Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

45. Lastur landa-auzoa (Deba)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Herrixka ezkutua

Lastur, gaur egun, Debako udalerriko auzo bat da. Haran endorreiko ezkutuan dago, eta haren erditik Lastur ibaia doa, zeinaren urak ez baitira beste ibai handiago batera isurtzen, baizik eta lurpean desagertzen baitira. Ikuspegi geologikotik hain berezia den ingurune hori are bereziagoa da; izan ere, baserriak nagusi diren landa-ingurunean, Euskadiko zezen-ganadutegirik zaharrena mantentzen da, Sakako Markesarena, eta bertako abereek Euskal Herriko udalerri gehienetako sokamutur, zezen bolaztatu eta, orohar, zezen-ikuskizunetan parte hartzen dute. Izan ere, San Nikolas elizaren aurrean Euskal Herriko zezen-plaza zaharrenetako bat kontserbatzen da.

Gaur egun Lasturren nekazaritza giroa badago ere, duela mende asko burdina fabrikatzen zuen industria gune garrantzitsua izan zen. Izan ere, Lasturri buruzko lehen berri historikoek bailarako burdinaren industria garrantzitsuari egiten diote erreferentzia. Hala, 1335. urtean, hau da, hiribilduaren burua Itziarretik Debara aldatu baino hamarkada bat lehenago, Lasturko burdinolek, Mendarokoekin batera, forua lortu zuten beren interesak defendatzeko eta indartzeko. Lasturren baziren hiru burdinola, jauntxo- eta merkatari-familia boteretsuen jabetza. Goikola burdinola Sasiolatarren merkatari eta gortesau leinu boteretsuarena zen, Deba ibaiaren ondoan lonja baten jabea. Plazaolakoa Irarrazabaltarrena zen, Deban lonja bat zuen beste merkatari leinu boteretsu batena. Leizaolakoa, alboko dorretxearekin batera, Lastur-Leizaolatarren jabetzakoa zen, nahiz eta gerora beste merkatari-familia garrantzitsu baten eskuetara pasa zen, Ibartolatarren eskuetara, alegia. Dorretxeak, angelu batean, Leizaolaren eta Ibartolaren armarriak ditu.

Nabarmentzekoak dira Plazaolako burdinola ordezkatu zuten errota-instalazioak, gaur egun oraindik zutik daudenak, ermitaren aurrean. Burdinolak irin-errota bihurtzea oso ohikoa da Euskal Herrian.

Lasturko San Nikolas baseliza

Lasturko baselizak eta plazak osatzen duten multzoa, lehen aipatutako zezen-plaza dagoen lekua, auzoko erdigune erreferentziala eta espirituala da. Tenplu hau, lehen aldiz 1625ean aipatzen den arren, litekeena da Erdi Aroan Lastur herrixkaren parrokia-eliza izatea. Herrixka hori Itziarren barruan geratu zen, hiribildua 1294an sortu ondoren. 1347an hiribilduaren burua Debara aldatu zenetik, herri horren jurisdikziopean jarraitzen du, nahiz eta, elizari dagokionez, Itziarreko parrokiaren menpe jarraitu zuen. San Nikolas baselizaren izaera erreferentziala agerian geratzen da irailean santuaren omenez ospatzen diren auzoko jaiek duten indarrean. Gaur egun, zezen-ikuskizunez gain, herri-kirolak, bertsolarien emanaldiak eta erromeria ere badaude. Antzina, ogi-opil batzuk egiten ziren, oso preziatuak eta “San Nikolas opilak” izenez ezagunak, sakristian banatzen zirenak limosna baten truke. Aipatzekoak dira, halaber, garai batean Itziarreko santutegitik San Nikolas baselizaraino egiten ziren prozesioak, euria edo eguraldi ona eskatuz.

Tenplua oinplano angeluzuzeneko eraikin txikia da, luzitutako harlangaitzezkoa. Fatxada nagusia nabarmentzen da, kolore gorrixketan margotutako egurrezko bilbadurekin eta harrizko atari itxiarekin. Barruan, santuaren irudia nabarmentzen da, oso gurtua inguruetan.

Partekatu

unesco