"Foto Pascual" argazki funtsa
Jose Pascual Gorriti Donostiako Antigua auzoan jaio zen. Foto Pascual argazki-estudio eta -laborategia sortu zuen 1928. urtean Astigarragan, gehien bat erretratuak, lehen jaunartzeak, ezteiak, gizarte-gaiak, familia-argazkiak eta horrelakoak egiteko. Erretratugile petoa izan zen, ikertzaile eta aitzindaria, langile nekaezina, artista hutsa eta argazkilarien maisua. Bizitza osoa argazkigintzari emana pasa zuen.
Lanbide ez ezik, gozabide ere izan zen argazkigintza Jose Pascual Gorritirentzat. Hura baliatzen jakin zuen errealitatea harrapatzeko eta paisaiak eta sentimenduak islatzeko..., bere lurraldea, bere herria.
Garai hartan Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresa askok bizi zuten loraldia zela-eta (makinagintza, altzarigintza, armagintza, moda, lokomozioa, galdategiak...), horien inguruko eskaera handiak bultzatuta argazkigintza industrialari ekin zion 1950. urtean Jose Pascual Gorritik, eta argazkietan jaso zituen orduko fabrikak, eraikinak, makinak, herritarrak, lan egiteko moduak, langaiak eta abar. Harrez geroztik, beti bizi izan zen argazkigintza dokumentalari lotua. Interes bizia agertu zuen bere inguruko arkitektura industriala erretratatzeko, eta irudi urbanoak eta industrialak bildu zituen, ez bakarrik orduko testigantza zuzena emateko, baita ere, denboraren joanean, oroimena berreskuratzen laguntzeko.
Denbora gogor haietan, baliabide edo teknologia berrietatik hain urrun, argazkilari “irudigile” artista honek, batean ezteietako erretratu soilei eta hurrengoan maila goragoko lanei ekin behar izaten zien, lan on bat egiteko laborategian maneiatu behar den antze majiko hori baliatuz. Ikertu, bilatu, erretratatu..., eskulan hutsez ondutako irudiak lortu zituen. Eta sentiberatasun eta artista-sen aparteko bat erakutsi zuen, bai argitasuna atzemateko bai errealitatean bidaiatuz hura zizelkatu eta betikotzeko.