Lehendakaritza

17.- Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 Aldirako renove Plana (Hiria birgaitzen eta berroneratzen laguntzeko programa)

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Enplegua Suspertzeko 2013-2016 aldirako Programan ezarritako sei lerro estrategikoetako bat da Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Plana. Hauek dira Etxebizitzak Birgaitzeko Renove Planaren helburu nagusiak: enplegua sortzea, energia aurreztea eta gizarte-kohesioa indartzea, birgaitze-politika zentzudun, iraunkor eta integratzaile baten bidez.

1)      Enplegu-sorkuntza sustatzea: Birgaitzea da enplegu-arloan egiten den jarduera intentsiboenetako bat; kalkuluen arabera, birgaitzeetan inbertitutako milioi euro bakoitzeko 8-14 lanpostu inguru sortzen dira zuzenean. Zenbateko horrek garbi adierazten du garraio-azpiegiturek baino 5 aldiz gaitasun handiagoa duela enplegua sortzeko. Gainera, zeharkako zein eragindako enplegu asko sortzen du. Birgaitzeen beste ezaugarri bat da hurbiltasuneko enplegu-hobia dela eta mikroenpresek eta enpresa txikiek garrantzi nabarmena dutela. Horren eraginez, etxebizitzak birgaitzera bideratutako pizgarriek batez ere tokiko enpresetan eta enpleguan izaten dute eragina.

 2)      Bizi-Kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzea: Birgaitzeak pertsonen bizi-kalitatea orokorrean nabarmen hobetzea dakar, bereziki irisgarritasuna hobetzen duten esku-hartzeetan, eta batez ere adinekoen eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonengan du eragina. Esku-hartze horiekin, nabarmen murrizten dira atentzio sozio-sanitarioaren eta mendekotasunen arloko beharrak, eta eraikin horietan bizi diren adinekoek autonomia handiagoa lortzen dute. Horrela, adinekoak eta mugikortasun-arazoak dituztenak luzaroago bizi daitezke haien inguru propioan. Gainera, hirigune hondatu eta sozialki ahuletan esku-hartzeak eginez, gizarte-kohesioa sustatzen da, eta, horrela, "getoak" sortzea saihesten da eta eremu horiek beren herri edo hirietan integratzen dira. Horregatik, esku hartzeko lehentasunezko eremuak identifikatu behar dira, lurralde bakoitzaren berezitasunak eta hiri-tipologia desberdinak kontuan hartuta.

3)      Eraikuntzaren merkatua dinamizatzea: Laguntza publikoek eragin biderkatzaile handia izaten dute birgaitze-eskaeren kopuruari dagokionez, eta, hortaz, birgaitzeen sektoreak orain zailtasun handiak dituela kontuan hartuta, plan honek sektore hori suspertuko duela uste da.

4)      Energia-kontsumoa eta co2-isurketak gutxitzea, eta europa 2020 estrategiaren helburuekin bat egitea: Birgaitutako eraikin eta etxebizitzek energia hobeto erabiliko dute, eta energia nabarmen aurreztea eta CO2 isurketak gutxitzea ekarriko du horrek. Herri mailan, birgaitzea sustatuz aurrerapausoak emango ditugu Europarekin hartutako konpromisoa betetzeko; hau da, 2020rako CO2 isurketak % 20 gutxitzeko, energia-kontsumoa % 20 gutxitzeko eta energia berriztagarrien erabilera % 20 igotzeko (2020an 20/20/20 lortzeko, alegia), eta berotegi-efektuko gasen isurketa 1990. urtetik 2020. urtera % 20 gutxitzeko.

5)      Birgaitzearen kontzeptu berritzailea ekartzea: esku-hartze integraletan oinarritutako birgaitzea:  Birgaitzeko eta hiri-berrikuntzako politika berriak osotasunaren kontzeptu berritzailea ekarri du, eta, horrekin batera, esku-hartze teknikoa eta gizarte-laguntza ere bai, pertsonak baitira etxebizitza-politikaren muina. Gainera, birgaitze integrala hobesten da, kontserbazioaren, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren alorretako hobekuntza bateratuak egiteko pizgarriak emanez.

6)      Hirigintza-kultura berri bat bultzatzea Hirigintza-kultura aldatzea bultzatu nahi du plan honek, eta, horretarako, honako hau sustatuko du: hazkundearen eta oin berriko eraikinen bidezko hiri-zabalkundearen kultura alde batera utzi eta energiaren erabilera efizientearen eta gizarte-integrazioaren aldeko apustua eginez birgaitzea eta berroneratzea espazio finkatuak. Pixkanaka-pixkanaka kultura berri hori hedatu beharra dago etxebizitza-politiketan esku hartzen duten eragileetan: administrazioetan, enpresa etxegileetan, eraikuntza-enpresetan, higiezinen jabetzako agenteetan, erabiltzaileetan, etxejabeen elkarteetan, finka-administratzaileetan...

 

Saila

Enplegua eta Gizarte Politikak

Denborazko konpromisoa

Plan honetan bultzatzen diren jarduerekin, guztira 52.000 etxebizitzatan esku hartuko da 2013. eta 2016. urteen artean.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

EBALUAZIOA

Planeko kudeaketa organoak

Etxebizitzaren Sailburuordetza

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Enplegua Sustatzeko 2013-2016 Programak –programa horren barruan dago sartuta Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renove Plana– ebaluazio- eta segimendu-sistema bat definitzen du, finkatutako helburu eta ekintzen aurrerabide-maila neurtzeko eta aztertzeko. Badaude segimendua eta ebaluazioa egiteko beste tresna batzuk ere:

  • Gauzatze-adierazleen txostena: txostenak modu azkarrean ebaluatzen du Etxebizitzak Birgaitzeko Renove Planaren barruan emandako laguntzen gauzatze- eta betearazpen-maila, eta sailaren urteko programaren gauzatze-prozesuaren segimendua egiteko oinarria da.
  • Etxebizitza-politiken urteko ebaluazio-txostena: 2013-2016 aldirako Plan Zuzentzaile berriaren esparruan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egiten duen etxebizitza-politika publikoen ebaluaziorako txostena da.
  • Birgaitze-politikaren ebaluazio-txostena: dokumentu hau sailaren birgaitze-politikaren 2014ko ekitaldiko ebaluazio-txostena da. Etxebizitzen birgaikuntza sustatzea da –alokairu-erregimena sustatzearekin batera– 2013-2016 Etxebizitza Plan Zuzentzaileko bi lehentasunetako bat. Europako irizpideei jarraitzen dien birgaitze-eredu berri iraunkor, sozial, ekonomiko eta parte-hartzailea sustatzeari buruzkoa da planaren 4. ardatz estrategikoa.

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2017/06/30
Azken aldaketa: 2015/12/28