Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

240. La Quadrako dorrearen eta San Pedro elizaren multzoa (La Quadra, Güeñes)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Dorreak aurrez aurre La Quadran

Erdi Aroaren amaieran, dorreak handikiro altxatzen ziren eta euskal probintzietan nagusi ziren, landa-eremuan batez ere. Leinu handien kuartel nagusiak izan ziren XIV. eta XV. mendeetan gertatutako bando-borroka gordinetan.

Une historiko hartan La Quadrako lurraldearen itxura honelakoa zen: Kadagoa ibaiaren bi aldeetan zenbait dorretxe altxatzen ziren, elizak ageri ziren (aipatutako dorretxe batzuekin harremana zutenak) eta baserriak. Kadagoak lurraldea zeharkatzen zuenez eginkizun banatzailea izan zuen geografikoki zein politikoki: izan ere, haren alde banatan zeuden dorreak aurkako bandoenak ziren. Ezkerraldekoak, Lakabex dorrea nabarmentzen zela (gaur egun desagertua), ganboatarrak ziren, eta eskuinaldekoak, La Quadra Salcedokoa adibidez, oinaztarrak.

Lakabexeko dorreak eta La Quadrako dorreak menpeko eliza bana izan zuten inguru hartan: Lakabexeko dorreak San Migel eliza (gaur egun ermita bat da) eta La Quadrakoak San Pedro eliza. Lotura horrek tenpluko hilobi-pribilegioa ematen zien dorreetako jaunei eta, beraz, Lakabex eta La Quadrako leinuetako kideen familia-hilobiak San Migelen eta San Pedron egon ziren, hurrenez hurren.

La Quadra dorrea eta San Pedro eliza

La Quadrako dorrea XV. mendean eraiki zuten, mendi-hegal leun baten gainean. Puntu estrategikoa zen, handik Salcedo haraneko sarreretako bat kontrolatzen baitzen. Mende horren hasieran ezarri zen La Quadra Salcedo leinua kokaleku garrantzitsu horretan, eta izen bereko dorrearen jabea izan zen.

Dorreak gotiko errenazentista estiloa du eta Erdi Aroaren amaierako bandoen arkitektura zibilaren adierazgarri garbia da. Izaera militarreko beste elementu batzuk ere baditu, kanpoko hesia, adibidez. Itxura itxia, sendoa eta trinkoa du, eta defentsa-funtzio garrantzitsua erakusten du. Kanpoko harresia ez da osorik kontserbatu, baina zati batzuk ikusi daitezke (zati batzuetan 4,5 metroko altuera du). Ia 18 metroko garaiera duen dorreak lau angeluko oinplanoa du, eta metro bateko lodierako hormak, harlangaitzezkoak, izkinetan eta baoetan harlanduz sendotuak. Barruan, egitura egurrezkoa zen eta 3 solairutan banatuta zegoen: beheko solairua, biltegi eta ukuilu funtzioa zuena; lehen solairua, familia-unitatearen gela nagusiak zeudena, eguneroko bizitza bertan egiten zen (leiho konopial bat nabarmentzen da eta Salcedotarren eta Zamudiotarren armarri zizelkatuak ditu); eta azken solairu bat, gela bakar batez osatua, gezileihoak eta fatxada bakoitzean leiho zorrotz bat zituena. Dorrea piramide-formako teilatu batez errematatua dago. Gaur egun, dorreari atxikita baserri bat ageri da.

Handik gertu San Pedro eliza dago. 1524an eraiki zuten arren, gaur egungo itxura XVIII. mendean egindako berreraikitze baten ondorioa da. Nabe bakarrekoa da, harlangaitzezkoa, eta ertzak eta horma-bularrak harlanduzkoak ditu. Burualdean, sakristiako atearen ondoan Salcedo familiaren harrizko armarri bat nabarmentzen da. Sarrera nagusia elizaren oinean dago gaur egun, eta ateak dobeladun erdi-puntuko arkua du. Fatxada bi arkudun kanpai-horma batez errematatuta dago; arkuek kanpai bana dute eta gainean gurutze bat. Lehen, ate nagusia hegoaldeko arkupearen azpian zegoen eta gaur egun itxita dago. Arku zorrotza du, dobela handiak eta bozela, eta janbek irudi geometriko, gurutze, eguzki eta lirio lorez osatutako dekorazioa dute.

La Quadrako landa-auzoa geroago eraikitako kirol-aisialdirako elementu arkitektoniko batek osatzen du: bolatokia. XX. mendekoa da, Aiarako eskualdean bereizgarria den erremonte modalitatean jokatzeko prestatua, eta modalitate horretan aritzeko Bizkaiko azken hiru bolatokietako bat da.

Partekatu

unesco