Datuen gobernantzaren printzipioak
Kategoria | Printzipioa |
---|---|
Aktibo estrategikoaren kudeaketa | |
Herritarrak | |
Babesa | |
Datuen erabilera | |
Kontrola eta ebaluazioa | |
Datuen atributuak | |
Datuaren kultura eta aldaketaren kudeaketa |
- Irisgarritasuna:
- Datuak eta metadatuak eskuragarri egongo dira eta deskargatu ahal izango dira, EAEko sektore publikoko erakundeetan zehazten diren kasuen, uneen eta pertsonen profil eta rolen arabera. Herritarrek ere eskuratu eta deskargatu ahalko dituzte, irekian argitaratzen badira. Horretarako, datuak eta metadatuak identifikatzaileen bitartez berreskuratu ahal izango dira, komunikazio-protokolo estandarizatu, ireki, doako eta unibertsalki inplementatuen bidez, autentifikatzeko eta baimentzeko prozedurak ahalbidetzen dituztenak. Metadatuek eskuragarri egon behar dute, baita datuak eskuragarri ez daudenean ere. Irisgarritasunak kostuak murrizten ditu eta efizientzia areagotzen du, baliabide gutxiago inbertitzen baitira datuak eskuratzeko.
- Eguneratzea:
- Eguneratzeak deskribatzen du zenbateraino diren datuak adierazten duten aldiaren isla zehatza, eta datuak eta haien balioak egunean daudela. Datuak egungoak dira, baldin eta bilketaren eta erabilgarritasunaren arteko tartea egokia bada aurreikusitako erabilerarako. Garrantzitsua da aurreikusitako eguneratze-maiztasuna eta azken eguneratze-data adieraztea.
- Aurrea hartzea:
- Datuen gobernantzak, ahal den neurrian, egoera aldakorrak eta herritarren beharrak aurreikusteko ahalegina egin behar du, baita mota guztietako arriskuak aurreikusteko ere.
- Irekiera:
- Open Data atarian erabilera libreko datu publikoak argitaratzea sustatuko da, zehaztapenekin eta kode irekiarekin, bai eta herritarrek datu horiek berrerabiltzea ere. Datuei pribatutasunaren arloko mugek edo EAEko sektore publikoak esplizituki ezar ditzakeen bestelako murrizketek eragiten badiete, anonimizazio- eta agregazio-mekanismo nahikoak ezarriko dira, lege-esparrua betez, informazio hori datuen eskatzaileen eskura jarri ahal izateko, modu argi eta eskuragarrian berrerabili dezaten.
- Auditagarritasuna:
- Datuen gobernantzak funtzionamendu egokiaren bermea izango du, kontrol-mekanismoen eta adostasun-adierazpenen bidez. Datuekin lotutako erabakiak, bai eta datuen gobernantzaren prozesuak eta prozedurak ere, auditagarriak izango dira, eta auditoretzetan oinarritutako eskakizunetarako euskarri-dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira.
- Kalitatea:
- Datuek fidagarriak, egiazkoak, zehatzak, osoak, bete-betekoak, egungoak, bakarrak, baliodunak, sendoak, iraunkorrak eta ulergarriak izan behar dute. Datuak eskuratzeko eta erregistratzeko aplikazioek eta prozesuek jatorrizko iturriaren aurka egiaztatze-lana egingo dute, datuen bizi-zikloaren ahalik eta faserik goiztiarrenean, datu okerrak biltegiratzearen edo erabiltzearen eragin negatiboak, bikoiztasunak eta funtsik ezak saihesteko. Barne-datuen kalitatea neurtu, monitorizatu eta ikuskatu egin beharko da. Kanpoko iturrietatik lortutako datuak egiaztatu eta onartu egin beharko dira, eta, horretarako, datuen analisia baliozkotze-faktore gehigarria izan daiteke. Datu bakoitzerako gutxieneko kalitate-mailak zehaztuko dira, izango duen erabilera mota espezifiko bakoitzaren arabera. Barne-datuen kalitatea ezarritako politiken arabera neurtu, monitorizatu eta ikuskatu beharko da. Kanpoko iturrietatik lortutako datuak sartu aurretik egiaztatu eta onartu egin beharko dira.
- Zentraltasuna:
- Datuak eraldaketa digitalaren pieza nagusia dira. Erabakiak behar bezala hartzen laguntzeko, datuen erabilera sustatuko da, horietako bakoitzak ebidentzien azterketan babesa izan dezan.
- Lankidetza:
- Unibertsitateekin, erakundeekin eta interes-taldeekin, erantzukizun partekatua sustatzeko.
- Partekatzea:
- Barneko informazio-siloak saihestea eta datuak herritarren onurarako partekatzea eta kudeatzea lortzea. Estrategiaren aplikazio-eremuko pertsonek eta organoek kudeatzen dituzten datuak partekatzeko erantzukizuna dute, datu guztien balioa ustiatu ahal izateko, datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitakoaren arabera eta han zehaztutako kasuetan soilik; nolanahi ere, oinarri juridiko legitimatzaile bat egon beharko da.
- Fidagarritasuna:
- Datuek fidagarriak izan behar dute, eta haien kalitatea ziurtatu behar da, bai eta legea betetzen dela ere. Erabaki hobeak ahalbidetzen ditu, eta baliozkotze-denbora eta kostuak murrizten ditu.
- Konfidentzialtasuna:
- Datu babestuen kategoriei buruzko araudia gorabehera, pribatutasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko dira prozesuen diseinutik hasita (privacy-by-design). Datuetarako sarbidea mugatu ahal izango da, baldin eta horrek kalte egiten badie honako hauei:
- Segurtasun publikoa.
- Arau-hauste penalak edo administraziokoak prebenitzea, ikertzea eta zehatzea, baldin eta arau-hauste horiek astunak edo oso astunak badira.
- Zaintzako, ikuskapeneko eta kontroleko administrazio-funtzioak
- Sekretu profesionala eta jabetza intelektual eta industriala
- Konfidentzialtasun bermea edo erabakiak hartzeko prozesuetan eskatutako sekretua.
- Ingurumenaren babesa.
- Merkataritza- edo industria-arloko datuen konfidentzialtasuna.
- Alderdien berdintasuna prozesu judizialetan.
- Bizitza pribatua.
- Adingabeen babesa.
- Lege-gaitasuna aldatua duten pertsonen babesa.
- Datu pertsonalen babesa.
- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.
- Sendotasuna:
- Sendotasunak deskribatzen du datu multzo baten balioak zenbateraino ez diren entitate bera adierazten duten beste balio batzuen aurkakoak. Halaber, datuak sendoak dira, beste datu multzo bateko datuekin kontraesanean ez badaude.
- Kontrola:
- Kontrol-erakundea, datuen gobernantzak herritarrengan dituen ondorioak eta inpaktua monitorizatzeko eta ebaluatzeko, eta gobernantzak dokumentu honen printzipioak betetzen dituela bermatzeko.
- Zabalkundea:
- Datuen ezagutza, datuen gobernantza-estrategia, araudia, estandarrak, protokoloak, metodologiak, tresnak eta aplikazioak, prozesuak eta prozedurak bultzatzea, enplegatu publikoei zuzendutako komunikazio- eta prestakuntza-ekintzen bidez.
- Efikazia:
- Datuek EAEko sektore publikoaren helburuak lortzen lagundu behar dute; hortaz, ekintza, proiektu eta ekimenek bat etorri behar dute Gobernu Programaren helburu estrategikoekin eta konpromisoekin, eta zerbitzu eta politika publikoen hobekuntzari egiten dioten balio-ekarpenaren arabera lehenetsi behar dira.
- Efizientzia:
- Datuen gobernantza herritarren eta interes publikoaren onurarako ahalik eta baliorik handiena lortzeko moduan egikaritu behar da, eskura dauden baliabideak modu efizientean erabiliz.
- Ekitatea eta diskriminaziorik eza:
- Datuen kudeaketak eta erabilerak bermatu behar du ez dagoela alborapenik edo diskriminazio negatiborik edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Bereziki kontuan hartuko dira gizarteko sektore zaurgarrienen babesa eta edozein motatako asimetriak eta arrakala digitalak.
- Estandarizazioa eta normalizazioa:
- Datuen gobernantzak dokumentu, tresna, prozesu eta prozeduren normalizazioan eta estandarizazioan oinarritu behar du, ikuspegi korporatiboarekin eta ezinbesteko berezitasunak kontuan hartzeko behar den malgutasunarekin. Herritarrei datuak eskatzeko sistema normalizatuak emango zaizkie. Sistema horiek modua eskain dezakete ematen den informazioa automatikoki egiaztatzeko administrazio horren beraren edo beste administrazio batzuen sistemetan biltegiratutako datuekin, edo eskaera guztiz edo partez beterik eskain dezakete, herritarrek informazioa egiaztatu, aldatu eta osa dezaten.
- Estrategia:
- Datuak sektore publikoaren aktibo estrategiko bat dira, eta hala kudeatu behar dira datuetan eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzen dituen gobernu batean, bai haren politikei dagokienez, bai zerbitzu publikoei dagokienez. EAEko sektore publikoak enplegatu publikoek eta herritarrek erabil dezaten sustatu behar du.
- Ebaluazioa:
- Datuei buruzko proiektu edo ekimen guztiek helburu estrategikoei lotuta egon behar dute, eta efikaziari, efizientziari eta inpaktuari dagokienez ebaluatu beharko dira.
- Emakumeen eta gizonen berdintasuna:
- Gaiaren inguruko legezkotasuna errespetatzeaz gain, datuen gobernantzak emakumeen eta gizonen berdintasunerako planen helburu guztietan aurrera egiten lagundu behar du.
- Inklusibotasuna:
- Datuen gobernantzak prozesuan interesa duten pertsona guztiak hartu behar ditu kontuan (eragileen eta balioen aniztasuna). Alderdi teknologikoak ez dira ebaluatu behar efizientziari eta produktibitateari egiten dioten ekarpenagatik bakarrik, baita ohitura eta portaera berriak sortzeko duten moduagatik ere.
- Osotasuna:
- Datuen zehaztasunaren eta fidagarritasunaren bermea. Datuak osoak direla eta egitura osoa dutela bermatzen du, eta baimenik gabeko edozein aldaketa aurreikusten du.
- Interes orokorra:
- Guztion ongia da sektore publikoaren eta, beraz, datuen gobernantza-estrategiaren funtsezko helburua. Ondorioz, garrantzitsua da herritarren nahiz enplegatu publikoen partaidetza-mekanismoak sustatzea.
- Elkarreragingarritasuna:
- Datuak eta metadatuak zehaztu diren arau korporatiboen arabera deskribatuta egon behar dira, estandar irekian, horien arteko harremana ahalbidetzeko, berrerabiltzeko eta zerbitzuen automatizazioa bultzatu ahal izateko. Hizkuntza formala, irisgarria, partekatzeko modukoa eta gehienean aplika daitekeena erabiliko da ezagutza irudikatzeko, FAIR printzipioei jarraitzen dien hiztegia erabiliz eta beste datu edo metadatu batzuei erreferentzia kualifikatuak eginez.
- Pertsonak erdigunean:
- Datuak prozesatzeak pertsonen onerako izan behar du beti, eta haien duintasuna, integritatea, askatasuna, pribatutasuna eta segurtasuna babestu behar ditu. EAEko sektore publikoak datuetan oinarritutako zerbitzu adimendunak garatuko ditu herritarrekiko harremanen esperientzia hobetzeko, haien pribatutasuna babestuz eta modu arduratsu eta seguruan.
- Legezkotasuna:
- Datuen gobernantzak legezko xedapen aplikagarriek ezartzen dituzten betebeharrak beteko ditu.
- Lengoaia komuna:
- Datuen gobernantzaren esparruan inplikatutako eragileek partekatzen duten hizkuntza definitzen duten hizkuntza-baliabideen multzoa.
- Lidergoa:
- Datuen gobernantza erakunde-mailan eta lantaldeen mailan sustatu eta bultzatuko dute, hurrenez hurren, sailen eta entitateen zuzendariek eta lantaldeen arduradunek.
- Lokalizagarriak:
- Datuak eta metadatuak argitaratu ondoren, bilaketa-tresnen bidez aurkitu ahal izango dituzte sistema korporatiboetako enplegatu publikoek eta herritarrek. Horretarako, identifikatzaile bakar eta iraunkorrak esleituko zaizkie.
- Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza:
- Datuen gobernantza prozesu dinamikoa eta iteratiboa da, Europako ekimenen aurrerapenarekin bat datorrena. Prozesu horretan, aurreko urratsak berrikusiko dira, eta prozesua une bakoitzean sortzen ari diren inguruabar eta kontzeptuetara egokituko da. Ikaskuntza ebolutiboko sistema bat da, ontze progresiboko eredu batekoa, eta erabilera-kasuetan zentratutako urratsez urratseko ikuspegia du.
- Euskararen normalizazioa:
- Gaiaren inguruko legezkotasuna errespetatzeaz gain, datuen gobernantzak EAEko sektore publikoko euskara-planen helburu guztietan aurrera egiten lagundu behar du.
- Herritarrei orientabidea ematea:
- Herritarren eskubideak bermatzeaz gain, herritarren partaidetza bultzatu eta erraztu beharko da, eta datuen bizi-ziklo osoan eta aplikazioen, produktuen, prozesuen, prozeduren eta zerbitzuen diseinuan dituzten premia esplizitu edo inplizituak kontuan hartu beharko dira.
- Partaidetza:
- Datuak hobetzea erabiltzaileen (enplegatu publikoak zein herritarrak) ekarpenen bidez. Horretarako, atzeraelikadurako prozesu zikliko bat baliatuko da.
- Egokitasuna eta egokitzapena erabileran:
- Datuak modu egoki, apropos eta arduratsuan erabili behar dira, eta bat etorri behar dute dokumentu honetan interes publikoaren eta herritarrentzako zerbitzuaren esparruan ezarritako printzipioekin.
- Zehaztasuna:
- Zehaztasunak datuak errealitatearekin zenbateraino bat datozen deskribatzen du. Datuen alborapenek eragina izan dezakete zehaztasunean. Datuak alboratuta daudenean, esan nahi du ez direla biztanleria osoaren erakusgarri. Garrantzitsua da neurketen alborapena ezagutzea, ahal bada, eta datuen erabiltzaileei jakinaraztea.
- Prebentzioa:
- Une oro, datuak behar bezala zaintzen eta erabiltzen direla arduratzea. Datuei buruzko erabakiak zuhurtziaz hartu beharko dira, ahalik eta arrisku gutxien egon daitezen datuen segurtasunari eta babesari dagokienez.
- Proportzionaltasuna:
- Datuen gobernantza-estrategiako erabakiek izan ditzaketen onurak balizko arriskuekin lotu behar dira. Datuen tratamenduak egiteko, haien beharra, eraginkortasuna eta guztien onerako orientazioa frogatu behar dira, ondo definitutako eta zehaztutako helburu bat mugatuz.
- Babesa:
- Babestutako datuen kategoria guztiei dagokienez indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuko da. Hala, horien segurtasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna zainduko da, egon daitezkeen arriskuen aurretiko ebaluazioa egingo da eta eskakizunak diseinuaren lehen etapetatik aktibatuko dira, eta, besterik ezean, aplikazioetan, prozesuetan, prozeduretan, zerbitzuetan eta produktuetan.
- Kontu-ematea:
- Pertsonek eta antolakundeek eskubidea dute kudeaketa publikoan laguntzeko ardura partekatuz eta sektore publikoaren funtzionamendua gainbegiratuz; hori dela eta, datuetan oinarritutako politika eta zerbitzu publikoen kontuak emango dira.
- Errespetua (autonomia):
- Pertsonak dira datuen benetako jabeak, eta, beraz, beti izan behar dute datuen gaineko erabateko kontrola. Datuen tratamenduek pertsonak izan behar dituzte ardatz, eta errespetatu egin behar da haien erabakimena eta, beharrezkoa denean, aukeratzeko askatasunerako eskubidea. Errespetuaren printzipioak berekin dakar herritarrei entzutea eta arreta eskaintzea, ez bakarrik datuen erabilerako eta berrerabilerako subjektu pasibo gisa, baita berrikuntzako eta balio publiko handiagoa sortzeko kolaboratzaile eta parte-hartzaile aktibo gisa ere.
- Erantzukizuna:
- Datuen gobernantzan eta erabilera, produktu eta algoritmoetan dokumentu honetako printzipioak betetzen direla bermatzeko behar diren neurriak ezartzea, datuen diseinutik abiatuta (ethic-by-design), eta datuaren bizi-zikloan parte hartzen duten pertsona guztiek printzipio eta estandar etikoak betetzen dituztela zaintzea. EAEko sektore publikoa arduratuko da datuak kudeatzeaz, dokumentu honetan ezarritako printzipioen arabera, hargatik eragotzi gabe hirugarrenek datuen gainean dituzten eskubideak eta betebeharrak.
- Berrerabilera:
- Datu eta metadatu publikoen berrerabilera sustatzea, balio publikoa sortzeko, eta garapen sozioekonomikoa, enpleguaren sorrera eta berrikuntza publiko zein pribatua sustatzeko. Horretarako, datuek eta metadatuek atributu zehatz eta garrantzitsuak izango dituzte, eta lizentzia batekin argitaratuko dira. Lizentzia horren bidez, datuak eta metadatuak modu argi eta eskuragarrian berrerabili ahal izango dira. Jatorriari buruzko informazioarekin lotuko dira, eta dagokion domeinuko komunitateak erabiltzen dituen estandar garrantzitsuei jarraituko diete.
- Segurtasuna:
- Datuen ustelkeria saihestea, sarbide kontrolatuko mekanismoak erabiliz. EAEko sektore publikoak datuen segurtasun-arriskuak minimizatzeko beharrezkoak diren bitartekoak aplikatuko ditu, zibererasoetatik babesteko neurri proportzionalak hartuta.
- Sinpletasuna eta malgutasuna:
- Datuen gobernantza-sistemak datuak enpresa osoan integratzeko aukera eman behar du, eta, aldi berean, konplexutasuna murriztu behar du. Salbuespenak datuen gobernu-ereduan zehazten den administrazio-organoak onartu beharko ditu.
- Subiranotasuna:
- Autodeterminazioa ikuspegi digital eta tekniko batetik, eta azpiko azpiegitura teknologikoaren independentzia.
- “Aldi bakarrean”:
- Herritarrek eskubidea dute jada administrazio publikoen esku dauden edo administrazio publikoek sortutako datuak ez emateko. EAEko sektore publikoak ziurtatu behar du herritarrekiko harreman guztietan beharrezko diren neurriak ezartzen direla herritarrek jada eman dituzten datuak kontsultatzeko edo egiaztatzeko, edo beste administrazio publiko batean eskuragarri daudenak kontsultatzeko edo egiaztatzeko, herritarrek datu horiek berriro jakinarazi behar izan ez ditzaten.
- Jasangarritasuna:
- Datuen gobernantzak bat etorri behar du 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuekin (GJH), eta sistemak denboran iraun behar du. Teknologiaren eta ingurune digitalen garapena —horien artean datuei lotutako azpiegiturak (data centerrak, hodeiak, kalkulu-zentroak)— ingurumen-jasangarritasuna lortzen saiatuko da eta energia-efizientzia sustatuko du.
- Ahal bezain irekiak eta behar bezain itxiak:
- Modu lehenetsian, datuak formatu libre eta berrerabilgarrian egongo dira eskuragarri pertsona edo entitate eskatzaileentzat, legezko edo bestelako mugarik ez badago behintzat. Muga horiek proportzionaltasunari, xedeari, babes-helburuari eta kasu zehatz bakoitzaren inguruabarrei erantzungo diete beti, eta, bereziki, interes publiko edo pribatu goren bati. Datuen erabilera sustatzeko ekintzak konfiantzan oinarritutako berrerabilera-ekosistema bat sortzera bideratuko ditu. Ekosistema horretan, herritarrak seguru sentituko dira beren eskubideak gauzatzean, eta enpresek zerbitzuak eraiki ahal izango dituzte datu eskuragarri, iraunkor eta fidagarrietan oinarrituta.
- Gardentasuna:
- Gardentasunaren, publizitate aktiboaren eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arloko printzipio eta neurri guztiak bete eta aplikatuko dira. Gainera, konfiantza publikoa sortzeko, eta datu pertsonalen babesari buruzko araudia alde batera utzi gabe, oro har, datuen helburuak eta horiek nola erabiltzen diren jakinarazi eta argitaratuko da, bai eta auditoretzen eta ebaluazioen emaitzak ere. Prozesu automatikoen emaitzak (algoritmoak) gardenak eta esplikagarriak izan behar dute esku-hartzaileentzat. Halaber, adimen artifizialeko sistema baten elkarreragina badago, aldez aurretik ohartaraziko da.
- Trazabilitatea:
- Aurrez ezarritako prozedura beregainen multzoa. Datuaren prozesuari jarraitzea ahalbidetuko dute haren bizi-ziklo osoan, historikoan, kokapenean eta ibilbidean.
- Bakartasuna:
- Datu bakoitzak jatorri bakarra izango du, hots, datu-katalogo korporatiboan aipatzen dena. Bertan, erakundearen datu egoki guztiak deskribatu eta zerrendatuko dira, baita datu maisuak eta balio handikoak ere. EAEko sektore publikoko sailek eta entitateek ziurtatu behar dute beren sistemek eta aplikazioek katalogo horretan dokumentatutako datuak erabiltzen dituztela.
- Baliozkotasuna:
- Baliozkotasunak adierazten du zenbateraino dauden datuak espero den tartean eta formatuan. Garrantzitsua da eremu batean aurreikusitako balioak ezagutzea eta balio-tarte onargarri bat ezartzea, baliozkotasuna kudeatu ahal izateko. Baliozko datuak mota horretako datuetarako formatu egokian gordetzen dira.
- Balioa:
- Datuak balio-iturri dira, ezagutzaren lehengai diren heinean. Beste lehengai batzuen kasuan ez bezala, datuak ez dira erabilerarekin kontsumitzen, eta zenbat eta gehiago partekatu eta berrerabili, orduan eta balio handiagoa hartzen dute.