su-aldean eta jaurtiketa-aldean, ikuskizuna amaitu eta berehala.
b) Segurtasun-eremuan:
– segurtasun eremuko hiri aldeetan, ikuskizuna amaitu eta berehala, horretarako argitasun nahikorik egonez gero.
– ikuskizuna gauez izan eta materiala berori amaitu eta berehala batu ezin denean (argitasun nahikorik ez dagoela eta), eguna argitzearekin batera batuko da.
– nolanahi ere, segurtasun eremua hondakin arriskutsurik gabe egon arte, ondo zaindu beharko da eremu hori, kalte edo galerarik ez egoteko.
14. atala.– Arau-hausteak eta zigorrak.
1.– 4/1995 Legean ezarritakoaren arabera, kontrol eskumena eta zigorrak ezartzea (dekretu honetan arauturiko jarduerei dagokienez), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren ardura izango da.
2.– Azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 31. eta ondorengo ataletan ezarritakoaren arabera (jendaurreko ikuskizunei eta olgetarako jarduerei buruzko Legea), dekretu honetan ezarritakoari egindako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izango dira.
3.– Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 32. atalean dioenez, ondoko arau-hausteak oso larriak izango dira:
a) Ikuskizun piroteknikoak administrazio-baimen manuzkorik gabe egitea, arrisku handiko egoerak sortzen direnean pertsona edota ondasunentzat.
b) Dekretu honetan eta administrazio baimen egokietan ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea, arrisku handiko egoerak sortzen direnean pertsona edota ondasunentzat.
c) Artifizio piroteknikoak egoera txarrean egotea edo behar bezala ez muntatzea, horrek nabarmen murrizten badu eskatzeko moduko segurtasun maila.
d) Ikuskizun piroteknikoak debekatu eta eteteari buruzko ebazpenak ez betetzea, edota Legearen 28. eta 29. ataletan ezarritako gainontzeko segurtatzen neurriak kontutan ez izatea.
e) Indarreko legeriarekin bat ez datozen artifizio piroteknikoak jaurti edo erretzea, edo antolamendu juridikoak debekaturiko ikuskizun piroteknikoak egitea.
f) Enpresa piroteknikoa ezgaituta dagoenean, eta zigorra indarrean egonda, ikuskizun pirotekniko bat egitea.
g) Agintaritzako agenteei sartzen ez uztea, euren zereginak egitera datozenean; edo ikuskapena debekatzea edota horretarako oztopoak jartzea.
h) Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legean, tipifikaturik dauden gainerako egite edo ez egite guztiak.
4.– Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 33. atalean ezarritakoaren arabera, ondoko arau-hausteak larriak izango dira:
a) Goiko ataleko a), b) eta c) letretan agertzen diren arau-hausteak egitea, arriskurik ikusiz gero pertsona eta ondasunentzat.
b) Maulazko publizitatea egitea, jendearen aukeratzeko gaitasuna aldatzeko moduko publizitatea alegia.
c) Ikuskizun piroteknikoa etetea edo egitaraua nabarmen aldatzea, ezinbestez denean izan ezik.
d) Programaturiko jaurtiketa egin nahi ez izatea edo aldatzea, edo ikuskizun piroteknikorako ezarri diren arauak ez betetzea, zentzuzko arrazoiren baten ondorioz edo ezinbestez ez bada.
e) Maula egitea ikuskizun piroteknikoa osatzen duten elementuetan.
f) Jaurtiketa-eremuan zigarroak edota osterantzekorik erretzen uztea.
g) Ikuskizun piroteknikoa egitean, jendea segurtasun aldean eta jaurtiketa aldean dagoela jakinda, neurri egokirik ez hartzea.
h) Azaroaren 10eko 4/1995 Legean, jendaurreko ikuskizunei eta olgetarako jarduerei buruzkoan, tipifikaturik dauden gainontzeko egite edo ez egite guztiak.
5.– Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 34. atalean ezarritakoaren arabera, ondoko arau-hausteak arinak izango dira:
a) Ikuskizun piroteknikoak berandu hasi edo amaitzea, dekretu honetan ezarritako kasuetan izan ezik.
b) Azaroaren 10eko 4/1995 Legean, jendaurreko ikuskizunei eta olgetarako jarduerei buruzkoan, tipifikaturik dauden gainontzeko egite edo ez egite guztiak.
6.– Oso larritzat tipifikaturiko arau-hausteei ondoko zigorrak ezarri ahal izango zaizkie:
a) 5.000.001etik 25.000.000 pezetara bitarteko isunak.
b) Jarduera edo jarduerak urtebete eta egun 1etik 3 urtera bitartean eten edo debekatzea.
c) 6 hilabete eta egun 1etik urtebete eta 6 hilabetera bitarteko ezgaikuntza, jarduera hori egiteko.
7.– Larritzat tipifikaturiko arau-hausteei ondoko zigorrak ezarri ahal izango zaizkie:
a) 200.001etik 5.000.000 pezetara bitarteko isunak.
b) Jarduera edo jarduerak urtebetera arte eten edo debekatzea.
c) Sei hilabetera arteko ezgaikuntza, jarduera hori egiteko. 8.– Arintzat tipifikaturiko arau-hausteei, 200.000 pezetara arteko isunak jarri ahal izango zaizkie.
GEHIGARRIZKO XEDAPENAK Lehena.– Antzezpenetan edota bestelako jendaurreko ikuskizunetan efektu bereziak sortzeko erabili nahi diren artifizio piroteknikoak jaurti edo erretzeko, ikuskizunok edonon izanda ere, ikuskizunaren segurtasun planak aintzat izan beharko ditu segurtasun neurri osagarri guztiak. Jendaurreko ikuskizunak baimenik behar ez duenean, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 16. atalaren arabera, ikuskizuna antolatzen duen erakundeak segurtasun neurriok hartu beharko ditu.
Bigarrena.– 1.– Dekretu honetako 4. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, erakunde antolatzailearen istripu aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren polizek aseguraturiko gutxieneko kapitalak, berriz, ikuskizuna egingo duen herriko biztanle kopuruaren arabera zehaztuko dira, ondoko eskalari jarraituz:
25.000 biztanlera arteko herriak: 25.000.000 PTA
25.001etik 50.000 biztanlera bitarteko herriak: 35.000.000 PTA
50.001etik 100.000 biztanlera bitarteko herriak: 50.000.000 PTA
100.000 biztanle baino gehiagoko herriak: 75.000.000 PTA
Herri bakoitzeko biztanle kopurua zehazteko, Euskal Estatistika-Erakundeak (EUSTAT) urtero argitaratzen duen zentsu ofiziala erabiliko da erreferentzi indizetzat.
2.– Aseguraturiko kapitalen zenbatekoak, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaurkotu ahal izango ditu.
INDARGABETZE XEDAPENA Indargabeturik geldituko dira dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen xedapen guztiak, baldin eta maila berekoak edo beheragokoak badira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Herrizaingo sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta betearazten duten xedapen guztiak emateko, baita dekretu honen eremuan sartzen ez diren artifizio piroteknikoen zerrenda aldatzeko ere (I. eranskinean aipaturikoa).
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
VI. ERANSKINA
SEGURTASUN-EREMUKO ERDIGUNEAREN LEKUALDAKETA, JAURTIKETA ANGELUAREN ARABERA
J A U R T I K E T A - & # 9 ; 1 º & # 9 ; 2 º & # 9 ; 3 º & # 9 ;4º 5º 6º 7º 8º 9º 10º 11º 12º 13º 14º 15º ANGELUA
GRADUTAN
L E K U A L D A K E T A & # 9 ; 3 & # 9 ; 5 & # 9;8 10 13 16 18 21 23 16 29 31 34 36 39 METROTAN
J A U R T I K E T A - & # 9 ; 1 6 º & # 9 ; 1 7 º & # 9 ; 1 8 º & # 9 ; 1 9 º & # 9;20º 21º 22º 23º 24º 25º 26º 27º 28º 29º 30º ANGELUA
GRADUTAN
LEKUALDAKETA & # 9 ; 4 1 & # 9 ; 4 4 & # 9 ;46 49 51 54 56 59 61 63 66 68 70 73 75 METROTAN