Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

96. Loroñoko San Bartolome ermita (Larrabetzu)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Landa-ermitekiko debozioa

Deigarria da, Euskal Herri kantauriarrean, estilo gotiko berantiarra edo Errenazimenduaren hasierakoa duten ermiten kopurua. Ezaugarri hori ez da kasualitate baten ondorio, baizik eta Erdi Aro berantiarreko mentalitatearekin zerikusia duten faktore batzuen ondorio. Ez da kasualitatea ere, parrokia-mailarik ez zuten tenplu asko, hau da, otoiztegi hutsak zirenak, XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera ixtea, eraistea edo saltzea.

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu Behe Erdi Aroan zutik zeuden ermita gehienak aurreko garaikoak zirela eta landa-elizen funtzioa bete zutela, parrokien aurrekaria. Erakunde horiek berebiziko garrantzia zuten herrixken nortasun politikorako eta soziabilitaterako. Hala ere, arrazoi ezberdinengatik batzuk abandonatuak izan ziren edo erdi hutsik geratu ziren, hazi ziren beste herri batzuen alde. Orduan tenplu hauteko gehienak, instituzionalki, herrietako parrokia nagusien menpe geratu ziren.

Oso ohikoa da Euskal Herri kantauriarreko egungo udalerrietan Erdi Aroko baselizak egotea edo antzina egon zirela jakitea. Fenomeno hori, argi eta garbi, herri horiek antzinako herrixkak bildu zituztelako eta euren elizak haien lekuko bakar bezala geratu zirelako gertatzen da.

Erdi Aroaren amaieran, ermita horietako asko mantendu eta handitzeko inbertsioa oso nabarmena izan zen. Tokiarekiko identifikazio kontzeptu bat zegoen, antzina herri izatearena. Toki edo tradizio baten antzinatasuna 1500 inguruan gurtzen eta errespetatzen zen. Batzuetan, gainera, herriko antzinako parrokia bat edo beste zela dioten elezaharrak mantentzen dira, eta horrek herritarren arreta areagotzen du. Aipatu behar dugu, halaber, eliza txiki horietako gutxik zutela diru-sarrera erregularrik, eta, beraz, haietan egiten ziren obrek jabeen edo beste emaile batzuen ordainketa handia zehartela.

Bestalde, eskualdearen berezitasun bat da eraikin horiek emakumeek (serorak deituak), ezkongabeek edo alargunek, gordetzea, ermitari eta bere ondasunei arreta emateko eta komentuetan erlijiosoen antzeko bizimodua egiteko enkargua hartzen baitute. Izan ere, XVI. mendearen hasieran, serora talde bat biltzen zen zenbait ermitek ondorengo komentuen hazia osatu zuten.

Hala ere, XVIII. mendearen erdialdean, ohitura horietako batzuk arindu egin ziren, eta, bereziki, serorak eta ermitauak ezartzeko debekua nabarmena izan zen. Une hartatik aurrera, ez zuten limosnaz bizi behar, ezta erlijiosoek zeramatzaten janzkeraz jantzi ere. “Ofizioaren” laikotasun horrek, tenplu xumeenen arreta murriztea eragin zuen, eta, azkenik, horietako asko bertan behera uztea.

Loroñoko San Bartolome

Oinplano angeluzuzeneko tenplua da, hareharrizko harlandu zainduaz egina, eta gotiko berantiarreko, Berpizkundeko eta geroagoko hainbat eraikuntza-faseren emaitza da. Eraikin osoan landutako harriaren erabilerak ermitarekiko zegoen debozioa nabarmentzen du.

Hegoaldeko horman ojiba-leiho germinatu bat du. Absidean, maineldun ojiba-leihate bat eta bao konopial bat ikusten dira. Elementu horiek presbiterioaren eremuan biltzen dira, eta gaur egun zutik dagoen eraikin zaharrenari dagozkio.

XVI. mendearen erdialdean handitu egin zen, nabearen zatirik handiena gehituz, non erdi-puntuko ate dobelatua eta leiho estu burudun bat irekitzen diren. Oinaldean, beste obra bat ikus daiteke, beharbada koru garai baten gaikuntzarekin lotua, agian XVII. mendean, non beste arku zuzeneko leiho bat jartzen den. Azken eraikuntza-fase honetan erabilitako harlandua kalitate txarragokoa da.

Kanpoko horman ikus daitezkeen zenbait elementutan erreparatzea gomendatzen dugu. Hegoaldeko horman Kristo gurutziltzatu bat dago, harlanduan zizelkatua. Bestalde, absideak bala-tiroek eragindako zuloak ditu, Gerra Zibilean (1936-1939) kokatzen direnak.

Partekatu

unesco