Liburuaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn
Txosten honen helburua da aztertzea zer egoeratan dauden liburugintza eta liburuen merkataritza Euskadin 2017. urtean, genero-ikuspegiari dagokionez. Horrenbestez, lan honetan bi eremu behatuko dira: batetik, argitaletxeen industria, eta, bestetik, liburuen txikizkako merkataritza edo liburu-dendak. Bi eremu horien arteko muga argi eta garbi azaltzen da ekainaren 22ko 10/2007 Legean, irakurketari, liburuei eta liburutegiei buruzkoan.
Argitaratzailea edo editorea “pertsona natural edo juridiko bat da, zeinak, norbere kontura, literatura-lanak, zientzia-lanak eta, oro har, edozein gaitako lan idatziak hautatu edo kontzebitzen baititu, eta horiek liburu bilakatzeko prozesu industrialak egin edo eskatzen baititu, euskarria edozein dela ere, argitaratzeko eta zabaltzeko edo komunikatzeko”. Liburu-saltzailea, berriz, “pertsona natural edo juridiko bat da, lanbide duena, esklusiboki edo nagusiki, liburuak azken bezeroari saltzea, irispide libreko merkataritza-establezimenduetatik edo edozein eratako urruneko salmentaren bidez”.
10/2007 Legearen arabera, Estatuko Administrazio Orokorrak liburuaren industria eta merkataritza babestu behar du, kultura-aniztasuna eta -dibertsitatea bermatzeko eta irakurgaietarako irispidea errazteko. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak Kultura Sustatzeko Zuzendaritza dauka, zeinaren funtzioen artean baitago kultura-industriak laguntzea. Horretarako, liburuaren sektoreari zuzendutako laguntzak ematen ditu urtean behin; batzuk sortzaileei zuzenduak dira, hala nola gazteei zuzendutako euskarazko testu literarioak sortzeko dirulaguntzak, euskaraz idatzitako ipuinak eta eleberri laburrak sortzekoak eta lan grafikoak sortzekoak; beste batzuk, berriz, zuzenean liburugintzari zuzendutako dira, esate batera, literatura-lanak argitaratzeko dirulaguntzak.
Nazioarteko ikerketek erakusten dutenez, azken urteetan hazi egin da emakumeen parte-hartzea argitaletxeetako batzordeetan, bereziki zientzia-aldizkarien argitalpenari dagokionez. Emakumeek liburuen ekoizpenean duten garrantzia, berriz, ez da ikertu hainbeste; emakumeek autore gisa sortutako literatura-lanak aztertzen dituzten ikerketak badira, baina ez dira hain ohikoak emakumeek argitalpenenpresetan edo liburu-dendetan duten lekua aztertzen dutenak. Azterlan honekin, urrats bat eman nahi dugu arlo horretan.
Ikerketa honek bi helburu ditu: batetik, aztertzea zer egoeratan dauden emakumeak eta gizonak liburugintzan 2017an, bai ikuspegi kuantitatibo batetik bai ikuspegi kualitatibo batetik; bestetik, testuingurua eta garapena behatzea eta ulertzea batzuen eta besteen presentzia Euskadiko Autonomia Erkidegoan.
Liburuaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn [pdf, 2,9 MB]