Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

123. Orconerako kargalekua (Barakaldo)

ETAPA 7: BILBAO • PORTUGALETE

La Orconera Iron Ore

Bizkaiko meatzaritzaren urrezko hamarkadetan, XIX. eta XX. mendeetan, burdin minerala garraiatzen zuten itsasontzien joan-etorriak etengabeak izan ziren Bilboko itsasadarrean: batez ere, Olabeaga eta Portugalete bitartean; izan ere, tarte horretan kokatzen ziren mineralaren zamalekuak. Hainbat jatorritako barkuak iristen ziren bertara (Frantzia, Alemania, Norvegia, Suedia, Belgika, Holanda, Grezia, etab.), baina ezbairik gabe Ingalaterratik etortzen ziren batez ere, herrialde hori izan baitzen industria-jarduera hori benetan dinamizatu zuena. Zamaleku horiek lurreko garraioaren azken kate-begia ziren: burdin minerala trenez iristen zen inguruko mendietatik, eta lehengai preziatua barkuetan zamatzen zuten Europako siderurgietara esportatua izan zedin.

Jarduera handi horren aztarna gisa gaur egun bi zamaleku baino ez dira geratzen Barakaldo pareko itsasadarrean. Orconera Iron Ore konpainiakoa da adibiderik azpimarragarriena.

La Orconera Iron Ore 1873an sortu zen Londonen, eta honako konpainia hauek osatzen zuten: batetik Ibarra Hermanos y Cía, bestetik Dowlais Iron Company eta Consett Iron Company Limited ingelesak, eta Krupp alemaniarra. Ibarra Hermanos y Cía konpainia Triano-Matamoroseko meategi-barruti aberatsenaren jabe zen. Orconeran sartzeari esker, errentan utzita ustiatu ahal izan zuen eta minerala bazkideei saldu, enpresako %25eko partizipazioaren truke. Garai hartan Bizkaian ezarritako siderurgia-konpainia europarrik garrantzitsuena izan zen, eta XIX. mendeko 90. hamarkadan Bizkaiko Meatzaldean lortzen zen budinaren bost zatitik bat baino gehixeago ekoizten zuen.

Ekoizten zen mineral guzti hori kontsumitzaileengana (Europako merkatura) gerturatzea beharrezkoa zen, eta helburu horrekin trenbidea egin zuten porturaino. Orconerako trenbide hori Azken Karlistaldiaren ondoren egin zen, eta 1877an inauguratu. Tren linea berriak Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra eta Matamoroseko meategiak komunikatzen zituen 10 km-ko ibilbide malkartsuan barrena: 200 m-ko aldapa saihesteko 8 tunel zituen. Merkantzia-trafiko oso handia jasaten zuenez, trenbide bikoitza zuen ezinbestean: izan ere, noranzko bakoitzean egunean 50 tren izatera iritsi zen, eta kopuru hori ez zen batere ohikoa XIX. mende amaierako euskal trenbide sarean.

Itsasadarreko lekukoa

Trenbidearekin batera, Orconera Iron Ore konpainiak zamaleku eraiki zituen 1877an, eta Orconerako zamalekua multzo horretako azken lekukoa da. Teknikoki hainbat arazori konponbidea ematen zien: trenbidearen eta zama-barkuetako ontzigainaren arteko 6 bat metroko koska gainditzea, eta bagoi beteak itsasadar barruraino sartzea. Horretarako, egurrezko azpiegitura sendo batzuk eraiki zituzten, bai lurrean bai itsasadarraren hondoan sakon finkatutako zutikoei esker eusten zirenak. Zutikoen indarrak banatzeko jabaloiak eta besoak zituzten, buloi eta metalezko kartelen bidez sortetan elkartuak. Geroago, itsasontzien edukiera 2000 tonara iritsi zenean, gaztelutxo bat eraiki zuten goiko plataforma handitzeko: burdinazko euskarri bat zuen, gainean kokaturiko oholezko zoruari eta trenbideari eusten ziena, eta ertzean taula mugikor bat. Gaztelutxoari esker, halaber, isurgailuaren ordez hodi teleskopiko bat jarri zen, altueraren arabera egokitu zitekeena, minerala itsasontziaren sotoan sartzeko. Beharrak aldatuz joan ziren eta haiei erantzuteko, konpainiak zamaleku berria eraiki zuen: metalezko egitura zuen, eta egunean 5000 tona mugitzeko zinta garraiatzailea.

1951 urtean Orconera konpainia Bizkaiko Labe Garaien esku geratu zen, eta urte horretan egin ziren azkenekoz konponketak zamalekuan. Gaur egun azpiegitura honek zutik dirau: industria-krisialdiaren ondorioz, zamalekua Plastificantes de Lutxana konpainiak hartu zuen 1974an, eta 2007ra arte erabili zamalanak egiteko. Geroztik, hala ere, hainbat sute izan ditu.

Partekatu

unesco