Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

40. Narrondoko zementu fabrika (Zumaia)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Cemento Zumaya

Zementu naturala, kare hidraulikoa ere esaten zaiona, Urola Beheko produktu izarra izan zen XIX. mende erdialdetik aurrera; izan ere, Zumaia eta Zestoan zementu-industria indartsu bat jarri zuten. Kalitate handiko produktua zen, obra hidraulikoetarako, batik bat; hala, sona handia lortu zuen, (nazioartean ere bai), eta Cemento Zumaya edo Zumaya izenez ezaguna izan zen.

Industria hori bi faktoreren batasunari esker sortu zen: bata naturala, bestea antropikoa. Batetik, zementu naturala egiteko behar diren bi lehengaiak hurbil eta eskura aurkitzen ziren inguruetako meategietan: tuparria Ibañarrietako harrobian eta lignitoa Ertxina mendian. Gertutasuna ezinbesteko faktorea zen, garai hartan lurreko komunikabideak oso eskasak baitziren. Bestetik, Iraetako burdinolan (fanderia edo burdinazko eta latorrizko xaflak egiteko faktorian bilakatua) lanean ziharduten langile ingelesak konturatu ziren inguruetan lehengai horiek zeudela eta lehen probak egin zituzten: marga eta lignitoa inguruko karobietan kiskali ondoren, nahastea burdinolan eho zuten. Hala, Iraetan zementua fabrikatzen hasi ziren 1838an. Geroago, 1846an, Alzolarasen kokatutako Bekola burdinolan ere zementua ekoizten hasi ziren, eta urte berean, Corta, Linazasoro y Zubimendi konpainia eskala handian ekoizten hasi zen Santa Cruz faktorian. Handik urte gutxira beste faktoria batzuk sortu ziren, Nuestra Señora de los Dolores y Oiquina, adibidez.

Faktoria horiek guztiek banaturik zituzten kiskaltze eta ehotze prozesuak. Kiskaltzeko, harrobi inguruan labe handiak egoten ziren, eta ehotzeko, energia hidraulikoak mugiarazitako errotak zituzten. 1858an Nuestra Señora de los Dolores faktoriaren eraikuntza, modernotzat jo dezakeguna, urrats kualitatibo handia izan zen, izan ere, bi prozesuak batera egiten ziren bertan. Eredu horri jarraiki, XIX. mendeko azken hamarkadetan beste fabrika batzuk sortu ziren: San José zeritzon Narrondoko zementu-fabrika, besteak beste.

San José zementu-fabrika

Niceto Arangurenek 1887an fundatua, bi urte lehenago hasi ziren eraikitzen. 1886an Narrondo errekan ontziraleku bat jarri zuten Zumaiako portura zementua gabarretan garraiatzeko. Hiru gabarra zituzten: Narrondo 1ª, Narrondo 2ª eta Narrondo 3ª, hurrenez hurren 26, 13 eta 46 tonakoak. Horrez gain, beste kide batzuekin batera, katxemarin bihurtutako Dos amigos gabarraren jabea ere bazen, bai eta Ángela y Pepita gabarrarena ere: horiekin zementua Zumaiako portutik erosleek adierazitako lekura eramaten zuten. Fabrika 1907an itxi zuten.

Kare eta harri-koskorrez egindako 1.470 m2-ko eraikina da, teilazko estalkiduna. Lantegian, Rider lurrun-makina bat zegoen: 60 zaldi-potentziako bi galdara zituen, kiskalitako harria birrintzeko bi errota-gurpil abian jartzeko. Horrez gain, lau kiskaltze-labe zituen, biltegiak eta bulegoa. 1897an argindarra jarri zuten makineria mugiarazteko. 100 000 zaku ekoizten zituzten gutxienez urtero. Ekoitzitako zementua kalitate handikoa zen eta 1888ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ohorezko aipamen bat jaso zuen. Gaur egun azpiegitura horien hondarrak ikus daitezke: tximiniaren zati bat, fabrikako nabearen eta bulegoen etxetxoaren zatiak.

Partekatu

unesco