3. ardatza: Antolaketaren egokitzapena
Hirugarren ardatz estrategiko honek premia bati erantzuten dio: administrazioaren antolaketa-egitura herritarren egungo beharrizanetara egokitzekoari, bai eta administrazio elektronikoa ezartzearen eta kudeaketa-sistema berriak martxan jartzearen ondoriozko lan egiteko modu berrietara ere.
Era berean, ardatz estrategiko honen helmena handiagotu egin da; izan ere, lanpostuen profilak eguneratu behar dira, funtzio berriak eta lanpostu bakoitzari dagozkion eskakizunak barne hartzeko, eta horiek gauzatzeko ardura duten langileak prestatu behar dira.
Gainera, ardatz estrategiko honetan barne hartuta dago administrazio elektronikoko zerbitzuen antolaketa-euskarria sortzea, bai Eusko Jaurlaritzan zeharka bai sailetan eta sektoreetan; izan ere, antolaketa-euskarri hori izatea funtsezko premia da egungo digitalizazio-mailarekin, eta euskarri hori ez izateak zailtasun handiak dakartza administrazio elektronikoa antolaketa osoan behar bezala ezartzeko garaian.
Bestalde, ardatz honen asmoa ere bada administrazio orokorra eta sektore publikoa dimentsionatzeko proiektua gauzatzea, horien egitura berrantolatzeko eta sinplifikatzeko eta gastu publikoa murrizteko.
Azkenik, ardatz honetan barne hartutako beste proiektu batzuen helburua administrazioaren barneko digitalizazioan aurrerapausoak ematea da; adibidez, paperaren ordez pixkanaka euskarri elektronikoa erabiltzea, ematen diren zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta administrazioaren funtzionamendua eraginkorragoa izateko bitarteko gisa.
Helburuak:
- Hauek dira 2014-2016 epealdirako BPPren helburuak antolaketaren egokitzapenari dagokionez:
- EAEko sektore publikoaren egitura berrantolatzea eta sinplifikatzea:
- %25 murriztea erakunde publikoen kopurua.
- %20 murriztea haien zuzendaritza-egiturak.
- Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoa Dimentsionatzeko Plana egitea, helmen handikoa, 2014ko abendurako.
- Kudeaketa-prozesu horizontalak ordenatzea, sinplifikatzea eta estandarizatzea.
- Zerbitzu horizontalen antolaketa-egitura arrazionalizatzea.
- Antolaketa-egitura egokitzea eta lanbide-profilak eguneratzea administrazio elektronikoaren ondoriozko lan egiteko modu berrien eskakizunen arabera:
- Profilak eta lanpostuak berrikustea 2014ko abendurako.
- Pixkanaka beharrezko hornidurak sortzea.
- Lurralde-antolaketa egokitzeko ikerketa egitea 2015eko ekainerako.
- Intranet berria ezartzea 2015eko abendurako.
- Paperaren ordez haren baliokide elektronikoa erabiltzea Eusko Jaurlaritzako administrazio-prozeduretan
Abendua 2014 | Abendua 2015 | Abendua 2016 | |
Digitalizatutako prozeduren % | 5% | 20% | 50% |
Digitalizatutako espedienteen % | 25% | 50% | 75% |
Proiektuak:
Proiektu hauek osatzen dute 3. ardatz estrategikoa:
- Administrazio orokorra eta sektore publikoa dimentsionatzea
- Zerbitzu horizontalak arrazionalizatzeko ikerketa egitea
- Lanbide-profilak eguneratzea
- Lurralde-antolaketa egokitzeko ikerketa egitea
- Intraneta eta barne-kudeaketa elektronikoa hobetzea
Aurreko esteken bidez proiektu bakoitzaren informazio xehatua koltsulta daiteke, hala nola proiektuen jarraipenaren informazioa ere bai.
Bestalde, PIParen blogean ere ardatz honen proiektuei buruzko informazioa argitaratu da.