Euskadiko Energia Estrategia 2030
- Erakundea:
- Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna
- Organoa:
- Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza
- Egoera:
- Proiektua aribidean
Helburuak
Euskadiko Energia Estrategia da Euskadiko energia-politikaren funtsak biltzen dituen plangintza-tresna, eta oro har 10 urteko indarraldia izaten du. 2020. urtera arteko indarraldiarekin onartutako aurreko estrategia berraztertu da eta euskal gizartearen egoera sozioekonomiko berrira egokitu da, 2030. urteari begira; izatez, azken urteotan aldaketa handiak izan dira araudiari dagokienez zein teknologiaren, merkatuen eta energia kontsumoaren bilakaerari dagokionez –azken urteotan nazioartean zabaldu den ekonomia- eta finantza-krisialdiaren ondorioz–.
Energia-estrategiak, beraz, energia-kontsumo txikiagoko eredu berri baterako eredu sozioekonomikoaren bilakaera progresiboa bilatuko du epe luzera, batik bat industriari, etxebizitzari eta garraioari dagokionez. Kontsumo hori energia berriztagarrietan oinarrituko da, energia-bektore nagusi gisa. Epe luzerako helburu hauek planteatu dira: 2050ean energia-erabileretarako petroliorik ez kontsumitzea, mendearen amaieran erregai fosilik eta berotegi-efektuko gasen isuririk ez duen kontsumoa eta 2050. urtean 2005. urtean sortzen ziren berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murriztea.
Ikuspegi horrekin, epe luzerako helburuen bidez, gero eta karbono gutxiagoko energia-sistema lehiakorra lortu nahi da. Hauek dira helburu orokorrak:
- Efizientzia energetikoko jardunak gehitzea sektore guztietan, energia-kontsumoaren maila mugatzearren.
- Energia-sistema lehiakorra eta iraunkorra mantentzen laguntzea eta energia berriztagarrien aprobetxamendua gehitzea.
- Ikerketa-arlo lehenetsiak ezartzea, baliabideak identifikatzea, eta energiaren alorreko teknologia eta industria garatzea.
Euskadik, bere energia-politika duenez geroztik, aurrera egin du energia-efizientziaren eta hornikuntzaren segurtasunaren bidean, eta, hartara, bide horretan aurrera egiteko zenbait jardun-ildok osatzen dute Euskadiko Energia Estrategia. Jardun-ildo horiek hainbat esparrutan banatzen dira:
- Energiaren eskaria murriztera bideratuko diren jardun-ildoak ezarri dira, eta, horretarako, kontsumo-mailak murriztuko dira, energia berriztagarriak erabiliko dira, energia-hornikuntzako beste aukera batzuk erabiliko dira edota energia-sistema optimizatzeko kudeatuko da eskaria.
- Garraioaren sektorea
- Industriaren sektorea
- Eraikinak eta etxebizitza
- Lehen sektorea
- Administrazioa
- Era berean, merkatuak gainbegiratzearen eta energia-hornikuntzaren arloko jardunak hartu dira aintzat, tokiko hornikuntzaren ahalmena zehazteko azterketak barne.
- Teknologiaren eta industriaren garapenari dagokionez, abangoardiako energia-teknologietan berritzeko euskal industriari sortzen zaizkion etorkizuneko aukera berriak baliatzera zuzentzen diren ildoak ere jaso dira.
Atxikitzen zaion plana
Jarraipen- eta azterketa-plana
Energia-esparruaren bilakaera eta Estrategiaren aurrerapen-maila zein diren jakiteko, Estrategia horretan bildutako neurrien eta ondorioen inguruko aldizkako kontrol- eta jarraipen-mekanismo bat ezarri behar da. Estrategian ezarritako helburuak eta denboran zehar benetan lortutako emaitzak alderatzeak ahalbidetuko du estrategia kontrolatzea; horrela, egon daitezkeen desbideratzeak antzeman eta neurri zuzentzaileak proposatu ahal izango dira.
Jarraipen Planaren elementuak honako hauek izango dira:
- Urteko jarraipen-txostenak, Estrategiaren esparruan urtean eginiko jardunen eta energia-esparruan gertaturiko aldaketen laburpena ez ezik, ezarririko helburuei dagokienez jarraipen-adierazleek izaniko bilakaera ere jasoko dute arestian aipaturiko txostenek.
- Tarteko ebaluazio-txostenak, hiru urtean behin egingo dira. Ebaluazio-txostenetan, jarraipen-txostenetako informazioa biltzeaz gain, jardunak egiterakoan gertaturiko desbideratzeen eta adierazleen ebaluazioa ere egingo da, horietarako neurri zuzentzaileak proposatuz.
Txosten horiek Energiaren Euskal Erakundeak egingo ditu informazio-iturri ezberdinen informazioa bilduz, hala nola energia operadoreena, energia kontsumitzaileena eta erakundeena.
Jarraipen-adierazleak Euskadiko energia-egoeraren errealitatea islatuko duen eta egindako jardunen eta horien inpaktuaren neurriaren berri emango duen kalitatezko informazio sendoan oinarrituta egongo dira. Adierazle horiek aginte-koadro batean biltzen dira, eta honako alderdi hauek hartzen dituzte kontuan:
- Energia-eraginkortasuna
- Petrolioarekiko eta erregai fosilekiko mendetasuna
- Energia berriztagarrien aprobetxamendua
- Energia elektrikoa hornitzeko egitura
- Garapen teknologikoaren arloko jarduerak
- Ingurumen-inpaktua
- Inbertsioak eta laguntzak
Urtero, Ihoberekin lankidetzan berotegi efektuko gasen eta beste kutsatzaile batzuen emisioak kalkulatuko dira. Gas kutsatzaileen artean, nitrogeno oxidoak, sufre dioxidoa, karbono monoxidoa eta partikulak ditugu.
Bost urtean behin, Energia Estrategiaz hausnarketa bat egingo da, teknologiaren, gizartearen, legediaren edo europar politiken aldaketek izan dezaketen eragina aztertzeari begira, eta behar izanez gero, hura moldatzeko; baita Euskadiko politikek ezartzen dituzten iraunkortasun helburuekin bat etortzeko ere.
Eremua
Energia-politikaren egoerak 2030
Euskadiko epe luzeko energia-eszenatoki ezberdinak ere aztertu dira. Energia-eraginkortasun programak aplikatzeko eta energia berriztagarrien aurrerapeneko intentsitate-maila ezberdinen arabera aplikatzen dituzte horiek energia-politika neurriak; horrez gain, helburu maila ezberdinak eskatzen dituzte, bai eta lortzeko inbertsio-ahalegin maila ezberdinak ere.
2030 energia-politiken eszenatoki objektiboak ahalegin handia eskatzen du proposatutako xedeak erdiesteko, batez ere atomizatuagoak diren eraikinen eta garraioaren sektoreetan. Kontuan hartutako energia-politikaren gakoak, hauek izan dira:
- Energia-eraginkortasunaren sustapena maximizatzea, eta euskal industrian energia berriztagarriak baliatzeko instalazio berriak txerta ditzaten laguntzea; horretarako, sektorean aurrezteko dauden aukerak baliatu, eraginkortasun handiko instalazioak berritu eta instalazio berriak gehituko dira, hori guztia haien energia-kostuak murriztea azken helburutzat hartuta, eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetuta.
- Energia aurrezteko jarduerak ez ezik, eraikinetan energia berriztagarriak baliatzeko instalazioen ekipamendua handitzeko jarduerak ere areagotzea; era horretan energiaren faktura murriztu ahal izateko, batez ere euskal administrazio publikoaren eraikinei eta argi publikoei dagokienez.
- Garraio eta mugikortasun jasangarrian aurrera egitea –sektore honetako jarduerek epe luzeko egiturazko aldaketak behar dituztela aintzat hartuta– erabilera arrazional eta jasangarriagoa eginez, garraio publikoa sustatuz edo petrolioaren ordezkoak baliatzen dituzten ibilgailuak eta kontsumo espezifiko txikiagoa dutenak pixkanaka gehituz.
- Elektrizitate-sorkuntzako parkearen jasangarritasuna hobetzea berriztagarrien eta kogenerazioen instalazio berriak erantsiz, sorkuntza banatua handituz eta autokontsumoa sustatuz.
Parte-hartzaileak eta eragileak
3E2030 plana. Kontsulta publikorako dokumentua (PDF, 2 MB) 2016ko uztailaren 7koa
Ingurumen Azterlan Estrategikoa. Kontsulta publikorako dokumentua (PDF, 3 MB) 2016ko uztailaren 7koa
Azken aldaketako data: