Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

25. Marutegiko Gaztelua (ASPARRENA)

3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA

Gaztela eta Nafarroaren arteko gerren protagonista

Garai bateko Marutegiko gazteluaren hondakinak Aizkorri mendigunearen hegoaldeko mendietan dagoen haitz ikaragarri baten gainean altxatzen dira. Kareharrizko harritzarraren gainean gazteluaren hormen aztarnak ageri dira oraindik, baina oso hondatuak, berezko degradazioaren eta gizakiak egindako espoliazioaren ondorioz.

Gotorlekuaren kokapena estrategikoa da, Arabako lautada eta Burunda harana (Nafarroa) lotzen dituen korridorea menderatzen baitu. Gainera, San Adriango tunelera doan galtzada ere kontrolatzen du. Tunel hori Gipuzkoa eta Arabako mugako iparraldeko eta hegoaldeko isurialdeen arteko igarobide sekularra da. Orain arte identifikatutako faserik zaharrenetan egindako datazioek, asko jota, 1200 urte ingurura garamatzate, agian zertxobait lehenago, Nafarroa eta Gaztelaren arteko harremanetan bereziki gogorra izan zen garaira. XI. mendearen erdialdetik aurrera, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeak (edo haien zati zabalak) txandaka Nafarroatik Gaztelara eta alderantziz igaro ziren; lehia hori zela eta, lurralde-lerro hori gotortu egin zuten.

Gazteluaren aipamenik zaharrenak XIV. mendekoak dira, baina ez dute haren historia kontatzen, aipatu egiten da, besterik ez. Horregatik, ez dakigu zehazki nork eraiki zuen. Edonola ere, 1200etik aurrera Gaztelako mugako gotorlekuetako bat izan zen (hala ere, ez dakigu ziur ordurako eraikita ote zegoen). Egin diren ikerketa arkeologikoek erakusten dutenez, gazteluaren okupaziorik garrantzitsuena XIII. mendetik XVI. mendearen hasierara bitartean gertatu zen, eta ziurrenik Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu ondoren utzi zuten bertan behera. Ordutik aurrera funtzio militarra galduko zuen. Litekeena da orduan eraikitzea San Migel ermita, gaur egun erortzear dagoena, baina ikertzaileek iradoki dute aurreko mendean ere eraiki ahal izan zela (XV). Edonola ere, gotorlekua baino geroago arte iraun zuen, eta beharbada XVIII. mendean zehar desagertu zen, Euskadiko beste ermita asko bezala.

Gaztelua

Marutegiko gotorlekua bi maila nagusitan antolatuta dago. Omenaldiko dorrea, elementu nagusia eta gazteluaren talaia, haitzaren gailurrean dago, erabilgarri dagoen espazio txikiaren topografiara egokituta eta D formako oinplanoa hartuta (10,5 m x 9 m inguru). Eraikina sendo finkatzeko 1,40 m-tik 2,70 m-ra bitarteko lodierako hormak egin zizkioten (lodiagoa perimetroaren bihurgunean), eta bi solairu zituen, bigarrena 3 m-ko altueran. Dorrearen inguruan, arrokaren gailurrean leku gutxi egon arren, harresi bat zegoen harri ebakiaren gainean.

Beherago, hurrengo mailan, oinplano sasi-angeluzuzeneko eraikin handi baten hormak ageri dira, 31 m x 12 m neurrikoak (alderik luzeenak), dorrea zegoen haitzari atxikita. Eraikin horren perimetroko hormak 1,5 metro zabal dira, eta gaur egun 2 metro garai. Eraikin hau funtzio osagarrietarako guardiako gorputza izan zela interpretatu da.

Partekatu

Azken aldaketako data: