Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

15. Pasai Donibaneko alde zaharra (Pasaia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Itsasoak eta itsasoarentzat sortutako herria

XIV. mendearen amaieran eta, bereziki, hurrengoan, biztanle berriak kanalaren ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzak kolonizatzen hasi ziren. Erdi Aroan Pasaiako badiako itsasertzeko herri bakarra Lezo bazen, pixkanaka etxe, ontziraleku, amarraleku, plaza eta beste azpiegitura batzuk eraikitzen hasi ziren: erliebe zail batera egokitutako herrien itxura hartuz joan ziren.

Hondarribiko herriaren jurisdikzioaren barruan sortu zen Pasaiaren kasuan (mendebaldean), hasiera batean Lezo herriari lotuta zegoen, bai politikoki bai erlijioari zegokionean. Bertako korporazioa lortu zenean, XV. mendearen amaieran, eliza-autonomia lortu nahian ibili ziren, eta azkenean lortu zuten: 1545ean Erriberako San Joan eliza Lezokotik banandu zen. Azkenik, parrokia gaur egungo kokalekura aldatu zuten, eta haren ordez Bonantzako Santo Kristoren basilika eraiki zuten.

Badiara sartzeko kanalagatik hartu zuen izena herriak, pasaia, dela mendien arteko pasabidea zelako, dela ur-bide estua gurutzatu behar zelako mendebaldeko eta ekialdeko zatiak lotzeko. Edonola ere, Pasai San Pedro eta Donibanek herri gisa aurrera egin zuten, batetik, kokapen estrategikoari esker, eta, bestetik, badia babestuak eskaintzen zituen aukerei esker. Errege-ontziolak bertan kokatuta egoteaz gain (eta hark zekartzan hainbat jarduera osagarri), datu esanguratsu bat da Gipuzkoako eta Lapurdiko baleontzi eta bakailao-ontziek negua igarotzen zutela itsasertz horretan ainguratuta.

1770ean Pasaiako ekialdeko zatia Hondarribitik banandu zen, eta 1805ean Donostiakoa; biak elkartu eta udalerri autonomo bat eratu zuten.

Aro Modernoaren irudi bat

Litekeena da argazkietan maizen agertzen den Gipuzkoako herrietako bat Pasai Donibane izatea. San Pedron ez bezala, XX. mendearen erdialdetik aurrera arrantza- eta portu-jarduera berrien garapenak ez zuen eragin handirik izan Donibanen. Horregatik, itsasertzeko etxeen itsas aurrealdeak iraganeko garaira eramaten gaitu.

Herriko alde zaharra kale bakar baten alboetan antolatzen da: albo batean, mendiaren kontra eraiki ziren etxeak eta, bestean, itsasertz gainean altxatzen zirenak. Eraikin gehienak Jaizkibel mendiako hareharrizko harlanduz eginda daude. Muino garai batean San Joan parrokia dago. 1643an kontsakratu zen eta Erriberakoa ordeztu zuen. Santa Ana ermitatik, halaber, kanala begiz beha daiteke. Haren lehen berriak 1575ekoak dira, eta portada errenazentistak tenpluaren eraikuntza-estiloa erakusten du. San Pedrora eramaten gaituen txalupa hartzen dugun ontziralekuaren ondoan, Pietateko Ama Birjinari eskainitako guruztoki bat dago. Kalearen hondoan, plaza zeharkatuta, Bonantzako Santo Kristo ermita dago. Parrokia zaharraren hondarren gainean eraiki zen estilo neoklasikoan. Nabarmentzekoa da kanalera ematen duen fatxadako atean aurki ditzakegun grabatuak: garai bateko ontziak irudikatzen dituzte.

Kalean barrena goazela, itsas jarduerekin lotutako leinuenak izandako eraikin zibil ugari daude, hala nola Arizabalotarrena, XVIII. mendean parrokiaren aurrean eraikia. 41. zenbakian beste eraikin interesgarri bat dago, XVI. mendekoa, beheko solairua harlangaitzez egina, eta goikoa adreiluz eta zurezko bilbaduraz. Villaviciosatarren jauregia, aipatutako guruztoki edo santutxoaren ondoan, estilo errenazentistan eraiki zen XVI. mendean. Era berean errenazentista da Miranda etxea, jaurerri itxurakoa, eta itsasertzean ontziralekurako sarreraren ondoan egoteagatik alde askotatik ikus daiteke. Gabiria etxea ere azpimarratuko dugu. XVII. mendean eraiki zuten, eta ezaguna da Victor Hugo idazle frantsesari ostatu eman ziolako 1843an (egun museo bat da). Plazan ondare-interesa duten hainbat etxe daude, eta bertan Udaletxea nabarmentzen da, 1735ean eraikia.

Partekatu

unesco