Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

100. Lezama dorrea (Lezama)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Leinu gerrazalea

Lezamatarrei buruzko lehen berriak XIII. mendearen amaieratik datoz, eta XIV. mendean Uribe eskualdeko leinu nagusietako bat bezala agertzen dira. Pentsatzekoa denez, Bandoen Gerran erabat integratuta zeuden, printzipioz Butroetarrekin lerrokatuta. Izan ere, Erdi Aroan, noblezia, gerrako zerbitzuaren bidez frogatzen zen, eta honek liskar armatuetan lortutako garaipenen balioa handitzen zuen leinuaren prestigiorako. Horrek Bizkaia eta Euskal Herria odolustu zituen mendeku segida bat ekarri zuen.

Jauntxoen gerra horrek, zeinak lurralde horietako biztanle guztiei eragingo dien, batez ere XIV. eta XV. mendeetan Europan zehar gertatu ziren antzeko beste borroka batzuen antza du. Eraso-, lapurreta-, estortsio- eta gainerako indarkeria-ekintzek bereiziko dute bando horiek osatzen dituzten familien jarduera. Etsaiei aurre egiteko, beste leinu batzuen babesa eta elkartasuna bilatzen zuten, eta, horrela, hainbat aldietan elkarrren aurka bortizki borrokatu ziren bi talde sortu ziren. XV. menderaren erdialdean, gizartearen zati handi batek eskatuta, Henrike IV.a Gaztelako erregeak jauntxoak menderatu zituen, haien alderdikeriak zigortuz eta bakearen urratzaileak zorrotz jazarriz.

Lezamatarrak gatazka horien protagonista izan ziren eta eraso eta mendeku sistema horren parte izan ziren. XV. mendearen hasieran Zugasti eta Zamudiotarrekin (haiekin senidetuta zeuden) aurrez aurre egon ziren, eta borroka odoltsuak biziko dituzte.

Lezamako dorrea

XVI. mendeko, hareharrizko harlanduz egindako oinplano karratuko eraikina da, Erdi Aroko eta jauntxoen eraikuntzen ezaugarri nabarmenak dituena. Etxearen garaierak dorre gotorraren itxura ematen dio, eta gezileiho batzuk ditu, partzialki itsutuak, gainotzeko baoak burudunak diren arren. Salbuespena teilatupeko solairuko zirkuluerdiko bao dobelatuak dira, lau fatxadetako bakoitzean zentratuta daudenak. Fatxadan arku eskartzanozko sarrera bat du, baina, ziur asko, jatorrizko obraren ondoren ireki zen. Sarrera zaharra, hormaz itxitako, gaur egun teilatua duen patio txiki baten barruan dagoela dirudi, eta bertara sartzeko ojiba-ate dobelatu bat dago.

Barrualdean, egitura guztiz sinplea du, solairuak erdiko habe batean bermatzen baitira solairu bakoitzean, bai eta perimetroko hormetan ere. Lau isurkiko teilatua dauka.

Aurreko mendean bandoen arteko borrokak amaitu ondoren, argi dago titularrek arkitekturaren bidez leinuaren jatorri militar noblea islatzeko asmoa zutela.

Partekatu

unesco