Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

9/2021 LEGEA, azaroaren 25ekoa, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 6152
  • Xedapen-zk.: 9
  • Xedapen-data: 2021/11/25
  • Argitaratze-data: 2021/12/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 9/2021 Legea, azaroaren 25ekoa, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztie

Euskadik biodibertsitate handia du bere kokapen geografikoa dela eta, klima-trantsizioko eremu batean baitago (mediterraneo-atlantikoa), kostalde eta mendia dituela. Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino pixka bat gutxiago izan arren, Euskadik Europaren intereseko habitaten % 35 inguru hartzen ditu, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2, eta horien barruan 14 habitat eta kontinenterako lehentasunezko intereseko 4 espezie daude.

Natura-ondare garrantzitsu horren babesa juridikoki artikulatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen bidez. Arau hori lehen urratsa izan zen herritarrek eta botere publikoek natura-baliabideen kontserbazioari buruz duten gero eta kezka handiagoari erantzuteko. Lege hori aitzindaria izan zen bere garaian, eta hainbat urtez gidatu zuen gure Autonomia Erkidegoaren politika, besteak beste, natura-baliabideen, gune babestuen eta fauna eta floraren antolamenduan.

Lege horrek natura eta bere baliabideak kontserbatzeko araubide juridiko bat ezarri zuen askotariko degradazio-kausen aurrean. Araubide horrek, ordea, bateragarria izan behar zuen ekonomia eta gizartea garatzeko prozesu ordenatu batekin, eta politika sektorial desberdinetan integratuta taxutu behar zen. Horretarako, beharrezkotzat jo zen botere publikoek era efikazean jardutea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan ongi kontserbatutako natura-ingurunea izatea bermatze aldera.

Era berean, arauak aukera eman zuen baliabide naturalen, funtsezko prozesu ekologikoen eta gure lurraldeko paisaia-edertasunaren kontserbazio-sistema bat harmonizatzeko, garapen integratu baterako berme gisa, etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe, baliabide horien ustiapen ekonomiko neurrigabearen, flora- eta fauna-espezieen desagerpenaren eta kontserbazio-egoera onean dauden naturaguneen degradazioaren ondorioz.

Urte batzuk geroago, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartu zuen, ekainaren 30eko 16/1994 Legean egindako aldaketak testu bakarrean integratzeko, artikulu, kapitulu eta xedapenei zenbaki berriak jartzeko, beharrezkoa zenean, eta bategin beharreko legeen barne-bidalketak zenbaki berrietara egokitzeko.

Hala ere, Europako jarraibideetatik eratorritako lege-garapen garrantzitsuak, batez ere 2000. urtetik aurrera, euskal legegintza-esparrua eguneratzeko beharra ekarri du, egungo arazoei eta eskakizunei erantzuteko, eta erregulazio berria Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuetan eta Basque Country 2030 Agendan kokatu behar da.

Ondorioz, lege honen helburua da naturaguneak eta biodibertsitatea babestea natura-ondarearen ikuspegi integral batetik, horiek kudeatzeaz arduratzen diren administrazio-mailen arteko koordinazioa hobetzea, zeharkako beste politika batzuekin integratzea, klima-aldaketarenekin, adibidez, eta lehen sektorean aukera berriak ematea, natura-ondarearen babesa garapen ekonomiko eta sozialarekin uztartu dadin.

Arauak natura-ondarearen kontzeptua ikuspegi integral batetik interpretatzen du, zeinak barne hartzen baititu dibertsitate biologikoarekin eta geologikoarekin lotutako natura-ondasunak, -baliabideak eta -zerbitzuak. Horiek funtsezko balioa dute ingurumenean, paisaian, zientzian edo kulturan, eta lotura estua dute pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin, eta garapen sozial eta ekonomikoarekin.

Era berean, legeak espezie basatien eta gune babestuen tipologia definitzen du, Europako Natura 2000 Sarearen barruan eta hortik kanpo daudenak kontuan hartuta, bai eta nazioarteko beste tresna batzuk ere. Era berean, «azpiegitura berdea» kontzeptua ere jorratzen du, eremu naturalen eta erdi-naturalen estrategikoki planifikatutako sare bat, gune babestuen multzoa konektatzeko, balio ekologikoa duten eremu isolatuak saiheste aldera. Horrela, jarraipena ematen zaie berariaz babestu gisa izendatutako espazioei, eta lurralde osora eta inguruko eremu geografikoetara zabaltzen dira.

Legeak sinplifikazio administratiboa lortu nahi du, Euskadin natura-ondarea kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoen arteko koordinazioa errazteko. Gainera, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema bat sortzea aurreikusten du, zeina Euskadiko natura-ondareari buruzko ezagutza tekniko eta zientifiko partekatuaren muina izango den erakunde guztien artean.

Nazioarteko adostasunean oinarrituta, agerikoa da gizateriak aurrean dituen bi erronka nagusiak biodibertsitatearen galera gelditzea eta klima-aldaketari aurre egitea direla. Lege honen berritasun nagusietako bat klima-aldaketaren politikekin bat egitea da. Gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena ekosistema osasuntsuak kontserbatzearen mende dago. Ekosistema horiek uholdeak erregulatzen, berotegi-efektuko gasak xurgatzen eta muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babesten lagunduko digute.

Horregatik, arauaren helburua da natura-ondareak, eta bereziki basoek, CO2 xurgatzeko duten gaitasuna indartzea. Lurraldearen lehentasuna 2050erako edo lehenago karbono-neutraltasuna lortzea den une honetan, Natura Ondarea Kontserbatzeko Legeak aukera ematen du helburu hori lortzeko ekarpen irmoa egiteko. Horretarako, basoak, lurzoruak eta hezeguneak berreskuratzea funtsezkoa da klima-aldaketa arintzeko finkatutako helburuak lortzeko.

Lege honek 109 artikulu ditu, zazpi titulutan bilduta, bost xedapen gehigarri, sei xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

  1. tituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, legearen xedea eta harekin lortu nahi diren helburuak jasotzen ditu, administrazio publikoen jardueraren oinarri diren printzipioekin bat etorriz. Era berean, legea aplikatzeko definizioak jasotzen dira, lege-testuari segurtasun juridikoa emate aldera, eta botere publikoek dituzten betebeharrak eta herritarren eskubideak eta betebeharrak jasotzen dira, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari dagokionez. Arauak natura-ondareak betetzen duen funtzio sozialaren garrantzia nabarmentzen du, pertsonen garapenarekin, osasunarekin eta ongizatearekin duen loturagatik, bai eta haren kontserbazioa beste politika sektorial batzuetan integratzeko beharra ere. Titulu horren barruan, halaber, administrazio publikoek klima-aldaketa arintzeko eta natura-ondarea aldaketa horretara egokituz kontserbatzeko burutu behar dituzten jarduketak jasotzen dira.

  2. tituluak eskumen- eta antolaketa-araubidea jasotzen du, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta foru- eta toki-administrazioen eskumenak arautzen ditu eta, horiek behar bezala ulertzeko, administrazioen arteko lankidetzarako mekanismoak ezartzen ditu.

  3. tituluak, natura-ondarea ezagutzeko, planifikatzeko eta babesteko tresna orokorrei buruzkoak, honako hauen edukia, egitura eta eguneratzeko araubidea arautzen ditu: Natura-Ondarearen Inbentarioa, Naturari buruzko Informazio Sistema, arlo horretan eskuragarri dagoen ezagutza zientifikoa eta teknikoa integratzeko tresna gisa, eta Natura ezagutzeko sarea, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeko helburuarekin lankidetzan arituko diren erakundeek eta pertsonek osatua.

    Titulu horren barruan, halaber, plangintza-tresnak ezartzen dira, helburuak, gidalerroak eta ekintzak finkatzeko, administrazio publikoek legearen xedearekin lotuta egiten dituzten jarduerak bideratzeko. Horrela, Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategia, natura-baliabideak antolatzeko planak eta natura-ondarea ezagutzeko eta babesteko beste tresna batzuk aurreikusten dira. Azkenik, intereseko habitatak kontserbatzeko beharrezkoak diren tresnak arautzen dira, hala nola, zerrendak eta katalogoak, eta habitat horiek kontserbatzeko eta leheneratzeko planak.

  4. tituluak, natura-ondareko gune babestuei buruzkoak, horien guztien xedapen komunak jasotzen ditu, batetik, eta, bestetik, guneen tipologia desberdinak, zeinetan bereizten diren Natura 2000 Sarearen naturagune babestuak eta nazioarteko tresnak aplikatuz izendatutakoak. Izendapen berriek gune babestu guztiak kalifikazio bakar batean batzen dituzte, baina, aldi berean, izendatzen dituen arauaren arabera antolatzen dira.

    Talde horietako bakoitzean zehatz-mehatz zehazten dira deskribatutako gune mota bakoitzak bete behar dituen ezaugarriak, bai eta haien erregulazio berezia eta kudeaketa-modua ere.

  5. tituluak, fauna- eta flora-espezie basatiak babesteari buruzkoak, basati bizi den biodibertsitatearen kontserbazioa bermatu nahi du, haien habitatak babesteari lehentasuna emanez eta hala behar duten espezie basatiak babesteko araubide espezifikoak ezarriz, Euskadin Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrendan sartuta.

  6. tituluak, natura-ondarea kontserbatzeko sustapen-neurriei eta neurri ekonomiko-finantzarioei buruzkoak, finantzabideak eta hartu beharreko neurri fiskalak ezartzen ditu. Eragin sozioekonomikoko eremuak deskribatzen ditu, natura-ondareko gune babestuak mantentzen laguntzeko eta eragindako herrien garapen sozioekonomikoa sustatzeko, garapen-programen, kalte-ordainen araubidearen, lurraren zaintzaren edo jabe pribatuekiko hitzarmenen bidez.

  7. tituluak, zaintza eta ikuskapenari eta zehapen-araubideari buruzkoak, ikuskatzaileak eta haien eginkizunak arautzea jasotzen du, bai eta arau-haustetzat jotzen diren egitateen tipifikazioa ere, oso astun, astun eta arin gisa sailkatuta, natura-ondareari sortutako arriskuak oinarri hartuta. Zehapenen mailaketa arau-hauste mota bakoitzerako ezartzen da, eta zehapenak ezartzean arau-haustearen larritasunarekiko egokitasuna gorde beharko dela ezartzen da, lege espezifikoak ezarritako irizpideak kontuan hartuta. Halaber, diziplina-araubidearen barruan, arau-haustea dakarten gertakarien ondorioz aldatutako egoera berrezartzeko betebeharra aurreikusten da, bai eta Administrazio publikoari eragindako kalte-galeren ordaina ere. Arau-hausteak egiteko pizgarriak kentzen dituzten neurri osagarri gisa, ezartzen da ezinezkoa dela dirulaguntza publikoak lortzea arau-hauste oso astunak edo astunak egin diren kasuetan. Halaber, lege honen esparruan ezarritako zehapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Arauen Arau Hausteen Erregistroan jasoko dira.

  1. Lege honen xedea da Euskadiko natura-ondarea babestea, kontserbatzea, modu jasangarrian erabiltzea, leheneratzea eta hobetzea.

  2. Lege honen ondorioetarako, Euskadiko natura-ondaretzat hartuko da naturaren ekosistema, espezie, ondasun, baliabide eta zerbitzuen multzoa, zeina biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen iturri baita; horiek guztiek funtsezko balioa dute ingurumen, paisaia, zientzia edo kulturaren ikuspuntutik, eta Autonomia Erkidegoaren lurraldeko lur, lurpe eta hegalkineko lur eta itsasoko eremuetan daude kokaturik.

Lege honen helburuak hauek izango dira:

  1. Funtsezko prozesu ekologikoen eta oinarrizko bizi-sistemen funtzionamendu egokia bermatzea, ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak babestuz.

  2. Natura-ondarearen dibertsitate biologikoa eta geologikoa eta produkzio-ahalmena kontserbatzea eta leheneratzea.

  3. Ekosistema naturalak eta ondare geologikoaren eta paisaiaren barietate, berezitasun eta edertasuna kontserbazio-egoera onean gordetzea.

  4. Soinu-paisaia, jatorri naturaleko soinu-erreserbak eta zeru-ingurunearen kalitatea babestea, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, hala badagokio.

  5. Dibertsitate genetikoa eta basafloraren eta basafaunaren populazioak eta horien habitatak kontserbazio-egoera onean daudela bermatzea.

  6. Baliabideak erabiltzea natura-ondarearen eta, bereziki, espezie eta ekosistemen aprobetxamendu jasangarria, kontserbazioa, leheneratzea eta hobekuntza bermatzeko, eta biodibertsitatearen galera garbia eragozteko.

  7. Sustatzea natura-ondarearen kontserbazioari aplikatutako ezagutza, prestakuntza eta ikerketa.

  8. Ziurtatzea natura-ondareari buruzko datuak eta informazioa antolatzea, trukatzea, eta haien zabalkundea egitea.

  9. Kontserbatu behar diren naturaguneen kudeaketa bizkortzea eta erraztea.

  1. Euskal administrazio publikoek lege hau aplikatzen dutenean printzipio hauetan oinarrituta jardungo dute: administrazioarteko koordinazio eta elkarlana, jasangarritasuna, prebentzioa, zuhurtasuna edo kautela, kalteak konpontzea (sorburuan konpontzea lehenetsiko da), eta kutsatzen, suntsitzen edo andeatzen duenak konpentsatzea eta leheneratzea.

  2. Aurreko artikuluan ezarritako helburuak lortzeko, euskal administrazio publikoek (beren eskumenen eremuan eta lege honetan zein bere garapen-arauetan ezarritako esparruan) bermatuko dute natura-ondarea babesteko politikak (kontuan izan gabe ondarearen titulartasuna eta araubide juridikoa) printzipio hauen arabera egiten direla:

    1. Lehenestea natura-ondarearen kontserbazioa lurralde-antolamendu, hirigintza-antolamendu eta kultura-ondarearen aldean. Politika sektorialetan txertatzea natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko, modu jasangarrian erabiltzeko, hobetzeko eta leheneratzeko betekizunak, batez ere, eremu politiko, ekonomiko eta sozialean erabakiak hartzean.

    2. Mantentzea eta hobetzea natura-ondareko gune babestuen kontserbazio-egoera.

    3. Politika publiko sektorialetan integratzea natura-ondarea babestu, kontserbatu, kudeatu, era jasangarrian erabili, hobetu eta leheneratzeko baldintzak, bereziki eremu politiko, ekonomiko eta sozialean erabakiak hartzen direnean.

    4. Zuhurtasun-printzipioa aplikatzea natura-ondareari eragin diezaioketen esku-hartzeetan.

    5. Gizarteak era justu eta bidezkoan parte hartzea natura-ondaretik eta baliabide genetikoetatik eratorritako onuretan.

    6. Klima-aldaketaren ondorioak prebenitzea, aldaketa hori arintzea eta horretara egokitzea, baita aldaketa horren ondore kaltegarrien aurka egitea ere.

    7. Pertsona publiko eta pribatu guztiek erantzunkidetasuna izatea, natura-ondarearen erabiltzaile eta onuradunak diren aldetik, lege honen helburuak erdiesten.

    8. Bermatzea herritarrak informatu eta kontzientziatuko direla natura-ondarea babesteak duen garrantziaren inguruan, eta parte hartuko dutela lege honetako helburuak lortzera bideratutako politika publikoen diseinuan eta gauzatzean.

    9. Natura-ondareko guneetako lurraldeetako herritarren eta jabeak diren pertsonen eta entitate publikoen parte-hartzea, murgiltzea eta espazioaren kogestioa natura-ondarearen kontserbazioarekin koherenteak diren jardueretan eta horietatik eratortzen diren onuretan.

    10. Elkarlanean aritzea eta koordinatzea natura-ondarean eragina duten politika eta plan sektorialak lantzen eta gauzatzen dituzten administrazio publiko eskudunak.

    11. Baliabide naturalak era antolatuan kudeatzea, ingurumenaren aldetik onurak sortzeko, egungo belaunaldientzat sor litezkeen bestelako onura sozial eta ekonomikoak hargatik baztertu gabe, baina, betiere, etorkizuneko belaunaldien beharrei eta nahiei erantzuteko gaitasuna murriztu gabe.

    12. Natura-ondarea kontserbatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko pizgarri positiboak garatu eta aplikatzea, eta kontserbazioaren kontrako pizgarriak identifikatzea eta ezabatzea.

    1. Natura kontserbatzeko ekimen pribatuak egite aldera, neurri fiskalak eta bestelako pizgarriak erabil daitezen sustatzea, eta natura-ondarearen kontserbazioan eta erabilera jasangarrian eragin negatiboa duten ekimenen kasuan, pizgarriak kentzea.

    2. Lehen sektorearen garapen orekatua, inguruko ekosistemak, biodibertsitatea eta jabetzaren eginkizun soziala errespetatuz.

  1. Definizio horietaz gain, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean jasotakoak ere aplikatzekoak dira.

  2. Lege honen ondorioetarako hauek dira definizioak:

    1. Habitat baten banaketa-eremu naturala: habitat bat dagoen gune geografikoaren frakzioa. Gune geografikoan habitatak dauden edo ez dauden gune hori osatzen duten espezieen faktore geologiko, biogeografiko eta fisiologikoek zehazten dute, baita ekologikoek ere.

    2. Konektagarritasun ekologiko eta lurraldekoa: espezie bateko populazio batek edo populazio-multzo batek lurralde zatikatu batean beste populazio bateko indibiduoekin erlazionatzeko duen gaitasuna, baita paisaia zatikatu batean antzeko ekosistemek konektatzeko gaitasuna izatea ere. Konexio hori igarobide ekologikoen bidez egiten da.

    3. Interes geologikoko toki baten kontserbazio-egoera ona: toki hori izendatzeko arrazoi diren balio zientifikoak, hezigarri-interpretaziozkoak edo turistiko-dibertimenduzkoak ukitu gabe mantentzen direnean denbora zehar, bere hauskortasuna edo urrakortasuna murrizteko neurriak daudenean, halakorik balego, eta bere muga naturalak ez direnean murrizten, eta ez dagoenean mehatxurik hori murrizteko etorkizunean, aurreikus daitekeen neurrian.

    4. Azpiegitura berdea: beste ingurumen-elementu batzuekin estrategikoki planifikatutako kalitate handiko naturagune eta gune erdi-naturalen sarea, ekosistemen zerbitzuak emateko eta landa- zein hiri-kokaguneen natura-ondarea babesteko diseinatua eta kudeatua.

    5. Interes geologikoko tokia: ondare geologikoa osatzen duten eremu edo elementu higigarri eta higiezinak.

    6. Natura-ondarea hobetzea: natura-ondarearen kontserbazio-egoera hobea lortzera bideratutako jarduketa, kontserbazio-egoera onera iritsi gabe.

    7. Natura-ondarean egindako kaltea leheneratu, konpondu edo desartifizialtzea: natura-ondareak kontserbazio-egoera on batera eboluzionatzeko jarduketak garatzen laguntzea, nahiz eta ingurumen-balio garrantzitsua duten, hainbat era eta mailatako aldaketa antropiko itzulgarriak pairatu dituzten guneetan.

    8. Ekosistemen zerbitzuak: pertsonek balio, ondasun edo zerbitzu modura naturatik lortzen dituzten onurak dira. Lau motatakoak daude: euskarri-, hornidura-, erregulazio- eta kultura-zerbitzuak.

    9. Lurzorua: Natura-ondarearen zati den elementu naturala, mineral edo osagai organikoen geruzez edo horizonteez osatua, lodiera aldakorrekoa eta alboko etenik gabea; arroka amaz bestelakoa da morfologia, ezaugarri fisiko, kimiko eta mineralogikoen eta ezaugarri biologikoen aldetik. Lurzorua bereziki kontuan hartzen da karbonoa atxikitzeko duen gaitasunarengatik.

  1. Natura-ondareak eginkizun sozial garrantzitsua betetzen du, pertsonen garapenarekin, osasunarekin eta ongizatearekin lotura estu-estua duelako eta garapen sozial eta ekonomikoari laguntzen diolako, bereziki landa-ingurunean.

  2. Lege honetako helburuak lortzera bideratutako jarduerak onura publiko edo interes sozialekoak deklaratu daitezke ondorio guztietarako, bereziki desjabetze-jardueretarako, eraginen bat izan dezaketen ondasun edo eskubideei dagokienez.

  3. Natura-ondareko gune babestuen plangintzan eta kudeaketan, eta habitat eta espezieen kontserbazioan, baliabide naturalen jabe eta erabiltzaileekin borondatezko hitzarmenak sinatzea sustatuko da, eta gizarte zibilaren parte-hartzea natura-ondarearen kontserbazioan.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek interes orokorrekotzat deklaratu ahal izango dituzte gune babestuak kontserbatzeko eta leheneratzeko behar diren obrak, espezie mehatxatuak kontserbatzeko egin behar direnak edo desagertzeko arriskuan dauden habitatak kontserbatzeko behar direnak, bereziki hondamenezko edo salbuespenezko fenomenoei aurre egiteko xedea dutenak. Deklarazio hori horien eskumenen esparruan egingo dute, eragindako foru-organoek txostena egin ondoren eta Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez.

  5. Natura-ondarea eta baliabide naturalak titulartasun publikokoak badira, horien jabe den Administrazioak lege honetan ezarritako helburuak eta neurriak exekutatu beharko ditu, eta beste administrazio batzuekin elkarlanean eta koordinatuta jardun ahal izango du, beharrezkoa bada.

  1. Botere publiko guztiek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, natura-ondarearen kontserbazioa eta erabilera zentzuzkoa zainduko dute, zeinahi delarik haren titulartasuna edo araubide juridikoa, 10. artikuluan esleituko zaizkien eskumenak beretuz.

  2. Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan:

    1. Informazioa eskuratzea erraztu eta parte-hartze publikoa sustatuko dute; halaber, lege honen helburuak betetzeko lagungarri izango diren jarduerak sustatuko dituzte.

    2. Prestakuntza-programen bidez, hezkuntza eta informazio orokorra sustatuko dute natura-ondarea eta biodibertsitatea babesteko beharrari buruz, batik bat, arreta berezia jarrita bere lurraldeko eta itsas inguruneko erabiltzaileen artean.

    3. Natura-ondarea kontserbatzeko eta baloratzeko, biodibertsitatea eta geodibertsitatea babesteko, baliabide naturalak kontserbatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko, habitaten zatikatzea prebenitzeko, eta ekosistemen osotasunari eta ekosistemen zerbitzuei eusteko eta, hala badagokio, leheneratzeko beharrezkoak diren helburu eta aurreikuspenak txertatuko dituzte politika sektorialetan.

    4. Dibertsitate biologikoari buruzko jakintza, oinarri zientifikoa eta teknologia zein ikerketa eta berrikuntza areagotzea eta hobetzea sustatuko dute, bai eta dibertsitate horren balio eta funtzionamenduari, egoera eta joerei bereziki klima-aldaketarekin zerikusia dutenei eta galeraren ondorioei dagokienez ere.

    5. Natura-ondarearen kontserbazio-egoera eta haren aldaketak eragiten dituzten arrazoiak ezagutu ahal izateko tresnez zuzkituko dira, hartu beharreko neurriak diseinatzeko, egokitzapen- eta arintze-neurriak barne, klima-aldaketak biodibertsitatean dituen arriskuak eta inpaktuak minimizatzeko eta klima-aldaketaren testuinguruan espezie basatien iraunkortasuna bermatzeko.

  1. Pertsona guztiek dute batera bizitzeko eta natura-ondareaz gozatzeko eskubidea eta ondare hori kontserbatzeko, era arduratsuan erabiltzeko, narria dadila saihesteko eta eragindako kaltea aurreikusi eta konpontzeko betebeharra.

  2. Eskubide eta betebehar horiek erabiltzeko orduan, edozelan ere, kontuan hartuko dira natura-ondarea babesteko neurriek eragindako lurzoruaren titularren berezitasunak, bai eta ekosistemen zerbitzuekin lotuta zer eginkizun betetzen duten ere.

  3. Informaziorako sarbideari, herritarren parte-hartzeari eta ingurumen-justiziarako sarbideari buruzko eskubideei dagokienez, indarrean dagoen araudia beteko da.

  4. Informazio publikoari dagokionez, zenbait datu ez dira zabalduko ingurumena babesteko arrazoiak direla-eta, bereziki, mehatxupean dauden espezieei edo haien atseden-, ugalketa- eta hazkuntza-lekuen kokapenari buruzkoak direnean, edo interes geologikoko tokiei dagokienez, kalteberak, hauskorrak edo espoliazioa jasan badezakete.

  1. Ondarearen kontserbazioa politika sektorialetan garatuko den ingurumen-politikaren bitartez egingo da, eta modu efiziente eta eraginkorrean txertatuko dituzte lege honetan aurreikusitako helburuak, gidalerroak eta arau orokorrak.

  2. Natura-ondarea babesteko baldintzak politika publiko sektorialetan, bereziki, tresna hauen bidez integratuko dira:

    1. Politika horiek diseinatzean kontuan izatea natura-ondarea zaintzeko eskakizunak, arreta jarriz natura-ondareko gune babestuei, intereseko habitatei, basafauna eta basaflorako espezieei eta horien habitatei, espezie exotiko inbaditzaileei, geodibertsitateari, lurzoru naturalari, ekosistemen zerbitzuei eta lurraldearen konektagarritasun ekologikoari.

    2. Halakorik bada, xedapen orokorren proiektuei buruzko memorietan natura-ondarean izan dezaketen inpaktuari buruzko atal bat txertatzea.

    3. Halakorik bada, planek, programek eta proiektuek naturaren ondarean dituzten inpaktuak ebaluatzea.

    4. Natura-ondarea sustatzeko neurriak diseinatzea dena delako eskumen-eremuan.

  1. Natura-ondarea kontserbatzeko, klima-aldaketa inpaktua arintzeko eta natura-ondarea aldaketa horretara egokitzeko, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, besteak beste, honako helburu hauek lortzeko jardungo dute:

    1. Ekosistemen aniztasuna eta erresilientzia eta haien kontserbazio-egoera ona bermatzea, konektagarritasun ekologikoa areagotzea, ekosistemek ematen dituzten zerbitzuak babestea eta sustatzea eta dauden presioak murriztea.

    2. Baso-habitatak, belardiak eta larreak, hezeguneak, itsas belardiak eta beste habitat batzuk garatzen eta leheneratzen laguntzea, klima-aldaketarekiko erresilientzia hobetzeko, karbono-hustubide gisa duten gaitasuna areagotuz, baita hiri-eremuetan ere, bereziki ingurumen aldetik sentikorrak diren eremuetan, espezie autoktonoen tokiko barietateak lehenetsiz.

    3. Lurrean, landare-estalkian eta uretan muturreko fenomeno naturalek eragindako ondorioak saihestea edo minimizatzea, eta, hala badagokio, aurreko baldintzak leheneratzea. Dauden erregistro historikoetan oinarrituta, administrazioek prebentzio-neurriak ezarriko dituzte, fenomeno horietara egokitzeko gaitasuna areagotuz, bereziki landare-estalkiaren, lurzoruaren eta natura-ondareko gune babestuen babesa handituz.

    4. Azpiegitura berdea eta irtenbide naturalak sustatzea, klima-aldaketaren inpaktuak murrizteko balio duten neurri gisa, bereziki natura-ondareko gune babestuen ondoko eremuetan.

    5. Aurreikuspen-ereduak izatea, espezieek eta komunitateek aldaketei emandako erantzunetan eta klimaren eskualde-ereduen proiekzioetan oinarrituta.

    6. Itsasoaren eta kontinentearen arteko trantsizio-eremuetan kokatutako ekosistemen azalera babestea, leheneratzea eta handitzea, eta ibai-inguruneetan, bai eta klima-aldaketaren inpaktuaren aurreko beste irtenbide natural batzuk ere.

    7. Naturaguneek kliman gertatzen diren aldaketen aurrean duten erresilientzia handitzea eta, gainera, espazio horiek aprobetxatzea landa-eremuen eta hiri-inguruetako eremuen erresilientzia hobetzeko.

    8. Lurzoruek, biomasak eta hildako egurrak karbonoa xurgatzeko duten gaitasuna handitzea.

    9. Ahal den neurrian, balio naturala duten eremuak hiri-inguruneetan sartzea, artifizializazio ezaren eta desartifizialtzearen garrantzia azpimarratuz, irtenbide naturalen zeregina indartzeko funtsezko elementuak baitira.

    10. Natura-ondarea babesteko premia berriak aurreikustea, kliman espero diren aldaketetatik abiatuta.

    11. Klima-aldaketa natura-ondarea kudeatzeko tresnetan sartzea.

  2. Aurreko jarduketak administrazioen arteko lankidetzaren xede izan ahal izango dira, lege honen 11. artikuluan ezarritako tresnen bidez.

  3. Energia Berriztagarrien Euskadiko Lurralde Plan Sektorialak irizpideak ezarriko ditu bateragarritasuna bermatzeko iturri berriztagarrietako energia-ekoizpeneko instalazio berrien eta natura-ondarearen kontserbazioaren artean, eta natura-ondarean inpaktu larriak eragitea saihestuko du.

  1. Estatuko Administrazio orokorrak natura-ondarearen arloan dituen eskumenei kalterik egin gabe, Euskadiko erakunde komunei dagokie:

    1. Natura-ondarearen arloan Estatuaren oinarrizko legeriaren araudia garatzea, Euskadiko Autonomia Estatutuan aurreikusitakoarekin bat.

    2. Natura-baliabideak antolatzeko planak onestea.

    3. Lurreko eta itsasoko natura-ondareko gune babestuak izendatzea eta deklaratzea, hala dagokienean.

    4. Lege honek emandako gainerako eskumenak.

  2. Lurralde historikoetako foru-organoen esku egongo da azaroaren 25eko 27/1983 Legean, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzkoan, jasotako eskumenak betez, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak onestea, baita lege honek eta natura-ondarearen arloko gainerako araudi autonomikoak esleitutako gainerako eskumenak ere.

  3. Toki-erakundeek, beren eskumenen alorrean eta natura-ondareari buruzko legerian ezarritako esparruan, natura-ondarea kontserbatzeko arau- edo administrazio-neurri gehigarriak ezarri ahal izango dituzte.

  1. Lege honetan jasotako betebeharren kalterik gabe, euskal administrazio publikoak natura-ondarea kontserbatzeko alorrean elkarlanean eta lankidetzan arituko dira, beren helburuak betetzen direla bermatzeko era guztietako jarduketak koordinatuz.

  2. Administrazio publikoek, natura-ondarearen gaineko eskumenak gauzatzen dituztenean, administrazio desberdinen erakundearteko lankidetza-esparruan egingo dute, baldin eta lurralde historiko bakoitzaren esparrua gainditzen duten elementuei eragiten bazaie.

  3. Euskadiko autonomia-administrazioak natura-ondarea babesteko behar diren hitzarmenak sinatu ahal izango ditu beste autonomia-erkidego batzuekin eta mugaz gaindiko erakunde batzuekin, natura-ondarearen kontserbazioa modu naturalean banatu dadin edo ziklo biologikoa lurralde batean baino gehiagotan osatu dadin.

  4. Foru-aldundiek natura-ondarearen alorrean udalekin izan behar den koordinazioa sustatuko dute, kontuan izanik eskualde-lurraldean duten jarduketa.

  1. Natura Ondarearen arloko Koordinazio Batzordea sortzen da, aholkurako eta kooperazio teknikorako organo gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan eskumenak dituzten administrazioen artean.

  2. Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ingurumen arloan eskumena duen sailari atxikiko zaio, eta bere lehendakaria saileko burua izango da, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Kideak izango dira hiru lurralde historikoetako foru-organoak eta Eudel ordezkatzeko izendatutakoak.

  3. Batzordeak barne-funtzionamenduko arauak hartuko ditu eta, hala badagokio, atalak edo batzorde teknikoak sortuko ditu. Sortutako atalak osatu dituzte administrazio publikoetako teknikariek, bakarrik edo ospe handiko beste aditu batzuekin batera.

Ingurumeneko Aholku Batzordeak, beste arau batzuetan ezarritako eskumenak baztertu gabe, honako eginkizun hauek izango ditu natura-ondarearen arloan:

  1. Natura-ondareko gune babestuak planifikatu eta kudeatzeko tresnen txostenak egitea tresna horiek lantzean edo aldatzean, lege honetako zehaztapenen arabera.

  2. Lurraldea kudeatzeko ardura duten administrazioen arteko koordinazioa sustatzea eta horretan laguntzea natura-ondarea gehiago babesteko.

  3. Hezkuntza sustatzea natura-ondarea kontserbatzeko eta ikerketa zientifikorako, eta natura-ondarea zabaltzeko eta hedatzeko.

  4. Naturaguneen kudeaketarekin zuzeneko loturarik izan gabe, edo kudeaketarako beharrezkoa izan gabe, aipatutako lekuetan eragin nabarmena izan dezakeen edozein plan edo proiekturi buruzko txostena egitea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak Euskadiko Natura Ondarearen Inbentarioa landu eta eguneratuta mantenduko du.

  2. Inbentarioaren edukia, egitura eta eguneratze-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta, gutxienez, honi guztiari buruzko informazioa izango du:

    1. Natura Ondareko Gune Babestuen Euskadiko Zerrenda.

    2. Hezeguneen Inbentarioa.

    3. Euskadiko Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrenda.

    4. Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa.

    5. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoa.

    6. Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Katalogoa.

    7. Euskadiko Intereseko Habitat Naturalen Zerrenda.

    8. Igarobide Ekologikoen Euskadiko Katalogoa.

    9. Interes Geologikoko Tokien Inbentarioa.

    10. Sistema Karstikoen Katalogoa.

    11. Abifaunaren Babes Eremuen zerrenda.

  3. Euskadiko Natura Ondarearen Inbentarioko datuak ofizioz txertatuko dira, izaera administratiboko erregistro publikoak izango dira eta irisgarriak izan beharko dira herritarrentzat.

  4. Inbentarioan jasota dauden datu batzuen izaera publikoan salbuespena egingo da, ingurumena babesteari lotutako arrazoiak direla-eta, batez ere espezie mehatxatuak edo horien ugalketa-guneak aurkitzekoak.

  1. Euskadiko Naturaren Informazio Sistema sortuko da izaera publiko eta administratiboko erregistro gisa eta arlo honetan eskura dagoen ezagutza zientifiko eta tekniko eta legegilea integratzeko sistema gisa, eskumen publikoak era egokian garatzeko plangintza, kudeaketa, segimendu eta ebaluazioko prozesuetan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailaren esku egongo da Euskadiko Naturaren Informazio Sistema garatzea, antolatzea, kudeatzea eta ebaluatzea.

  3. Araudiaren arabera garatuko dira sistemaren informazioa normalizatzen duten arauak eta irizpideak eta sistemaren erabilera partekatua eta berrerabilera bermatzen dutenak, baita sistemaren edukia, egitura eta eguneratze-araubidea ere, eta administrazioen artean informazioa transmititzeko betekizun eta baldintzak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen saila eta foru-aldundiak eta toki-erakundeak elkarlanean aritzea sustatuko da, ingurumen-informazioa elkarri trukatzeko.

  1. Euskadiko natura ezagutzeko sarea erakunde eta pertsonen sare bat izango da, eta datuak zein informazioa biltzen eta erabiltzen elkarlanean arituko dira horiek, baita natura kontserbatzeko eta onura publikorako eta dokumentu estrategikoetan eta aplikazio-araudian jasotako nahitaezko txostenak egiteko erabil daitekeen ezagutza sortzen ere.

  2. Sareko kideak, besteak beste, hauek guztiak izan ahalko dira: naturaren kontserbazioan inplikatuta dauden administrazio publikoak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, enpresak, gizarte-erakundeak eta pertsonak, betiere Euskadiko Naturaren Informazio Sistema hedatu eta hobetzera konprometitzen badira.

    Edozelan ere Euskadiko Naturaren Informazio Sistemari egiten zaizkion ekarpenek behar besteko kontraste zientifikoa izan beharko dute, sistema horren parte den informaziotzat hartu ahal izateko.

  3. Euskadiko natura ezagutzeko sarea koordinatzeaz arduratuko da natura-ondarearen arloan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko zuzendaritza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak, foru-aldundiekin eta Euskadin eskumenak dituzten gainerako administrazio publikoekin lankidetzan, sei urtean behin txosten bat egin eta argitaratuko du Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarearen egoerari buruz. Txosten horretan lege honetako 18.2.e artikuluan aurreikusitako adierazle-sistemaren emaitzen balioak, analisia eta interpretazioa jasoko dira, bai eta arlo horretan hartutako politikek lortutako emaitzen ebaluazioa ere, Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategia egiteko oinarria izan dadin.

  1. Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategiak beharrezko helburuak, jarraibideak eta ekintzak ezarriko ditu, Euskadiko lurralde autonomikoan eskumenak dituzten administrazio publikoen politikak bideratu eta koordinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarea babestea, kontserbatzea, modu jasangarrian erabiltzeko, kudeatzea, hobetzea eta lehengoratzea xede, bai eta biodibertsitatean aldaketak garaiz hautemateko ere, betiere Estatuaren planifikazio estrategikoaren eta Europar Batasunaren planifikazio estrategikoaren eduki lotesleak errespetatuz eta sartuz.

  2. Estrategiak, gutxienez, alderdi hauek jasoko ditu:

    1. Natura-ondarearen egoeraren eta joeren inguruko diagnostiko bat, pairatzen dituen mehatxu eta arriskuak identifikatuta, bereziki klima-aldaketarenak; era berean, natura-ondarean eragina duten politika publikoen ebaluazio bat ere izango du.

    2. Indarraldian lortzeko ezartzen diren helburu estrategiko eta operatiboak.

    3. Politika publikoen gidalerro orokor orientatzaileak.

    4. Helburuak lortzeko garatu beharreko neurriak eta ekintzak.

    5. Adierazleen sistema bat. Arrakasta-irizpideak izango ditu eta indarraldian zehar ebaluazioa egitea ahalbidetuko du.

    6. Memoria ekonomikoa, estrategia gauzatzeko kostuei buruzkoa, eta aplikatzeko aurreikusten diren finantzaketa-tresnak.

  1. Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak egingo du foru-aldundien eta tokiko beste erakunde batzuekin elkarlanean.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailari dagokio estrategia hasieran onartzea. Estrategiari dagokionez, halaber, honako hau ere egingo da:

    1. Jendaurreko informazioa.

    2. Kontsulta egitea komunitate zientifikoari eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eragile nagusiei.

    3. Ukitutako administrazio publikoei entzunaldia egitea, bai eta lege honen xedeak lortu nahi dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei zein estrategian bildutako neurriek eragindako gizataldeen ordezkari diren erakunde sektorialei ere.

    4. Ingurumeneko Aholku Kontseiluaren txostena.

  3. Aurreko izapideak eginda (aldi berean bultzatu ahal izango dira), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko dio Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategia, erabaki bidez behin betiko onar dadin. Dena delako erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, eta Eusko Jaurlaritzaren tresna telematikoaren bitartez.

  1. Natura Ondarea Kontserbatzeko Euskal Estrategia gehienez hamar urtean izango da indarrean.

  2. Euskal administrazio publikoek estrategia kontuan izan beharko dute natura-ondarearen babesari, zuzenean edo zeharka, eragin diezaioketen planak, programak edo ekintzak garatzen dituztenean. Haren helburuak eta ekintzak politika sektorialen diseinuan txertatu beharko dira.

  1. Baliabide naturalak antolatzeko planak eremu espazial jakin bateko naturagune babestuak integratzen duten elementuen plangintza-tresna espezifikoa izango dira, eta mugak, tipifikazioa, sareko integrazioa eta gainerako lurraldearekiko harremanaren zehaztapena ezarriko dituzte.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko planek lege honetan ezarritako helburuak eta edukiak izango dituzte.

  1. Natura-baliabideak antolatzeko planek, gutxienez, zehaztapen hauek izango dituzte:

    1. Antolamenduaren xede den lurralde-eremua mugatzea eta bertako ezaugarri fisiko, geologiko, biologiko eta sozioekonomikoen deskribapena eta interpretazioa, bai eta eragin sozioekonomikoaren eremuak ezartzea ere.

    2. Dena delako lurralde-eremua integratzen duten natura-ondare, biodibertsitate eta geodibertsitatearen osagaien, ekosistemen, funtsezko prozesu ekologikoen eta paisaiaren kontserbazio-egoera zehaztea, kontserbazio-egoera hori ebaluatuz, lurraldearen erabilera-ahalmena balioetsiz, arriskuak eta mehatxuak identifikatuz eta bertako diagnostiko bat eta etorkizuneko eboluzioari buruzko aurreikuspen bat formulatuz.

    3. Kontserbazio-helburuak ezartzea.

    4. Irizpideak zehaztea planaren lurralde-eremua mugatzeko eta horretan natura-baliabideak kontserbatzeko, babesteko, leheneratzeko, hobetzeko eta era jasangarrian erabiltzeko, batez ere biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen osagaiei dagokienez, eta inguruarekiko konektagarritasun ekologikoa mantentzeko eta leheneratzeko.

    5. Klima-aldaketaren balizko ondoreak aurreikustea, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak ezarriz, zeinek eragina izango duten epe ertainean eta epe luzean.

    6. Egiten diren erabilerak zehaztea eta jardunbide egokiak balioestea, bai eta, erabilera eta jarduerak direla eta, babestu beharreko natura-ondareko eta lurralde-zonakatzeko gune, habitat, espezie eta gainerako elementuen kontserbazio-helburuen arabera ezarri behar diren muga orokorrak eta espezifikoak ere.

    7. Hala badagokio, lege honetan ezarritako babes-araubideetako bat aplikatuko da, kasu bakoitzean lurralde-mugak adierazita.

    8. Politika sektorialetako irizpide orientatzaileak eta jarduera ekonomiko eta sozialen, publiko eta pribatuen irizpide antolatzaileak formulatzea, lege honetan jasotako helburuekin bateragarriak izan daitezen.

    9. Neurriak identifikatzea antolamenduaren xede den lurralde-eremuko konektagarritasun ekologikoa hobetzeko.

    10. Memoria ekonomikoa egitea estrategia aplikatzeko aurreikusitako kostu eta finantzaketa-tresnei buruz.

    11. Antolamenduaren xede den lurralde-eremurako behar diren antolamendu- eta informazio-planoak egingo dira, eskala egokian, Autonomia Erkidegoko kartografia ofizialaren arabera.

    12. Planaren eraginkortasunaren aldizkako segimendu- eta ebaluazio-neurriak.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko planen lurralde-eremua balio naturalen irizpide fisiko, biologiko, geologiko, sozioekonomiko eta homogeneotasunezko batekin zehaztuko da; horrela, bertan jasota geldituko dira lurralde-eremuaren berezitasun adierazgarri guztiak.

  1. Natura-baliabideak antolatzeko planek onartze-arauan berariaz zehazten den indarraldia izango dute.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko planak berrikusi, aldatu edo eguneratu egingo dira, plana onartzeko jarraitutako prozeduraren bidez, plana idaztean nagusitu diren irizpide eta helburuak aldatzen direnean edo antolamenduaren xede diren lurralde-eremuetako baldintza ekologiko, sozial edo naturalak eraldatzen direnean, baita segimendu eta ebaluazioaren emaitzek horrela aholkatzen dutenean ere.

  3. Hala eta guztiz ere, natura-baliabideak antolatzeko planaren indarraldia amaitutakoan, hala badagokio, haren xedapenak iragankorki aplikatu beharrekoak izango dira, haren berrikuspena, aldaketa edo eguneratzea behin betiko onesten den arte.

  1. Natura-baliabideak antolatzeko planen onarpen-arauetan ezarriko da horien ondoreen irismena.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko planak nahitaezkoak eta betearazleak izango dira lege honetan arautzen diren alorretan; hala, planen xedapenek muga bat ezarriko dute lurralde eta hirigintza antolatzeko tresnetarako, bai eta baliabide naturalen antolamendu edo antolamendu fisikoaren tresnetarako ere, eta horrelakoek ezingo dituzte haien xedapenak aldatu.

  3. Lehendik dauden eta natura-baliabideak antolatzeko planekin kontraesanean dauden lurraldea, hirigintza zein baliabide naturalak antolatzeko edo antolamendu fisikorako tresnak plan horietara egokitu beharko dira, eta urte bateko gehieneko epea izango dute horretarako, planak behin betiko onartzen direnetik zenbatzen hasita. Egokitzapen hori egiten den bitartean, natura-baliabideak antolatzeko planen zehaztapenak aplikatuko dira beti, bitarteko horien gainetik. Halaber, erabakigarriak izango dira beste edozein jarduketa, plan edo programa sektorialekiko. Premiazko interes publikoko arrazoiengatik bakarrik ahalko dute azken horiek natura-baliabideak antolatzeko planaren edukia ez jaso eta haren kontra jo. Horrela gertatzekotan, erabakia arrazoitu beharko da eta jendaurrean jarri. Estatuak edo Eusko Jaurlaritzak, eskumenen arabera, hartuko du erabaki hori, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, baita Eusko Jaurlaritzaren informazio telematikoko tresnan ere, baldin eskumena duena Eusko Jaurlaritza bada.

  1. Natura-baliabideak antolatzeko planak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak egingo ditu, foru-aldundiekin elkarlanean.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko planak dekretu bidez onetsiko dira, abenduaren 22ko 8/2003 Legeak, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenak, ezarritako prozedurari jarraituz, honako berezitasun hauekin:

    1. Hasteko agindua emanda, natura-ondarearen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez (EHAAn argitaratuko da), prozeduraren hasiera jendaurrean azalduko da, 26. artikuluan jasotako kautelazko babesaren ondoreetarako.

    2. Natura-baliabideak antolatzeko planaren agiria eginda dagoenean, ukitutako foru-aldundiek horri buruzko txostena egin beharko dute haren aurretiko onespena egin baino lehen.

  3. Aurreko prozedura sustatzeko ekimen publiko edo pribatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailaren bitartez bideratu behar dira, eta gutxienez dena delako eremu geografikoa identifikatu beharko da eta, proposamena egiten duen pertsonaren ustez, plana egitea justifikatzen duten kausen azalpen-memoria bat izan beharko du.

  4. Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana onartzearen ondorioz Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aldatzen badira, bi tresnen bateragarritasuna ziurtatzeko, gidalerroak planean ezarritakora egokitu beharko dira, maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak (Euskadiko Lurralde Antolamenduari buruz) aurreikusitako prozedurarekin bat.

  1. Natura-baliabideak antolatzeko plan bat lantzeko prozedura hasita edo natura-ondareko gune babestu baten izendapen baten prozedura hasita, ezingo da egin errealitate fisikoa, geologikoa eta biologikoa nabarmen eraldatuko duen ekintzarik, aldaketa horrek plan horretako helburuak edo natura-ondareko gune baten izendapena ekarri duten helburuak lortzea ezinezko bihurtzen badu edo era nabarmenean zailtzen badu.

  2. Natura-baliabideak antolatzeko plan bat egiteko edo naturagune babestu bat izendatzeko prozedura hasi eta bost urte igaro ondoren, prozedura hori amaitu eta iraungi egingo da, eta kautelazko babes-araubidea indarrik gabe utziko da. Epe hori amaitu aurreko hiru hilabeteetan, urtebeteko luzapen bakarra ezarri ahal izango da, natura-ondarean eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailburuaren aginduz.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak lortutako informaziotik ondorioztatuko balitz kontserbazio-egoera ona duen eremu bat egoera hori alda lezakeen perturbazio-faktore batek mehatxatua dagoela, kautelazko babes-araubide bat ezarriko da, honako eduki hau izango duena:

    1. Natura-babesaren arloan eskumena duen foru-organoarekiko koordinazioa, perturbazioaren zergatia eta izan litzakeen ondorioak zehazteko, bai eta dagokion jardunbidea ezartzeko ere.

    2. Lursailen jabeek informazioa eman beharko diete agintaritza-agenteei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen saileko ordezkariei, eta sartzen utzi beharko diete, perturbazio-faktoreak dauden egiazta ditzaten.

  4. Adierazitako kautelazko babesa aski izango ez balitz eta perturbaziotik eratortzen den arrisku larriak habitata mehatxatzen jarraituko balu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak behar diren kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu perturbazio-faktorea deuseztatzeko edo murrizteko. Horien artean, behin-behineko babes-araubide bat ezarri ahal izango du, baldin eta aurrez interesdunei entzunaldia emateko izapidea egiten bada, informazioa jendaurrean jartzen bada eta eragiten dien administrazioei kontsulta egiten bazaie. Horrez gain, halere, ingurumenaren erantzukizunari buruzko araudian ingurumen-kalteak prebenitzeko eta saihesteko aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dira.

  5. Natura-baliabideak antolatzeko plan bat lantzeari ekiteko edo natura-ondareko gune babestu bat izendatzeko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, ezin izango da baimen, lizentzia edo emakidarik eman, ezta inolako ahalmenik aitortu ere interesdunei, horren ondoriozko ekintzek errealitate fisiko, geologiko edo biologikoa aldatzen badute, plana edo gunea kudeatzeko eskumena duen foru-organoaren aldeko txostenik gabe. Txosten hori aurkakoa izango da, horretarako izapidetuko espedientean egiaztatzen bada ekintza horrek planaren helburuak edo gune baten izendapena ekarri duten helburuak lortzea ezinezko bihurtzen duela edo era nabarmenean zailtzen duela.

  6. Administrazio baimen-emaileak edo ikuskatzaileak, ofizioz edo aurreko paragrafoan aipatutako foru-organo eskudunaren errekerimenduz, eskatuko du foru-organo eskudunak txostena egin dezala, hilabete bateko gehieneko epean, izapidetutako administrazio-espedientearen kopia igorrita.

  7. Espediente horretan emandako ebazpenak zehazten badu ezin dela jarraitu baimena, lizentzia edo emakidaren prozedurarekin edo interesdunek aipatutako ekintzak ezin dituztela egin, ebazpen horren aurka indarrean dagoen legerian aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

  8. Foru-organo eskudunak aginduko du geldi daitezela ezagutu dituen jarduketa materialak edo egitezkoak, 2. apartatuan zehazten diren baldintzak gertatuz gero.

  1. Konektagarritasun ekologikoa bermatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea leheneratu behar denerako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloko eskumenak dituen sailak Azpiegitura Berdearen Euskal Estrategia prestatuko du, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 15.4 artikuluarekin bat etorriz. Estrategia horrek kartografia egokia izango du, hura grafikoki ikusi ahal izateko modukoa.

  2. Plangintza hori natura-ondarearen arloan eskumena duen sailburuaren aginduz onetsiko da, foru-aldundiek eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren.

  3. Euskal administrazio publikoek igarobide ekologiko gisa balio duten eta iragazkortasun handiagoa bermatzen duten natura-ondareko eta lurraldeko elementuen identifikazioa jasoko dute lurralde-antolamenduaren tresnetan, Azpiegitura Berdearen Euskal Estrategian eta gainerako ingurumen-plangintzan. Horren helburua izango da eremuen eta espezie-populazioen arteko konektagarritasuna mantentzea edo lortzea, habitaten eta ekosistemen zatiketa saihestuz. Horretarako, lehentasunezko papera emango zaie ibai-ibilguei, mendi-eremuei eta lurraldeko beste elementu batzuei, linealei eta jarraituei, edo lotura-puntu gisa jarduten dutenei, natura-ondareko gune babestuak diren kontuan izan gabe.

  4. Lurraldean eragiten duten azpiegiturak eta lehendik daudenen aldaketak espeziei behar beste mugikortasun geografiko emanez gauzatu beharko dira, haien migrazioa erraztuz eta espezien hedapena eta truke genetikoa zailtzen duten barrerak sortzea saihestuz. Beharrezko mekanismoak zuzkituko dira basafaunaren istripu bidezko heriotza-arriskuak saihesteko, azpiegitura berriak edo horien aldaketak ezarri nahi diren lekuetan konektagarritasun ekologikoak une horretan duen egoerari aintzat hartuta.

  5. Foru-organoek beren ezaugarri naturalengatik horrelako igarobide ekologikoetan egon daitezkeen lurraldeen leheneratzea sustatuko dute.

  6. Administrazio publikoek, beren eskumen-eremuan, behar diren neurriak hartuko dituzte ur-inguruneko konektagarritasuna bermatzeko, eta sustatu egingo dute paduretako landare belarkarak, urmael, itsasertz, ibai eta ibai-ibilguen inguruetan dauden lurretako zuhaixka-erako eta zuhaitz-erako landare-birsorkuntza. Era berean, neurriak hartuko dituzte arrain-fauna banatu eta ugaltzen dela bermatzeko, oztopoak kentzea sustatuz eta espezie basatien eskakizunetarako emari ekologiko egokiak mantenduz. Halaber, nork bere eskumen-esparruan, itsas eremuak, marea-inguruneak, labarrak, hondartzak, padurak, dunak eta kostako gainerako habitatak babestuko dituzte.

  7. Administrazio-publikoek, beren eskumen-eremuan, behar diren neurriak hartuko dituzte ingurune lurtarrean konektagarritasuna bermatzeko, eta horretarako igarobide ekologiko gisa balio duten natura-ondareko eta lurraldeko elementuetan landaredia berroneratzea sustatuko dute, iragazkortasuna planifikatuko dute eta azpiegitura lineak kolokan jarritako konektagarritasuna erraztuko dute.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen saila aurreko artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako ezaugarriak biltzen dituen igarobide ekologikoen katalogo bat onartuko du. Autonomia-erkidegoaren kartografia ofizialaren araberako eskala egokiko mugaketa kartografiko bat ere izango du katalogo horrek.

  2. Natura-ondareko gune babestuen antolamendu- eta kudeaketa-tresnek eta, orokorrean lurraldekoek, konektagarritasun ekologikoa bermatzeko eta sustatzeko neurriak izan beharko dituzte, lehentasunezko papera emanez lege honetako 27.3 artikuluan aurreikusitako lurraldeko elementuei.

  3. Energia sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio berriak edo lehendik daudenen aldaketak abifaunarentzako elektrokuzio- eta kolpe-arriskuak murrizteko eran diseinatu beharko dira.

  4. Lurreko garraio-azpiegiturak diseinatzean kontuan hartuko da basafaunako espezieen zirkulazioa oztopatzen duten hesi fisikoen sorrera saihestea. Azpiegituraren ezaugarriengatik edo topografiaren baldintzapenengatik ezin denean haren hesi-efektua ekidin, basafaunaren zirkulazio askea bermatzeko adinako iragazkortasun-irizpideekin diseinatuko da. Lehendik dauden azpiegituren bidegurutzeetan, bereziki arriskutsuak direnetan edo historian zehar, aldizka, basafauna harrapatzea edo hiltzea eragin dutenetan, Azpiegitura Berdearen Euskal Estrategian neurriak jasoko dira eremu gatazkatsu horiek iragazkortzeko eta faunarentzako arriskuak desagerrarazteko edo minimizatzeko.

  5. Titulartasun publiko edo pribatuko plan, programa eta proiektuek neurriak izan beharko dituzte espezie basatien zirkulazio askean edo zirkulazio hori sustatzeko balio duten igarobideetan izan dezaketen eragina saihesteko edo murrizteko.

  6. Azpiegitura Berdearen Euskal Estrategiak, lurren jabeekin bat etorriz, landaredia kendu zaien eraiki gabeko azalerak birlandatzeko neurriak diseinatuko ditu.

  7. Sortu edo leheneratutako igarobide ekologikoak halakotzat identifikatuko dira lege hau garatzen duen araudiak, kasu hauetarako, ezartzen dituen seinaleen arabera.

  1. Baliabide berriztaezina dela aintzat hartuta, lurzoruaren funtzioak honako hauek izango dira: ondare naturala kontserbatzeko eta pertsonentzat eta haien jardueretarako ingurumen fisiko eta kultural egokia eskaintzea; biomasa, bereziki elikagaiak, eta lehengaiak ekoiztea; nutrizio-elementuak, substantziak eta ura metatzea, iragaztea eta eraldatzea; biodibertsitatea, espezieak eta horien habitatak garatzeko sostengua ematea; karbono-hustubideak eratzea, eta ondare geologikoa eta arkeologikoa kontserbatzea.

  2. Euskal administrazio publikoek sustatu egingo dute ezaugarri hauek dituzten eremuak identifikatzea: higadura edo desertifikazio arriskua, materia organikoaren galera, trinkotzea, lurren gazitzea eta irristatzea, baita degradazio-prozesu bat izan dutenak ere. Hala, helburuak ezarriko dituzte eta neurri egokien programak egingo dituzte aipatutako arriskuak murrizteko eta horien ondorioen aurka egiteko.

  3. Halaber, saihestu egingo dute lurzorua zigilatzea edo artifizialtzea, eta abandonatutako lursailen birgaitzea zein degradatuak leheneratzea sustatuko da.

  1. Osagai nagusi gisa arroka karbonatatuak dituzten karst-sistemak hiru dimentsioko sistema natural gisa kudeatuko dira. Sistema horiek arroka, ur, lurzoru, landaredi, fauna eta elementu atmosferikoek integratzen dituzte, eta arreta jartzen zaio lur, aire, ur eta biotaren arteko erlazio interaktiboari, eta kontuan hartzen da arro hidriko osoa edo arroak bati baino gehiagori eragiten zaien kasuan, berriz kargatzeko zein deskargako eremuak hartuta.

  2. Oro har, baldintza naturaletan zaindu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko kareharrizko lurzoruetan dauden haitzulo, leize eta lurpeko gainerako kanalak.

  3. Sistema karstikoetan horien ezaugarri fisiko edo biologikoak aldatzea edo hondatzea saihestuko da, horien guztien barneko edozein eratako material edo elementu naturalak edo artifizialak baimenik gabe ateratzea, isuriak egitea eta bertako oreka ekologikoaren baldintzak alda ditzakeen edozein eratako objektuak sartzea.

  4. Lurpeko akuiferoen babesa eta kontserbazioa bermatuko dira, batez ere zaurgarritasun handia duten eremuetakoena, bai eta akuiferoak betetzeko isuarialdeetako eremuetakoenak ere.

  5. Lurpeko akuiferoak eta haien karga-eremuak eta, oro har, sistema karstikoak babestu eta kontserbatuko direla bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Sistema Karstikoen Katalogoa egitea sustatuko du. artikulu honek jasotako neurriak eremu batzuetan aplikatuko dira, eta eremu horiek katalogoan sartuko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarearen Inbentarioaren parte izango da.

  1. Natura-ondarean kalteak edo arrisku-egoerak sortzen direnean meteorologia, biologia edo ekologiako salbuespenezko egoeren ondorioz, izan naturalak edo istripuen edo gizakiaren edozein esku-hartzeren ondoriozkoak, administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte, baita behin-behineko luzamenduak edo debeku bereziak ere, eta arriskua saihestu edo murriztu, kaltea arindu edo eragin zaien baliabide naturalak leheneratzeko beste edozein. Horrek ez du eragozten ardura duen pertsonari ondoren ingurumen-erantzukizuna eskatzea.

  2. Ahaleginak egingo dira bermatzeko gutxieneko populazio-maila bat mantenduko dela, beste espezie batzuetan eragindako zuzeneko zein zeharkako ondorio adierazgarriak arinduko direla eta ekosistemaren dinamika mantenduko dela.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskuduna den sailaren mende, izaera administratiboarekin eta eremu autonomikoan, Euskadiko Intereseko Habitat Naturalen Zerrenda sortzen da. Bertan, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak sartu dira, bai eta Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Katalogoa ere. Biak ala biak erregelamenduz antolatuko dira eskumena duten foru-organoekin elkarlanean.

  2. Euskadiren Intereseko Habitat Naturalen Zerrendako habitat-kudeaketaren helburua izango da habitatak mantentzea edo, halakorik bada, kontserbazio-egoera onera leheneratzea.

  3. Batasunaren intereseko habitatak hauek izango dira: Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeko I. eranskinean agertzen diren EAEko habitatak. Batasunaren intereseko habitat horien artean lehentasunezkoak izango dira I. eranskin horretan asteriskoa dutenak. Halaber, eskualdeko intereseko habitatak izan ahalko dira haien banaketa-eremuan desagertzeko mehatxua dutenak, banaketa-eremu naturala murriztuta dutenak, gutxituz joan delako edo berez oso eremu murritza dutelako, edota Europar Batasuneko eskualde biogeografiko baten edo zenbaiten adibide adierazgarriak direnak.

  4. Katalogoan desagertzeko arriskuan dauden habitatak sartuko dira, betiere horiek kontserbatzeak edo, halakorik bada, leheneratzeak babes- eta kontserbazio-neurri espezifikoak eskatzen baditu, gutxienez, honelako egoeraren batean egoteagatik:

    1. Banaketa-eremua oso murriztua izatea eta gutxitzen aritzea.

    2. Banaketa-eremu naturalaren zati handienean suntsituta egotea.

    3. Bere osaera, egitura eta funtzio ekologikoek narriadura zorrotz bat jasatea banaketa-eremu naturalaren zatirik handienean.

    4. Eraldaketa atzeraezinezko arrisku handian egotea epe labur edo ertainean bere banaketa-eremuko zati esanguratsu batean, klima-aldaketaren ondoreengatiko eraldaketa-arriskua barne.

  5. Euskadiren Intereseko Habitat Naturalen Zerrendan honako hauek sartuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean Batasunaren interesekoak ez diren baina banaketa-eremu naturalean desagertzeko arriskuan dauden habitat naturalak; banaketa-eremu natural txikia dutenak, haien erregresioagatik edo berez eremu murriztua dutelako; edo eskualde biogeografiko atlantiko eta mediterraneoetako ezaugarri tipikoen adibide adierazgarriak direnak.

  6. Habitatak Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Katalogoan sartuko dira natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailburuaren agindu bidez, ofizioz edo foru-aldundiek proposatuta, horrela aholkatzen duen informazio teknikoa eta zientifikoa dagoenean.

  7. Edozein herritar edo erakundek eskatu ahal izango du habitat bat sartzeko prozedura hastea, dagokion eskaerarekin proposatutako neurriaren argudio zientifiko bat aurkezten bada.

  8. Azken ebaluazio-txostenean txar gisa sailkatu den kontserbazio-egoera duten habitatak Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Katalogoan txertatuko dira, kontserbazio-egoera hobera pasatu direla ezartzen den arte.

Euskadiko Intereseko Habitat Naturalen Zerrendan edo Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Euskadiko Katalogoan habitat bat sartzeak ondore hauek izango ditu:

  1. Azalera egoki bat sartuko da natura-ondareko gune babestuak kudeatzeko tresna batean edo babesteko figura batean, berri batean edo lehendik dagoen batean.

  2. Administrazio eskudunak behar diren neurriak zehaztu eta hartuko ditu atzeraldia gelditzeko eta habitat horien desagertze-arriskua deuseztatzeko plangintza-tresnetan eta helburu horietarako egokiak diren bestelakoetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumenak dituen sailak desagertzeko arriskuan dauden habitatak kontserbatzeko eta leheneratzeko planak onartu ahal izango ditu. Horiek, gutxienez, alderdi hauek izango dituzte: egoeraren diagnostikoa, mehatxu nagusien diagnostikoa, eta kudeatzeko, kontserbatzeko edo leheneratzeko behar diren neurriak, jarduketak eta mugak.

  2. Habitatak kontserbatzeko eta leheneratzeko planak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailaren agindu bidez onartuko dira. Horiek onartzeko eta aldatzeko prozedurak honako izapide hauek izango ditu: jendaurrean jartzea eta interesdunei entzutea, administrazioei eta inplikatutako beste erakunde batzuei kontsulta egitea, eta foru-aldundien eta Ingurumeneko Aholku Batzordearen aurretiko txostena.

  3. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak desagertzeko arriskuan dauden zerrendako habitatak kontserbatu eta leheneratzeko planak onartu ahal izango ditu, kontserbazio-beharren arabera gomendagarria denean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak habitat bakoitzak zer ezaugarri eduki behar dituen ezarriko du Euskadiren Intereseko Habitat Naturalen Zerrendan eta Desagertzeko Arriskuan dauden Habitaten Katalogoan sartu ahal izateko, lege honetan aurreikusitakoaren ondorioetara begira eta behar bezala identifikatzea erraztu dadin, eta kudeatzeko oinarrizko orientabideak ezarri ahal izango ditu mehatxu nagusiak eta aprobetxamendu-aukerak aintzat hartuta.

Natura-ondareko gune babestu deklaratu ahal izango dira baldintza hauetako bat, gutxienez, betetzen denean:

  1. Autonomia-erkidegoko ekosistema, paisaia edo formazio geologiko edo geomorfologiko naturalen adierazgarri izatea.

  2. Era nabarmenean eragitea ekosistemen kontserbazioan horiek egoera natural, seminatural edo aldaketa gutxikoan egoteko, ziurtatuz funtsezko prozesu ekologikoak, espezieen migrazioa eta natura-ingurunea arautzeko funtzioak mantentzen direla.

  3. Paper garrantzitsua izatea funtsezko prozesu ekologikoen garapenean.

  4. Desagertzeko arriskuan dauden kontserbazio-egoera oneko habitat naturalen laginak izatea edo, nazioarteko hitzarmenen, Europar Batasunaren edo xedapen espezifikoen arabera, babes berezia behar izatea.

  5. Espezie mehatxatu edo nazioarteko hitzarmenen, Europar Batasuneko araudiaren edo xedapen espezifikoen arabera babes berezia behar duten espezie gisa katalogatutako animalia- edo landare-populazioak izatea.

  6. Ondare geologikoaren elementuak izanik, duten garrantzi zientifikoagatik, historia geologikoan duten adierazgarritasunagatik, berezitasunagatik edo urritasunagatik erkidego, Estatuko edo nazioarteko inbentarioen zati izatea.

  7. Hauskortasun, urritasun edo berezitasunarengatik nabarmentzen diren elementu naturalak izatea.

  8. Ingurune naturala zientifikoki ikertzeko, ezagutzeko eta interpretatzeko edo ingurumen-parametroak ikertzeko eta kontrolatzeko aukera ematea.

  9. Ezaugarri ekologiko egokiak izanik, eremuko eta bere inguruneko tokiko populazioen eta komunitateen aurrerapenari ekarpena egitea, eta eremuko garapen ordenatuaren elementu dinamizatzaile gisa balio izatea.

  10. Edertasun bereziko edo balio kulturaleko landa-paisaia harmoniatsu bat osatzea, edo paisaia orokorrean elementu bereiziak edo bereizgarriak izatea.

Natura-ondareko gune babestuak kategoria hauetako batean sailkatuko dira:

  1. Naturagune babestuak. Kategoria honetakoak dira parke naturalak, natura-erreserbak, natura-monumentuak eta paisaia natural babestuak.

  2. Natura 2000 Sareko naturagune babestuak. Kategoria honetakoak izango dira Batasunaren garrantzizko lekuak (BGL), kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE).

  3. Gune babestuak nazioarteko tresnak aplikatzearen ondorioz. Kategoria horretakoak dira honako hauek: biosfera-erreserbak, Nazioarteko Garrantziko Hezeguneei (bereziki Uretako Hegaztien Habitat gisa) buruzko Ramsarko Hitzarmenaren nazioarteko garrantziko hezeguneak, Unescok deklaratutako geoparkeak, Ospar hitzarmenak babestutako eremuak, Munduko Ondarearen Zerrendako naturaguneak eta Europako Kontseiluaren erreserba biogenetikoak.

  1. Leku berean gainjartzen direnean naturagune babestuen hainbat kategoria, babesaren koherentzia eta kategoria bakoitzari aplika dakizkiokeen araubideen arteko koordinazioa bermatzeko, eremu bakoitza erregulatzen duten arau espezifikoak eta tipologia bakoitza erregulatzen duen araudi orokorrak eskatzen dituen plangintza-tresnak dokumentu integratu bakarrean bateratu beharko dira.

  2. Lurralde bakarrean gainjartzen diren kategorien artean baliabide naturalak antolatzeko plan espezifikoa duen bat badago, aurreko lerrokadan aipatzen den integrazioa plangintza-tresna horretan gauzatu behar da.

  3. Lurralde berean gainjartzen diren naturagune babestuak kudeatzeko tresnak, halaber, foru-organo eskudunek dokumentu integratu batean bateratu egin behar dituzte. Lurralde berean gainjartzen diren kategorien artean baten batek erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana badu, kudeaketa-plangintzako tresnak plan horretan integratu behar dira.

  1. Naturagune babestuen deklarazioek eta izendapenek kartografia bat izan behar dute, zeinak, autonomia-erkidegoaren kartografia ofizialaren araberako eskala egokiaren arabera, eragiten zaien lursailen lurralde-eremua zehaztuko duen. Kartografiak naturagune babestuaren kanpoko mugak zehaztuko ditu eta, halakorik bada, hartutako zonakatzeak eragiten dien eremuko barne-eremuak eta ezarritako babes-eremu periferikoak.

  2. Naturagune babestuen mugaketa kartografikoa haien deklarazioa edo izendapena ekarri duen prozeduraren hasierako fasetik ezarriko da; horrek ez du eragozten izapidetzean aldatu ahal izatea, eta horretarako ez da espedientea berriz hasi beharko.

  3. Naturagune babestua deklaratu edo izendatu ondoren, mugaketa zehatza egin ahalko da bertan, ofizioz edo zuzeneko interesdunen eskari arrazoituz (erakundeak zein norbanakoak izan, eta betiere interesdunak direla egiaztatzen badute). Administrazio jarduleak mugaketa hori iragarriko du, gutxienez hamabost egun aurretik, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean, dagokion informazio-tresna telematikoaren bidez eta, egoki joz gero, udal eta toki-erakundeetan ediktuak jarriz, egokitzat jotako kasuetan, interes legitimoa duten pertsonak aurkeztu ahal daitezen.

  1. Natura-ondareko gune babestuetan ibilgailuak sartu, iragan eta aparkatu hartarako egokituta dauden bideetatik bakarrik egin ahal izango da. Haietatik kanpo, soilik sartu, ibili edo aparkatu ahal izango da zaintza-lanetarako edo larrialdiak direnean, betiere gunearen kudeaketaren eskuduna den organoak aurretiaz baimenduta, baliabideen aprobetxamendurako edo baimendutako jarduera ekonomikoak dituzten ustiapenen kudeaketarako, hala nola lehendik diren bide-zor eta gainerako eskubide legitimoetarako.

  2. Natura-ondareko gune babestuen planifikazio eta kudeaketarako tresnek edo espezieen kudeaketako planek ibilgailuak eta pertsonak sartzeko eta iragateko mugapenak ezarri ahal izango dituzte, habitat, espezie edo interes geologikoko guneen kontserbazio-egoera ona bermatzeko beharrezkoa dela irizten denean.

  3. Aldi baterako mugapen gehigarriak ezarri ahal izango dira bide publiko eta pribatuetarako, salbuespenez, natura-ondarearen kontserbatzeko arrazoi sendoak direnean, haien titularrak aurretiaz entzunda.

  1. Natura-ondareko gune babestuei buruzko informazio perimetrala beti sartuko da erregistro-finkaren informazio-sistema geografikoan, hipoteka-legerian ezarritakoaren arabera.

  2. Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak eguneratuta mantenduko du aurreko lerrokadan aipatzen diren eremu babestuak identifikatu eta mugatu ahal izateko behar den informazioa. Era berean, Higiezinen Katastroak informaziorako sarbidea izango du, legean aurreikusitako baldintzetan, araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.

  1. Natura-ondareko gune babestu baten mugen barneko lursailek identifikatuko dituzten seinaleak instalatzeko nahitaezko zortasuna izango dute, foru-organo eskudunek zehaztutako prozedurari jarraikiz.

  2. Seinale horiek instalatzeko zortasunak esan nahi du zortasunpeko onibarrek bidea eman behar dutela eta seinaleak ezartzeko, kontserbatzeko eta erabiltzeko lanak egiten utzi behar dutela.

  3. Zortasunak deklaratu eta ezartzeko aski da aurretiazko instrukzioa egitea eta foru-espedientea ebaztea, zeinak, interesdunen entzunaldiarekin, zortasunak ezartzeko komenigarritasuna eta behar teknikoa justifikatzen dituen.

  4. Jabetza nahitaez kentzeari buruzko legerian aurreikusitakoaren arabera, seinale-zortasuna ezarriz gero dagokion kalte-ordaina jasoko da.

  1. Eremu bat natura-ondarearen gune babestua izendatzeak berekin dakar herri-onurako deklaratzea, ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeari begira, eta Administrazio kudeatzaileari kostu bidez eta inter vivos egindako egintza eta negozioetan lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideez baliatzea dakar, baldin eta egintza horiek gunearen barneko ondasun higiezinetan egokitzen diren eskubide errealak sortu, eskualdatu, aldatu edo iraungitzea badakarte.

  2. Transmisio-egileak modu sinesgarrian jakinaraziko dizkio Administrazio kudeatzaileari egin nahi den transmisioaren prezioa eta funtsezko baldintzak eta, hala badagokio, aipatutako transmisioa prestatu den eskritura publikoaren kopia fede-emailea.

  3. Egin nahi den transmisioaren jakinarazpenari Administrazio kudeatzailearen erregistroan sarrera eman ondorengo egunetik hiru hilabeteko epean administrazioa lehentasunez erosteko eskubideaz balia daiteke. Lehentasunez erosteko eskubideaz baliatzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpenik gabe pasatzen bada epe hori, proiektatutako besterentzea era librean gauzatu ahalko da. Administrazio kudeatzaileak lehentasunez erosteko eskubideaz baliatzea erabakitzen duen kasuan, hitzartutako prezioa ordaindu beharko du urte batetik gorakoa ez den epe batean.

  4. Administrazio kudeatzailea atzera eskuratzeko eskubideaz baliatu ahal izango da sei hilabeteko epean, eskualdatzeko eskritura publikoaren jakinarazpen fede-emailea egiten denetik aurrera zenbatzen hasita, betiere eskrituratu aurretik ez badira haren baldintzak jakinarazi Administrazioak lehentasunez erosteko eskubideaz baliatu ahal izateko.

  5. Behar diren jakinarazpenetako bat egiten ez denean edo transmisioaren prezioa edo funtsezko baldintzak aipatzen ez direnean, baita transmisioaren prezioa gutxiago bada edo baldintzak jakinarazitakoak baino kostu txikiagokoak badira, Administrazio kudeatzailea atzera eskuratzeko eskubideaz balia daiteke sei hilabeteko epean, gauzatutako transmisioaren berri modu fede-emailean izaten denetik.

  1. Natura-ondareko gune babestuetan babes-eremu periferikoak ezarri ahal izango dira, kanpoko ekologia- edo paisaia-inpaktuak saiheste aldera. Eremu horietan erabilera eta jardueretarako behar diren mugak ezarri ahal izango dira eremu horien helburuak lortzeko.

  2. Babes-eremu periferikoen mugaketa eta eremu horretako erabilera eta jardueren araubide eta muga espezifikoak natura-ondareko eremu babestuaren deklarazio- edo izendapen-arauan sartu beharko dira edo dagokion plangintza-tresnan.

1. 37. artikuluan ezarritako natura-ondareko gune babestuen izendapenak soilik erabiliko dira lege honetan eta bere garapen-araudian aurreikusitako ondorioetarako.

  1. Natura-ondareko gune babestu baten deklarazioak esan nahi du ezen, salbu eta organo kudeatzaileak emandako baimen administratiboaren kasuan, debekatuta dutela bere izendapena eta anagrama erabiltzea edozein pertsona publikok edo pribatuk, merkataritza, salerosketa, publizitate edo antzeko irabazizko helburu baterako, dagozkien erregistro publikoek eskuratutako eskubideak eragotzi gabe.

  1. Babesten diren ingurumen-balioekin bateraezinak diren erauzketa-jarduerak, haien teknika edozein izanik ere, debekatuta egongo dira natura-ondareko gune babestuen mugen eta haien babes-eremu periferikoen barruan.

  2. Natura-ondareko gune babestu bakoitza planifikatzeko eta/edo kudeatzeko bitartekoek edo deklarazio- edo izendapen-arauak berak xedatuko dute bateraezintasun hori, behar den bezala arrazoituz ingurumen-balioen eta gune horien eta horien babes-eremu periferikoak babesteko irizpideen arabera.

  3. Hala dagokionean, natura-ondareko gune babestu bakoitzaren plangintza-tresnek identifikatuko dute zein eremutan ez den bateragarria erauzketa-jarduerak egitea, teknika edozein dela ere, jarduera horien ondoriozko osasun publikorako eta ingurumenerako inpaktuak eta arriskuak prebenitzeko, kudeatzeko eta murrizteko.

  1. Lege honen arabera deklaratu edo izendatutako natura-ondareko gune babestuek Euskadiko gune babestuen sarea osatzen dute, eta horrek ez du eragozten Europako edo nazioarteko beste sare batzuetan integratuta egotea.

  2. Sareak helburu hauek izango ditu:

    1. Natura-ondareko gune babestuak era koherente eta koordinatuan planifikatzea eta kudeatzea, irizpide bateratuak aplikatuz.

    2. Kartografia uniformearen bitartez Euskadiko natura-ondareko gune babestu guztiak ezagutzea.

    3. Natura-ondareko gune babestuak kanpoan sustatzea era homogeneo eta koordinatuan.

    4. Segimendu, zaintza eta ebaluazioko sistemak koordinatzea.

    5. Natura-ondareko une babestuak eta basabizitza kontserbatzeko nazioko, Europar Batasuneko eta nazioarteko programetan elkarlanean aritzea.

    6. Informazioa trukatzea beste sare batzuekin edo babes-sistema batzuekin, baita naturaren babesarekin eta kontserbazioarekin erlazionatutako nazioko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeekin ere.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailari dagokio, natura-ondareko gune babestuen administrazioan eskumena duten foru-organoekin koordinatuta, aurreko lerrokadan adierazitako helburuak betetzeko behar diren ekintzak egitea; horretarako, sarea behar beste garatuko da araudiaren aldetik.

  1. Parke naturalak eremu zabal samarrak dira, gizakiaren ustiapen edo okupazioarengatik gutxi transformatuak, ekosistemen edo habitaten adierazgarritasunagatik, bertako flora, fauna edo ondare geologiko bereziarengatik (bertako formazio geomorfologikoak edo paisaien edertasuna barne) botere publikoen aldetik lehentasunezko arreta merezi dutenak, baliabide naturalak era ordenatuan aprobetxatzea eta erabilera publikoa bateragarriak izan daitezen haien balio ekologiko, estetiko, hezigarri eta zientifikoekin.

  2. Parke naturaletan bateragarri egingo da haien natura-ondarearen kontserbazioa bertako baliabideen aprobetxamendu ordenatuarekin eta biztanleen jarduerarekin.

  3. Parke naturaletan baliabide naturalen aprobetxamendua mugatu ahal izango da, eta kasu guztietan debekatuko dira parkea sortzea justifikatu duten helburuekiko bateraezintasunak, izan lurrazalean, lurpean edo hegalkinean.

  4. Parke naturaletan bisitariak sartu ahal izango dira, baina muga zehatzekin, natura-ondarea eta bertako lursailetako titularren eskubideak babesten direla bermatzeko.

  5. Parke naturaletan Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan bat eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan bat onartu beharko dira, eta Patronatu bat eratu, organo kudeatzaileari atxikitako organo aholkulari eta laguntzaile gisa.

  1. Natura-erreserbak neurrizko hedapena edo murriztua duten naturaguneak dira. Horrelako naturaguneak sortzeko helburua izango da ekosistema, komunitate edo elementu biologikoak babestea, baita interes geologikoko tokiak ere, zeinek horien urritasun, hauskortasun, garrantzi edo berezitasunarengatik balioespen berezia merezi baitute, eta baso heldu edo zaharrak edo baso-erreserbak edo baliokideak jaso ahal izango dira.

  2. Erreserbetan mugatuta egongo da baliabideak ustiatzea, salbu eta ustiapen hori kontserbatu nahi diren balioekin bateragarria denean. Oro har, debekatuta egongo da material biologiko edo geologikoa biltzea, salbu eta ikerketa, kontserbazio edo hezkuntzako arrazoiengatik hori egitea baimentzen bada, aurrez Administrazioak baimenduta.

  3. Natura-erreserbetan deklarazio-dekretuak berak edo, halakorik izanez gero, natura-baliabideak antolatzeko planak jasoko ditu bere helburuak lortzeko behar diren arautzeak eta neurriak. Horrek ez du eragozten plangintzako edo kudeaketako tresna gehigarriak onartu ahal izatea.

  1. Natura-monumentuak dira, funtsean, babes bereziaren xede izatea merezi duten berezitasun, urritasun edo edertasun nabariko formazioek eratutako naturako gune edo elementuak.

  2. Bereziki, natura-monumentutzat honako hauek jotzen dira:

    1. Aparteko zuhaitzak eta basoak.

    2. Habitat, fauna eta floraren mikroerreserbak.

    3. Interes geologikoko tokiak, beren ezaugarriek horrela aholkatzen badute, besteak beste:

      1. Aztarnategi paleontologikoak eta mineralogikoak.

      2. Gearen estratotipoak eta gainerako elementuak, interes berezia badute zientzia, kultura edo paisaiako balioen berezitasunagatik edo garrantziagatik.

  3. Natura-monumentuetan baliabideak ustiatzea mugatuta egongo da, salbu eta erabat koherentea bada babestu nahi diren balioen kontserbazioarekin, bere deklarazio- edo kudeaketa-arauetan ezarritakoaren arabera, edo ikerketa- edo kontserbazio-arrazoiengatik edo gutxieneko inpaktua duten jarduera ekonomiko bateragarriak izateagatik eta ongizate sozioekonomikoari edo populazioaren ongizateari ekarpena egiteagatik ustiapen hori baimentzen bada, aurrez dagokion foru-organoak administrazio-baimena emanda.

  4. Natura-monumentuetan, deklarazio-dekretuak berak txertatuko ditu dekretuko helburuak lortzeko behar diren arauketak eta neurriak. Horrek ez du eragozten plangintza edo kudeaketarako tresna gehigarriak onartzea.

  1. Paisaia natural babestuak balio natural, estetiko eta kulturalengatik babes berezia merezi duten lurralde-eremuak dira.

  2. Paisaia natural babestuen helburu nagusiak hauek izango dira:

    1. Bereizten dituzten aparteko balio estetiko, biologiko edo geologikoak kontserbatzea.

    2. Naturaren eta kulturaren arteko interakzio harmoniatsua gordetzea toki zehatz batean, leku horretan bizi diren pertsonekin.

  3. Paisaia natural babestuetan bertako balioak eta natura-ondarea gordetzen laguntzen duten lurralde-praktikak eta -erabilerak mantentzen ahaleginduko da. Saihestu egingo dira horiek artifizialtzea edo deklarazioaren xede diren balioak eta interakzioak narriatzea dakarten praktika eta erabilerak, aurreko paragrafoaren arabera.

  4. Paisaia natural babestuetan, deklarazio-dekretuak berak txertatuko ditu dekretuko helburuak lortzeko behar diren arauketak eta neurriak. Horrek ez du eragozten plangintza edo kudeaketarako tresna gehigarriak onartu ahal izatea.

  1. Naturagune babestuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez deklaratuko dira, natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak eskatuta.

  2. Deklarazio-dekretua lantzeko prozedura abenduaren 22ko 8/2003 Legean (Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena) ezarritakoak arautzen du.

  3. Parke naturalak izendatzeak, bai eta natura-erreserbak, natura-monumentu eta paisaia natural babestuak izendatzeak ere, horien ezaugarriengatik eta aniztasunagatik gomendagarria bada, eskatzen du eremu horri dagokion natura-baliabideak antolatzeko plana aldez aurretik lantzea eta onartzea. Kasu horietan, denbora-eskakizun hori errespetatuz, izendapen-dekretuaren izapidetzea dagokion natura-baliabideak antolatzeko plana izapidetzeko espedientean integra daiteke.

  4. Natura-erreserben, natura-monumentuen eta paisaia naturalen baldintzek natura-baliabideak antolatzeko plana egin eta onartzea eskatzen badute, ezaugarriei eta dibertsitateari dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak garatuko ditu baldintza horiek.

  5. Natura-erreserben, natura-monumentuen eta paisaia natural babestuen izendapenak, gutxienez, hau edukiko du:

    1. Eremuko ezaugarriak deskribatzea.

    2. Deklarazio-proposamena justifikatzea.

    3. Eremu hori behar bezala babesteko beharrezkotzat jotzen den muga geografikoak zehaztea, dagokien markatze kartografikoarekin.

    4. Eremuetan eragiten duten erabilera eta jarduerak erregulatzeko araudia.

  6. Naturagune babestu batek kategoria galtzeak edo bere lurralde-eremua murrizteak eskatuko du bere izendapenerako jarraitutako prozedura bera izapidetzea, eta soilik egin daiteke baldin eta, zientifikoki egiaztatutako eta segimenduan oinarritutako eboluzio naturalarengatik, babesa jartzea arrazoitu zuten oinarriak desagertu badira eta ezin badira berreskuratu edo leheneratu. Ez da inola ere bidezkoa izango galera hori nahita sortu bada.

  7. Naturagune babestuen lurralde-eremua zabaltzeko, naturagune babestu bat izendatzeko ezarritako prozedura beraren bitartez egingo da.

  1. Naturagune babestuak kudeatzea eskumena duten foru-organoei dagokie. Kudeaketa hori lege hau sustatzen duten printzipioen arabera eta horren oinarrizko aurreikuspenen arabera gauzatuko da, foru-administrazio eskudunak oro har eta berariaz zehaztutako era eta administrazio-bideak erabiliz.

  2. Naturagune babestu batek bi lurralde historiko edo gehiagoren lurrak hartzen dituenean, kudeaketa foru-organo eskudunek zehazten duten eran egingo da.

  3. Naturagune babestuen kudeaketa-organoek funtzio hauek izango dituzte:

    1. Urtero egitea aurrekontua eta kudeaketa-programa.

    2. Berezko zerbitzuetatik eratorritako baliabideak eta kanpotik jaso ditzaketenak administratzea.

    3. Zaintzea naturagune babestuen alorrean horiek babesteko natura-baliabideak antolatzeko planean edo, hala badagokio, deklarazio-arauan aurreikusten diren arauak betetzen direla, arau horietan ezarritako txostenak eginez eta baimenak emanez.

    4. Zehatzeko ahala erabiltzea.

    5. Indarrean dagoen legerian, natura-baliabideak antolatzeko planetan, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planetan eta deklarazio-arauetan eta tresna baliokideetan aurreikusitakoak.

  4. Administrazio kudeatzaileak naturagune babestua zuzentzeko eta kontserbatzeko arduraduna izendatuko du. Pertsona horrek zenbait naturagune babestutan burutu ditzake bere eginkizunak.

  5. Zuzendaritza- eta kontserbazio-arduradunaren eginkizunak hauek izango dira:

    1. Naturagune babestuaren plangintza- eta kudeaketa-tresnak sustatu eta aplikatzea, behar diren jarduerak gauzatuz.

    2. Elkarlanean aritzea eta nahitaezko txostenak egitea administrazioek ingurune fisikoan garatutako jardueren gainean, naturagune babestuaren natura-ondarean eragina izanez gero.

    3. Aurrekontua eta inbertsioen eta jarduketen urteko programa egitea, eta horiek gauzatzea, onartu ondoren.

    4. Egokitzat jotzen dituen ekintzak sustatzea naturagune babestuaren alde.

    5. Jardueren eta emaitzen urteko memoria egitea.

    6. Naturagune babestuaren organo kudeatzaileak eskatzen dizkion guztiak.

  1. Gune babestu bat izendatuta, deklarazio-dekretua indarrean jarri eta hiru urteko epean, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan bat egingo da, Natura Baliabideak Antolatzeko Planak dauzkan arauen eta gidalerroen araberakoa.

  2. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak, gutxienez, honako eduki hau izango du:

    1. Indarrean den bitartean gauzatu beharreko neurriak edo jarduketak, natura-baliabideak antolatzeko planeko zehaztapenak betetzeko eta parke naturalaren helburuak lortzeko. Jarduketa eta neurri hauetarako adierazi egin beharko dira, gutxienez, egikaritze-lehentasuna, ezarpen-kostu estimatua eta aurreikusitako finantzaketa-iturriak.

    2. Gune babestuan garatzen diren ekonomia- eta jolas-jarduerak antolatzeko beharrezko erregulazioak.

    3. Dena delako parkearen helburu zehatzak garatuko dituzten programak egiteko gidalerroak honi guztiari dagokionez: babesa eta kontserbazioa; ikerketa; naturako fenomenoen interpretazioa; ingurumen-hezkuntza; bisitarien erabilera publikoa eta gozamena; eta parkean edo horren eraginpeko eremuan bizi diren komunitateen eta erabileren iraupena, natura-ondarea kontserbatzen lagunduz gero.

    4. Programatutako neurrien eta jarduketen segimendu- eta ebaluazio-programa.

    5. Bestelako gidalerroak eta jarduketak, parke naturala sortzeko arrazoi izan ziren kontserbazio-helburuen arabera beharrezkotzat jotzen direnak edo natura-baliabideak antolatzeko planean jasotakoak.

  3. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak egiteko, onartzeko eta aldatzeko prozedura hau izango da:

    1. Kudeatzeko ardura duen foru-organoak hasierako dokumentua egingo du.

    2. Dokumentu horri, gutxienez bi hilabeteko epean, jendaurreko informazio-prozedura egingo zaio eta txostenak egingo dizkiote udalek eta ukitutako beste toki-erakunde txiki batzuek, eremuko interes sozialak ordezkatzen dituzten elkarteek, lege honen helburu berak lortu nahi dituzten gobernuz kanpoko erakundeek, Ingurumeneko Aholku Batzordeak eta parke naturalaren patronatuak.

    3. Foru-organoak erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planaren hasierako onespena egingo du.

    4. Hasierako onespena eman ondoren, erabilera eta kudeaketa planari buruzko nahitaezko txostena egin beharko du natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, eta bi hilabeteko epean eman beharko du.

    5. Foru-organo eskudunak erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana behin betiko onetsiko du, eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko du, baita foru-organoaren informazio telematikoko tresnan ere.

  4. Baldin eta, dagokion organo kudeatzailearen erabakiz, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana aldatzeak ez badakar dokumentuaren berrikuspen orokor edo funtsezkorik, aldaketa prozedura laburtu baten bidez egingo da. Prozedura horretan aldaketa-proposamena gauzatuko da, zeina, aldi berean, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren eta parke naturaleko patronatuaren txostenaren izapideen mende egongo baita, hilabeteko epean. Horren ostean, foru-organo eskudunak onetsiko du, eta ondoriozko testu bategina argitaratuko du lege honen 54.3.e artikuluaren arabera.

  5. Hala eta guztiz ere, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planaren indarraldia amaitutakoan, haren xedapenak iragankorki aplikatu beharrekoak izango dira, haren berrikuspena, aldaketa edo eguneratzea behin betiko onesten den arte.

  1. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planek hamar urteko indarraldia izango dute. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak nahitaez berrikusi beharko dira, lege honetan onartzeko aurreikusitako izapideak jarraituz, epe hori igarotakoan edo eremuko baldintza berrietara egokitu behar denean, bereziki natura-baliabideak antolatzeko plana aldatu denean edo zaintzaren eta segimenduaren emaitzek horrela aholkatzen dutenean.

  2. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak natura-baliabideak antolatzeko planen osagarri izango dira, eta horiek xedatzen dutenaren mende egongo dira.

  3. Interes publikoko arrazoiek horrela aholkatzen dutenean, 54. artikuluan aurreikusitako baldintza beretan, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak onartu ahal izango dira natura-erreserba, natura-monumentu edo paisaia natural babestu gisa izendatutako naturagune babestu bati edo zenbaiti eragiteko.

  1. Parke naturaletan aholkatzeko, laguntzeko eta parte hartzeko berezko organo bat egongo da, patronatua izenekoa, kasu bakoitzean parke naturalaren organo kudeatzaileari atxikitzen zaiona.

  2. Parke natural bateko patronatuaren eginkizunak hauek izango dira:

    1. Egoki iritzitako kudeaketa guztiak sustatu eta egitea parke naturalaren alde, eta han bizi diren pertsonen alde eta garatzen diren jardueren alde.

    2. Parke naturalean ezarritako arauak betetzen direla zaintzea.

    3. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planen proiektuen eta haien ondoz ondoko berrikuspenen berri ematea.

    4. Kudeaketako urteko programen berri ematea eta jarduketa gehigarriak proposatzea.

    5. Aurrekontuaren eta inbertsio eta jarduketen urteko programaren berri ematea.

    6. Zuzendaritza- eta kontserbazio-arduradunak jardueren eta emaitzen inguruan egindako urteko memorien berri ematea, disfuntzioak zuzentzeko edo kudeaketa hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak proposatuz.

    7. Parke naturalaren eragin sozioekonomikoaren eremuetan egin beharreko jarduketa konpentsatzaileen proiektuen berri ematea.

    8. Parke naturalen kontserbazio, hobekuntza eta ezagutzarako egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzea, baita parke naturalaren natura-ondarea kontserbatzen laguntzen duten jarduerak babesteko ere.

    9. Parke naturalaren balioak aztertu, zabaldu eta horietaz gozatzeko jarduketak sustatu eta bultzatzea.

    10. Ingurumeneko Aholku Batzordeari igorri beharreko urteko memoria laburtu bat egitea naturagune babestuko kudeaketaren estrategia eta emaitzei buruz, dena delako naturagune babestuaren zuzendaritza- eta kontserbazio-arduradunaren urteko txostenetan oinarrituta.

    11. Barne-araubidearen arauak onartzea eta aldatzea.

    12. Batzorde iraunkorrean eskuordetzea, halakorik badago, egokitzat jotzen dituen eginkizun guztiak.

    1. Organo eskudunei proposatzea lege honen helburuen arabera sinatu behar diren lankidetza-akordioak.

    2. Klima-aldaketarekiko kalteberatasuna eta arriskua ezagutzea eta ingurunean klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak sustatzea eta ezartzea.

  3. Patronatuek osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean funtzionatu ahal izango dute. Bere osaera eta funtzioak parke naturala izendatzeko dekretuan ezarriko dira.

  4. Patronatuak, gutxienez, erakunde hauetako guztietako ordezkariek osatuko dituzte: natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko saila, ukitutako foru-aldundietako parke naturalaren sail kudeatzaileak, ukitutako udalak eta toki-erakundeak, ukitutako eskubideen titularrak, natura-ondarea aztertzen eta babesten ibilbide egiaztatua duten elkarteak eta lehen sektoreko jarduerak ordezkatzen dituzten erakundeak.

Euskadiko Natura 2000 Sareko naturagune babestuak dira Batasunaren garrantzizko lekuak (BGL), kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE), Europar Batasunaren araudiaren eta horren transposizioa egiten duen legeriaren arabera izendatuta.

  1. Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak egingo ditu Batasunaren garrantzizko lekuen (BGL) proposamenak, honako prozedura honi jarraikiz:

    1. Batasunaren garrantzizko leku berriei eta lehendik daudenak aldatzeari buruzko hasierako proposamena eskumena duen sailburuaren aginduaren bidez egingo da. Lekuak honetan oinarrituta aukeratuko dira: Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren III. eranskineko irizpideak (habitatei buruzko zuzentaraua) eta dagokion informazio zientifikoa.

    2. Hasierako proposamenak datuen formulario normalizatuko informazioa izan beharko du, Europako Batzordearen datu-base ofizialaren arabera, eta bi hilabetez foru-aldundien txostenak, jendaurreko informazioaren izapide orokorra eta sektore sozial interesdunen eta ukitutako administrazio publikoen entzunaldia egingo zaizkio. Izapide hori ezarritako epearen barruan amaitzen denean, Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egingo du.

    3. Proposamena behin betiko onetsiko da natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailburuaren agindu bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Datuen formulario normalizatuko informazioa izan beharko du, Europako Batzordearen datu-base ofizialaren eta Batasunaren garrantzizko lekuei aplikatzeko araubide prebentiboaren arabera.

  2. Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) dekretu bidez izendatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak proposatuta eta abenduaren 22ko 8/2003 Legean (Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena) ezarritakoaren arabera.

  3. KBE eta HBBE deklaratzeko dekretuaren edukia honako hauek edukiko ditu, gutxienez:

    1. Natura 2000 gunearen behin betiko lurralde-mugak ezartzen dituen kartografia.

    2. Izendapena justifikatzen duten eta Batasunaren intereseko habitat naturalen eta animalia- eta landare-espezieen zerrenda, lehentasunekoak barne, horien guztien kontserbazio-egoeraren balorazio batekin.

    3. Gunearen kontserbazio-helburuak.

    4. Lekuaren osotasuna bermatzeko eta habitat naturalen, espezieen habitaten eta flora eta fauna basatien narriadura saihesteko behar diren araudiak, horiek izan baitira lekua izendatzeko eta lekua kontserbatzeko arrazoiak, bai eta horiek egoera onean kontserbatzea lortzeko eta mantentzeko behar direnak ere.

    5. Ondoren habitat eta espezieak kontserbatzeko jarduerak garatzeko jarraibideak edo irizpideak.

    6. Kartografia egoki denean, espazioaren zonakatzearekin.

    7. Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko programa.

  1. Euskadiko Natura 2000 Sareko guneen kudeaketa foru-organo eskudunei dagokie. Kudeaketa hori lege honek ematen dituen printzipioen eta oinarrizko aurreikuspenen araberakoa izango da, foru-administrazio eskudunak oro har eta berariaz xedatutako era eta administrazio-bideak erabiliz.

  2. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak onartutako kontserbaziorako helburuak, arauak eta gidalerroak oinarri hartuta, lurralde historikoetako foru-organoek kontserbazio-jarduketa edo neurri egokiak onartuko dituzte guneak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, bai eta habitat naturalak eta espezieen habitatak narriadura saihesteko neurri egokiak eta gune horien izendapena bultzatu duten espezieei eragiten dieten aldaketak saihesteko neurriak ere.

  3. Aurreko dokumentua izapidetu eta onartzeko 54. artikuluan parke naturalen erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planetarako ezarritako prozedura bera jarraituko da.

  4. Euskadiko Natura 2000 Sareko gune batek bi lurralde historiko edo gehiagoren lurrak hartzen dituenean, kudeaketa foru-administrazio eskudunek ezartzen duten moduan egingo da.

  5. Euskadiko Natura 2000 Sareko guneen kudeaketa-organoek honako funtzio hauek izango dituzte:

    1. Urtero egitea gune bakoitzaren aurrekontua eta kudeaketa-programa.

    2. Zerbitzu propioetatik datozen funtsak eta kanpotik jaso daitezkeen funtsak administratzea.

    3. Euskadiko Natura 2000 Sareko guneen eremuan izendapen-dekretuan ezarritako kontserbazio- eta hobekuntza-neurriak betetzen direla ziurtatzea, txostenak eginez eta behar diren baimenak emanez.

    4. Zehatzeko ahala erabiltzea.

  1. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen sailak onetsiko du, agindu bidez, Euskadiko Natura 2000 Sarearen Plan Zuzentzailea. Plan zuzentzailea horren helburua da planifikatzeko oinarrizko eta erreferentziako tresna izatea Euskadiko Natura 2000 Sare osorako, lagundu dezan, beste helburu batzuekin batera, sarearen babes- eta kontserbazio-helburuak lortzen, haren koherentzia ekologikoa eta konektagarritasuna laguntzen, jarraipen-sistema bat ezartzen, kontserbazio-egoeraren bilakaera ezagutu ahal izateko, eta, halaber, Euskadi osoko Natura 2000 Sarearen kontserbazio-behar ekonomikoak ebaluatzen eta finantzatzeko behar diren ekintzak bultzatzen.

  2. Euskadiko Natura 2000 Sarearen Plan Zuzentzaileak Euskadi osoan aplikatu beharreko kudeaketako eta kontserbazioko oinarrizko neurriak jasoko ditu, zeinek kontuan hartuko dituzten lurralde historikoetako foru-organoek dagoeneko onartutako kudeaketa-jarraibideak. Era berean, sarearen kontserbazioa eta garapena ebaluatzea ahalbidetuko duten adierazleak ezarriko ditu.

  3. Lurralde historikoetako foru-organoek kudeaketa-gidalerroak onartuko dituzte, plan zuzentzailea eta kontserbazio-helburuak oinarri hartuta, honako hauek jasoko dituztenak: guneak kontserbazio-egoera onean mantentzeko neurri egokiak, habitat naturalen eta espezieen habitaten narriadura saihesteko neurri egokiak eta gune horien izendapenaren arrazoia diren espezieei eragiten dieten aldaketak saihesteko neurriak.

  4. Gidalerro horiek bereziki aintzat hartu beharko dituzte azalera osoa zein bere lurraldearen zati handi bat leku horietan daukaten udalerrien beharrak.

Natura 2000 Sareko gune oso bat edo zati bat deskatalogatzea edo haren lurralde-eremua murriztea proposatu ahalko da, baldin eta erabilitako kartografian ageriko akatsak badaude edo zientifikoki frogatutako eboluzio naturalak eragin dituen aldaketek justifikatzen badute, eta aldaketa horiek natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak Batasunaren intereseko habitat moten eta espezieen kontserbazio-egoerari buruz egindako jarraipenen emaitzetan islatzen badira. Dena dela, helburu hori lortzeko prozedurak tokia proposatzeko edo eremua izendatzeko ezarritako izapideak bete beharko ditu eta, nolanahi ere, beharrezkoa izango da Europako Batzordearen onarpena lortzea.

  1. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak eta foru-organoek, nork bere eskumenen eremuan, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitat moten eta espezieen kontserbazio-egoera zainduko dute eta bereziki aintzat hartuko dituzte lehentasunezko habitat natural motak eta lehentasunezko espezieak, bai eta hegazti basatien kontserbazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EB Zuzentarauaren I. eranskinean zerrendatzen diren hegazti-espezieen eta aldizka agertzen diren hegazti migratzaileen kontserbazio-egoera ere. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak jarraipen horren metodologia komuna eta ezaugarriak ezarriko dituzten gidalerroak onartuko ditu.

  2. Foru-organoek natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailari honako hauek bidali dizkiote: kontserbazio-egoerak eta 54. artikuluan xedatutakoaren arabera organo horiek onetsitako kontserbazio-neurriek jasan dituzten aldaketei buruz daukaten informazioa, emaitzen ebaluazioa eta ezarri beharreko neurri berrien proposamenak eta Europako zuzentarauek eskatutako informazioa.

  1. Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak biosfera-erreserba gisa izendatzea proposatu ahal izango du Unescoren Gizakia eta Biosfera Programaren esparruan (MAB) halakotzat aitortuta dauden ekosistemen eremuak.

  2. Deklarazio-proposamena dagokion MAB batzordeari aurkeztu aurretik, dagokion foru-aldundiak txostena egin ondoren, nahitaezkoa izango da izapide hauek egitea: jendaurreko informazio orokorra, interes sozial eta instituzionalen eta ukitutako administrazioen entzunaldia eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egitea.

  3. Urdaibai Biosfera Erreserba bere legeria espezifikoak eta garapenerako araudiak erregulatuko dute, kudeaketa-eskumenak barne. Natura 2000 Sareko naturagune babestu edo nazioarteko garrantzizko hezegune gisa izendatutako Urdaibai Biosfera Erreserbako eremuei dagokienez, lege honek aurreikusitakoa erabat aplikagarria izango da, arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokiona barne.

  4. Urdaibai Biosfera Erreserbako lurralde-eremuaren barruan dauden Natura 2000 Sareko guneen izendapen-dekretuetan eta dagozkien kudeaketa-gidalerroetan ezarritako aurreikuspenak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean txertatu beharko dira, osotasun koherente bat eratu ahal izateko. Kasu horretan natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak onartuko ditu Natura 2000 Sareko naturagune babestuak kudeatzeko gidalerroak.

  1. Unescoren Munduko Geoparkeen programaren esparruan, programa horretan edo momentuan indarrean dagoen tresnan ezarritako helburuak betetzen dituzten eremuak deklaratu ahal izango dira geoparke.

  2. Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, dagokion foru-aldundiak aurrez txostena eginda, izapide hauek egingo ditu: jendaurreko informazioa, interesdunen, interes sozial eta instituzionalen ordezkarien eta ukitutako administrazioen entzunaldia eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egitea. Ondoren, Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatutako geoparke berrien izendapena proposatu ahal izango du, dagokion programaren eta araudiaren baldintzen arabera.

  1. Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneei (bereziki Uretako Hegaztien Habitat gisa) buruzko Ramsarko Hitzarmeneko nazioarteko garrantziko hezeguneak dira honako hauek: padurak, urtegiak edo zohikaztegiak, edota urez estalitako azalerak, naturalak edo artifizialak, iraunkorrak edo aldi batekoak, geldiak edo ibiliak, gezak, gazikarak edo gaziak, baita itsasbeheran gehienez sei metro sakon diren itsas ureko guneak ere, Nazioarteko Garrantziko Hezeguneen Zerrendan sartu baldin badira, zeina aurreikusita baitago Nazioarteko Garrantziko Hezeguneei (bereziki Uretako Hegaztien Habitat gisa) buruzko Hitzarmenean.

  2. Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, dagokion foru-aldundiak aurrez txostena eginda, izapide hauek egingo ditu: jendaurreko informazioa, interesdunen, interes sozial eta instituzionalen ordezkarien eta ukitutako administrazioen entzunaldia eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egitea. Ondoren, Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatutako hezegune berrien izendapena proposatu ahal izango da, dagokion araudi erregulatzailearen baldintzen arabera.

Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, dagokion foru-aldundiak aurrez txostena eginda, izapide hauek egingo ditu: jendaurreko informazioa, interesdunen, interes sozial eta instituzionalen ordezkarien eta ukitutako administrazioen entzunaldia eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak txostena egitea. Ondoren, Munduko Kultura eta Natura Ondarea Babesteko Hitzarmenaren araberako naturaguneak, erreserba biogenetikoak eta nazioarteko arauek babestutako bestelako naturaguneak izendatzeko proposamena egin ahalko da.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, modu basatian bizi den biodibertsitatea kontserbatzea bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, lehentasuna ematen zaio haien habitatak zaintzeari eta araubide espezifikoak ezartzen dira espezie basatiak babesteko, horien egoerak hala behar duenean. Espezie horiek Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrendan edo Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzen dira.

  2. Lege honetan eta indarrean dagoen gainerako legerian ezarritako printzipioak errespetatuz, euskal administrazio publikoen jarduna espezie basatiak kontserbatzeko honako jarraibide hauetan oinarrituko da:

    1. Lehentasunezko arreta eskaintzea habitat eta espezie basatiak babesteari, haietan eragina izan dezaketen politikak definitzean eta ezartzean.

    2. Espezie bakoitza haren habitat naturalean kontserbatzeko neurriak lehenestea, hortik kanpo neurri osagarriak ezarriz, eta espezie migratzaileen babeslekuak babestea.

    3. Hondatutako edo aldatutako habitatak leheneratzea eta habitat berriak sortzea, antzeko ezaugarriak dituzten beste habitatetan eragindako galerak konpentsatzeko betebeharraz gain.

    4. Lehentasuna ematea espezie eta subespezie endemikoei, banaketa-eremu oso mugatua dutenei, dentsitate edo egonkortasun gutxiko populazioa dutenei eta migratzaileei eta ekosistemen kalitatearen edo natura-ondarearen kontserbazio-egoeraren adierazle diren espezieei.

    5. Desagertu diren espezie basati autoktonoak eta Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartuta daudenak berreskuratzea, aldez aurretik horien habitatak leheneratzen direnean, bizikidetza sustatuz eta, edozelan ere, jarduerak hartuta eta beharrezko neurriak aplikatuta kalte eta arazo sozioekonomikoak prebenitzeko, minimizatzeko edo konpentsatzeko.

