Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

27. Orioko alde zaharra (Orio)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Marinel bokazio handiko ibai-portua

Gizakiak okupatutako eremu gisa, Orioren lehen erreferentziak XII. mende erdialdekoak dira, Nafarroako errege Gartzea Berrezarleak Igeldon eta Orion zituen hainbat saroi (animalientzako kokaguneak) eman zizkionean Leireko monasterioari. Orioko lehen eremu horretan laster nabarmendu zen San Nikolas elizaren inguruan kokatutako komunitatea, balio estrategiko handiko tokian baitzegoen. Tenplua eta haren komunitatea harkaitz baten gainean kokatuta zeuden; handik Oria ibaiaren ibilbidea eta itsasoratze-bokalea ikus zitezkeen, eta harkaitzaren oinetan portu gisa erabiltzen zen senadi bat zegoen. Leku horretan, gainera, nasa bat zegoen, Igeldon barrena Donostiatik iritsitako ibiltarientzako igarobidea errazteko, Oria zeharkatu ondoren Aiako lurretatik pasata Zarautz aldera zihoan bideari jarrai ziezaioten.

Orioko San Nikolas herrixka Donostiako jurisdikziopean zegoen XII. mendeaz gero, eta bidegurutze garrantzitsua zen itsaso, ibai eta lurreko merkataritza eta komunikaziorako. Egoera horrek bere ekonomia-garapena ekarri zuen; adibidez, 1294an, hiribildu maila iritsi baino ia 100 urte lehenago, inguruko burdinoletan landutako burdinaren errentak jasotzen zituen Oriok, mineral hori bere portutik esportatzeagatik. Hala, itsas jardueren garapenak (burdin esportazioa, balearen ehiza eta ontzien eraikuntza, besteak beste) ekonomia- eta gizarte-garapen handia ekarri zuen, eta horri esker, Gaztelako Joan I.aren gortera hurbildu eta 1379an erregeak hiribilduaren hiri-gutuna ematea lortu zuten. Aurrerantzean Villarreal de San Nicolas de Orio izena jasoko zuen. Hala, hiribilduko biztanleek inguruetako jauntxo batzuen asmo handinahiei aurre egiteko erreminta jurisdikzionalak eta politikoak eskuratu zituzten; izan ere, jaun batzuek merkataritza-trafikoa eta itsasadarreko arrantza-baliabide aberatsak bereganatu nahi zituzten. Hiri-gutunari esker, bere jurisdikzioaren baitako hainbat erabaki hartu ziren: merkataritza-trafikoa udal errenterian zentralizatu zuten, eta izokin arrantzaren zein Oria ibaiko arrantzaren monopolioa izan zuten.

Tokiko arrantza jarduerak aurrera eramateko ezintasunaren aurrean (itsasadarrean barra arriskutsua baitzegoen), oriotarrek etxetik oso urrun bilatu zuten bizitzeko beharrezko zutena. XVI. mendean zehar, Ternuako bakailao- eta batez ere balea-espedizioetan parte hartu zuten bete-betean. Mende horren bukaera aldera balea ehizak Ternuan nabarmen behera egin zuenean, Orioko baleontziak Galiziarako eta Asturiaserako balea-espedizioetan nabarmendu ziren.

XVI. mende bukaera eta XVIII. mende bukaera artean, Orio, Usurbil eta Aiako jurisdikzioetako ibai-eremua, Pasaiako badiarekin batera, Espainiako Monarkiaren galeoi handi eta gerra-ontzien eraikuntzako eta merkataritzako gune bilakatu zen. Bere harmailatik abiatu ziren Ameriketako zilarra ekartzen zuten galeoi eta barkuetako asko, bai eta Armadan borrokatzen zirenak ere. XIX. mende hasieratik aurrera, Orioko ontzi-eraikuntza tokiko eta probintziako eskarietara (arrantzontziak eta garraio-ontziak) bideratu zen. Ontziola tradizional horien jarduera XX. mendearen 2. erdira arte luzatu zen, orduan itxi baitziren azkenak.

Monumento-multzo bikaina

Orioko alde zaharreko hiri-egituraren ezaugarriak mendi-magaletan kokaturiko hiribilduetan ohikoak dira: aldapa handiko kaleek alde zaharreko goiko aldeak eta behekoak lotzen dituzte; Nagusia eta Oa Almirantea kaleak. Beste batzuk zeharkako kaleak dira: Iturbide, Antxiola eta Aritzagakalea.

Erdi Aroko eremu honetan, XV. mende bukaera eta XVIII. mendeen artean eraikitako eraikin-multzo bikain bat aurkitzen da, eta estiloari dagokionez, kanon gotiko, errenazentista, barroko eta neoklasikoei jarraitzen diete. Bariko San Nikolas parrokia errenazentista bikainak eragiten duen zirraraz gain, alde zaharreko kaleetan barrena goazela ezinbestean sentitzen dugu hiri paisaia hori aberastasun baten fruitua dela: goian aipatutako itsas jarduerek mendetan zehar Orion izan zuten garapen handiak sortutako aberastasunarena, hain zuzen ere.

Partekatu

unesco