Nortzuk gara?
Jokoaren Euskal Behatokia kide anitzeko organoa da, zeinaren helburua baita Euskadiko jokoaren azterketa eta analisi iraunkorra egitea, Euskadiko Jokoa Arautzeko Agintaritzari jokoaren ikuspegi orokorra emateko, agintaritza horrek bere politika publikoak ezar ditzan.
Jokoaren Euskal Behatokia Eusko Jaurlaritzan jokoaren arloan eskumena duen sailari atxikitzen zaio, arlo horretan eskumena duen zuzendaritzaren bidez.
Jokoaren Euskal Behatokiak egiteko hauek ditu:
- Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren sektoreak duen egoera orokorra zein den ezagutzea, aztertzea eta horri buruzko informazioa zabaltzea.
- Aldizka inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egitea honako hauen berri izateko: jokoaren sektorearen egoera eta jokoaren arloko politika publikoen aplikazioa; enpresa-sektorearen osaera; jokalarien profila eta horien pertzepzio subjektiboa; jokoaren pertzepzio soziala eta horri buruzko politika publikoak, eta abar.
- Ezagutza eta informazio-trukea sustatzea jokoaren sektorearekin lotutako beste erakunde batzuekin, estatuan zein nazioartean.
- Jokoarekin eta jokoak gizartean duen pertzepzioarekin lotuta agertzen hasi diren fenomeno edo alderdiak antzematea.
- Aztertzea jokoaren arloko politika publikoek zer nolako eragina duten enpresa-sektorean, jokalariengan eta, oro har, gizartean.
- Jokoaren arloko politika publikoen konparazio-koadroak ezartzea, Euskadiko, inguruko beste lurralde-esparru batzuetako edota Europar Batasuneko herrialdeetako politikak konparatzeko.
- Jokoarekin lotutako ikerketa-, azterlan- eta prestakuntza-lerroak bultzatzea.
- Adikzioen Euskal Behatokiarekin lankidetzan aritzea azterlana eta ikerketa sustatzeko, jokoarekiko adikzioen eragina, prebalentzia eta arazoak zeintzuk diren jakiteko osasunari eragiten dioten ezaugarri sozialen esparruan eta osasunaren arloan izan ohi diren ezberdintasunen baitan, eta, bereziki, emakumeek jokoarekiko izan ditzaketen adikzioen eragina aztertzeko ikerketa-lerroak sustatzea.
- Gazteriaren Behatokiarekin lankidetzan aritzea azterlana eta ikerketa sustatzeko, jokoak gazteengan zer eragin duen jakiteko.
- Azterlan eta ikerketa prospektiboak egitea gizarte-errealitate horrek izan dezakeen bilakaerari buruz.
- Aldizka, adikzioen esparruan dagoen dokumentazioa eguneratzea, uneko ebidentzia zientifikoak aintzat hartuta. Edozein erakunde publiko zein pribatuk, profesionalek eta interesa duten guztiek dokumentu horiek aztertzeko aukera izango dutela bermatuko du.
- Jokoaren arloko politika publiko eta pribatuen esparruan, jardunbide egokiak eta ekimen gomendagarriak antzeman, bildu eta zabaltzea.
Osaera:
Jokoaren Euskal Behatokia honela osatuta dago:
- Lehendakaria: Jokoaren arloan eskuduna den saileko zuzendaritzako titularra, Jokoa Arautzeko Agintaritza den aldetik.
- Bokalak:
- Jokoaren arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikitako pertsona bat –Eusko Jaurlaritzako dagokion sailekoa–, jokoaren arloko politika publikoetan aditua.
- Adikzioen arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikitako pertsona bat –Eusko Jaurlaritzako dagokion sailekoa–, adikzioen arloan aditua.
- Gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikitako pertsona bat, gazteek jokoarekiko duten jarreran aditua.
- Jokoaren arloko eskumena duen saileko estatistika-organoari atxikitako pertsona bat, estatistikan eta azterketa soziologikoan aditua.
- Segurtasunaren arloko eskumena duen saileko aholkularitza juridikoari atxikitako pertsona bat, araugintza-ebaluazioan aditua.
- Ekonomiaren eta ogasunaren arloko eskumena duen sailari atxikitako pertsona bat, merkatu ekonomikoaren azterketan aditua.
- Idazkaria: Behatokiko idazkaritzaren arduraduna jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den saileko funtzionario bat izango da.
Behatokian ordezkatuta dagoen organo bakoitzak ordezko bat izendatu beharko du izendaturiko kide titular bakoitzeko, titularraren absentzia, gaixotasun edo lanpostu hutsen kasuetan hura ordezkatzeko.
Behatokiko kideek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute euren egitekoak burutzerakoan.
Behatokiak, dagozkion egitekoak burutzeko, arlo horri buruz duten informazioa eskatuko die parte diren eragileei.
Azken aldaketako data: