Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

10/2015 LEGEA, abenduaren 23koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 3
  • Hurrenkera-zk.: 33
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 2015/12/23
  • Argitaratze-data: 2016/01/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 10/2015 Legea, abenduaren 23koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerena onartu duela jakinarazten zaie euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoak ikuskizunen eskumen esklusiboa du, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 10.38 artikuluak xedatutakoaren arabera. Hori dela-eta, 4/1995 Legea, azaroaren 10ekoa, Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak Arautzen dituena, onartu zen.

Hogei urte igaro dira lege hura onartu zenetik, eta araua tratatzeko modua birplanteatu behar da gizarte- eta kultura-parametro berrien arabera, kontuan izanik egun zenbat orokortu eta dibertsifikatu diren aisiarekin zerikusia duten jarduerak. Horren ondorioz, oreka bat bilatu behar da ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaile, ikusle edo erabiltzaileen eta jarduera horietan parte hartu gabe ere deskantsurako eta bizikidetza normalizatu baterako eskubidea duten pertsonen sentsibilitate, eskubide eta betebeharren artean.

Bestalde, aurreko legea aplikatzean izandako esperientziak adierazten digu komeni dela zenbait alderditan hutsune batzuk betetzea edo segurtasun juridikoa sendotzea; adibidez, ikusleen edo erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren araubidean edota zehapen-araubidean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren barne-merkatuko zerbitzuei buruzko abenduaren 12ko 2006/123/EE Direktibaren transposizioz, zerbitzuak emateko gaikuntza-tituluak arautzeko paradigma aldatu da. Ikuskizun eta jolas-jardueren kasuan, azaroaren 10eko 4/1995 Legea partzialki aldatzea eragin zuen horrek, eta aldaketa apirilaren 23ko 7/2012 Legearen bidez egin zen (Barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Direktibara egokitze aldera zenbait lege aldatzeko da lege hori). Lege horretan, halaber, Euskadiko beste lege batzuk ere aldatu ziren; esaterako, 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duena, eta horrek aztergai dugun araudiari eragiten dio.

Aldaketa horiek, berriz, Batasuneko araudira egokitu beharra zekarten, zeinek alferreko izapideak ezabatu edo sinplifikatu nahi baitzituen, norbanakoen ekimena sustatu, segurtasuna eta bizikidetza zaintzeko interes orokorraren kaltetan izan gabe.

Lege berriak ildo horretan sakondu nahi du, gaikuntza-tituluak erraztuz, arlo desberdinetako araubideak bateratuz, bikoizketak desagerraraziz eta prozeduretako izapideak sinplifikatuz.

Legeak parametro hauek hartzen ditu aintzat:

  1. Askatasun-printzipioaren eta segurtasun- eta bizikidetza-printzipioaren arteko oreka. Herritarrak aske dira aisialdiko moduak eta dibertitzeko moduak aukeratzeko, eta ikuskizunen promotoreek askatasuna dute hainbat motatako ekitaldi-zerrenda zabala eskaintzeko, muga bakarrarekin: segurtasun, bizikidetza eta pertsonen eskubideekiko errespetuzko arrazoiengatik interes orokorrak ezartzen dituen lege-betebeharrak errespetatzea. Arrazoi horiek justifikatzen dituzte alde batetik askatasuna eta bestetik ikusle edo erabiltzaileen segurtasunerako eskubidea, herritarren arteko bizikidetza edo hirugarrenen eskubideak bateragarri egiteko lege-neurriak.

  2. Herritarrei ematea protagonismoa, hainbat modutan. Alde batetik, ziurtatzea arautzeak ez dituela inondik inora murrizten ikuskizunetan eta jolas-jardueretan gauzatzen diren adierazpen-askatasuna eta arte-kreaziorako askatasuna eta ez dituela mugatzen biltzeko eta manifestatzeko eskubideak. Gainera, erabiltzaile edo ikusleen eskubide eta betebeharren karta finkatzen delako, alde batera utzi gabe kontsumoari buruzko araudi orokorraren arabera erabiltzaile eta ikusleek izan ditzaketen beste eskubide batzuk. Eta azkenik, herritarren parte-hartze aktibo eskuzabala sustatzen duelako jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren arloko boluntario-lanetan.

  3. Ikuskizun eta jolas-jardueren titular eta antolatzaileei erraztasunak ematea enpresa-jarduera horiek egiteko. Beraz, aldez aurreko lizentzia edo baimena beharko duten jarduera bakarrak izango dira segurtasuna, babes zibila, ingurumenaren babesa, historia- eta kultura-ondarearen babesa edota adingabe, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa objektiboki begiratu behar dutenak. Gainerako kasu guztietan, nahikoa izango da aldez aurreko jakinarazpena aurkeztea.

  4. Establezimendu eta leku publikoetako segurtasun-estandar teknikoak indartzea; aldi berean, zailtasun edo desgaitasunen bat duten pertsonen mugigarritasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Lizentzia edo aldez aurreko baimenaren araubidearen ordez aldez aurreko jakinarazpenarena ezartzeak ez du esan nahi ikuskizun, jarduera eta establezimenduei segurtasun- eta kalitate-baldintza eskasagorik eskatuko zaienik, zeren legeak kontrol- eta ikuskatze-araubide zehatza jasotzen baitu eskakizun-maila bera mantentzeko.

  5. Eskumenak eta eginkizunak erakunde-maila guztien artean zedarritzea, lehenetsiz bai herritarrekiko hurbiltasuna, bai bikoiztasun administratiboak saihestea eta bai udala aintzat hartzea ere toki-erregimenari buruzko legeriak propiotzat jotzen dizkion gaietan, hala nola hirigintza-diziplinan, hiri-ingurumenean, osasungarritasun publikoaren babesean, edo udalek hiriko jabari publikoaren titular modura dituzten betebeharretan. Autonomiaren esku hartzea zentratuko da edukiera handiko edo ezaugarri bereziko ikuskizun publikoetan eta jolas-jardueretan, hartarako izango duela baimentzeko, kontrolatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eskumenak, lege honetan aurreikusten diren terminoetan.

    Legeak ditu: 66 artikulu (bost titulutan bilduak), lau xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen; horiez gain, eranskin bat ere badu, jendaurreko ikuskizunen, jolas-jardueren eta establezimendu publikoen katalogoa jasotzen duena.

    Legearen I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu. Horretarako, ezartzen du zein den legearen xedea, zein haren aplikazio-eremua (arauaren zati artikulatuari datxekion katalogo batek zehazten du), zer gai geratzen diren haren eremutik kanpo, eta zer ikuskizun eta jolas-jarduera dauden debekatuta.

    Era berean, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua arautzen du, administrazioen arteko lankidetzako eta parte-hartze publikoko organo modura.

    1. tituluak arautzen du zer arau substantibok agindu behar duten jendaurreko ikuskizunetan eta jolas-jardueretan. Hasteko, zerrenda batean jasotzen dira ikusle edo erabiltzaileen, antolatzaileen, artisten, interpretatzaileen, jotzaileen eta gainerako langileen eskubide eta betebeharrak. Gainera, jarduera horiekin zerikusirik ez duten pertsonen eskubideak ere jasotzen dira, haien interes legitimoak ukitzen badira.

      Era berean, arautzen da zer baldintza eta eskakizun bete behar dituzten ikuskizun eta jolas-jarduerek eta haiek burutzeko baliatzen diren establezimendu edo lekuek.

      Ondoren, hainbat artikuluk zenbait alderdi lantzen dute eskaintzen diren zerbitzuen segurtasuna eta kalitatea eta zerbitzu horiek eskaintzen dituztenen erantzukizunak eta profesionaltasuna indartzeko, baita ikusleen eskubideak zaintzeko ere. Horrela, arautzen da: zer informazio eta publizitate eskaini behar zaien ikusleei edo erabiltzaileei establezimendu, ikuskizun eta jolas-jarduerei buruz; nola saldu sarrerak eta eserlekuak; zer betebehar dauden sartzea zaindu eta kontrolatzeko; zeintzuk diren onartzeko eta sartzea ukatzeko baldintzak; zer betebehar dagoen oinarrizko laguntzaren eta larrialdietako ebakuazioaren arloan, edo zer aseguru eskatzen diren. Era berean, neurri bereziak hartzen dira haurrak eta gazteak babesteko.

    2. tituluak ezartzen du zein den establezimendu publikoak irekitzeko eta jendaurreko ikuskizun eta jolas-jarduerak egiteko araubidea.

      Legeak sinplifikatu egiten du establezimendu publikoak irekitzeko arloko araudien arabera eska daitezkeen lizentzien egitura. Aurretik zegoen araudiak establezimendu-lizentzia berezi bat ezartzen zuen, eta lizentzia hura lortzeko prozeduran beste araudi batzuetan eska zitezkeen gainerako lizentzia edo gaikuntza-tituluak sartzen ziren; adibidez, jarduera sailkatuenak eta bestelako udal-lizentziak.

      Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako araudiaren espirituari jarraituz, beharrezkotzat jotzen da arloko araudiek ez ugaritzea jarduera berbera egiteko gaikuntza-titulu desberdinak. Hori dela-eta, badirudi egokiagoa dela jarduera sailkatuetarako aurreikusitako araubidean txertatzea jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako establezimenduak irekitzeko aurreikusitako araubidea. Horrek ez du eragotziko kontuan hartzea zer eskakizun eta baldintza azaltzen ziren ikuskizun eta jolas-jardueren berariazko araudi zaharrean gaikuntza-titulu horiek lortzeko.

      Ondorioz, lege honek jarduera sailkatuen arautegira jotzen du bere eremuko establezimenduak irekitzeko; dena den, arau horiek elkarrekin egokiro lotzen direla bermatzeko, puntualki aldatu behar da 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duena.

      Udalei dagokie establezimendu publikoak ireki aurreko kontrol-lanak egitea. Hori gorabehera, jarduera sailkatuaren lizentzia lortu aurretik, Autonomia Erkidegoko ikuskizunen agintaritzek esku hartu ahal izango dute, txosten loteslearen bidez, legeak aurreikusten dituen kasuetan: jarduerak berak arrisku berezia eragiten duenean edo 700 pertsonatik gorako edukierak arrisku berezia eragiten duenean.

      Jarduera-lizentzia edo establezimendu baten jardueraren aldez aurreko jakinarazpena aurkeztea titulu nahikoa da titulu horien babespean dauden ikuskizun eta jolas-jarduerak egiteko.

      Titulu horien babespean ez dauden jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak aldian behin egiteko, aldez aurreko baimena edo aldez aurreko jakinarazpena behar da lege honetan aurreikusitako kasuetan, eta aldez aurreko baimena beharko da interes orokorrei eragiten zaien kasuetan. Udala izango da baimen hori emateko edo aldez aurreko jakinarazpena jasotzeko eskumena duen organoa, edo, bestela, Autonomia Erkidegoan ikuskizunen arloko eskumena duen agintaritza, jardueraren eta aurreikusitako edukiera edo okupazioaren arabera.

      Dena dela, Autonomia Erkidegoak ikuskatu behar ditu zezen-ikuskizunak, zezenketak, pirotekniako ikuskizunak edo herriz kanpoko bideetako kirol-probak.

      Leku publikoetan ospakizunak egiten direnean, udalak esku hartu behar du, jabari publikoaren erabilera pribatibo edo bereziaren gainean dauzkan eskudantziak erabiliz. Hala ere, Autonomia Erkidegoak txosten loteslearen bidez esku hartzea aurreikusten da, leku publikoak 700 pertsonatik gorako edukiera- edo kapazitate-muga duenean jarduerak egiteko.

      Bestalde, IV. titulua zaintzari, kontrolari eta ikuskaritzari buruzkoa da, eta hiru kapitulu jasotzen ditu: xedapen komunena, ikuskatzeko ahala gauzatzeari buruzkoa, eta segurtasun-neurriak hartzeari buruzkoa, hurrenez hurren. Establezimenduen titularren edo ikuskizun eta jarduerak antolatzen dituztenen betebeharra da jarduera hasteko aukera eman zuten baldintzak mantendu eta berrikustea, betiere administrazioaren ikuskatze- eta kontrol-ahalari kalterik egin gabe.

      Jarduera hasi aurretik esku hartzeko ahalari atxikita daude kontrol- eta ikuskatze-ahal horiek, eta, hortaz, udalerriari edo Autonomia Erkidegoko ikuskizunen agintaritzari dagozkio, egoeraren arabera. Hala ere, Autonomia Erkidegoko ikuskizunen agintaritzak ikuskatze osagarria egin ahal izango du establezimendu, ikuskizun eta jolas-jardueretan, agintaritza horrek egin behar badu udal-baimen edo -lizentzia emateko prozeduretako txostena; hau da, batez ere 700 pertsonatik gorako edukiera duten establezimendu, ikuskizun eta jolas-jardueretan.

      Aipatutako osagarritasunari erreparatuz, administrazioen arteko lankidetzarako mekanismoak jartzea eta ikuskatze-plan partekatuak sustatzea aurreikusten da.

    3. titulua osatzeko, administrazio-poliziaren neurriak arautzen dira eta poliziaren zaintza berezia jartzeko aukera aurreikusten da, ikuskizunak edo jolas-jarduerak gauzatzen diren bitartean ikusleen edo erabiltzaileen segurtasuna babesteko; futbol-partidetan edo saskibaloi-partidetan, esate baterako. Ondorio horietarako, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea aldatzea aurreikusten da.

    4. tituluak legearen zehapen-araubidea jorratzen du. Lau kapitulu ditu: arau-hausteen sailkapena, zehapen-motak, preskripzio- eta iraungitze-araubidea eta eskumenak eta prozedura, hurrenez hurren. Legearen arabera, arau-hausteak dira: oso larriak, larriak eta arinak; betiere proportzionaltasun-irizpideen arabera. Gauza bera esan daiteke zehapenen zerrendari buruz. Zehapenei dagokienez, nabarmendu behar da, berria delako, ezen ikusle edo erabiltzaileek egiten dituzten arau-hauste arinen kasuan zehapena baldintzapean kentzeko aukera egongo dela, arau-hausleak berriro hezteko neurriak betetzea onartzen badu bere borondatez.

      Dena dela, Autonomia Erkidegoko organo eskudunek zehatzen dituzte arau-hauste oso larriak; gainerako arau-hausteei dagokienez, eskumena Erkidegoarena edo udalarena izango da, kontrolatze- eta ikuskatze-eskumenen banaketaren arabera. Legeak zehazten du ezen, espedienterik irekiz gero, elkarri jakinarazteko obligazioa dutela, eta arau-hauste eta zehapenen erregistro bat izan behar dela arauak aplikatzeko; esate baterako, baloratzeko berriro hausten den araua, edo zaintzeko ea betetzen diren desgaitze-zehapenak.

      Azkenik, legeak xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak jasotzen ditu, eta eranskin bat aurreikusten du, jendaurreko ikuskizunen, jolas-jardueren eta establezimendu publikoen katalogoa jasotzen duena eta legearen aplikazio-eremua zehazten duena.

Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen diren jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzea, eta ezartzea zein baldintza eta betekizun izan behar dituzten ikuskizun edo jarduerok eskaintzen dituzten leku irekiek eta establezimendu publikoek, berdin izanik haien titular edo antolatzaileak erakunde publikoak edo pertsona fisikoak edo juridiko pribatuak diren, irabazteko asmorik duten ala ez, edo jarduera edo ikuskizunak instalazio finko, eramangarrietan edo desmuntagarrietan eta etengabe edo aldi baterako antolatzen diren.

Lege honen ondorioetarako, definizio hauek ematen dira:

  1. Jendaurreko ikuskizunak: arte, kultura, kirol edo antzekoekin zerikusia duen errepresentazio, erakusketa, jarduera, distrakzio edo proiekzioetan jendea biltzen duen gertakari oro, antolatzaileek eskaintzen dutena edo antolatzaileek eskatuta artista, kirolari nahiz jotzaileek eskaintzen dutena lokal itxi edo ireki batean nahiz aire zabaleko edota bide publikoko esparruren batean edota instalazio finko, eramangarri edo desmuntagarrietan.

  2. Jolas-jarduerak: parte hartzeko asmoz edo antolatzaileek eskainitako zerbitzuak jasotzeko asmoz jendea biltzen duten jarduerak, aisiarekin, denbora-pasarekin edo dibertsioarekin lotuak.

  3. Establezimendu publikoak: jendearentzat irekitako edozein eraikin, lokal, esparru edo instalazio, ikuskizunak eskaintzeko edo jolas-jarduerak egiteko erabiltzen dena.

  4. Leku irekiak: gune, toki edo bide publikoak, jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak gauzatzeko erabiltzen direnak, baina horretarako ez dutenak ez azpiegitura ez instalazio finkorik.

  5. Establezimendu publikoaren titularra: lege honek aipatzen dituen establezimendu publikoak ustiatzen dituzten pertsonak, fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, irabazteko asmoarekin edo asmorik gabe.

  6. Antolatzaileak: jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egin edo bultzatzen dituzten pertsonak, fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, irabazteko asmoarekin edo asmorik gabe.

  7. Artistak, interpretatzaileak edo jotzaileak: ikuskizunean edo jolas-jardueran parte hartzen duten edo hura publikoari aurkezten dioten pertsonak, helburua jolasa edo entretenimendua izanik, eta parte-hartze hura ordaindua den edo ez gorabehera.

  8. Jendearentzat irekitako establezimendu araubide berezikoak: haien ordutegi berezia eta bestelako baldintza bereziak direla-eta, erregelamenduz ezarri behar direnak, herritarren bizikidetzari, segurtasunari edo osasunari biziago eragin diezaieketen establezimenduak dira.

  9. Instalazioak: egitura higigarri iraunkor edo behin-behinekoak, eramangarri edo finkoak, jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko egokiak.

  1. Lege honen eranskineko katalogoan, zehatz-mehatz ez bada ere, jasotzen da zeintzuk diren lege honek arautzen dituen jendaurreko ikuskizunak, jolas-jarduerak eta establezimenduak. Eusko Jaurlaritzaren dekretuz, katalogo hori aldatu eta garatu ahal izango da, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak txostena idatzi ondoren.

    Lege honen eranskineko katalogoan jasotzen diren izen eta definizioak zaindu beharko dituzte lege hau oinarri hartuta etorkizunean ematen diren baimen eta aldez aurreko jakinarazpenek.

  2. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira ospakizun familiar eta sozial erabat pribatuak, jende guztiarentzat ez direnak; baita biltzeko eta manifestatzeko eskubidea gauzatzeko asmoz antolatutako jarduerak eta ospakizun erlijiosoak ere.

    Dena den, ospakizun edo jarduera horiek ere bete beharko dute herritarren segurtasuna babesteko legeriak ezartzen duena eta izan beharko dituzte egiten diren leku eta establezimenduei eskatzen zaizkien segurtasun- eta osasun-baldintzak eta deskantsurako eskubidea eta bizikidetza normalizatua bermatzeko eta hirugarrenei eragozpenak saihesteko behar diren baldintza teknikoak, bat etorriz lege honek eta berau garatuko duten erregelamenduek ezartzen dutenarekin, dagozkien toki-ordenantzekin eta aplikatu beharreko araudi bereziarekin.

  3. Kasuan kasuko legeriak aurreikusten ez duen guztirako, lege hau beste batzuen osagarri modura aplikatu beharko da era guztietako jendaurreko ikuskizunetan, jolas-jardueretan eta establezimendu publikoetan.

Lege honen helburua da ziurtatzea jendaurreko ikuskizun eta jolas-jarduerak garatzerakoan bermatzen direla partaide eta ikusleen segurtasuna eta osotasuna, eta herritarren bizikidetza ere, eta ez dela ordena publikoa hausten.

Lege hau garatu eta aplikatzeko orduan, honako printzipio gidari hauek zaindu beharko dituzte administrazio publikoek eta ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileek:

  1. Ikuskizun eta jolas-jardueretako ikusle, partaide eta erabiltzaileen bizikidetza baketsua eta ordenatua.

  2. Pertsonen eskubideak errespetatzea, eta hirugarrenei bermatzea garatzeko eta bizikidetza normalizatua izateko eskubidea.

  3. Establezimendu publikoetako, jendaurreko ikuskizunetako edo jolas-jardueretako ikusle, erabiltzaile edo langileen segurtasuna eta osasuna.

  4. Ekipamenduen, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren kalitatea, erosotasuna eta ingurumen-jasangarritasuna.

  5. Bermatzea betetzen direla irisgarritasunari, gizon eta emakumeen berdintasunari eta hizkuntza-eskubideei buruzko araudian jasotzen diren lege-betebeharrak.

  6. Ikuskizunetan eta jolas-jardueretan parte hartzen duten animaliak eta haien ongizatea babesteko baldintzak bermatzea.

  1. Debekaturik daude ikuskizun edo jolas-jarduera hauek:

    1. Delitu izan daitezkeenak.

    2. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa edo beste edozein bereizkeria mota sustatzen dutenak eta gizakiaren duintasunaren aurkakoak.

    3. Haurrak eta nerabeak babestearen aurkakoak.

    4. Animaliak babesteko araudia betetzen ez dutenak.

    5. Euskadiko kultura- edo natura-ondareko ondasunetan egiten direnak, ondasunen babes-araubidea hautsiz, edo ondasunon osotasuna bermatu gabe.

    6. Kalean edo leku publikoetan pertsona-taldeek ostalaritzako lokaletakoak ez diren edariak kontsumitzea, baldin eta biltzearen edo kontsumitzearen ondorioz eragozpenak eragin ahal bazaizkio leku publikoa erabiltzen duten pertsonei edota auzotarrei, edota hondatu ahal bada ingurunearen lasaitasuna edo eragin ahal badira osasungaiztasuneko egoerak, betiere horri buruz gara daitekeen udal-araudiaren arabera.

    7. Haien berariazko araudiaren arabera egiten ez diren zezen-jaiak.

  2. Agintaritza eskudunak establezimendu, toki, lokal edo instalazioak itxiko ditu jendaurreko ikuskizun edo jolas-jarduera debekaturik eskaini edo burutzen badute.

  1. Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua da aholku-organoa azterlanak egin, eta EAEko administrazio publikoei lege honetan araututako gaien inguruko aholkuak ematen dizkiena, eta administrazioak eurak koordinatzen dituena. Eusko Jaurlaritzan ikuskizun-arloko eskumenak dituen sailari dago atxikita.

  2. Kontseiluak eskumen hauek ditu:

    1. Nahitaezko txostenak ematea ikuskizun publikoen eta jolas-jarduerei buruz ematen diren xedapen orokorren proiektuei buruz.

    2. Euskadiko administrazio publikoek ikuskizun eta jolas-jardueren arloan izan behar duten jarduna koordinatzea.

    3. Kontseiluan ordezkaritza duten erakundeek eta instantziek eskatuta, lege honen aplikazio-eremuko gaiei buruzko aholkularitza eskaintzea.

    4. Proposamenak eta txostenak egitea jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzen dituzten xedapenak interpretatzeko, aplikatzeko eta aldatzeko.

    5. Gomendioak lantzea lege honetan araututako gaiei dagokienez autonomia- eta toki-agintarien esku-hartze administratiboa hobetzeko.

    6. Azterlanak eta proposamenak egitea lege honetan ezartzen diren helburuak hobeto lortzeko.

    7. Irizpideak eta helburuak proposatzea establezimenduak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak ikuskatzeko plan eta programak egiteko.

    8. Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzak sektorearen egoerari eta bilakaerari buruz urtero idatziko duen txostena eztabaidatzea, eta, hala dagokionean, hura onartzea.

    9. Erregelamendu bidez ematen zaizkion eginkizun guztiak.

  3. Erregelamendu bidez zehaztuko da Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluaren osaera, haren antolaketa eta funtzionamendu-araubidea. Kontseiluaren osaeran ordezkaritza izango dute Autonomia Erkidegoko Administrazioak, lurralde historikoetako hiriburuetako udalek eta ordezkaritza zabalena duen Euskadiko udal-elkarteak, baita eragindako sektore ekonomikoa ordezkatzen duten erakundeek eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko elkarteek ere.

  4. Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Kontseilua urtean behin, gutxienez, eta beharrezkotzat jotzen den guztietan bilduko da.

  5. Artikulu honetako 2. paragrafoko h) letran aipatutako txostena onesten denean, Eusko Legebiltzarrari igorri beharko zaio.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzeko araudiak aitortzen dizkien eskubideez gainera, honako eskubide hauek izango dituzte ikuskizunen eta jolas-jardueren ikusleek eta erabiltzaileek nahiz establezimendu publikoetako bezeroek:

  1. Establezimenduan edo jendearentzat irekitako lekuan onartua izateko eskubidea, bertara doazen pertsona guztien baldintza objektibo beretan, enpresak sarrera ukatzeko erreserban ezarrita dituen mugen arabera. Dena den, gerta liteke ezin sartzea edukieragatik edo sarrera ukatzeko beste arrazoiren batengatik, zerikusia duelako segurtasunarekin edo ordena publikoa nahastearekin.

  2. Ikuskizuna ikusteko eskubidea edo jolas-jardueran parte hartzekoa; horiek guztiak, gainera, osorik eta enpresak iragarritako moduan eta baldintzetan jasotzeko eskubidea.

  3. Zerbitzu orokorrak erabiltzeko eskubidea, enpresak jarraibide eta arau partikularretan ezarritako moduan eta muga berekin.

  4. Iragarritako ikuskizuna edo jolas-jarduera funtsean aldatu edo bertan behera geratuz gero, ordaindutako kopuruak berreskuratzeko eskubidea, kalterik egin gabe ikuskizun edo jolas-jarduera bakoitzari aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoari.

  5. Jardueraren antolatzaileek erreklamazio-orriak emateko eskubidea, egoki iritzitako erreklamazioak jasotzeko orri horietan.

  6. Errespetuzko tratua jasotzeko eskubidea: ez arbitrarioa, ez diskriminatzailea.

  7. Ikuskizun eta jolas-jarduerei buruz egiten den publizitatea egiazkotasun- eta nahikotasun-printzipioen araberakoa izateko eskubidea, eta publizitate horrek okerreko iritzirik edo iruzurra eragin dezakeen informaziorik ez izateko eskubidea.

Honako betebehar hauek izango dituzte ikuskizun eta jolas-jardueren ikusleek edo ekitaldi horietara joaten direnek eta establezimendu publikoetako bezeroek:

  1. Antolatzaileak jendea sartzeko eta onartzeko ezartzen dituen baldintza orokorrak betetzea, betiere legeak finkatutako mugen barruan.

  2. Dagokien eserlekua hartzea, edo, kasu bakoitzean, ikusle, bezero edo erabiltzaileentzat adierazten diren guneetan egotea; ez sartzea beste xede batzuetako guneetan, eta ez oztopatzea ebakuazio-bide edo -ibilbideak.

  3. Enpresak ikuskizuna edo jarduera garatzeko ezartzen dituen jarraibide edo arau partikularrak betetzea.

  4. Iragarritako programa, ikuskizun edo jarduera bere horretan errespetatzea, eta aldaketarik ez exijitzea.

  5. Ez sartzea agertokira edo ikuskizun edo artista edo jotzaileen eremura, salbu ikuskizunean aurreikusita dagoenean parte hartzeko aukera egongo dela.

  6. Errespetatzea ikuskizun eta jolas-jardueretako establezimenduetan ez erretzeko debekua, horri buruz indarrean den araudian aurreikusitako baldintzetan.

  7. Saihestea gainontzeko ikusleentzat edo enpresako langileentzat arriskutsua edo deserosoa izan daitekeen ezer egitea, edo ikuskizun edo jarduera burutzea eragotz dezakeen ezer egitea.

  8. Ez eramatea inolako armarik edota indarkeria eragiteko erabil daitekeen bestelako objekturik; ez erakustea oinarrizko eskubideen kontrako ekintzarik sustatzen duen sinbolo, jantzi edo gauzarik eta, bereziki, arrazakeria, xenofobia edo bazterkeria sustatzen duen ezer.

  9. Errespetatzea jendearentzat irekitako establezimenduetan, jendaurreko ikuskizunetan nahiz jolas-jardueretan diharduten artista, interpretatzaile edo jotzaileak nahiz gainerako langileak.

  10. Errespetatzea ikuskizuna edo jarduera hasi eta amaitzeko orduak.

  11. Establezimenduan sartzean edo bertatik irtetean, gizalegez jokatzea herritarren elkarbizitza eta jarduerarekin zerikusirik ez daukaten pertsonen deskantsurako eskubidea bermatzeko, baita haien arteko bizikidetza normalizatu ere.

  12. Betetzea ezarritako segurtasun-neurriak eta baita jardueraren antolatzaileek jarritako autobabeserako neurriak inplementa daitezen laguntzea ere.

  1. Inork bere eskubide eta berezko interesak kalteturik ikusten baditu ikuskizun eta jolas-jardueren ondorioz edota jendearentzat irekitako establezimenduen funtzionamenduaren ondorioz, honako eskubide hauek izango ditu:

    1. Lege honetan aipatzen diren lizentziak emateko prozeduretan interesdun gisa agertzeko eskubidea.

    2. Establezimenduek edo jendearentzat irekita dauden lekuek sortzen dituzten eta auzokideen elkarbizitzari eta deskantsuari eragiten dieten eragozpenak salatzeko eskubidea. Kasu horietan, eskubidea dute administrazio eskudunak probak egiteko, erabili beharreko baliabide teknikoak erabiliz, egiaztatze aldera ea salatutako eragozpen horiek benetakoak diren ala ez, eta eskubidea dute agintaritza eskudunek jokatzeko lortutako emaitzen arabera, eragozpenak, hala badagokio, saiheste aldera.

    3. Establezimendu publikoen edo jolas-jardueren ezaugarriei buruzko informazioa eta jarduerarekin zerikusia ez duten pertsonen interes legitimoa sustengatu edo haientzat garrantzitsu izan daitekeen bestelako informazioa izateko eskubidea.

  2. Etxebizitzaren baten barruan entzuten diren zaratek eraginez gero aurreko paragrafoan aipatzen diren salaketak, salatzaileek baimena eman beharko diete Administrazioko ikuskatzaile eta teknikariei etxe barruan sartzeko, etxera sartu behar bada espedientea irekitzeko. Sartzeko baimenik eman ezean, jardunbideak artxibatuko dira.

Enpresa-askatasunaren eskubidearen esparruan, honako eskubide hauek dituzte titularrek eta antolatzaileek:

  1. Jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera egiteko, aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoaren arabera eta, hala badagokio, baimenaren edo aldez aurreko jakinarazpenaren arabera.

  2. Egoki iritzitako neurriak hartzeko, jendearentzat irekitako establezimenduak, ikuskizunak edo jarduerak segurtasunez eta kalitatez funtzionatuko duela bermatzeko.

  3. Egokitzat jotzen dituzten prezioak jartzeko.

  1. Titular eta antolatzaileek beren gain hartuko dute ikuskizuna edo jarduera burutzearen ondoriozko erantzukizuna, eta kalteengatik erantzun beharko dute beren zabarkeria edo aurreikuspen faltagatik ezer gertatuz gero.

  2. Aurreko paragrafoan ezartzen den agindua hobeto betetzeko, honako betebehar hauek izango ditu titular edo antolatzaileak:

    1. Segurtasun- eta osasungarritasun-arloko neurri guztiak hartzea, baita zaratak neurtzeko oro har ezartzen direnak edo dagozkien lizentzia edo baimenetan berariaz ezartzen direnak ere.

    2. Jendaurreko ikuskizunik edo jolas-jarduerarik eginez gero, saihestea eragozpenik sortzea edo zaratarik egitea establezimendu publikoetatik kanpo edo horien instalazio osagarrietatik kanpo.

    3. Funtzionatzeko egoera ezin hobean mantentzea beti establezimendu eta instalazioak, eta indarrean den araudiaren arabera egin beharreko egiaztapenak egitea.

    4. Agintaritza eskudunek erabakitako ikuskapen-lanak egiten uztea, eta lanok egiten laguntzea.

    5. Ikuskatze-zerbitzuei eskuratzea establezimenduaren titulartasunari buruzko gaikuntza-agiri guztiak.

    6. Jendeari iragarritako ikuskizun eta jolas-jarduerak bere horretan mantentzea eta eskaintzea, salbu halabeharrez edo ustekabez ezinezkoa den kasuetan. Dena den, ikuskizun edo jolas-jarduera bakoitzean aplikatu beharreko araudiak aurreikusten duena bete beharko da.

    7. Jendeari sartzen uztea, salbu legez edo erregelamenduz zehazten diren kasuetan.

    8. Bertaratzen direnak errespetuz eta begirunez hartzea.

    9. Ez baimentzea, ezta toleratzea ere, lege honek aurreikusitako arau-hausterik egitea, ez ikuskizun edo jardueran parte hartzen dutenei, ez menpean dituztenei, ezta ikusle edo erabiltzaileei ere.

    10. Autobabeserako neurriak eta lokala bera eta bertako jendea ebakuatzeko neurriak hartu eta aplikatzea, indarrean den arautegiak ezartzen dizkien eginkizun eta erantzukizunez baliatuz.

    11. Aplikatu beharreko araudian jasotzen den moduan erantzutea dena delako ikuskizuna edo jolas-jarduera antolatu eta burutzearen ondorioz sortutako kalte-galerengatik.

    12. Lizentzia eta baimen edo bestelako gaikuntza-tituluen titularren identitatea eta helbidea aldatuz gero, horren berri ematea administrazio eskudunei erregelamendu bidez ezartzen den epean.

    1. Irisgarritasun unibertsalari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetara egokitzea establezimendu publiko, ikuskizun eta jolas-jarduerak.

    2. Segurtasun- edo zaintza-zerbitzuak edukitzea lege honetan ezarritakoari jarraikiz nahitaezkoa denean.

    3. Errespetatzea gizon eta emakumeen berdintasunari buruzko araudian aurreikusten diren betebeharrak.

    4. Erreklamazio-orriak jartzea erabiltzaileen esku, erregelamendu bidez ezartzen diren betekizunekin.

    5. Betetzea kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko araudian ezarritako betebeharrak.

    6. Lege honek eta arlo honetan aplikatu beharreko gainerako araudiak ezartzen dituen betebehar guztiak betetzea.

  3. Titularrek eta antolatzaileek bete beharko dituzte osasunari eta lan-segurtasunari buruzko legeriak ezartzen dituen betekizunak artista, interpretatzaile, jotzaile eta haientzat lan egiten duten gainerako langileekiko. Orobat, ziurtatuko du parte hartzen duten boluntarioen kudeaketa zuzena.

Eskubide hauek dituzte jendearentzat irekitako establezimenduetan lan egin edo jendaurreko ikuskizunetan nahiz jolas-jardueretan diharduten artista, interpretatzaile edo jotzaileek eta gainerako langileek:

  1. Kontratatutako ikuskizun edo jarduera aurrera eramateko eskubidea, bat etorriz kasu bakoitza arautzen duten arauekin eta artista edo antolatzaileekin hitzartutako programa edo gidoiarekin.

  2. Bidezko arrazoiengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik, emanaldian parte hartzeari uko egiteko edo emanaldia aldatzeko eskubidea. Kasu guztietan, bidezko arrazoia izango da segurtasun- edo higiene-baldintzak ez betetzea, edo behar bestekoak ez izatea. Artista, interpretatzaile edo jotzaileek horien egoera egiaztatu ahal izango dute ikuskizuna edo jolas-jarduera hasi aurretik.

  3. Titular, antolatzaile, ikusle eta erabiltzaileengandik errespetuzko tratua jasotzeko eskubidea.

  4. Ikuskizuna edo jolas-jarduera gauzatzeko behar den babesa jasotzeko eskubidea, baita establezimendura edo jendearentzat irekitako lekura sartzeko eta bertatik irteteko eskubidea ere.

Betebehar hauek izango dituzte jendearentzat irekitako establezimenduetan lan egin edo jendaurreko ikuskizunetan nahiz jolas-jardueretan diharduten artista, interpretatzaile edo jotzaileek eta gainerako langileek:

  1. Bertaratuak errespetatzea.

  2. Kontratatutako jarduera edo ekitaldia burutzeko betebeharra, aurreko artikuluko a) letran ezarritako baldintzen arabera.

  3. Bertaratutakoen segurtasuna edo ondasunen osotasuna arriskuan jar dezakeen portaera oro ekiditea.

  1. Pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna bermatzeko eta bertaratzen direnei eta hirugarrenei eragozpenik ez sortzeko, jendaurreko ikuskizunek, jolas-jarduerek eta horiek egiten diren establezimendu edo leku publikoek bete behar dituzte bai segurtasun-, osasungarritasun- eta higiene-baldintzak, bai irisgarritasun unibertsaleko baldintzak, baita arlo horretan aplikatu beharreko araudiak exijitzen dituenak ere.

  2. Baldintza horien artean sartzen dira lege honen garapenean eta ondoko gai hauei aplikatu behar zaien ordenamenduan eskatu beharrekoak:

    1. Bertaratu, langile eta artisten segurtasuna eta ondasunen babesa.

    2. Egituren sendotasuna eta instalazioen funtzionamendu egokia.

    3. Instalazio elektrikoen baldintzak eta bermeak.

    4. Suteak eta jardueraren beraren gainerako arriskuak aurreikustea eta haien aurkako babesa ematea eta kanpoko laguntzaren irisgarritasuna erraztea.

    5. Osasungarritasun- eta higiene-baldintzak eta baldintza akustikoak, berariaz zehaztuta zer intsonorizazio-baldintza bete behar duten lokalek eragozpenik ez sortzeko hirugarrenei; betiere zaratei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

    6. Hiri eta naturako ingurunea eta historia-, arte- eta kultura-ondarea babestea.

    7. Irisgarritasun unibertsaleko baldintzak eta gozamen-baldintzak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Baldintza horiek bat etorri behar dute irisgarritasunari eta arkitektura-oztopoak kentzeari buruzko araudian ezarritakoarekin, eta ikuskizunaz benetan gozatzea ahalbidetu behar diete pertsona horiei.

    8. Indarrean dauden autobabes-arauen araberako autobabes-plana.

    9. Establezimendu, lokal edo instalazioaren kapazitatea eta edukiera.

  3. Ingurumena eta hiri-ingurunea babesteko edo historia- eta arte-ondarea zaintzeko, udalek debeku, muga edo murrizketak ezarri ditzakete, ordenantza edo erregelamendu bidez, bermatzeko ez dagoela establezimendu publiko eta jolas-jarduera gehiegi batera, edo beste giza edo gizarte-jarduera batzuekin batera egin daitezkeela.

  4. Erregelamenduz, Eusko Jaurlaritzak erregulatu ahal izango du zer ezaugarri eta baldintzarekin egon daitekeen jendearentzat irekitako establezimendurik, baldin eta establezimendu horiek, ohiz kanpoko ordutegia edukitzeagatik edo beste baldintza batzuk izateagatik, araubide berezikoak badira; adibidez, irizpide hauek erregulatu ahal izango ditu: kokalekua, gutxieneko distantziak, mugikortasun-zerbitzuak edo horiek egoitzaguneetan eta gizarte- eta kultura-jardueretan duten eragina murrizten duten neurri bereziak, eta eragindako pertsonen segurtasuna eta osasuna begiratzekoak.

    Edonola ere, jendearentzat irekitako araubide bereziko establezimenduak zabaltzeko, udal-lizentzia eman beharko da, Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzak aldez aurreko txostena eginda.

  1. Lege honen aplikazio-eremuko establezimendu publikoetako sarreran, kartel edo plaka bat jarri behar da establezimenduaren jarduera eta titulartasuna identifikatzeko; kartel edo plaka hori toki ageri batean eta irakurtzeko moduan jarri beharko da, onartzen den eredu normalizatuaren arabera.

    Kartel edo plaka horretan, establezimenduaren izena eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: zer jarduera edo ikuskizun sartzen diren lizentzia, baimen edo aldez aurreko jakinarazpenean; ordutegia, baimendutako gehieneko edukiera eta adingabeek, hala badagokio, zer egoeratan duten debekatuta sartzea.

    Era berean, ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunetako lokalek identifikazio-bereizgarriak jarri beharko dituzte, eta adierazi zein taldetakoak diren, bakoitzak garatzen duen jardueraren arabera.

  2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ikuskizuna edo jolas-jarduera antolatzen duenak informazio hau jarri behar du jendearentzat agerian dagoen toki batean, eta ondo irakurtzeko moduan:

    1. Gaikuntza-agiriaren kopia: lizentzia, baimena edo aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpena, kasuaren arabera.

    2. Telefono-zenbakia, posta-helbidea, fax-zenbakia edo posta elektronikoko helbidea edo, baldin badu, webgunea, erreklamazioak aurkeztu edo informazioa eskatu ahal izateko.

    3. Erreklamazio-orriak daudela.

    4. Irekitzeko eta ixteko orduak.

    5. Gehienez ere baimentzen den edukiera.

    6. Onartzeko baldintzak, sartzeko mugak barne, halakorik badago.

    7. Ikuskizuna edo jarduera behar bezala garatzeko bete beharreko arau partikularrak edo jarraibideak, halakorik badago.

  3. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren berri ematen duten iragarki, kartel eta programek informazio hau eman behar dute gutxienez:

    1. Zer izen, telefono eta posta elektroniko daukan jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera antolatzen duenak.

    2. Zein motatakoa den jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera, eta nortzuk diren jotzaile nagusiak.

    3. Zein egunetan eta lekutan izango den jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera; zein den haren ibilbidea hala badagokio, ordutegia eta gutxi gorabeherako iraupena.

    4. Zeintzuk diren onartzeko baldintzak; zer bidetatik edo saltokitan erosi ahal diren sarrerak, eta zer prezio daukaten, zergak barne, hala badagokio.

    5. Hala badagokio, jendaurreko ikuskizunaren edo jolas-jardueraren sailkapena adinaren arabera.

  4. Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen eskumena duen sailak eredu normalizatuak argitaratuko ditu lehenengo paragrafoan jasotako informazio- eta publizitate-obligazioak betetzeko.

  5. Jardueren kartelak, iragarkiak eta programak edozein bitartekoz inprimatu, banatu edo zabaltzen dituzten enpresek administrazio publiko eskudunei lagundu beharko diete identifikatzen nork antolatu dituen iragarritako ikuskizun edo jarduerak.

  1. Baldintza hauetan salduko dira sarrera, eserleku eta abonamenduak:

    1. Antolatzaileek identifikatu behar dute zein bidetatik eta non eros daitezkeen jendeari zuzenean saltzen zaizkion sarrerak.

    2. Jendeari zuzenean saltzeko moduan jarri beharko dute edukieraren ehuneko minimo bat, erregelamenduz ezarriko dena. Ehuneko horretan edozein bitartekoren bidez egindako salmenta telematikoa ere sartzen da. Ehuneko minimo hori ez da eskatuko jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren estreinaldiak direnean edo ongintzako ikuskizunak direnean.

    3. Sarrerak edo abonamenduak ezin izango dira saldu publizitatean iragarri baino garestiago.

      Hala ere, kasuaren arabera, lizentzia eman edo aldez aurreko jakinarazpena jaso edo baimendu behar duen organoak baimena eman ahal izango du sarrerak edo abonamenduak komisioaz saltzeko.

    4. Debekatuta dago sarrerak eta abonamenduak errekarguaz birsaltzea, baimenik gabe komisioaz saltzea, edota ezkutuan saltzea. Horrelakoetan, kautelazko neurri modura, berehala kendu ahal izango dira sarrera edo abonamenduak, eta zehapen-prozedura ireki ahal izango da.

    5. Eusko Jaurlaritzak gai hauei buruz erregelamenduz ezartzen dituen gainerako baldintzak: abonuen bidezko salmenta, komisiodun salmenta baimentzea, sarreren salmenta telematikoaren baldintzak eta erregulatze berezia behar duten beste batzuk.

      Abonamendu bidezko salmentaren kasuan, edo klubek edo elkarteek antolatutako ikuskizunak direnean, abonamenduetan sartuta ez dauden edo aldez aurretik bazkideei gorde ez zaizkien txartelen arabera zehaztuko da atal honetan aipatzen den ehunekoa.

  2. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren antolatzaileek egiten dituzten sarrerek informazio hau izango dute, gutxienez:

    1. Hurrenkera-zenbakia.

    2. Antolatzailearen izena.

    3. Ikuskizuna edo jarduera.

    4. Tokia, eguna, hasiera-ordua eta amaitzeko gutxi gorabeherako ordua.

    5. Eserleku mota eta zenbakia, eserleku zenbakituko saioetan.

    6. Prezioa.

    7. Itzultzeko baldintzak.

    8. Erregelamendu bidez ezarritako beste edozein.

  1. Iragarritako moduan hasi eta burutu behar dira jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak, eta kartel, programa edo iragarkietan aurreikusitako denboran; salbu eta ustekabeko arrazoiek horiek aldatzea justifikatzen badute, eta aldaketok behar besteko aurrerapenarekin jakinarazten bazaizkio jendeari.

  2. Eusko Jaurlaritzak ezarriko du zein den establezimendu publikoen ordutegi orokorra, oreka zainduz dibertsiorako eta aisialdirako jarduera legitimoen eta enpresariek bere jarduera egiteko duten eskubidearen eta herritarren atsedenerako eta lasaitasunerako eskubidearen artean, eta kontuan hartuz, besteak beste, nolakoa den establezimendua, ikuskizuna edo jolas-jarduera eta zer urtaro edo urte-sasoi den, eta hark ezarriko ditu ordutegiaren luzapenak edo murrizketak ere.

  3. Jaiegunetan edo bestelako gertakizunetan, udalek inoiz luzatu ahal izango dute establezimenduen ordutegi orokorra, arau bidez aurreikusitako egoeretan eta moduetan.

  4. Establezimendu, ikuskizun edo jolas-jardueraren ezaugarriak direla-eta justifikatuta dagoenean ordutegi berezia jartzea, Eusko Jaurlaritzan jendaurreko ikuskizunen arloko eskumena duen sailak baimena eman ahal izango du ordutegi orokorra zabaltzeko. Horrelakoetan, ordutegi berezia jartzea auzokoei eragozpenik ez sortzeko ezarritako neurri zuzentzaile gehigarriak betetzearen baldintzapean ipini ahal izango da.

    Baimen horiek, berriz, ez dute etorkizunerako eskubiderik sortzen edo aitortzen eta beti bete beharko dira baimenok emateko ezarritako eskakizunak.

  5. Establezimendu publikoak, ikuskizunak edo jolas-jarduerak baimentzeko eskumena duten administrazioek, edo aldez aurreko jakinarazpena jasotzeko eskumena dutenek, modu berezian mugatu ahal izango dute ordutegi orokorra, ebazpen arrazoitu baten bidez, baldin eta ordutegi berezia jartzea justifikatzen badute establezimendu publiko, ikuskizun edo jardueraren ezaugarriek edo haiek egiten diren tokitik ospitale edo haur edo adinduentzako egoitza-ekipamenduetara dagoen distantziak.

  6. Artikulu honetan ordutegiei buruz xedatutakoa gorabehera, bete egin beharko dira ingurumen-kutsadurari eta kutsadura akustikoari buruzko lege-xedapenek ezarritako mugak.

  1. Haurrak eta nerabeak babesteko, artikulu honetan aurreikusitako mugak ezartzen dira adingabeak jendaurreko ikuskizunetan, jolas-jardueretan eta establezimendu publikoetan sartzeko eta haietan egoteko.

  2. Adingabeak ezin izango dira establezimenduetan sartu edo egon, baldin eta adingabeentzat desegokitzat jotako jarduerarik edo erakusketarik egiten bada establezimenduotan, edo adingabeentzat material edo informazio desegokia zabaltzen bada edozein bitartekoz. Bereziki debekatuta dago:

    1. Hemezortzi urtetik beherakoak sartzea edo egotea lege honetako katalogoan azaltzen diren erakusketa-areto berezietan, baldin eta proiekzioak, erakusketak edo zuzeneko emanaldiak pornografikoak badira, muturreko biolentzia erakusten badute edo, edukiari erreparatuta, adin nagusikoentzat badira.

    2. Adingabeak joko-establezimenduetan eta -lokaletan sartzea eta egotea; betiere, berariazko araudiaren arabera.

    3. Adingabeak dantzalekuetan, dantza-aretoetan eta diskoteketan sartzea eta egotea, kalterik eragin gabe adingabeentzako saioak egiteko baimena duten dantza-areto edo diskotekei buruz edota gazte-aretoei buruz xedatutakoari.

    4. Hamasei urtetik beherakoak taberna berezietan, pub eta disko-tabernetan sartzea eta egotea, salbu adin nagusikoekin daudenean, alkoholik kontsumitu barik eta 22:00ak arte.

  3. Antolatzaileek adinaren arabera sailkatu eta mailakatu beharko dute sartzea, erregelamenduz ezartzen den moduan, baldin eta antolatzen dituzten jendaurreko ikuskizunak edo jolas jarduerak arriskutsuak izan badaitezke adingabeen nortasuna garatzeko edo haiek prestatzeko. Sailkapen hori, berriz, ondo ikusteko moduan azaldu beharko da kanpoko karteletan, publizitatean eta sarreretan.

  4. Establezimendu eta instalazioek bezeroei Interneteko sarbidea eskainiz gero, edukiak murriztu, eta kautelak ezarri beharko dituzte adingabeak sartu ez daitezen nortasunaren garapenean eta prestakuntzan kalte egin diezaiekeen informazioan. Edonola ere, debekatuta dago adingabeak ziberkafetegietan sartzea, baldin eta Interneteko informatika-sareetako konexioek ez badiote erabiltzaileen adinari inolako mugarik jartzen.

  5. Dantza-areto edo diskotekek adingabeentzako saioak prestatu ditzakete, zeinetan onartuko baita hamalau eta hamazortzi urte bitarteko gazteak sartzea eta bertan egotea. Horretarako, gutxienez, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Adingabeentzako saioei buruz establezimendu horiek egiten duten publizitateak ez du adingabeentzako erreferentzia edo mezu desegokirik eduki edo aipatuko, ez zuzenean, ez zeharka.

    2. Debekatuta dago edari alkoholdunik edo tabakorik ematea edo saltzea.

    3. Establezimendu publiko horiek irekita daudenean, ezin da ustiatu zorizko jolas-makinarik edo -sistemarik.

    4. Establezimendua ezin izango da itxi erregelamenduz ezarritako ordua baino beranduago. Dena den, ordubete pasatu eta gero, lokala berriro ireki ahal izango da, baina ez zaie hemezortzi urtetik beherakoei sartzen utziko.

    5. Ezin izango da ikuskizunik egin, apaingarririk jarri edo propagandarik egin adingabeen osotasun fisiko, psikiko edo morala arriskuan jartzen badute.

  6. Bertaratzen den jendearen adina egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala edo agiri horren baliokidea erakusteko eska dezakete establezimendu publikoen edo instalazioen titularrek eta jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren antolatzaileek, zuzenean edo beren zerbitzura dauzkaten langileen bitartez. Ez diete sartzen utziko adina dokumentu bidez egiaztatzen ez dutenei edo, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, adinaren eskakizuna betetzen ez dutenei; barruan egonez gero, irtenaraziko dituzte, zuzenean edo beren zerbitzura dauzkaten langileen bitartez.

  7. Adingabeei ezin izango zaie edari alkoholdunik edo tabakorik saldu edo eman jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak antolatzen dituzten establezimenduetan edo instalazioetan sartzen direnean, eta gai horiei buruz indarrean dagoen legeria beteko da.

Kirol-, kultura- eta gizarte-interesa duten jendaurreko ikuskizunetan eta jolas-jardueretan, boluntarioek ikusleei eta erabiltzaileei informazioa eta asistentzia emateko lanak egin ahal izango dituzte, baita antolatzaileei eta agintariei laguntza ematekoak ere. Boluntarioen gestioa behar den erregelamenduaren bidez garatuko da.

  1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta lege honetan xedatutakoa garatzeko, erregelamenduz zehaztuko da zer ikuskizun, jarduera eta establezimendu publiko motek izan behar dituzten, beren izaera edo edukieragatik edo herritarren bizikidetzan izan dezaketen eraginagatik, ondoren azaltzen direnak:

    1. Segurtasun-neurri bereziak; behar izanez gero, arma edo bestelako objektu arriskutsuak antzemateko gailuak ere bai.

    2. Segurtasun pribatuko zerbitzuak, segurtasun pribatuari buruzko legerian ezarritako baldintza eta eskakizunekin.

    3. Jendea onartzeko zerbitzu bereziak, langileak egokiro identifikatu eta akreditatuta dituztenak, bezero edo erabiltzaileen sarrera kontrolatzeko.

  2. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz zehazten dituen baldintza eta ezaugarrien arabera pertsonak kontatu eta edukiera kontrolatzeko sistemak eduki beharko dituzte 700 pertsonatik gorako edukiera onartuta duten establezimendu publikoek edo instalazioek. Udal-agintaritzak arau-xedapen baten bidez zehaztuz gero, edukiera txikiagoa dutenek ere eduki beharko dituzte sistema horiek.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusita ez dauden establezimendu, lokal eta instalazioen titularren eta jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren antolatzaileek, nahi izanez gero, sarrera-kontrola eduki ahal izango dute, lege honetan aurreikusitako moduan.

  4. Sarrera kontrolatzeko funtzioa bete ahal izateko, beharrezkoa izango da jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren eskumena duen sailaren habilitazioa eskuratzea, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

  1. Lege honen ondorioetarako, sarrera ukatzeko eskubidea da establezimendu publikoen titularrek edo ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileek duten ahalmena jendea onartzeko eta bertan egoteko baldintza objektiboak ezartzeko.

  2. Baldintza horiek edo sarrera ukatzeko eskubideaz baliatzea, ostera, ez dira aitzakia izango bereizketarik egiteko erabiltzaileen jatorri edo jaioleku, arraza, sexu, erlijio, iritzi, desgaitasun, sexu-orientazio edo genero-identitatea dela-eta edo erabiltzaileen egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta.

  3. Establezimenduen titularrek eta ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileek sarrera ukatu beharko dute kasu hauetan:

    1. Edukiera beteta badago.

    2. Ixteko ordua iritsi bada.

    3. Zehaztutako gutxieneko adina, indarrean dauden arauen araberakoa, ez badu.

    4. Jokaera bortitzak azaltzen badituzte, ikusle edo erabiltzaileei enbarazu egin diezaieketenak, edo ikuskizuna edo jardueraren garapen arrunta eragozten dutenak.

  4. Establezimendu publikoaren, instalazioaren edo leku irekiaren sarreran eta saltokietan eta ikuskizunari edo jolas-jarduerari buruzko publizitatean edo propagandan, toki ageri batean eta ondo irakurtzeko moduan jarriko da zeintzuk diren onartzeko baldintzak, eta zer jarraibide ezarri den ikuskizuna edo jolas-jarduera normal garatzeko.

Erregelamendu bidez ezarriko da zein motatako establezimenduk, jendaurreko ikuskizunek eta jolas-jarduerak eduki behar dituzten langile gaituak lehen laguntza emateko eta larrialdietan jendea ebakuatzeko; horretarako, kontuan izango da zer neurri edo edukiera duen ikuskizunak edo jarduera garatzen den establezimendu, instalazio edo guneak.

Establezimendu publikoetako titularrek eta ikuskizun eta jardueren antolatzaileek aseguru-kontratu bat izenpetu beharko dute bertaratutako jendeari eta hirugarrenei gerta dakizkiekeen kalteen erantzukizun zibila estaltzeko araubidez zehazten diren estaldura eta zenbatekoez.

  1. Lege honen eranskin modura azaltzen den katalogoan jasotzen diren establezimendu publikoak irekitzeko, jarduera sailkatuaren lizentzia lortu behar da, edo jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitakoaren arabera eta lege honetan aurreikusten diren eskakizunen arabera.

  2. Establezimendu publiko baten jarduera sailkatuaren lizentziak edo aldez aurreko jakinarazpenak gaitu egiten du establezimendu-mota bakoitzari dagozkion edo gaikuntza-titulu horretan jasotzen diren ikuskizun eta jarduerak garatzeko.

  3. Establezimendu batek jarduera bat baino gehiago egiten badu batera eta jarduera horiek bereizita azaltzen badira lege honek aurreikusten duen ikuskizun, jolas-jarduera eta establezimenduen sailkapenean, hori jasota geratu beharko da lizentzian edo aldez aurreko jakinarazpenean. Era berean, lokalak edo esparruak eremu bat baino gehiago badauka eta bakoitza erabilera baterako bada, adierazi egin beharko da zein den leku bakoitzaren edukiera.

    Lege honen ondorioetarako, jarduera bateragarriak dira ordutegi eta dotazio baliokideak dituztenak, edo dotazio edo ikusle kopuru berak onartzen dituztenak.

  4. Establezimenduaren gaikuntza-tituluak orobat gaitzen du jarduera nagusiaren lagungarri edo osagarri diren beste kultura- edo gizarte-jarduera batzuk edo antzerki- edo musika-ikuskizun batzuk antolatzeko; betiere, gaikuntza-tituluan aurreikusitako gainerako baldintzarik aldatu behar ez bada hura garatzeko, eta, bereziki, edukiera, ordutegiak, instalazioak edo lokalaren konfigurazioa aldatu behar ez badira, edo autobabeserako planari eragiten ez badio plan hori beharrezkoa denean. Dena dela, udalari jakinarazpena aurkeztu beharko zaio jarduera osagarri hori hasi baino lehenago.

  5. Halaber, beharrezkoa izango da aldez aurretik lizentzia eskuratzea edo aldez aurreko jakinarazpena egitea ikuskizun- edo jarduera-mota erreformatzen denean, instalazioak eraberritzen direnean edo horiek lekuz aldatzen direnean.

  6. Establezimendua jarduerarik gabe egoten bada sei hilabetez jarraian, etenda geratuko da gaikuntza-tituluaren indarraldia, interesdunari aldez aurretik entzun ondoren eta modu arrazoituan, Administrazioak egiaztatzen duen arte betetzen direla establezimenduari eskatzen zaizkion baldintzak. Egiaztapena egin beharko da, betiere, hilabeteko epean gaikuntza-tituluaren indarraldiari eusteko eskaera argia egiten denetik.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 58. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera, jarduera sailkatuaren lizentzia lortzeko prozeduretan, proiektu teknikoak eta espedienteko gainontzeko dokumentazioa helarazi beharko dizkiote udalek Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen eskumena duen zuzendaritzari, honako kasu hauetan:

    1. 700 pertsonatik gorako kapazitate edo edukiera aurreikusita duten establezimenduak izatea.

    2. Zezen-plaza finkoak izatea.

    3. Jendearentzat irekitako establezimendu araubide berezikoak izatea, lege honen 15.4 artikuluaren arabera.

  2. Proiektua hamabost eguneko epean helaraziko da, lizentzia eskatzeko espedientea hasten denetik aurrera.

  3. Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzak txosten arrazoitu baten bidez udalari jakinarazi ahal izango dio araudi aplikagarriaren arabera derrigorrezkoak diren baldintzak ezarri dituela; eta baldintza horiek jarduera sailkatuaren lizentziari erantsiko zaizkio, obligazio modura.

    Organo autonomikoak dokumentazio osoa jasotzen duenetik hilabeteko epean udalak komunikazio espresik jasotzen ez badu, txostena aldekotzat joko da.

Jarduera sailkatuen aldez aurreko jakinarazpenetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren arabera aurkeztu beharreko dokumentazioa ez ezik, honako hauek ere aurkeztu beharko ditu establezimenduaren edo jardueraren titularrak:

  1. Ziurtagiria, aseguru-kontratua sinatu dela egiaztatzen duena, lege honetan ezarritako moduan.

  2. Autobabesari buruzko arautegiaren arabera entregatu behar den dokumentazioa.

  1. Ikuskizun edo jolas-jardueretarako aldi bateko jartzen diren instalazio edo egitura eramangarri edo desmuntagarriek udal-lizentzia edo -baimena lortu beharko dute horretarako zehazten diren eskakizunak bete eta gero.

  2. Aldi bateko instalazio edo egituretan jendearentzat eta jotzaileentzat exijitzen diren segurtasun-, higiene- eta erosotasun-baldintzak instalazio eta egitura finkoetan exijitzen direnen antzekoak izango dira. Baldintza horiek, bestalde, behar bezala justifikatu beharko dira espedientean, teknikari eskudunaren ziurtagiriaren bidez.

  3. Instalazioa onartzeko, antolatzaileak egiaztatu beharko du, batetik, badituela erantzukizun zibileko asegurua izenpetuta, lege honetako 24. artikuluan ezarritako terminoetan, eta hala badagokio autobabeserako plana, eta, bestetik, indarrean dagoen legedian aurreikusten diren gainerako betebeharrak betetzen dituela.

Gaikuntza-titulua eskuratu beharko da establezimendu nagusiari atxikirik kanpoan edo bide publikoan dauden terraza edo instalazioentzat. Gaikuntza-titulu hori udalak emango du, horretarako ezartzen den toki-araudiaren arabera. Araudi horrek, bestalde, mugatu ahal izango ditu instalazio horiek erabiltzeko ordutegiak, eta, batez ere, auzokoei eragozpenak sortu diezazkiekeen jarduerak mugatuko ditu.

  1. Barrakek eta azoketako atrakzioek bete egin behar dituzte indarreko arautegiak ezartzen dituen segurtasun-, higiene- eta osasungarritasun-eskakizun eta -baldintzak.

  2. Barrakak eta azoketako atrakzioak zein udaletan instalatu, udal horrek eman beharko du instalatzeko baimena. Baimen hori eman baino lehenago, erantzukizun zibileko asegurua lege honen 24. artikuluan aipatzen dena eta honako dokumentazio hau aurkezteko exijitu du udalak:

    1. Dokumentazio teknikoa, egiaztatzen duena betetzen direla, gutxienez, atrakzioa deskribatzeko eta hura muntatu, mantendu, zaindu eta erabiltzeko jarraibideei buruzko segurtasun-baldintzak.

    2. Atrakzioaren urteko berrikuspen-ziurtagiria, eskumena duen teknikari tituludunak edo ikuskatze-erakunde egiaztatuak egina.

    3. Segurtasun- eta sendotasun-ziurtagiria, eskumena duen teknikari tituludunak edo ikuskatze-erakunde egiaztatuak egin behar duena atrakzioa muntatzen den bakoitzean.

  1. Ordena publikoa, segurtasun publikoa, babes zibila eta osasun publikoa, bai eta kontsumitzaileak, zerbitzuen hartzaileak eta langileak babestea, ingurumena eta hiri-ingurunea babestea eta historia- eta arte-ondarea zaintzea dira Administrazioaren baimena lortu beharra eragiten duten interes orokorreko premiazko arrazoiak lege honetan aurreikusitako kasuetan ikuskizun eta jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko.

  2. Establezimendu publikoetan jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko, ez da aldez aurreko baimen edo jakinarazpenik behar, lege honen araberako gaikuntza-tituluren baten babespean badaude ikuskizun edo jarduera horiek.

  3. Kasu hauetan behar da Administrazioaren aldez aurreko baimena:

    1. Dagokion gaikuntza-tituluaren babespean ez dauden lokaletan aldian behin jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko, 25.4 artikuluan aurreikusitako egoeretan salbu.

    2. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko gaikuntza-titulua duten establezimendu publikoetan aldian behin halakoak egiteko, ikuskizun eta jarduera horien eraginez baldintza tekniko orokorrak aldatu behar badira, segurtasuna ere aldatu behar bada, edukiera handitu behar bada, edo jendea hartzeko egitura desmuntagarriak jarri behar badira.

    3. Ikuskizunak eta jolas-jarduerak leku irekietan egiteko, 33. artikuluan aurreikusten den moduan.

    4. Zezen-ikuskizun eta zezenketetarako, salbu eta erregelamenduz ezartzen denean horiek egiteko aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu behar dela.

    5. Ikuskizun piroteknikoetarako, salbu eta erregelamenduz ezartzen denean horiek egiteko aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu behar dela.

    6. Herriz kanpoko bideetan kirol-probak egiteko.

    7. Ikuskizunaren edo jardueraren nolakotasuna eta ezaugarriak kontuan hartuz legez ezartzen diren beste kasuetarako, artikulu honen lehenengo paragrafoan adierazitako interes orokorreko arrazoiak baldin badaude.

Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko, eskakizun hauek bete behar dira:

  1. Behar bezala identifikatutako pertsona edo erakundeen ardurapean deitu, antolatu eta egin behar dira, argi eta garbi zehaztuta nork zer erantzukizun duen, eta betiere lege honek ezarritakoaren araberako gaikuntza-titulu baten babespean.

  2. Lokalek edo guneek segurtasun-baldintzak, osasungarritasun- eta higiene-baldintzak eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzak bete behar dituzte.

  3. Indarrean dagoen araudiak aurreikusiz gero, zaintzaileak eta sarbide-kontroleko langileak eduki behar dira.

  4. Autobabes-plan bat eduki behar da, hala aurreikusten badu indarrean dagoen araudiak.

  5. Erregelamenduz zehazten diren higiene- eta segurtasun-zerbitzuak eta osasun-laguntzarako egiturak eduki behar dira.

  6. Pertsonak kontatzeko eta edukiera kontrolatzeko sistemak eduki behar dira, hala dagokionean.

  7. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak duen eragin akustikoaren balorazioa aurkeztu behar da, eta, hala badagokio, neurriak hartu behar dira eragin horri aurrea hartzeko eta gutxitzeko.

  8. Kontratatuta eduki behar da legez eska daitekeen aseguru-poliza.

  9. Garatzeko arauetan halakoetarako eskatzen diren baldintzak betetzea.

  1. Bide publikoan edo leku publikoetan ikuskizunak eta jolas-jarduerak egiteko, beharrezkoa da udalerri bakoitzean leku publikoen erabilera berezirako edo erabilera pribatiborako dagoen araudiarekin bat datozen gaikuntza-tituluak edukitzea.

  2. Nolanahi ere, aldez aurreko baimen berezia beharko da ikuskizunak eta jolas-jarduerak bide publikoan edo leku publikoetan egiteko, betiere instalazio edo egitura finkoak, aldi batekoak, eramangarriak edo desmuntagarriak erabiltzen badira ikuskizun edo jarduera horiek gauzatzeko edo ikusleentzako estalpea jartzeko.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan, ikuskizunak edo jarduerak 700 pertsonatik gorako edukiera edo kapazitatea duten sarbide mugatuko barrutietan egiten direnean, Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzak egindako txostena eskuratu beharko da baimena eman aurretik, eta, horretarako, ekitaldiari buruz dagoen informazioaren kopia bidali beharko da.

    Kasu horietan, lege honetako 26.3 artikuluan aurreikusten den prozedurari jarraituko zaio ikuskizunen arloko eskumena duen organo autonomikoak txostena egiteko.

  4. Artikulu honetan aurreikusten diren baimenak emateko, baimenetarako eskatzen diren baldintza eta betekizun orokorrak eta baimenen araudi espezifikoan eskatzen direnak bete beharko dira, eta, horrez gain, jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak eragiten duen mugigarritasunaren analisia aurkeztu beharko da. Analisi horretan, gainera, antzemandako premiei erantzuteko zer neurri berezi aurreikusten den adierazi beharko da.

Erregelamenduz arautuko dira zezen-plazen eta zezen-ikuskizunak egiteko toki eta instalazioen ezaugarriak eta era horretako jarduerak antolatzeko eta garatzeko modua, horrela ikuskizunen osotasuna bermatzeko, zezenketetan parte hartzen duten profesionalen, zaletuen eta publiko orokorraren eskubideak babesteko, eta ikuskizun horien administrazio-antolaketaren berezitasunei erantzuteko.

  1. Estatuan lehergaiei buruz indarrean dauden arauek eta lege hau garatzearren erregelamenduz zehazten direnek ezarriko dute zer segurtasun-baldintza bete beharko diren ikuskizun piroteknikoetan.

  2. Erregelamenduz aurreikusiko da zein kasutan izango den nahikoa aldez aurreko jakinarazpena aurkeztea ikuskizun piroteknikoak egiteko, erabiltzen den lehergai-motaren eta kopuruaren arabera.

Herriz kanpoko bideetan kirol-probak egiteko, proba egitekoa den lekuaren titularren adostasuna behar da, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren baimena lortu behar da aurretik, hain zuzen ere trafikoko eta bide-segurtasuneko eskumenak dituen zuzendaritzarena. Bestalde, horrelako probak egiteko, bide-segurtasuneko araudian, lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa bete beharko da.

  1. Jendaurreko ikuskizunei eta jolas-jarduerei dagokienez, udalek hau dena egiteko ahalmena dute, hirigintza, hiri-ingurumen eta osasungarritasun publikoaren babesaren arloetan dauzkaten eskumenen garapen gisa:

    1. Establezimenduetan aldian behin ikuskizun eta jarduerak egiteko aldez aurreko jakinarazpenak jasotzea, 25.4 artikuluarekin bat etorriz.

    2. Lokal edo establezimenduetan aldian behin ikuskizun eta jarduerak egiteko baimena ematea, 31.3 artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoarekin bat etorriz, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari ez dagokionean.

    3. Leku irekietan ikuskizunak eta jolas-jarduerak egiteko gaikuntza-tituluak ematea, 31.3.c) eta 33. artikuluek aurreikusitako baldintzetan.

  2. Gerta daiteke dena delako ikuskizun edo jolas-jarduerak aldi berean udalerri bat baino gehiago hartzea. Halakoetan, udalerri horietan guztietan lortu beharko da aldez aurreko baimena, edo aurkeztu beharko da aldez aurreko jakinarazpena, kasuaren arabera.

  3. Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari dagokio hauek guztiak egitea:

    1. Lokal eta establezimenduetan aldian behin ikuskizun eta jarduerak egiteko baimena ematea, 700 pertsonatik gorako kapazitatea edo edukiera badute lokal edo establezimendu horiek, 31.3 artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoarekin bat etorriz.

      33.3 artikuluan aurreikusten diren ikuskizun eta jolas-jarduerak egiteko baimenen txostenak egitea. Txosten horiek lotesleak izango dira baimenak ukatzen direnean edo derrigor bete beharreko baldintzak ezartzen zaizkienean baimenei.

    1. Zezen-ikuskizun eta zezenketak egiteko baimenak ematea edo, hala badagokio, ikuskizun eta jai horien aldez aurreko jakinarazpenak jasotzea.

    2. Ikuskizun piroteknikoak egiteko baimenak ematea edo, hala badagokio, ikuskizun horien aldez aurreko jakinarazpenak jasotzea.

  4. Eusko Jaurlaritzan trafiko eta bide-segurtasuneko eskumena duen zuzendaritzari dagokio baimenak ematea herriz kanpoko bideetan kirol-probak egiteko.

  1. Ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko ematen diren baimenak ikuskizun edo jarduera horiek egitearekin batera bukatzen dira.

  2. Lege honetan araututako baimenak eskuratu behar dituzte jendaurreko ikuskizunek, jolas-jarduerek eta establezimendu publikoek, baina baita beste baimen hauek ere: ikuskizunaren edo jardueraren ezaugarrien arabera indarrean dagoen legediak exijitzen dituenak.

    Emandako baimenak transmititu ahal izango dira, non ez diren eman kontuan izanik baimendutako subjektuen ezaugarri partikularrak. Salbuespen gisa eta modu arrazoituan, aldi batez eten ahal izango da transmisioa edo debekatu transmisio gehiago egitea erregelamenduz zehazten diren kasuetarako.

  3. Lege hau garatzeko egiten diren erregelamendu espezifikoek aurreikusten duten epea erabiliko da jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak baimentzeko eskaerak ebazteko eta ebazpen horiek jakinarazteko.

    Erregelamendu espezifikorik ez badago, hiru hilabetekoa izango da 33. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusten diren baimenak lortzeko prozedurak ebazteko eta ebazpen horiek jakinarazteko epea. Epe horretan ebazpenaren jakinarazpenik jasotzen ez bada, eskatutako baimena eman zaiola ulertu ahal izango du interesdunak. Administrazioak ebazpen espresa emateko betebeharraren kalterik gabe ulertu behar da hori guztia.

    Gainontzeko kasuetan, lege hau garatzeko erregelamendu espezifikoek besterik ezarri ezean, ikuskizuna edo jarduera egiteko aurreikusten den eguna baino gutxienez hamar egun lehenago aurkeztu beharko da eskaera. Ikuskizuna edo jarduera egin baino hirurogeita hamabi ordu lehenago ez bada ebazpenaren jakinarazpenik egiten, eskatutako baimena eman zaiola ulertu ahal izango du interesdunak.

  1. Aldez aurreko jakinarazpena eska daitekeen kasuetan, jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera hasi baino gutxienez hamar egun lehenago aurkeztu behar da jakinarazpen hori, eta hau dena adierazi behar da bertan:

    1. Nor den establezimenduaren titularra edo ikuskizun edo jardueraren antolatzailea.

    2. Zer jendaurreko ikuskizun, jolas-jarduera edo zerbitzu emango den.

    3. Zenbat denbora iraungo duen.

    4. Zer establezimendu publikotan edo zein tokitan egingo diren egin beharreko ikuskizun edo jarduerok.

    5. Zein den toki horien edukiera edo kapazitatea.

    6. Erregelamendu bidez ezarritako gainerako dokumentazioa.

  2. Aldez aurreko jakinarazpenak dena delako jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera egitea ahalbidetzen du, baina, hala ere, egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatu ahal izango du administrazio eskudunak. Baimenaren indarraldia ikuskizuna edo jarduera egitearekin bukatuko da.

  3. Aldez aurreko jakinarazpenik ez bazaio aurkezten administrazio eskudunari, edo jakinarazpenarekin batera doan edo hari eransten zaion edozein funtsezko datu, adierazpen edo dokumentu zehaztu gabea edo faltsua bada edo ez bada aurkezten, gorabehera hori antzematen denetik aurrera ezin izango da jarraitu dena delako eskubideaz baliatzen edo jarduera egiten, eta, gainera, erantzukizun penal, zibil eta administratiboak eskatu ahal izango dira. Halakoetan, administrazio eskudunak jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera bertan behera utzi ahal izango du.

    Funtsezko datuak dira, ondorio hauetarako, artikulu honetako lehen paragrafoan aipatzen direnak.

  1. Establezimenduak eta instalazioak beti akatsik gabe funtzionatzeko moduan edukitzeko betebeharra dute titularrek eta antolatzaileek; hau da, arautegi aplikagarrian eta dagokion baimenean nahiz aldez aurreko jakinarazpenean ezartzen den bezala eduki behar dituzte establezimendu eta instalazioak.

  2. Lege honen aplikazio-eremuan dauden establezimendu publikoen titularrek beste betebehar bat ere badute: aplikagarri zaien arloko araudian aurreikusten diren funtzionamendu-kontrolak eta berrikusketa teknikoak egitea establezimendu eta instalazioei.

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, administrazio publikoetako organoek, nork bere eskumenen eremuan, zaindu eta begiratuko dute ea betetzen diren jendaurreko ikuskizunei, jolas-jarduerei eta establezimendu publikoei buruzko legeak. Horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

  1. Establezimenduak eta instalazioak ikuskatzeko ahalmena.

  2. Ikuskizunak eta jolas-jarduerak nola egiten diren kontrolatzeko ahalmena.

  3. Debekatzeko, bertan behera uzteko, ixteko eta beharrezko irizten diren segurtasun-neurriak hartzeko ahalmena.

  4. Hartu beharreko behin-behineko neurriak hartzeko ahalmena, eta lege honetan tipifikatutako arau-hausteei zehapenak ezartzekoa.

  1. Lege honen arabera udalari dagokionean jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueretarako baimenak ematea edo horiek egiteko aldez aurreko jakinarazpenak jasotzea, udalak berak ikuskatuko ditu udalerriko establezimendu publikoak eta instalazioak, eta hark egingo du establezimendu eta instalazioetan egiten diren jardueren eta gainontzeko ikuskizun eta jolas-jardueren kontrola.

  2. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak eskumena du berak baimendu beharreko ikuskizun eta jolas-jarduerak ikuskatu eta kontrolatzeko. Halaber, aldez aurreko jakinarazpena jasotzea berari dagokion kasuetan ere, eskumena du ikuskatze- eta kontrol-lan horiek egiteko.

  3. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak aldizkako ikuskatze-lanak egin ahal izango ditu establezimendu publikoetan, establezimendu horiei lizentzia emateko beharrezkoa bada zuzendaritza horrek nahitaezko txostena egitea. Halaber, ikuskatu eta kontrolatu egin ahal izango ditu ikuskizunak eta jolas-jarduerak, horiek baimendu aurretik, dagokion udalerriaren lana osatuz eta harekin koordinazioan, zuzendaritza horrek legez txostena egin behar badu.

  4. Pertsonen bizikidetza, segurtasuna edo osasuna arriskuan jartzen den kasuetan, ikuskizunen arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak udalen ikuskatze-jarduera bere gain har dezake; hain zuzen ere, egiaztatzen denean udalek ez dutela zeregin hori betetzen, betetzeko eskatuta ere. Ikuskatze-lan horiek udalaren kontura egingo dira, udalak bitarteko eta langile tekniko nahikoak eduki arren ikuskatze-lanok egiten ez dituenean.

  1. Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak nahitaezko txostena egin eta gero, Eusko Jaurlaritzak onartuko ditu establezimendu publikoak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak ikuskatzeko kontuan hartu behar diren helburu eta lehentasunak, eta helburu eta lehentasun horiek bete beharko dituzte, lurralde osoan, bere ikuskatze-zerbitzuek eta udalen ikuskatze-zerbitzuek.

    Era berean, ikuskaritza-planak udalekin batera egiten eta adosten saiatuko da Eusko Jaurlaritza, ikuskaritza koordinaturik egitearren eta antzeko ikuskatze-irizpide eta -metodologiak erabiltzearren.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako programazio hori osatzeko orduan, kontuan izan beharko da zer garapen eta bilakaera duen aisialdiaren arloak, zer eragin duen gizartean, jarduerek zer garrantzi duten, nolakoak diren edo zein egoeretan dauden, eta nolako disuasio-efektua lortu nahi den ikuskaritza-lanarekin.

  3. Artikulu honetan aipatzen diren helburu eta lehentasunen esparruan, Eusko Jaurlaritzak eta udalek ikuskatze-programak finkatu behar dituzte, eta programa horiek ezagutarazi behar dizkiete programen eraginpean dauden beste administrazioei.

  1. Ertzaintzako Joko eta Ikuskizun Ataleko kideek edo udaltzaingoetako kideek ikuskatuko dituzte establezimendu publikoak eta instalazioak, eta, horrez gain, ikuskizunak eta jolas-jarduerak ere kontrolatuko dituzte. Ikuskatze-lanak egiteko eskumena duen administrazioak, halaber, kasu bakoitzean eskatzen diren zehaztasun teknikoak dituzten beste pertsona edo erakunde batzuk gaitu ditzake ikuskatze-lanak egiteko.

    Lege honen esparruan garatzen diren ikuskaritza-ahalmenak beste hauetara ere zabaltzen dira: saio pribatuak, entseguak eta gainerako prestaketa-ekintzak.

  2. Establezimenduaren egitura, ekipamendua edo dokumentazioa baldin bada ikuskatu beharrekoa, bi eratara egin daiteke ikuskatze-lana: aurretiaz programatuta; edo aurretik abisatu gabe, dena delako establezimendua edo jarduera martxan dagoen bitartean edo entsegu edo prestaketa-ekintzak egiten ari diren bitartean, hartara establezimendua, ikuskizuna edo jarduera benetan nola doan ikusteko. Edonola egiten delarik ere, ahalik eta nahasmendurik txikiena eragingo zaio jarduerari.

  3. Lokal eta instalazioen titularrek eta ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileek obligazioa dute ikuskatze- eta kontrolatze-lanetarako baimenduta dauden pertsonei edozein momentutan sartzen uzteko, eta ikuskatze-lanetan laguntzeko. Ikuskatzaileak titulartasun publiko edo pribatuko edozein toki, instalazio edo bulegotara sar daitezke, betiere etxeetan sartzeko konstituzio-mugak gainditu gabe.

  4. Eskumena duten administrazio publikoek edozein unetan eska diezaiekete lokal eta instalazioen titularrei edo ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileei aurkez dezatela eskatzen zaizkien segurtasun-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa.

  5. Ikuskapen bakoitzeko, akta bat egingo da, eta interesdunak, ondorioekin ados ez baldin badago, aktan adierazi ahal izango du bere desadostasuna. Akta hori interesdunari jakinarazi eta eskumena duen administrazio-organoari helaraziko zaio.

  6. Ikuskapenaren emaitzek irregulartasunak daudela atzematen badute, ikuskaritzak organo eskudunari jakiaraziko dio, organo horrek zehapen-espedientea irekitzeko erabakia har dezan eta, hala badagokio, atzemandako irregulartasunak zuzentzea galdatu dezan.

  1. Euskadiko polizia-kidegoetako zaintza-zerbitzu arruntek arreta berezia jarriko dute egiten diren ikuskizun eta jolas-jardueretan, bakoitzak bere eskumenen eremuan.

  2. Ikuskizun edo jolas-jardueretan jende asko bilduko delako, lehenago ere istiluak edo indarkeriazko ekintzak gertatu izan direlako edo herritarren ordena eta lasaitasuna nahasteko arriskua egon litekeela pentsatzen delako beharrezkotzat jotzen bada polizia-segurtasuneko dispositibo bereziak aurreikustea, polizia-kidegoen arteko koordinaziorako ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera koordinatuko dira dispositibo horiek.

  3. Kirol-ikuskizunetan indarkeriari, arrazakeriari eta xenofobiari aurrea hartzeko ahaleginean, dena delako ikuskizunerako onartuta dauden arauetan jartzen duena eta lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan xedatuta dagoena bete beharko da.

  1. Kasu batzuetan, lege honen arabera jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak baimentzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duten administrazio-agintaritzek ikuskizun eta jarduera horiek debeka ditzakete, ebazpen arrazoitu baten bidez, edo, hasita baldin badaude, bertan behera utz ditzakete, Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun publikoaren eskumenak dituzten agintaritzen eskumenetatik ezer kendu gabe. Hona hemen kasu horiek:

    1. Lege honetan aurreikusitakoaren arabera debekatzekoak izatea.

    2. Nahitaez eduki beharreko aldez aurreko baimen edo jakinarazpenik ez edukitzea, edo horietan azaltzen diren baldintzak aldatzea, eta eskatzen zaizkien segurtasun-baldintzak ez betetzea.

    3. Benetako arriskua egotea pertsonentzat eta ondasunentzat.

    4. Pertsonak eta ondasunak arriskuan jartzeko moduko nahasmendu larria gertatzea edo aurreikustea.

  2. Aurreko paragrafoko a), c) eta d) letretako kasuetan, agintaritzak ikuskizunean edo jolas-jardueran dauzkan ordezkariek ikusten baldin badute egoera benetan larria dela, ikuskizuna edo jarduera bertan behera uzteko agindu dezakete ordezkari horiek. Erabakia beraiek hartu beharko dute, baina antolatzaileei aurretiaz abisatuta.

  1. Eskumena duten agintariek, halaber, interesdunei entzunaldia eskaini eta gero, itxi eta zigilatu ahal izango dituzte aldez aurreko lizentzia edo jakinarazpenik gabeko lokal eta instalazioak. Ebazpen arrazoitua eman beharko dute horretarako.

  2. Era berean, neurri horiek hartu ahal izango dituzte lizentzia daukaten lokal eta instalazioekin edo aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu dutenekin, baldin eta pertsona eta ondasunen segurtasuna edo osasungarritasun publikoa arrisku larrian jartzen duten akatsik badute.

    Kaltea berehala gertatzeko arriskua baldin badago, neurri horiek interesdunari entzun gabe ere har daitezke. Hain zuzen ere, agintaritza eskudunek edo ikuskari-lanetan ari diren agenteek edo funtzionarioek har ditzakete. Azken horiek hartzen badituzte urgentziazko horrelako neurriak, agintaritza eskudunak berretsi beharko ditu, gehienez ere berrogeita zortzi orduko epean eta, berretsi ezean, indarrik gabe geratuko dira.

  3. Neurri horiek eraginkorrak izango dira egoera eragin duten arrazoiek bere horretan dirauten bitartean.

Segurtasuna bermatzeko hartutako neurriak eraginkorrak izan daitezen, beste aukera bat ere badago: debekatu edo bertan behera utzi den ikuskizun eta jarduerako ondasunak konfiskatzea, behar bezain beste denborarako. Agintaritza eskudunek egin dezakete hori edo, bestela, zuzenean, agente edo funtzionario ikuskatzaileek.

Ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumenak dituzten administrazioek daukate eskumena kapitulu honetako 46., 47. eta 48. artikuluetan aurreikusita dauden segurtasun-neurriak hartzeko.

Hala ere, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloko eskumena duen sailak neurri horiek hartu ahal izango ditu inhibizio kasuan, aldez aurretik tokiko erakundeari errekerimendua egin ondoren, edo hala justifikatzen duten urgentziazko arrazoiengatik.

  1. Ikuskizun, jolas-jarduera eta establezimenduen arloko arau-hauste administratibotzat joko dira lege honetan tipifikatuta dauden ez-egiteak edo ekintzak. Arau-hauste horiek, bestalde, lege hau garatzen duten erregelamenduetan zehaztu ahal izango dira, betiere ezertan aldatu gabe eragin ditzaketen erantzukizun zibil eta penalak edo bestelako erantzukizunak.

  2. Esparru honetako arau-hauste administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

  1. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egitea nahitaezko lizentzia edo baimenik gabe edo, hala badagokio, aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu gabe, edo lizentzia, baimen eta jakinarazpen horietan ezarritako baldintzak ez betetzea, eta, horren guztiaren ondorioz, pertsona edo ondasunentzako arrisku larria eragitea.

  2. Baimendutako gehieneko jende-edukiera gainditzea eta, ondorioz, pertsona eta ondasunentzako arrisku handia eragitea.

  3. Indarrean dagoen araudian ezarritako edo lizentzia, baimen edo ikuskapenean exijitutako segurtasun-neurriak ez betetzea, eta lokalak edo instalazioak egoera kaskarrean edukitzea, bermatu beharreko segurtasun-maila asko murriztuz.

  4. Establezimendu, esparru edo instalazioak ez erabiltzea gaikuntza-tituluaren arabera erabili beharreko jardueretarako, beste batzuetarako baizik; eta, horrela, pertsona eta ondasunentzako arrisku larriko egoerak eragitea.

  5. Lizentziak edo baimenak baimendutako edo aldez aurreko jakinarazpenean adierazitako ikuskizun edo jolas-jarduera egin beharrean, beste bat egitea, pertsonak eta ondasunak arrisku larrian jarriz.

  6. Sarrera ukatzeko eskubidea arbitrarioki, diskriminazioz edo gehiegikeriaz erabiltzea.

  7. Pertsonak ebakuatzeko ezarritako baldintzak ez betetzea, eta arau orokorretan edo baimen edo lizentzian ezarritako prebentzio-neurriak ez aplikatzea, larriki murriztuz eskatzen den segurtasun-maila.

  8. Lege honek berariaz debekatzen dituen ikuskizunak eta jolas-jarduerak egitea.

  9. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak debekatzeko edo bertan behera uzteko agintzen duten segurtasun-neurriak ez betetzea, ez eta ixteko eta zigilatzeko neurriak ere.

  10. Administrazio-bidean irmoak diren ixteko edo bertan behera uzteko zehapenak dituzten establezimendu publikoak, lokalak edo instalazioak berriz irekitzea, zehapenok oraindik indarrean direla.

  11. Ikuskizun edo jolas-jardueraren bat egitea, horretarako gaitasuna kentzeko zehapena oraindik indarrean dela.

  12. Benetakoak ez diren dokumentu edo datuak aurkeztea jendaurreko ikuskizun, jolas-jarduera eta establezimendu publikoei buruzko prozeduretan.

  13. Bi arau-hauste larri edo gehiago egiteagatik administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso ondoren, berriz ere arau-hauste larri bat egitea, urtebeteko epean.

Hauek dira arau-hauste larriak:

  1. Aurreko artikuluko 1, 2 eta 3 zenbakietan jasotzen diren arau-hausteak egitea, baina pertsonak edo ondasunak arrisku larrian jarri gabe.

  2. Establezimendu, esparru edo instalazioak ez erabiltzea gaikuntza-tituluaren arabera erabili beharreko jardueretarako, beste batzuetarako baizik.

  3. Lizentziak edo baimenak baimendutako edo aldez aurreko jakinarazpenean adierazitako ikuskizun edo jolas-jarduera egin beharrean, beste bat egitea.

  4. Bete beharreko higiene- eta osasungarritasun-neurriak ez betetzea, eta horrek pertsonen edo ondasunen segurtasunean eragitea.

  5. Garbitasun edo higiene falta komunetan.

  6. Establezimendu publikoak errentan uztea edo lagatzea ikuskizun edo jarduerak egiteko baita lege honen 3.2 artikuluan zehaztutako ikuskizun edo jarduerak egiteko ere, indarrean dagoen legediak agindutako segurtasun-neurriak leku horietan betetzen ez direlarik.

  7. Adingabeei sartzen uztea adingabeentzat debekatuta dauden jendaurreko ikuskizun, jolas-jarduera eta jendearentzat irekitako establezimenduetan.

  8. Establezimendu publikoetan ez betetzea pertsonen ebakuaziorako neurriak, koloka larrian jartzen ez delarik pertsona eta ondasunentzako eskatzen den segurtasuna.

  9. Armekin edo arma modura erabil daitezkeen objektuekin sartzea edo joatea establezimendu publikoetara edo jendaurreko ikuskizun nahiz jolas-jardueretara.

  10. Armak edo objektu arriskutsuak sartzen uztea edo halakoak onartzea, derrigorrezko kontrola eskatzen den kasuetan kontrol hori ez egiteagatik.

  11. Erreklamazio-orriak edukitzeko obligazioa ez betetzea, edo bezero nahiz erabiltzaileei orriok eman nahi ez izatea.

  12. Legeak agindutako aseguru-kontratua sinatuta edukitzeko obligazioa ez betetzea.

  13. Petardo, jaurtigairik gabeko arma, bengala eta bestelako su artifizialak erabiltzea, lortu beharreko baimenik gabe edo kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian ezarritako betekizunak bete gabe.

  14. Establezimenduek giro-musika eta musika-aparatuak erabiltzea, edo dantzaleku-zerbitzuak eskaintzea, establezimendu bakoitzaren sailkapen taldeari dagokion gaikuntza-tituluak babestutako kasuetatik eta orduetatik kanpo.

  15. Zaintza-zerbitzuak edo -neurriak edo sarrerak kontrolatzeko sistemak ez betetzea, lege honetan jasotakoaren arabera derrigorrezkoak direnean.

  16. Mugikortasun urria duten pertsonak jendaurreko ikuskizun, jolas-jarduera eta establezimendu publikoetara iristea bermatzen duten baldintzak ez betetzea.

  17. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak justifikaziorik gabe bertan behera uztea edo aldatzea.

  18. Ikusleek ikuskizuna osorik ikusiko dutela edo jolas-jardueran iragarri bezala parte hartuko dutela bermatzen duten baldintzak ez betetzea.

  19. Ikuskizuna egin nahi ez izatea, programatutako ikuskizuna aldatzea edo ikuskizuna egiteko ezarritako arauak ez betetzea, justifikaziorik gabe.

  20. Artistek edo jotzaileek, antolatzaileek edo establezimenduetako titularrek edota horiek kontratatutako pertsonek begirunerik gabe jokatzea, nahierako tratua ematea, inor baztertzea edo ikusleak nahita xaxatzea, eta, horrela, giroa asaldatzeko arriskua eragitea.

  21. Iragarritako ikuskizuna edo jolas-jarduera aldatu edo bertan behera lagaz gero, sarrerak erosteko ordaindutako dirua ez itzultzea, erregelamenduz hala egingo dela aurreikusita dagoenean.

  22. Ikusleei edo erabiltzaileei ez uztea lokal edo establezimenduko zerbitzu orokorrak erabiltzen.

  23. Ikuskizuna edo jolas-jarduera behar bezala garatzeko oztopo diren asaldurak edo ikusleak arriskuan jar ditzaketen asaldurak eragitea, edo halakorik gertatzen uztea.

  24. Ikusleak agertokira edo ikuskizunaren lekura joatea ikuskizuna edo jolas-jarduera martxan dela, hala aurreikusita dagoenean izan ezik.

  25. Ikusleen aukeratzeko gaitasuna nahasteko edo engainatzeko asmoa duen informazioa zabaltzea, edo halako promozio eta publizitatea egitea.

  26. Lege honek ezartzen dituen funtzionamendu- eta berrikusketa-kontrolak ez egitea.

  27. Adingabeen ongizate fisikoa, psikikoa edo morala kolokan jar lezaketen jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egitea, horretara eraman dezakeen dekorazioa jartzea establezimenduetan, edo horri buruzko publizitatea egitea.

  28. Oinarrizko eskubideen kontrako ekintzetara dei egiten duten jantzi, sinbolo edo gauzaren bat daukatenei baimena ematea jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueraren bat ematen ari diren esparru, lokal, establezimendu edo instalazioetara sartzeko, eta, bereziki, indarkeriara, xenofobiara edo bazterkeriara dei egiten duen edozer badaramate.

  29. Erositako sarrera edo abonamenduak errekarguarekin birsaltzea edo komisioarekin saltzea, baimenik gabe edo ezkutuan, eta lege honetan nahiz lege hau garatzeko arauetan sarrerak eta eserlekuak saltzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.

  30. Lanean dabiltzan agintaritzaren agenteei edo funtzionario ikuskatzaileei ez uztea establezimendura edo esparrura sartzen, eta haiei laguntzeko prest ez egotea.

  31. Establezimenduen titularrek edo jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueretako antolatzaileek ikuskizunetan edo jardueretan parte hartzen dutenei, beraien mende daudenei eta ikusleei edo erabiltzaileei onartzea edo uztea lege honetan aurreikusitako arau-hausteak egiten.

  32. Bi arau-hauste arin edo gehiago egiteagatik administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso ondoren, berriz ere arau-hauste arin bat egitea, urtebeteko epean.

Hauek dira arau-hauste arinak:

  1. Aldez aurreko jakinarazpena nahitaezkoa denean, hori aurkeztu gabe egitea ikuskizunak eta jolas-jarduerak.

  2. Titulartasun-aldaketa ez jakinaraztea lege honek ezarritakoaren arabera.

  3. Lege honen 16. artikuluko informazio- eta publizitate-obligazioak ez betetzea, eta jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren promozioaz edo publizitateaz arduratzen diren enpresek ez betetzea artikulu horrek administrazio publiko eskudunei laguntzeko ezartzen dien betebeharra.

  4. Beharrezko baldintzak betetzen ez dituzten erreklamazio-orriak edukitzea.

  5. Informazio nahikoa ez duen eta, bereziki, lege honek agintzen duen informazioa ez duen publizitatea zabaltzea jendartean.

  6. Ikusleek, bertaratuek edo erabiltzaileek errespeturik gabe jokatzea artista edo jotzaileekin, antolatzaile eta titularrekin, horiek kontratatutako pertsonekin eta gainerako publikoarekin, eta alderantziz.

  7. Ikusle, bertaratu edo erabiltzaileak agertokira edo jotzaileen edo artisten antzezlekura joatea ikuskizuna hasi aurretik edo amaitu eta gero.

  8. Lege honen 17.2 artikuluak agintzen duen informazioa ez daukaten sarrerak ateratzea.

  9. Jendaurreko ikuskizun edo jolas-jarduerarako jarritako hasteko edo bukatzeko ordua ez betetzea, edo jendearentzat irekitako establezimenduak ixteko edo irekitzeko orduak ez betetzea.

  10. Establezimendutik irtetean edo establezimendura sartzean zarata ateratzea edo eragozpenak eragitea, inguruko auzokoei atsedena galarazteko moduan.

  11. Ikusleek eta erabiltzaileek ez betetzea lege honen 9. artikuluak agintzen dituen betebehar eta obligazioak, betiere ez-betetze hori ez bada artikulu honetan bertan jasotako beste arau-hauste mota bat edo arau-hauste larri edo oso larri bat.

  12. Pertsona-taldeek ostalaritzako lokaletatik kanpo eskuratutako edariak edatea kalean edo leku publikoetan, eta elkarretaratze edo edari-kontsumo horren ondorioz leku publikoa erabiltzen dutenei edo auzokoei eragozpenak eragin, inguruaren lasaitasuna asaldatu edo egoera osasungaitzak sorrarazi ahal izatea.

  13. Aurreko artikuluan aurreikusitako edozein arau-hauste egitea, nolakoa den eta zergatik eta zer egoeratan egin den kontuan hartuta larritzat kalifikatu behar ez bada.

  14. Lege honek eragindako Administrazioarekiko obligazioak ez betetzea jarduera edo ikuskizuna aurrera eramateko ekintzei, epeei, baldintzei edo betekizunei dagokienez; betiere arau-hauste larri edo oso larritzat tipifikatuta ez badago ez-betetze hori.

  1. Lege honetan tipifikatutako ekintza edo ez-egiteen egileak izango dira arau-hauste administratiboen erantzuleak, nahiz eta ez-betetze hutsez hautsi araua; zehazki, honako hauek izango dira erantzuleak:

    1. Ikuskizun edo jolas-jarduerak egiteko lokal edo instalazioen titularrak, edo dagokion lizentzia edo aldez aurreko jakinarazpenenak.

    2. Ikuskizun eta jolas-jardueren antolatzaileak, haien ardurapean egiten diren ekintza eta ez-egiteen kasuan.

    3. Artista, interpretatzaile eta jotzaileak, eta establezimendu, ikuskizun eta jolas-jardueren zerbitzura dauden gainontzeko pertsonak.

    4. Ikusle eta erabiltzaileak.

  2. Eskatu beharreko lizentzia edo baimenak ez badira eskatzen edo ez badira aldez aurreko jakinarazpenak aurkezten, jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueraren deialdia egiten duena edo horiek jakitera ematen dituena joko da titulartzat edo antolatzailetzat eta, halakorik ez badago, jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera egingo den establezimendu publiko, instalazio edo leku irekira sartzeko eserlekuen salmentako diru-sarrerak lortzen dituena.

  3. Titularrek eta antolatzaileek ez badute betetzen arau-hausteei aurrea hartzeko betebeharra, haiek izango dira lege honetan araututako arau-hauste administratiboen erantzule solidarioak, nahiz eta arau-hausteok beste norbaitek edo haien mende daudenek egin.

  4. Erantzule solidarioak izango dira titular eta antolatzaileak, ikusleei edo erabiltzaileei egintzaz edo ez-egitez onartzen edo uzten dietenean arau-hausteak egiten.

Arau-hauste oso larriak egiten direnean, zehapen hauetako bat edo gehiago jarri ahal izango dira, denak batera edo banaka, betiere arau-haustearen izaera, garrantzia eta behin edo behin baino gehiagotan egiten den kontuan hartuta:

a) 30.001 eurotik 150.000 eurora arteko isuna.

  1. Jarduera edo jarduerak bertan behera uztea edo debekatzea, urtebete eta egun batetik hiru urtera.

  2. Lokala edo establezimendua itxi eta zigilatzea, urtebete eta egun batetik hiru urtera.

  3. Emandako baimena edo lizentzia errebokatzea.

  4. Jarduera bera egiteko edo jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak antolatzeko edo sustatzeko desgaitzea, sei hilabete eta egun batetik gehienez urtebete eta sei hilabetera.

  5. Jarduerarekin lotutako ondasunak konfiskatzea sei hilabete eta egun batetik gehienez hamabi hilabetera, edo, egokia bada, desegitea. Baimenik gabe edo aldez aurreko jakinarazpenik gabe egindako jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren kasuan, ezin baldin badira b), c) eta d) letretan zehaztutako zehapenak jarri, konfiskatzea mugagabea izan daiteke; bereziki, antolatzaileak ez baldin badira identifikatzen edo antolatzaileek ez baldin badute ordaindu nahi ezarritako diru-zehapena.

Arau-hauste larriak egiten direnean, zehapen hauetako bat edo gehiago jarri ahal izango dira, denak batera edo banaka, betiere arau-haustearen izaera, garrantzia eta behin edo behin baino gehiagotan egiten den kontuan hartuta:

a) 1.201 eurotik 30.000 eurora arteko isuna.

  1. Jarduera edo jarduerak bertan behera uztea edo debekatzea, urtebetez gehienez ere.

  2. Lokala edo establezimendua itxi eta zigilatzea, urtebetez gehienez ere.

  3. Establezimendua gaueko ordutegian ixteko eta irekitzeko ordutegiak murriztea, urtebetez gehienez ere, 52.14 artikuluan aurreikusten den arau-haustearen kasuan.

  4. Jarduera bera egiteko edo jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak antolatzeko edo sustatzeko desgaitzea, sei hilabetez gehienez ere.

  5. Konfiskatzea sei hilabetez gehienez ere.

  1. Arau-hauste arinak egiten direnean, zehapen hauetako bat edo gehiago jarri ahal izango dira, denak batera edo banaka:

    1. Ohartarazpena.

      1.200 eurora arteko isuna.

  2. Arau-hauste arinak egiteagatik ikusleei eta erabiltzaileei jartzen zaizkien zehapenak eten egin ahal izango dira, arau-hausleek, borondatez, berriro hezteko neurriak gauzatzen badituzte; esaterako, komunitatearen aldeko zerbitzuak ematen badituzte edo heziketa-, prestakuntza- edo kultura-programetan edo antzekoetan parte hartzen badute erregelamenduz ezartzen den modu eta denboraz.

  1. Zehapenek nahitaez proportzionalak izan behar dute arau-haustea eragiten duen gertakariaren larritasunarekin. Irizpide hauek erabiliko dira zehapen bakoitzaren maila zehazteko:

    1. Arau-haustearen ondorio ekonomikoak eta sozialak.

    2. Arau-hausteak pertsonen segurtasunean eragin duen arriskua.

    3. Pertsonei eta ondasunei eragin zaizkien kalte kualitatibo nahiz kuantitatiboak.

    4. Araua behin eta berriz hautsi den. Araua behin eta berriz hautsi dela ulertuko da administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso duten izaera eta larritasun bereko edo bestelako arau-hauste bat edo gehiago egiten direnean urtebeteko denboran.

    5. Arau-haustea egiteko garaian zabarkeriaz edo nahita jokatu den.

    6. Lege-xedapenak betetzeko jarrera ona adierazi den. Hori egiaztatzeko, egindako kaltea konpontzeko neurriak hartu behar dira zehapen-espedientea bukatu baino lehen.

    7. Legez kontrako irabazirik lortzen den.

    8. Erasandako pertsonen kopurua.

  2. Irizpide hauek arau-haustearen larritasuna areagotzeko erabiltzen direnean, ez dira aplikatuko.

  3. Arau-hauslearentzat onuragarriagoa izan ez dadin araua haustea arauak betetzea baino, aukera egongo da jarri beharreko zehapen ekonomikoari legez kontra lortutako irabazien kopurua gehitzeko.

Arau-hauste oso larriek bost urtera preskribatzen dute, arau-hauste larriek hiru urtera, eta arau-hauste arinek urtebetera.

Arau-hauste oso larriei jarritako zehapenek bost urtera preskribatuko dute; arau-hauste larriei jarritakoek hiru urtera, eta arau-hauste arinei jarritakoek urtebetera.

Zehapen-prozedura ebatzi eta gero, interesdunari jakinarazi behar zaio ebazpena, prozedura hasi zenetik urtebetera, gehienez ere; non eta ez den egunen kontaketa eten, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak ezarritako gorabeheraren bat gertatu delako. Epe hori betetzen denean iraungitzen dira jarduerak, aipatutako lege horrek ezarritakoaren arabera.

  1. Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek abiarazi, izapidetu eta ebatziko dituzte arau-hauste oso larriak zehatzeko espedienteak.

  2. Ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena duten administrazio-organoek abiarazi, izapidetu eta ebatziko dituzte arau-hauste arin eta larriak zehatzeko espedienteak, lege honek ezarritakoarekin bat etorriz.

  3. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen sailak erabiltzen du Eusko Jaurlaritzako zehatzeko ahala, eskudantzia hauen arabera:

    1. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzak dauka eskumena Eusko Jaurlaritzak ebatzi beharreko zehapen-espedienteak abiarazi edo izapidetzeko.

    2. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako titularrari dagokio arau-hauste arin eta larriengatik jarri beharreko zehapenak jartzea.

    3. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen sailburuordetzako titularrari dagokio 60.000 euro arteko zehapenak jartzea arau-hauste oso larriengatik, eta urtebete eta sei hilabete arteko gainerako zehapenak ezartzea.

    4. Ikuskizunen arloko eskumenak dituen saileko sailburuari dagokio arau-hauste oso larriengatik jarri beharreko gainontzeko zehapenak jartzea.

  4. Zehapen-prozedurako edozein fasetan, ebatzi behar duen organoak erabakitzen badu arrazoi nahikoak daudela aditzera ematen dutenak gertakariek arau-haustea eratzen dutela baina berari ez dagokiola hori zehatzea, horren berri emango dio horretarako eskuduntzat jotzen duen organoari, eta egindako jarduera guztiak helaraziko dizkio.

  5. Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, udal batek arau-hausteak zehatzeko ahala erabiltzeko eskumena duenean baina arau-hausteak pertsegitzeari uzten dionean, Eusko Jaurlaritzak organo eskudunek, udalari ahal hori betetzeko eskatuko eta gero, beharrezko neurriak hartuko dituzte arau-hausteak udalaren ordez eta haren kontura pertsegitzeko.

  6. Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek eta toki-administraziokoek elkarri eman behar diote izapidetzen dituzten espedienteen berri, espedientea irekitzeko ebazpena ematen denetik hamar eguneko epean.

Zehapen-prozedurak bat etorri beharko du sektore publikoaren araubide juridikoa eta administrazio-prozedura erkidea arautzen dituen indarreko legerian ezarritako printzipioekin eta aurreikuspenekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoekin.

  1. Zehapen-espedientea irekitzeko eskumena duten organoek prozedurako edozein unetan erabaki dezakete ezar litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak eta egokiak diren behin-behineko neurriak hartzea edo prozedura ez oztopatzeko, arau-haustearen ondorioak desagerrarazteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak eta egokiak diren neurriak hartzea, betiere horren aurretik entzunaldiaren izapidea egiteko bost eguneko epe arrunta eskainita interesdunei, eta ebazpen arrazoitua emanda.

  2. Egindako arau-haustearen izaera eta larritasunaren araberakoak izan behar dute behin-behineko neurri horiek. Honako hauek izango dira neurriak:

    1. Lizentzia edo baimena bertan behera uztea.

    2. Jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera bertan behera uztea edo debekatzea.

    3. Jendearentzat irekitako establezimendua aldi baterako ixtea, zigilua jarrita.

    4. Jendaurreko ikuskizunarekin edo jolas-jarduerarekin lotutako ondasunak konfiskatu edo zigilatzea.

    5. Sarrerak eta birsalmentako edo baimendu gabeko salmentako dirua konfiskatzea.

    6. Fidantza jarraraztea.

    7. Egoera bakoitzean beharrezko, egoki edo neurrizkoak jotzen diren beste neurri batzuk, betiere jendearen segurtasuna eta jendearentzat irekitako establezimenduen edo lekuen segurtasuna babeste aldera.

  3. Prozedurak irauten duen bitartean, ofizioz zein alderen batek eskatuta, behin-behineko neurriak kendu edo alda daitezke, neurriak hartu zirenean kontuan hartu ezin izan ziren edo gerora azaldu diren gorabeherak agertzen badira. Edonola ere, dagokion zehapen-prozedurari bukaera ematen dion ebazpena ematen denean bukatzen dira neurri horiek.

  1. Salbuespen gisa, berehalako kautelazko neurririk hartu behar bada arau-haustearen ondorioak ez luzatzeko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, interesdunei entzunaldirik eman gabe hartu ahal izango dituzte funtzionarioek kautelazko neurriak, berariazko ikuskatze-lanetan ari direla legez kontrako ustezko gertakaririk egiaztatzen badute.

  2. Funtzionarioek proportzionaltasunez jokatu behar dute, eta, egindako ikuskatze-lanaren ondoren bete beharreko aktan argi adierazi beharko dute zein kautelazko neurri hartu dituzten, bai eta neurriok hartzeko arrazoi eta helburu zehatzak zein izan diren ere.

  3. Artikulu honek arautzen dituen kautelazko neurriak ezartzen direnean, berehala abiarazi beharko da neurrioi dagokien zehapen-prozedura; hala, abiarazteko egintza horretan bertan, zehatzeko eskumena daukan organo titularrak neurri horiek errebokatu, mantendu edo aldatuko dituen adieraziko du, ondo oinarrituta, eta, segidan, aurreko artikuluko lehenengo paragrafoan zehaztutako alegazioen izapideari ekingo zaio.

  4. Artikulu honi jarraikiz hartutako kautelazko neurriak iraungiko dira hartu zirenetik lau egun pasa ondoren dagokion zehapen-prozedura irekitzen ez bada eta neurriak hartzeaz, mantentzeaz edo aldatzeaz ebatzi ez bada.

  1. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloko zehapenen erkidego-mailako administrazio-erregistroa eratzen da. Bertan jasoko dira jendaurreko ikuskizun, jolas-jarduera eta establezimendu publikoen arloan egiten diren zehapen guztien idatzoharrak, bai eta administrazio-bidean emandako ebazpen irmo bidez arau-hausteei ezarritako zehapenen idatzoharrak ere, betiere idatzoharren araubiderako nahiz erregistroaren funtzionamendu eta antolamendurako erregelamenduz ezartzen diren baldintza eta betekizunak betez eta datuen babeserako legediari jarraituz.

  2. Erregistro hori Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzaren menpe egongo da, eta erregelamendu bidez zehaztuko da nola antolatu eta funtzionatuko duen. Arau horrek argi ezarriko du, halaber, informazioa nola helarazi eta banatuko den prozedurak abiarazteko eta zehatzeko eskumena daukaten organoen artean.

  3. Arau-hauste batengatik jarritako zehapena ezerezten bada, arau-hauste hori ezin izango da kontuan hartu araua behin eta berriz hautsi den edo arau-haustea errepikatu den zehazteko.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Kiroleko indarkeriaren kontrako estatu-mailako arauen aplikazioa.

    Gertakari bat lege honek xedatutakoaren arabera eta kiroleko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren kontrako Estatuko araudiak xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatu daitekeenean aldi berean, bigarren araudi hori aplikatuko dute ikuskizunen arloko eskumena duen saileko organoek, espezialitatearen eta aginduen larritasun handiagoaren printzipioari jarraituz.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Udal-mailako ikuskizun eta jolas-jarduerak.

  1. Jendearentzat irekitako establezimenduek, establezimenduaren eta jardueraren titularra udala baldin bada, jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratzeko bete behar diren baldintzak eta formalitateak bete beharko dituzte jarduera legeztatzeko.

  2. Herriko festak eta dantzaldiak direla-eta udalak berak antolatzen dituen jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueretan, lege honek ezarritako baldintza eta formalitateak bete beharko dira, baita ikuskizun edo jarduera baimentzeko edo aldez aurreko jakinarazpena jasotzeko eskumena udalak berak duenean ere.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Dokumentuen eredu normalizatuak.

    Eusko Jaurlaritzan jendaurreko ikuskizunen arloko eskumena duen sailak eredu normalizatuak argitaratu beharko ditu aurkezteko jendaurreko ikuskizun bat edo jolas-jarduera bat antolatze edo establezimendu publiko bat irekitze aldera behar diren aldez aurreko jakinarazpenak eta lizentzia- eta baimen-eskaerak.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erregelamendu bidezko garapena.

    Lege hau garatzeko erregelamendu urtebeteko epean onartu beharko da, lege hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Araubide iragankorra.

    Lege hau garatzeko arauak indarrean jarri bitartean, gaur egun indarrean dauden arauak aplikatuko dira, lege honek xedatutakoaren kontra ez doazen guztian.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lizentziak eta baimenak.

    Lege hau indarrean sartu aurretik eskatutako lizentzia eta baimenak arautzeko, eskatu ziren garaian indarrean zeuden arauak hartuko dira kontuan; baina, hala ere, pertsonen eta ondasunen segurtasunari eragiten dieten baldintza teknikoak eta herritarren bizikidetzari eragiten diotenak bete beharko dituzte, lege honek xedatutakoari jarraituz.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Legea pertsona zerbitzu-emaile baimenduei edo gaituei aplikatzea.

    Pertsona zerbitzu-emaile baimendu edo gaituei aplikatuko zaizkie aldez aurreko administrazio-baimenen araubidea bete ordez aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu behar dela ezartzen duten lege honetako xedapenak. Ondorio horietarako, ulertu behar da emandako baimenak edo gaikuntzak automatikoki ordezten duela aldez aurreko jakinarazpena.

    LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Zehapen-espedienteak.

    Lege hau indarrean sartu aurretik abiarazitako zehapen-espedienteak abiarazi ziren garaian indarrean zegoen araudiaren arabera arautuko dira, non eta ez den gertatzen lege honetako aginduak ustezko arau-hausleen aldekoagoak izatea.

    BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lege hau barrakei eta azoketako atrakzioei aplikatzea.

    Lege honen 30. artikuluan adierazitako dokumentazio teknikorik ez duten barraken eta azoketako atrakzioen titularrek eskuratu egin beharko dute dokumentazio hori, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean. Eskumena duen teknikari tituludun batek egin beharko du dokumentazio hori.

Indargabetuta geratzen da Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak Arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legea. Era berean, indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorra aldatzea.

Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorreko artikulu hauek:

Bat. Paragrafo berri bat eransten zaio 58. artikuluari: 4. paragrafoa; eta honela idatzita geratuko da:

  1. Jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren Legearen aplikazio-eremuan dauden establezimenduen kasuan, arau horrek ezartzen duena bete beharko da proiektu teknikoak eta Autonomia Erkidegoan ikuskizunen arloko eskumenak dituen organoaren txostenak bidaltzeari dagokionez.

Bi. Lerrokada berri bat eransten zaio 61. artikuluaren hirugarren paragrafoari; eta honela idatzita geratuko da:

Hala ere, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren Legepean dauden establezimendu publikoak aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan has daitezke funtzionatzen, aldez aurreko jakinarazpenarekin batera aurkeztutako ziurtagiri teknikoak egiaztatzen badu horrela ez dela arriskuan jartzen pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna, baita establezimenduaren lizentzian eskatutako baldintzaren bat betetzea egiaztatu gabe gelditzen den kasuetan ere. Kasuotan, lizentzian eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko du establezimenduren titularrak sei hilabeteko epean. Sei hilabete pasatu eta hala ere ez bada egiaztatu baldintzak betetzen direla, ondoriorik gabe geratuko da lizentzia.

Hiru. Eduki berria ematen zaie II. eranskinaren A) letrako 15. eta 16. paragrafoei. Honela idatzita geratuko dira aurrerantzean:

  1. Dantzaleku, diskoteka, gazteen diskoteka, disko-taberna, karaoke, taberna berezi, pub edo antzeko establezimenduak, bai eta zezen-plaza finkoak ere.

  2. Jendaurreko ikuskizunetarako edo jolas-jardueretarako beste establezimenduak, betiere honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

    300 lagun edo gehiagorentzako kapazitate edo edukiera izatea.

    Lau ohm-eko karga estandarrerako 50 watt-etik gorako potentzia eraginkorra duen musika-ekipoa edukitzea.

    Indarrean dagoen arautegi teknikoaren arabera arrisku berezi handi bezala katalogatuta dagoen esparruren bat edukitzea.

    Kultura-balioa duen eraikina izatea, eta, arkitektura aldetik den bezalakoa izanik, ezinezkoa izatea ezarritako baldintza tekniko orokorrak osorik betetzea.

    Araubide bereziko establezimendua izatea, ikuskizun eta jolas-jardueren araudiaren arabera.

Lau. Eduki berria ematen zaio II. eranskinaren b) letrako 8. paragrafoari. Honela idatzita geratuko da aurrerantzean:

  1. Jarduera sailkatuaren aldez aurreko lizentziapean ez dauden jendaurreko ikuskizunetako edo jolas-jardueretako establezimenduak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Tasa eta prezio publikoen legea aldatzea.

Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren artikulu hauek:

Bat. Aldatu egiten da 104. artikulua, eta honela idatzita geratuko da aurrerantzean:

104. artikulua. Zergapeko egitatea.

Zerbitzu hauek emateak eragiten dute tasa honen zergapeko egitatea:

  1. Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza eskudunak baimena ematea jendaurreko ikuskizunak eta, oro har, jolas-jarduerak egiteko.

  2. Establezimendu publikoak ireki eta ixteko ordutegiak luzatzeko baimena ematea.

  3. Eserlekuak komisioarekin saltzeko edo birsaltzeko baimena ematea.

  4. Arauzko liburuen eginbideak egitea eta agiriak jatorrizkoekin erkatuta egiaztatzea.

  5. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ikuskizun-prozeduretan peritu-txostenak edo txosten teknikoak egitea.

  6. Baimenik behar ez duten jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueren kasuan, indarrean dagoen araudiak ezarritako betekizunak betetzen ote diren egiaztatzea.

Bi. Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 107. artikulua. Honela idatzita geratuko da aurrerantzean:

107. artikulua. Kuota.

Tarifa honen araberakoa izango da tasaren zenbatekoa (eurotan):

  1. Ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako baimena.

  1. Ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako baimena: 52,30.

  2. Pirotekniazko lehergailuak jaurtikitzea: 139,42.

  1. Zezen-ikuskizunetarako baimena.

  1. Zezen-ikuskizunak, oro har: 278,84.

  2. Usadiozko zezen-ikuskizunak: 52,30.

  3. Beste zezen-ikuskizun batzuk: 52,30.

  4. Zezen-plaza finkoak berriz irekitzeko baimena: 214,32.

  1. Ordutegiak eta ikuskatzeak.

  1. Ordutegiak luzatzea.

    1.Kasu eta data zehatzetarako: 69,93.

    2.Hiru hilabetetik gorako aldietarako: 174,30.

  1. Eserlekuak birsaltzeko baimena: 69,72.

  2. Arauzko liburuen eginbideak egitea eta agiriak jatorrizkoekin erkatuta egiaztatzea.

  1. Liburuen eginbidea egitea. 100 orri edo zatiki bakoitzeko: 17,43.

  2. Agiriak jatorrizkoekin erkatuta egiaztatzea. Lehenengo 10 orriak: 3,49.

    Hortik aurrera, 0,344081 euro jatorrizkoarekin erkatutako orri bakoitzeko.

  1. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ikuskizun-prozeduretan peritu-txostenak edo txosten teknikoak egitea: 45,32.

  2. Baimenik behar ez duten jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueren kasuan, indarrean dagoen araudiak ezarritako betekizunak betetzen ote diren egiaztatzea: 52,30.

Hiru. Aldatu egiten da V. tituluaren izenburua. Hemendik aurrera, izenburu hau izango du: «Trafiko, joko, ikuskizun, larrialdi eta segurtasun arloko tasak».

Lau. Kapitulu berri bat, VI. kapitulua, hain zuzen ere, eransten zio V. tituluari. Honela idatzita geratuko da:

  1. kapitulua. Ertzaintzak emandako zerbitzu bereziengatik ordaindu beharreko tasa.

    111 septies artikulua. Zergapeko egitatea.

    Ertzaintzak zerbitzuak emateak sorrarazten du tasa honen zergapeko egitatea, zerbitzu horiek bereziki onuragarriak badira pertsona edo erakunde jakinentzat edo, onuragarriak izan gabe ere, zuzenean eragiten badiete pertsona edo erakundeei, eta, betiere, azkeneko kasu horretan, Ertzaintzaren lana pertsona edo erakunde horiek eragindakoa bada, zuzenean edo zeharka. Hona hemen kasuak:

    1. Ikuskizun baten unean pertsona eta ondasunentzako benetako arriskua egoteagatik, zaintza eta babes bereziko aparteko zerbitzuak ematea, irabazteko asmoarekin antolatutako jendaurreko ikuskizun jendetsu bat kiroletakoa edo bestelakoa behar bezala gauzatzea bermatzeko, bai ekitaldian bertan eta bai ekitaldiaren aurretik eta ondoren, beharrezko denboraz, ekitaldiaren esparruan edo lekuan bertan nahiz inguruetan. Halaber, kirolzaleei eta kirol-klubei eskolta- eta laguntza-zerbitzuak ematea.

    2. Zinemako, publizitateko, telebistako edo bestelako filmaketetan, Ertzaintzak antolatze- eta zaintze-lanak egitea, leku eta bide publikoetako zirkulazio normalari eta bideon erabilgarritasunari eragiten zaienean; betiere udalak arlo horretan dituen eskumenei kalterik egin gabe.

    3. Herriz kanpoko bideei eragiten dieten kirol-probetan edo hirigunean eragin handiagoa daukaten kirol-probetan eskolta-, zaintza- eta babes-lanak egitea, udalaren eskumenei kalterik egin gabe.

      111 octies artikulua. Subjektu pasiboak.

      Honako subjektu pasibo hauek ordaindu behar dute tasa: zerbitzua behar duten ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek edo zerbitzu hori ematea eskatzen dutenek.

      111 novies artikulua. Sortzapena.

      Zerbitzua ematen hastearekin batera sortuko da tasa, eta bat etorriko da dagokion dotazioaren irteerarekin.

      111 decies artikulua. Kuota.

      1. Kuota zehazteko, bi gauza hartuko dira kontuan: batetik, zenbat funtzionariok ematen duten zerbitzua, eta, bestetik, zenbat denbora erabiltzen duen funtzionario bakoitzak zerbitzu hori emateko.

      2. Tasa hau eskatuko da: 31 euro funtzionario eta orduko.

        Ordu-zatikien kasuan, tarifako zenbatekoak proportzionalki aplikatuko dira. Honako hau izango da ekitaldi-egun bakoitzean likidatu beharreko gehieneko denbora: ekitaldiak irauten duen denbora osoa eta, hala balegokio, ekitaldia hasi aurreko eta bukatu ondorengo ordua. Ez da muga hori aplikatuko zaletu eta kirol-klubei emandako eskolta- eta laguntza-zerbitzuen likidazioa egiteko.

      3. Honako datu hauek zehaztu beharko dira tasa honen likidazioan, 19. artikuluak ezartzen duenaz gain: parte hartu duten funtzionarioen kopurua, erabilitako denbora eta indarrean dagoen tarifaren zenbatekoa.

        111 undecies artikulua. Salbuespenak.

        Antolatzaileak administrazio publikoak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak badira, tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

        Ondorio horietarako, irabazi-asmorik gabeko erakundetzat joko dira fundazioak, onura publikoaren deklarazioa daukaten elkarteak eta behar bezala osatu eta erregistratu diren boluntarioen erakundeak, baldin eta interes orokorreko helburuak badituzte eta baldin eta ikuskizuna antolatuz lortzen dituzten diru-sarrerak estatutuko xede edo erakundearen helbururako erabiltzen badituzte.

        Kirol-federazioak, kirol-elkarteak eta kirol-klubak salbuetsita egongo dira tasa ordaintzetik, baldin eta, haien arauen arabera, irabazi-asmorik ez badute, antolatzen den ekitaldia doakoa bada joaten den jendearentzat eta babesleengandik edo beste kontzeptu batzuetatik ekitaldia antolatzeko gastuak baino etekin handiagorik lortzen ez badute.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Zehapenen zenbatekoak eguneratzea.

Lege honetan adierazitako zehapenen zenbatekoak eguneratu ahal izango ditu Gobernu Kontseiluak, indize ofizialen bidez; bai eta berraztertu ere, ondo justifikatutako egokitasun-irizpideen bidez.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Jendaurreko ikuskizunen, jolas-jardueren eta establezimendu publikoen katalogoa.

I. JENDAURREKO IKUSKIZUNAK.

  1. Zinema-ikuskizunak.

  2. Antzerki-ikuskizunak edo arte eszenikoen ikuskizunak.

  3. Musika-ikuskizunak.

  4. Zirku-ikuskizunak.

  5. Zezen-ikuskizunak.

  6. Kirol-ikuskizunak.

  7. Erakustaldiak.

  8. Ikuskizun piroteknikoak eta su artifizialak.

  9. Arautu gabeko ikuskizunak: ikuskizun berezi edo salbuespenezkoak, emandako araudietan bildu ezin direnak dauzkaten izaera edo ezaugarriengatik; edo, zenbait kasutan, katalogo honetan zehaztuta eta berariaz jasota ez egon arren, lokal itxietan edo aire zabalean jendaurrean egiten direnak.

    II. JOLAS-JARDUERAK.

  1. Zori, apustu eta ausazko jokoak.

  2. Dibertsio-jokoak.

  3. Jolas-atrakzioak.

  4. Herri-zezenketak.

  5. Uretako jolas-jarduerak.

  6. Ostalaritzako eta aisialdiko jarduerak.

  7. Catering-jarduerak.

  8. Kultura- eta gizarte-jarduerak.

  9. Jarduera zoologiko, botaniko eta geologikoak.

  10. Herri-jai edo jai tradizionalak.

  11. Kirol-jarduerak.

  12. Arautu gabeko jolas-jarduerak: jolas-jarduera berezi edo salbuespenezkoak, emandako araudietan bildu ezin direnak dauzkaten izaera edo ezaugarriengatik; edo, zenbait kasutan, katalogo honetan zehaztuta eta berariaz jasota ez egon arren, lokal itxietan edo aire zabalean egiten direnak.

    III. ESTABLEZIMENDU PUBLIKOAK.

    A) JENDAURREKO IKUSKIZUNETAKO ESTABLEZIMENDUAK.

  1. Kulturalak eta artistikoak:

  1. Zinemak:

    1. Zinema tradizionalak.

    2. Areto askoko zinemak.

    3. Udako zinemak edo aire zabalekoak.

    4. Autozinemak.

    5. Zineklubak.

    6. X zinemak.

  2. Antzokiak:

    1. Antzoki tradizionalak.

    2. Aire zabaleko antzokiak.

    3. Aldi bateko antzokiak.

    4. Kafe-antzokiak.

  3. Entzunaretoak:

    1. Entzunareto tradizionalak.

    2. Aire zabaleko entzunaretoak.

    3. Aldi bateko entzunaretoak.

  4. Zezen-plazak:

    1. Zezen-plaza finkoak.

    2. Zezen-plaza eramangarriak.

    3. Aldi bateko zezen-plazak.

    4. Aisialdiko zezen-plazak.

  5. Biltzarretako pabiloiak:

    1. Pabiloi finkoak.

    2. Aldi bateko pabiloiak.

  6. Kontzertu-aretoak.

  7. Erakusketa- eta hitzaldi-aretoak.

  8. Erabilera anitzeko aretoak.

  9. Kultura-etxeak.

  10. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  1. Aisialdikoak eta jolasetarakoak:

  1. Ikuskizun-kafetegiak.

  2. Ikuskizun-jatetxeak.

  3. Zirkuak:

    1. Zirku finkoak.

    2. Aldi bateko zirkuak.

  4. Azoka-pabiloiak.

  5. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  1. Kirol-establezimenduak:

    1. Estadioak.

    2. Frontoiak.

    3. Lasterketa-zirkuituak.

    4. Kirol-pabiloiak.

    5. Kirol-ikuskizunetako aldi bateko instalazioak.

    6. Aldi bateko hipodromoak.

    7. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  2. Beste establezimendu batzuk, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sartu ezin diren jendaurreko ikuskizunak hartzen dituztenak.

    B) JOLAS JARDUERETAKO ESTABLEZIMENDUAK.

  1. Joko-establezimendu eta -lokalak:

    1. Joko-kasinoak.

    2. Bingo-aretoak.

    3. Joko-aretoak.

    4. Apustu-etxeak.

    5. Hipodromoak.

    6. Kanodromoak.

    7. Jokoaren arloko araudian ezartzen diren beste lokal eta instalazio batzuk.

  2. Jolas-establezimenduak:

    1. Dibertsio-jokoetako aretoak.

    2. Ziberraretoak eta ziberkafetegiak.

    3. Aisialdirako eta jolaserako zentroak.

    4. Bolatokiak.

    5. Haurren ospakizunetako aretoak.

    6. Ur-parkeak.

    7. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  3. Jolas-atrakzioetako establezimenduak:

    1. Jolas-parkeak eta parke tematikoak.

    2. Haur-parkeak.

    3. Azoketako atrakzioak.

    4. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  4. Kirol- eta jolas-establezimenduak:

    1. Kirolguneak.

    2. Gimnasioak.

    3. Igerileku publikoak.

    4. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  5. Jolaserako establezimenduak:

    1. Dantzalekuak.

    2. Diskotekak.

    3. Gazteen diskotekak.

    4. Araubide bereziko establezimenduak edo after hours.

    5. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  6. Kultura- eta gizarte-jarduerako establezimenduak:

    1. Museoak.

    2. Liburutegiak.

    3. Ludotekak.

    4. Bideotekak.

    5. Hemerotekak.

    6. Erakusketa-aretoak.

    7. Hitzaldi-aretoak.

    8. Erakusketetako eta biltzarretako jauregiak.

    9. Liburu-azokak.

    10. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  7. Herri-azoketako eta -dantzaldietako esparruak:

    1. Udal-ekimeneko herri-azoketako eta -dantzaldietako esparruak.

    2. Ekimen pribatuko herri-azoketako eta -dantzaldietako esparruak.

    3. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  8. Jarduera zoologiko, botaniko eta geologikoko establezimenduak:

    1. Parke zoologikoak.

    2. Akuarioak.

    3. Terrarioak.

    4. Parke edo lekune botanikoak.

    5. Parke edo lekune geologikoak.

    6. Parke edo lekune arkeologikoak.

    7. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  9. Ostalaritzako edo sukaldaritzako establezimenduak:

    Jatetxeak eta janari-postuak.

    Edarien establezimenduak.

    1. Jatetxeak.

    2. Autozerbitzuak.

    3. Kafetegiak.

    4. Tabernak.

    5. Taberna-kioskoak.

    6. Taberna bereziak, pubak, disko-tabernak eta karaokeak.

    7. Txokoak eta elkarte gastronomikoak.

    8. Txosnak.

    9. Aipatutakoen antzeko beste lokal eta instalazio batzuk.

  10. Klub bereziak edo alterne-klubak.

  11. Aisialdirako establezimenduak:

    1. Erretzaileen elkarte pribatuak.

    2. Gazteen lokalak.

  12. Beste establezimendu batzuk, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sartu ezin diren jolas-jarduerak hartzen dituztenak.

    Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.