Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Egonaldiak: ereduen azterketa

Atala

Artisten egonaldietan, bolada batez beste testuinguru batean murgilduta ibiltzen dira artistak, egunerokoa ez duten beste inguru batean. Haien ibilbide artistikoaren elementu garrantzitsu ari dira bihurtzen. Programa horietako asko ezinbestekoak dira nazioarteko mugikortasuna errazteko, tokikoa eta globala lotzeko, sorkuntza garaikideak berezkoa duen moduan. Azken batean, zubi-lan moduko bat egiten dute sortzaileen, lurraldeen eta kulturen artean, eta oinarrizko tresna ere badira elkar trukerako eta lankidetzarako.

XX. mende hasieratik datoz, baina 60ko hamarkadatik aurrera hasi ziren mendebaldean zabaltzen. Orduko ereduek bi oinarri zituzten: artista isolatua, gizarte burgesetik erretiraturik zegoen hura; eta publikoarekiko elkarreragina, gizartearen eta politikaren aldaketa-eragile gisa. Mundu osoan zehar, berriz, 90eko hamarkadatik aurrera zabaldu ziren, aniztasuna sustatzeko formula modura eta tokiko eszena eta eszena globala konektatzeko bide modura.

Baina jauzia, benetako jauzia, mende berriaren etorrerarekin batera egin zuten. Lehenengo hamarkadan hasi ziren egonaldidun arte-zentroak antolatzen, bai nazio barruko bai nazio arteko sareak josten, erakundeen programek indarra hartu zuten, baldintzak gogortu, eta kalitate-maila zorroztu. Aldi berean, beste egonaldi-eredu batzuk ere sortu ziren, irekiagoak, lankidetza-zaleagoak eta diziplina artekoak. Denboraldi baterako artista-trukaketak egiteko ereduak ere atera ziren.

Gure hamarkada honetan, berriz, bidaiak merkeagoak dira, komunikazio digitalak bizkorragoak, interesa handiagoa, eta, bateko eta besteko, egonaldiak oso azkar ari dira zabaltzen. Gaur egun, gainera -eta azpimarratzekoa da hau-, edukiarekin lotuagoak dira egonaldi-programa. Bada bilakaera bat, prozesuetan eta “nolakoan” oinarritutako ereduetatik, non sortzaileak baitzeraman edukia egoitzara, “zera” jartzera arreta-gune. Bai anfitrioiek bai artistek berek ere denen intereserako gaien inguruan dihardute, esparru artistiko hutsa gaindituta. Ikerketa-egonaldiak ugariagoak dira eta uste da -geroz eta indar handiagoz- egonaldiko artistak gizartearen baitan ezagutza garatzeko eredu berriak ekar ditzakeela.

Marta Graciak dioenez -hark ikertu baitu Espainiar estatuko kasua-, gaur egun jardunean diren artista-egoitzetako asko laurogeiko hamarkadaren amaieran eta laurogeita hamarrekoaren erdi aldera sortu ziren. Bitarte horretan, bi programa-mota nagusi ezarri ziren: batzuk nekazari-inguruetan ezarri ziren, Europan eta Ameriketan XX. mende hasieran erabili ziren ereduen tankera berean. Artista-koloniek bultzatzen dituzte edo artista aberatsen babespean daude garaturik, Espainian bizi diren ipar europarrek asmatuak, nazioarteko artistak hartzera zuzendurik daude. Bigarren motakoak hirietan garatzen dira eta tokian tokiko artistentzat izango dira nagusiki. Gehienetan, espazio batzuk izaten dira, artistek batera darabiltzatenak denboraldi batean, horixe dute oinarria, eta artea ekoizteko zentro baten parte izaten dira (adibidez: Arteleku, Bilbaoarte,Hangar). Kasu horietan, kanpoko beste zentro edo espazio batzuekiko trukaketa-programak erabiltzen dira nazioarteko dimentsioa sustatzeko.

Programa berriak diziplina arteko espazio profesional modura sortzen dira. Artistek prozesu berriak garatzeko eta esperimentatzeko aukera izaten dute, emaitzak betiko moduko erakusleku batean agerian jarri beharrik gabe, estutasun hori gabe. Hartara, erakusketa-zirkuitu alternatiboen sustatzaile bihurtu dira, arte-erakunde tradizionaletatik kanpora.

Egonaldiak: ereduen azterketa (2017) (pdf, 2,6 MB)