Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kulturaren Euskal Behatokiak nazioarteko adituekin antolatutako jardunaldia (2018/05/09)

Atala

Behatokia bi proiektu handitan sartuta dago: Kultura-ohiturei eta -praktikei buruzko Estatistikaren beste edizio bat prestatzea, eta Arteei eta Kultura Industriei buruzko Estatistika zabaltzea, sormen-industriak txertatzeko. Proiektuak ez dira berri-berriak, aurreko estatistiketatik datozen aldetik. Alabaina, bi kasuetan erantzun berriak beharko dira ikerketa-erronka berrien aurrean. Adibidez, lehenengo kasuan, estatistika-eragiketa duela 10 urte egin zen, baina aisialdi digitalean ematen dugun denbora handitzearen ondorioz izandako aldaketak direla eta, hausnarketa sakona egin beharra dago.

Adibide modura, 15-29 urteko EAEko gazteen % 49,6k egunero baliatzen dituzte aisialdiko jarduera digitalak, betiere Gazteen Euskal Behatokiak 2016tik jasotako aisialdi digitalari buruzko adierazleen arabera. Ildo beretik, besteak beste, Nesta eta Arts Council England erakundeek argitaratutako Digital Culture Report 2017 azterlan kuantitatibo eta kualitatiboaren arabera, "Teknologia digitalak aldarazi egin du arteekin eta kulturarekin erlazionatzeko gure modua, (...) Museoetako bildumak Internet bidez ikusten ditugu, eta antzerkia ikusteko sarrerak mugikorretik erosten ditugu".

Kontsultan elementu berriak sartu izanak (besteak beste, dimentsio digitala) erronka bikoitza dakar: alde batetik, arazo "berri" eta konplexuei nola aurre egin, eta, bestetik, nola txertatu estatistiketan baina, aldi berean, nola eutsi estatistika horien oinarriari, aurreko bertsioekin alderatzeko modukoak izan daitezen. Horixe izan da beste testuinguru batzuetako adituekin izandako eztabaidan proposatu den galdera nagusia, ziur baikaude besteek ikerketa kuantitatiboan duten esperientzia, informazioa elkartrukatzea eta lan-estrategiak baliozkotzea lagungarri eta aberasgarri izan daitezkeela KEBaren lana garatzeko eta, gainera, beste behatoki batzuen lana indartzeko.