Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

20. Norteko geltokia, Maria Kristina zubia eta Tabako Lantegia (Donostia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Trenbidea eta Donostiaren eraldaketa

1850 eta 1900 artean Donostian eman zen eraldaketa ekonomiko, sozial, demografiko eta urbanistikoa ulertzeko, ezin da ahaztu trena hirira iristeak izandako eragina. 1864ko abuztuaren 14an iritsi zen; Irun eta Madril trenez lotzeko asmoa bi hamarkada lehenago hasi zen baina proiektua ezin izan zen ordura arte gauzatu. Hurrengo urteetan, Isabel II.aren erregealdiaren azken urte gutxi horietan (1868 arte egon zen agintean), hiriak 800 udatiar inguru izan zituen.

Azken Karlistaldia (1872-1876) igaro ondoren, Donostiako turismoaren behin betiko bultzada gertatu zen. Espainiako gorteak, Alfontso XII eta Alfontso XIII erregeek eta Maria Kristina erregeordeak, Donostia aukeratu zuen udaldiak pasatzeko, eta, hala, Madrilgo goi klasea, eta Europako aristokrazia eta goi burgesia hirira erakarri zituzten.

Hala ere, kontuan hartu behar dugu Donostia Espainiako trenbide-linea nagusian integratuta zegoela, hark lotzen baitzuen Madril hiriburua Frantziarekin. Donostia zeharkatzen zuten bideek, beraz, bidaiariak ez ezik, merkantzia-fluxu handia hartzen zuten. Hala, 1860ko hamarkadatik aurrera, industriaren oinarriak finkatu ziren hirian, eta XX. mendearen hasieran Egiako trenbide inguruko gunean industria garrantzitsu bat sortu zen.

Hiriko ate berria

Donostiako lehen tren-geltokia 1864an inauguratu zen. Bi solairuko atal nagusia zuen, eta solairu bakarreko bi hegal alde banatan. C.A. Letourneur tren-ingeniari frantsesaren diseinua zen, estilo klasikoan egina, apaingarririk gabea. 20 urte geroago, multzoa handitzeko lanak egin ziren: ertzetan beste bi atal gehitu, eta, batez ere, metalezko markesina handi bat egin zen bideak estaltzeko. G. Eiffel et Compagnie konpainiak egin zuen: bi isurkiko estalkia da, eta linternoi jarraitua du, argi naturalari sartzen uzteko, eta, bereziki, kea irten arazteko.

1905ean beste elementu batzuk gehitu ziren: trenbideen gainean pasabide goratu bat ezarri zuten hiriaren bi aldeak komunikatzeko. Pasabideak bost arkuko ataria zuen, erlojuz errematatua. Multzo horren monumentaltasuna areagotzen zuen zubi berri bat eraiki zen handik lasterrera, geltokia eta erdiguneko zabalgunea (hiriaren hegoalderantz egin zena) lotuko zituena. Geltokiak hiriko ate kutsua zuen, Espainiako eta Europako burgesiaren eta aristokraziaren udatiar asko iristen zirelako handik; hori dela eta, zubiari monumentaltasun berezia ematea erabaki zen. Hormigoi armatuz egina dago, eta hiru arku beheratu ditu, zutabeen gainean bermatuta. Itsas elementu ugari ditu dekorazio gisa: ontzien brankak, arrainak, itsas zaldiak, izaki mitologikoak, etab. Egituraren lau ertzetan dauden lau obeliskoak nabarmentzen dira.

Azkenik, multzoa industria-azpiegitura batekin osatzen da: tabako-lantegia, 1886 eta 1913 artean eraikia. Aipagarria da eraikinaren monumentaltasuna: hareharrizko harlandu noblez egina dago eta jauregi itxura du. Industria horretan 1.000 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean, gehienak emakumeak.

Partekatu

unesco