Nola aurkeztu ingurumenari buruzko eskaerak, kexak eta salaketak
Nola egin eskaera edo aurkeztu kexa?
Eskaera honako kasu hauetan erabil daiteke: iradokizunak, ekimenak eta informazioa jakinarazteko edo kexak eta erreguak adierazteko; beti ere, eskaera, kexa edo iradokizun horiek aurkezteko legeak prozedura zehatza ezarri ez badu. Eskatzeko eskubidea banaka zein taldeka erabil daitekeen oinarrizko eskubidea da eta eskubide hori erabiltzeak ezin izango dio kalterik ekarri eskatzaileari. Konstituzio espainolaren 29. artikuluak oinarrizkotzat jotzen duen eskubidea da eta 4/2001 Lege Organikoak arautzen du. Beraz, eskubide hori edonork erabil dezake, nazionalitatea edozein delarik ere, edozein botere publikoren edo autoritateren aurrean.
Nola egin
- Eskaerak idatziz egin beharko dira beti (edozein baliabide-mota erabil daiteke, elektronikoa barne sinadura digitala erabiltzen bada) eta idazkian ondorengo informazioa adieraziko da:
- Eskaeraren helburua eta norentzat den.
- Eskatzailaren datuak, nazionalitatea eta jakinarazpenak jasotzeko tokia edo baliabidea.
- Talde batek aurkeztutako eskaerak eskatzaile guztiek sinatu beharko dituzte eta, sinaduraren ondoan, sinatzailearen izena eta abizenak idatziko dira.
- Datuen konfidentzialtasuna eskatu ahal izango da.
- Halaber, eskatzaileak bere eskaeraren edo kexaren kopia bidali ahal izango die beste hainbat organismo publikori jakinaren gainean egon daitezen.
- Idazkia jasotzen duen administrazioak, erakunde publikoak edo autoritateak eskaera hartu izanaren berri emango du eta interesdunari jakinaraziko dio hamar eguneko epean jasotzen denetik kontatzen hasita.
Tramitazioa eta erantzuna
Eskaeraren tramitazioa behin onartuta, autoritate edo organo eskudunak erantzun eta erantzunaren berri emango du, gehienez hiru hilabeteko epean, eskaera aurkeztu denetik kontatzen hasita. Eskaera aintzat hartzeko arrazoiak egonez gero, autoritate edo organo eskudunak egoki deritzen neurriak hartu beharko ditu eskaera guztiz eraginkorra izan dadin.
Eskaerak ez onartzea
Eskaerak ez dira onartuko eskudun ez diren botere publiko, erakunde eta organismoetan aurkezten badira.
Ez dira onartuko prozedura parlamentarioa, administratiboa edo prozesu judiziala irekita duten eskaerak, horien gainean ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.
Eskatzeko eskubidea babestea
Eskatzeko eskubidea justiziak babesten du Konstituzioaren 53.2 artikuluan ezarritako bideen bitartez. Hori ez da eragozpen izango eskatzaileak egoki deritzen beste bide batzuetara jotzeko.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 114. artikuluak eta hurrengoek pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko ezartzen duten prozedura erabiliz, eskatzaileak honako kasu hauetan administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du:
- Eskaera onartzen ez denean.
- Ezarritako epean erantzuten ez denean.
- Legeak ezarritako gutxieneko baldintzak erantzunean agertzen ez direnean.
Nola jokatu balizko arau-hauste batean?
Gertaeraren edo balizko legehaustearen aurrean arriskua baldin badago edo berehala parte hartu behar baldin bada (hondakinak aire zabalean erretzea, estolda-sarera edo ibaira substantziak isurtzea, ontziak bertan behera uztea, babestutako basa-flora eta basa-fauna desagertaraztea, eta abar), deitu beharko diezu udaltzainei edo ertzanei.
Gertaera, ordea, behin eta berriro errepikatzen baldin bada eta berehala parte hartzea beharrezkoa ez baldin bada (mendian pistak egitea, lurzoruak obra-hondakinez berdintzea, kutsatzaileak aireratzea, zarata, ibaira isurtzea, eta abar), organo eskudunaren aurrean salaketa ipini beharko duzu.
Nola aurkeztu salaketa?
Salaketaren bidez, edozein pertsonak organo administratibo bati legehaustea izan daitekeen gertaera jakin baten berri ematen dio, legeak hala behartuta ala ez. Salaketaren ondorioz administrazioak zehatzeko prozedurari hasiera ematea erabaki dezake eta erabaki hori jakinarazi beharko dio salatzaileari, horrek salaketa aurkeztean zehapen-espedientea hasteko eskatu badu.
Salaketa aurkeztea
Zehatzeko ahalmena betearazteko prozedura urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, xedatzen duen 62. artikuluaren arabera,
"Las denuncias deberán expresar la identidad de la persona o personas que las presentan, el relato de los hechos que pudieran constituir infracción y la fecha de su comisión y, cuando sea posible, la identificación de los presuntos responsables".
Salaketa aurkezteko ez da beharrezkoa izango zehatz-mehatz jakitea edo adieraztea zein den hautsitako araua.
Zein den admnistrazio eskuduna zehatz-mehatz jakin ezean, idazkia zenbait administraziotara bidali ahal izango da, edota zehatzeko espedientea irekitzeko eskaerari honako testu hau gehitu:
"..... eskaera autoritate eskudunari helarazteko eskatu nahi dut, horrek azter eta erabaki dezan, hala badagokio".
Behin-behineko neurriak
Salaketa behin aztertuta, ebazteko eskudun den organoak edozein momentutan, arrazoitutako akordio baten bidez, behar diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko, prozedura behar bezala bukatzeko, arau-haustearen ondorioak saihesteko eta interes orokorren eskaerak bermatzeko.
Behin-behineko neurriak izan daitezke: jarduera aldi baterako eteteaz eta fiantzak jartzeaz gain, produktuak baztertzea edo, osasuna, higienea edo segurtasuna direla kausa, zerbitzuak aldi baterako etetea. Halaber, berariazko arauetan zehaztutako gainontzeko neurriak ere har daitezke.
Behin-behineko neurriak espresuki arreikusiko dira eta kasu bakoitzean bermatu nahi diren helburuen intentsitate, proportzionalitasun eta beharrei egokitu zaizkie.
Zein administraziotara jo beharko dugu eskaerak, kexak edo salaketak aurkezteko?
Praktikan zaila da jakitea zein organismotara jo behar dugun eskaerak, kexak edo salaketak aurkezteko. Hori dela eta, komenigarria litzateke gaiarekin zerikusia izan dezaketen organismo guztietara jotzea.
Behar bada, ondorengo irizpideak erabilgarri gerta dakizkizuke:
- Oro har, jarduera edo ekintza baimendu duen administrazioak parte hartu behar du araua hausten denean (Udala, Eusko Jaurlaritzako Industria Saila, dagokion Foru Aldundiko Mendi Saila, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila, eta abar).
- Udaleek jarduera-baimena ematen diete industriako eta merkataritzako jarduerei. Horretaz gain, herritarren osasunaz arduratu behar direnez, badute parte hartzea edo eskudun diren beste organismo batzuei azalpenak edo parte har dezaten eskatzea. Jarduera batek bete behar dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Sailek ere parte hartzen dute (lurzoru urbanizaezinari eta hiri-lurzoru industrialari dagokienez), baita Foru Aldundietako Ingurumen Sailek ere (bizilekutarako hiri-lurzoruarari dagokionez).
- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ingurumen-baimen bateratua ematen die ingurumenaren gainean eragin berezia izateagatik prozedura hori bete behar duten jarduerei.