Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

23. Miramar jauregia eta Antiguo auzoa (Donostia)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Landa-auzo baten eraldaketa

Jatorria ez dugu ondo ezagutzen, baina leku horrek historia luzea izan duela dirudi; izan ere, “zaharra” esaten zioten dagoeneko XIII. mendean Pico del Loro izenez ezaguna den muinoko elizari.

Igeldo mendiaren eta Bidarte, Aiete eta Miramongo goialdeen artean dagoen haranaren hondoan padurak egon ziren. Batetik, Añorgatik eta Igaratik jaisten ziren ibai eta errekek bustitzen zituzten padura horiek, eta, bestetik, itsasoak, mareekin eta, batez ere, itsas ekaitzak gertatzen zirenean. Erdi Aroaren bukaeratik bertatik ikusten da errotak egon zirela, bai ibaien fluxua bai Ibaetara iristen zen itsas uraren bolumena baliatzen zutenak. Ondarretako hondartzaren mendebaldeko muturrean sortzen zen itsasadarrean, izokin-nasa bat zegoen (arrantzarako erabiltzen den egurrezko instalazio bat), eta horren aztarnarik berrienak hondartzako harearen maila jaisten denean agertzen dira batzuetan.

Bestalde, biztanleen bizilekuak haranaren inguruko hegal eta goietan sakabanatzen ziren, itsasoaren eta uholdeen erasoetatik salbu. Aro Modernoaren amaieran hasiko dira lur baxuak lehortzen eta ur-ibilguak kanalizatzen, lur berriak lortzeko. XVII. mendearen hasieran galtzada bat egin zen, Usurbil aldetik eta probintziaren barnealdetik iristen zena eta uraren arriskuetatik kanpo zegoena. Geroago, 1846an, Irun eta Andoain lotuko zituen gurdibide altu eta modernoagoa eraiki zen, Donostia zeharkatzen zuena. Gaur egun Matia kalea da, auzoko jarduera handieneko kale nagusia.

1864tik aurrera, trenbidea iritsi zenean hiria errege-erreginen senideen eta gortearen uda-leku gisa hautatu zenez, eta hirigintza-zabaltzearen ondorioz, lehenagoko landa-auzoa erabat aldatu zen. 1860an, etapa berri bat hasi zen auzoaren historian: industriarena. La Providencia lantegia sortu zen, Lagarto xaboi ezagunen arduraduna. Ondoren, beirak (Brunet, 1877), garagardoak (Kutz -El León eta Keler izango zena- 1891), pospoloak (Eztenaga, 1878 inguruan), kortseak (Farcy-Oppenheim, 1898 inguruan), ispiluak (Dougier, 1906), txokolateak (Suchard, 1909), diskoena (Columbia, 1917), etab. Gaur egun, kortseteria eraikina bakarrik geratzen da zutik, Matia kaleko 3. eta 5. zenbakien artean.

Ingurune horren eraldaketa eta urbanizazioan erabakigarria izan zen, agian, Pico del Loroko lurrak eta San Sebastian el Antiguo zeritzon parrokia Errege Etxeari lagatzea eta Miramar jauregia eraikitzea. Selden Wornum arkitekto ingelesak diseinatua (1889), Jose Goikoa arkitektoak zuzendu zuen eta errege-familia udan bizi izan zen 1893 urtetik aurrera. Ondorioz, parrokia berria Alfontso XIII.aren plazan eraiki zen, jauregiaren oinetan eta Andoaingo errepidearen ertzean. Erdigune horretatik abiatuta eta bideari jarraituz, hiri-trazadura berria antolatu zen.

Alfontso XIII.aren plaza osatzen zuten eraikin-multzotik, gaur egun etxe bakarra mantentzen da (Matia kalea, 1): hareharrizko harlanduz egina, estilo neoklasikokoa, soila, nabarmenak dira fatxada nagusietako erdi-puntuko arkuak, pilastra atxikien gainean daudenak. Bestalde, San Sebastian El Antiguo parrokia dago: dorre eta sarrera neogotikoak mantentzen ditu, baina gainerakoa XX. mendeko 60ko hamarkadan eraberritu zen. Azkenik, merkatu zaharra aurkitzen da: 1922an eraikia izan zen estilo eklektikoan; frontoi bat du goialdean, eta, bertan, hiriaren armarria.

Partekatu

unesco