Lehendakaritza

Ohorezko Goraipenak

Berdintasun-printzipioa sakon sustraituta dago euskal gizartean: gizaki guztiak, gizaki izate hutsagatik, berdinak dira Legearen aurrean; printzipio hori da Giza Eskubideen Aldarrikapenaren oinarri, eta horixe da gaur egun gizarte modernoen bereizgarri.
Euskal tradizio juridikoak erakusten du euskaldun guztiak tradizioz eta eurek bozkatutako Legez direla Aitoren seme, eta honako hau aitortzera ere iristen dira: "euskal nobleziaren garrantzia bere Unibertsaltasunean datza. Aintza guztiona da".

Izan ere, Euskadin berdintasuna mendez mende etengabe iraun duen tradizioa da. Gure arbasoek belaunaldiz belaunaldi izan dira langile zintzo eta nekaezinak, eta etengabeko lan horri esker arlo guztietan nabarmendu dira; horrela goretsi dute gure jatorrizko noblezia.
Dena den, ametsak amets, erabateko berdintasuna utopia hutsa da eta, azken batean, giza legea da, balio duen gizakiak aurrera egiten du. Euskadin, mendebaldeko herria eta modernoa izanda, gizaki guztiak jaiotzen dira berdintasunean, gizarteak guztiei aukera berberak eskainita. Baina, izaten dira gure artean nabarmentzen diren herritarrak. Gizarte-goraipamenak, beraz, jendaurrean eskerrak emateko izaten dira, pertsona batzuen ekintza edo jokabide eredugarriak publikoki nabarmendu eta goresteko, alegia..

Gainera, jendeak beharrezko ditu sinboloak; itxaropenak, asmoak eta helburuak zeintzuk diren argitzeko sinboloak; etorkizuna urratzeko bideak. Eta, etorkizun-bide horretan aurrera egiteko, garrantzizkoa da Euskadin sinbolo horiek gizakiak eurak izatea; kemenez eta borondatez beteta dauden pertsonak, arriskuak beren gain hartu eta erronkei aurre egiteko gauza diren pertsonak, lanari erabat loturik, gizartearekin elkartasunez jokatzen dutenak.
Berdintasunaren euskal tradizio horrez gainera, eguneroko jardunean eta bizitza osoan lan goresgarria egin duten pertsonak goraipatzeko ahaleginak dira hemen jasotako goraipamen eta ohoreen iturburu, gure gizarte osoan indartu daitezen borondatea, lana, elkartasuna eta esker ona..

236/1996 Dekretua, urriaren 22koa, Eusko Jaurlaritzaren goraipamenak eta ohoreak ematea arautzeko dena.

 

Gernikako Arbolaren Gurutzea

Bere helburua hau da: Euskal Herrikoak izanda edo euskal jatorria izanda -izaera politiko hori izan zein ez-, Euskadiren nortasuna defendatzen eta berreskuratzen nabarmendu direnei eta, orokorrean, gizarte, ekonomia eta kulturaren alorrean egindako lan bikainagatik eta lortu duten ospeagatik nabarmendu direnei saria ematea.

 

Lan Onari

"Lan Onari" tituluak esker ona ematen die beren lanbidean nabarmendu diren euskal herritarrei, beren merezimenduak ageri-agerikoak izanda, eguneroko lanean etenik gabe, bete-betean eta erabat sartuta jardun dutelako.

 

Lagun Onari

"Lagun Onari" tituluak esker ona eman nahi die Euskal Herrikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik.