Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

1. Madalena ermita-ospitale multzoa (AZPEITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Madalenako asistentzia- eta debozio-gunea

Magdalenako ospitalea 1511n aipatzen da lehen aldiz, Azpeitiko kontzejuko kideek eta Loiolako jaunak, Martin Gartzia Oñatzek (Azpeitiko tenpluetako patroia eta Loiolako San Inazioren anaia), elkarrekin egin zuten bisitaren ondorioz. Ospitaleak orduan 45 ohe zituen, eta beraz, erakunde garrantzitsua zen. Gainera, onibar batzuk ere bazituen, hala nola baratze bat eta lau sagasti, baita sagardoa ekoizteko dolare bat ere.

Kontuan izan behar dugu ospitalea Urola Garaiaren eta Gipuzkoako kostaldearen arteko komunikabide nagusiaren inguruan zegoela. Bide horrek Getaria kostako herritik abiatu eta Burgosera bidean Gipuzkoa barnealdea zeharkatzen zuen, eta komunikazio-ardatz gisa izandako garrantzia testu idatzietan ageri da, Azkoitiko San Martin hiribilduak 1324an jasotako foruan, adibidez. Erregeak legez babesten zuen bide hori, eta horrek erakusten du zer nolako garrantzia hartzen ari zen merkataritzan: ez bakarrik eskualdean, baita nazioartean ere. Horregatik da hain handia ospitalea. Antzeko beste erakunde batzuetan bezala, behartsuak eta oinezkoak bai, baina bereziki legenarra zuten gaixoak hartuko zituen ziur asko.

Loiolako San Inaziok ondo baino hobeto jakingo zuen Ospitaleak legenarra zuten gaixoak hartzen zituela, eta hala ere, 1535ean Paristik bere jaioterrira egin zuen azken bisitan erakunde horretan ostatu hartzea erabaki zuen, jaiotetxeko luxuak bazterrean utzita. Ekintza hori, ignaziar biografo guztiek XVI. mendearen lehen erdiko pentsamolde eta testuinguru sozialean munduko aberastasunei uko egiteko ekintza gisa nabarmentzen dutena, bizitza pobrea aukeratzetik askoz haratago zihoan sakrifizioa zen: garai hartan legenarra edo San Lazaroren gaitza benetako estigma soziala eta are morala zen (munduko hainbat eskualdetan indarrean dirauena). Ospitale horretan ostatu hartu eta gonbidatuekin bizitzea, gizarte haren begietara, gaixotasunak hartzeko arrisku larria zen; San Inazio probintziako etxe nagusi bateko semea izan arren, arrisku hori bere borondatez hartu eta gizarteko izaki baztertuenekiko elkartasuna erakutsi zuen.

Artea eta arkitektura

Multzoaren ezaugarriei dagokienez, gaur egun errepideak Madalena kapera eta ospitalea bereizten ditu. Ermita ospitalearen mendebalde-ipar-mendebaldeko fatxadaren parean dago. Lau isurkiko teilatua du, fatxada nagusian zentratuta dagoen kanpai-horma batek koroatzen duela. Erdi-puntuko hiru arkuko arkupea du, eta goiko solairuko fatxada adreiluz eraikita dago. Elizpean dauden azuleju batzuek santua eta tenplua erlazionatzen dituzten pasarteak irudikatzen dituzte. Barrutik laukizuzena da, eta Madalena, San Inazio eta San Frantzisko Borjaren irudiak ditu buru.

Ospitale izandako eraikina jesuitek zeregin pedagogiko eta kulturaletarako erabiltzen dute gaur egun. Barruan ez da antzinako elementurik mantentzen, izan ere, XIX. mendean eraikina zatitu eta birmoldatu egin zuten, bai eta altuera gehiago eman ere, bi etxebizitza hartzeko. Gaur egungo lehenengo solairua eta teilatupea 2011n egindako berreraikuntzaren emaitza dira. Une hartan, halaber, portada dobelatua berritu zuten (jatorrizko sarrera): soilik arkuaren zati txiki bat kontserbatzen da eskuineko atezangoan. San Inazio egon zenetik gutxien aldatu den elementua iparraldeko horma da, ojiba-leiho txiki bat duena.

Partekatu

Azken aldaketako data: