56. Mantible zubia (GUARDIA)
7. ETAPA: LAGUARDIA • NAVARRETE
Erromatar zubi handi bat
Ebro ibaiko muga naturala zeharkatzeko eraikia, Mantibleko zubiak Araba eta Errioxa probintziak lotzen zituen. Bide-azpiegitura bikain hau ingeniaritza lan handi baten emaitza izan zen: 164 metroko luzera, 30 metroko gehienezko altuera eta argi ezberdinetako erdi-puntuko 7 arku. Ahalegin handi horren erakusgarri dira zutabeak ezartzeko egindako lanak: zuzenean ibai-ohe harritsuaren gainean egin zirenez, urak desbideratu egin ziren neurri handiko kanal bat eraikiz (8 metroko zabalera, 600 metroko luzera eta 5 metroko sakonera). Azterlan historikoen arabera, zubiaren jatorria erromatarra da, K. o. II. mendeko lehen erdialdekoa (erromatar garai inperiala). Zenbait hipotesi daude haren inguruan: Iaca (egungo Jaca) Errioxako lurraldeekin lotzen zuen bidearen adar baten zati zela; Vareia eta Deobriga herri erromatarrak lotzen zituen bide batekoa zela, gaur egungo Varean eta Miranda de Ebron.
Gaur egunera iritsi diren altxaeretan ikusten diren konponketak Erdi Aroan egindako ondorengo esku-hartzeak izan daitezke. Ez dakigu zergatik utzi zioten erabiltzeari baina dokumentatuta dago XVI. mendean abandonatu egin zutela. Hondatuz joan zen, eta oso murriztua iritsi da gaur egunera, izan ere, zubia osatzen zuten 7 arkuetatik bat bakarrik geratzen da zutik. 2021era arte bi arku oso geratzen ziren, bata Arabako ertzetik gertu (Lantziego) eta bestea Errioxakoan (Logroño), baina Ebro ibaiaren ur-goraldi baten ondorioz, Errioxako arkua behera etorri zen, eta zati bat ibaian behera joan.
Zubia
Bai bide-azpiegituraren neurriek, bai haren eraikuntzak eta erabilitako materialak, hargintzako harri bikaina baita, zubia egiteko eraikuntza-lanek erromatarren garaian izan zuen handitasuna adierazten dute.
Eroritako arkua ibaiaren eskuineko ertzaren ondoan zegoen, eta zutik geratzen den azkenekoa baino txikiagoa zen (9 metro inguruko argia, besteak dituen 20 metroen aldean). Zutik dirauen arkua hirugarrena zen eskuineko ertzetik. Jatorrian zituen sei zutabeetatik, gaur egun lauren hondakinak ikus daitezke, eta zabalera desberdinak zituztela erakusten dute. Egin diren azterketen arabera, bere garaian pilek arintze-arkutxoak izan zituzten tinpanoetan, eta arkuen argiak neurri desberdinetakoak ziren pila bakoitzaren neurrietara egokitzeko. Zubiaren begien neurriak desberdinak izatearen arrazoia bi ertzen artean zegoen kota-aldeak sortzen zuen arazoari konponbidea ematea zen, ezkerra eskuinekoa baino baxuagoa baitzen. Horregatik, zubiak ez zuen altuera uniformea eta ez zen horizontala, inklinatua baizik. Gainera, zubia indartu egin zen Ebroren oldarretik babesteko: oinplano triangeluarreko zubi-bularrak eta ezproi angeluzuzenak jarri ziren. Egoera normalean ura bigarren arkuaren azpitik igarotzen zen, baina eurite handiko garaietan, Ebrok gora egiten zuen garaian, arku guztiak har zitzakeen.
Azken aldaketako data: