Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

131. Portugaleteko alde zaharra (Portugalete)

8. ETAPA: PORTUGALETE • KOBARON

Hiribildu bat Nerbioiren itsasadarraren bokalean

1322an Bizkaiko Andre Maria Diaz Harokoak Portugaleteri foru-pribilegioa eman zion. Nerbioiren itsasadarraren bokaleko leku estrategikoan kokaturik zegoen Portugalete herria: babesten duten talaia txikiez inguraturik dagoen portu naturala da, gutxienez erromatarren garaitik erabili izan dena. Babes natural horiek izan arren, harresiz sendotu behar izan zen Erdi Aroko hiribildua. Haien zati batek baino ez du iraun gaur egun arte: Salazar dorrearen ondoko ateak (hiribilduko sarreretako bat izan zen).

Hiri-egitura hiru kale nagusiek osatzen dute. Aldapan daude, harzolazko zoru berezia dute eta kantoiak dituzte bata bestearekin komunikatzeko. Kaleon izenak dira: Santa Maria (izen bereko elizatik jaisten dena), Erdiko kalea eta Coscojales.

Ekonomiari dagokionez, hiribildua itsasoari begira garatu zen, itsas-merkataritza, arrantza eta portu-pilotutzaren inguruan. Portugaleteko portu-pilotuek gidatzen zituzten itsasadarrean gora joan nahi zuten barkuak, izan ere, puntu horretan hondar barra arriskutsu bat zegoen. Agian, Maria Diaz Harokoak kokapen horretan hiribildu bat fundatzeko arrazoietako bat honako hau izan zen: Triano mendiekiko eta Somorrostrorekiko gertutasuna, burdina mineralean aberatsak baitziren. Gaur egun Portugaletek azalera txikia duen arren (3,3 km2), garai batean lurralde zabala kudeatzen zuen: burdin-meategi aberatseko mendi guztiak eta mineral horren zamalanaren monopolioa, Lutxanatik hasi eta Abrara arte.

Monumentu-herria

Portugaleteko Alde Zaharra gune esanguratsua eta oso ederra izan zen, eta hala da gaur egun ere; Erdi Aroko esentzia mantentzen du, eta hainbat garai eta estilotako monumentuak ditu bere baitan.

Andre Maria Basilikak gotiko eta Errenazimentuaren arteko trantsizioko estiloa du (XV eta XVI mendeak), eta lehenagoko eraikin txikiago baten gainean egin zen. Basilika-oinplanoa du, hiru nabe eta gurutzeria-gangak. Katedral-triforioa eta beirate interesgarriak ditu. Halaber, nabarmentzekoa da estilo manieristako erretaula nagusia (1533-1555), non Birjina Mariaren tailua baitago ikusgai, eliza zaharretik kontserbatzen den aztarna bakarra. Kanpoaldeko dorreak estilo barrokoa du eta XVII. mendean amaitu zuten; XIX. mendean, hiribilduaren bigarren setioaren (1873-1874) ondoren berreraikia izan zen.

Salazar dorrea basilikatik oso hurbil dagoen babes-egitura bat da. 1493 eta 1495 artean, Leinu Gerren garai betean, eraiki zuen Otxoa Gartzia Salazarkoak: Portugaleteko probestu izanik, Somorrostro haraneko eta Portugaleteko leinukide garrantzitsuena baitzen. Jatorrizko dorrea harresiaren zati bat zen, eta gaur egun zutik dirauen ate baten ondoan zegoen. Arma-patioa zuen, eta dorre txikiago bat, oraingoarekin komunikatzen zuena. Behe-solairuan hiribilduko presondegia zegoen, eta lehen solairuan, etxebizitza.

Alde zaharrean, beste etxe deigarri batzuk ere nabarmenduko ditugu: adibidez, Sota jauretxea, Erdiko kaleko 26 zenbakian, XVII. mende amaiera edo XVIII. mende hasierako eraikina da, eta jabeen gizarte-maila erakusten duten zenbait apaingarri ditu. Hala ere, gaur egungo alde zaharraren ezaugarri garrantzitsu bat da XIX. mende amaieran edo XX. mende hasieran izan zuen itxura-aldaketa; izan ere, antzinako eraikinen ordez etxebizitza modernoagoak egin ziren, adibidez, Iñigo Sáez de Casalen dorretxea, Atarazanas kale txikian zegoena. Garai horretakoa dugu alde zahar monumental honetako eraikin ezagun eta ikusgarrienetako bat, Bustamante botikariaren etxea: 1910ean eraikia, alde zaharraren beheko aldean kokatua, Santa Maria kale hasieran, estetika modernista eta gotiko antzeko osagaiak ditu.

Hiribilduaren behealdean, itsasadarraren ondoan, Solar plaza ezaguna dago, jende asko biltzen duena. Postu militarra izan zen, eta kanoi-bateriak zeuden bertan XX. mende hasieran berritu zuten arte. Udaletxea plaza horretan dago; klasizista erakoa da, 1880 eta 1884 artean eraikia. Plazaren erdian musika-kiosko bat ageri da, 1912koa, estilo eklektikoan eraikia; txitxarrillo doinu ezagunak eta dantzatzeko pieza herrikoiak jotzen dituzte oraindik kiosko horretan, eta haren inguruan, Bizkaiko baserritar azoka zaharrenetako bat egiten da astero, bertako produktuekin.

Partekatu

unesco