22. Multzo erromantiko-modernista (Donostia)
1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Zerumuga zabaltzen
XIX. mendearen erdialdean, donostiarrek gogoeta egin eta beren hiriaren etorkizuna erabaki behar izan zuten. Bainuetxe-turismoa Europako klase aristokratiko eta burgesen artean zabaltzeak garapen aukera berriak eskaini zizkion Donostiari. Horretarako, beharrezkoa izan zen bere identitatearen lerroak berriro marraztea eta Erdi Arotik eta Aro Modernotik jasotako ondare eraikiari eragingo zioten erabakiak hartzea. 1863ko maiatzaren 4an hasita hiribilduko harresiak bota ondoren, hareatzan ez zen lehenagoko ontziola eta bestelako artisau-instalazioen eraikinik geratu.
Suntsipen hartatik, eta 50 urtez atsedenik gabe eraiki ondoren, hiriaren hirigintza eta arkitekturako etapa berri bati ekin zitzaion Proiektuaren zailtasun nagusietako batzuk izan ziren zimenduak lurzoru hareatsuan ezarri beharra, eta ibaiko edota itsasoko ura pasa ez zedin isolatzea. Kontuan izan behar dugu Donostiako zabalgunearen zati handi bat altxatuta dagoela, eta garai batean itsasoko ekaitzen ondorioz urez betetzen ziren hareatzeen eta ibai-paduren gainean eraiki zela.
Harresiak desagertu ondoren, espazio ireki bat sortu zen haren lekuan, bulebar bat, eta handik abiatuta eraiki ziren etxe-blokeak eta udal-zerbitzuak. 1913-1914an amaitu zen hazkunde-fase hori Mendeurreneko plazan, zeina, hain zuzen ere, tropa anglo-portugesek hiribildua suntsitu zuteneko gertaera gogoratzeko sortu baitzen.
Hortaz, hiriaren itxura errotik aldatu zen, eta Belle Époqueko edozein hiri burgesekin parekatu zitekeen. Hala, urte haietako Donostiak “Paris txikia” ezizena hartu zuen.
Paris Txikia
Hiriaren egitura dama-taula itxurako oinplano batean antolatzen da, non kaleak zut gurutzatzen baitira. Estilo nagusia eklektikoa da, eta etxe-blokeak hareharrizko harlanduz eginda daude. Lehen etxadi-lerroaren ondoren, Gipuzkoa plaza kokatu zen. Arkupedun espazio horren erdian lorategi bat dago, urmaelekin, Pierre Ducasse ospetsuak diseinatua (1877). Plazaren mendebaldeko zatian Foru Aldundiaren Jauregia dago, 1878 eta 1885 urteen artean eraikia, Jose Goikoa arkitektoaren diseinuaren arabera. Estilo neoklasiko isabeldarreko eraikin hori sute batek suntsitu zuen inauguratu eta berehala, eta berreraikitze-lanak 1890ean amaitu ziren.
Zabalguneko bide nagusietako bat Askatasunaren hiribidea da. Zoritxarrez, eremu horretan egin dira eraispen eta berreraikuntza gehien XX. mendearen amaieran, baina, hala ere, monumentaltasun handiko etxeak kontserbatu dira, hala nola Banco Guipuzcoano banketxearen egoitza (1900) eta Getaria eta San Martzial kaleen arteko blokea (1916-1921). Gainerako eraikinetan ez bezala, azken horretan marmola erabili zuten.
Estilo berean, San Martin kaleko etxeak eta arkupeak nabarmendu behar ditugu. Bertan, Artzain Onaren plaza irekitzen da, katedrala (1897) buru duela. Estilo neogotikokoa, inguruko burgesiaren parrokia izateko eraiki zen, eta 75 m-ko orratzagatik nabarmentzen da. Atzeko aldean, Correoseko eraikina (1873) kokatzen da. Hasieran, Arte eta Lanbide Eskola zegoen bertan, eta, gero, aldameneko eraikin berrira (1909) eraman zuten, gaur egungo Koldo Mitxelena Kulturgunera. Aipagarriak dira, halaber, Asilo San José eskola (1903, Prim kalea 33) eta Amarako eskolak (Urbieta kalea 38), biak ala biak estilo neoklasikoan eraikiak. Beste zerbitzu publiko batzuen artean, Bretxako merkatua (1879) nabarmentzen dugu.
Beste eraikin askorekin batera, aipagarriak dira Zabalgunean aurki daitezkeen estilo modernistako eraikinak: Garibai kalea 21 (1903, Ramon Kortazar), Prim kalea 17 (1904, Ramon Kortazar) eta 28 (1906, Luis Elizalde), Zubieta kalea 1 (1906, Ramon Kortazar), Urbieta kalea 54 (1906, Luis Elizalde), Moraza kalea 5 (1906, Luis Elizalde), Larramendi kalea 1 (1908, Augusto Agirre), etab. Aipagarriak dira oso Prim kaleko 17ko azulejoak, Daniel Zuloagak eginak, Ignacio Zuloaga pintorearen osabak.
Azkenik, Victoria Eugenia antzokiak (estilo neoplatereskoan eraikia), Maria Kristina hotelak (estilo eklektikoan) eta Okendoko lorategiek (1894ko Okendo almirantearen omenezko eskultura barne) sortutako multzoa azpimarratu behar da, 1912an inauguratua.