Lehendakaritza

[27] - - Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana 2014-2016

Helburuak

Aldaketa bereziki barneratzen duen kolektiboa da gazteena, eta gizarte-eraldaketek eragina dute euren bizi-baldintzetan, balioetan eta jarreretan. Gaur egungo testuinguruan, krisialdi ekonomikoaren ondorioak bortizkien pairatzen dituzte, hain zuzen ere. Beraz, ziklo ekonomikoaren gorabeheren aurrean ahulago direla aintzat harturik, arreta berezia jarri behar da Euskadiko gazteen emantzipazio-aukeren hobekuntzan.

Gazte-politikak gizarte-egoera aldakorrari egokitzeaz gain, gazte-politikek politika publikoen baitan duten garrantzia aldarrikatu nahi du III. Gazte Planak: norbanakoak bizitza osoari aurre egiteko trebetasunak, tresnak eta baliabideak eskuratzen ditu gaztaroan.

Familiarengandik emantzipatu ere garai horretan emantzipatzen dira, adiera zabalean. Hori dela-eta, aukerak sortzeko aroa da, gizarte-mugikortasuneko ibilbideak eraikitzen direnekoa. Politika publikoen ikuspuntutik, bizi-zikloaren une hori desberdintasunak erreproduzitzearen aurka borrokatzeko aukera da gaztaroa.

Gazte-politiken ahalmen hori ez da denbora luzez aitortu; aitzitik, politikok periferikotzat jo izan dira. Beharrezkoa da askotariko eragileek gazte-politiken eraldatze-ahalmena aitortzea eta esku-hartze publikoen artean funtsezkotzat jotzea. Beraz, gizartea egun inoiz baino ziurgabeagoa, konplexuagoa eta dinamikoagoa bada ere, horrek ez du III. Gazte Plana zentzuz husten; aitzitik, bere existentzia justifikatu egiten du, batez ere, gazteengan eragiteko eraldatze-ahalmen horri esker.

Euskadiko gazte-politiken datozen urteetarako bidai orria den aldetik, benetako aukera-berdintasunaren eta gazteek euren bizitzak autonomiaz zein askatasunez garatzearen aldeko lanean –etorkizuneko gizartearen oinarri- politika publikoek duten egitekoa hobetu eta areagotzeko ekintzak nahiz neurriak txertatzen lagundu nahi du III. Gazte Planak.

Estrategia hori garatzea gazteriaren arloan diharduten erakunde eta eragile guztiei dagokie, bakoitzak bere eskumenari helduta. Beraz, erakundeek baterako erantzukizuna dute Euskadiko gazteentzat errealitate berria lortzeko lanean. Hain zuzen ere, eragile guztien jardun koordinatu eta sendoaren bidez baino ez gara izango gai erantzunak eta aldaketarako aukerak sortzeko.

Aurreko planetan ez bezala, Euskadiko III. Gazte Planean, lehenik eta behin, EAEko marko orokorra lantzea aurreikusten da. Erreferentziako marko orokor horretan euskal Herri- administrazioek gazteriaren arloan garatzen duten jarduna epe ertainera bideratuko duten esku-hartze lerroak eta jarraibideak biltzen dira, koordinaturik eta modu globalean.

III. Gazte Plana 2020ren Marko Orokorra: Gazteriaren arloko euskal estrategia” izeneko dokumentua 2012ko ekainaren 12an onartu izan zen Gobernu Batzordean eta bertan ondoko hauek jasotzen dira:

-«Aipatutako esku-hartze gidalerroak eta jarraibideak garatzeko, EAEko administrazio publiko bakoitzakgazteria-arlorako plangintza egokia bermatu beharko du bere lurralde-esparruan, dagokion legegintzaldiak iraun artean, eta erregelamenduz ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko du».

-«Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko bakoitzak, bere burua antolatzeko eskumenak betez, bere administrazioko sailen arteko koordinazioa bermatuko du, gazteriako politika integralaren programazioa eta ebaluazioa egiteko».

Hortaz, aipaturiko esparru orokorrean jasota dagoen prozedurari jarraiki, instituzioen, gizarteerakundeen eta gazteen ikuspegiak jaso ostean, adostutako diagnostiko batean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak gazteriaren arloan egungo Legegintzaldirako lehentasunak zehaztu izan ditu ditu.

Beraz, Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Planak aurreko gazte-planen ezaugarri nagusiei eutsi die; izan ere, integrala, transbertsala, sailen artekoa eta parte-hartze sozialari irekia da. Helburua gazteak emantzipatzea lortzea da, bizi-proiektuak eraiki eta garatzeko eta proiektu kolektiboetan parte hartzeko gaitasuna duten herritar gisa.

Legegintzaldia

X. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

III. Gazte Plana 2020ren xedearen ildotik, bi eskuhartze-ardatz ezarri dira:

  • Lehenengoan, Emantzipazioa eta autonomia, gazteen bizi-proiektuak burutzeko prozesuan zuzenean eragiten duten hiru areak daude: hezkuntza, enplegua eta etxebizitza.
  • Bigarren ardatzak, Bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa, gazteek bizi-kalitate egokia eskuratzea bermatuko duten areak hartzen ditu barne. Arreta berezia emango zaio gizarte-desberdintasunak berragertzea ekiditeari. Hona ardatz honetako areak: osasuna, gizarte-ekintza, kultura, aisia, kontsumoa eta mugikortasun iraunkorra.

Modu honetara, III Gazte Plana egituratzen da 9 esku-hartze arlotan, eta arlo hauen inguruko diagnostikoa Gazteen Euskal Behatokian aurkitu ahal izango dugu une oro eguneratuta.

Plan hau egin ahal izateko, 9 arlo hauetako hasierako diagnostiko batetatik ateratako ondorio adostuetan oinarritzen da. Gazteriak dituen zenbait behar, proposamen eta eskaera antzeman ostean, berauetan eragiteko definitu izan ziren lehenengo maila batean lehentasunezko eginkizunak, bigarren maila batean helburu estrategikoak, hirugarren maila batean eskuhartze lan ildoak, eta azkenik ekintza positiboak zehazten dira, hau da, urte bakoitzeko ekintza-konpromisoa.

Denborazko konpromisoa

2014-2016

Planeko kudeaketa organoak

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren III Gazte Plana koordinatu, bultzatu eta garatzeko hainbat mekanismo definitzen ditu:

1.- Gazteen Euskal Behatokia (GEB):

  • Gazteen egoeraren diagnostikoa artatzea, politiken inpaktuaren jarraipena egitea eta Gazte Planaren area bakoitzari buruzko informazioa ezagutzera ematea.
  • Gazteei buruzko adierazleen sistema on line, profesionalen eskura dagoena Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean.
  • Aldizkako argitalpenak, Euskadiko gazteen egoerari buruzko adierazlerik garrantzitsuenak etengabe gaurkotuta eskaintzen dituztenak:
  1. Euskadiko gazteen panoramika
  2. Euskadiko gazteak
  3. Gazteen enplegua
  4. Gazteak eta etxebizitza
  5. Aurrera Begira: gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak
  6. Gazteen argazkiak
  • Egoeraren araberako azterlanak, gazteen egoeraren diagnostikoa eta premien analisia sakontzen eta osatzen dutenak.
  1. Gazte enpresagintza Euskadin.
  2. Emantzipazioa, etxebizitza-politikak eta gazteen enplegua krisialdiko Europan.
  • Zerbitzu teknikoa eta dokumentazioa (Gazteen Euskal Behatokiaren Dokumentazio Zentroa) adituentzat, profesionalentzat eta gazte-politiketako bitartekarientzat:
  • Teknikarien, gizarte-eragileen eta gazteen prestakuntza Gazte Planaren area bakoitzean.

2.- Eusko Jaurlaritzaren beste egiteko batzuk:

  • Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen bitartezko instituzioen arteko koordinazioa, Eusko Jaurlaritzaren Sailak, Foru Aldundiak, hiriburuetako udalak, Eudel, EGK eta Emakunderen ordezkaritza politikoz osatua.
  • Legebiltzarrari informatzea.
  • Sail arteko koordinazioa eta lankidetza, sailburuordetzen bitartekoa, bai alor politikoan, bai alor teknikoan: 2014-2016 eperako Gazte Plana planifikatzea, programatzea, gauzatzea eta bere jarraipena egitea.
  • Gazte Planarekin lotutako beste plan batzuekiko koordinazio eta lankidetza.
  • Gazteaukera atari gaztea eta bestelako gazteen zabalkunde- eta partaidetza-bide batzuk artatzea.

3.- Gazteak:

  • Gazteen elkarteen mugimenduaren eta administrazioaren arteko solaskidetza EGK-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren bitartez.
  • Administrazioarekin elkarteen bidezko loturarik ez daukaten gazteekiko solaskidetza Gazteaukera webaren bitartez.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Planak ebaluaziorako mailak eta faseak zehazten ditu.

1.- Etengabeko jarraipena, urteko programazioaren betetze-mailaren ebaluazioaren bitartez.

Alde batetik, sail bakoitzaren urteroko konpromisoak bilduko dira, jarduketa bakoitzari buruzko xehetasun gehiago jasoko duen agiri batean. Hartara, ekintzak eta helburuak egokiro zehaztuko dira, aurrekontua esleituko zaio aurrekontu-partida jakin bati eta homologatutako ebaluazio-adierazleak erabiliko dira.

Bestetik, ekitaldi bakoitzerako konprometitutako ekintzei buruzko txosten bat egingo da. Bertan, esku-hartze bakoitzaren emaitzen berri emango da, egindako gastua zehaztuko eta ebaluaziorako interesgarriak diren bestelako datu batzuk txertatuko.

Bi txostenak gazte-politika integralaren ardura duen zuzendaritzak prestatuko ditu, eta gazteriaren arloko Sail Arteko Batzordeak bere oniritzia eman beharko du.

2.- Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana 2014-2016ren amaierako ebaluazioa.

Amaierako ebaluazioan, gazteen egoeraren jarraipena egiteko diseinatutako adierazleetan gertatutako aldaketak balioetsiko dira, area bakoitzerako proposatutako helburuen eta xedeen lortze-maila zehazte aldera.

Azkenik, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana 2014-2016 onartzen duen Gobernu Batzordeko Akordioa, zeinetan ondoko edukin hauek jasotzen diren:

Lehena.- Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana onartu da, 2014-2016 aldikoa. Plan horrek era koordinatu eta orokorrean jasotzen ditu Eusko Jaurlaritzak gazteria-arloan legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoak.

Bigarrena.- III. Gazte Planak iraungo duen ekitaldi bakoitzeko lehen seihilekoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, plana aplikatzea dela eta, ekitaldi horretan gauzatu diren ekintzen programa aurkeztuko dio Gobernu Kontseiluari, onar dezan.

Gazte Planaren ekintza-programan hauek adierazi beharko dira: jarduerak, horiek gauzatzeaz arduratuko diren erakundeak, aurreikusitako finantzazioa (aurrekontu erabilgarrien araberakoa izan beharko du, eta dagozkion aurrekontu-irizpideak bete beharko ditu), helburuak, jardueren helburuko taldeak edo erakundeak eta ekintzak ebaluatzeko adierazleak. Gainera, finantzaketan programen identifikazioa adierazi beharko da, eragindako kontu-sailez gain.

Hirugarrena.- III. Gazte Planak iraungo duen ekitaldi bakoitza amaitutakoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ekitaldiko segimendu-txostena aurkeztuko dio Gobernu Kontseiluari.

Txosten horretan, sail eskudunek aipatutako gaietan zer ekintza gauzatu dituzten adierazi behar da, eta III. Gazte Planean ezarritakoak identifikatzeaz gain, III. Gazte Planeko esku-hartze ildoekin zerikusia dutenak ere identifikatuko dituzte, nahiz eta horiek berariaz ezarrita ez egon. Halaber, kasua edozein dela, bete beharreko helburuak adierazi behar dituzte.

Laugarrena.- Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Planeko sailen arteko koordinazioaz sailburu bakoitzak Zuzendaritza Batzordeak parte hartzeko izendatutako kideak arduratuko dira.

Bosgarrena.- Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila arduratuko da, Gazteria eta Kirolen Zuzendaritzaren bidez, akordio honetan aurreikusitakoa betetzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeaz eta aztertzeaz. Horretarako, aipatutako gaiez arduratzen diren Eusko Jaurlaritzaren sailek laguntza emango diote behar duen bakoitzean”.

Hortara, Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte Plana 2014-2016 onartu izan zen Gobernu Batzordean 2014ko urriaren 28an, beti ere III. Gazte Plana 2020ren Marko Orokorra: Gazteriaren arloko Euskal Estrategia izeneko dokumentuaren garapenaren baitan.

Akordio honen baitako urteroko txostenak, hau da, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak gazteria arloan burutu beharreko edo buruturiko ekintzen inguruko zehaztapenak, ondoko loturan, Gazteen Euskal Behatokiko web orrialdean guztiontzat daude eskuragarri.

http://www.gazteaukera.euskadi.eus/r58-7654x/eu/contenidos/informacion/gazte_politikak_coordinacion/eu_gazte/gazte_planak.html

Azken aldaketako data: