Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

48. La Hoyako herrixka (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

K. a. lehen milurtekoko herrixka gotortua

La Hoya herrixka Burdin Aroko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako bat da Euskal Herrian. Erromatar aurreko aztarnategi bat da, mila urtez modu jarraituan okupatua izan zena, Azken Brontzetik II. Burdin Arora (K.a. 250-1.200). Lehen milurteko horretan, Arabako herrien eraketan berebiziko garrantzia izan zuten hainbat prozesu gertatu ziren: batetik, metalgintzan eta zeramika-ekoizpenean garapen handia eman zen; bestetik, abeltzaintza indartu zen eta zeramikarekin lotutako nekazaritza ezarri, eta horien ondorioz herri batzuk merkataritza-gune garrantzitsu bihurtu ziren. Prozesu horiez gain, bizitzeko gune egonkorrak sortu ziren, non hirigintza garatu baitzen, kasu batzuetan konplexutasun handikoa izatera iritsi zena. La Hoya herrixkan hori guztia baieztatzen zen, izan ere, Burdin Aroan Arabako hegoaldeko lurralde-antolaketan gune garrantzitsua izan zen, eta merkataritza-gune garrantzitsua ere bai. Haren kokapena ez zen batere ohikoa, eremu lau batean baitzegoen, eta ez zuen babes-elementu naturalik ez geografikorik. Bertako biztanleak beroiak ziren. Aztarnategi arkeologikoa 1936. urtean aurkitu bazen ere, mendearen bigarren erdialdera arte ez ziren esku-hartze arkeologiko sistematikoak hasi (1973 eta 1989 artean). Aztarnategiak guztira 54.000 m² ditu eta 6.200 m²-ko eremua induskatu zen. Esku-hartze horiei esker Burdin Aroko biztanle horien bizimodua, ohiturak eta sinesmenak erakutsi dizkiguten aztarna eta material ugari azaleratu ziren.

Aztarnategi arkeologikoa

Gaur egun bisita daitezkeen hondakinak okupazioaren azken aldiari dagozkio (K. a. 450-250 urteen inguruan). Garai horretan herrixkak erasoa jasan zuen, haren gainbehera ekarri zuena, eta ondoren, bertan behera utzia izan zen. Tarte hura herrixkaren unerik gorena eta bikainena izan zen, non bere hedadurarik handiena hartu zuen. Herrigunea harresi baten barruan garatu zen, eta sarrera nagusia hegoaldean zegoen. Horren erakusle da sarreraren alde banatan kokatzen ziren oinplano lauangeluarreko bi dorreen oinarriaren aurkikuntza. Sarrerak hirigunea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen zuen kale nagusi batera ematen zuen, aurrerago bitan banatzen zena. Kale nagusia harriztatuta zegoen, eta ura drainatzeko erdialdea apur bat hondoratua zuen; zoruan, handik pasa ziren gurdiek utzitako aztarnak ikus daitezke. Alboetan espaloi goratuak zituen oinezkoentzat eta salgaiak erakutsi eta saltzeko, etxeetako teilatu-hegalen babesean. Etxeak, kalearen trazadurari jarraituta, etxadietan biltzen ziren, eta elkarri atxikita, horma mehelinak eta lau angeluko oinplanoa zuten. Hiru espaziotan banatzen ziren: atondoa, gune nagusia eta biltegia. Herriguneko plaza nagusietako batean eraikin berezi bat zegoen, gainerakoetatik bereizten zena neurri handiagoengatik, barne-banaketagatik eta barruan aurkitutako objektuengatik.

Herrixkaren historia bat-batean amaitu zen, K. a. III. mendean eraso bortitza izan baitzuen, ziur asko aurkako talde batena, eta ia erabat suntsitu zuen sute handi bat eragin zuen. Erasoaren hartatik bizirik atera zirenak hiria berreraikitzen eta bertan bizitzen saiatu ziren, baina ez zuten garai bateko maila berreskuratu; hiria gainbeheran sartu zen eta azkenik handik alde egin zuten.

Partekatu

Azken aldaketako data: