39. Oteoko gunea (OTEO, KANPEZU)
5. ETAPA: ALDA • SANTA CRUZ DE CAMPEZO
Hiribildu bat bidean
Oteo toponimoaren lehen aipamen dokumentalek Erdi Arora garamatzate: horietako bat XII. mendekoa da, 1182. urtekoa, Nafarroako erregeak Antoñanari forua eman zionekoa, hain zuzen ere. Dokumentu horretan Oteo Antoñanaren barruan geratzen zela aipatzen zen. Geroago, 1256an, Alfontso X.a Jakituna Gaztelako erregeak Santikurutze Kanpezukoari hiri-gutuna eman zion Errege Zedulan, hiribilduaren lurrak mugatzean Angosto Oteyo toponimoa ageri da.
Oteo Goi Erdi Aroko komunikabide batek zeharkatzen zuen, Nafarroa (Harana zeharkatuz) eta Kanpezu lotzen zituena, zan ere, hiribildua bide horretako salgaien eta bidaiarien zirkulazioa kontrolatzeko sortu zen. Geroago, XV. mendean, Henrike Trastámarakoak Rojastarren leinuari eman zion jaurerria, eta María Rojaskoa Álvaro Mendoza Guzmanekin ezkondu zenean, Orgazko Kondeen eskuetan amaitu zuen.
1678ko urtarrilean herritarrek Karlos II.ari hiribildua erosi zioten, eta baita “berezko hiribildu” izendapena ere; bere autonomia mantendu zuen Kanpezuko Udalarekin batu zuten arte.
Oteo herrigunea
Oteo hiribildua Arana eta Kanpezuko haranen artean dago, mendi-mazela baten gainean kokaturik, eta bere hirigintza, etxe exentuez osatua, orografia malkartsuari egokitzen zaio. Herrigunearen goiko aldean San Joaneko Andre Maria ermita dago, eta bertatik herria ikus daiteke. Tenpluak hiru ataleko nabe bakarra du: lehenengo biak nerbiodun gangez estalita daude eta azkena mentsuletan bermatzen diren ertz-ganga batez. Aipagarria da XVII. mendeko erretaula, non San Joaneko Andre Mariaren eta Haurraren XIII. mendeko irudia nabarmentzen den.
Herriaren behealdean San Mames parrokia-eliza dago. Jatorria XII. eta XIII. mendeetan izan arren, gehiena XVI. mendean berritu zen. Areto-oinplanoa du, gurutzadurarekin, eta harlangaitz-hormaz eraikita dago. Iparraldeko hormari atxikita eta gaur egungo elizaren sarreraren ondoan, oinplano poligonaleko kanpandorrea ageri da: lehen atala harlangaitzezkoa da, izkinak harlanduzkoak ditu eta gezileihoak ditu; bigarrenean, berriz, harlanduzko hiru arku daude, kanpaientzat. Hegoaldeko fatxadan antzinako portada dago, erdi-puntuko arku dobelatua duena, eta erdian, armarria eta okulu bat ageri dira, biak estilo gotikokoak (aur egun hormatuta daude). Barrualdean, nabearen estalkia gurutzeria gotikokoa da. XVI. mendeko erretaula errenazentista nabarmentzen da: erdiko kalean eskulturak ditu eta alboetan erliebeak; San Mames du buru, ermitau jantzia soinean duela.
Herrigunean zehar eraikin zibil interesgarri batzuk ikus daitezke, hala nola eskola zaharra, herrigunean kokatua, frontoiaren ondoan. XX. mendearen hasierako eskola publiko mistoa izan zen, estilo neoeuskaldunari jarraituz eraikia. Handik gertu, latsarri zahar bat dago, berriztatua. Beste elementu aipagarrienetako bat Ruiz de Aldatarren etxea da, Erdiko kalean dagoena. Erdi-puntuko arkudun atea eta leiho gotikoak ditu, eta batez ere, familiaren armarria nabarmentzen da: fatxada nagusiko lehen solairuan dago, eta alboetan burdinazko barandadun bi balkoi ditu.
Azken aldaketako data: