Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

18/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 3
  • Hurrenkera-zk.: 38
  • Xedapen-zk.: 18
  • Xedapen-data: 2023/12/21
  • Argitaratze-data: 2024/01/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzen duen abenduaren 21eko 18/2023 Legea.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen (LHL) 85. artikuluan proposatutako aldaketaren helburua da argi eta modu errealistan argitzea eremu edo erabilera jakin batzuetarako hirigintzako lizentziak, onarpenak eta baimenak eteteko epeen zenbaketa, hirigintza-planak egiteko edo, hala badagokio, aldatzeko edo berrikusteko.

  1. artikuluak indarrean duen idazketarekin, aurrerakina egin ondoren etendura fakultatiboa erabaki daiteke. Hala ere, segurtasun juridikoa bermatzeko neurri horrek, bai administrazio eskudunaren ikuspegitik, bai eragindako pertsonen ikuspegitik, ondorio kaltegarria du udalaren hirigintza-tramitazio luzean: etendura fakultatibo horretan erabilitako denbora eteteko gehieneko epetik automatikoki kentzen da hasierako onespenaren ondoren (bi urte akordioa plan orokorrei buruzkoa bada, eta urtebete gainerako kasu guztietan). Beraz, 85. artikuluaren egungo idazketarekin eta epeak kontatzeko moduarekin ez da epe egoki eta autonomorik bermatzen aurrerakina formulatu ondorengo etendura fakultatiborako.

    Zehazki, etenduraren indarraldiko bi epe ezartzea proposatzen da, kontuan hartuta etendura (i) modu fakultatiboan gertatzen den hasierako onespenaren erabakia hartu aurretik ala (ii) automatikoki eta nahitaez, hasierako onespenaren erabakiaren berezko ondorioa delako.

    Hau da, hasierako onespenaren erabakiaren aurretik erabakitako etenduraren urtebeteko indarraldia ez da zenbatuko gehieneko epearen barruan (bi urte akordioa plan orokorrei buruzkoa bada eta urtebetekoa gainerako kasu guztietan); epe hori legeak ezartzen du nahitaez hirigintzako lizentziak, onarpenak eta baimenak eteteko, hasierako onespenaren erabakiarekin batera (85.3 artikulua (LHL).

    Azken finean, helburua da etendura, plan orokorrei dagokienez, gehienez ere hiru urtera iristea (bat gehi bi), baldin eta planaren hasierako onespena baino lehen modu fakultatiboan eta justifikatuan erabaki bada, hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) berrikusi, aldatu edo prestatzeko aurrerakina formulatzeko erabakia hartzearekin batera.

    Era berean, artikuluaren enuntziatua osatzea proposatzen da, hirigintzako onarpen eta baimenei dagokienez, etendura ez baita lizentzien gainekoa soilik, baita hirigintzako onarpen eta baimenen gainekoa ere.

    Azkenik, idazketa-aldaketa bat jasotzen da, hizkuntzaren erabileran genero-ikuspegiari arreta ematearekin zerikusia duena. Halaber, artikulu honen euskarazko bertsioa berrikusten da; izan ere, bertan ez da aipatzen etenduraren gehieneko epea dela «gehienez ere bi urtekoa akordioa plan orokorrei buruzkoa bada eta urtebetekoa gainerako kasuetan», LHLko 85.3 artikuluaren gaztelaniazko bertsioan zehazten den moduan.

  1. Hirigintzako planak egiteko edo, hala badagokio, aldatzeko edo berrikusteko, hirigintzako planak hasieran onesteko eskumena duten administrazioek erabaki ahal izango dute eremu edo erabilera jakin batzuetarako hirigintzako onarpen, baimen eta lizentzia guztien ematea etetea, gehienez ere urtebetez, aurrerakina egiteko erabakia hartzen denetik eta hasierako onespenaren erabakia hartu arte. Etete hori iraungitzen da hura hartzeko gehieneko epea igarotze hutsagatik, eta, indarrean badago, hasierako onespenaren ondoren erabakitzen den etetearekin ordeztuko da.

  2. Hirigintzako planak hasieran onesteko erabakiak etendura zehaztuko du, bi urtekoa plan orokorrei badagokie eta urtebetekoa gainerako kasuetan, eremu zehatzetan edo erabilera zehatzetarako edozein onarpen, baimen eta lizentziak emateari dagokionez, aurreikusitako xedapen berriek indarrean dagoen hirigintza-araubidea aldatzea badakarte. Etete hori iraungitzen da hura hartzeko gehieneko epea igarotze hutsagatik edo, hala badagokio, dagokion hirigintza-planaren behin betiko onespena argitaratzean.

  3. Eragingarria izan dadin, aurreko 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen den etete-erabakia dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta lurralde historiko horretako zabalkunde handieneko egunkarian edo egunkarietan argitaratu beharko da.

  4. Etenduraren eragina aurreikusitako edozein kasutan iraungitzen denean, ezin izango da beste etendurarik ezarri, eremu berean eta helburu bererako, bost urte igaro arte.

  5. Etendura argitaratu aurretik behar bezala eskatutako lizentzien edo baimenen eskatzaileek eskubidea izango dute proiektuen kostuengatiko kalte-ordainak jasotzeko. Ez da proiektuaren kostua itzultzeko eskubiderik izango, baldin eta eskaera zuzenbidearekin bat ez badator, eskaera egiten den egunean indarrean dauden araudiaren edo lurraldeko eta hirigintzako antolamenduaren aurkakoa izateagatik.

  6. Proiektuaren kostua itzultzea eskatzeko eskubidea eten egingo da, harik eta, kasuan kasuko plana behin betiko onetsi ondoren, proiektu hori planaren zehaztapenekin bateraezina dela egiaztatzen den arte.

Lege hau indarrean jartzen den egunean plangintzak izapidetzen ari badira, horiei ere aplikatu zaie legea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 28a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.