Arautegia

Inprimatu

9/2016 LEGEA, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 111
  • Hurrenkera-zk.: 2528
  • Xedapen-zk.: 9
  • Xedapen-data: 2016/06/02
  • Argitaratze-data: 2016/06/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Fundazioak funtsezkoak izan dira euskal gizarte-bizitzaren eraketan, historian zehar eta gaur arte, interes orokorreko jarduerak egin baitituzte. Oro har, irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa ulertu ohi dira fundazioak, eta beren ondarea fundatzaileek hala nahi izan dutelako modu iraunkorrean interes orokorreko helburuei lotuta duten erakunde gisa. Hasieran, ongintza-ekintza eta kapilautza gisa sortu zirelarik, ongia egitea eta laguntza ematea zuten helburu nagusi, eta halaxe irautea lortu zuten, nahiz eta iraultza liberalaren ondorioz XIX. mendean giroa erabat gaiztotua zegoen. Giro hori legerian ere islatu zen, legeria desbinkulatzaile eta desamortizatzailean, zeinak «esku hilek» edozein ondasun mota izatea debekatzea baitzuen helburu, eta araudi horren adibiderik behinena da 1820ko irailaren 27ko legea, maiorazko, fideikomiso, patronatu eta onibarren bestelako binkulazio mota guztiak ezabatzen zituena, lehen artikuluan. Hala eta guztiz ere, Kode Zibilak fundazio-eskubidea onartu zuelarik, beste aro bat hasi zen fundazioentzat, eta, ordutik aurrera, botere publikoekin batera partikularrek ere parte hartu ahal izateko funtsezko tresna gisa onartu ziren, interes orokorreko helburuak lortuz herritarren eskaerei erantzute aldera. Fundazio askok hasieran zituzten helburu berak izaten jarraitzen dute oraindik, nahiz eta gaur egun fundazioek beste jardun-arlo batzuk ere jorratzen dituzten, hala nola lana, irakaskuntza, kultura, hezkuntza, ikerketa, teknologia eta gizarte-berrikuntza; eta, gainera, fundazioaren forma juridikoa hartzen duten erakunde berriak ere sortu dira, sektore publikoko fundazioak eta banku-fundazioak, adibidez. Izan ere, fundazioek oso ondo asmatu dute egungo gizartearen beharretara egokitzen, eta, aldi berean, haien eragina ere handituz joan da nabarmen. Gaur egun arras garatuak daude, eta bizi-bizi, bai kopuruari dagokionez, bai lantzen dituzten jardueren aniztasunari dagokionez.

Euskal erakundeek historikoki izan dute fundazioak arautzeko eskumena, ongintzaren arloko foru-eskumenarekin zuzenean lotuta. Foruen garaian, erregulazio propioa aplikatzen zen ez Estatuaren ongintza orokorraren legeria, eta aldundiei zegozkien ongintzako toki-batzordeen arloko eskumenak. Foruak abolitu eta gero ere, euskal aldundiek, Kontzertu Ekonomikoaren ondoriozko ekonomia- eta administrazio-araubidearen esparruan, arlo horietan eskumenak izaten jarraitu zuten. Hain zuzen ere, fundazioen edo ongintza publiko orokor, probintzial nahiz munizipaleko establezimenduen arloko eskumen hori berariaz onartu zuen 1909ko ekainaren 26ko Errege Aginduak.

Euskal erakundeek izan duten eskumen hori joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadako autonomia-estatutuen proiektuetan ere jaso zen, eta, azkenik, 1936ko urriaren 6ko Euskadiren Autonomia Estatutuaren II. tituluko 2.d.2 artikuluan, non esaten baitzen ezen, Errepublikaren Konstituzioaren 16. eta 17. artikuluen arabera, Euskadiren eskumenak zirela gizarte-laguntzaren eta ongintzaren arloan arlo publiko nahiz pribatuan legeak egitea eta haiek zuzenean betearaztea, bai eta mota orotako ongintza-fundazioak eta adingabeen babeserako auzitegiak. Eskumen hori baliatuz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntza Sailak 1936ko abenduaren 7an onetsitako dekretu baten bidez erabaki zen ongintzarako eta haurren babeserako batzorde probintzialei zegozkien ahalmenak eta ongintza-erakunde pribatuak Gizarte Laguntza Sailaren mende uztea, eta ongintzako eta irakaskuntzako fundazioak, berriz, Kultura Sailaren mende. Orobat ezartzen zen ezen batzorde probintzialetako administratzaile eta idazkariek, patronatukideek, aldundiek, udalek eta fundazio partikularren ordezkariek Eusko Jaurlaritzako sail eskudunari helarazi behar zizkiotela bakoitzari zegozkion erakundeen aurrekariak, inbentarioak eta kontuen egoerak. Sail horrek proposatuko zuen ongintzako eta haurrak babesteko batzordeak berrantolatzea eta fundazio partikularren jarduerak eta eginkizunak kontrolatuko zituen. Ildo horretatik, Justizia eta Kulturako sailburuak 1936ko azaroaren 13an emandako agindu baten bidez xedatu zen ezen ongintzako eta irakaskuntzako euskal fundazio guztiek, sailak zegokion kontrola egite aldera, txosten bat bidal ziezaiotela Euskadiko Kulturako idazkari nagusiari xehetasun hauekin: fundazioaren xedea eta data; fundazioaren zuzendaritza nortzuek osatzen zuten; zer ondasun zituen eta horiek nola baliatzen ziren fundazioaren xedea lortzeko, eta abar. Eta, hain zuzen ere, kontrol-ahal hori baliatuz, inoiz zenbait fundazioren patronatukideak kargutik kendu ere egin zituzten (Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura Sailaren 1936ko abenduaren 1eko Agindua eta Gizarte Laguntza Sailaren 1937ko otsailaren 15eko Agindua).

Gerra Zibila amaitu eta gerora demokrazia berriro ezarri zenean, 1978ko Konstituzioak fundaziorako eskubidea jaso zuen, 34. artikuluan, eta 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.13 artikuluak eskumen esklusiboa onartu zion Euskal Autonomia Erkidegoari irakaskuntza-, kultura-, arte-, ongintza- eta sorospen-izaerako nahiz antzeko fundazio eta elkarteen arloan, beren eginkizunak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen dituzten neurrian. Izan ere, lege hau onetsi arte indarrean egon den Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 27ko 12/1994 Legea, haren babesean onetsitakoa, euskal fundazioen sektorea araubide juridiko oso batez hornitu zuen lehenengo araua izan zen, Estatuko fundazioen lehen legeari ere aurrea hartuta. Lege hori guztiz lotuta zegoen fundazioek Euskadin egina zuten bide luzearekin, XIX. mendearen amaieran gizartearen zatirik ahulenen behar sozial, asistentzial eta hezkuntzakoak asetzeko gure lurraldean eratu ziren fundazio ugarik urratutako bidearekin, alegia. Legea aitzindari izan zen fundazioei ordura arte baino tratamendu malguagoa baita unitarioa ere ematen, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazio guztientzat erregistro eta babesletza bakarra ezartzea aldezten baitzuen eta alde batera uzten, berriz, fundazioak, bilatzen ziren helburuen arabera, Administrazio publikoaren eremu bati edo besteari atxikitzen zizkion ordura arteko eredua. Lege horren osagarri izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua.

Ekainaren 27ko 12/1994 Legea, gainera, moldatu egin da Europar Batasunean fundazioaz dagoen ikuskeraren arabera, eta apirilaren 23ko 7/2012 Legeak aldatu egin zuen, nahitaezkoa baitzen barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko. Baina azken urteotan, arlo honetan lege berri bat egitea gomendatzen duten beste arrazoi batzuk sortu dira. Besteak beste, beharrezkoa da hala Administrazio publikoari nola fundazioei eta, oro har, herritarrei segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea; eta beharrezkoa da, halaber, erakunde horiei aplikatu beharreko arauak testu batean bildu eta aldaketa tekniko-juridikoak sartzea, fundazioen gaineko araudia garai berrietara egokitu dadin, gizartearen egungo eskakizun eta beharrei erantzunez. Gogoan izan behar da, gainera, Zuzenbide publikoaren arloko erregulazioaz gain, Zuzenbide zibilari dagokionez, lege berriak egungo Euskal Zuzenbide Zibilera egokitu behar duela erregulazioa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen arabera, dena ere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 10.5 artikuluaren bidez gure Autonomia Erkidegoari ematen dion eskumen esklusiboari jarraikiz. Azken finean, kontua da aurrera egitea Administrazioa sinplifikatzen eta zerbitzu publikoak arrazionalizatzen fundazioak sortzeko eskubidea indartuz eta, aldi berean, gaur egun fundazioa murgilduta dagoen trafikoaren segurtasun juridikoa bermatzeko beharrezkoak diren kontrolak ezarriz, eta kontua da, halaber, fundazioen araubide juridiko bereziaren ondorio diren eskakizunak ondo beteko direla bermatzea.

Horregatik guztiagatik, diseinatu den legea ez da oso luzea eta ez du den-dena ere arautzen, baina modu egokian heldu die garai berriei erantzun ahal izateko erregulazio baten beharra duten gai guztiei. Helburu horiek lortzeko, legearen sistematika moldatu egin da. Legeak 74 artikulu ditu, lau kapitulutan bilduta, eta horiek, aldi berean, 11 ataletan zatituta; eta, bukatzeko, zazpi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.

Eta, ildo berean, lege honek ahal berri bat ezartzen du eremu honetan, zehapen-ahala, zeinaren helburua baita jardutea betebehar administratiboen aurkako jokabideen disuasio-tresna gisa eta fundazioak finantzatzen laguntzen dutenenganako konfiantza sortzeko neurri gisa. Baliabide exekutibo bat da, ordenamenduak administrazio publikoen esku jartzen duena, lagungarria izan dadin fundazioaren proiektua interes orokorraren eta fundatzaileen borondatearen arabera garatzeko. Hala, tipifikatu egiten dira fundazioek maizenik izan ohi dituzten arau-hauste jokabideak, eta horiei dagokienez zehapen-ahala tresna efektibo bihurtzen da, esku-hartze mekanismo erasokorragoak erabiltzea saiheste aldera. Ahal berri hau arautzeko orduan, argi izan da fundazio askok, guztiz edo zati batean, izaera pribatua dutelako ikuspuntua eta kontzientzia.

  1. kapituluak, fundazioen araubide juridikoari buruzkoak, xedapen orokorrak ezartzeaz aparte, arautzen ditu fundazioaren eraketa, gobernua, ondarea, funtzionamendua, jarduerak, aldaketa, bat-egitea, bereizketa, azkentzea eta eraldaketa. Aurreko legearekin alderatuta, hauek dira berrikuntza nagusiak:

    Xedapen orokorretan, fundazioen xedeek interes orokorrekoak izan behar dutela esateaz gainera, berez halakotzat jotzen diren xedeen zerrenda ireki bat eransten da. Legearen aplikazio-eremuari dagokionez, 1994ko legean bezalaxe, ezartzen da beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten fundazioei aplikatuko zaiela; baina, gainera, berariaz sartzen dira legearen aplikazio-eremuan beren jarduera nagusia atzerrian egin arren patronatuaren egoitza eta fundazioaren kudeaketa eta zuzendaritza Euskal Autonomia Erkidegoan zentralizatuta dauzkaten fundazioak. Ondorioz, adierazten da patronatuaren egoitzaren helbidea izan ahalko dela fundazioaren helbidea, edo fundazioak bere jarduerak nagusiki egiten dituen lekuarena, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan badago. Eta beste alderdi bat, berria hori ere, fundazioen eraketari dagokionez: espresuki jasotzen dira Euskal Zuzenbide Zibileko oinordetza-araubidearen aurreikuspen guztiak, beren berezitasun guztiekin.

    Fundazioaren gobernuari eta fundazioaren patronatua osatzen duten pertsonen izendapen eta kargu-uzteak inskribatzeari buruzko atalean, berrikuntza da inskripzio horiei izaera deklaratiboa ezartzen diela legeak, betiere erabakiak hartzen direnetik edo karguari uko egiten zaionetik hiru hilabeteko epean aurkezten bazaio eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari. Epe hori igarotzen baldin bada erregistroan inskribatzea eskatu gabe, inskripzioak izaera eratzailea lortuko du, hirugarrenen aurrean segurtasun juridikoa indartzeko; horregatik, erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatutakoan bakarrik izango dira baliozkoak, atzeraeraginezko ondorioak dituztelarik formalki hartu ziren datara arte.

    Bestalde, aukera ezartzen da, fundatzaileak edo fundatzaileek berariaz kontrakorik zehaztu ezean, ordainsari bat emateko patronatukide gisa beren eginkizunei dagozkien zerbitzuez gainera fundazioan beste zerbitzu batzuk ematen dituzten patronatukideei. Era berean, «ohiko kudeaketatik haratago doazen egintzak» erreferentzia kendu egin da eta patronatuak eskuordetu ezin ditzakeen ahalmenen zerrenda jasotzen da; hartara, hartzaileei segurtasun juridiko handiagoa ematen zaie, ez baita «ohiko kudeaketa» kontzeptuaren interpretazioaren menpe uzten kontua.

    Fundazioen ondareari dagokionez, aipa daiteke ezen fundazioek ondare-zuzkidura osatzen duten ondasun edo eskubideei buruzko xedatze- edo kargatze-egintzak egiten dituztenean, fundazioaren helburuak betetzearekin zuzenean lotuta daudenek eta testuan adierazten diren aktiboarekiko ehunekoak gainditzen dituztenek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko diotela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari. Adierazpen hori Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean arautu zen, administrazio-sinplifikazioaren helburua eta Administrazioan nahitaez egin beharreko izapideak herritarrari errazteko helburuak betetzeko, zeinak barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauak sartutako helburuak baitira.

    Behin xedatze- edo kargatze-egintzak egin eta gero, patronatuak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio babesletzari, eta horretan zehaztuko du behar bezala hartu dela xedatze- edo kargatze-erabakia, horretarako arrazoia eta premia azalduz, eta eragiketa ez dela kaltegarria fundazioarentzat eta ez duela arriskuan jartzen haren bideragarritasun ekonomikoa. Gainera, ondasunen balioa handiagoa bada lege honetan adierazitako ehunekoa baino, azterlan ekonomiko bat aurkeztu beharko du, profesional independente batek egina.

    Hala ere, kontraprestazio gisa, sendotu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak xedatze- edo kargatze-egintzak «a posteriori» kontrolatzeko duen eginkizuna, zeren eta, patronatuaren erabakiak legean ezarritakoaren arabera fundazioarentzat kaltegarriak badira, dauden baldintzak eta egoera egiaztatzeko exijitu ahal izango baitu eta, hala badagokio, dagozkion erantzukizun-akzioak gauzatu ahal izango baititu patronatuko kideen aurka kontrako botoa eman zutenak salbu.

    Era berean, adierazi behar da aipatutako komunikazio-araubideak utzi egingo diola fundazioentzat aplikagarri izateari, egiaztatzen denean gezurrezkoa dela babesletzari aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten edukia; une horretatik aurrera, baimena eskatu beharko zaio xedatze- eta kargatze-egintzak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez izapidetzeko eskubidea galduta.

    Fundazioen funtzionamenduari eta jarduerei dagokienez, haien jardunak kontuan izan behar dituen printzipioak ezartzen dira; besteak beste, jokabide-kodeen eta funtzionamendurako jardunbide egokien sustapena, baita publikotasuna eta gardentasuna, eta onuradunak zehazterakoan inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza. Helburu horiek lortze aldera, zehatz-mehatz arautzen da fundazioen finantzaketa; legeak ezartzen du merkataritza-sozietateetan % 20 edo gehiagoko partaidetza duten fundazioek babesletza jakinaren gainean jarri beharko dutela urteko memorian, eta partaidetza hori nagusia denean, berehala eman beharko diotela horren berri. Era berean, fundazioek merkataritza-sozietate batean duten partaidetzak fundazioaren ondare garbiaren % 50 gainditzen badu, jakinaren gainean jarri beharko dute babesletza. Azkenik, fundazioek sozietateetan partaidetzak badituzte eta sozietate horien zorren aurrean bazkideek erantzukizun pertsonala badute, partaidetza horiek besterentzeko derrigortasuna ezartzen zaie fundazioei, sozietate horiek urtebeteko epean eraldatu eta erantzukizun mugatuko sozietate bihurtu ezean.

    Zalantzarik gabe, lege honen berrikuntza esanguratsuenetako bat da erregistroa ixtea urteko kontuak ez aurkeztearen ondorio zuzen gisa. Horrela, ez-betetze horren aurrean neurri hertsatzaile bat ezartzearen beharra jasotzen du legegileak; zehapen-prozedura izatera iristen ez bada ere, neurri eraginkorra izan nahi du, ahalik eta fundazio gehienek bete ditzaten informazio ekonomiko-kontableari buruzko euren betebeharrak, eta horrela bermatu egiten da erakunde horiek izan beharreko gardentasuna.

    Era berean, aurreikusten da urteko kontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioen zerrenda argitaratzea, bai eta kontuak gaizki aurkeztu eta babesletzak eskatutako zuzenketarik egin ez dutenena ere; horrela, kontuak epe barruan eta zuzen aurkeztea bultzatu nahi da. Azkenik, kontrol hobea bermatze aldera, fundazioen kontuen ikuskapenari buruz adierazi beharra dago «garrantzi ekonomikoa» zuten fundazioentzat baino derrigorrezkoa ez zena orain fundazio gehienentzat izango dela derrigorrezkoa, salbu eta, txikiak izanik, legeak ez badie halakorik eskatzen.

    Fundazioen aldaketa, bat-egite, bereizketa eta azkentzeari dagokionez, aukera ematen da lehendik sortuta dagoen fundazio batetik, bereizketaren bitartez, beste bat edo batzuk sortzeko; bestalde, pertsona juridiko publikoek eratutako fundazioak desegin eta azkendutakoan, fundazioaren geldikina itzuli egin beharko zaie pertsona juridiko publikoei, oso-osorik edo, kasuaren arabera, fundazioa eratu zenean edo gerora egin zituzten ekarpenei dagokien proportzioan. Hori hala egitea erabaki da beharrezkotzat jotzen delako sektore publikoak jarritako dirua sektore publikoan mantentzea fundazioa azkendutakoan, sektore publikoak sustatzen dituen interes orokorreko jarduerak egiten jarraitzeko.

    Legearen beste berritasun aipagarri bat da aukera ematen duela fundazioak eraldatu eta bestelako erakunde bihurtzeko (beste forma juridiko batekin); baita, alderantziz ere, bestelako erakundeak fundazio bihurtzeko, Europako Fundazioaren Estatutua onesten duen Kontseiluaren erregelamendu-proposamenak bildutako arauak kontuan hartuta. Fundazioak eraldatu eta beste mota bateko pertsona juridiko bihurtuko badira, eskakizun hauek bete beharko dituzte: irabazi-asmorik ez izatea, jatorrizko fundazioaren helburu berak edukitzea, jarduteko eremua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta fundazioaren ondarea bere osotasunean mantentzea organo publiko baten tutoretzapean, beren nortasun juridikoa gordez. Kasu horietan, baldin eta eraldatu behar den erakundearekin harreman juridikoa duten hirugarren batzuen posizio juridikoari eusten zaiola bermatzen bada eta jatorriko eta helmugako pertsona juridikoentzako arauan berariazko debekurik ez dagoela egiaztatzen bada, arrazoizkoa dirudi eraldaketarako aukera ematea.

  1. kapituluak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza eta Erregistroa arautzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari dagokionez, haren eginkizunak aipatzen dira; besteak beste, fundazioei aholkuak eta informazioa ematea, fundazioen kontrola, zaintza eta ikuskapena eta patronatukideei erantzukizunak eskatzea. Bereziki azpimarratu beharrekoa da, batetik, izaera prebentiboa izango duen fundazioen urteko ikuskatze-plana sartu izana, fundazioek beren betebeharrak bete dituztela egiaztatzeko, eta, bestetik, jarduerak egiaztatzeko espedientea arautu izana; azken erregulazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren bidez ezarri zen, eta lege honetan ere jaso egin da, duen garrantziagatik hala komeni dela iritzita.

    Araudi berriaren funtsezko alderdietan azpimarratzekoa da legeak, arau orokor gisa, isiltasun ezeslea ezartzen duela dagokien administrazio-organoek horretarako duten epean berariazko ebazpenik ematen ez dutenerako. Eta ulertuko da isiltasun baieslearen bidez ebatzi dela patronatukideen eta fundazioen arteko kontrataziorako eskabidea, soilik, behin hiru hilabeteko epea igaro denean eskabidea aurkeztu zenetik.

    Egia da Europako araudiak, lehen aipatutako Zerbitzuei buruzko Zuzentarauaren 4.8 artikuluan, administrazio-isiltasun baieslea orokortzearen alde egiten duela, iritzita «interes orokorreko premiazko arrazoiek» soilik justifika dezaketela kontrako aukera, eta zehaztuz honela ulertu behar dela «interes orokorreko premiazko arrazoia»: «Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian hala aintzat hartutako arrazoia, hauek barne: ordena publikoa, segurtasun publikoa, babes zibila, osasun publikoa, gizarte-segurantzako erregimenaren finantza-oreka babestea, kontsumitzaileen, zerbitzu-jasotzaileen eta langileen babesa, merkataritza-transakzioei dagokienez fede onak jartzen dituen exijentziak, iruzurraren aurkako borroka, ingurugiroaren eta hiri-ingurunearen babesa, animalien osasuna, jabetza intelektual eta industriala, herrialdeko ondare artistiko eta historikoaren kontserbazioa eta gizarte- nahiz kultura-politikako helburuak». Baina lege honetan isiltasun ezeslearen irizpidea hartu bada, «interes orokorreko premiazko arrazoi» horietako batzuk benetan gertatzen direlako izan da. Interes orokor hori babesteak eragozten du, hain justu, dagokion administrazio-organoak aurretik kalifikatu ez dituen egoerak baliozkotzat ematea, denborak aurrera egite soilarekin.

    Gaur egungo fundazioak benetako «merkatuko operadoreak» direnez, merkataritza alorreko trafiko juridikoari segurtasuna eman behar dion arduradunak dituen tresna eta premisa berdinekin jardun beharko dute, halaber, fundazio horiek beren estatutuetan adierazitako interes orokorreko helburuak beteko dituztela zaintzeko ardura duten administrazio-organoek. Merkataritza Erregistroak babestu egiten du trafiko juridikoa, partikularrei beraiekin harremanak izan ditzaketen beste partikular batzuei buruzko informazioa emanez, eta ez da bidezkoa juridikoki erabat fidagarriak ez diren egoerak inskribatzea denborak aurrera egite soilagatik. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrorako ere interpretazioa berbera izan behar da, zeren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak ere fundazioen ohiko funtzionamenduan haien trafikoari segurtasun juridikoa ematea baitu helburu; horretarako, publiko egin beharko ditu modu egiatian zenbait egoera juridiko, haiei buruzko informazio administratibo soilera mugatu gabe.

    Legeak ematen dien egiatasun-presuntzio horrek eta hirugarrenen aurrean ematen zaien eraginkortasun bereziak exijitu egiten dute erregistro-kalifikazioa edota babesletzak egindako kontrola.

    Bereizi egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babesletza, eta organo independente direla ezartzen da (izaera horren berri ematen zen jada 12/1994 Legearen erregelamendu bidezko garapenean, Fundazioen Babesletzari eta Erregistroari buruzko 2007ko dekretuetan). Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak iragarritako jarduera-printzipioak ere jasota daude. Printzipio horien artean nabarmentzen dira publikotasun material eta formala ematea, legezkotasuna, legitimazioa, lehentasuna, segidako traktua, notarioekiko lankidetza eta teknologia berrien sustapena, eta izapidetze administratiboa bitarteko telematikoen bidez egingo dela ezartzen da, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita eta IKTen erabilera sustatzearen aldeko apustu garbia eginez. Azkenik, Fundazioen Euskal Kontseilua sortzea aurreikusten da; kontsultarako organoa izango da, kide anitzekoa, eta Administrazioaren eta fundazioen arteko etengabeko harremana erraztuko du.

  1. kapituluak fundazio bereziak arautzen ditu; fundazio berezitzat jotzen dira sektore publikoko fundazioak eta banku-fundazioak. Lege berriak fundazio mota berri horiek arautzen ditu, errealitate sozialera egokituz eta fundazioen araudi orokorrean aurreikusitakoaz gainera kasuan kasuko sektoreko legeria berezia bete beharrez.

    Euskal sektore publikoko fundazioei buruz, nabarmentzekoa da lege honek ematen duen definizioa bat datorrela Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 23 bis artikuluak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sektore publikoko fundazioentzat jasotzen duenarekin; horiei buruzko azalpenak bi artikulutan daude jasota. Beste betebehar batzuen artean, kontratazio publikoaren araudiaren ondorioetarako sektore publikoko erakundetzat jotzen diren fundazioek bermatu egin beharko dute beren kontratazioak printzipio hauen arabera egiten direla: prozeduren gardentasunaren eta publikotasunaren printzipioa, lizitazioetan parte hartzeko askatasunaren printzipioa eta lehiakideen arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioa. Bermatu egingo dute, halaber, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioei jarraituko zaiela langileak aukeratzeko deialdietan.

    Banku-fundazioei dagokienez, banku-sektorearen berregituraketaren ondorio dira horiek. Finantza-sektorea erreformatzeko asmoz Eurotaldearen barruan landutako Finantza Politika Sektorialaren Baldintzei buruzko 2012ko uztailaren 23ko Akordio Memorandumaren testuinguruan, Espainiak aurrezki-kutxa eta banku-fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legea onetsi zuen, eta lege horretan sortu zen fundazio mota berri hau. Lege horren 32. artikuluaren arabera, banku-fundazioak dira kreditu-erakunde batean, zuzenean nahiz zeharka, erakundearen kapitalaren edo boto-eskubideen gutxienez % 10eko partaidetza duten fundazioak, edota haren administrazio-organoko kideren bat izendatzeko edo kargutik kentzeko eskubidea ematen dien partaidetza dutenak. Banku-fundazioek gizarte-helburua izan behar dute, eta gizarte-ekintza laguntzera eta garatzera bideratu behar dute beren jarduera nagusia, baita kreditu-erakunde batean duten partaidetza modu egokian kudeatzera ere. Legeak aurreikusitakoaren arabera, beren eginkizunak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen dituzten banku-fundazioek haien araudi espezifikoan aurreikusitako araubide juridikoari jarraituko diote, eta, osagarri moduan, fundazioei buruzko legeriari; beraz, lege hau aplikatuko zaie. Era berean, fundazio arruntak banku-fundazio bihurtuko dira, eta alderantziz, banku-fundazioei buruzko araudian ezarritako mugen gainetik eskuratu edo aldatzen dutenean kreditu-erakunde bateko beren partaidetza-ehunekoa.

  1. kapituluan jasotzen da zer-nolako zehapen-araubidea aplikatu ahal zaien fundazioei lege honetan araututa dauden arau-hausteak egiten dituztenean. Erregulazio honek berme bat izan nahi du fundazio-asmoa benetan bete dadin eta fundazioak behar bezala funtziona dezan. Lege honek gobernu-organoetako kideak egiten ditu gertatutako arau-hausteen erantzule, erantzukizuna banakagarria denean. Legean kasu kopuru txiki bat baino ez da tipifikatu arau-hauste gisa, zeren eta horiek izango duten zehapena disuasio-neurri gisa planteatzen baita. Ezarritako zehapenei dagokienez, izaera ekonomikoko zehapenen osagarri modura, eta arau-hauste motaren arabera, erregistroko itxiera partziala eta patronatukide gisa kargugabetzeko edo gaitasungabetzeko aukera planteatu dira lege honetan. Zehapenen graduaziorako, nabarmendu behar da sartu dela erakundea funts publikoez edo bilketa publikotik lortutako funtsez hornitzen den kasua, kontuan izanik fundazioen izaera eta dagokion organoak fundazioekiko duen babes-ekintzaren helburua.

Azkenik, xedapen gehigarriak ditu legeak, hainbat gairi buruzkoak, hala nola diren alderdi politikoekin lotutako fundazioak, beste administrazio batzuei egindako informazio-errekerimenduak, notarioek dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bidaltzeko duten betebeharra eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ondoriozko eskakizunak, edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean dauden fundazioei buruzko xedapen bereziak. Xedapen iragankorretan, berriz, fundazioek estatutuak lege honetan ezarritakora egokitu beharra dutela ezartzen da, baita ekainaren 19ko 101/2007 eta 100/2007 dekretuetan araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren eta Babeslaritzaren erregelamenduen indarraldia ere, legea erregelamendu bidez garatu bitartean. Amaitzeko, xedapen indargabetzaileak indargabetuta uzten du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea, eta azken xedapen biek lege berri honen erregelamendu bidezko garapenaz eta lege hau indarrean sartuko den egunaz dihardute.

Lege honen xedea da fundazio-eskubidea arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoak arlo horretan dituen eskumenei jarraituz.

Fundazioak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, fundatzaileek hala nahi izan dutelako beren ondarea interes orokorreko helburuetara lotuta dutenak modu iraunkorrean.

Fundazioek fundatzaileen borondatea, beren estatutuak eta, edonola ere, legea izango dituzte arau.

  1. Fundazioaren izenak indarrean dagoen legerian izenetarako ezarritako betekizun, debeku eta erreserben araberakoa izan beharko du.

  2. Zehazki, fundazioaren izenak erregela hauek bete beharko ditu:

    1. «Fundazioa» edo «fundación» hitza jaso beharko du.

    2. Ezingo da bat etorri edo ezingo du nahasbiderik eragiteko moduko antzekotasunik izan lehendik erregistroetan inskribaturiko beste ezein fundazioren izenarekin.

    3. Ezin izango du jaso legeen aurkakoa den edo pertsonen oinarrizko eskubideak urra ditzakeen hitzik edo adierazpiderik.

    4. Ezin izango da osatu soilik Espainia izenarekin, autonomia-erkidegoen izenekin edo toki-erakundeenekin, eta ezin izango dira erabili erakunde ofizial edo publikoen izenak ere nazionalenak zein nazioartekoenak, erakunde fundatzaileek izen hori bera ez badute behintzat.

    5. Fundatzailea ez den pertsona fisiko baten izena edo goitizena edo pertsona juridiko baten izena edo akronimoa erabili ahal izateko, hark edo, ezgaia bada, haren legezko ordezkariak berariaz emandako baimena beharko da.

    6. Ezin izango da jarri fundazioaren helburuekin bat ez datozen jarduerak aipatzen dituen izenik, ez eta fundazioaren izaera edo jarduerari buruz okerrik edo nahasbiderik eragiten duenik ere.

  3. Ez da onartuko aurreko paragrafoan ezarritako edozein erregela betetzen ez duen izenik, ez erregistro publiko batean inskribaturiko beste erakunde baten izenarekin bat datorrenik edo haren antzekoa denik, ez eta kasuan kasuko legeria espezifikoaren arabera beste erakunde publiko edo pribatu batzuentzat gordeta edo babestuta dagoen izenik edo haren antzekorik ere.

  1. Fundazioek interes orokorreko helburuak izan behar dituzte. Besteak beste, interes orokorrekotzat jotzen dira honako helburu hauek:

    1. Giza eskubideen eta printzipio etiko eta demokratikoen defentsa, bereziki terrorismoaren eta indarkeriazko ekintzen biktimen defentsa.

    2. Gizarte-ekintzaren sustapena.

    3. Hezkuntza, kultura, kirola, osasuna eta lana.

    4. Garapenerako lankidetza eta hezkuntza.

    5. Ingurumenaren eta ondarearen defentsa.

    6. Gizarte-ekonomiaren eta/edo enpresa-ekintzailetzaren sustapena.

    7. Lehen, bigarren eta hirugarren sektoreen garapena.

    8. Informazio-gizartearen garapena.

    9. Ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa.

    10. Aukera-berdintasunaren sustapena.

    11. Komunitate-garapena.

    12. Euskal hizkuntza- eta kultura-aniztasuna.

    1. Animalien defentsa eta babesa.

    2. Boluntariotzaren sustapena eta tolerantziaren defentsa.

  2. Fundazioen jarduerak pertsona fisikoek nahiz juridikoek osatutako kolektibo generikoei ekarri behar die onura. Halakotzat hartuko dira enpresa bateko edo batzuetako langileek eta horien senitartekoek osatutako kolektiboak. Nolanahi ere, onuradunen kolektiboa aukeratzeko irizpideek objektiboak eta inpartzialak behar dute izan.

  3. Ezin izango da fundaziorik eratu, helburu nagusia bada prestazioak eskaintzea fundatzaileari edo fundatzaileei edo patronatuko kideei, haien ezkontideei edo haiekin antzeko harreman afektiboa dutenei edo haien laugarren gradura bitarteko ahaideei laugarrena barne; ez eta prestazio horiek interes orokorreko helburuak ez dituzten pertsona juridiko bereizientzat badira.

    Ez dira aurreko lerrokadan sartzen helburu bakar edo nagusitzat ondare historiko eta kulturaleko ondasunak kontserbatzea eta zaharberritzea duten fundazioak, betiere horrelakoentzat ezarritako legezko eskakizunak betetzen badituzte, bereziki ondasun horiek bisitatzeari eta jendaurrean erakusteari dagokienez.

  4. Ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak hautematen badira fundazioa eratzeko aurkeztutako dokumentazioan, babesletzak ebazpen arrazoitua emango du eta dokumentazio guztia Fiskaltzari edota eskumena duen jurisdikzio-organoari igorriko dio, eta eraketaren sustatzaileei horren berri emango. Eratzeko prozedura eten egingo da harik eta ebazpen judizial irmoa ematen den arte.

  1. Lege hau beren jarduerak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten fundazioei aplikatuko zaie.

    Fundazio batek bere jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duela joko da halaber, baldin eta, jarduera nagusia atzerrian egin arren, fundazioak estatutu-helbidea eta patronatuaren egoitza Erkidego horretan baditu eta fundazioaren kudeaketa eta zuzendaritza ere hor zentralizatuta baditu.

  2. Fundazio atzerritarrek beren legeria propioa arau dutela, beren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egin nahi badituzte modu egonkorrean, ordezkaritza bat izan behar dute bertan. Ondorio horietarako, lege hau aplikatuko zaie euskal administrazio publikoekiko harremanetan.

    Euskal Autonomia Erkidegoan dauden fundazio atzerritarren ordezkaritzek, indarrean dagoen legeriaren arabera, men egin beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Babesletzari eta inskribatu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan; horretarako, beren legeria propioaren arabera behar bezala eratuta daudela egiaztatu beharko dute aurretik.

    Inskripzioa ukatu egin ahal izango da aurreko lerrokadan adierazitakoa egiaztatzen ez denean, bai eta helburuak interes orokorrekoak ez direnean.

    Artikulu honetan ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten fundazio atzerritarrek ezin izango dute «fundazio» izena erabili.

  1. Beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten fundazioek helbidea lurralde horretan izan beharko dute.

  2. Fundazioek haien patronatuak egoitza duen lekuan izan beharko dute beren estatutu-helbidea, edo, bestela, beren jarduerak nagusiki egiten dituzten lekuan.

  3. Beren jarduera nagusia atzerrian egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan inskribatzen diren fundazioek patronatuak Erkidego horretan egoitza duen leku berean izango dute estatutu-helbidea.

    BIGARREN ATALA

    FUNDAZIOAK ERATZEA

  1. Pertsona fisikoek nahiz pertsona juridiko publiko edo pribatuek izango dute fundazioak eratzeko gaitasuna. Pertsona juridikoen kasuan, hala izango da baldin eta haien arauetan kontrakorik ezartzen ez bada.

  2. Pertsona fisikoentzat, ezinbestekoa izango da zuzkidura osatzen duten ondasun eta eskubideak, «inter vivos» edo «mortis causa» egintzen bidez, dohainik xedatzeko gaitasuna izatea.

  3. Izaera asoziatiboko pertsona juridiko pribatuentzat, ezinbestekoa izango da eskumena duen organoaren berariazko erabakia ondasunak dohainik xedatzeko, haien estatutuen edo aplikatu behar zaien legeriaren arabera. Izaera instituzionalekoentzat, beharrezkoa izango da haien organo zuzendariaren erabakia.

  4. Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratu ahal izango dituzte, edo haien eraketan parte hartu, soilik baldin eta sustatu nahi bada partikularrek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek interes orokorreko jardueretan parte hartzea, betiere horrek ez badakar fundazioek beren gain hartzen dutela ahal publikoak erabiltzea edo nahitaez publikoak izan behar duten zerbitzuak ematea.

    Erakunde bakoitzeko organo eskudunak baimena eman beharko du eraketa horretarako, aplikatu beharreko prozedura izapidetu ondoren. Prozeduran argi geratu beharko du zer arrazoi edo ziorengatik irizten zaion interes orokorreko helburuak hobeto lortuko direla fundazio baten bitartez, ezen ez indarrean dagoen araudian jasotako beste modu juridiko publiko edo pribatu batzuen bitartez.

  1. Fundazioa «inter vivos» edo «mortis causa» egintzen bidez era daiteke.

  2. Fundazio bat «inter vivos» egintza bidez eratzeko, eskritura publikoa egin beharko da. Eskritura publiko horrek hurrengo artikuluan zehazten diren alderdiak jaso beharko ditu.

  3. Fundazio bat «mortis causa» egintza bidez eratzeko, testamentua edo oinordetza-ituna erabili ahal izango dira orainaldiko edo «post mortem» eraginkortasunarekin, eta, betiere, horiek eratze-eskritura publikoari buruz hurrengo artikuluan aurreikusten diren betekizunak jaso behar dituzte.

  4. Fundazio bat «mortis causa» egintza bidez eratzeko kasuan, testamentugileak fundazio bat sortu nahi duela eta hasierako zuzkidurako ondasun eta eskubideak xedatu nahi dituela besterik adierazi ez badu, legeak eskatutako gainerako betekizunak jasoko dituen eskritura publikoa testamentu-albazeak edo Euskal Zuzenbide Zibileko komisarioak egiletsiko du, eta, halakorik ezean, testamentuzko oinordekoek. Oinordekorik ere ez badago edo oinordekoek ez badute betebehar hori betetzen, eskritura publikoa babesletzak egiletsiko du, epailearen baimena lortu ondoren.

  1. Fundazio baten eratze-eskritura publikoak honako alderdi hauek jaso behar ditu gutxienez:

    1. Fundatzaileak pertsona fisikoak badira, izena, abizenak, adina, sexua eta egoera zibila, eta, pertsona juridikoak badira, sozietatearen izena; pertsona fisiko nahiz juridiko izan, nazionalitatea, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

    2. Fundazio bat eratzeko borondatea.

    3. Hasierako zuzkidura zerk osatzen duen, zenbatean baloratzen den, ekarpena nola egingo den eta ekarpenaren benetakotasuna zerk egiaztatzen duen.

    4. Fundazioaren estatutuak. Estatutuen edukia bat etorriko da hurrengo artikuluan jasotako aurreikuspenekin.

    5. Patronatua nortzuek osatzen duten, eta, izendapena eraketa-egintzan bertan onartu badute kideek, patronatukideen onarpena.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren ziurtagiria, lege honetako 3. artikuluaren arabera fundazioen izenek bete beharreko arauak betetzen direla egiaztatzen duena.

  2. Fundazioak epe-mugarik gabe edo aldi baterako eratu ahal izango dira. Aldi baterako eratutako fundazioen kasuan, fundazioaren helburua lortzeko behar adinakoa izan beharko du iraupenak.

  3. Fundatzaileak edo fundatzaileek fundazio-gutunaren izaera eman ahalko diote eskritura publikoari, beste pertsona batzuek ere fundatzaile gisa atxikitzeko aukera izan dezaten. Horrelakoetan, epe bat jarriko da atxikimendua egiteko.

  4. Fundazioek nortasun juridikoa izango dute eratzeko eskritura publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik bertatik. Inskripzioa ukatu ahal izango da, soilik, eskritura publiko hori legeak agindutakoarekin bat ez datorrenean.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribaturiko erakundeek soilik erabili ahal izango dute «fundazio» izena.

  1. Fundazioen estatutuetan honakoak jaso beharko dira:

    1. Erakundearen izena.

    2. Fundazioaren helburuak.

    3. Fundazioaren helbidea eta zer lurralde-esparrutan egingo dituen, nagusiki, jarduerak.

    4. Fundazioaren iraupena mugagabea den edo aldi baterakoa. Aldi baterako bada, zehaztu egin beharko da amaiera-data. Hala egin ezean, fundazioaren iraupena mugarik gabea dela ulertuko da.

    5. Baliabideak fundazioaren helburuetarako erabiltzeko eta onuradunak zehazteko oinarrizko erregelak.

    6. Patronatuaren osaera, kideak izendatzeko eta ordezteko erregelak, kide izateari uzteko arrazoiak, haien ahalmenak, eta gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko modua.

    7. Fundatzaileak edo fundatzaileek ezarri nahi dituzten legezko xedapen eta baldintzak.

  2. Fundazioaren estatutuetan edo fundatzaileen borondatearen adierazpenean legearen kontrako ezer badago, halakorik jaso ez balitz bezala jokatuko da, fundazioaren eraketaren baliozkotasunari eragiten ez badio behintzat. Eta eraketari eraginez gero, fundazioa ez da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko.

  1. Fundazioa eratzeko eskritura egiletsitakoan, eta harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu arte, fundazioaren patronatuak, proposatutako kideek izendapena onartu ondoren, inskripziorako behar diren egintzak egingo ditu; horietaz gain, fundazioaren ondarea kontserbatzeko behar-beharrezkoak direnak eta fundazioari kalterik egin gabe atzeratu ezin daitezkeenak baino ez ditu egingo, eta nortasun juridikoa lortzean fundazioak egintza horiek automatikoki bere egiten dituela ulertuko da.

  2. Fundazioa eratzeko eskritura publikoa egilesten denetik bost hilabete igaro eta artean ez bada eskatu fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, babesletzak kendu egingo ditu kargutik patronatukideak, eta horiek solidarioki erantzungo diete bai fundazioaren izenean beren gain hartutako betebeharrei, bai ez inskribatzeak eragindako galerei.

    Era berean, babesletzak beste patronatukide batzuk izendatuko ditu, epaileak baimena eman ondoren, eta patronatukide horiek beren gain hartuko dute fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko betebeharra.

  1. Fundazioaren zuzkidurak fundazioaren helburuak betetzeko nahikoa eta egokia izan behar du, eta edonolako ondasun eta eskubideek osa dezakete. Hasierako zuzkidura nahikoa dela ulertuko da haren balio ekonomikoa 30.000 eurora iristen bada.

    Hasierako zuzkiduraren balioa txikiagoa bada, fundatzaileek, lehenengo jarduera-programarekin batera, eratze-eskriturari azterlan ekonomiko bat erantsiko diote fundazioa baliabide ekonomiko horiekin bakarrik bideragarria dela ziurtatuko duena. Azterlana profesional independente batek egin beharko du.

  2. Hasierako ekarpena diruzkoa bada, zatika egin ahal izango da. Horrelakoetan, hasierako ekarpena % 25ekoa izango da gutxienez; gainerakoa gehienez ere bost urteko epean egin beharko da, epe hori fundazioa eratzeko eskritura publikoa egilesten denetik aurrera kontatzen hasita. Ondorengo ekarpenak beste fundatzaile batzuek edo hirugarren batzuek egin ahal izango dituzte.

    Hasierako zuzkidura diruzkoa ez bada, aditu independente batek egindako tasazioa jaso beharko da eratze-eskrituran.

    Bi kasuetan, ekarpenen benetakotasuna notario eskueslearen aurrean egiaztatu edo bermatu beharko da, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

  3. Zuzkidura gisa onartuko da ekarpenak egiteko hirugarren batzuen konpromisoa, betiere betearazpena berekin dakarten tituluen bidez egiten bada. Inondik inora ez da halakotzat joko dohaintzak biltzeko asmoa agertze hutsa.

  4. Fundazioaren zuzkiduraren zati izango dira fundazioak irauten duen bitartean fundatzaileek edo hirugarren batzuek fundazioari ematen dizkioten ondasunak eta ondare-izaerako eskubideak, bai eta patronatuak fundazioaren helburuei behin betiko lotzen dizkienak.

  5. Hori guztia gorabehera, berdin-berdin aplikatu beharko dira oinordetza-mugak edo tronkalekotasunagatik fundazioei ematen zaizkien ondasun eta eskubideei eragin diezaieketenak.

    HIRUGARREN ATALA

    FUNDAZIOEN GOBERNUA

Fundazio orok fundazioa gobernatu eta ordezkatuko duen organo bat izan beharko du, patronatu deituko zaiona. Patronatuari egokituko zaio fundazioaren helburuak betetzea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak arduraz administratzea, haien errendimendua eta erabilgarritasuna segurtatzeko.

  1. Patronatuko kide izan ahalko dira pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

  2. Patronatua osatzen duten pertsona fisikoek jarduteko gaitasun osoa izan beharko dute, eta ezin izango dira desgaituta egon kargu publikoak betetzeko.

  3. Patronatuko kide diren pertsona juridikoek pertsona fisiko bat edo batzuk aukeratu beharko dituzte organo hartan ordezka ditzaten.

  4. Patronatua, hurrengo paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe, kide anitzeko organoa izango da, gutxienez ere hiru kidek osatua. Organoko lehendakaria hiru kide horien artetik aukeratuko dute, baina fundatzaileek ere izenda dezakete eratze-eskrituran edo fundazioaren estatutuetan.

    Patronatuak idazkari bat ere izendatuko du. Idazkariak ez du zertan patronatuko kide izan. Patronatuko kide ez bada, hitza bai baina botorik ez du izango, eta eginkizunetako bat izango du patronatuaren erabakien ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.

    Fundazioaren estatutuetan ezarritako beste kargudun batzuk ere aukeratu ahal izango ditu patronatuak. Estatutuetan fundazioaren patronatuko lehendakariordearen kargua aurreikusten bada eta haietan bestelakorik ezartzen ez bada, lehendakariordeak ordeztuko du lehendakaria, falta denean.

  5. Salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoitzen bada, fundazioaren patronatua pertsona bakar batek osa dezake, eta fundatzaileek berentzat gorde ahal izango dituzte patronatuak dituen eskumen guztiak. Fundatzaileek estatutuetan zehaztu beharko dute kide bakar horrek patronatua uzten duenean zenbatek eta nola osatuko duten patronatua, zeina kide anitzekoa izango baita.

  6. Lehenengo patronatua fundatzaileek izendatuko dute, eratze-eskrituran. Patronatuko kide berrien izendapena, bai patronatua zabaldu egin delako, bai kideren bat ordeztu behar delako, fundazioaren estatutuetan ezarritakoaren arabera egingo da.

  1. Patronatuko kideen izendatze eta kargu-uzteari buruzko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu behar dira.

  2. Erabaki horiek hartzen direnetik edo karguari uko egiten zaionetik hiru hilabeteko epean komunikatu beharko dizkio patronatuak izendapenak eta kargu-uzteak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari, eta inskripzioak ondorio deklaratiboak izango ditu.

    Epe hori igarotzen baldin bada erregistroan inskribatzea eskatu gabe, inskripzioak izaera eratzailea lortuko du, eta, horregatik, erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatutakoan bakarrik izango dira baliozkoak, atzeraeraginezko ondorioak dituztelarik formalki hartu ziren datara arte.

  3. Patronatuko kideen karguen iraupena mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke. Azken kasu horretan, pertsona horiek berriro izendatu ahal izango dira, mugarik gabe, betiere fundazioaren estatutuetan ezarritakoaren arabera.

  4. Patronatua osatzen duten pertsona fisikoek pertsonalki bete beharko dute beren kargua, baina beste patronatukide bat izenda dezakete haien izenean eta ordezkari gisa jardun dezan egintza jakin batzuetan, eta ordezkaria pertsona ordezkatuak eman dizkion jarraibideei lotu beharko zaie. Nolanahi ere, patronatukideak kargu publiko edo pribaturen bat duenean, beste pertsona bat izendatu ahal izango du kargu hori haren izenean bete dezan modu iraunkorrean.

  5. Patronatuan pertsona juridikoak ordezkatzen dituztenek modu egonkorrean beteko dute ordezkaritza-lana. Ordezkari horiek pertsona juridikoan duten karguagatik izendatu badituzte, kargu hori uzteak berekin ekarriko du patronatuko kide izateari uztea.

  6. Patronatukideek fede onez eta behar besteko arduraz beteko dituzte beren eginkizunak. Ez dira patronatuan duten posizioaz baliatuko abantaila pertsonal edo materialik lortzeko, eta, jarduketa irregularren baten berri izaten badute beren karguari esker, jarduketa horren jakitun ipiniko dituzte organo eskudunak.

  1. Patronatuko kideak izendapena espresuki onartu ondoren hasiko dira beren eginkizunak betetzen. Onarpen hori nahitaezkoa da izendapena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

    Era berean, patronatua osatzen duten pertsonen artetik karguren batean aritzeko aukeratutakoek ere onartu egin beharko dute izendapena, hurrengo paragrafoan ezarritako moduetakoren batean.

  2. Patronatuko kide- edo kargudun-izendapena modu hauetakoren batean onar daiteke:

    1. Eskritura publikoaren bidez.

    2. Agiri pribatu batean, notarioak legeztatutako sinadurarekin.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bertara joanda.

    4. Fundazioaren patronatuan izendapena onartu duela egiaztatzen duen ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztuta. Ziurtagiriak patronatuko idazkariaren sinadura eduki beharko du, notarioak legeztatua edo, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora horretarako propio joanda, erregistroko funtzionarioaren aurrean benetakotzat egiaztatua.

  3. Pertsona juridikoek patronatukide-izendapena onartu ahal izango dute aurreko paragrafoan aurreikusitako bitartekoen bidez edo, bestela, patronatuan ordezkatuko dituen pertsona fisikoaren aukeraketa-egiaztagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztuta. Pertsona juridikoaren onarpen horrek aukeraketaren egunetik aurrera izango ditu ondorio juridikoak.

  4. Patronatuko kide izateari edo hango karguari uko egin nahi bazaio, hala komunikatu beharko zaio patronatuari, eta, uko egiteko, artikulu honen 2. paragrafoan onarpenerako aurreikusitako moduetako bat baliatu beharko da. Uko egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari komunikatu beharko zaio, gertatzen denetik hiru hilabeteko epean, eta inskripzioak ondorio deklaratiboak izango ditu.

    Epe hori igarotzen baldin bada erregistroan inskribatzea eskatu gabe, inskripzioak izaera eratzailea lortuko du, eta, horregatik, erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatutakoan bakarrik izango dira baliozkoak, atzeraeraginezko ondorioak dituztelarik formalki hartu ziren datara arte.

  1. Fundazioetako patronatukideek doan jardungo dute beren karguan, horrek ezertan eragotzi gabe beren eginkizunek eragiten dizkieten gastuak kobratzea, baldin eta behar bezala justifikatzen badituzte.

  2. Fundatzaileek kontrakorik zehaztu ez bazuten, patronatuak erabaki dezake ordainsari bat ematea beren eginkizunei dagozkien zerbitzuez gainera fundazioan beste zerbitzu batzuk ematen dituzten patronatukideei. Erabaki hori baimendu egin beharko du babesletzak, hiru hilabeteko epean.

  1. Patronatuak bertako kide baten edo gehiagoren esku utzi ahal izango ditu bere ahalmenak, estatutuek berariaz debekatu ezean. Eskuordetzea patronatuko kide baten baino gehiagoren alde egiten bada, batzorde betearazle edo eskuordetu bat edo batzuk eratuko dira, eta batzorde horiek fundazioaren estatutuetan araututa egon beharko dute. Honako gai hauei buruzko erabakiak, ordea, ezin izango dira inoren esku utzi:

    1. Urteko kontuen onespena.

    2. Jarduera-planaren onespena.

    3. Estatutuen aldaketa.

    4. Fundazioaren bat-egitea, bereizketa, eraldaketa, azkentzea eta likidazioa.

    5. Beste pertsona juridiko bat eratzeko egintzak, non eta egintza horiek helburuei zuzenean lotuta ez dauden.

    6. Beste pertsona juridiko batzuetako partaidetzak eskuratzeko edo saltzeko egintzak, baldin eta partaidetza horien zenbatekoa fundazioaren aktiboaren % 20 baino gehiago bada.

    7. Fundazioaren aktiboaren % 20 gainditzen duten ondasun edo eskubideak xedatzeko edozein egintza.

    8. Zuzkidura handitzea edo txikitzea.

    9. Aktibo eta pasibo guztien edo batzuen bat-egite, bereizketa edo lagapen orokorra.

    10. Sozietateak edo beste pertsona juridiko batzuk azkentzeko egintzak.

    11. Patronatuko kideen autokontratazioa, salbu eta jarduketa hori errepikatua bada eta babesletzak aurretik baimendu badu kasu berdinetarako.

    12. Erantzukizunpeko adierazpenak onartzea eta formalizatzea.

  2. Patronatuak ahalorde orokorrak eta bereziak eman eta errebokatzeko aukera izango du, estatutuek beren-beregi debekatu ezean.

  3. Eskuordetzeak eta ahalorde orokorrak emateak eta errebokatzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira, eta inskripzio horrek izaera deklaratiboa izango du.

  1. Estatutuek patronatuaz aparte beste organo batzuk aurreikusi ahal izango dituzte, berariaz agintzen zaizkien eginkizunak betetzeko, aurreko artikuluko 1. paragrafoan aipatutakoak salbu.

  2. Fundazioaren ohiko kudeaketa kudeatzaile bati agindu ahal izango zaio. Kudeatzailearen izendapena eta kargu-uztea komunikatu egin beharko zaizkio babesletzari, eta ematen zaizkion ahalordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira.

Patronatukideak kasu hauetan utziko dio patronatuko kide izateari:

  1. Hiltzen denean edo hil dela deklaratzen dutenean, eta pertsona juridikoa azkentzen denean.

  2. Legeak ezarritakoaren arabera, ezgaitasun-, desgaikuntza- edo bateraezintasun-egoeraren batean gertatzen denean.

  3. Patronatuko kide izatera eraman zuen kargua betetzeari uzten dionean.

  4. Kargua ordezkari leial batek berez behar duen arduraz betetzen ez duenean, baldin eta ebazpen judizialez adierazten bada ez duela hala bete.

  5. Ebazpen judizialez erantzukizun-akzioa onartzen denean 22. artikuluan aipatutako egintzengatik.

  6. Fundazioa eratzeko eskritura publikoa egilesten denetik bost hilabete igaro direnean Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari fundazioa inskribatzeko eskatu gabe.

  7. Agintaldia amaitzen zaionean, baldin eta aldi jakin baterako izendatu bazuten.

  8. Karguari uko egiten dionean.

  9. Estatutuetan kargua uzteko ezarritako arrazoiak gertatzen direnean.

  1. Patronatukideak estatutuetan aurreikusitako eran ordeztuko dira. Hori ezinezkoa denean, lege honen 37.2 artikuluan aurreikusitako estatutu-aldaketara joko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak ahalmena izango du fundazioa gobernatu eta ordezkatuko duen organoa estatutuak aldatu arte behin-behinean osatuko duten kideak edo kidea izendatzeko.

  2. Uneren batean patronatuko kideak hiru baino gutxiago badira, 14.5 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik, geratzen diren patronatukideek, edo fundatzaileek hala badagokio, behar adina kide izendatu ahal izango dituzte legeak eskatzen duen gutxieneko kopurura iristeko, eta 30 eguneko epea izango dute izendapen horiek babesletzari komunikatzeko.

    Aurreko lerrokadan aurreikusitako berrosatzea egiten ez bada, egoera hori komunikatzen denetik hiru hilabeteko epean babesletzak aukera hauek izango ditu:

    1. Patronatuari beste epe eman, gutxieneko kide kopurua osatzeko.

    2. Gutxieneko patronatukide kopurua berak osatu.

    3. Jarduerak egiaztatzeko espedientea ireki 53. artikuluaren arabera.

    4. Fundazioa azkentzea eskatu, bideragarria ez dela irizten bazaio.

  3. Uneren batean, arrazoia edozein dela ere, fundazioaren patronatua osatzen duten kide guztiak falta badira, babesletzak horren berri izandakoan beste patronatukide batzuk izendatu beharko ditu edo fundazioa azkentzea eskatu.

  4. Epaileak, kautelazko neurri gisa, erabaki dezake patronatukideen jarduera aldi baterako etetea, haien kontrako erantzukizun-akzioren bat aurkezten denean.

  5. Patronatukideen ordezpenak eta haien eginkizunetan agindutako eteteak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

  1. Patronatua osatzen duten pertsonek ordezkari leial batek berez behar duen arduraz beteko dute beren kargua.

  2. Halaber, fundazioaren aurrean solidarioki erantzungo diete legearen edo estatutuen kontrako egintzen ondorioz edo kargua behar bezalako arduraz ez betetzeagatik eragiten dituzten kalte eta galerei.

    Erantzukizunetik aske geratuko dira erabakiaren kontra bozkatu dutenak; erabakia hartzen eta betearazten parte hartu ez, eta gainera frogatzen dutenak ez zutela erabakiaren berririk, bai eta, erabakiaren berri izan arren, frogatzen dutenak komeni zen oro egin zutela kaltea ekiditeko edo, gutxienez, esanbidez aurka agertu zirela.

  3. Erantzukizun-akzioa agintaritza judizialari aurkeztuko zaio, fundazioaren izenean. Honako hauek aurkeztu ahal izango dute:

    1. Fundazioaren patronatuak berak. Horretarako, erabakia arrazoitu egin beharko da, eta dena delako patronatukideak ezin izango du erabakia hartzeko prozesuan parte hartu.

    2. Babesletzak, bi kasutan: artikulu honen 2. paragrafoan adierazitako egintzen kasuan; eta lege honen 20.d artikuluan jasotako kasuan, patronatua osatzen duten kideek kargua utz dezatela eskatzeko.

    3. Artikulu honen 2. paragrafoaren arabera patronatuarekin ados ez dauden patronatukideek eta erabakia hartu zenean ez zeudenek, bai eta fundatzaileek berek, patronatukide ez bada.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu egin beharko dira patronatua osatzen duten kideen erantzukizuna exijitzeko jurisdikzio arruntean aurkezten den akzioa eta prozedurari amaiera ematen dion ebazpen judiziala, errekurtsorik aurkezten ez bazaio.

  1. Patronatua balio osoz eratzeko eta hark erabakiak hartzeko, estatutuetan eta indarreko araudian ezarritako erregela eta gehiengoen arabera jokatuko da. Eratzeko behar den quoruma sekula ezingo da izan hiru patronatukide baino gutxiagokoa, salbu 14.5 artikuluan aurreikusitako kasuan, eta 21.2 artikuluan aurreikusitakoan orobat, orduan aski izango baita patronatuko bi kiderekin.

  2. Fundazioaren estatutuek ezarri ahal izango dute organoak bideokonferentzia bidez edo komunikaziorako beste baliabide batzuen bitartez bildu ahal izatea, betiere bermatzen bada bileran zeinek parte hartzen duten identifikatzea, komunikazioa jarraitua izango dela, eztabaidetan parte hartu ahal izango dutela eta botoa eman ahal izango dutela. Edonola ere, bilera lehendakaria dagoen lekuan egin dela ulertzen da.

  3. Salbuespen gisa, bilerarik egin gabe ere hartu ahal izango ditu erabakiak patronatuak, betiere informazio- eta boto-eskubideak bermatuta badaude, botoa jaso dela nonbait agerrarazten bada eta haren autentikotasuna bermatzen bada. Erabakia pertsona juridikoaren helbidean eta eman diren baliozko botoetatik azkena jasotako datan hartu dela ulertuko da.

    LAUGARREN ATALA

    ONDAREA

  1. Fundazioaren ondarea honako hauek osatuko dute: batetik, zuzkidura osatzen duten eta ekonomikoki balioets daitezkeen ondasunek, eskubideek eta obligazioek; eta, bestetik, eratu ondotik fundazioak eskuratutakoek, zuzkidurari lotu ala ez.

  2. Patronatuari dagokio ondarea administratu eta xedatzea, estatutuetan eta lege honetan ezarritako eran. Zuzkidura gisa egindako ekarpenak, 43.3 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik, fundazioaren helburuak betetzeko erabiliko dira, atzerabiderik gabe.

  1. Fundazioak agertu beharko du bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztien titular gisa, eta ondasun eta eskubide horiek jasota egongo dira irabazi-asmorik gabeko erakundeei aplikatu behar zaien kontabilitate-araudiaren arabera egindako urteko inbentarioan.

  2. Gobernatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna duten organoek fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak inskribatu egin beharko dituzte, fundazioaren izenean, dagozkien erregistro publikoetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari jakinarazi beharko dizkio fundazioak beraren ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideen kostu bidezko edo doako xedatze-egintzak, baita kargatze-egintzak ere. Honako hauek, hain zuzen:

    1. Ondare-zuzkidura osatzen duten ondasun edo eskubideei buruzkoak edota fundazioaren helburuak betetzearekin zuzenean lotuta daudenei buruzkoak.

    2. Zuzkidura alde batera utzita, fundazioaren ondarearen zati bat xedatzeko edo kargatzeko direnak, baldin eta onetsitako azken balantzearen arabera fundazioaren aktiboaren % 20 gainditzen badute, kontu-ikuskapena aurkeztera behartuta dauden fundazioen kasuan, eta % 40 gainerako fundazioenean.

  2. Fundazioaren ondasun eta eskubideak haren helburuak betetzearekin zuzenean lotuta daudela ulertuko da lotura hori berariazko borondate-adierazpen batean bilduta dagoenean, hau da, fundatzaileen, fundazioaren patronatuaren edo fundazioari borondatezko ekarpena egiten dion pertsona fisiko edo juridikoaren adierazpenean, edota, bestela, babesletzaren edo agintaritza judizialaren ebazpen arrazoitu batean bilduta dagoenean.

  3. Patronatuak administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio babesletzari. Adierazpen horretan zehaztuko da xedatzeko edo kargatzeko erabakia behar bezala hartu dela eta horretarako arrazoiak eta beharrak zein diren, orobat eragiketak fundazioari ez diola kalterik eragiten eta haren bideragarritasun ekonomikoa ere ez duela arriskuan jartzen.

    Xedatze- edo kargatze-egintzen xede diren ondasun edo eskubideek merkatuan duten balioa fundazioaren aktiboaren % 60 baino handiagoa bada, azterlan ekonomiko bat erantsi beharko dio patronatuak erantzukizunpeko adierazpenari, profesional independente batek egina. Adierazpenean azaldutakoa egia dela ziurtatu beharko du azterlanak, eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatu, eta halaber irizpide ekonomiko-finantzarioekin eta merkatukoekin bat datorrela eragiketa. Salbuetsita daude merkatu ofizialetan negoziaturiko ondasunak besterentzeko egintzak, baldin eta horiek gutxienez kotizazio-prezioa erdiesten badute.

  4. Patronatuaren erabakiak, legean ezarritakoaren arabera, fundazioarentzat kaltegarriak badira, babesletzak izan diren baldintzak eta egoera egiaztatzeko exijitu ahal izango du, eta, hala badagokio, patronatua osatzen duten pertsonen aurka kontrako botoa eman zutenak salbu dagozkion erantzukizun-akzioak gauzatu. Era berean, babesletzari aurkeztu zaion erantzukizunpeko adierazpen baten edukia gezurrezkoa dela egiaztatzen den kasuetan, data horretatik aurrera fundazioak baimena eskatu beharko dio babesletzari xedatze- eta kargatze-egintzak egiteko, horiek erantzukizunpeko adierazpenaren bidez izapidetzeko eskubidea galduta.

  5. Erantzukizunpeko adierazpena patronatuak hala erabaki eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da babesletzan. Era berean, xedatze- edo kargatze-egintzaren bat egin bada, babesletzaren aurrean egiaztatu beharko da, egintza hori formalizatzen duen dokumentuaren kopia aurkeztuta, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

  6. Patronatuak erantzukizunpeko adierazpena onartzeko, patronatukideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa behar da. Bilera-aktan eta hartu diren erabakien berri jasotzen duten ziurtagirietan, patronatukide bakoitzak zer bozkatu duen adierazi beharko da.

  7. Erantzukizunpeko adierazpena idazkariak sinatu beharko du, lehendakariaren oniritziarekin. Adierazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren webgunean herritar guztien eskura egongo den eredu normalizatuari jarraituz egingo da.

  8. Fundazioaren zuzkidurako zati diren ondare-elementuak besterentzen badira, horren kontraprestazio gisa lortutako ondasun edo eskubideak ere fundazioaren zuzkiduratzat hartuko dira, salbu eta patronatuak aurkakoa erabakitzen badu.

    Lortutako kontraprestazioa fundazioaren zuzkiduraren parte bihurtzen ez denean, fundazioak osatu egin beharko du zuzkidura hori aurreko baloraziora iritsi arte. Horretarako epea urtebetekoa izango da, egintza hori egin zenetik kontatzen hasita. Salbuespenez, babesletzak epe hori luzatu ahal izango du, baldin eta fundazioak behar bezala justifikatzen badu eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duen itzultzeko plan bat aurkezten badu.

  9. Artikulu honetan bildutako egintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan jasoko dira, hargatik eragotzi gabe beste erregistro batean ere inskribatzea, hala dagokionean. Gainerako xedatze- edo kargatze-egintzak babesletzari urtero aurkeztu beharreko memorian agertuko dira.

  1. Fundazioek herentziak onartzen badituzte, inbentario-onuraren arabera onartzen direla ulertuko da beti. Kode Zibilaren 1024. artikuluan eta, kasua hori bada, Euskal Zuzenbide Zibilean aipatutako egintzak direla-eta inbentario-onuran galerak badaude, patronatukideek erantzungo dute fundazioaren aurrean.

  2. Kargadun legatuak edo kostu bidezko dohaintzak edo ordain gisa emandakoak onartuz gero, eta kargarik gabeko herentziak, dohaintzak edo legatuak arbuiatuz gero, egintza horiek egin eta hurrengo 10 egun baliodunen barruan komunikatu beharko dizkio patronatuak babesletzari, eta, lege honetan ezarritakoaren arabera fundazioarentzat kaltegarriak gertatuz gero egintza horiek, babesletzak dagozkion erantzukizun-akzioak gauzatu ahal izango ditu patronatukideen aurka.

  3. Komunikazioarekin batera, herentzia edo dohaintza onartzeko patronatuak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko zaio babesletzari, baita erabaki hori formalizatzeko eskritura publikoa ere.

    BOSGARREN ATALA

    FUNDAZIOEN FUNTZIONAMENDUA ETA JARDUERAK

  1. Fundazioek printzipio hauek izango dituzte gidari beren jardueran:

    1. Publikotasuna eta gardentasuna. Fundazioaren helburu eta jarduerei buruzko informazio nahikoa emango dute, herritarrek, oro har, eta balizko onuradunek haien berri izan dezaten.

    2. Inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza onuradunak zehazterakoan, baita jarduerak eta prestazioak zehazterakoan ere.

    3. Jarduteko jarraibideen sustapena, jokabide-kodeak eta funtzionamendurako jardunbide egokiak sortuz.

    4. Patronatuko kideen zerbitzu-izpirituaren sustapena, baita interes propio eta partikularren aurrean fundazioaren interesak lehenestearena ere.

    5. Lankidetza leiala eta etengabekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzarekin.

    6. Fundazioaren ondarea eta errentak benetan fundazioaren helburuetarako erabil daitezen defendatu eta babestea, fundazioaren estatutuetan eta indarrean dagoen araudian aurreikusitakoarekin bat etorrita.

    7. Genero-berdintasuna.

  2. Fundazioen antolaketa, funtzionamendua eta erabakiak hartzeko araubidea estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriko dira, eta, hala badagokio, patronatuak onetsitako barne-araubideko arauekin.

  1. Fundazioek diru-sarrerak lortu ahal izango dituzte egiten dituzten jarduerengatik edota ematen dituzten zerbitzuengatik, betiere jarduera eta zerbitzuok fundatzaileen borondatearen aurkakoak ez badira, fundazioaren helburuen interes orokorra eta erakundearen irabazi-asmorik eza indargabetzen ez badute eta balizko onuradunen eremua arrazoirik gabe mugatzea ez badakarte.

  2. Fundazioaren helburuetarako, fundazioaren emaitzen kontuko diru-sarreren % 70 erabili beharko da gutxienez. Emaitzen kontua kalkulatuko da kontzeptu guztiak hartuta, behin kendu ondoren diru-sarrerak lortzeko egindako gastuak, fundazioaren helburuak betetzeari dagozkionak izan ezik.

    Betebehar hori betetzeko epeari dagokionez, emaitzak eta diru-sarrerak lortu diren ekitaldiaren hasieraren eta ekitaldi hori itxi ondorengo hiru urteen artekoa izango da hura.

  3. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ez dira diru-sarreratzat hartuko fundazioaren zuzkidura osatzen duten ondasun higiezinak besterenduz lortutako irabaziak, ezta zuzkiduran sartuta dauden ondasun eta eskubideen kostu bidezko eskualdatzearen ondoriozkoak ere, ez eta zuzenean eta modu iraunkorrean fundazioaren helburuei lotu zaizkien ondasunen gaineko xedatze- edo kargatze-egintzetatik etorriak, baldin eta eskualdatzearen bidez lortutako zenbatekoa zuzkidura-izaerako ondasun edo eskubideetan edo lotura berarekin berrinbertitzen bada.

  4. Administrazio-gastutzat joko dira fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen administrazioak zuzenean eragindakoak, bai eta patronatuko kideek euren karguak betetzeagatik egindakoak, baldin eta, lege honetan ezarritakoaren arabera, horien gainean errenboltso-eskubiderik badute.

    Administrazio-gastuen zenbatekoak ezingo du gainditu kopuru hauetako handiena: funts propioen % 5 edo urteko ekitaldiko soberakinen % 20, behin kendu ondoren diru-sarrerak lortzeko egindako gastuak, fundazioaren helburuak betetzeari dagozkionak izan ezik.

  5. Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritakoa betetzera bideratu behar ez diren gainerako errentak edo sarrerak, behin administrazio-gastuak kendu eta gero, erreserbak edota zuzkidura handitzeko erabiliko dira, patronatuaren erabakiaren arabera. Administrazio-gastuen gehieneko ehunekoa erregelamendu bidez zehaztuko da.

  6. Babesletzak beharrezko informazio guztia eskatu ahal izango dio patronatuari, baloratzeko ea diru-sarrerak erabili beharreko xederako erabiltzen diren eta administrazio-gastuen muga betetzen den, eta baloratzeko ea proportzionaltasun egokia dagoen erabilitako baliabideen, egindako jardueren eta lortutako helburuen artean.

  1. Fundazioa, bere helburuak aurrera eramateko, finantzatuko da haren ondaretik etorritako etekinekin eta edozein motatako baliabide publiko edo pribatutik etorritakoekin.

  2. Ekonomia-, enpresa- edo merkataritza-jarduerak egin ahal izango dituzte fundazioek, zuzenean nahiz beste erakunde batzuen bitartez, halako jarduerak fundazioaren helburuekin lotuta badaude edota jarduera horien osagarri edo lagungarri badira, eta betiere lehiaren defentsarako arauei men eginez.

    Beste erakunde batzuetan partaide izanda ere parte hartu ahal izango dute beste edozein ekonomia-jardueratan, sozietate-zorren gainean erantzukizun pertsonalik ez dagoen kasuetan.

  3. Merkataritza-sozietate batean % 20 edo gehiagoko partaidetza duten fundazioek jakinaren gainean jarri beharko dute babesletza urteko memorian. Partaidetza hori nagusia bada, fundazioek berehala eman beharko diote horren berri babesletzari.

    Partaidetza bat nagusia dela ulertuko da sozietatearen kapitalaren edo boto-eskubideen % 50 baino gehiago badauka. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira bai egintza bakar batean eskuratutako partaidetza nagusiak, bai partaidetza minoritarioen ondoz ondoko eskuraketak ere, baldin eta horien metaketarekin fundazioa nagusitasunezko egoeran jartzen bada dena delako sozietatean.

    Fundazioek babesletza jakinaren gainean jarri beharko dute, halaber, merkataritza-sozietate batean duten partaidetza fundazioaren ondare garbiaren % 50etik gorakoa baldin bada.

  4. Edozein tituluren bidez, fundazioak partaidetzaren bat jasotzen badu hasierako zuzkidura gisa edo gerora 2. paragrafoaren bigarren lerrokadan aipatzen diren erakundeetan, horietan sozietate-zorren gaineko erantzukizun pertsonala izango duelarik, besterendu egin beharko du partaidetza hura, salbu eta erakunde horiek eraldatu eta akziodunaren erantzukizuna mugatuta geratzen den erakunde bihurtzen badira urtebeteko epean gehienez ere.

  1. Ekonomia-ekitaldia urtebetekoa izango da, eta urte naturala hartuko du, estatutuek bestelakorik zehazten ez badute.

  2. Fundazioek, indarrean dagoen kontabilitateari buruzko araudiarekin bat etorrita, kontabilitate ordenatua eta beren jarduerari egokitua egin beharko dute, gauzatutako eragiketen jarraipen kronologikoa egiteko aukera emango duena.

    Urteko kontuek unitate bat osatzen dute, eta argi idatzi behar dira fundazioaren ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi fidela emateko.

  3. Lehendakariak, edo fundazioaren estatutuen edo patronatuak hartutako erabakiaren arabera dagokion pertsonak, urteko kontuak osatuko ditu, eta gobernu-organoak ekitaldia ixten denetik gehienez ere sei hilabeteko epean onetsi beharko ditu, irabazi-asmorik gabeko erakundeei aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

  1. Urteko kontuak onetsi eta hurrengo 30 egun naturaleko epearen barruan, fundazioaren patronatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bidaliko ditu urteko kontuak behar bezala sinatuta gordailutzeko, eta indarrean dagoen araudian adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

  2. Fundazioaren urteko kontuetan honakook sartzen dira: balantzea, emaitza-kontua, memoria eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat kontabilitate-planak ezartzen dituen gainerako dokumentuak. Patronatuak, halaber, auditoretza-txostena aurkeztuko du hurrengo artikuluan aurreikusitako kasuetan. Memoriak gutxienez jaso behar duen edukian sartzen da erantzukizunpeko adierazpenen gaineko informazioa eta haietan jasotako egintza edo kontratuen burutzearen gainekoa.

  3. Urteko kontuak osatzen dituzten dokumentuetakoren bat edo batzuk modu laburtuan egin badira, ziurtagirian hala jasoko da eta arrazoia azalduko da.

  4. Aurkeztu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan, babesletzak aztertuko du ea aurkeztutako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legeak exijitutakoak diren, gobernu-organoak behar bezala onetsi dituen eta lehendakariaren eta idazkariaren edo, kasuaren arabera, patronatukide bakarraren nahitaezko sinadurak agertzen diren. Akatsik hautematen bada, babesletzak fundazioaren patronatuari eskatuko dio falta diren dokumentuak aurkezteko edo zuzendu beharrekoa zuzentzeko epe jakin batean. Akatsik hautematen ez bada, babesletzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora bidaliko ditu, gordailutu eta publiko egin ditzaten.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak, bitarteko egokiak erabilita eta argibidetarako soilik, urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioen zerrenda argitaratuko du, baita kontuak akatsekin aurkeztu dituztenena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak eskatutakoa zuzendu ez dutenena ere.

  6. Edonork jaso ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailututako dokumentuei buruzko informazioa.

  7. Fundazioen Erregistroak sei urtez gorde behar ditu bertan gordailututako dokumentuak.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak ez ditu inskribatuko urteko kontuak epe barruan aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioei dagozkien egintzak. Salbuespenak honako hauek izango dira: patronatuko kideen kargu-uzteak, ahalmenen edo ahalordeen eskuordetzak errebokatzea, fundazioa azkentzea, likidatzaileen izendapenak, eta agintaritza judizialak edota administratiboak emandako ebazpenak.

  9. Urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioei buruzko egintzen inskripzioari berriro ekingo zaio kontuak babesletzari aurkeztutakoan. Hala eta guztiz ere, kontuak aurkezteko betebeharra behin eta berriro bete gabe uzten bada ekonomia-ekitaldi desberdinetan, jarduerak egiaztatzeko espedienteari buruzko artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

  10. Urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioek ezin izango dute diru-laguntza publikorik jaso.

  1. Fundazioen urteko kontuei kanpoko ikuskapena egingo zaie, baldin eta gutxienez kasu hauetako bitan badaude ondoz ondoko bi urtetan:

    1. Balantzearen aktiboko partiden guztizkoa 2.400.000 eurotik gorakoa bada.

    2. Fundazioak kudeatutako jardueren bolumena 2.400.000 eurotik gorakoa bada. Halakotzat hartuko da jarduera propioko diru-sarreren eta merkataritza-jarduerako beste sarreren eta salmenten batura, fundazioaren emaitzen kontuan agertzen direnena.

    3. Fundazioak, bere kabuz, enpresa-jardueraren bat egiten badu, edota bazkideen erantzukizuna mugaturik duen edozein sozietatetan % 5 baino gehiagoko partaidetza badu.

    4. Ekonomia-ekitaldian zehar enplegatutako langileen batez besteko kopurua 50etik gorakoa bada.

    5. Ekonomia-ekitaldian zehar, lege honen 26. artikuluan aurreikusita dauden fundazioaren ondasun eta eskubideen gaineko xedatze- eta kargatze-egintzak egin badira eta horien zenbatekoak azkena onetsitako urteko balantzetik ateratzen den aktibo ez-korrientearen % 30 gainditzen badu.

    6. Fundazioaren merkataritza-sozietateetako partaidetza ordezkatzen duten tituluen balioa handiagoa bada balantzearen aktiboak duen balio guztiaren % 50 baino.

    7. Fundazioaren balantzearen aktiboko partiden balio guztiaren % 50, gutxienez, erakunde publikoetatik baldin badator edo haien ekarpena bada.

    8. Lege honen 36. artikuluan aipatutako kontratuaren edo kontratuen prezioa ekitaldiko gastu guztien % 15 baino gehiago baldin bada.

  2. Edozein modutan ere, fundazioen kontuei kanpoko ikuskapena egingo zaie, baldin eta babesletzaren iritziz egoera bereziak gertatzen badira. Kasu horretan, babesletzak arrazoiak azalduko ditu ikuskapena justifikatzeko, eta kontu-ikuskaria izendatuko du.

  3. Nolanahi ere, eta beste xedapen batzuek ezarritakoa gorabehera, fundazioek kontu-ikuskapena aurkeztu beharko dute baldin eta kontu-ikuskaritzaren araudiak aurreikusitako egoeraren batean badaude eta egoera horretan edozein erakundek haren izaera juridikoa zeinahi izanik ere urteko kontuen kanpoko kontu-ikuskapena egin behar badu aipatutako araudiaren arabera.

  4. Zehaztu diren kasuetan, fundazioek batera aurkeztuko dituzte kanpoko ikuskapena eta urteko kontuak. Kanpoko ikuskapena derrigor egitetik salbuesteko artikulu honetan aurreikusitako betekizunak betetzen badira, hala adierazi beharko dute kontuekin batera aurkeztuko duten ziurtagirian.

  5. Adierazitako betekizunen bat betetzen ez delako fundazioa ikuskapena aurkeztetik salbuetsita egonda ere, haren patronatuak bere borondatez erabaki dezake ikuskapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari aurkeztea. Kasu horretan, urteko kontuak emateko espedienteari erantsiko zaio ikuskapen hori.

  1. Patronatuak jarduera-plan orekatu bat landu, onetsi eta igorriko du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzara, hark aztertzeko. Plan hori ekitaldi bakoitzeko azken hiru hilabeteen barruan igorriko da, eta bertan jasoko dira hurrengo ekitaldirako helburuak, egiteko aurreikusitako jarduerak, kalkulatutako diru-sarreren eta gastuen partiden aurreikuspena eta jarduera-planaren azalpen-memoria. Dokumentazio horrekin batera, patronatuak jarduera-plana onetsi izanaren ziurtagiria ere igorriko da.

  2. Bestalde, patronatuak fundazioaren erregistro-datu eguneratuekin ziurtagiri bat egin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari bidali beharko dio, urteko kontuekin batera.

Fundazioek akta-liburu bat eduki beharko dute, patronatuaren eta fundazioko gainerako kide anitzeko organoen bileretako aktak bilduko dituena. Akta horiek estatutuetan zehaztu bezala benetakotzat egiaztatuta egongo dira, eta, zehaztu ez bada, idazkariaren sinadurarekin eta lehendakariaren oniritziarekin.

Fundazioek eguneroko liburua eta urteko inbentario eta kontuen liburua ere izango dituzte. Liburu horien egitura eta edukia merkataritza-legerian dago araututa.

  1. Patronatuko kideek edo haien ordezkariek ezingo dute fundazioarekin kontraturik egin, ez beren izenean ez hirugarren baten izenean, babesletzak horretarako baimena ematen ez badu, erregelamendu bidez ezarritako prozeduraren arabera.

  2. Fundazioaren helburuak ahalik eta ondoen lortzeko egingo dira kontratu horiek; merkatuko baldintzetan egingo dira, fundazioan kontratazioaren ardura duen pertsona edo organoak aurretik erabaki arrazoitua emanda.

  3. Kontratatzeko baimen-espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak ebatziko du, arrazoiak adierazita eta, batez ere, interes-gatazkarik ez egotea oinarri hartuta. Eskabidea aurkeztu zen egunetik hiru hilabete igarota, isiltasun positiboaren bidez ebatzi dela ulertuko da.

    SEIGARREN ATALA

    ESTATUTUEN ALDAKETA ETA FUNDAZIOEN BAT-EGITEA, BEREIZKETA ETA AZKENTZEA

  1. Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

    Patronatuak onetsitako estatutu-aldaketek fundazioaren helburua errespetatzen dutela ulertuko da, eta ez da beharrezkoa izango aldaketa horiek babesletzak onestea erregistroan inskribatu aurretik.

    Hala ere, estatutuak aldatzen badira fundatzaileek ezarritako helburuak aldatzeko edo ezabatzeko, fundatzaileen onespena lortu beharko da ahal den kasuetan, baita babesletzaren berariazko onespena ere, aldaketa erregistroan inskribatu aurretik.

  2. Fundazioaren sorrera ekarri zuen egoera aldatu bada eta horrek fundazioa hasierako estatutuen arabera behar bezala aritzea eragozten badu, patronatuak estatutuak aldatzea erabaki beharko du, salbu eta fundazioa azkentzea aurreikusi bazuten fundatzaileek halako kasuetarako.

  3. Patronatuak ez badu betetzen aurreko paragrafoan xedatutakoa, betetzeko eskatuko dio babesletzak, eta, patronatuak hala egin ezean, agintaritza judizialari eskatuko dio ebatz dezala estatutu-aldaketa bidezkoa den, nolanahi ere patronatuko kideen kontra erantzukizun-akzioa gauzatzeko aukera baztertu gabe, horiek beren eginbeharrak bete ez dituztela eta.

  4. Estatutuak aldatzeko erabakia eskritura publikoan formalizatu beharko da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu, erabakia hartzen denetik sei hilabeteko epean. Inskripzioak izaera eratzailea izango du, eta atzeraeraginezko ondorioak izango ditu erabakia formalki hartu zen datara arte.

  1. Fundazioek beste batzuekin bat egin dezakete, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek debekatu ez badute, bat-egitean parte hartuko duten fundazioetako patronatuek hala erabaki ondoren eta erabakia babesletzari komunikatuta.

  2. Fundazioen bat-egitearen asmoa haien helburuak hobeto betetzea izango da. Bi bide erabili ahal izango dira bat-egiterako:

    1. Aurretik baden fundazio batek beste bat edo batzuk xurgatzea. Xurgatzaileak fundazio xurgatuen ondareak eskuratuko ditu oinordetza unibertsalaren bidez, eta xurgatutako fundazioak likidaziorik gabe azkenduko dira.

    2. Fundazio berri bat sortzea, bat egiten duten fundazioak likidaziorik gabe azkenduta eta euren ondareak blokean fundazio berrira eskualdatuta. Fundazio berriak oinordetza unibertsalaren bidez eskuratuko ditu ondare horiek.

  3. Bat-egitea ebazpen arrazoituaren bidez bakarrik ukatu ahal izango da, eskaera babesletzari egiten zaion egunetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean gehienez ere, eta kasu hauetan, hain zuzen:

    1. Legearen aurkakoa bada.

    2. Fundatzaileek berariaz adierazitako debekua urratzen badu.

    3. Fundazioaren helburua errespetatzen ez badu.

      Babesletzak epe horren barruan edozein unetan eta beren-beregi komunikatu ahal izango du ez dagoela bat egiteko erabakiaren aurka.

  4. Fundazio bik edo gehiagok bat eginda fundazio berri bat sortzeko, fundazioak eratzeko aurreikusita dauden izapide berak beteko dira.

  5. Xurgatzearen ondoriozko bat-egiterako, estatutuak aldatzeko aurreikusita dauden izapide berak beteko dira.

  6. Kasu bietan, bat-egitean parte hartzen duten fundazio guztiek egiletsitako eskritura publikoan formalizatuko da bat-egitea, eta eskritura horretan honako hauek bilduko dira: batetik, fundazio parte-hartzaileen egoera orokorra, eta, bestalde, bat-egitetik sortutako fundazioaren estatutuak eta lehen patronatua osatuko duten pertsonen identifikazioa, azkendutako fundazioen bat-egitearen balantzea eta bat-egitean parte hartu duten fundazioen patronatuen bat egiteko erabakien ziurtagiria.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira bai xurgatutako fundazioaren bat-egitearen ondoriozko azkentzea eta xurgatzailearen bat-egitearen ondoriozko aldaketa, bai bat-egitearen eta erakunde berria eratzearen inskripzioak. Azken inskripzio horiek aldi berean egin beharko dira.

  1. Fundazio baten zati bat bereizi ahal izango da edo fundazioa zatitu, beste fundazio bat edo batzuk sortzeko, edo aurretik sortuta dagoen beste fundazio bati edo batzuei eskualdatzeko, ondarea bananduta, baldin eta fundatzaileen horren kontrako borondaterik jasota ez badago, bereizitako fundazioaren helburuak hobeto beteko direla justifikatzen bada eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzen ez bada.

  2. Fundazio bat bereizteko edo hura zatitzeko erabakia, fundazio bat edo gehiago sortzeko, patronatuak hartu beharko du, arrazoituta, eta babesletzari komunikatu beharko zaio onets dezan.

    Babesletzak bereizketaren aurka egin ahal izango du ebazpen arrazoituaren bidez legezkotasun-arrazoiengatik, erabakia jakinarazten zaionetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean gehienez ere.

    Babesletzak epe horren barruan edozein unetan eta beren-beregi komunikatu ahal izango du ez dagoela bereizteko erabakiaren aurka.

    Aldi berean inskribatu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan bai bereizketaren ondoren sortutako fundazio berriaren edo berrien eraketa, zeinak eraketarako aurreikusita dauden izapide eta betekizun guztiak bete beharko baititu, eta bai jatorrizko fundazioaren bereizketaren ondoriozko aldaketa.

  3. Fundazio bat bereizteko beharrezkoa izango da eskritura publikoa egilestea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea

  4. Fundazio bat bereizteko eta bereizitakoa aurretik sortuta dagoen beste fundazio bati edo batzuei eskualdatzeko, beharrezkoa izango da kasuan kasuko fundazioen patronatuen erabaki arrazoitua, eskritura publikoa egilestea, babesletzak onestea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea.

  5. Aldi berean inskribatu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan bereizketaren ondoriozko aldaketak, bai bereizketaren xede den fundazioarena eta bai bereizitako ondarea eskualdatzen zaien fundazioena, betiere erregistroan inskribatutako fundazioak badira.

Fundazioa azkenduko da:

  1. Eratu zenean finkatutako epea amaitzen denean.

  2. Eratu zenean finkatutako helburua erabat betetzen denean.

  3. Fundazioaren helburua betetzea ezinezkoa denean, lege honetan estatutuen aldaketari eta fundazioen bat-egiteari eta bereizketari buruz xedatutakoa gorabehera.

  4. Beste batekin bat egiteak ondorio hori dakarrenean.

  5. Estatutuetan edo eratzeko egintzan ezarritako beste edozein arrazoi gertatzen denean.

  6. Legeek aurreikusitako beste edozein arrazoi gertatzen denean.

  1. Aurreko artikuluko a) idatzi-zatian adierazitakoa gertatuz gero, fundazioa zuzenbide osoz azkenduko da.

  2. Aurreko artikuluko b), c) eta e) idatzi-zatietan adierazitakoa gertatuz gero, fundazioa azkentzea patronatuak erabaki beharko du eta babesletzak berretsi. Patronatuaren erabakirik ez badago edota haren erabakia babesletzak berresten ez badu, ebazpen judizial arrazoitua beharko da fundazioa azkentzeko, patronatuak edota babesletzak eskatuta, kasuen arabera.

  3. Aurreko artikuluko f) idatzi-zatian adierazitakoa gertatuz gero, ebazpen judizial arrazoitua eskatuko da.

  4. Azkentzeko erabakia edo, hala badagokio, ebazpen judiziala Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

  1. Fundazioaren azkentzeak haren jatorria bat-egite prozeduraren bat den kasuetan izan ezik, edo fundazioa azkentzeko arrazoien betetzeak, likidazio-prozesua irekitzea ekarriko du. Prozesu hori patronatuak edo, babesletzaren kontrolpean, gobernu-organo horrek izendatutako likidazio-batzorde batek eramango du aurrera, salbu eta, kasua hori bada, ebazpen judizial arrazoitu batek besterik ezartzen badu. Fundazioak bere nortasun juridikoa izaten jarraituko du prozesua amaitu arte, eta, epealdi horretan, «likidazioan» dagoen fundazio gisa identifikatu behar da.

  2. Likidazio-prozesua patronatuak likidazio-batzordea izendatzeko erabakiarekin hasiko da, edota legean edo estatutuetan horretarako aurreikusitako baldintza suntsiarazlea betetzearekin batera. Patronaturik ez badago, babesletzak ofizioz izendatuko du likidazio-batzordea.

  3. Batzordea osatuta eta karguak onartuta daudenean, patronatuaren eginkizun guztiak bertan behera geratuko dira. Likidazio-batzordea ezin bada eratu, patronatuarena izango da likidazio-prozesuko betebeharrak betetzeko behar diren erabakiak hartzeko erantzukizuna.

  4. Likidazio-egintzei dagokienez, likidazio-batzordeko kideek fundazioaren patronatuko kideek dituzten eskubide eta eginbehar berak eta erantzukizun bera izango dituzte. Likidazio-batzordeak berehala eman beharko dio bere eragiketen berri Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari, eta, horrekin batera, likidazio-eragiketen urteko txostena ere aurkeztuko du. Babesletzak prozesuari buruzko informazioa eta emandako dokumentazioari buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio aldian behin likidazio-batzordeari, eta epailearen aurrean aurkaratu beharko ditu ordenamenduaren edo estatutuen kontrakotzat jotzen dituen likidazio-egintzak, ahal den kasuetan horiek zuzentzeko eskaera egin ondoren.

  5. Fundazioa likidatzeko, hiru urteko epea egongo da. Epe hori igarota, babesletzak agintaritza judizialaren esku-hartzea eskatu ahal izango du. Likidazio-prozesuan ezingo dira hartu likidaziorako, kredituak kobratzeko, zorrak ordaintzeko edo egikaritu gabe dauden egintzetarako beharrezkoak direnak baino obligazio gehiago. Hala behar izanez gero, babesletzak fundazioan esku hartu ahal izango du lege honen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorrita.

  6. Likidazio-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira eta erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko da, babesletzak txostena egin eta gero. Likidazio-batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora joan eta honako hauek aurkeztuko ditu: onetsitako likidazio-balantzea eta babesletzak horri emandako berrespena, baita likidazio-eragiketak formalizatu diren dokumentuen kopia bat. Zehaztu egin beharko da zein eragiketa dauden egikaritu gabe eta nola egikarituko diren. Erregistroan aurkeztu beharreko dokumentuak eta baldintzak erregelamendu bidez aldatu ahal izango dira.

  7. Behin likidazioa onetsita, babesletzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora igorriko du bertan inskribatzeko eta fundazioari buruzko erregistroko idazpenak deuseztatzeko.

  1. Likidazioa egin eta gero geratu diren ondasun eta eskubideak fundatzaileek estatutuetan edota eratzeko aktan aurreikusi zuten hartara bideratuko dira, baina betiere erakunde publikoetara edo interes orokorreko helburuak aurrera eramaten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuetara.

  2. Aurreko zehaztapen hori falta bada, azkendutako fundazioaren helburuen antzekoak dituzten beste fundazio edo erakunde batzuetara bideratuko ditu babesletzak ondasun eta eskubideak, eta, lehentasunez, beren helbidea udalerri berean edo, han izan ezean, lurralde historiko berean dutenetara.

  3. Pertsona juridiko publikoek eratutako fundazioen geldikina haiei itzuliko zaie osorik, edo, kasua hori bada, eratzeko unean edo gerora egin zuten ekarpenaren proportzioan.

    ZAZPIGARREN ATALA

    FUNDAZIOEN ERALDAKETA

  1. Fundazioak, nortasun juridikoa gordeta, eraldatu eta beste mota bateko pertsona juridiko bihur daitezke, betiere irabazi-asmorik izan gabe jatorrizko fundazioaren helburuak betetzen dituztela, jarduteko eremua Euskal Autonomia Erkidegoan dutela eta fundazioaren ondarea organo publiko baten tutoretzapean mantentzen dutela bere osotasunean.

  2. Eraldatzeko erabakia fundazioaren patronatuak onetsi behar du; zer pertsona juridiko mota bihurtu nahi duen ere erabakiko du, baita estatutuetan egin beharreko aldaketak ere.

  3. Eraldaketarekin ez da fundazioa azkenduko, ez eta likidazio-prozedura irekiko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan baja emango zaio dagokion erregistroan inskribatzeko.

  4. Eraldaketa-erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak baimendu beharko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko da. Ofizioz deuseztatuko da eraldatu den fundazioaren idazpena, eta erregistro-espedientea eskumena duen erregistroari helaraziko zaio, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera. Babesletzak zainduko du eraldaketa lege-iruzurrean ez dela egiten, eta, eraldatzeko baldintza gisa, ezar dezake betekizun jakin batzuk bete behar direla, fundazio-izaera berreskuratzeko betebeharra bereziki.

  1. Fundazio-izaera ez duten pertsona juridikoak eraldatu eta fundazio bihur daitezke lege-aginduren batek ez baldin badu berariaz debekatzen.

  2. Eraldatzen den erakundeko organo eskudunak erabakiko du eraldaketa, dagozkion gehiengoekin. Nortasun juridikoa ez da aldatuko eta fundazio bat eratzeko aurreikusitako aipamenak bilduko dituen eskritura publikoan jasoko da eraldaketaren berri.

  3. Eraldaketa-eskritura Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan eta dagokion erregistroan inskribatuko da eta aurreko ekitaldiaren amaieran itxitako balantzea izango du erantsita.

  4. Eraldaketarekin ez da aldatuko eraldatzen den erakundeak aurretik hartutako obligazioekiko zeukan erantzukizun-araubidea, salbu eta hartzekodunek berariaz onartu badute eraldaketa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza administrazio-organo independenteak dira euren artean, fundazioen gaietan eskumena duen zuzendaritzarekin bakoitzak duen harreman organiko eta funtzionala gorabehera.

  2. Elkarrekiko eta etengabeko komunikazio eta lankidetzaren printzipioak izango dira bi organo horien arteko harremanaren ardatz.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak eta Babesletzak egingo dituzten prozeduren izapideak baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte soilik, zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita.

  2. Aipatutako izapidetze elektronikoak errespetatu egin beharko ditu datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen legeriak baliabide horien erabilerari ezarritako mugak.

    BIGARREN ATALA

    EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza fundazioei aholkua eta laguntza teknikoa emateko administrazio-organo gisa osatzen da. Fundazio-eskubidea behar bezala balia dadin erraztu eta sustatu beharko du, zainduz legearen araberakoa dela fundazioen eraketa eta funtzionamendua eta benetan betetzen direla fundatzailearen edo fundatzaileen borondatea eta fundazioaren helburuak.

  2. Babesletza une bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean fundazioen arloko eskumenak dituen sailak gauzatuko du, eta aholku-batzorde batek lagunduko dio bere eginkizun batzuetan.

    Aholku-batzordea kontsultarako organoa da eta honako hauek dira haren eginkizunak: laguntza ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari, txostenak egitea fundazioen eraketa inskribatzeko espedienteei buruz, haien helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez eta fundazioen bideragarritasunari doakionez, baita nahitaez txostenak egitea fundazioen arloko xedapen orokorren proiektuei buruz.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren egitura eta funtzionamendua, eta haren aholku-batzordearena ere, erregelamendu bidez zehaztuko dira.

Babesletzari honako eginkizun hauek dagozkio:

  1. Fundazioen arloan profesionalak eta, oro har, hirugarren batzuk aholkatzea eta informatzea haien araubide juridiko, ekonomiko-finantzario eta kontableari dagokion edozein alderdiri buruz, eta behar duten babesa ematea. Aholkua emango zaie bai eratze-prozesuan dauden fundazioei eta bai dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudenei.

  2. Sustatzea fundazioek publiko egin ditzaten, behar beste eta modu egokian, fundazioen beren existentzia eta haren jarduerak, haien onuradun izan daitezkeen pertsonek eta gainerako interesdunek ezagut ditzaten.

  3. Fundazioen gobernua eta patronatukideei erantzukizuna eskatzea.

  4. Fundazioen zaintza.

  5. Fundazioen ikuskapena.

  6. Interes orokorraren mesedetan fundazioen elkarte edo antzeko erakundeekin batera lan egitea.

  7. Legeek eta indarrean dagoen gainerako araudiak esleitutako bestelako eginkizunak.

    50 artikulua. Fundazioen gobernua eta patronatukideei erantzukizuna eskatzea.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak eginkizun hauek izango ditu fundazioen patronatuari dagokionez:

  1. Fundazioan esku hartzea, eta, hala badagokio, behin-behineko kudeaketa bere gain hartzea eta patronatukide berriak izendatzea.

  2. Erantzukizun-akzioa gauzatzea patronatua osatzen duten pertsonen kontra, horiek lege honek aurreikusitako erantzukizun-kasuak izan dituztela modu frogagarrian egiaztatzen bada, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

  3. Ebazpen arrazoitua ematea eta dokumentazio guztia Fiskaltzari edo jurisdikzio-organoari igortzea fundazioaren jardueran ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzen badira.

  4. Patronatua osatuko duten kide berriak izendatzea, 14.5 artikuluan xedatutako kasua kenduta, estatutuetan ezarritako gutxieneko kopurua betetzen ez bada dena delakoagatik. Izendapena nahitaezko publikotasunez eta fundatzaileen borondatearekin bat etorrita egingo da, eta fundazioaren funtzionamendu normala berreskuratzeko.

  5. Fundazioaren patronatuaren eginkizunak bere gain hartzea hura azkentzeko, ezin bada patronatua berrosatu, edota bost urtean baino gehiagoan horrek jarduerarik ez duela izan egiaztatzen bada.

  6. Osatze-prozesuan dauden fundazioetako patronatukideak kargutik kentzea, baldin eta eratzeko eskritura publikoa egiletsi zenetik bost hilabete igaro badira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari fundazioa inskribatzeko eskatu ez badiote, eta orobat patronatukide berriak izendatzea, epailearen baimena lortu ondoren.

  7. Patronatukideei baimena ematea fundazioarekin kontratuak egiteko, beren izenean edo hirugarren batenean.

  8. Patronatuaren egintzak eta erabakiak aurkaratzea, baldin eta fundazioak araubidetzat dituen lege- edo estatutu-aginduen kontrakoak badira.

Fundazioek egoki funtzionatzen dutela eta fundatzailearen borondatea betetzen dela ziurtatzeko, interes orokorraren mesedetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak eginkizun hauek beteko ditu:

  1. Eraketa legearen arabera egin gela zaintzea, eta orobat fundazio bakoitzaren estatutuetan aurreikusitako helburuak betetzen direla, fundatzaileek adierazitako borondatearekin bat etorrita, betiere interes orokorra lortzea kontuan izanez.

  2. Erregistroan inskribatu aurretik, nahitaez txostenak egitea eta onespena ematea fundazioen eraketan, haien estatutuetako helburuen aldaketan eta haien bat-egite, bereizketa, eraldaketa eta azkentzean. Hori guztia, sei hilabeteko epean eta lege honek ezarritakoarekin bat etorrita.

  3. Fundazioen baliabide ekonomikoak fundazioaren helburuak betetzeko eta lege honek ezarritako betebeharrak betetzeko bideratu diren egiaztatzea eta fundazioaren ondarearen osotasuna, nahikotasuna eta errentagarritasuna zaintzea.

  4. Fundazioek, beren onuradunak zehazteko, inpartzialtasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera jarduten dutela egiaztatzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak, bere ikuskatze-lanean, ikuskapen hauek egin ahal izango ditu:

    1. Fundazioen ikuskapena jarduerak egiaztatzeko prozeduran, zeina hurrengo artikuluan aurreikusten baita.

    2. Urteko ikuskatze-plana, prebentzio-izaera duela. Plan horretan aurreikusitako ikuskapenak, beren izaera arruntagatik, legea hobeto bete dadin laguntzeko egingo dira batez ere. Ikuskapenak egiteko zergatiak erregistratzearen inguruko betebeharrak ez betetzeari buruzkoak dira, baita arau honetan aurreikusitakoaren arabera babesletzari dagokionez dauden betebeharrak ez betetzeari buruzkoak ere.

  2. Urteko prebentziozko ikuskapenak egiteko, babesletzak fundazioen jarduna aztertu ahal izango du, erregelamenduz eta administratiboki horretarako ezarriko diren izapideei eta protokoloari jarraituta. Besteak beste, egiaztatuko da fundazioek bete dutela lege honetan eskatutako komunikazioak, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimen-eskaerak aurkezteko betebeharra.

  3. Urteko prebentziozko ikuskapenetan egiaztatzen bada ezen hurrengo artikuluaren lehen paragrafoan aurreikusitako kasuetakoren bat gertatzen dela fundazio ikuskatuetan, jarduerak egiaztatzeko dagokion espedientea edo zehapen-espedientea izapidetuko da, doazkion artikuluetan aurreikusitako moduan.

  4. Ikuskatze-ahalmenak baliatzeko, aukera egongo da fundazioen instalazioetara eta estatutu-helbidera sartzeko eta orobat fundazioen datuak, liburuak, kontabilitateari buruzko informazioa, haren euskarria, erregistroak eta jarduera egiaztatuari dagokion gainerako dokumentazioa eskatu eta aztertzeko, erabilitako euskarria edozein dela ere, indarrean dagoen araudiaren arabera. Era berean, babesletzak behin-behineko kautela-neurriak hartu ahal izango ditu, erregelamendu bidez garatuak, baldin eta arrazoizko zantzurik badago adierazten duenik ezen bestela ikuskapenaren helburua eragotzia edo larriki oztopatua izan daitekeela edo interes orokorrari edo fundazioari kalte konponezina eragin dakiokeela.

  5. Kautela-neurriak dagokion fundazioari jakinarazi beharko zaizkio, berariaz adierazita zein arrazoik justifikatzen duten haiek hartzea, eta ekidin nahi den kaltearekiko proportziodunak izan beharko dute. Inoiz ere ez da hartuko kalte konpongaitz edo konponezina eragin dezakeen mota horretako neurririk.

  6. Kautela-neurriak ezarriz bilatzen den helburua lortzeko, horiek edozein unetan gauzatu ahal izango dira, baita babesletzak, artikulu honek aitortzen dizkion eginkizunak betez, abiarazten duen zeinahi prozeduratan ere. Neurri horiek ondorioak izateari utziko diote, ordea, hartzea eragin zuen dena delako egoera desagertzen den unean bertan edo gehienez ere sei hilabeteko epean, non eta ez diren luzatzen beste sei hilabetez.

  7. Ikuskatze-eginkizunak Administrazio publikoko langileek beteko dituzte, dagokion erregelamenduan eta araudi administratiboan adierazitako prozedurari jarraituz. Horretarako, prozedura horiei aplikatzekoak diren formulario eta protokoloak argitaratu eta zabalduko dira.

  8. Fundazioetako patronatukideek eta gainerako langileek elkarlanean aritu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzarekin, egiten diren ikuskapenak burutzeko.

  1. Babesletzak jarduerak egiaztatzeko espedientea irekiko du jarraian zehaztutako kasuetako edozein gertatu dela egiaztatzen denean edo horren zantzuak daudenean:

    1. Kontuak ez aurkeztea bi urtetan jarraian edo, aldizka, hirutan.

    2. Irregulartasunak fundazioaren kudeaketa ekonomikoan.

    3. Fundazioaren helburuak eta benetan egindako jarduerak bat ez etortzea.

    4. Fundazioaren jarduerarik eza.

    5. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak, fundatzaileen borondateak edo estatutuek ezarritako betebeharrak ez betetzea.

    6. Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edo hari erantsitako datu, azalpen edo dokumenturen batean zerbait zuzena ez izatea, faltsua izatea edo faltatzea, funtsezko eran.

  2. Jarduerak egiaztatzeko espedientea legea garatzen duen erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren berariazko ebazpenaren bidez amaituko da. Ebazpen horretan honako erabaki hauetako bat hartuko da:

    1. Jarduerak egiaztatzeko espedientea artxibatzea 1. paragrafoan aurreikusitako kasuak gertatu ez direlako edo kasu horiek egiaztatu ez direlako, edota proposatutako neurri zuzentzaileak hartu egin direlako.

    2. Fundazioa aurreko artikuluan aurreikusi den babesletzaren hurrengo urteko ikuskatze-planean sartzea, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako kasuetakoren bat egiaztatu delako.

    3. Kasu bakoitzean bidezkoak diren akzio judizialak gauzatzea.

    4. Espedientea Fiskaltzari bidaltzea, fundazioaren gobernu-organoaren jardunean ez-zilegitasun penalen bat egon dela ondorioztatzen bada.

  3. Babesletzak egindako ikuskapenean egiaztatzen bada aipatutako kasuek bere horretan jarraitzen dutela eta, errekerimenduak egin zaizkion arren, fundazioak ez dituela zuzendu, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak agintaritza judizialari esku hartzeko eskatu ahal izango dio, hurrengo artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Babesletzak bere gain hartuko du fundazio baten behin-behineko kudeaketa baldin eta fundazioaren biziraupena arriskuan jartzen duen irregulartasun larri bat nabaritzen badu haren kudeaketa ekonomikoan, edota desbideratze larri bat fundazioaren helburuen eta egindako jardueren artean.

  2. Babesletzak kudeaketa behin-behinean bere gain hartzeko, honako betekizun hauek beteko dira:

    1. Babesletzak hauteman diren irregulartasun larriak zuzentzeko errekerimendua egingo dio fundazioaren patronatuari, hari entzun ondoren.

    2. Errekerimendu horri kasurik egiten ez bazaio hartarako ezarritako epean, babesletzak agintaritza judizialari eskatu ahal izango dio ezen, patronatuari entzun ondoren, fundazioaren behin-behineko kudeaketa erabaki dezala.

    3. Epaileak behin-behineko kudeaketa baimendu ondoren, babesletzak bere gain hartuko ditu, epaileak ezarritako epean, patronatuari legeek eta estatutuek ematen dizkioten eskumen guztiak. Babesletzak bere gain hartutako kudeaketa epaileak ezarritako epea bukatutakoan amaituko da, hura luzatzeko ebazpen judizial berririk ez badago.

    4. Behin-behineko kudeaketa erabakitzen duen ebazpen judiziala Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko da. Behin-behineko kudeaketaren eskaera bera ere inskribatuko da.

Babesletzaren egintzek administrazio-bidea amaitzen dute, eta administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo beharko da haien aurka egiteko.

HIRUGARREN ATALA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN ERREGISTROA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa erregistro juridikoa da, fundazioen gaietan eskumena duen sailaren menpe dagoena eta egitura organiko bakarra duena. Bertan inskribatuko dira lege honen bidez araututako fundazioen egintzak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

  3. Erregistroan inskribatutako egintzak baliozkoak direla joko da. Gordailutu diren baina inskribatzea ekarri ez duten dokumentuei dagokienez, formaren aldetik erregularrak direla joko da soilik.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa publikoa da; beraz, edozeinek kontsultatu dezake eta eskuratu ditzake lege honek aipatzen dituen kopiak, oharrak edo ziurtagiriak egintza inskribatu guztiei dagokienez.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak honako printzipio hauen arabera jardungo du: publikotasun materiala eta formala, legezkotasuna, legitimazioa, lehentasuna, segidako traktua, notarioekiko lankidetza eta teknologia berrien sustapena.

  3. Izaera eratzailea izango du fundazioen eraketa, estatutu-aldaketa, bat-egitea, bereizketa, eraldatzea eta azkentzea inskribatzeak, eta izaera deklaratiboa gainerako inskripzioek, kontuan hartuta 15.2, 16.4 eta 37.4 artikuluetan aurreikusitako berezitasunak.

  4. Inskribatu beharrekoak izanik inskribatu gabe dauden egintzek ez diete kalterik eragingo fede oneko hirugarrenei. Hirugarrenen fede ona badela ulertzen da egintza horiek ezagutzen zituztela frogatzen ez den bitartean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak honako eginkizun hauek ditu:

  1. Fundazioen egintzen kalifikazioa eta inskripzioa, indarreko araudiak inskribatu beharrekotzat jotzen baditu. Salbuespena izango dira lege honetako 32.8 artikuluan aurreikusitako kasuak.

  2. Urteko kontuen eta patronatuak onetsi dituela egiaztatzen duen ziurtagiriaren harrera; baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak hartutako erabakia gauzatuz kontu horien gordailutzea ere, legeak exijitutako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. Patronatukideek zer bozkatu duten jasoko da, eta identifikatu egingo dira abstenitu diren edota kontrako botoa eman duten patronatukideak.

  3. Fundazioen nahitaezko liburuak gaitzea eta legeztatzea.

  4. Informazio-ohar soilak eta gordailututako dokumentuen eta idazpenen kopia ematea, baita inskribatutako egintzen ziurtagiriak eta egintza horiekin lotuta artxibatu edo gordailutu diren dokumentuen ziurtagiriak ematea, guztia ere datu pertsonalen babesa kontuan hartuta. Izena erreserbatzearen ziurtagiria ere emango du hala eskatuz gero.

  5. Beraren eskumenekoak diren kontsultei erantzutea.

Erregistro-prozedura erregelamendu bidez zehaztuko da. Lege honek edo berau garatzeko arauek beren-beregi jasotzen ez dituzten gaietan, administrazio-prozeduraren arauak aplikatuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztutako inskribatzeko eskabideak ezetsitzat joko dira sei hilabeteko epea amaitzen bada berariazko ebazpena eman gabe.

LAUGARREN ATALA

FUNDAZIOEN EUSKAL KONTSEILUA

  1. Fundazioen Euskal Kontseilua sortzen da. Kide anitzeko kontsulta-organoa izango da, eta fundazioen sektorearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren arteko topagunea izango da.

  2. Aurrekontu-ondorioetarako, fundazioen alorrean eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailari egongo da atxikita.

  3. Bere barne-funtzionamenduko arauak onesteko izango duen ahala gorabehera, fundazioen alorrean eskumena duen sailburua, edo hark eskuordetutako pertsona, izango da kontseiluaren buru.

  4. Fundazioen Euskal Kontseiluko idazkaritzako eginkizunak fundazioen alorrean eskumena duen sailburuordetzako goi-kargudun batek, edo hark eskuordetutako pertsonak, beteko ditu.

  5. Kontseiluak osaera paritarioa izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkarien eta fundazio-sektoreko interesak ordezkatzen dituzten erakundeen, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate alorreko pertsonen eta gaian adituak direnen kopuruari dagokionez, eta fundazioen alorrean eskumena duen sailburuari dagokio kide horiek izendatzea.

  6. Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko dira, eta kide izaten jarraituko dute harik eta izendatu zituen erakundeak kargutik kendu arte, edo kontseiluaren beraren barne-funtzionamenduko arauetan kargu-uzterako aurreikusitako arrazoiren bat gertatu arte.

Honako hauek dira Fundazioen Euskal Kontseiluaren eginkizunak:

  1. Fundazioen alorreko xedapen orokorrak lantzeko prozesuetan aholku ematea eta txostenak egitea.

  2. Egoki irizten dien proposamenak aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean fundazioen alorrean eskumenak dituen sailari.

  3. Fundazioak bultzatzeko eta sustatzeko ekintzak egitea, baita fundazioen sektoreari zuzendutako prestakuntza-saioak ere.

  4. Indarrean dauden xedapenek agintzen dizkioten gainerakoak.

  1. Euskal sektore publikoko fundazio dira, haien gobernu-organoko kide gehienak sektore horrek izendatzekoak izateaz gain, jarraian zehazten diren ezaugarrietakoren bat daukaten fundazioak:

    1. Zuzkiduraren % 50 baino gehiago euskal sektore publikoak jarria izatea.

    2. Haien fundazio-ondarea, bere balioaren % 50 baino gehiagoan, euskal sektore publikoak emandako ondasun edo eskubidez osatuta egotea modu iraunkorrean.

      Fundazioek ezingo dituzte ezaugarri horiek izan baldin eta ez badago bermatuta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eskubidea fundazioen gobernu-organoko kideen gehiengoa izendatzeko.

      Administrazio publikoak patronatuan izenda dezakeen kide kopuruak proportzionala izan beharko du fundazioaren zuzkidurari edo ondareari egindako ekarpenarekiko. Izenda daitezke bai fundazioaren helburuekin zerikusia duten arloetan ibilbide profesionala edo ospe aitortua duten pertsona fisikoak, bai beren helburu sozialagatik edo beren eginkizunengatik fundazioaren helburuak hobeto betetzea dakarten pertsona juridikoak.

      Administrazio publikotik kanpoko pertsona horien izendapenean, bermatu egingo da Administrazio publikoaren ordezkaritza organo horretan, gehiengoa duelarik.

  2. Euskal sektore publikoan dauden fundazioek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren gai propioen kasuan, berei buruzko araudi espezifikoari jarraituko diote, eta halaber, araudi horrekiko kontraesanik ez dakarten neurrian, lege honi eta fundazioen alorreko gainerako araudiari eta, oro har, ordenamendu juridiko pribatuari. Fundazio horiek inolaz ere ezingo dute izan ahal publikoak erabiltzea dakarren ahalmenik, ezta nahitaez publikoak izan behar duten zerbitzuak emateko helbururik ere.

  1. Kontratazio publikoaren edo Kontu Epaitegiaren araudiaren ondorioetarako sektore publikoko erakundetzat hartzen diren fundazioek araudi horretako betekizunak, betebeharrak eta kontrolak bete beharko dituzte.

  2. Kontratazio publikoaren araudiaren ondorioetarako sektore publikoko erakundetzat jotzen diren fundazioek bermatu egin beharko dute egiten dituzten kontratazioak printzipio hauen araberakoak direla: lizitazioetan parte hartzeko askatasunaren printzipioa, prozeduren gardentasunaren eta publikotasunaren printzipioa eta lehiakideen arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioa. Bermatu egin beharko dute, halaber, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioei jarraituko zaiela langileak aukeratzeko deialdietan.

  3. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, hango Administrazio instituzionaleko erakundeek edo beste administrazio publiko batzuek osatuta dauden edo horiek partaide dituzten fundazioek, baldin eta sektore publikoaren parte izateko betekizunak betetzen ez badituzte, haien araudi espezifikoan aurreikusitako kasuetan sustatu behar dituzten hitzarmenak bete beharko dituzte.

  4. Sektore publikoko fundazioek berdintasun-planak egin beharko dituzte, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoaren 49. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Banku-fundazioak dira kreditu-erakunde batean, zuzenean nahiz zeharka, erakundearen kapitalaren edo boto-eskubideen gutxienez % 10eko partaidetza duten fundazioak, edota haren administrazio-organoko kideren bat izendatzeko edo kargutik kentzeko eskubidea ematen dien partaidetza dutenak.

  2. Banku-fundazioek gizarte-helburua izango dute, eta gizarte-ekintza laguntzera eta garatzera bideratuko dute beren jarduera nagusia, baita kreditu-erakunde batean duten partaidetza modu egokian kudeatzera ere. Izenean «banku-fundazioa» hitza agertuko da.

  3. Banku-fundazioek haien araudi espezifikoan aurreikusitako araubide juridikoari jarraituko diote, eta, osagarri moduan, fundazioei buruzko legeriari.

  4. Fundazio arruntak banku-fundazio bihurtuko dira, eta alderantziz, banku-fundazioei buruzko araudi espezifikoan aurreikusitako moduan eta araudi horretako ehunekoen arabera eskuratu edo aldatzen dutenean kreditu-erakunde bateko partaidetza-ehunekoa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak zehatzeko ahala baliatuko du haren eskumen-eremuan dauden fundazioei dagokienez, zaintzeko ezen fundazio-eskubidea behar bezala baliatzen dela, fundatzaileen borondatea betetzen dela eta interes orokorra babesten dela.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak abiarazten dituen zehapen-prozedurei aplikagarri zaien araubide juridikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa eta administrazio-prozedurari buruzko oinarrizko araudian eta gainerako legeria aplikagarrian ezarritakoa.

  3. Arau-hausteak delitu izan daitezkeenean, babesletzak Fiskaltzari komunikatuko dio eta komunikazioari dagokionez egindako jarduketei buruzko lekukotza eskatuko dio.

  1. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egitearen erantzule dira fundazioaren patronatuko kideak, idazkaria patronatukidea ez bada eta ahaldunak, baita kudeaketa- eta zuzendaritza-karguak dituztenak eta erakundeak kontrataturiko gainerako langileak ere, baldin eta zehaztu badaiteke haietako bakoitzaren erantzukizuna kasuan kasuko arau-haustean.

  2. Patronatuko kargudunen erabakiak berek dituzten ahalmenen arabera hartuak direnean, gainerako patronatukideen partaidetzarik gabe, kargudun bakoitza bere egintzen erantzule izango da.

    Arau-haustea patronatuak hartutako erabakien ondorio denean, patronatukideak izango dira erantzule, baina erantzukizunetik libre geldituko dira erabakiaren kontra bozkatu dutenak eta frogatzen dutenak ez zutela parte hartu erabakiak hartzen eta gauzatzen, ez zekitela haien berri edo, jakin arren, komeni zen guztia egin zutela kaltea ekiditeko edo, gutxienez, espresuki egin zutela erabakiaren kontra.

  3. Erantzukizuna pertsona bati baino gehiagori egotzi ahal bazaie, haiek solidarioki erantzungo dute.

  4. Lege honetan ezarritako zehapen-araubideaz bestalde, erantzukizun zibila edo penala ere egon daiteke eta dagozkion lege-arauen arabera gauzatuko da hori.

Babesletzak, ikusten badu aurreko artikuluan aipatu diren erantzuleetako edozeinek lege honetan aurreikusten den arau-hauste izan daitezkeen egintzak egin dituela, errekeritu ahal izango du hura halakorik egitetik gelditu dadin eta, hala badagokio, eragindako kaltea ordaindu diezaien bai hirugarren batzuei eta bai fundazioari berari, Administrazio publikoak ireki beharreko zehapen-prozeduraren ordezko aukera gisa. Ahalmen hori ezin izango da baliatu erantzule berak arau-haustea errepikatzen badu edo hartan berrerortzen bada.

  1. Arau-hauste dira lege honetan halakotzat tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak.

  2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Arau-hauste arinak dira:

  1. Ez betetzea lege honetan babesletzarekiko ezarritako informazio- eta komunikazio-betebeharrak.

  2. Ez betetzea nahitaezko erantzukizunpeko adierazpenak eta azterlan ekonomikoa babesletzari aurkezteko betebeharra eta ez betetzea dagozkion egintza edo kontratuaren burutzea epe barruan haren aurrean egiaztatzeko betebeharra.

  3. Ez betetzea egintza inskribagarriak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea epe barruan eskatzeko betebeharra.

  4. Patronatuko kideek organo horren bileretan bozkatzea, bertan egonez edo ordezkatuta, kargudun izateari utzi eta gero.

  5. Babesletzaren gainbegiratze- eta ikuskatze-eginkizuna oztopatzea.

Arau-hauste larriak dira:

  1. Ez betetzea kontuak edo jarduera-planak epe barruan aurkezteko betebeharra ondoz ondoko bi ekitalditan edo, aldizka, hirutan.

  2. Babesletzaren baimena behar duten jarduketak egitea baimen hori lortu gabe.

  3. Babesletzaren errekerimenduei behin eta berriz kasurik ez egitea.

  4. Babesletzaren gainbegiratze- eta ikuskatze-eginkizuna behin eta berriz oztopatzea.

  5. Diru-sarrerak estatutuetan ezarritako helburuez bestelakoetara bideratzea.

  6. Kontu-ematean sartutako urteko inbentarioan, irabazi-asmorik gabeko erakundeei aplikagarri zaien kontabilitate-araudiaren arabera egindakoan, ez jasotzea fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak.

  7. Eratze-eskritura egiletsi zenetik bost urte igarota, fundazioaren hasierako zuzkiduraren gainerako ekarpena egin gabe egotea, hasierako diruzko ekarpena zatika egitekoa den kasuan.

  8. Nahitaez eraman beharreko liburuak ez eramatea.

  9. Ez betetzea fundazioaren gobernu-organoetako kideak berritzeko betebeharra, baldin eta horrek erabakiak ezin hartua badakar.

Arau-hauste oso larriak dira:

  1. Fundazioaren etekinak esleitzea fundatzaileei, patronatuko kideei, fundazioko idazkari, kudeatzaile edo zuzendariei, aipatutakoen ezkontideei eta haiekin antzeko harreman afektiboa dutenei, laugarren gradura bitarteko ahaideei laugarrena barne eta interes orokorreko helburuak ez dituzten pertsona juridiko bereiziei, eta orobat kostu bidezko negozio juridikoak formalizatzea aipatutako pertsona horiekin baldin eta, hala izatera, horretarako dagokion baimena ez bada lortu.

  2. Fundazioaren ondarea oker kudeatzea, haren bideragarritasun ekonomikoa oso arrisku larrian jarriz.

  3. Epaileen esku-hartzea eskatzea justifikatzen duen kausa baten pean erortzea.

  4. Fundazioari oso kalte larria egiten dioten eta fundatzaileen, estatutuen edo indarrean dagoen araudiaren kontra doazen erabakiak hartzea.

  1. Arau-hauste arinen zehapena 300 eta 1.000 euro arteko isuna izango da.

  2. Arau-hauste larrien zehapena 1.001 eta 6.000 euro arteko isuna izango da.

  3. Arau-hauste oso larrien zehapena 6.001 eta 30.000 euro arteko isuna izango da.

    Gainera, zehapen gisa ezar daiteke fundazioko patronatukide-kargutik kentzea edo gaitasungabetzea bost urtetik hamarrera bitarteko eperako.

  4. Jarri beharreko zehapenaren graduaziorako, kontuan hartuko dira gertatzen diren inguruabar astungarri eta aringarriak.

  5. Inguruabar astungarriak izango dira:

    1. Arau-haustearen izaera eta garrantzia.

    2. Fundazioari eragindako kaltea.

    3. Arau-hausteetan berrerortzea edo errepikatzea.

    4. Arau-haustea osatzen duten egite edo ez-egiteen ondorioz lortutako irabaziak, hala baldin bada.

  6. Inguruabar aringarriak izango dira:

    1. Nork bere kabuz zuzendu izana arau-haustea.

    2. Eragindako kalte eta galerak konpontzea.

  7. Nolanahi ere, adierazi diren arau-hausteak egiteak ondorio hauek izango ditu:

    1. Fundazioari eragindako kaltea ordaintzeko betebeharra.

    2. Zehatzeko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtzen denetik hamabost eguneko epean. Segurtatu egin beharko da zehatutako pertsonek informatuak izateko duten eskubidea bai erregistroan egindako idatzoharrari buruz eta bai ohar horren ezerezte-datari buruz.

  1. Lege honetan arintzat kalifikatutako arau-hausteek urtebetera preskribatuko dute, larriek bi urtera eta oso larriek hiru urtera. Arau-haustea egin zen egunetik hasiko da kontatzen arau-hausteen preskripzio-epea.

  2. Falta arinengatik ezarritako zehapenek urtebetera preskribatuko dute, falta larriengatik ezarritakoek lau urtera eta falta oso larriengatik ezarritakoek bost urtera. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio-epea.

Lehenengoa. Alderdi politikoekin lotura duten fundazioak.

Alderdi politikoekin lotura duten fundazioek lege honi jarraituko diote, legerian eta aurrekontu arloan aurreikusitako finantziazio-sistemaren ondoriozko berezitasunak kontuan hartuta.

Bigarrena. Informazio-errekerimenduak beste administrazio batzuei.

Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko edota autonomia-erkidegoetako fundazioen erregistroei eskatu ahal izango die bere eskumenak garatzeko behar duen informazioa, eta, bereziki, bere jardueraren lurralde-eremua zehazteko informazioa.

Hirugarrena. Notarioen betebeharrak.

Lege honen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu behar diren dokumentuak eskuesten dituzten notarioek telematikoki eta berehala emango diote horien berri babesletzari, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu.

Laugarrena. Berdintasun Legea.

Fundazioen organoak eratzerakoan, kontuan hartu beharko dira, hala badagokio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean dauden aurreikuspenak, organo horietako ordezkaritza orekatuari dagokionez.

Era berean, euskal botere publikoen jarduneko irizpide orokorra izango da behar diren neurriak hartzea sexuaren aldagaia sar dadin arau honek ematen dizkien eskumenak betetzeko aurkezten den dokumentazioan.

Bosgarrena. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean dauden fundazioak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean dauden fundazioen kasuan, patronatukideen autokontrataziorako ez da beharrezkoa izango babesletzaren baimena. Halaber, fundazio horien patronatuak batzorde betearazleen edo beste organo eskuordetu batzuen esku utzi ahal izango du autokontratazio horiek erabakitzeko ahalmena, mota horretako fundazioetan kudeaketa arrunteko jarduerak direnez gero.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean dauden fundazioetako patronatukideek kontratuak egin ahal izango dituzte berak kide diren patronatuei dagozkien fundazioekin, baina gobernu-organo horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari komunikatu beharko dizkiote egindako autokontratazioak, formalizatzen direnetik hilabeteko epean. Horrez gain, fundazioak autokontratazio horiek egin direla adierazi beharko du kontuetan sartutako memorian, eta erabakia hartu duen organoa eta kontratazioen helburua eta iraupena zehaztu.

Seigarrena. Erakundeen lankidetza.

Babesletzak lurralde historikoetako foru-ogasunei informazioa bidaliko die dagozkion artikuluetan adierazitako ekonomia-izaerako betebeharrak bete ez dituzten fundazioei buruz, elkar informatzeko, lankidetzan aritzeko, koordinatzeko eta bakoitzaren eskumen-eremuak errespetatzeko eginbeharraren esparruan.

Zazpigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2007 Legegintzako Dekretua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginean, zeina irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi baitzen, j) letra gehitzen da 44. artikuluan, administrazio-zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasaren salbuespenei buruzkoan, honela idatzita:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskripzioak eta gainerako egintza eta komunikazioak egiteko betebeharra duten erakundeak.

Lehenengoa. Fundazioen estatutuen egokitzapena.

  1. Fundazioek lege honek esaten duenera moldatu beharko dituzte euren estatutuak, berau indarrean sartu eta bi urteko epean.

  2. Epe hori igaro ondoren estatutuek moldatu gabe jarraitzen badute, fundazioaren agiririk ez da inskribatuko dagokion fundazioen erregistroan harik eta moldatu direla egiaztatu arte. Hori guztia, lege honen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatzea eragotzi gabe.

    Betebehar hori ez betetzearen ondorioa izango da fundazioak ezin izango duela eskuratu Euskal Autonomia Erkidegoaren diru-laguntzarik edo laguntza publikorik, legearen arabera izan ditzakeen erantzukizunak gorabehera.

  3. «Fedez eta kontzientziaz» eratutako fundazioen estatutu-baldintzak lege honen aurkakoak badira, jarri gabetzat hartuko dira.

    Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren eta Babesletzaren erregelamenduen indarraldia.

    Lege hau erregelamendu bidez garatu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren eta Babeslaritzaren erregelamenduek, ekainaren 19ko 101/2007 eta 100/2007 dekretuen bidez onetsitakoek, indarrean jarraituko dute lege honetan xedatutakoaren aurkakoak ez diren xedapenei dagokienez.

Indargabetuta geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea, bai eta lege honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartzen denetik 18 hilabeteko epean, behar diren xedapenak eman beharko ditu berau garatzeko eta betearazteko.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren edo Babesletzaren prozedurak izapidetzeko nahitaez bide elektronikoa erabili beharrari dagokionez, lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebetera sartuko da indarrean betebehar hori.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 2a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.