Publikoei buruzko azterlana
Publikoak garatzea kultur erakundeen arreta-fokurik garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Hala frogatzen dute Europa Sortzailea 2014-2020 programan duen kokaleku nabarmenak eta publikoen ezagutzaren, sorkuntzaren eta garapenaren alorrean azken urteotan izan diren argitalpen, topaketa eta eztabaida ugariek. Baina nondik nora iritsi gara honaino? Zer dela eta bilakatu da publikoen garapena kultur politikaren gairik funtsezkoenetako?
Alde batetik, kultur praktikak gutxitu egin dira oro har, bai Europan, bai beste inguru batzuetan. Herritarren kultur praktikek bere horretan jarraituta edo areagotuta ere, publikoa erakartzeko lehia gero eta handiagoa da. Kezkatzeko moduko arazoa da hori, inondik ere, erakundeen eta kultur programen arduradunen aburuz. Beherakada horren arrazoiak pertsonen aisialdiarekiko lehiarekin daude lotuta. Denbora gutxiago izateaz gain, gero eta jarduera gehiago eskaintzen dira, dela kulturalak, dela kulturarekin zerikusirik ez dutenak. Belaunaldi gazteek kulturarekiko duten urruntasunak edo ezinikusiak ere artegatzen dituzte kulturaren arloko arduradunak, lotura falta hori lehenagoko belaunaldietan baino handiagoa baita. Ez da alde batera utzi behar krisi ekonomikoak azken urteotan kultur gastuetarako baliabideak urritu egin dituela, BEZaren igoerari buruz egindako azterlan batzuek sakon analizatu dutenez.
Beste alde batetik, komunikazio digitalak eskaintzen dituen aukerei esker, edozein praktika eskura izateko eta gure eguneroko bizitzan barneratzeko moduak aldatu egin dira. Guztion arteko harreman horizontala ezarri da, elkarri eragiteko eta elkarrekin parte hartzeko. Eskaintza eta eskariaren harreman-eredu lineala zaharkiturik gelditu da.
Kultur politikaren alorrean, lehentasunak eskaintzaren inguruan antolatu dira (ekipamenduak sortzea, programa eta proposamenen ugaritasuna, salneurri-politika, etab.), eta eskaria ez da aintzat hartu, pentsatuz bere kabuz aktibatuko zela. Kontu jakina da eskaintzak ohitura eta ohikeria sortzen dituela; edonola ere, publikoen garapena pauso bat harago doa eta kulturaren egiazko demokratizazioaz arduratzeko beharrizana gailentzen du; haren bitartez, publikoa ugaritzeaz gain, publikoen gizarte-egitura ere eraldatuko da. Hala, ekintza kulturalez josiriko hamarkaden ostean, inkestek erakusten digute bigarren alderdi hori apenas aldatu dela.
Faktoreon aldiberekotasunak eta erakunde zein kultur programen baliabideen dedikazioa justifikatzeko beharrak begira-puntuan jarri ditu publikoak, eta, arrazoi horrengatik, Kulturaren Euskal Behatokiak gai honi buruzko hausnarketa bat egitea erabaki du. Hala, txosten honek publikoen ikerketaren analisia egiten du, hurbilketak teoriatik zein praktikatik eginez. Eginda dauden azterlanen funtsezko alderdiak bereiztea du helburu, publikoen garapenari buruzko esparru kontzeptuala mahai gainean jartzeko, baita publikoen garapenaren inguruan erakundeak sustatzen ari diren praktika onetatik ateratako adibideekin esparru kontzeptual hori irudiz hornitzea ere.
Lehendabiziko kapituluan, publikoei buruzko azterlanari zer perspektibatatik heldu zaion gainbegiratzen da: gizarte-zientziak, kultur politikak eta kultur kudeaketa.
Bigarren kapituluan, berriz, publikoei buruz daukagun informazioari buruzko hausnarketa egiten da, dakigunari eta oraindik ez dakigunari buruzkoa.
Hirugarren kapituluan, publikoen garapenari buruzko esparru teorikoa proposatzen da, hasi hausnarketa edo posizionamendu kontzeptualetik, eta publikoak garatzeko programetan kontuan hartu beharreko segmentuen, estrategien eta faktoreen kategorizazioaren planteamenduarekin amaitu.
Laugarren kapituluak, aurreko eskemari jarraituz, jardunbide egokien katalogo bat proposatzen du.
Azkenik, ondorioetan, eginiko azterketaren alderdirik nabarmenenak laburbiltzen dira.
Publikoei buruzko azterlana (2015) [pdf, 4 MB]