Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

14. Legazpi dorrea (ZUMARRAGA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Ozeanoetan eragin zuen dorrea

Legazpi dorre zaharra, Legazpiarren Ahaide Nagusien leinuarena izan zen. XIV-XV. mendeen artean Gipuzkoako lurraldea odolez busti zuen Leinuen Gerra endemikoan Oñatiko bandoan militatu zuten, eta 1456tik aurrera dorrea moztu eta bertako jauna, Pedro Legazpikoa, erbesteratua izan zen. Itzuli zenean, XV. mendearen amaieraren eta XVI. mendearen hasieran, eraikina berreraikia izan zen, eta egungo itxura hartu zuen. Dorretxe horretan jaio zen 1502 inguruan Miguel Lopez Legazpi. Hari esker, bere abizenak ozeanoak zeharkatu zituen eta nazioarteko garrantzi historikoa izan zuen. Bigarren semea zenez, jurisprudentzia-ikaskeak egitera bideratu zuten, Zumarragako Udalean karguak bete eta Areriako Alkatetza Nagusian eskribau izateko balio izan ziotenak. 1527an bere aita hil ondoren, Miguel Lopez Legazpik Espainia Berrira joatea erabaki zuen eta 1528an Mexikora iritsi zen. Han, kargu administratiboetan gora egin zuen eta hiriko alkate izatera iritsi zen. Kargu horietan aritzeak, bere negozio partikularrekin batera, bizimodu erosoa ekarri zioten. Isabel Garcésekin ezkondu (1532) eta bederatzi seme-alaben gurasoak izan ziren.

1561ean erregeordeak Filipinak konkistatzeko antolatzen ari zen espedizioko almirante izendatu zuen. Bost ontziz osatutako espedizioa urte horretako azaroaren 21ean abiatu zen, eta 1565eko otsailaren 15ean iritsi ziren hara. Andres Urdaneta (Ordizia, 1508), Loaisako Moluketarako espedizioan Elkanorekin nabigatu zuena (1525-1536), garai hartan Mexikon fraide agustindarra zelarik, espedizioko pilotu gisa ontziratu zen. Ekainaren 1ean itzulerako bideari ekin zion Urdanetak eta urriaren 8an Acapulcora iritsi zen. Horrela, ozeano batetik bestera zirkulatu zitekeela zioen teoria frogatu zuen, eta nabigaziorako ateak ireki. Mexiko eta Filipinak lotzen zituen Manilako Galeoiak hiru mendez baliatu zuen ibilbide hori. Bitartean, Legazpik Filipinak konkistatu zituen, eta Manila (artxipelagoko hiriburu izendatua) eta Cebu hiriak fundatu. 1572an hil zen.

Defentsa-dorretik landa-jauregira

Dorrea mendi-hegal baten oinetan dago, gaur egun Norteko Trenbidearen Zumarragako geltokiaren parean. Eraikin exentua da, oinplano angeluzuzenekoa, beheko solairua, bi solairu eta bi isurkiko estalkia ditu, eta etxe-bizkarra fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Eraikin bakarra izan arren bi zati nabarmentzen dira, argi eta garbi bereiziak, bata harrizkoa eta bestea adreiluzkoa.

Jatorrizko dorretxe moztuaren zati bat kontserbatzen da gaur egungo eraikinaren atzeko aldean, hareharrizko harlangaitzez eraikia; harlandua, berriz, bao inguruetan eta eskantzuetan ageri da. Aurreko erdian, antzinako arma-patioko horma kontserbatzen da. Bertara sartzeko arku gotiko dobeladuna duen portada bat dago, Arriarandarren armarri errenazentistaz koroatua. Izan ere, Miguel Lopez Legazpiren ilobak uko egin zion amaren lehen abizenari (Legazpi), bere aitonarengandik Arraiako jaurerria oinordetzan hartu ahal izateko. Arma-patioaren harrizko egiturak XVI. mendean adreilu eta egurrezko egitura bidez eraikitako eranskinari eusten dio. Garai bateko arma-patioa ixten duen handitze hori antzinako dorrearen espazioa handitzeko eraiki zen, eta hala, landa-jauregi bihurtu zen betiko, lorategiz inguratuta. Handitze horren bigarren altuera apur bat irtena dago, beso bidez eutsita.

Partekatu

Azken aldaketako data: