Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

241. La Conchita Etxe Merkeen Sozietate kooperatiboaren multzoa (Sodupe, Güeñes)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

La Conchita ehun-fabrika

Sodupeko historia hurbilean elementu bat nabarmentzen bada, La Conchita ehun-fabrika da. 1903an Enrique Aresti Torresek sortua, jutezko ehuna egiten zen bertan eta Bizkaiko ehungintza-fabrika garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen. Hainbat hamarkadatan bizilagun askori lana eman zion, gehienak emakumeak. Enpresak langileei zuzendutako hainbat zerbitzu izan zituen, hala nola jantokiak eta haurtzaindegia, non lanorduetan langileen seme-alaba txikiak zaintzen baitziren. 1930ean izaera sozialeko ekimen berri bat bultzatu zuen jute-fabrikak: langileentzat etxe merkeak eraikitzea.

XX. mendearen lehen herenean Espainian hainbat lege onartu ziren langileentzako etxebizitzen eraikuntzarekin lotuta: Etxe Merkeen Legeak (lehena 1911n aldarrikatua eta bigarrena 1921ean), eta haien helburu nagusi batzuk izan ziren langileriaren osasungarritasuna hobetzea eta heriotza-tasa altuak murriztea, izan ere pilatuta eta baldintza higieniko kaskarretan bizi ziren ordura arte. Herri askok jaso zituzten etxebizitza mota hori eraikitzeko laguntza ofizialak edota interes txikiko maileguak. Bizkaian, adibidez, etxebizitza eskuratzea ez zen erraza, eta lege horiek eragin handia izan zuten; hala, 1911tik aurrera Bilbon eta inguruko herrietan mota horretako etxeak ugaritu egin ziren. Sodupeko etxeak, beraz, Bizkaian XX. mendearen lehen herenean gertatutako prozesu horren adibide eta emaitza dira.

1928an La Conchita fabrikako langileek kooperatiba-sozietate bat sortu, eta legeen babespean, fabrikako langileentzako etxe-multzoa eraiki zuten enpresako Administrazio Kontseiluko presidente Enrique Aresti Torresek utzitako lursailetan. Eraikuntzan familien higienearekin eta erosotasunarekin lotutako alderdiak hartu ziren kontuan, ur korrontea eta hornidura elektrikoa, esaterako. Horiez gain, orientazioa eta airearen kalitate ona ere oso kontuan izan ziren, besteak beste. Hala , auzo berri bat sortu zen La Conchita lantegiaren inguruan, eta horri esker langileak baldintza duin eta osasungarrietan bizi ahal izan ziren.

Etxe Merkeen Sozietate Kooperatiboa

Etxe Merkeen Sozietate Kooperatiboa Astobitza mendiaren hegalean dago, Kadagoa ibaiaren ezkerraldean, lursailaren desnibelera egokituta, eta hegoaldera begira, etxeek eguzkitze egokia izan dezaten. Multzoa atxikitako etxebizitzek osatzen dute, hiru ilaratan mailakatuak, eta bi familiako bi etxebizitzek. Etxe-multzoak dentsitate txikiko egoitzen tipologia du, hau da, auzoko bizilagunen kontzentrazio handia saihestea du helburu.

Enkarterrietako eskualdeko etxe merkez osaturiko beste auzo batzuk bezala (Zallako El Cadagua 1925ean, Gueñeseko La Union 1927an eta Alonsotegikoa 1934an) La Chonchita ere Faustino Basterra bilbotarraren proiektua izan zen. Era honetako etxebizitzak eraiki zituen euskal estilo berriari jarraituz eta besteak beste baserria, dorretxeak edo euskal arkitektura tradizionaleko jauregietan oinarritu zen.

Etxeek egurrezko egitura faltsua dute (soilik funtzio estetikoa betetzen du) eta harlangaitzezko hormak, non luzitua eta agerikoa nahasten diren. Erabilitako eraikuntza-materialak tokian tokikoak dira, kooperatibaren aurrekontura egokituak. Bi altuera eta bi isurkiko estalkiak dituzte. Etxebizitzen barne-banaketari dagokionez, aipatu behar da beheko solairuan ataria, komunak, sukaldea eta logela zeudela eta lehen solairuan hiru logela gehiago.

Partekatu

unesco