Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

248. La Herrera eskola (La Herrera-Ijalde, Zalla)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Zalla: landa-gunetik industria-gunera

Bizkaiko lurraldeak eraldaketa handia bizi izan zuen industrializazioaren ondorioz XIX. mendearen amaiera ezkero. Arlo guztietan eragina izan zuen iraultza ekarri zuen, bai arlo ekonomikoan bai sozialean, eta ekoizpen-prozesuak eta bizitzeko modu eta erritmoak aldatu zituen. Bilbo lurraldeko industrializazio-prozesuaren ardatz nagusia izanik, Nerbioi itsasadarrean zehar egituratzen joan zen, batez ere ezkerraldeko udalerrietan; haatik, ez da gutxietsi behar beste eskualde batzuetan, Enkarterrietan adibidez, eman zen modernizazioa. Han Balmaseda nabarmendu zen, XX. mendearen hasieran trenbide-gune bihurtu baitzen, eta horrez gain Kadagua ibaian zehar kokatutako udalerrietan, Zalla, Gueñes, Gordexola eta Alonsotegi kasu, industria garrantzitsuak garatu ziren.

Aldaketak oso azkar gertatu ziren: Zallaren kasuan, adibidez, 30 urteko epean landa-gunea izatetik (XX. mendearen hasieran) gune industrializatu izatera pasa zen. Trenbidea eta Kadaguatik energia elektrikoa lortzen zuten fabrikak izan ziren modernizazioaren mugarri nagusiak. Horrek biztanleria-hazkundea ekarri zuen, eta haren ondorioz hiri-hazkundea. Etxebizitza eta azpiegitura berriak eraiki ziren, hala nola errepideak, zubiak, eskolak eta hilerriak, garai hartako modernitate-ildoei eta boladan zeuden joera estetiko eta estilistikoei jarraituz. Udalerria, gainera, zerbitzu berrituez hornitu zen gero eta biztanle gehiagoren beharrei erantzuteko, hala nola janari-dendak, tabernak, zapata-dendak eta abar.

Puntu honetan aipagarria da Zallako La Herreran jaio zen Manuel de Taramona Sainz negozio-gizon nabarmena, meatze-ustiategietan kontzesioak zituena eta Banco de Bilbaoko kontseilaria. Oso garrantzitsua izan zen herriarentzat eta bere ongile bihurtu zen, biztanleentzako zerbitzu eta azpiegiturez hornitu baitzuen La Herrera. Berari zor zaio eskola eta auzo-hilerria (1895) eraikitzea, modernotasun handiagatik nabarmentzen diren bi eraikuntza. Manuel de Taramona XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera probintziako iraultza industrial eta ekonomikoan parte hartu zuten Bizkaiko negozio-gizon burges eta industrialetako bat izan zen. Gizon haiek arrastoa utzi zuten gizarte-arloan, mezenas gisa aritu baitziren, kasu honetan Zalla jaioterrian.

La Herrerako Eskola

La Herrerako eskolaren baitan bi eskola publiko egitea zen proiektua, mutilena eta neskena, eta bere ongilearen omenez Taramona Eskola izenez ere ezaguna izan zen. Ricardo Basterra arkitektoari enkargatu zion obra 1920an, eta 1924an inauguratu zuten.

Eraikina euskal estilo berriaren adibide bikaina da, hain zuzen 1908 eta 1934 bitartean Enkarterrietako eskualdean garrantzi handia izan zuen estilo artistikoa. Estilo horri jarraiki hainbat tipologiako eraikinak egin ziren garai hartan: familia anitzeko etxebizitzak zein familia bakarrekoak, erabilera publikoko eraikinak, eraikuntza erlijiosoak eta egoitza instituzionalak... Estilo artistiko hori bertako tradizio historiko eta landatarrean oinarritzen da, Bizkaiko lurraldean baserria eta jauregi barrokoa erreferentetzat dituena.

Eskolen eraikin handi eta dotoreak hiru altuera eta ganbara ditu, eta alboetan dauden pinakuluz apaindutako bi isurkiko estalkia. Bi hormarte berdinetan banatzen da, batean mutilen eskola eta bestean nesken eskola daudela. Garai hartako irakaskuntza-beharrizanei erantzunez eskola funtziora erabat egokitutako eraikina da. Beheko solairuan arku karpanelez osatutako arkupeak ditu, egun euritsuetan ikasleek jolas-garaian erabiltzeko. Lehenengo solairuan ikasteko gelak daude; leiho zabalak dituzte, argitasun eta aireztapen ona izateko. Bigarren solairuan maisu-maistren gelak kokatzen dira eta leiho txikiagoak dituzte.

Fatxada nagusi dotorean egurrezko bilbadura faltsu bat ikusten da (egiatan margotuta dago), bai eta kuxin-formako harlanduak eskantzuetan eta forjazko bi balkoi ere. Bigarren solairuaren erdian Taramona leinuaren armarria eta herriaren esker ona adierazteko 1924an jarri zen plaka oroigarri bat daude.

Partekatu

unesco