Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

17. Mirandaolako burdinola eta ermita (LEGAZPI)

2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU

Burdinola miragarri bat

Burdinolak milaka urteko tradizioa du Legazpin: horren erakusgarri zepategi asko aurki daitezke, antzinako burdinolen aztarna bakarrak. Antzinako burdinola horiek, zaharrenak X. eta XI. mendeen ingurukoak, haizeola izenez ezagutzen dira, hau da, haize-burdinolak. Urak mugitutako geroagoko burdinoletatik desberdinak ziren, ez baitzuten azpiegitura hidraulikorik, hori dela eta, haizearen indarrak eragiten zituelako ustea sortu zen. Legazpin, jentilolak ere esaten zitzaien, hau da, jentilen burdinolak, oso aspaldikoak zirela eta jentilen mitoarekin zuten lotura azaltzeko. Jentilak pertsonaia mitologikoak ziren, aparteko indar eta ezagutzak zituztenak, bereziki, burdina egiteko sekretua ezagutzen zuten. Lantegi horiek mendian sakabanatuta zeuden, eta labe txikiak zituzten, giharrez eragindako hauspoak zituztenak, eta eskuz forjatutako burdinazko totxo txikiak egiten zituzten bertan. XIII. mendetik aurrera burdinola hidraulikoak agertu ziren, mailu handiak eta urak mugitutako hauspoak zituztenak, pixkanaka aurrekoen ekoizpena bereganatuz. Horrela, Segura hiribilduaren sorrera-gutunak (1290) Legazpiko mendietan sakabanatutako burdinolak hiribildu berriaren inguruan biltzea agintzen zuen.

Prozesu horren ondorioz, Legazpin bederatzi burdinola hidrauliko egon ziren garai batean, tartean Mirandaolakoa. Haren berririk zaharrenak XV. mende hasierakoak dira, eta XIX. mendea ondo sartu arte egon zen martxan. Itxi baino mende batzuk lehenago, 1580an, burdinolan mirari bat gertatu zen. Maiatzaren 3an, Gurutze Santuaren Asmakuntzaren egunean, olagizonek ez zioten jaramonik egin lan ez egiteko aginduari, ezta jaieguna ospatzeari ere. Lanean jarraitu zuten baita gauerditik aurrera ere, eta mineral eta ikatz ugari bota zuten labera, 4 kintal burdina egiteko adinakoa (gutxi gorabehera 300 kg), baina 12-14 librako (6-7 kg) zati bakarra lortu zuten, gurutze itxurakoa. Gertaera bitxi hori miragarritzat jo zuen Iruñeko gotzainak 1633an, eta kapera bat eraiki zuten Legazpiko parrokian, non gurutze miragarri hura gurtzen den.

Euskal industria-ondarearen elementu bikaina

Burdina ekoizteari utzi ziotenetik burdinola abandonatuta geratu zen, 1952an Patricio Etxeberria industrialari boteretsuaren eta bere emazte Teresa Agirreren mezenasgoari esker zaharberritu zuten arte. Berrikuntza lanetan estilo neoklasikoko ermita bat eraiki zuten, burdinolarekin arkuteria bidez komunikatua, eta barruan Soler Blancoren margoak jarri zituzten, mirariari buruzkoak. Maiatzaren 3aren ondorengo igandean urtero Mirandaola Eguna ospatzen da. Gurutze Santua parrokiatik ermitara eramaten dute, eta meza ostean erromeria egin eta burdinola martxan jartzen da.

Zaharberritutako burdinolan, ehundaka urteko industria-instalazioaz goza dezakegu. Azpiegitura hidraulikoaz gain (ubide batek elikatutako antepara edo ur-biltegi handia), tailerrak bi gela ditu, horma batez banatuta. Hormaren alde batean labea dago, aurrez aurre mailu handia duela. Alboko gelan hauspoak daude, haizea emateko horma zeharkatzen duen haizebide metaliko bat dutela. Mailua eta hauspoak gurpil hidraulikoek mugi arazten dituzte, eta horiek anteparatik askatzen den urak eragiten ditu. Hilero jartzen dute martxan garai bateko arropaz jantzitako olagizonek.

Partekatu

Azken aldaketako data: