47. Los Llanos trikuharria (GUARDIA)
6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA
1982an identifikatu zen, eta 2011an Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun gisa kalifikatu zuen Monumentu kategorian, Arabako Lurralde Historikoko lur behereko beste 15 trikuharrirekin batera.
Trikuharrien hileta-arkitekturan ohiko den bezala, irtengune natural txiki baten gainean eraikita dago (profila nabarmentzeko, beharbada). Korridore-trikuharria da, eta bertako hareharrizko 6 bloke handi ditu, harlauza itxurakoak, oinplano poligonaleko hilobi ganbera marrazten dutenak. Neguko solstiziorantz du sarrera, hego-ekialdera, eguzkia berpizten den aldera, hain zuzen ere, eta korridore bat du aurrean, beste 7 bloke txikiagoz egina. Gaur egun korridoreak ez du estalkirik, eta harri kozkorrez eta lurrez osatutako tumulo biribil trinko batek estaltzen du, gaur egun oso beheratua ageri dena.
Hileta-monumentu hauek denboran irauteko eraikitzen ziren: duela 5.500 urte inguru eraiki zela ikusi zen 1985 eta 1987 artean egindako indusketetan. 1.000 urtez hilotzak ehorzteko erabili zuten garai desberdinetan (ez jarraian), eta ondoren berriro erabili zuten noizbehinka. Gutxienez 100 pertsona lurperatu ziren bertan. Aztarna antropologikoekin batera, hatu garrantzitsuak agertu ziren: silexezko eta metalezko gezi-puntak, botozko harrizko aizkorak, idolo bat, hezurrezko espatula bat, zeramikak, apaingarriak, kutunak eta abar, heriotza fisikoaren ondoren hildako bakoitzari Haratagorako bidaian laguntzeko.
Lehen gorpuak ehortzi ondoren, hurrengo ehorzketak egiteko hilobi-ganberako sarrera babesten zuen tumulua kendu, lehen ehortzitako gorpuen hondakinak albo batean utzi, eta gorpu berriak lurperatzen ziren. Beren hatuarekin batera sartzen ziren, eta seguruenik hildako guztiak edo gehienak leinu berekoak ziren.
Monumentua hondatuta dago, ia ziur sorrerarik beretik jasandako profanazio etengabeengatik, eta, oraintsuago, bere baitan omen zeuden altxor mitikoen bilaketaren ondorioz. Ikerketa zientifikoa egin ondoren, eta gainerako hezur eta material guztiak aztertzeko berreskuratu ondoren, megalitoa zaharberritu egin zen, eta jatorrizko itxura berreskuratu.
Gaur egun trikuharria artadi baten barruan kokatuta dago, bidearen ertzean, eta bisitatu daiteke. Bisitarioi bere arkitekturarekiko miresmena eragiten digu; baina ez hori bakarrik, hainbat galdera ere bai: gaur egun Euskadi den lur horretan antzinako biztanleek trikuharria zergatik eraiki ote zuten eta zer nolako sinesmenek bultzatu ote zituzten bertan egiten zituzten errituak.
Azken aldaketako data: