Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan

Atala

Kultura Auzolanean plana euskal kultura osoaren ikuspegi estrategikoa, jarduteko irizpideak eta lehentasunak eragile publikoen eta pribatuen artean adosteko tresna da, eta haren baitako 2016ko proiektu egituratzaileetako bat da ikerketa hau. Azterlanaren helburua da emakumeek kulturan zer presentzia eta zer parte-hartze duten jakitea, ikus-entzunezkoen eremuan eta ikusizko arteetan zehazki, hartara hobetzeko bezala zehazten diren esparruetan zer esku-hartze plantea litezkeen ikusteko.

Emakunderekin koordinatua, emakumeak balio-katearen hainbat kate-begitan (formazioa; sorkuntza; ekoizpena; zabalkundea, programazioa eta erakustea) zer egoeratan diren aztertu asmo du. Bestetik, diagnositik harago, emakumeen presentzia eta parte-hartzea areagotzeko eta berdintasun handiagoko testuingurua sortzen laguntzeko zer neurri har litezkeen zehazten du.

Diagnosia egiteko lehen urratsa EAEn eskura dugun informazio estatistikoa aztertzea izan da. Badugu testuinguruari, enpleguari, denboraren erabilera eta kultura-ohiturei, eta kultura-eragileek sektoreko genero-berdintasunaren inguruan duten ikuspegiari buruzko informazioa. Azken hamarkadetan aurrerapausoak egin badira ere, jarduera-eremu guztietan diskriminaturik jarraitzen dute emakumeek. Estatistikak dira sexismo horren lekuko. Eta kultura, ideiak sortzeko eta zabaltzeko duen garrantziagatik, giltzarria da.

Testuinguru legalari dagokionez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legea izanez gero, bidezkoa da galdetzea zergatik egiten den hain mantso aurrera, ahalegina handia izanagatik ere, zergatik ez diren desorekak berdintzen, zer faktorek eragin duten gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak beti berean irautea. Izan ere, emakumeen elkarteek (MAVek eta CIMAk estatu-esparruan; A Plataformak eta (H)emen elkarte sortu berriak EAEn) salatua dute Kultura esparruan legea sistematikoki urratzen dela. Adibide gisa, kultura arloko lanbidetan diharduten hamar lagunetatik lau emakumeak dira eta soldata etena %19,4an kokatzen da.

Behatokiak datuak eskuratzen zituen bitartean aztergai ziren bi arloetako lantaldeak koordinatu dira: ikusizko arteetakoa bata eta ikus-entzunezkoa bestea. Lehendabiziko lan-bileran aurretiazko datuak aurkeztu eta arlo bakoitzerako azterketa metodologia adostu zen.