    6. Autoktonoak ez diren espezie, subespezie edo arraza geografikoak modu orekatuan sartzea eta ugaltzea, eta ekintza horiek ekiditea, autoktonoekiko lehia sor dezaketen neurrian edota horien purutasun genetikoa zein oreka ekologikoak aldatu ahal dituzten neurrian.

    7. Espezie exotiko inbaditzaileen aurka egitea, prebentzioa sustatuz eta kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurriak hartuz.

    8. Espezieen ugalketa eta natura-ondarearentzat funtsezkoak diren bestelako funtzioak babestea, polinizazioa kasu.

  1. Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrenda sortuko da, eta horretan sartuko dira, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Estatuko Zerrendan agertzen diren eta EAEko lurralde-eremua duten espezieez gain, balio zientifiko, ekologiko eta kulturalagatik, edo haien berezitasun, urritasun edo arrisku mailagatik arreta eta babes berezia behar duten espezieak.

  2. Zerrendak izaera administratiboa izango du eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailaren eskumenekoa izango da.

  3. Zerrendak honako informazio hau eskainiko du espezie bakoitzari buruz:

    1. Izen zientifikoa, izen arrunta eta maila taxonomikoa.

    2. Espezieak okupatzen duen lurralde-eremua.

    3. Zerrendan sartu zeneko data.

    4. Sartzeko, aldatzeko edo ateratzeko arrazoien justifikazio teknikoaren laburpena.

    5. Kontserbazio-egoeraren aldizkako ebaluazioaren aipamena.

  4. Espezie bat Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Zerrendan sartzea, kategoriaz aldatzea edo ateratzea natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren agindu bidez egin behar da, neurri hori justifikatzeko nahikoa informazio zientifiko dagoenean.

  5. Dekretu bidez garatuko dira espezie bat sartzeko, kategoriaz aldatzeko edo kentzeko prozedura eta dagokion eskabidearen gutxieneko edukia.

  1. Lege honen ondoreetarako, espezie basati mehatxatutzat hartuko dira Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartuta dauden espezieak.

  2. Katalogo hori Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan kokatutako erregistro publiko bat izango da.

  3. Espezie basati mehatxatuak kategoria hauetan sailkatuko dira:

    1. Galzorian: egungo egoera eragiten duten faktoreek berdin jarraitzen badute, irauteko aukera gutxi duten espezieak.

    2. Kalteberak: kalte egiten dieten faktoreak zuzendu ezean, berehalako etorkizunean aurreko kategoriara pasatzeko arriskua duten espezieak.

  4. Espezie edo subespezie edo populazio bat zein kategoriatan sailkatu behar den erabakitzeko, Autonomia Erkidegoko lurraldean, banaketa-eremu osoan zehar, espezie horrek bizi duen mehatxu-egoeraren faktore erabakigarriak hartuko dira kontuan, toki bakoitzean egoera arindu edo larriagotzen duten baldintzak existitu daitezkeela aintzat hartu gabe. Faktore horien artean klima-aldaketaren balizko ondorioak daude.

  5. Zerrendak, katalogatutako espezie, subespezie edo populazio bakoitzaren datu hauek eskainiko ditu gutxienez:

    1. Izen zientifikoa eta izen arruntak.

    2. Zein kategoriatan dagoen.

    3. Kaltetutako populazioaren tamainari, banaketa-eremu naturalari, berezko habitaten deskribapenari eta kontserbazio-egoerari eta espeziearen edo haren habitaten kontserbazioan eragina duten faktoreei buruzko datu esanguratsuenak.

    4. Espeziea babesteko eta haren egoera hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak.

    5. Dagokion kudeaketa-planaren aipamena, halakorik balego.

  6. Espezie bat Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan sartzea, kategoriaz aldatzea edo ateratzea natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren agindu baten bidez egingo da.

  7. Prozedura honako hauek abiarazi ahalko dute:

    1. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailak, ofizioz.

    2. Edozein herritar edo erakundek, proposatutako neurria justifikatzen duen eskabide egokiaren bidez.

    3. Foru-aldundietako organo eskudunek.

    4. Ingurumeneko Aholku Batzordeak.

  8. Prozeduran izapide hauek guztiak egingo dira: jendaurreko informazioa, entzunaldia interesdunei, kontsulta ukitutako foru- eta udal-administrazioei eta Ingurumeneko Aholku Batzordearen txostena.

  9. Sei hilabeteko epea amaitu ondoren prozedura iraungitzat emango da, ofizioz abiarazi bada, eta ezetsitzat, 7. paragrafoko b), c) eta d) letretan aipatutakoek abiarazi badute.

  10. Dekretu bidez garatuko dira espezie bat sartzeko, kategoriaz aldatzeko edo kentzeko prozedura, dagokion eskabidearen gutxieneko edukia eta dagozkion prozedura-arauak.

  1. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak kudeaketa-planak hartzeko lehentasunak ezarriko ditu espezieek lehentasunezko arreta behar dutenean, haien gaineko edo banaketa-eremuaren gaineko mehatxu-maila dela eta.

  2. Espezie bat katalogatu ondoren, kudeaketa-plan bat onartuko da, natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailburuaren aginduz eta foru-organo eskudunekin lankidetzan. Plan horren helburua izango da espezie horrek dituen mehatxuak ezabatzea, horren iraupena bermatzea, populazioen berreskurapena eta kontserbazioa sustatzea eta haien habitatak babestea eta mantentzea, kontserbazio-egoera onuragarri bat lortzeko.

  3. Baterako kudeaketa-planak egin ahal izango dira kontserbazio-arazo berak, antzeko eskakizun ekologikoak edo banaketa-eremu geografiko berak dituzten espezieentzat, eta, komenigarritzat jotzen denean, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezieen Zerrendako espezieak ere sartu ahal izango dira plan horietan.

  4. Espezieak naturagune batean, esklusiboki edo proportzio handietan, kokatzen direla ziurtatuz gero, beharrezko kudeaketa-planak eta neurriak gune horien plangintzako eta kudeaketako dokumentuetan txertatu beharko dira, eragiten dieten neurriak berariaz aipatuz.

  5. Kudeaketa-planek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

    1. Mehatxu-mailaren arabera, beharrezko gidalerro eta neurriak mehatxuak deuseztatzeko, espezieen iraupena bermatzeko, ahal den heinean mehatxu-egoeraren kausak ezabatzeko, kontserbazio-egoera onuragarri bat lortzeko eta populazioen jarraipena egiteko.

    2. Beharrezko zonakatzea jarduketak egiteko eta, kasuaren arabera, babes zorrotza jasotzea edo lehentasunezko irizpideak ezartzea behar duten eremuak izendatzeko.

    3. Planari jarraikiz, erabilera, aprobetxamendu eta jarduerei aplikatu beharreko mugak, horrelakorik badago.

    4. Planaren eraginkortasuna ebaluatzeko mekanismoak.

  6. Kudeaketa-planetan bertan zehaztuko da planen indarraldia.

  7. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak indarrean dauden kudeaketa-planen aplikazio bateratuari buruzko laburpen exekutibo bat argitaratuko du sei urtean behin.

  8. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, foru-organo eskudunekin lankidetzan, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoko espezieen hazkuntza-programak edo germoplasma-bankuak sustatuko ditu, natura-ingurunean berriro sartzeko gai izango diren aleak lortzeko.

  1. Espezie autoktono desagertutzat hartuko da iraganean banaketa-eremu naturaletik desagertu zen espeziea.

  2. Haien habitaten funtsezko hobekuntza egiaztatzen denean eta haiek desagerrarazi zituzten arrazoiak eta mehatxuak desagertu direnean, natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, foru-organo eskudunekin lankidetzan, desagertu diren bertako fauna eta florako espezie basatiak berriz sartzea sustatuko du.

  3. Dagozkien populazioen bideragarritasuna laguntzen dutenean baino ezin izango dira berriz sartu, eta Euskadiko habitat naturalak berriz okupatzeko gai direnean; aldez aurretik kalte eta arazo sozioekonomikoak prebenitzeko eta minimizatzeko jarduerak hartuko dira eta horretarako neurriak aplikatu dira.

  4. Aurreko paragrafoko ondoreetarako, natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak, foru-organo eskudunekin lankidetzan, birsartze-planak ezarriko ditu, zeinek zehaztuko baitute zein espezieri eragiten dieten eta zein diren planak gauzatzeko neurriak. Planaren xede diren espezie edo subespezieek, dagokien planaren aplikazioak irauten duen bitartean, aurreko artikuluan espezie basati mehatxatuen babeserako ezarritako neurri berak izango dituzte.

  5. Modu naturalean berragertzen diren edo EAEko lurraldean berriz antzematen diren bertako espezie desagertuek lege honetan galzoriko espezie gisa katalogatuen babes-araubide bera izango dute.

  1. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa sortzen da, Europar Batasuneko araudiaz eta Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuaz gain.

  2. Espezie bat katalogoan sartzea edo ateratzea natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren agindu bidez egingo da.

  3. Katalogoan sartu ahal izango dira autonomia erkidegorako kezkagarritzat jotzen diren espezie exotiko inbaditzaileak, baldin eta, froga zientifikoak oinarri hartuta, ingurumenean asko hedatu badira eta kontrolatu eta haien jarraipena egiteko premiazko neurriak behar direla erabakitzen bada.

  4. Espezie bat katalogoan sartzean, debekatu egiten da espezie hori edukitzea, landatzea edo haztea, bai eta ale bizi, hondakin edo bizirik atera edo ugaldu daitezkeen propaguluen garraioa, trafikoa eta salerosketa ere.

    Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak aurreko debeku hori kautelazko neurri gisa hartu ahal izango du, katalogoan sartzeko prozedura hasi aurretik. Era berean, dena delako espeziea hedatzea saihesteko edo errotik kentzeko behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu.

    Aurreko debekua baliogabetu ahal izango da, natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak hala baimenduz gero, ikerketarako, pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, edo kontrolatzeko edo errotik kentzeko beharrezkoa denean.

  5. Katalogoan espezie bat sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan natura-ondarearen arloko eskumenak dituen sailak kontrol- eta jarraipen-plan bat hartu beharko du. Plan horrek lehentasunezkoak eta nahitaezkoak diren ekintza-neurriak eta eremuak zehaztuko ditu espezie horiek dituzten edo horien gaineko eskubideren bat duten pertsonentzat. Plan hori lankidetzan idatziko da foru-organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste sail batzuekin, eta kasuan kasuko espeziea sartzeko edo hedatzeko bideak kontuan hartu beharko ditu.

  6. Kontrol- eta jarraipen-planek eskatutako neurriek edo, kasuaren arabera, kautelaz hartutakoek ez dute ekarriko kalte-ordain bat jasotzeko eskubiderik, betebeharretatik eratorritako gastuak arintzeko laguntzak onar badaitezke ere.

  7. Pertsona fisiko edo juridikoen lurretan florako espezie exotiko inbaditzaileak badaude, espezie horiek kontrolatzeko eta ezabatzeko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.

  8. Espezie exotiko inbaditzaileen kasuan, haien inpaktu nagusia ez bada natura-ondarean gertatzen, baizik eta beste eremu batzuetan, hala nola lehen sektorean, osasun publikoan, uren kalitatean eta abarretan, eskumen sektorialak dituzten administrazioak arduratuko dira beharrezkoak diren kontrol- edo desagerrarazte-neurriak aplikatzeaz, aldez aurretik natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailaren aldeko txostena jaso ondoren, kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurri horiek beste espezie basati batzuen gaineko afekzio hautemangarririk ez dakartela ziurtatzeko.

  1. Ziklo biologikoaren fasea edo erabilitako metodoa kontuan izan gabe, 75. artikuluko salbuespenak eginda, debekatu egingo da basafaunako espezieekin honako hau egitea:

    1. Horiek hiltzea, kalte egitea edo eragoztea zabarkeriaz edo nahita, edo asmo horrekin egindako baimen gabeko beste edozein jarduera.

    2. Bizirik atxikitzea eta atzematea.

    3. Haien habitata suntsitzea edo aldatzea, bereziki animaliek ugaltzeko, negua pasatzeko, atseden hartzeko edo jateko erabiltzen dituzten tokiak. Halaber, haien habiak, kumeak edo arrautzak nahita suntsitzea, hondatzea eta atxikitzea, arrautzak hutsak badaude ere.

    4. Ale bizien, hilen edo hondakinen jabetza, garraioa, trafikoa eta salerosketa, kanpo-merkataritza, inportazioa eta esportazioa barne.

    5. Espezie aloktonoak sartzea.

    6. Basafaunako espezien aleak gatibu edukitzea behar duten elikadurarik gabe edo haien behar etologikoak betetzen ez dituzten instalazioetan.

    7. Basafaunako espezieen aleak, bizirik edo hilik, ikuskizunetan, jai herrikoietan eta bestelako jardueretan erabiltzea, bertan animalia horiei sufrimendua edo erdeinua eraginez gero.

    8. Basafaunako edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatu eta egitea.

    9. Heldu gabeko animalien aprobetxamendua, heldutasun eza nabaritzeko modukoa bada.

  2. Landareen kasuan, haiek suntsitu, mutilatu, moztu edo erauzteko eta haien habitata suntsitzeko asmoa duen baimenik gabeko edozein jarduketa.

  3. Europar Batasuneko araudiaz aparte, aurreko paragrafoan ezarritako debekuak ezingo dira aplikatu mendien, nekazaritzaren, ehizaren eta arrantza kontinentalaren edo itsas arrantzaren legerian berariaz araututa dauden kasuetan.

  4. Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren V. eranskinean agertzen diren fauna eta flora basatiko espezieen aleak naturan biltzea eta haien ustiapena kudeatzea bateragarria izan beharko da espezie horiek kontserbazio-egoera onuragarri batean mantentzearekin.

  1. Ziklo biologikoaren fasea edozein izanik ere, aurreko artikuluan aipatutakoez gain, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan sartutako faunako espezie, subespezie eta populazioei dagokienez, hau ere egongo da debekaturik:

    1. Ugaltzeko edo atseden hartzeko eremuak narriatzea edo suntsitzea.

    2. Ale biziak, hilak edo hondakinak edukitzea, garraiatzea, salerostea (kanpo-merkataritza barne), trukatzea eta saltzeko edo trukatzeko helburuarekin eskaintzea, baita salgai jartzea eta jendaurrean erakustea ere.

    3. Nahitaezko baimena izan gabe espezie edo subespezieak sartzea, birsartzea edo indartzea.

  2. Ziklo biologikoaren fasea edozein izanik ere, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskal Zerrendan sartutako basaflorako espezieei, azpiespeziei eta populazioei dagokienez, hau egongo da debekaturik:

    1. Zabarkeriaz edo nahita naturan biltzea, moztea, mutilatzea, errotik erauztea edo suntsitzea, edo narriatzea eragin dezaketen ekintzak egitea.

    2. Ale biziak edo hilak eta haien propagulu edo hondakinak edukitzea, naturalizatzea, garraiatzea, saltzea, salerosi edo trukatzea, saltzeko edo trukatzeko helburuarekin eskaintzea, inportatzea edo esportatzea.

    3. Aprobetxa daitezkeen espezieak biltzea jarduera hori arautzen duen araudia bete gabe.

  3. Foru-organo eskudunek ustekabeko atzemateak, hilketak edo suntsipenak kontrolatzeko sistema bat ezarriko dute, gertaera horiek ez dezaten ondorio negatibo garrantzitsurik izan Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskal Zerrendan edo Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan dauden espezieengan.

    Jasotako informazioa natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailari jakinaraziko zaio, Euskadiko Naturaren Informazio Sisteman sartu ahal izateko formatuan.

  4. Ezohiko inguruabar meteorologiko, biologiko edo ekologikoen ondorioz, naturalak edo gizakiaren ekintzek eragindakoak badira ere, fauna eta flora basatiari kalteak edo arrisku larriko egoerak eragiten bazaizkio, foru-organo eskudunek arrisku hori ekiditera edo gutxitzera, kaltea arintzera edo kaltetutako baliabide naturalak berrezartzera bideratutako neurriak ezarri ahal izango dituzte.

  5. Natura-inguruneko erabilera edo aprobetxamenduen titular direnek eta, orokorrean, basafaunako ale zaurituak edo hilak daudela dakiten pertsonek egoera horren berri eman beharko diete foru-organo eskudunei edo natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailari, bereziki, ustez basa-espezieak pozoitu direnean edo bestelako kalteak egin zaizkienean edo horrelakoak gertatuko direla aurreikusten denean.

  1. Ez balego beste konponbide egokirik eta, betiere, fauna edo flora basatiko espezieen populazioak Autonomia Erkidegoaren lurraldean dagokien banaketa-eremu naturalean egoera onuragarri batean mantenduz gero, foru-organo eskudunek, berariazko baimen baten bidez, salbuespen bereziak ezarri ahal izango dituzte 74. artikuluan aipatutako debekuei dagokienez, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

    1. Debekuak aplikatzeak pertsonen osasun eta segurtasunean ondorio kaltegarriak eragiten baditu.

    2. Laboreei, abereei, basoei, arrantzari eta uren kalitateari kalte larriak eragitea prebenitzeko.

    3. Interes publikoko arrazoi premiatsuen ondorioz, arrazoi sozioekonomikoak eta ingurumenarentzat berebiziko garrantzia duten ondorio onuragarriak barne. Salbuespen hori ez da aplikatuko hegaztien kasuan.

    4. Ikerketa, hezkuntza, birpopulaketa edo birsartzearekin lotutako arrazoiengatik beharrezkoa denean, edo helburu horietarako gatibu hazi behar denean.

    5. Hegazti basatien kasuan, aire segurtasunarekin lotutako istripuak prebenitzeko.

    6. Fauna eta flora basatiak eta habitat naturalak babesteko.

  2. Foru-organoek emango dute aurreko paragrafoan aipatutako baimena.

  1. Aurreko artikuluak aipatzen duen baimen administratiboa arrazoitua egon beharko da, honako alderdi hauek zehaztuz:

    1. Aplikatu nahi den salbuespenaren helburua edo arrazoia.

    2. Kontuan hartu diren beste konponbide alternatiboak eta egokiak ez direla erabakitzeko arrazoiak, baita erabilitako datu zientifikoak ere.

    3. Zein espezieri egiten dion erreferentzia.

    4. Erabili beharreko baliabideak, instalazioak, sistemak edo metodoak eta haien mugak, baita arrazoiak eta langile kualifikatuak ere.

    5. Arrisku-egoerak, denbora- eta toki-inguruabarrak eta egingo diren kontrolak.

    6. Baimendutako jardueraren emaitzak eta ondorioak deklaratzeko betebeharrak.

  2. Aurreko artikuluko 1.b) eta 1.c) letren azken tartekian aurreikusten den kasuan, foru-organo eskudunek biodibertsitatearen galera garbirik ez gertatzea bermatzeko neurriak zehaztu beharko dituzte.

    Aurreko artikuluko 1.d) letran aurreikusten dena aplika daiteke, esperimentuetarako eta beste helburu zientifikoekin erabiltzen diren animalien babesarekin zerikusia duten xedapenak errespetatuz.

  3. Baimena ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da.

    Epe hori amaitzean, ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, ulertuko da eskabidea ezetsi dela.

    Prozedura ofizioz abiaraziz gero, ebazpenik eta jakinarazpenik jaso ezean, iraungitzat joko da.

  4. Dagokion ebazpena osorik argitaratu beharko da, eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailari jakinaraziko zaio.

  5. Baiespen-baimen baten kontra administrazio-errekurtso bat jarriz gero, baimena bertan behera geldituko da errekurtsoa espresuki ebatzi arte.

  1. Arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak ehiza- eta arrantza-espezie gisa deklaratutako espezien gainean baino ezin izango dira egin ehiza eta ur kontinentaletako arrantza, eta Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan edo Europar Batasuneko arauetan jasotakoei eragin gabe.

    Ehiza-aprobetxamenduaren xede diren espezieen zerrenda ezin da debekualdiei buruzko foru-aginduen bidez luzatu.

  2. Ehizak eta arrantza kontinentalak jarduera horietarako baimendutako espezieen kontserbazioa eta sustapena bermatu beharko dituzte eta, beraz, jarduera horietarako erabil daitezkeen lur eta uretan egin beharko da ehizan edo arrantzan, espezie bakoitzarentzat ezarritako garaietan.

  3. Egoki diren foru-aginduak betez, debekatuta egongo da hegaztiak araldi-, ugalketa- eta umatze-garaietan ehizatzea eta, hegazti migratzaileen kasuan, baita umatze-eremuetara itzultzeko ibilbidean ehizatzea ere.

    Lurralde historikoetako foru-organoek, nork bere aginduetan, modu koordinatuan eta informazio zientifiko egokiaren arabera, hegazti basatiak ehizatzeko debekualdi bakarra ezarriko dute, aintzat hartuz, bereziki, migrazioa hasten lehenak diren horiek.

    Era berean, hegazti basatien ehiza-garaia hasteko datak kontuan hartu beharko ditu, informazio zientifiko egokiaren arabera, txitak umatzen azkenak diren espezieak.

  4. Debekatuta egongo da animaliak andanaka edota modu ez selektiboan harrapatzeko nahiz hiltzeko bitartekoak edukitzea, erabiltzea eta merkaturatzea, bai eta toki batean espezie baten populazioa desagertzea edo haren lasaitasuna nabarmen asaldatzea eragin dezaketen garraiobideez eta prozedurez baliatzea ere.

  5. Bizirik ala hilik merkaturatu ahal izango diren bakarrak saleros daitezkeen ehiza- eta arrantza- espezieak xedatu eta horretarako arauak ezartzen dituen irailaren 15eko 1118/1989 Errege Dekretuan, Nazioarteko Hitzarmenetan eta Europar Batasuneko araudian ezarritako baldintzen arabera zehaztutako espezieak dira.

  6. Ehiza- eta arrain-espezieen kontserbazio-egoera ezagutzeko, foru-organo eskudunak, ehiza- eta arrantza-eskubideen titularrak eta, oro har, ehiztariak eta arrantzaleak behartuta daude Eusko Jaurlaritzan natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailari informazioa ematera ehiza edo arrantza baimenduta duten espezieen populazioei, harrapaketei eta eboluzio genetikoari buruz, espezie migratzaileekiko arreta bereziarekin, Euskadiko Naturaren Informazio Sisteman sartu ahal izateko formatu egokian.

  1. Basafauna oneratzeko zentroak eta germoplasma-bankuak zerbitzu publikoak izango dira, natura-ingurunea eta espezie basatiak babesteari lotuta. Haien araubidea modu homogeneo eta koordinatuan ezarriko da, lurralde historikoen artean eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailarekin.

  2. Foru-organo eskudunek zuzenean eta zeharka sortu eta kudeatu ahalko dituzte basafauna oneratzeko zentroak; zentro horien helburua beren berezko ingurunean bizirik irauteko gai ez diren animalia basatiak zaintzea, mantentzea eta oneratzea da, ondoren natura-ingurunera itzul daitezen, edo, hori ezinezkoa izanez gero, ex situ kontserbatzeko programetan edo ingurumen-hezkuntzakoetan sar daitezen.

  3. Helburu horren mendean, basafauna oneratzeko zentroak eta, kasuaren arabera, sendatzen ari diren basafaunako aleak ikerketa zientifikorako, gatibutasunean hazteko eta jendea natura-ingurunea babesteari buruz sentsibilizatzeko erabili ahal izango dira.

  4. Basafauna oneratzeko zentroak lurralde historiko bakoitzean basafaunako aleak hilik agertzearen kausak ikertzeaz arduratuko dira.

  5. Germoplasma-bankuen helburuak izango dira Babes Bereziko Araubidean dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartuta dauden flora-espezieen eta, bereziki, espezie bakanen, endemikoen edo mehatxatuen haziak eta propaguluak, hala nola intereseko onddoen esporak edo mizelioa, tratatzea eta kontserbatzea. Germoplasma-bankuetan bildutako materiala behar adina denboran zehar mantendu edo berriz natura-ingurunean sartu ahal izateko moduan kontserbatu eta kudeatuko da, espezieen kontserbazioa bermatzeko.

  6. Aurreko paragrafoetan aipatutakoaren harira, foru-organo eskudunek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte basafaunako espezieak babesteko egiten duten lanagatik ezagunak diren erakunde edo entitateekin, bai eta unibertsitateekin, entitate zientifikoekin edo ikerkuntza-zentroekin ere.

  1. Basafaunako espezieak itxian hazteko, foru-organo eskudunaren baimena beharko da.

  2. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak ahalmena izango du autonomia erkidego osoko ekosistemetan ondorio kaltegarriak eragin ditzaketen espezie basatiak itxian haztea eta edukitzea debekatzeko edo baldintzatzeko.

  3. Debekatuta dago babes bereziko araubidean edo katalogatuta dauden espezie basatien aleak erabiltzea ale hibridoak edo genetikoki aldatutako aleak lortzeko.

  4. Basafaunako espezieak itxian hazteko baimen baten jabeak izango dira baimenaren xede diren ale horiek eragin ditzaketen kalteen erantzule.

  1. Espezieak natura-ingurunean askatu ahal izateko, foru-organo eskudunaren baimena izan beharko da, lege honen garapenerako arauak aplikatuz; modu homogeneoan eta koordinatuan ezarriko dira lurralde historikoen artean eta natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailarekin.

  2. Baimena jasotzeko prozedura ekimen pribatu edo publiko bidez abiarazi ahalko da, eta espezieak askatzeak honako hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du sustatzaileak:

    1. Ez duela eraginik xede-eremuaren aniztasun genetikoan.

    2. Bateragarria dela Babes Bereziko Araubideko Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan basati gisa katalogatutako dauden espezieekin lotutako planekin edo, kasuaren arabera, xede-eremuan ehiza eta arrantzarako dauden antolamendu-planekin.

  3. Espezie edo subespezie horiek autoktonoak ez direnean, baimena jasotzeko ezinbestekoa izango da kontrolatzeko gaitasunaren nahikoa berme izatea, ez daitezen lurraldean zehar hedatu. Bestalde, subespezie edo arraza geografiko autoktonoekiko lehia biologikoa sortzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu beharko da, haien kontserbazio-egoera, populazioen bideragarritasuna edo, kasuaren arabera, aprobetxamendua arriskuan ez jartzeko.

  4. Ebazteko eta argitaratzeko epea amaitu ondoren, prozedura ezetsitzat emango da.

  5. Birsartzea partikular baten ekimenaren edo interesen ondorio bada, sustatzailea izango da birsartutako aleek eragin ditzaketen kalteen erantzule.

  1. Autonomia Erkidegoko Espezie Basatien Material Genetikoaren Bankuen Erregistroa sortzen da, natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailaren mendeko, autonomia erkidegoko fauna eta flora basatiaren material genetikoaren bilduma zientifikoei buruzko informazio eguneratua jasotzeko.

    Dekretu bidez zehaztuko da erregistroaren araubidea, jarduna, inskripzioa, mantentzea eta edukirako sarbidea.

  2. Bankuen titularrek nahitaez eman behar diote garrantzizko informazioaren berri erregistroari, lege hau garatzeko arauetan xedatutakoaren arabera.

  3. Interesekoak diren edo mehatxatuta dauden onddoen esporak eta mizelioak kontserbatzea barne hartuko da.

  1. Foru-organo eskudunaren baimena beharko da basafaunako espezieekin taxidermia egiteko.

    Heziketa-erakundeei edo ikerketa-erakundeei baino ez zaie baimenduko disekatzea katalogatutako espezieak eta autoktonoak ez diren arren nazioarteko hitzarmenek edo Europar Batasunaren arauek babesten dituzten espezieak, eta betiere disekatzea justifikatzen duen txostena egin ondoren.

  2. Foru-organo eskudunek baimendu egin ahal izango dute berez hildako animaliak edo zaurituta daudelako akabatu behar diren animaliak disekatzea. Betiere, bidezko diren bestelako administrazio-ekintzak edo zigor-arloko ekintzak izan daitezke, eta, bidezko balitz, gorpuzkiak bahitu daitezke.

  3. Taxidermia-tailerrek edo jarduera hori egiten duten pertsonek erregistro-liburu bat izan beharko dute, jardueran erabiliko diren animalien jatorriaren datuak gordeko dituena.

  4. Taxidermia dekretu bidez arautuko da.

  1. Onddo, basafruitu, ornogabe, egur, goroldio, liken eta sendabelar nahiz landare aromatikoak merkataritza-helburuetarako erabiltzea eskumena duten foru-organoek arautu beharreko aprobetxamendua da eta horiek egokitzat jotzen dituzten mugak finkatu ahal izango dituzte.

  2. Aprobetxamendu horrek ezingo du, inolaz ere, eraginik izan Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan edo Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartutako espezieengan.

  3. Onibarren titularrek, aprobetxamendu kolektiborako eskubidea duten herritarrek eta herritar guztiek ez dute aprobetxamendurako baimenik eskatu beharko (baso-aprobetxamendua alde batera utzita), merkataritzaz kanpoko xedeetarako edo norberaren kontsumorako denean, erabilera kolektibokoak ez diren titulartasun publikoko mendietan. Foru-araudiak mugak ezarri ahal izango dizkie aprobetxamendu horiei, edo baimena eskatu beharra, bereziki intentsiboak diren aprobetxamenduen kasuan. Nolanahi ere, foru-organo eskudunek norbere kontsumorako gehieneko kopurua erabaki ahalko dute aprobetxamendu bakoitzaren kasuan.

  4. Aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz, natura-ondareko gune babestuetan, artikulu honetan aipatutako aprobetxamenduak dagozkien araudiko xedapenen mende egongo dira. Arau horiek esklusio-eremuak ezarri ahal izango dituzte, Babes Bereziko Araubidean dauden Espezie Basatien Euskadiko Zerrendan eta, bereziki, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan dauden espezieak direla eta.

  1. Lege honen plangintza, antolamendu, babes, erabilera eta kudeaketaren arloko helburuak betetzea bermatuko duten finantza-iturriak, besteak beste, honako hauek izango dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako zuzkidurak.

    2. Foru-organo eskudunek esleitutako zuzkidurak.

    3. Beste administrazio publikoetatik jasotako baliabideak.

    4. Europako funtsetatik jaso daitezkeen baliabideak.

    5. Pertsona fisiko edo juridikoen ekarpen edo dohaintzak.

  2. Euskal administrazio publikoek, nork bere eskumenen eremuan, era guztietako lankidetza-hitzarmenak egin ahalko dituzte, elkarren artean eta erakunde pribatuekin, lege hau betetzea bermatzeko helburuarekin.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, lurralde historikoetako foru-aldundiek eta beste administrazioek laguntza teknikoak edo dirulaguntzak ezarri ahal izango dituzte lege honen helburuak lortu ahal izateko.

  4. Nolanahi ere, bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren gastu-egoerak lege honen helburuak lortzera bideratutako zuzkidurak eta kredituak eduki beharko dituela. Zuzkidura eta kreditu horiek, gutxienez, kontzeptu hauengatik aurrekontuan diru-sarrera gisa sartutako kopuruaren baliokidea izango da: ehizan jarduteko gaitasun egiaztatzeko azterketa egiteko tasak; natura-ondarean galera edo narriadura eragiten duten jarduerak kargatzen dituzten tasak, tributuak eta bestelako tresna fiskalak; lege honen arabera ezarritako zehapenak, kalte-ordainak eta hertsapen-isunak, eta gune babestuek garatutako zerbitzu osagarriak emateagatik jasotakoa edo marka-irudia merkaturatzeagatik.

Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, egitura organikoak egokituko ditu Administrazio orokorreko sailetan, beharrezkoa denean, beharrezko baliabide pertsonalak izateko lege honen helburuak gauzatze aldera.

  1. Naturagune babestuen mantentze-lanei ekarpena egiteko eta eragindako herrien garapen sozioekonomikoa sustatzeko helburuarekin, eragin sozioekonomikoko esparruak ezarriko dira. Esparru horiek naturagune babestu batean eta, halakorik balego, hura babesteko eremu periferikoan dauden udal-mugarte guztiek edo batzuek osatuko dituzte.

    Eremu horiek beste udalerri mugakide batzuetara zabaldu ahal izango dira, aurrez aipatutakoekin lurralde- edo ekonomia-unitate bat osatzen badute eta gomendagarria bada.

  2. Eragin sozioekonomikoko eremuetarako, administrazio publiko eskudunek hurrengo artikuluan aipatuko diren jarduketa-programak egingo dituzte.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloko eskumena duen sailak, arlo horretan eskumenak dituzten gainerako euskal administrazio publikoekin koordinatuta, naturagune babestuaren eta haren babes-eremu periferikoaren lurralde-eremuko populazioen garapen sozioekonomikorako programak onartuko ditu, eta beharrezko laguntza ekonomikoak eta pizgarriak aurreikusiko ditu.

  2. Programa horien helburuak hauek izango dira:

    1. Azpiegiturak sortzea eta zerbitzu- eta hornidura-maila egokiak lortzea.

    2. Natura-ondarea kontserbatzeko eskakizunekin bateragarriak diren jarduera sozioekonomikoak babestu eta sustatzea, beharrezkoak diren pizgarriak ezarriz.

    3. Bertako biztanleek parte hartzea erabakiak hartzean naturaguneak eta horien biodibertsitatea babesteari dagokionez eta horren babesak eta kudeaketak eragindako jardueretan.

    4. Landako etxebizitzak birgaitzea eta ondare arkitektonikoa kontserbatzea.

    5. Naturagune babestuaren helburuekin lotutako kultura, zientzia, pedagogia eta aisialdiko ekimenak suspertzea.

  1. Jabetza pribatua edo legezko ondare-eskubidea eta -interesa berariaz kentzen bazaie, kentzeko modua zeinahi izan delarik ere, titularrek eskubidea izango dute dagokien kalte-ordaina jasotzeko.

  2. Araubide hau erregelamenduen garapenaren araberakoa izango da.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, natura-ondarea kontserbatzeko lurraldearen zaintza sustatuko dute, zaintza- edo kontserbazio-erakundeen eta lur-jabeen edo eskubide-titularren arteko akordioen bidez. Akordio horien helburu nagusia natura-ondarea kontserbatzea da honako hauek barne hartuta: habitat berriak sortzea, narriatutakoak leheneratzea, polinizazioa eta antzeko oinarrizko prozesu ekologikoak sustatzea, karbono-hustubideak areagotzea eta, orokorrean, ondare horren galera garbia saihesteko neurriak ezartzea, kaltetutako ondarea konpentsatuz edo leheneratuz.

  2. Lurraldea zaintzeko erakunde izan ahalko dira erakunde publikoak zein irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatua, xede sozialen artean natura-ondareko natura-, kultura- eta paisaia-baliabideak mantendu eta hobetzeko parte-hartze aktiboa badute.

  3. Lurraldearen zaintza bultzatze aldera, natura-ondarean eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailak erregelamendu bidez garatu du Lurraldeko zaintzaren euskal sarea.

  4. Euskal administrazio publikoek, natura-ondareko gune babestuetan kokatutako lursailen edo natura-ondarea babesteko erabilgarriak izan daitezkeen lurren jabeak direnean, akordioak egin ahal izango dituzte haien kudeaketa eta kontserbazio osoa edo zati bat lurraldearen zaintzarako edo kontserbaziorako erakundeei lagatzeko. Erakunde horiek aukeratzeko, publikotasun-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, gardentasun- eta norgehiagoka-printzipioak erabiliko dira.

  5. Kudeaketa lagatzeko akordioak egin ahal izango dira, eta horiek garatzeko finantzaketa-sistema zein kudeaketa-jarduketak ezarriko dira.

  1. Euskal administrazio publikoek akordioak sinatu ahal izango dituzte lursailen jabeekin edo eskubideen beste titular batzuekin, lege honen helburuak lortzen laguntzeko, hargatik eragotzi gabe Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean xedatutakoa, kontratazio publikotik eratorritako eskubideen titularrak ukituak direnean.

  2. Akordioak lege honetan edo lege hau garatzeko arauetan exijitzen diren betebeharrez gain beste batzuk ezartzen baditu, edo zenbait aprobetxamenduri borondatez uko egitea badakar, ordainak edo dirulaguntzak ezarri ahal izango ditu, bereziki, dekretu bidez garatuko diren honako irizpide hauen arabera:

    1. Eragindako lurraldearen hedadura.

    2. Eragindako habitat eta espezieen kontserbazio-egoera, eremuan azken bost urteetan egin diren jarduerak direla eta.

    3. Betetze-maila hitzarmenaren hasieran zegoenarekin alderatuta, kontuan izanik erabileren murrizketa-maila eta kontserbazio-neurrien ezarpena.

    4. Neurriak gauzatzeko urtebeteko edo bestelako epeak.

  3. Dirulaguntzak edo ordainak akordioan ezarritako urteko edo bestelako epearen amaieran ezarri ahal izango dira, egindako hobekuntzak behar bezala egiaztatu ondoren.

  4. Akordio horien xede diren lursailen jabeek baimena emango diete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen saileko edo foru-organo eskudunetako ikuskatzaileei lursail horietan sartzeko, dagozkien konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan natura-ondarearen arloko eskumenak dituen sailak natura babesteko bankuak sortzea sustatuko du, titulartasun pribatukoak, publikokoak edo publiko-pribatukoak, ingurumen-inpaktuak konpentsatzeko eta lurraldea zaintzeko proiektuen garapena bultzatzeko helburuarekin. Banku horien ezaugarriak eta erregulazioa erregelamendu bidez garatuko dira.

Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, zerga- eta finantza-neurriak ezarri ahal izango dituzte lege honen helburuak lortzea sustatzeko, honako jarduketa hauen bidez:

  1. Tributuak, tasak eta bestelako tresna fiskalak sortzea, natura-ondarea galtzea edo narriatzea eragiten duten jarduerak zergapetzeko.

  2. Murrizketak, hobariak edo salbuespenak ezartzea natura-ondarea kontserbatu eta leheneratzeko ekintzak sustatzen dituzten borondatezko jarduerei, bereziki zaintza-jarduerei, eta bestalde, eskubide errealak eskualdatu edo emateari, dohaintzei, legatuei eta ekarpenei, helburutzat lege honen xedeak betetzea badute eta legezko betebeharretatik haratago badoaz.

  1. Lege hau betetzen dela bermatzeko zaintza eta ikuskapena honako hauek egingo dituzte:

    1. Ingurumen-agenteek eta basozainen eginkizunen ardura duten foru-aldundietako eta toki-erakundeetako langileek, edo natura-ingurunean eskumena izateko izendatzen diren langileek.

    2. Ertzaintzako edo udaltzaingoetako agenteek, haien legeria espezifikoak agindutakoaren arabera.

    3. Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak horrela izendatutako langileek.

  2. Lege honen ondoreetarako, aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioak agintaritza-agenteak izango dira.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako agenteek lege honetan xedatutakoa betetzen dela zaindu beharko dute, eta nahitaez salatu beharko dituzte arau-hausteak, jakinaren gainean egonez gero.

  2. Lege honen xede diren gaietan izapidetzen diren zehapen-prozeduretan, gertaeren lekuko izan diren ikuskatzaileek beren eginkizunak betez egindako salaketak, atestatuak, aktak eta gainerako dokumentuak berretsi ondoren, salatutakoek ukatu badituzte oinarri nahikoa izango dira dagokion erabakia hartzeko, aurkako frogarik ezean eta ikuskatzaileek eskuragarri dauden frogabide guztiak espedientera erantsi beharra baztertu gabe, betiere.

  3. Zaintza eta ikuskapenaren xede diren pertsonak behartuta egongo dira aurreko artikuluan aipatutako ikuskatzaileei behar duten laguntza eskaintzera eta ikuskatzaileek honako jarduketa hauek egin ditzakete.

    1. Identifikatu ondoren, lege honen mende dauden jarduerak edo ekintzak garatzeko erabil daitezkeen instalazio edo lekuetan sartzea eta beharrezkotzat hartzen dituzten egiaztapenak egitea, baita arau-hauste administratiboak edo, kasuaren arabera, penalak egiteko erabil daitezkeen material, elementu edo instrumentuekin zerikusia duten egiaztapenak ere. Ikuskapenetan, agenteak beharrezkotzat jotzen dituzten adituez lagunduta joan ahalko dira.

    2. Ikuskapenaren xede diren pertsonei beharrezkoa den dokumentazioa eta informazioa eskatzea.

    3. Lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren jarduketak egiteko ustez erabili diren edo erabil daitezkeen baliabideak edo legez kontrako produktu edo aleak konfiskatzea.

    4. Fauna eta florako aleak konfiskatzea, horiek edukitzeko baimena beharrezkoa bada eta halakorik jaso ez bada.

    5. Ustez lege honetan xedatutakoaren aurkako jarduerak egiteko erabilitako mota guztietako ibilgailuak ibilgetzea, zepoen edo ohiko bestelako bitartekoen bidez. Bereziki, ibilgailuko gidari ustez arau-hauslea gertaeren lekuan ez baldin badago edo ezin bada erabat eta zuzen identifikatu.

  4. Aurreko paragrafoan xedatutakoaz gain, ikuskatzaileek kautelazko neurriak eta ohartarazteko egintzak hartu ahal izango dituzte kalte handiagoak prebenitzeko edo horiek saihesteko zuzenketa-neurriak ezartzeko, zehapen-prozedura hasi aurretik, ustez arauak hausten dituzten egitateen edo antzeko beste batzuen jarraipena edo errepikapena saihesteko, egitate horiek eragin dituzten kalteen iraupena saihesteko edo arintzeko, edo frogak ez suntsitzeko. Neurri horiek hartzen direnetik hamabost egun igaro ondoren iraungi egingo dira, zehapen-prozedura hasi ezean.

  5. Ikuskapenetan zehar arau-hauste administratibo bat egiteko erabili ahal izan diren edo erabil daitezkeen gauzak atzemanez gero, jasota geratu beharko da dagokion aktan eta pertsona interesdunak sinatu beharko du. Sinatzeari uko egingo balio, inguruabar hori aktan adierazi beharko da.

  1. Lege honetan ezarritakoa hausten duten ekintzek nahiz ez-egiteek administrazioaren erantzukizuna sortuko dute, bide penaletik, zibiletik edota besteren batetik eska daitekeen erantzukizunaz gain.

  2. Lege honetan aurreikusi gabe ez dagoenari dagokionez, zehatzeko ahala Estatuko oinarrizko legerian xedatutakoaren arabera eta otsailaren 20ko 2/1998 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalari buruzkoa) arabera gauzatuko da.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean tipifikatutako arau-hausteak alde batera utzi gabe, lege honen arabera, hurrengo artikuluetan aurreikusitako arau-hausteak hartuko dira arau-haustetzat, eta oso astunetan, astunetan eta arinetan sailkatuko dira.

Arau-hauste oso astunak dira honako egitate hauek, erruz edo doloz egiten badira eta Euskadiko natura-ondareari arrisku edo kalte larriak eragiten badizkiote:

a) 74. artikuluan araututako ekintzak edo jokabideak gauzatzea.

  1. Natura-ondareko gune babestu baten barruan baimendu gabeko erauzketa- eta industria-jarduerak.

  2. Produktu kimikoak edo substantzia biologiko arriskutsuak baimenik gabe erabiltzea, baimendu gabeko isurketak egitea edo hondakinak isurtzea natura-ondarearen gune babestuen barruan.

  3. Euskadiren Intereseko Habitat Naturalen Zerrendan sartutako habitatak suntsitzea edo narriatzea.

  4. Babes Bereziko Araubidean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Basatien Zerrendan sartuta dauden eta katalogatu gabe dauden espezieen habitata suntsitzea, bereziki ugaltzeko, negua pasatzeko, atseden hartzeko, larreetan ibiltzeko edo elikatzeko lekuari dagokionez.

  5. Espezieak itxian haztea, natura-ingurunean sartzea, berriz sartzea edo populazioak indartzea administrazio-baimenik gabe, baldin eta kalte edo arrisku oso larria eragiten badu ingurunean.

  6. Galzoriko espezie edo kaltebera gisa katalogatutako flora- eta fauna-espezieak eta haien propaguluak edo hondarrak baimenik gabe biltzea, salerostea edo trukatzea, harrapatzea eta eskaintzea, saltzeko, trukatzeko edo naturalizatzeko asmoz.

  7. Interes Geologikoko Inbentarioan dagoen leku bat suntsitzea.

  8. Interes Geologikoko Inbentarioan dagoen leku batean meatze-hobiak edo aztarnategi paleontologikoak espoliatzea.

  9. Baimenik gabe sua erabiltzea natura-ondareko gune babestu batean natura-baldintzak, habitatak, espezieak edo ekosistema-funtzioak suntsitzeko edo aldatzeko.

  10. Natura-ingurunearen errealitate fisikoa eta biologikoa eraldatzeko egintzak egitea lege honen 26. artikuluan aipatzen diren baimen, lizentzia edo emakidarik gabe.

  11. Azpiegiturak instalatzeko obrak egitea, natura-ondareko gune babestua kudeatzen duen organoaren baimenik gabe.

  1. Lege honetan aipatzen diren administrazio-emakidetan eta -baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea, horiek iraungi, indargabetu edo bertan behera utzi ezean.

  2. Espezieak itxian haztea, natura-ingurunean sartzea, berriz sartzea edo populazioak indartzea administrazio-baimenik gabe, baldin eta katalogatutako espezieei buruzko planekin bateraezina bada edo ehiza- edo arrain-antolamenduko planetako aurreikuspenetara egokitzen ez bada, eta taxon edo espezie baten dibertsitate genetikoari eragiten badio.

  1. Natura-monumentu izendatutako zuhaitzetan eta haien babes-bandan mozketak edo eragiten dieten bestelako ekintzak baimenik gabe egitea.

  1. Arau-hauste astunak dira aurreko artikuluan jasotakoak, baldin eta erruz edo doloz egiten badira eta Euskadiko natura-ondareari larriak ez diren arrisku edo kalteak eragiten badizkiote.

  2. Honako hauek ere arau-hauste astuntzat hartuko dira:

    1. Natura-ondareko gune babestu baten barruan txatarra edo beste edozein hondakin baimenik gabe biltegiratzea edo uztea, baldin eta horren osagai naturalei edo paisaiari eragiten badie.

    2. Ornogabeak biltzea, bai eta onddoak, basafruituak, egurrak, goroldioak, likenak, sendabelarrak eta landare aromatikoak ere, natura-ondareko gune babestu bateko eremuetan, baldin eta gune horietan berariaz debekatu bada.

    3. Animaliak harrapatzeko eta hiltzeko metodo masiboak eta ez-selektiboak edukitzea, erabiltzea edo merkaturatzea.

    4. Basafaunako edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatzea.

    5. Basafaunako espezieak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan eta beste jarduera batzuetan, horietan sufrimenduren bat eragin dakiekeenean.

    6. Kontrolatu gabeko etxeko animaliek natura-ondareko gune babestuetan kalteak eragitea.

    7. Lege honetan araututako lehentasunez erosteko edo atzera eskuratzeko eskubideak egikaritzeko eskatutako jakinarazpenak ez egitea, prezio bat edo eskualdaketaren funtsezko baldintzak ez aipatzea, eta eskualdatzeagatik ordaindutako prezioa baino txikiagoa den prezio bat jakinaraztea edo dagokion eskualdaketarako edo eskualdaketan ezarritako baldintzak benetakoak baino kostu txikiagokoak direla jakinaraztea.

  1. Arau-hauste arintzat hartuko da aurreko artikuluan jasotako arau-hausteren bat doloz egitea, garrantzi txikikoa izateagatik astuntzat jotzen ez direnean eta natura-ondareari kalteak eragiten dizkiotenean.

  2. Era berean, arau-hauste arintzat hartuko dira:

    1. Natura-ondareko gune babestu baten barruan bizikletekin edo motorrik gabeko antzeko ibilgailuekin zirkulatzea natura-ondareko gune babestu bateko pisten, bidexken eta bideen saretik kanpo, arauren batek debekatzen duenean.

    2. Natura-ondareko gune baten barruan ibilgailu motordunak zirkulatzea, igarotzea edo aparkatzea, bideetatik kanpo eta baimendutako kasuetatik kanpo.

    3. Natura-ondareko gune babestu bateko elementuetan inskripzioak, seinaleak, zeinuak eta marrazkiak egitea.

    4. Taxidermia egitea Administrazioaren baimenik gabe edo lege honen 82. artikuluan aurreikusitakoa bete gabe.

    5. Natura-ondareko gune babestuetan kanpatzea, berariaz baimendutako lekuetatik kanpo.

    6. Zaratak, argiak eta distirak igortzea, bai eta edozein energia mota ere, dela termikoa, bibraziozkoa, elektromagnetikoa, infrasonikoa edo ultrasonikoa, gune babestuen barruan edo gune horiei edo horietako espezieei eragiten badie.

    7. Natura-ondareko gune babestu baten barruan publizitate-kartelak baimenik gabe jartzea.

    8. Natura-ondareko gune babestuetako erabiltzaileek edo bisitariek sortutako zaborra horietan uztea.

    9. Natura-ondareko gune babestu baten barruan txakurrekin baimenik gabe zirkulatzea, uhalez lotuta eraman gabe, berariaz baimendutako une edo lekuetatik kanpo.

      100. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

      1. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legean (abenduaren 13ko 42/2007) tipifikatutako arau-hausteak bertan ezarritako zenbatekoekin zehatuko dira.

      2. Lege honetan tipifikatuta dauden arau-hausteak honela zehatuko dira:

        1. Oso astunen kasuan, 200.001 eurotik 2.000.000 euro arteko isuna edota hiru eta bost urte bitartean natura-ondarearekin edo ingurumenarekin zerikusia duen euskal administrazio publikoko edozein dirulaguntza publiko jasotzeko eta kontratatzeko debekua.

        2. Astunen kasuan, 3.001 eurotik 200.000 euro arteko isuna edota bat eta hiru urte bitartean natura-ondarearekin edo ingurumenarekin zerikusia duen euskal administrazio publikoko edozein dirulaguntza publiko jasotzeko debekua.

        3. Arinen kasuan, 200 eurotik 3.000 euro arteko isuna.

      3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan xedatutakoaren arabera, zehapen-prozedura bat hasitakoan, arau-hausleak bere erantzukizuna aitortzen badu, dagokion zehapena ezarriz ebatzi ahal izango da prozedura.

      4. Zehapena diruzkoa soilik baldin bada, edo aukera baldin badago diruzko zehapen bat eta diruzkoa ez den beste bat ezartzeko baina bigarrena egokia ez dela justifikatu bada, ustezko erantzuleak ebazpena baino lehenagoko edozein unetan borondatez ordaintzeak amaitu egingo du prozedura, salbu eta aldatutako egoera lehengoratzeari dagokiona edo arau-hausteagatik sortutako kalte eta galeren ordaina erabakitzeari dagokiona.

      5. Bi kasuetan, zehapena diruzkoa soilik denean, prozedura ebazteko eskumena duen organoak murriztapenak aplikatuko ditu, gutxienez % 20koak, proposatutako zehapenaren gainean, eta murriztapenak elkarrekin bateratu daitezke. Murriztapen horiek zehaztuta egon behar dute prozeduraren hasierako jakinarazpenean. Haietaz baliatzeko, bestalde, zehapenaren aurka administrazio-bidean jarritako akzio edo errekurtsoetan atzera edo uko egin beharra dago.

      6. Aurreko paragrafoan aurreikusitako murriztapen-ehunekoa handitu ahal izango dute erregelamenduz Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiek beren foru-araudiaren bidez.

        101. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen mailaketa eta zehaztapena.

      1. Lege honetan ezarritako isunen zenbatekoa mailakatzeko kontuan hartu beharko dira arduradunaren inguruabarrak, bere asmoa, parte-hartzea eta lortutako onura, egindako arau-hausteak gizarteari zenbateraino eragin dion eta zer kalte sortu duen, arau-hausteak errepikatu diren, bai eta ingurune naturalean egindako kalte edo hondamena itzulgarria izan ote daitekeen ere.

      2. Natura-ondareko naturagune babestuak izendatzeko arauek lege honetan ezarritako arau-hauste edo zehapenen taulan zehaztapenak nahiz mailaketak sartu ahal izango dituzte, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko Legean (urriaren 1eko 40/2015) xedatutakoaren arabera.

        102. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

      1. Lege honetan oso astun bezala sailkatuta dauden arau-hauste administratiboak bost urte ondoren preskribatuko dira; astunak, hiru urte ondoren; eta arinak, urtebete igaro ondoren, arau-hauste jarraitu edo klandestinoen kasuko zenbaketa-arauen kalterik gabe.

      2. Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak bost urte ondoren preskribatuko dira; astunak, hiru urte ondoren; eta arinak, urtebete igaro ondoren.

        103. artikulua. Leheneratzea eta kalte-ordaina.

        Zehapenak ezartzea bateragarri izango da arau-hausleari berak aldatutako egoera berriz ere jatorrizkora leheneratzeko eskatzearekin, baita sortutako kalte eta galerak ordainaraztearekin ere.

        Beharrezkotzat joz gero, xede horretarako behar adinako abalak, fidantzak edo beste berme batzuk eratzea eskatu ahal izango da, ezarritako neurriak beteko direla bermatzeko.

        104. artikulua. Eskumena.

        Foru-organoei dagokie lege honen esparruko zehapen prozedurak hasi, bideratu eta ebaztea, lege honek eskumena ematen badie, edo Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ematen badie. Gainerako gaietan zehapen-ahalmena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan natura-ondarean eskumena duen sailari dagokio. Ahalmen horren barruan dago Urdaibai Biosfera Erreserba Babesteko eta Antolatzeko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen zehapen-ahalmena.

        105. artikulua. Zehapenen jakinarazpena.

        Lege honetako arau-hauste oso astunen edo Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko Legean (abenduaren 13ko 42/2007) jasotakoen ondoriozko zehapen-ebazpenak zehapenak ezartzeko eskumena duten agintariek argitaratuko dituzte, laburpen gisa egoitza elektronikoan eta dagokion Aldizkari Ofizialean, administrazio-bidean irmoak direnean.

        Argitalpenak arduradunaren nortasuna, egindako arau-haustea, ezarritako zehapena eta eskatzen zaizkion leheneratze eta kalte-ordainen laburpena jasoko ditu.

        Lege honen esparruan ezarritako zehapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Arauen Arau-Hausteen Erregistroan jasoko dira. Horretarako, ezarritako zehapen guztiak jakinarazi beharko zaizkio erregistroari, zer administraziok ezarri dituen alde batera utzita.

        106. artikulua. Jurisdikzio penalarekin konkurrentzia.

      1. Arau-hausteak delituak edo faltak izan badaitezke, Administrazioak jurisdikzio-organo eskudunari pasako dio erruduntasun-testigantza eta ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko harik eta agintaritza judizialak epaia eman arte.

      2. Deliturik edo faltarik ez dagoela erabakiz gero, Administrazioak aurrera jarraitu ahal izango du zehapen-prozedurarekin, zigor-jurisdikzioak frogatutzat jo dituen egintzak kontuan hartuta.

        107. artikulua. Hertsapen-isunak.

      1. Baldin eta arau-hausleek ez badute aldatutako egoera leheneratzen eta kalteak erreparatzen, dagokion errekerimenduan, ondoz ondoko hertsapen-isunak ezartzea erabaki ahal izango da.

      2. Hertsapen-isun horiek ezarriz gero, betebeharra betetzeko zenbateko epea dagoen eta ezar daitekeen isuna zenbatekoa izan daitekeen adierazi beharko da errekerimenduan. Nolanahi ere, epeak betebeharra betetzeko adinakoa izan beharko du. Hertsapen-isuna ezarri ostean ere isun hori eragin duen ez-betetzeari eusten baldin bazaio, hertsapen-isuna behar adina aldiz errepikatu ahal izango da betebeharra bete arte, baina errekerimendu berrietan ezarritako epea ez da izango, inolaz ere, lehenengoan ezarritakoa baino txikiagoa. Hertsapen-isunak zehapen modura ezar daitezkeen isunekiko independenteak eta bateragarriak dira.

      3. Hertsapen-isun bakoitzaren zenbatekoak hauek izango dira:

        1. Leheneratzea arau-hauste oso astun baten ondorio bada: 4.000 euro.

        2. Leheneratzea arau-hauste astun baten ondorio bada: 1.500 euro.

        3. Leheneratzea arau-hauste arin baten ondorio bada: 600 euro.

          Obligaziodunak ordaindu ezean, hertsapen-isunak premiamendu-bidez exijituko dira, jakinarazi zirenetik hogeita hamar egun baliodun igaro ondoren.

          1. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, organo horrek, ohartarazpena egin ondoren eta administrazio-prozedura erkidearen arabera, leheneratzeko eginbeharren betearazpen subsidiarioa agindu dezake, betebeharra duenaren kontura, kaltea larria denean bereziki. Gastu, kalte eta galeren zenbatekoa behin-behinean ordaindu ahal izango da, betearazpenaren aurretik, eta behin betiko kitapena ondoren egin.

          1. Pertsonak zuzenean derrigortu ahal izango dira administrazio-prozedura erkidea aplikatuz, ez egiteko edo jasateko bere-berezko betebehar ezartzen duten administrazio-ebazpenak betearazteko eta, betiere, haien duintasuna eta Konstituzioan aitortutako eskubideak behar bezala errespetaturik.

          2. Baldin eta, egiteko bere-berezko betebeharrak badira, horiek betetzen ez badira, sortutako kalte eta galerak ordaindu behar ditu betebeharra duenak. Administrazio-bidetik egingo dira kalte-galeren kitapena eta kobrantza.

            108. artikulua. Ehiza, arrantza eta mendietako arau-hausteak.

            Apirilaren 13ko 1/1989 Legean (ehizako eta ibai-arrantzako arau-hauste administratibo jakin batzuen kalifikazioa aldatu, eta zehapenen zenbatekoa handitu zuen), Ehizari buruzko martxoaren 17ko 2/2011 Legean eta arrantzari buruzko legerian eta mendiei buruzko foru-arauetan aurreikusitako administrazio arau-hausteak natura-ondareko naturagune babestu baten mugen barruan egiten direnean, legeria horietan jasotako arau eta irizpideei jarraikiz egokia den zehapena ehuneko berrogeita hamar eta ehunera arte bitartean handituko da.

            109. artikulua. Arau-hausteak egiteko pizgarrien aurkako edo disuasio-neurriak.

            Zerga arloan eskumena duten euskal administrazio publikoek, natura-ondarearena arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sailari aurretik kontsulta eginda, fiskalitate ekologikoa eta ingurumen-politika ekonomikoko beste tresna batzuk sustatuko dituzte, lege honen helburuak betetzen laguntzeko, eta ebatzi ahal izango dute bildutako diruak urteko aurrekontuetan partida bat osatzea, zeina berariaz bideratuta egongo da ondarea kontserbatzeari eta leheneratzeari lotutako jarduketei ekiteko.

            LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Biotopo babestuen araubidea.

            Natura-ondarearen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailburuaren aginduz, lege hau indarrean jartzean deklaratuta dagoen biotopo babestu bakoitzaren izena naturagune babestuen tipologia egokienera egokituko da, 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izen berria izateak ez du esan nahi biotopoaren deklarazio-dekretua aldatzeko prozedura izapidetu behar denik.

            Tipologia berrietara egokitzeko prozesua naturagune babestu baten deklarazio-dekretuaren bidez edo, kasuaren arabera, Natura Baliabideak Antolatzeko Planaren bidez ere egin ahalko da.

            Natura-erreserbaren kategoria aukeratuz gero eta natura-baliabideak antolatzeko plana beharrezkoa bada, urtebeteko epea igaro baino lehen ekingo zaio plana idazteari.

            Adierazitako akordioa aldizkari ofizialean argitaratzen den momentura arte, biotopo babestuek izen hori mantenuko dute.

            BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Aparteko zuhaitzen araubidea.

            Lege hau indarrean jartzen denean dauden aparteko zuhaitzak izendatutakoak natura-monumentutzat hartuko dira juridikoki, eta baliabide naturalak antolatzeko plana behar badute, lege honen 52.3 eta 52.4 artikuluan azaldutakoari jarraikiz, hori idazten hasiko da urtebete baino gutxiagoko epean.

            HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Oztopoen eraispena.

            Uraren Euskal Agentziak, lege hau indarrean jarri eta hiru urteko epean, ibai-sareko oztopoak eraisteko plan bat idazteari ekingo dio, 27. artikuluan zehaztutako helburuak betetzeko. Plan horren lurralde-eremua EAE izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ingurumen-arloan eskumenak dituen sailak onartuko du.

            Lurralde historikoek eta tokiko gobernuek helburu horrekiko planak idatziko dituzte beren eskumenekoak diren azpiegiturei dagokienez.

            LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ehizari buruzko martxoaren 17ko 2/2011 Legea aldatzea.

            Ehizaren Legearen (martxoaren 17ko 2/2011) 36.3 artikuluaren idazketa honako hau izango da hemendik aurrera:

            Debekatuta dago beruna duen munizioa edukitzea eta erabiltzea ehizan eta kirol-tiroan, jarduera horiek honako eremu hauetan egiten direnean: Nazioarteko Garrantziko Hezeguneei buruzko Hitzarmenaren Zerrendan jasotako hezeguneetan, natura-ondareko gune babestuetan eta hezeguneen lurralde plan sektorialean jasotakoetan. Era berean ezin izango da munizio hori erabili ur-bideetatik ehun metrotik beherako eremuan.

            BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Igarobide Ekologikoen Euskadiko Katalogoa.

            Lege hau indarrean jarri eta bost urtera, Igarobide Ekologikoen Euskadiko Katalogoa argitaratuko da, dagokion kartografiarekin.

            LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Hiri-eremuetan baso-masak eta zuhaitz-dosela handitzea.

          1. b artikuluan xedatutakoari jarraikiz, toki-administrazioek dagozkien planak onartuko dituzte lege hau indarrean jarri eta lau urteko epean.

            BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren planak egiteko prozedurak.

            Lege hau indarrean jartzean hasierako onespena duten planak eta programak apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginak ezarritako prozedura egin beharko dute.

            HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Itxinako mendigunea babesteko araubidea.

          1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Itxinako mendiguneak biotopo babestuko kalifikazioa galduko du. Desklasifikazio horrek ondorioak izango ditu behin betiko onartzen den eta Gorbeia Parke Naturalaren Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean argitaratzen den momentutik aurrera. Planak Itxinako mendigunearen babeserako tratamendu berezi bat jaso behar du. Plan horrek mendiguneak parke naturalaren barruan duen mugaketa eta zonakatze zehatza ezarri beharko du, baita erabilera onartuen, baimengarrien eta debekatuen araubidea ere, interes geomorfologikoen eta hidrogeologikoen eta flora-, fauna- eta paisaia-interesen araberakoa.

            LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren zehapen-prozedurak.

            Lege hau indarrean jarri aurretik abiarazitako zehapen-espedienteak prozedura hasi zenean aplikatu zitzaien araudiaren arabera izapidetuko dira, prozedura amaitu arte. Lege honetan jasotako xedapenak onuragarriagoak badira, ordea, hau izango da aplikatuko den araudia.

            BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Espezie mehatxatuen kategoriak egokitzea.

            Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, 69. artikuluan aurreikusitako irizpide orientatzaileak onartuko dira. Ondoren, lege hau onartzen den egunean, Arriskuan dauden Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan agertzen diren espezieak egokitzeari ekingo zaio, hala badagokio, mehatxatuta gisa sartzeko edo Babes Araubidean dauden Espezie Basatien Euskal Zerrendan sartzeko.

            Harik eta egokitzapen hori egiten den arte, indarrean egongo da uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuaren bidez onetsitako Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa eta hori egokitzeko eta eguneratzeko aginduak.

            SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Naturzaintza-Natura Kontserbatzeko Aholku Kontseilua.

            Lege honek Ingurumeneko Aholku Batzordeari esleitzen dizkion funtzioak Naturzaintza-Natura Kontserbatzeko Aholku Kontseiluak beteko ditu, erregelamendu bidez lehenengo organoaren osaera eta funtzioak eguneratzen ez diren bitartean.

  1. Indargabetuta gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua.

  2. Indargabetuta gelditzen da otsailaren 27ko Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren II. tituluko I. kapitulua.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen aldaketa.

    Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.c artikuluko hirugarren apartatua honela idatzita geratuko da:

  3. Natura-ondareko gune babestuak administratzea, Urdaibai Biosfera Erreserba izan ezik.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Zehapenen zenbatekoa eguneratzeko gaikuntza.

    Eusko Jaurlaritzaren dekretuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak hala proposatuta, lege honetan ezarritako zehapenen zenbatekoa eguneratu ahal izango da.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta lau hilabetera jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.