OHAR TEKNIKOA: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedura guztien esparruan aurkeztu beharreko gutxieneko dokumentazioaren zati gisa tasa ordaintzeko nahitaezkotasunari buruzko argibideak (lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduraren kasuan salbu).

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen azken xedapenetako lehenengoak kapitulu berri bat (II.a) gehitzen du irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateginean, IX. tituluan, lurzoruaren kutsadura saihestu eta garbitzearen arloko jarduketak egiteagatiko tasak ezartzeko.

Zehazki, ezartzen du tasa honen zerga-egitatea ingurumen-organoaren zerbitzuak ematea edo lurzoruaren kutsadura saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko zerbitzuak ematea eta jarduerak egitea dela. Hona hemen jarduera horiek:

  1. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran, ingurumen-organoak honako erabaki hauek ematea:
    1. Lurzoruaren kalitatearen ikerketetako balioztatze-txostenak, aurkeztutako ikerketa-txostenak nahikoa ez izateagatik.
    2. Hondeaketa baimentzen duten ebazpenak.
    3. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioak.
    4. Lurzorua leheneratzeko plana onartzeko ebazpenak.
    5. Lurzorua leheneratu dela ziurtatzen duten ebazpenak.
  2. Lurzoruaren erabilera-gaitasuna adierazten duen ebazpena ematea.
  3. Salbuespenezko ebazpena ematea.
  4. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta leheneratzeko entitate izateko baimena ematea.
  5. Lurzoruaren kalitatea ikertu eta leheneratzeko entitate izateko emandako baimenak aldatzeko eskaerak bideratzea, baimenaren irismena handitzeagatik eta/edo proiektuaren buruak eta arrisku-aztertzaileak gehitzeagatik, horien gaitasuna aldez aurretik balioztatu ez bada.
  6. Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan egindako kontsulten inguruko erabakia ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateginaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera, subjektu pasiboek autolikidazio bidez zehaztu eta ordaindu beharko dute zerga-zorra, dagokion jarduketa eskatzen den unean. Dena den, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozeduretan, organoak finkatuko du sorrarazi beharreko tasaren zenbatekoa, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean.

Bere aldetik, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak lurzoruaren kalitatearen arloko prozeduren arau erregulatzaileak ezartzen ditu, eta xehetasunez arautzen ditu aipatutako prozeduretatik salbuesteko kasuak.

Hala, lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozeduren hasiera arautzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 2. artikuluak adierazten duenez, prozedura hasteko eskaerarekin batera, beste dokumentu batzuk aurkeztu behar dira, dagozkion tasen ordainketan hobariak aplikatzeko eskubidea egiaztatzen duena barne, hala badagokio.

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 11. artikuluak honako dokumentu hau, besteak beste, aurkeztu beharra jasotzen du: lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioaren prozedura hasteko: c) Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, aplikatzekoak diren hobariak ezarrita hala badagokio.

Ildo beretik, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 18. artikuluak 1. apartatuan ezartzen duenez, «salbuespen prozedurak abiatzeko nahitaezkoa izango da dagokion tasak ordaintzea, betiere aplikatu beharreko araudiaren arabera».

Beraz, dagokion tasa nahitaez ordaindu behar duten prozeduretarako , aipatutako araudiaren arabera, tasa ordaintzeko eskatuko dio ingurumen-organoak jarduketen sustatzaileari, dagokion jarduketaren eskaera egiten den unean, eta horren ordainagiria prozedura horietan aurkeztu beharreko gutxieneko dokumentazioaren parte izango da (lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozedura izan ezik, bertan sortuko den tasaren zenbatekoa organo horrek finkatuko baitu prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean).

Ondorioz, aplikatu beharreko arauan erregulatutakoaren arabera, aipatutako prozeduretan (lurzorua erabiltzeko gaitasunaren deklarazioa, salbuespenak, erregistroari egindako kontsultak, lurzoruaren kalitatea ikertu eta leheneratzeko entitate izateko baimena ematea eta aldatzea) dagokion tasa ordaindu izana ez egiaztatzea funtsezko omisiotzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta eskaerak ondoriorik ez izatea ekarriko du, hargatik eragotzi gabe egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

EAE Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea

Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduran:

  • Lurzoruaren kalitatearen ikerketetako balioztatze-txostenak ematea: 160,00
  • Hondeaketa baimentzen duten ebazpenak ematea: 213,34
  • Lurzoruaren kalitatearen deklara-zioak ematea: 213,34
  • Lurzorua berreskuratzeko plana onartzeko ebazpena ematea: 213,34
  • Lurzorua berreskuratu dela ziurtatzen duten ebazpenak ematea: 160,00

Lurzoruaren erabilera-gaitasuna adierazten duen ebazpena ematea: 160,00

Salbuespenaren ebazpena ematea: 106,68

Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko baimena ematea: 426,68

Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate izateko baimena aldatzea: 106,68

Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan egindako kontsulta: 53,34

Lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduretan, ordaindu beharreko tasaren kuota zenbatekoa den prozedura horretan ematen diren erabakien kopuruaren arabera kalkulatuko da.

Hobariak:

  • kuotaren % 10, enpresa txiki eta ertainen kasuan, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioko definizioaren arabera.
  • kuotaren % 20, mikroenpresen kasuan, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioko definizioaren arabera.
  • kuotaren % 50, subjektu pasiboek Europako EMAS erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen badute.

Azken aldaketako data: