Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kulturaren Euskal Behatokiaren urteroko oroitza-txostenak

2023ko memoria

Estatistikaren esparruan, nabarmentzekoak dira urtean zehar egindako hainbat landalan, zehazki, operazio hauei dagozkienak: Arteen eta kultura-industrien estatistika (zortzigarren edizioa, erreferentzia-urtea: 2021), Sormen-industrien estatistika (hirugarren edizioa, erreferentzia-urtea: 2021) eta Kultura ohituren estatistika (hirugarren edizioa, erreferentzia-urtea: 2023). Estatistika hauen emaitzak 2024 urtearen erdialdera argitaratuko dira.

Aipagarria da, beste alde batetik, Behatokiak unibertsitatearekin duen lankidetzaren jarraipena, esparru horretan kokatzen baitira Orkestrarekin sinatutako hitzarmena eta NOR taldearekin elkarlana Ikusiker proiektuan. Lan-ildo honek aukera berriak ireki dizkio Behatokiari, bai aztertzen diren edukiei dagokienez (lehiakortasuna, ikus-entzunezko kontsumoa, generoa), bai aldeentzat dakarren elkarrekiko ikaskuntza prozesuagatik.

Azterketa kualitatiboei dagokienez, honako gai hauek aztertu dira, besteak beste: ondare garaikidea, publikoen garapena eta kudeaketa, sorkuntza- eta kultura-sektoreetako eraldaketa digitala eta kulturaren eta turismoaren arteko harremana. Gogoratu behar da, halaber, Behatokiak sektore-eskaerei irekitako leihoa duela, eta, ildo horren baitan, 2023an Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearekin lan egin du.

Kulturkliken inguruko lanak eta komunikazioaren bidez Behatokiaren lana ezagutarazteko ahaleginak osatzen dute 2023an egindako lanen programa.

2023ko memoria (PDF, 390 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

2022ko memoria

Estatistikaren eremuan, kulturako gastu publikoaren emaitzak nabarmentzen dira, bai eta, berritasun gisa, sormen-sektoreetako gastu publikoaren emaitzak ere. Datuak 2020. urtekoak dira, eta horrek aukera ematen du kuantifikatzeko krisialdiak zer-nolako berehalako eragina izan duen kulturara bideratutako aurrekontu publikoetan.

Bestalde, Behatokiak unibertsitatearekin egin dituen lankidetzak ere nabarmendu behar dira. Esparru horretan kokatzen dira Orkestrarekin, NOR taldearekin eta Antropologia Feminista Ikerketa Taldearekin (AFIT) egindako hitzarmenak. Lan egiteko bide hori ezagutza-aukera berriak irekitzen ari da Behatokiarentzat, bai aztertzen diren edukiengatik (lehiakortasuna, ikus-entzunezkoen kontsumoa, generoa), bai aldeek elkarrengandik ikasteko prozesuagatik.

Azterlan kualitatiboen ikuspegitik, lehentasun politikoen funtsezko gaiak aztertu dira maila guztietan, hala nola jasangarritasuna, osasuna edo eraldaketa digitala ikuspuntu kulturaletik, bai eta Behatokiarentzat berriak diren beste gai batzuk ere, hala nola ondare garaikidearen analisia. Gogoratu behar da, halaber, Behatokia sektore-eskarientzat ere irekita dagoela; izan ere, zerbitzu horrek oihartzun nabarmena izan du azken urteotan.

Kulturkliken inguruko lanak eta komunikazioaren bidez Behatokiaren lana ezagutarazteko ahaleginak osatzen dute 2022an egindako lanen programa.

2022ko memoria

2021eko Oroitza Txostena

Azala

Urteko Memoriak ekitaldi bakoitzeko informazioaren eta sortutako ezagutzaren bilduma eta laburpena izaten dira, eta Behatokiaren lana antolatzeko balio duen eskema kuantitatibo-kualitatiboari jarraituz egoten dira egituratuta. Planteamendu horretatik abiatuta ematen dira egindako azterlan nagusien xehetasunak.

2021ean, hiru gai nabarmentzen dira:

  • Hausnarketa egitea, Kultura eta Sormen Industrien perimetroa hedatzeari eta definitzeari buruz eta hori guztia estatistika-esparrura modu praktikoan eramateari buruz.
  • Programa testuingurura egokitzea, hau da, aurreikusitako agendaren konpromisoa betetzea eta eskari berriei tokia egitea aldi berean.
  • Komunikazioan sakontzeko esfortzua egitea. Webgunea indartu da, sareetan presentzia handiagoa daukagu eta hainbat mintegitan hartu da parte.

Aurtengo lanaren emaitzak jarraipena ematen die duela hainbat urtetik lan honek dituen bi ildoei: ildo estatistikoari eta ildo kualitatiboari. Batetik, eragiketa handiak sendotu eta zabaldu egin dira, koiunturazko panelak testuinguruaren informazio-beharretara egokitu dira eta proiektuak hasi dira, unibertsitateekin lankidetzan. Bestetik, XXI. mendeko kultura-politiketan puri-purian dauden gaiez hausnartzeko prozesuak abiatu dira, Behatokiak orain arte jorratu ez dituen gaiei buruzko azterketa analitikoak egin dira eta beste sektoreekin ditugun harremanak areagotu dira.

2021eko Oroitza Txostena (PDF, 269 KB)

2020ko Oroitza Txostena

Portada

2020. urtea ez da izan nolanahikoa. Pandemia bat-batean agertu izanaren ondoriozko egoerak den-denoi eragin digu, salbuespenik gabe: etxeko eremutik hasi eta eguneroko bizitza egituratzen duten jardueretaraino (lana, aisialdia, familia-betebeharrak, atsedena). Alde horretatik, ezohizko urtea izan da. Behatokiak gertakari honen berri eman behar du, larritasun handikoa izan baita. Ikerkuntzan jarduten duen erakunde batek urte honetan gertatutakoa esperimentu sozial, politiko, ekonomiko, teknologiko eta kulturaltzat har dezake, eta beraz, baita ohiz kanpoko azterketa-eremutzat ere. Eta horretan jardun dugu.

Behatokiaren Jarduketa Planaren aurkezpenean esan bezala, 2020rako aurreikusi zen programak gertaeren ondoriozko eraginak jasan ditu, eta, beraz, egoeraren arabera egokitu behar izan da. Euskal errealitate kulturala aztertzeko eta ikertzeko lana ez da inola ere eten, baina ohiko ekoizpenaren erritmoak aldaketak izan ditu, hori bai. Kontuan izan behar da Behatokia ez dela errealitatetik isolatuta lan egiten duen erakunde bat; aitzitik, kultura-eragileen multzoak ematen dion informazioaz elikatzen da. Eta, jakina, pandemiak eragin handia izan du sektorearen jardueran. Horren ondorioz, hainbat tresna jarri behar izan dira martxan, kultura-sektore guztiek izan duten eragina neurtzeko; orientabideak eman behar izan dira, egoera delikatu hau arintzen eta horri aurre egiten laguntzeko; azterketa batzuk atzeratu behar izan dira, lehentasun berriak sortu baitira; eta kultura-eragileek informazioa emateko zer-nolako zailtasunak dituzten ulertu behar izan da, haien egoera kontuan hartuta.

Alde horretatik, Behatokiaren helburua, lehenik eta behin, kulturaren sektorea bizitzen ari den errealitatea jakinaraztea izan da, sektore hori baita pandemiaren kaltetu nagusietako bat. Horretarako, krisiaren Behatokia abian jartzeaz gain (hau da, krisialdiaren eraginari buruzko informazioa eta hausnarketa helarazteko diseinatutako larrialdi-dispositiboa), ohiko estatistika-eragiketak diseinatu dira berriz ere, datozen urteetan jarraipena egin ahal izateko.

Normalean, eskema kuantitatibo-kualitatiboari jarraituz antolatzen da urteko memoria. Eskema hori Behatokiaren informazioa, analisia eta ezagutza sortzeko lana antolatzeko erabiltzen da. Oraingo honetan, aldiz, aipatu krisiaren Behatokia gehitu zaio, bai eta nolabaiteko ikuspegi kronologikoa ere. Izan ere, bat-batean, crack bat gertatu zen, eta horrek dena aldatu zuen: lehenik ulertu egin behar izan zen, eta, gero, azkar erreakzionatu behar izan zen, eta lan egiteko modua zein aurreikusitako edukiak berriz ere planteatu behar izan ziren. Hona hemen 2020ko emaitza, pandemia bat-batean agertu zen urtekoa.

2020ko Oroitza Txostena [pdf, 290 kB]

Kulturaren Euskal Behatokiak (KEB) 2019an egindako jardueraren memoria eratu du. Hala, laburpen honetan, egindako azterlanen emaitza nagusiak laburbiltzen dira, bai estatistikaren arloan egindakoena, bai azterlan kualitatibo deiturikoen eremuan egindakoena.

Esan liteke 2019a urte berezia izan dela estatistika-lanaren muntagatik eta garrantziagatik. Izan ere, bi eragiketa handi egin dira: Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta eta Arte eta Kultura Industrien Estatistika, lehen aldiz sormen-industriak ere aintzat hartuta horien barnean. Azterlan horiek, bada, gai berriak, adierazle berriak eta ikuspegi berriak eskaintzen dituzte, arlo kuantitatiboan jada ohikoak direnak zabalduta hartara.

Ikuspegi kualitatibotik, azterlanak bi gai nagusitan oinarritu dira bereziki: eskubide kulturalak eta arteen arloko profesionalizazioa. Urtean zehar, dena den, askoz lan gehiago egin da urteko memorietan islatzen dena baino. Ikusten ez den lana, baina ezinbestekoa dena. Erakunde eta enpresa desberdinei atxikitako pertsona-talde zabal batek gauzatzen du lan hori. Hor dira, besteak beste, estatistika-eragiketen landa-lanaren barruan informazioa biltzeko telefonoz deitzen duena, txosten bat itzuli, zuzendu eta argitaratzen duena, Behatokiaren jarraipen- eta kontrol-organoetan parte hartzen duten eta erabakiak hartzen dituzten pertsonak eta datuak aztertzeko teknikak hobetzeaz arduratzen direnak.

Azpimarratu behar da hori guztia ez litzatekeela posible izango euskal kultura-sareko eragilerik gabe eta azterlanak elikatzeko haiek ematen duten informaziorik gabe. Lan kolektibo baten emaitza da memoria hau, errealitate kulturala ezagutzeko eta eraldatzeko balio izateko egina —errealitate horren berezko partaidea baita Behatokia—; irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, bada.

2019ko oroitza txostena [pdf, 202 kB]

Azaldu eta ulertu (2006-2017)
Kulturaren Euskal Behatokiak hamarkada bat

Kulturaren Euskal Behatokiak (OVC-KEB) hamar urte bete ditu. Urtemugak balantzeak egiteko eta etorkizuneko erronka berriak proposatzeko une egokiak izaten dira. Kulturaren Euskal Planaren (PVC-KEP) barruan sortu zen Behatokia, euskal kultura-sistema egituratzeko elementua izateko asmoz, betiere kultura-arloan zegoen informaziorik eta ezagutzarik ezari erantzutearren.

Behatokia euskal kultura-sektoreari buruzko azterketak eta prospekzioak egiteko tresna-hornitzaile nagusia da. Horretarako, kultura-arloko eztabaidei erreparatzen die, galderak egiten ditu, hipotesiak proposatzen ditu, metodologiarik egokiena bilatzen du, emaitzak kontrastatzen ditu, datuak itzultzen ditu, interpretatu egiten ditu eta haien baliagarritasuna balioesten du. Independentziaren, zorroztasunaren eta gardentasunaren balioetan oinarrituta, ikertzera, arakatzera eta hausnartzera bideratzen da. Horrela, bada, urteak joan, urteak etorri, informazio-banku zabala osatu du, baita azterlan kualitatibo ugari ere, kultura-eztabaidetan puri-purian zeuden gaiei buruz. Baina Behatokia bezalako erakunde bat izatearen balioa ez da neurtzen soilik egindako lanaren kopuruari begiratuta, baizik eta bereziki garrantzitsuak diren bi alderdiri begiratuta.

Lehenik, kultura-politika eratzen duen elementua da, ez politika jakin baten zerbitzura dagoen tresna. Euskadiko kultura-sistema elikatzen duen erakundea denez, multzo osoaren ikuspegi kritikoa izateko moduko erdigunean kokatuta dago, erabakiak hartu ahal izateko eta politika berriak proiektatu ahal izateko gunean. Hartara, informazio-emaile ez ezik, errealitatean bertan inplikatzen den, jarduten duen, parte hartzen duen eta hausnartzen duen eragile ere bada, kultura-ingurune heldua, ondua sortzeko lagungarri izanik. Ekarpenak egin eta eragina izateko asmoz. Eraldatzeko borondatearekin.

Bigarrenik, Behatokiak eskaintzen duen zerbitzuak kalitatezko adostasuna bermatzen du. Kulturan, eremu publikoak, pribatuak eta komunitarioak bat egiten dute. Harreman-sistemak gero eta irekiagoak eta konplexuagoak diren honetan, ezagutzarekin lan egiten duen erakunde bat izateak adostasuna lortzea ahalbidetzen du, beharrezkoa den informazioa eskaintzen baitu testuinguruan kokatuta eta erabakiak arrazoituta hartzeko baliagarri. Erabakiak hartzen, adosten, politikak hitzartzen laguntzen du, argudio sendoekin.

Eta hain justu kultura eremu konplexua delako, garapen indibiduala eta kolektiboa ahalbidetzen duen eremua delako, horregatik jarraitu behar dugu Behatokiaren alde lan egiten. Kultura-politika garrantzitsuak burutu ahal izateko; zentzuz ebaluatu ahal izateko; kulturan oinarrituta gizarte hobea lortu ahal izateko.

Memoria honetan, lan emankorreko hamarkada baten laburpena egin dugu. Bidaia hau egitea ezinezkoa izango zatekeen kultura-eragile guztien konplizitaterik gabe. Irakur ezazue, bada, ziur bainago Behatokia, gu guztion tresna hori, hobeto ezagutzen lagunduko dizuela.

2018ko Oroitza Txostena

Memoria honetan laburbiltzen da euskal kulturaren sektorearen gaineko azterketa- eta prospekzio-tresnen hornitzaile nagusia den Kulturaren Euskal Behatokiak (KEB) azken urtean egindako lana. Hala, 2018ko balantzeak informazio-bankua handitzen du, eta ikerlan kualitatibo berriak gehitzen ditu kultura-eztabaidetan puri-purian dauden gaiei buruz.

Helburu hori lortzeko, Behatokia adi dago kultura-joerei, galderak egiten dizkio bere buruari, hipotesiak formulatzen ditu, metodologia egokiena bilatzen du, kultura-politiketako sektoreekin eta adituekin hitz egiten du, adierazleak kontrastatzen eta interpretatzen ditu eta euren erabilgarritasuna baloratzen du. Baina ezaugarri horiek dituen organismo baten helburu nagusia ez da informazioa eta ezagutza metatzea. Behatokiaren balioa garrantzi bereziko bi kontutan datza. Alde batetik, euskal kultura-sistema osoa elikatzen duenez, posizio zentralean dago multzoaren ikuspegi kritikoa izateko, erabakiak hartzea errazteko eta politika berriak proiektatzeko. Kulturapolitikaren eragile osagarria da, eta errealitatean bertan dihardu, hartan parte hartzen du, hari buruz hausnartu eta hartan inplikatzen da, kultura-testuinguru heldua sortzen lagunduz. Eta testuinguru hori aldatzeko borondatea dauka beti. Beste alde batetik, ezagutzarekin lan egiten duen organismo bat izanik, kalitate oneko adostasunak lortzeko bide ematen du; alegia, politikak erabakitzen, adosten eta hitzartzen laguntzen du, argudio sendoekin.

Horrenbestez, 2018ko memoria hau irakurtzera gonbidatzen zaituztegu. Behatokiak ematen duen zerbitzuaren ikuspegi globala eskaintzen du; eta, bertatik abiatuta webgunearen bidez zabaltzen dituen ikerlanetan sakondu daiteke. Bilatzen dituzten datu eta adierazleak aurkituko dituzte batzuek; beste batzuek, berriz, ezezaguna zitzaien informazioa deskubrituko dute. Bestetzuok interesatuta egongo dira egungo kultura-politiken inguruan gori dauden eztabaidetan, noiz teoriatik eta hausnarketatik abiatuta, noiz ekintzatik abiatuta, estrategia eta proposamenekin. Hori lortzen bada, Behatokiak bere helburua bete du, alegia: euskal kultura-errealitateari ekarpenak egitea eta bertan eragina izatea.

2018ko oroitza txostena [pdf, 330 kB]

2017ko Oroitza Txostena

Aurreko lanaren emaitza zein izan den jakiteko atzera begiratzeko unea iritsi zaigu urte berriarekin batera. Egindakoa bildu behar da, eta ordenatu, sintetizatu eta Kulturaren Euskal Behatokiaren urteko Memoria taxutu. Egindako lana balioan jartzeko eta hartutako konpromisoari buruz kontuak emateko tresna delako.

Aipatu behar da aurkezten diren estatistika eta azterlanen zerrenda ez dela batuketa soil baten emaitza, izan ere, denboraren joan-etorrian Behatokiak gai, metodologia eta azterlanen multzo koherente bat sortu du, EAEren kultura-errealitatea ezagutzeko eta, era berean, ikuspegi zabal batetik kultura-politiketan eragina duten garrantzi handiko gaietara zabaltzeko aukera emanez. Horrela, urtez urte, euskal kultura-sistema informazioz eta jakintzaz elikatzen duten ikerketa kuantitatibo eta kualitatiboen multzo garrantzitsua sortu da.

2017an puri-purian diren eztabaidei buruzko datu, adierazle eta gogoetak gaineratu dira. Behatokiak, bere alderdi estatistikoan inkesta kontsolidatuak izateak dakarren etengabeko lana nahitaez bete behar badu ere, begirada eta interpretazio-gako berriak sartu nahi ditu betiere. Kasu honetan, Kultura eta Sorkuntza Industriei buruzko azterketa burutu da, baita kultura parte-hartzeari eta kulturaren balio publikoari buruzkoa ere, azterlanen artetik hiru besterik ez aipatzearren.

Azkenik, informazio-eskariei emandako arreta nabarmendu behar da, zerbitzu publiko gisa duen garrantziarengatik eta horrek beti ez duelako leku aipagarririk izaten urteko memorietan.

2017ko oroitza txostena [pdf, 3,4 MB]

2016ko Oroitza Txostena

2016an hamar urte bete dira Kulturaren Euskal Behatokia sortu zela. Informazioa sortzen eta ikerkuntza egiten eman du denbora hori, eta egindako analisiei eta edukiak sortzeari esker, abangoardian jartzen da EAEko kultura, berari buruzko informazioari eta jakintzari dagokionez.

Azpimarratu behar da egin diren estatistiken eta azterlanen zerrenda ez dela hainbat konturen batura hutsa, baizik eta Behatokiak denboraren poderioz bildu izan duen gai, metodologia eta azterlanen bilduma koherentea. Honek aukera ematen du EAEko kulturaren benetako egoera zein den hautemateko eta, aldi berean, errealitate hori kultura politikei ikuspegi zabal batetik eragiten dioten kontuetara zabaltzeko.

Berriz diogu: berezko balioa da esperientzia bai errealitateari antza hartzeko orduan, bai etorkizuneko erronka berriei antolamenduaren eta lan-helburuen ikuspegitik heltzeko unean. Hala, behin jakintza-corpus nabarmena finkatuta, bere zabaltzeko gaitasuna sendotzeko paradan dago Behatokia, harreman instituzionalei bultzada eta eskaera eta behar berriei erantzun bizkorra emanez.

2016an bi kontutan egin nahi izan da bereziki indarra: sortzen den informazio estatistikoaz ahal beste baliatzea eta kulturan gutxi landutako gaietara zabaltzea azterlan kualitatiboak. Lehen helburuaren emaitza, kultura alorreko finantzaketari eta gastuari, enpleguari eta kultura-ohiturei buruzko adierazle sintetikoak sortu dira, eta horien berri emateko dibulgazio-txosten laburrak egin dira. Berritasunei dagokienez, berriz, hor dira emakumeek kulturan duten presentziari buruzko azterlana eta kulturaren eta parekotasunik ezaren arteko erlazioen analisia.

2016ko oroitza txostena [pdf, 113 KB]

2014-2015eko Oroitza Txostena

2014-2015ean egindako lanaren balantzea aurkezten du Kulturaren Euskal Behatokiak. Informazioa eta jakintza sortzea helburu duen erakunde batek ohiko lanaren jarraitutasunari eutsi behar dio, horrek egonkortasuna, ikuspegi egokia, kontsistentzia enpirikoa eta konparagarritasuna ematen baitie serie estatistikoei. Haatik, urte bakoitzak bere ukitua ematen dio ohiko lan-erritmoari.

Azken bi urteko lanaren ezaugarri bereizgarria berrikuntza izan da, metodologietan zein aztertutako gaietan. Izan ere, ikerketan diharduen erakunde batek errealitatera hurbiltzeko era berriak miatu behar dituelakoan gaude. Ildo horretan, urrats bat aurrera egin eta luzetarako bi panel jarri dira abian. Kontuan hartu behar da ezohiko tresnak direla, konplexuak baitira. Aldi honetako beste mugarri bat, aintzat hartzeko modukoa, Kulturaren Egoerari Buruzko 2014-2015eko Txostena izan da, unibertsitatearekiko lankidetza-esparru berri bat ireki baitu (enkargua bainoago, elkarlana izan da).

Azterlan kualitatiboei dagokienez, gaur egun kulturaren munduan pil-pilean dauden bi gai jorratu dira: publikoak garatzea eta hurbileko politikak, hain zuzen ere. Horiekin batera, Behatokiaren jardunak datozen urteetan goiburu izango duen esparru estatistikoari buruzko gogoeta-txostena.

OVC-KEBen 2014-2015eko Balantzeak kulturaren sektorea jakintzaz eta gogoetaz hornitzen duten hainbat azterlan biltzen ditu. Jarraian deskribatu dira Behatokiak egiten duen ikerketa-, konparazio- eta gogoeta-lanaren muina osatzen duten elementuak.

2014-2015eko Oroitza txostena [pdf, 4,5 MB]

2013ko Oroitza Txostena

Urteko balantzea egiteko garaia denez, atzera begiratu eta Kulturaren Euskal Behatokiak (KEB) egindako lanaren berri emateko unea da. Ibilbide horretan, nahitaezko geltokiak eta bide berriak daude.

Lehenik eta behin, estatistiken izaera ziklikoak ezinbestean eramaten gaitu aldian behin emaitzak aurkeztera. Hainbat urtetako ibilbidearen ondoren, estatistika horien balioetako bat da serie historikoak osatzen direla, eta haien bidez, hain zuzen, aztertu nahi ditugun fenomenoen bilakaera eta portaera ikusteko aukera dugula. Horren haritik, zenbat eta edizio gehiago, orduan eta ikuspegi zabalagoa eta analisi zorrotzagoa, funtsezko alderdiak eta egoeraren araberakoak bereizteko aukera ematen baitute. Horixe da, hain zuzen, Behatokiak sustatzen dituen bi estatistiken kasua, arteei eta kultura-industriei buruzko informazioa ematen duten EAEko kultura-eragileen laguntzarekin eginak, bai eta finantziazioari eta gastu publikoari buruzko estatistikarako baliatzen diren administrazio publikoen aurrekontuei esker ere.

KEBek hainbat urtetan urratutako beste bide bat da informazioa sortzen duten erakundeekiko lankidetza (Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk, Eustat eta abar). Ezinbesteko informazioiturriak dira, kulturaren sektorean EAEn dauden enpresen eta sortu diren enpleguen berri izateko.

Bide berrien artean azpimarratzekoak dira izaera analitikoa eta hausnarketa bateratzen dituzten azterketa kualitatiboak. Haien ezaugarri nagusia da politika publikoetarako baliagarriak izango diren proposamenak egitea, eta kultura-alorreko enpresen estrategiak berrikusteko elementu baliotsuak ematea. Logikoa denez, une hauetan kezka handiak sortzen ditu kulturaren finantziazioak eta sustapen ekonomikoak. Azken urteotan Behatokiak gai hori jorratu du, eta 2013an honako lau ikuspegi hauetatik aztertu du: kultura-industrien nazioartekotzea, enpresei laguntzeko ereduak, BEZaren gorakadaren inpaktua eta kulturakontsumoaren sustapena.

Baina, uneko beharrei erantzutearekin batera, industria sortzaileen joera berriei eta inguru berriei erreparatu behar zaie, eztabaidak eragiten baitituzte, eta kulturak (zentzu klasikoan ulertuta) eztabaida horien aurrean jarrera hartu behar du.

Horiek dira, gaingiroki, KEBek 2013an jorratu dituen gaiak, EAEko kultura-sektoreari informazioa eta ezagutza helaraztea helburu hartuta.

Kultura Behatokiaren 2013ko Oroitza Txostena [pdf, 440 KB]

2012ko Oroitza Txostena

Behatokiak 2012. urtean jarraitu du kultura egoeraren gaineko corpus estatistikoa handitzen. Hala, Arteen eta Kultura-industrien Estatistikaren hirugarren edizioa bururatu da, eta Kulturaren Finantzaketa eta Gastu Publikoaren Estatistikaren bigarren edizioa ere. Izan ere, KEB sendotzen ari da kultura sektorearen eta egoeraren gaineko informazio eta jakintza iturri nagusi moduan; ilusioz hartzen baitu bere gain erantzukizun hori, hasitako bideak sakonago jorratzen gogoz jarraituz eta bide berriak urratuz.

Behatokiaren nahia, ordea, ez da egoera deskribatze hutsa; eragin ere eragin egin nahi du. Hori dela eta, 2012. urtean egin den hausnarketak eta analisi kualitatiboak argia ekarri nahi izan dute gaur egungo egoera ekonomikora, eta eredu eta sistemak proposatu kulturaren jasangarritasuna zurkaizteko eta egoera sozial eta kulturalaren paradigma berrietan sakontzeko. Ditugun beharrizanei erantzun bat eman nahi dien lan-ildoa da, bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita datozen urteetan ere indarrean jarraituko duena.

Kultura Behatokiaren 2012ko Oroitza Txostena [pdf, 440 KB]

2011ko Oroitza Txostena

Emaitzen kontakizunera iritsi baino lehen kontuan hartu beharreko lehen gauza zera da, 2011n aldaketa garrantzitsua izan duela Kulturaren Euskal Behatokiak antolamenduari eta baliabideei dagokienez, eta planteamendu eta know-how berriak eskatu dituela horrek, jada duela bost urte hasitako lanarekin jarraitzeko.

Horrelako ezaugarriak dituen erakundea izanik, estatistika da bere egiturazko oinarria. Lan-alor horretan ezin da inprobisaziorik egin; izan ere, estatistikak plangintza, prestaketa eta lan iraunkor eta erregularra eskatzen du, serieak finkatzea ahalbidetuko duena, alegia. Hain zuzen ere, erabakiak hartzeko nahikoa oparoa den informazioa eskaintzen duten sektore berriekin, eragiketa berriekin eta finkaturiko estatistiken bigarren edizioekin ari da osatzen lehen urteetako lana. Hainbat irakurketa ahalbidetzen dituen informazio-oinarri zabala dugu. Eta Behatokiak bere lanaren zati handi bat horretara bideratu du.

Kultura Behatokiaren 2011ko Oroitza Txostena [pdf, 320 KB]

2010eko Oroitza Txostena

Azken batean, behatokiaren eginkizuna informazio baliagarria bildu eta aztertzea da, horri esker, kultura-sektoreei eta kulturari lotutako estrategia politikoak zehazten dituzten arduradunei orientabideak eskaini ahal izateko.

2010ean egindako lanak ildo horri jarraitu dio, estrategiak bideratzeko baliagarriak izan daitezkeen azterketa eta ikerketak egin eta orain arte gutxi aztertu diren esparruen informazio estatistikoa sortzen jarraitu delako; bi lan-mota horiek lagungarriak izan dira EAEn kulturari buruz eskura dugun informazioa zabaltzeko. Metodologiaren ikuspuntutik, 2010ean hasitako proiektuetan ahalegin kualitatiboa indartu da; indartze horrek kulturaren sektoreko gabeziak agerikoak ziren unean Behatokiak martxan jarritako lan-ildoa (oinarrizko estatistikak sortzea) osatu du. Azkenik, aipatu behar da eskuratu dugun ezagutza herritarren eskura jarri dela, argitalpenen bidez, albisteen bidez, buletinen bidez, Jardunaldietan eta foroetan parte hartuz, etab.

Kultura Behatokiaren 2010eko Oroitza Txostena [pdf, 364,42 KB]

2009ko Oroitza Txostena

Azaltzea eta ulertzea, hori dugu Behatokiaren erronka. Errealitatea ulertzen saiatzeko ekintzan, gertatzen denaren berri emateak euskarri gisa jokatzen du.  2009an, hainbat alderdi elkartu dira ekoizpenari dagokionez, zehazki, oinarrizko estatistika-informazioaren sorkuntza eta haren geroagoko azterketa, bigarren mailako iturriek emandako informazioaren tratamendua eta azterlan kualitatiboak.

Kultura Behatokiaren 2009ko Oroitza Txostena [pdf, 66,65 KB]

2008ko Oroitza Txostena

Bi urte pasatxo dira Kulturaren Euskal Behatokia sortu zenetik, eta 2008ko urtearen amaiera ez da erakundearentzat jarraipen soila izan. Zalantzarik gabe, denboran aurrera egitea funtsezkoa da edozein proiektu gauzatzeko, eta bide horretan da, dagoeneko, Behatokia. Hala, bada, programa estatistikoak lehen emaitzak jasotzeari ekin dio.

Kultura Behatokiaren 2008ko Oroitza Txostena [pdf, 72,72 KB]

2007ko Oroitza Txostena

Kulturaren Euskal Behatokiaren urteko oroitza-txostenean, ekitaldi bakoitzean egindako lanaren balantzea jasotzen da. Produktuak eta jarduerak soilik bildu ordez, proiektua nola garatu den azaldu nahi digu. Oraingo honetan, 2007ko otsailetik abendura egindako lana hartuko da ain - tzat. Denboraren ikuspuntua bakarrik hartuta, proiektuaren aldia oso motza da, eta, emaitzei jaramon eginez gero, luzatu egin da nabarmen.

Kultura Behatokiaren 2007ko Oroitza Txostena [pdf, 514,35 KB]

2006ko Oroitza Txostena

Kulturaren Euskal Behatokiak 2006rako zeukan lehenengo helburua bete da: martxan jartzea. Beraz, urrian izan zen ekintzarik aipagarriena jardueraren hasiera izan zen. Behatokiaren lehenengo urratsa, lehenengo jardute horretan, une oro helburu desberdinen arteko oreka mantentzea izan da. Hori horrela izanik, oinarri sendoak eraikitzeko, eta, aldi berean, lehenengo emaitzak aurkezteko lan egin da.

Kultura Behatokiaren 2006ko Oroitza Txostena [pdf, 447,97 KB]