Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

38. Lonja eta geltokiaren multzoa (Zumaia)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Urola: itsasoan isurtzen diren ibaia eta trena

1926an bukatu zen trenbide honen eraikuntza. Urola bailara zeharkatzen zuen ibaiaren bokaletik Zumarragaraino, Gipuzkoako erdialdetik hegoaldera. Hala, bailarako biztanleak eta bertan ekoitzitako merkantziak Irun-Madril trenbide linearekin (Zumarragan) eta Bilbo-Donostiakoarekin (Zumaian) komunikatzen ziren.

Hala ere, Zumaian Bilbo-Donostia trenbide linearekin bat egiten zuen geltokitik igaro ondoren, Urolako lineak iparralderantz jarraitzen zuen merkataritza-kai berrira arte. Garai hartan Zumaiako portuak bizi zuen ekonomia-goraldiaren erantzun gisa sortu zen, Urola ibaiaren behe-ibilguan ekoizten zen zementua esportatzeko, batez ere. Merkataritza-goraldi horrek trenbidearen eraikuntza sendotu zuen: Urola trenbideak bidaiariak garraiatzeaz gain (lehen urteetan, 370 000, eta 50-60 hamarkadetan, 800 000 baino gehiago), merkantzien garraioagatik nabarmendu zen (50. hamarkadara arte 55 000 tona/urte).

Zumaiako portuko industria- eta komunikabide-gune zahar horretatik kontserbatzen diren elementuen artean, lonja-zamalekua aurkitzen da. 1926an, Cementos Uriarte Zubimendi S.A. konpainiak proiektu bat aurkeztu zuen zementua gorde eta merkantzia-ontzietan sartzeko azpiegitura bat eraikitzeko. Eraikin horrek zutik dirau gaur egun, baina fatxadatik ibai gainerantz irteten zen eta zamatzeko erabiltzen zen garabia gabe.

Industria-korapiloa

Geltokia merkataritza-kairaino iristeari esker, merkantziak zuzenean itsasontzietan sar zitezkeen. Hainbat hamarkada dira trenbide linea hori desagertu zela, baina geltokiaren eraikina mantendu da garai haietako oroigarri gisa. Eraikin polita da, euskal estilo berrian eraikia. Gaur egun Zumaiako udalaren zenbait bulego daude bertan.

Horrez gain, ekoizpen-guneak portutik urrun zituzten enpresa batzuek beren produktuak gordetzeko biltegiak eraiki zituzten. Hala, Uriarte Zubimendi lonja eraiki zuten: industria-eraikinen soiltasun funtzionala du, baina neoklasizismo kutsu nabaria ere bai. Gorputz nagusian zirkulu-erdiko baoak eta burudun baoak konbinatzen dira, inguru irtena dutenak. Lehen solairua kaiaren ertzeraino aurreratzen da: zutabeen gainean eusten da, eta, hala, ibiltariak azpitik pasa daitezke. Bi isurialdeko teilatua du, non mantsarda itxurako lau leiho ageri diren alde bakoitzean.

Partekatu

unesco