Lehendakaritza

31.- Euskadiko Babes Zibileko Plana

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Plana funtsezko tresna da Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdien kudeaketa antolatzeko, eta ildo horretan, hori planifikatzeko Euskadin jarraitu beharreko irizpide nagusiak ezartzen ditu; horretarako, babes zibilaren erakunde maila guztietako prozesu globala eratzen du eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistema integratzeko bideak arautzen ditu.

Bestalde, Euskadiko babes zibilerako lurralde plantzat ere har daiteke, antolaketa esparru nagusitzat edo arrisku anitzetarakotzat, hondamenezko larrialdiei aurre egiteko, larrialdiok plangintza berezirik ez baina zuzendaritza edo koordinazio autonomikoa behar badute.

Saila

Segurtasuna

Denborazko konpromisoa

Ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bitartez onartu zen eta urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bitartez aldatu zen. Dekretu horren bitartez onartu zen berrazterketa berezi bat egitea Euskadiko Herri Babeseko Planean, «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea - LABI» deritzanean. Mugarik gabeko indarraldia du.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Euskadiko Babes Zibilerako Plana antolakuntza tresna orokor bat da babes zibilaren berezko egoerei erantzuteko; eta horretarako, zuzendaritza edo koordinazio autonomikoa behar duten edozein larrialdiri erantzuteko antolakuntza esparru nagusia jaso ez ezik ‑horixe jaso behar baitu babes zibilerako edozein planek– babes zibilaren maila guztiak eratzen dituzten jarraibideak ere ezarri behar ditu, larrialdiei aurre egiteko euskal sistema bateratu eta bateragarria osa dezaten.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan babes zibilerako plangintza eratu da eta eskema nagusi bat diseinatu da: plan zuzentzaile baten ondoan, lurralde plangintza ere ezarri da, udal eta foru planifikaziorako jarraibide komunak finkatzeko.

Era berean, plangintza berezi bat zehaztu da, teknika eta zientziaren alorrean berariazko metodologia bat behar duten arrisku zehatzei aurre egiteko, baita arloko jarduera programak eta autobabeserako planak ere.

Plangintza sare horren osagarri, zenbait neurri ezarri dira, lagungarri izan daitezen planak bildu eta bateratzen, baita horiek zuzentzeko agintariak eta organoak koordinatzen ere, eta berariazko atal batean jaso da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibilaren antolamendu esparru nagusia.

EBALUAZIOA

Planeko kudeaketa organoak

Planak berak adierazitako pertsonari dagokio planak zuzentzea. Orokorrean, eta bestelako eskuordetzerik ez badago, honako hauei dagokie planak zuzentzea:

  • a) Udal agintariari, udalen planetan.
  • b) Eskumena duen foru agintariari, foru aldundien planetan.
  • c) Segurtasun sailburuari, autonomia erkidegoko planetan.
  • d) Estatuaren ordezkariari, autonomia erkidegoaz gaindiko interesekoa dela izendatuz gero.

Salbuespen gisa, planek aurreikusi dezakete larrialdi mailaren arabera zehaztea planaren zuzendaritza bere gain hartuko duen agintaria zein izango den.

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Euskadiko Babes Zibilerako Batzordea

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Euskadiko Babes Zibilerako Lurralde Plana eguneratzeko eta horren indarraldia eta eraginkortasuna berraztertzeko lanak aldizkakoak edo bereziak izan daitezke.

Urtero berraztertuko da Euskadiko Babes Zibilerako Lurralde Plana, planean jaso daitezen, alde batetik, baliabideei eta partaideei buruzko oinarrizko informazioetan izandako aldaketak, eta bestetik, berrikuntza eta hobekuntzak, mantentze programa garatzean horrelakoen premia dagoela ikusi bada.

Berraztertze bereziko lantzat joko dira izandako esperientzien zein araudian edo antolamenduan izandako aldaketen eraginez egin beharrekoak.

Autonomia erkidegoan izandako larrialdien ondorioz plan osoa edo planaren zati bat abiarazi bada, txostenak egingo dira zergatiez, eraginez eta planak izandako eraginkortasunaz, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeak txostenok aztertu ondoren hobekuntzak edo berrikuste bereziak jaso ditzan planak.

Azken aldaketa: 2016/01/13